2012/03/15 22:47:32.340 GMT+1

KOSTEN IZENAK

Alfontso Mujika Etxeberria
Euskaltzaindiaren Exonomastika batzordea


Martxoaren 5ean, Costa del Sol euskaraz nola den galdera plazaratu zen ItzuLen. Antzeko galdera bat iritsi zen Euskaltzaindira 2007an, eta, halakoetan egin ohi den bezala, Exonomastika batzordera bidali zen.

Galdegileari erantzuteaz gainera, Exonomastika batzordeak modu zabalagoan landu zuen gaia, eta kosten izenei buruzko gomendio bat prestatu zuen. Kosten izenei buruzko gomendioa 2007ko urriaren 23an argitaratu zen Euskaltzaindiaren Plazaberri agerkari digitalean.


Euskaltzaindian, batzordeek lantzen dituzten gaiak osoko batzarrera eraman ohi dira araugai gisa, eta, euskaltzain osoek onartzen badute, arau bihurtzen da araugaia, eta hala argitaratzen. Bestela, osoko batzarrera eramaten ez badira, batzordeen gomendio edo irizpen gisa gelditzen dira (dena dela, 158. arau gisa agertzen dena gomendioa da berez, eta gomendio hitza du izendapenean bertan: Kanpoko leku-izenak euskaraz ahoskatzeko irizpideak. Euskaltzaindiaren gomendioa).


Kontua da irizpen eta gomendio horiek kontsultatzeko aukera zegoela Euskaltzaindiaren webgunean, arauak kontsultatu daitezkeen modu berean. Hala ere,  gaur egun, aukera hori desagertu egin da. Horregatik, itzultzaileentzat interesgarri gerta daitekeelakoan, 2tzuLen argitaratzea erabaki da.

Kosten izenak

Exonomastika batzordearen gomendioa
Espainia, Frantzia eta beste estatu batzuetan, hainbat izen erabiltzen dira kosta-tarteak izendatzeko, hala nola Costa del Sol edo Côte de Lumière. Euskaraz izen horiek nola esan eta idatzi behar diren galdetu zaio Euskaltzaindiari. Galdera horri erantzuteko prestatu du Exonomastika batzordeak gomendio hau.

1- Kosten izenak, gehien-gehienetan, irizpide turistikoen arabera hautatutako edo asmatutako izenak dira; nolabait esateko, ez dira benetako toponimoak: ez dira ohiko mapa eta atlasetan agertzen, ez dira benetako unitate geografikoak, eta ez dira tokian tokiko ondare toponimikoaren osagai. Gehienak XX. mendearen bigarren erdian asmatutako izenak dira. Erabilera mugatuko toponimoak dira, turismo arlora murriztua, eta, asmatutako sasitoponimoak direnez, edozein izendapen da zilegi. Adibidez, Galiziako kostak izendatzeko, Costa do Marisco izendapena, edo Côte d'Amour izendapena Loire-Atlantique departamenduko kosta izendatzeko. Badira turismoa ez den beste jatorriren bat duten kosta-izenak ere, hala nola Galiziako Costa da Morte. Egia da, nolanahi ere, izendapen horietako batzuk aski ezagunak direla.

2- Izendapen batzuk errepikatu egiten dira, hizkuntza desberdinetan baina. Adibidez:

Côte d'Argent Frantziako kosta baten izena da, Costa da Prata Portugalgo kosta baten izena da, eta Costa d'Argento Italiako kosta bat da. Orobat, Côte de Lumière Frantziako kosta bat da, eta Costa de la Luz Espainiako kosta bat da. Halaber, Côte basque erabiltzen da frantsesez Lapurdiko kosta adierazteko, eta Costa vasca gaztelaniaz Bizkai-Gipuzkoetako kosta adierazteko.

3- Kosta-izen gehienak erraz itzul daitezke hizkuntza batetik bestera, baina itzultzea ez da ohikoa. Hala ere, nabari da halako joera bat hizkuntza-lurralde baten inguruko kosta-izenak itzultzeko. Adibidez, nederlanderaz, De Opaalkust itzultzen dute Frantziako Côte d'Ópale, ondoan baitute.

Hizkuntza-distantzia txikia denean, handiagoa da itzultzeko joera. Adibidez, gaztelaniaz, normala da Bretainiako Costa de granito rosa (Côte de granit rose) edo Akitaniako Costa de plata (Cóte d'Argent) esatea eta irakurtzea, frantsesetik gaztelaniara itzultzea alegia. Hala ere, ingelesez edo alemanez, adibidez, nekezago itzultzen dira Frantziako eta Espainiako kosten izenak.

4- Euskaraz nola jokatu?

Euskaraz, Boli Kosta estatu-izena (Côte d'Ivoire / Costa de Marfil) itzulita dago, baina, estatua den aldetik, normala da euskaratu izana. Kosten izenak, berriz, ez dira maila bereko toponimoak. Hau da, beraz, irizpide nagusia: kosten izenak ez euskaratzea, eta jatorrizko hizkuntzan ematea. Adibidez:
Costa del Sol-era joango gara.
Costa Bravan bizi da
Côte d'Argent-en euria ari du.

Izendapenaren atal generikoa ere ez da euskaratzekoa. Honelakoak, beraz, ez dira gomendatzekoak:
*Sol kostara joango gara.
*Brava kostan bizi da.
*Argent kostan euria ari du.
Eta osorik euskaratuta ere ez:
*Eguzki(-)kostara joango gara.
*Kosta Arrokatsuan bizi da.
*Zilar(-)kostan euria ari du.

Kostaren lurraldean hizkuntza ofizial bat baino gehiago dagoenean, tokiko berezko hizkuntza erabiltzea komeni da (Katalunian, Valentzian, Galizian). Hala, Costa Dorada izendapena gaztelaniazkoa da, baina katalanez Costa Daurada forma erabiltzen da, edo gaztelaniazko Costa del Azahar delakoa Costa de la Tarongina / Costa dels Tarongers da katalanez.

Frantziakoetan, berriz, hizkuntza ofizialak ez badira ere, tokian tokikoak erabil daitezke bigarren aukera moduan: Côte de Jade (frantsesez) / Aod ar Vein Jed (bretoieraz); Côte de Granit Rose (frantsesez) / Aod ar Vein Ruz (bretoieraz).

Nolanahi ere, ez itzultzeko joera izendapenean benetako toponimorik ez dutenetara mugatu behar da. Kostaren izendapenean benetako toponimoren bat dagoenean edo toponimo batetik eratorritako adjektiboren bat dagoenean, gainerako toponimoetan bezala jokatu behar da. Adibidez:

erdaraz

euskaraz

Costa cántabra

Kantabriako kosta

Costa del Maresme

Maresmeko kosta

Costa del Garraf

Garrafeko kosta

Costa de Valencia

Valentziako kosta

Costa de Almería

Almeríako kosta


Costa Vasca / Côte basque
izendapenak ere ez dira euskaratzekoak, jakina. Euskal Herri osoko kosta aipatzeko, aski da Euskal Herriko kosta edo euskal kosta, besterik gabe. Gaztelaniaz Costa Vasca esaten zaiona Bizkai-Gipuzkoetako kosta da; eta frantsesez Côte basque esaten zaiona Lapurdiko kosta da.

Salbuespenak: Antzinatasunagatik eta garrantziagatik, salbuespena egin daiteke Frantziako Côte d'Azur delakoarekin. Hizkuntza askotan exonimoa da. Adibidez:
gaztelaniaz, Costa Azul
italieraz, Costa Azzurra
katalanez, Costa Blava
alemanez, Azurblaue Küste
errumanieraz, Coasta de Azur
polonieraz, Lazurowe Wybrzeże

Horregatik, onargarria da euskaratzea eta Kosta Urdina izendatzea (baita Frantziako Riviera izendatzea ere); behin baino gehiagotan, hala erabili da gaur egungo euskal testuetan. Nolanahi ere, kontuan izan behar da Frantziako eskualdearen izena Provence-Alpes-Côte-d'Azur dela, hau da, eskualdearen izena ezin da aldatu eta *Provence-Alpes-Kosta Urdina egin.

Costa da Morte, orobat, turismo-sustapenarekin zerikusirik ez duen izena da, eta onargarria da euskaratzea ―Heriotzaren kosta―, beste hizkuntzetan ere egin ohi den moduan (gaztelania: costa de la Muerte; katalana; costa de la Mort; frantsesa: côte de la Mort; alemana: Todesküste; italiera: Costa della Morte...).

5- Zerrenda

Zerrenda honetan Espainia eta Frantzia estatuetako kosta-izen nagusiak ageri dira. Euskaratzekoak ez direnean, euskarazko esanahia ageri da parentesi artean.

Erdara(k)
(non)

Euskara (esanahia)

 

Costa Cálida

(Murtzia)

Costa Cálida (Kosta Epela)

 

Costa Blanca

(Alacant)

Costa Blanca (Kosta Zuria)

 

Costa Brava

(Girona)

Costa Brava (Kosta Arrokatsua)

 

 

Costa Daurada / Costa Dorada

(Tarragona)

Costa Daurada / Costa Dorada (Urre Kosta)

 

Costa del Garraf

(Tarragona)

Garrafeko kosta

 

Costa Tropical / costa granadina

(Granada)

Costa Tropical (Kosta Tropikala / Granadako kosta)

 

Costa del Sol

(Málaga)

Costa del Sol (Eguzkiaren kosta)

 

Costa de la Luz

(Huelva eta Cádiz)

Costa de la Luz (Argiaren kosta)

 

Costa de la Tarongina / Costa del Azahar

(Castelló)

Costa de la Tarongina / Costa del Azahar (Laranja-loreen kosta)

 

Costa da Morte

(Coruña)

Heriotzaren kosta / Costa da Morte

Côte d'Amour

(Loire-Atlantique)

Côte d'Amour (Maitasunaren kosta)

Côte d'Argent

(Landak)

Côte d'Argent (Zilar Kosta) / Akitaniako kosta

Côte d'Azur

(Itsas Alpeak)

Kosta Urdina / Côte d'Azur

Côte d'Émeraude

(Bretainia)

Côte d'Émeraude (Esmeralda Kosta)

Côte Fleurie

(Normandia)

Côte Fleurie (Lore Kosta)

Côte de granit rose

(Manche)

Côte de granit rose (Granito Arrosa Kosta)

Côte de Jade / Aod ar Vein Jed

(Loire-Atlantique)

Côte de Jade /Aod ar Vein Jed (Jade Kosta)

Côte de Lumière

(Vendée)

Côte de Lumière (Argiaren kosta)

Côte de Nacre

(Normandia)

Côte de Nacre (Nakar Kosta)

Côte d'Opale

(Pas-de-Calais)

Côte d’Opale (Opalo Kosta)

Côte Vermeille

(Ekialdeko Pirinioak)

Côte Vermeille (Kosta Gorria)


Exonomastika batzordea (Bilbon, 2007ko irailaren 25ean)

Nork: Alfontso Mujika.2012/03/15 22:47:32.340 GMT+1
Etiketak: | Permalink