2013/01/10 08:57:50.536 GMT+1

SIGLAK IRAKURTZEN, SIGLAK DEKLINATZEN

Alfontso Mujika Etxeberria

 

Ez da siglen gaia berria plaza honetan. 2008an, Irene Arraratsek lan luze bat argitaratu zuen Siglen deklinabidea izenburupean. Oraingo honetan, han zehaztutako puntu batzuk berriro agertuko dira, eta, alde horretatik, ez da berrikuntza handirik izango. Hala ere, egunerokoan nabari da —nabari dut— siglak oraindik zalantza-iturri gertatzen zaizkiela —zaizkigula—, batzuetan, itzultzaile eta idazleoi. Horregatik, eskema bat eta irizpide-sorta bat plazaratzea da lantxo honen helburua, inori lagungarri gertatzen bazaio (edo, bestela, eztabaidagai izatea da helburua, inori eztabaidagarri gertatzen bazaio).

aurkibidea

1. Sigla laburtzapen-mota bat da

2. Sigla zer den, akronimoa zer den, sigla lexikalizatua zer den

3. Sigla eta akronimo mistoak (letrak eta sinboloak nahasian)

4. Sigla izen arrunta edo izen berezia izan daiteke, zer ordezkatzen duen

5. Sigla irakurri ala siglak ordezkatzen duena irakurri?

6. Siglen irakurketa

             6.1. Irakurketa silabikoa

             6.2. Letrakako irakurketa

             6.3. Irakurketa mistoa

7. Zalantzak siglak irakurtzean

8. Erdaretan ere, zakurrak oinutsik

9. Siglen deklinabidea

             9.1. Kasu berezi bat: sigla arrunta eta -a letraz amaitua nola deklinatu?

10. Sigla teknikoen deklinabidea

11. Erreferentea izendapen berezia eta plurala duten siglen deklinabidea

12. Zalantzak sailkatzean

13. Ortotipografia-arazoak

             13.1. Marratxoa bai ala ez?

             13.2. Siglak letra etzanez?

 

1. Sigla laburtzapen-mota bat da

Unitate lexikoen adierazpen laburtuei laburtzapen deritze. Laburtzapenak baliabide grafikoak dira, eta hitz edo adierazpen konplexuak idazkeran modu laburtuan irudikatzeko balio dute. Laburtzapen grafikoak egiteko, bi prozedura daude: laburdurak eta siglak (Gaur egun, bi prozedura bereiziak badira ere, jatorri bera dute. Esan daiteke sigla muturreko laburdura dela, hitza hasierako letrara laburtzea dela siglatzea).

Sinboloak ere laburtzapentzat jo ohi dira, baina, adiera hertsian, ez dira laburtzapen, zeren eta ez baitira hitzen edo hizkuntza-adierazpenen laburtzapenak, baizik eta kontzeptuen zuzeneko adierazpen grafiko egonkor eta normalizatuak, letra bidezkoak zein (Ag zilar; W ohm) alfabetokoak ez diren bestelako zeinu bidezkoak (° gradu); ideogramak dira.

 

2. Sigla zer den, akronimoa zer den, sigla lexikalizatua zer den

Sigla bat da adierazpen lexikal konplexu bat (gehienetan, izen-sintagma bat izaten da) osatzen duten hitzen (edo hitz nagusien) hasierako letrekin osatutako hitza[1]. Printzipioz, siglaren letra guztiak maiuskulaz idazten dira. Adibidez, OEH (Orotariko Euskal Hiztegia), GKE (gobernuz kanpoko erakundea). Sigla hitz arrunt gisa (silaba-multzo gisa) ahoskatzeko modukoa bada, akronimo deritzo. Adibidez, FIFA (Fédération Internationale de Football Association), OTA (ordenagailu bidezko tomografia axiala). Baina akronimo hitzak badu beste adiera bat: akronimoa da haren osagai diren hitzetariko baten edo gehiagoren letra batekin baino gehiagorekin osatzen den sigla[2]. Adibidez, ARKO (Arrasateko Komunikabideak), AFNOR (Association Française de Normalisation). Azken definizio horren arabera, bulegotika (bulego + informatika), informatika (informazio + automatika), Gestapo (Geheime Staatspolizei) edo Benelux (België, Nederland en Luxemburg) akronimoak dira, baina, jatorria gorabehera, hiztunak ez ditu siglatzat hartzen.

Lexikalizazioa siglen berezko ezaugarrietako bat da. Erabiliaren erabiliaz, hitz arrunt bilaka daitezke; hori gertatzen denean, galdu egiten dute sigla-izaera, eta minuskulaz idazten dira; irakurketari zein deklinatzeari dagokienez, hitz arruntak dira. Halakoak dira, adibidez, laser (light amplification by stimulated emission of radiation), radar (radio detection and ranging), modem (modulator-demodulator) edo hies (hartutako immunoeskasiaren sindromea). Lexikalizatuz gero, utzi egiten diote sigla izateari, eta, horrenbestez, azterlantxo honetan ez dira kontuan hartuko.

 

3. Sigla eta akronimo mistoak (letrak eta sinboloak nahasian)

Siglak osatzean, gertatzen da, inoiz, letrez gainera alfabetokoak ez diren beste zeinuak ere agertzea, hala nola zenbakiak edo beste era bateko sinboloak. Halakoetan, zeinuaren edo zenbakiaren izena irakurtzen da, eta letraz osatutako atala dagokion prozeduraren arabera irakurtzen da. Adibidez:

MP3 formatua [eme-pe-hiru], I+G jarduerak [i-gehi-ge], 3D espazioa [hiru-de], G10 taldea [ge-hamar], M15 gizarte-mugimendua [eme-hamabost], RPG III (Report Program Generator III) [erre-pe-ge hiru].

 

4. Sigla izen arrunta edo izen berezia izan daiteke, zer ordezkatzen duen

Siglak ordezkatzen duen adierazpena edo izendapena —siglaren erreferentea, alegia—, arrunta edo berezia izan daiteke.

Izen berezia zer den eta zer ez den bereizteko, irizpide semantikoa erabili ohi da[3]. Irizpide horrek esanahiari erreparatzen dio. Izen bereziaz adierazten dena bakarra da, ezaguna da, zehatza da. Izen bereziak erreferente elkartu bat du. Erreferentzia zehatza du; izen arruntak, berriz, kategoria jakin bateko elementuei izena emateko erabiltzen dira. Izen bereziek ez dute esanahirik, izen arruntek ez bezala; definizioz, bakarrak dira, eta izendatzeko balio dute.

Sigla bidez adierazten diren izendapen berezi gehien-gehienak izen arruntez, edo izen bereziz eta arruntez, osatuta daude, eta, ohiko izen bereziek ez bezala, determinatzailea hartu ohi dute:

       Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

       Arrasateko Komunikabideak

Alegia, sinfoniko eta komunikabide hitzak izen arruntak dira, eta, arruntak diren aldetik, determinatzailea hartzen dute. Hala ere, hitz arrunt horiek barnean dituzten izen-sintagmak (Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Arrasateko Komunikabideak) izendapen bereziak dira, izen-sintagma horietako bakoitza erakunde bat adierazten baitu (horregatik idazten dira hasierako letra larriz izen-sintagma osatzen duten hitzak)[4]. Halakoak adierazpen izendatzaileak dira, erreferente bakarra dute (erakundea, gertaera, artelana..), eta haien funtzioa identifikatzailea eta bereizlea da. Adierazpen izendatzaileok egitura finkoa dute, egonkorra; alegia, haien osagaiak ezin dira aldatu, edo ezin da osagai berririk sartu adierazpena aldatu gabe: osagaietan aldaketarik sartuz gero, beste errealitate baten izendapen identifikatzaile bat sortuko da (Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa erakunde desberdinak dira). Gainera, adierazpen izendatzaileetan, haien osagaien esanahien konbinazioa ez dagokio, nahitaez, aipatzen duten erreferentearen izaerari, haren inguruko informazioa ematen badu ere. Adibidez, Amnistia Internazionala ez da amnistia bat, baizik eta giza eskubideen aldeko elkarte bat; Arrasate Euskaldun Dezagun ez da desira bat adierazteko perpaus bat, baizik eta Arrasate euskaldundu nahi duen elkarte bat. Horrek guztiak frogatzen du adierazpen izendatzaileak izen bereziekin parekagarriak direla.

a) Siglak ordezkatzen duen izendapena arrunta bada, siglak determinatzailerik gabeko sintagma ordezkatzen du. Horregatik, dagokion determinatzailea eransten zaio siglari, izen arruntei bezala:

       DDTa : dikloro difenil trikloroetanoa

       GEOak: genetikoki eraldatutako organismoak

b) Siglak ordezkatzen duen izendapena berezia bada, siglak izendapen osoa ordezkatzen du, determinatzailea barne:

       EOS: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (eta ez *EOSa)

       ARKO: Arrasateko Komunikabideak (eta ez *ARKOak)

Bereizketa hori funtsezkoa da, eta ondorioak ditu siglak deklinatzeko orduan.

 

5. Sigla irakurri ala siglak ordezkatzen duena irakurri?

Irakurlearen edo hiztunaren aukera da sigla irakurtzea/esatea edo siglaren jatorrian dagoen izendapen konplexua irakurtzea/esatea. Sigla oso ezaguna ez denean edo lehen aldiz aurkezten denean, ohikoa da siglaren erreferente osoa adieraztea. Adibidez, EIA ikusi testuan baina Europako Ingurumen Agentzia esatea edo irakurtzea. Hori norberaren aukera da, eta, gainera, gerta daiteke, eta gertatzen da, aukera hori baliatzea edo ez baliatzea unearen, publikoaren edo egoeraren arabera. Horregatik, hori kontuan hartu gabe deklinatu behar lirateke siglak testuan; alegia, sigla beti sigla gisa irakurriko dela pentsaturik deklinatu behar litzateke. Gero, irakurleak bere hautua egingo du. Bestela, ezinezkoa da siglak sistema koherente baten arabera deklinatzea.

 

6. Siglen irakurketa

Siglek hitz izan nahia dute. Siglen hitz-bokazio hori orokorra da, ez da euskaraz bakarrik gertatzen. Hitz-bokazio horregatik, sigla batzuk lexikalizatu eta hitz bihurtzen dira, sigla-izaera galdurik.

Irakurketari dagokionez, ordezkatzen duten adierazpena garatu gabe irakurtzen dira siglak. Hori dute bereizgarri nagusi laburduren eta sinboloen aldean. Laburdurak idatzi egiten dira, baina ez dira irakurtzen. Adibidez, K.a. V. mendean idazten bada ere, Kristo aurreko V. mendean idatzita balego bezala irakurtzen da, eta ez *[ka-a bosgarren mendean]. Sinboloekin, beste hainbeste gertatzen da. Adibidez, balea 15 m luze zen idazten bada ere, balea 15 metro luze zen idatzita balego bezala irakurtzen da, eta ez *[balea 15 eme luze zen].

Hiztunak sigla irakurtzeko hautatzen duen modua (silabaka edo letraka) sigla osatzen duten letren antolaerak erabakitzen du, baita siglaren tamainak berak ere (sigla zenbat eta laburragoa izan, hainbat aukera gutxiago hitz moduan irakurria izateko); hau da, faktore formalek erabakitzen dute. Baina ez dira faktore bakarrak, badira-eta faktore ez-fonologikoak ere: historikoak, soziologikoak eta lexikalak.

Siglak irakurri egin behar dira, eta, irakurtzeko, haien formak eskatzen duen prozedura erabiltzen da; hau da, siglaren gorputz grafikoaren irakurgarritasunak erabakitzen du irakurtzeko prozedura: irakurketa silabikoa, letrakako irakurketa edo irakurketa mistoa.

6.1. Irakurketa silabikoa

Sigla askoren egitura arazorik gabe egokitzen da euskararen silaba-egiturara, eta, horrenbestez, arazorik gabe irakur daitezke silaba-segida gisa, edozein hitz irakurtzen den moduan. Beraz, printzipioz, sigla hitz bat balitz bezala irakurtzeko modukoa bada, hala irakurtzen da edo hala irakurtzeko joera dago. Adibidez:

EIZIE [ei-zi-e] (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea)

OLBE [ol-be] (Opera Lagunen Bilboko Elkartea)

GAO [ga-o] (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala)

6.2. Letrakako irakurketa

Badira sigla asko ahoskatzen zailak, edo, besterik gabe, ahoskaezinak, euskararen silaba-egiturarekin bat ez datozelako. Halakoetan, sigla letraka irakurtzen da, letreiatu alegia, sigla osatzen duen letra bakoitzaren izena esanez. Adibidez:

KPI [ka-pe-i] (kontsumoko prezioen indizea)

GKE [ge-ka-e] (gobernuz kanpoko erakundea)

LHK [ele-hatxe-ka] (Lan Harremanen Kontseilua)

6.3. Irakurketa mistoa

Zenbaitetan, siglak bi atal izaten ditu ahoskagarritasunari dagokionez: bata ahoskagarria da, eta bestea ahoskagaitza. Halakoetan, irakurketa silabikoa eta letrakako irakurketa konbinatu egiten dira: atal ahoskagarria silabaka irakurtzen da, eta atal ahoskagaitza letreiatu egiten da. Adibidez:

CD-ROM [ze-de-rom] (Compact Disk Read-only memory)

PSOE [pe-soe] (Partido Socialista Obrero Español)

JPEG [jota-peg] (Joint Photographic Experts Group)

 

7. Zalantzak siglak irakurtzean

Kasu gehienetan, zalantzarik gabe erabakitzen du hiztunak nola irakurri sigla; silabaka, letraka edo bietara. Baina bada zalantza eragiten duenik, edo aukera teoriko bat baino gehiago duenik ere (eta albo-erdaren eragina ere kontuan hartzekoa da, jakina). Zenbait kasu eta azpikasu daude.

Sigla bi letraz osatuta egonik:

       kontsonante + bokal hurrenkera dagoenean, silabaka irakur badaiteke ere, letraka irakurri ohi da:

BI [be-i] (Batxilergo-institutua), FA [efe-a] (foru-aldundia), GE [ge-e] (guraso-elkartea; garapen-ekintza), LO (lurralde-ordezkaritza), MU (Mondragon Unibertsitatea), SA (Sozialista Abertzaleak; sozietate anonimoa).

       bokal + kontsonante hurrenkera dagoenean, letraka irakurtzen da:

AN [a-ene] (Aliantza Nazionala), EP [e-pe] (Europako Parlamentua), EB [e-be] (Europar Batasuna; Ezker Batua; Euskal Batasuna).

       bokal + bokal hurrenkera dagoenean, letraka irakurtzen da; hau da, batzuetan aukera izanik ere, ez da diptongotzat jotzen:

AI [a-i] (Amnistia Internazionala), EA [e-a] (Eusko Alkartasuna), EI [e-i] (Eusko Ikaskuntza), EO [e-o] (eguneko ospitalea), UA [u-a] (Unidad Alavesa).

Sigla hiru letraz osatuta egonik:

       bokal + bokal + kontsonante edo bokal + bokal + bokal hurrenkera dagoenean, letraka:

AED [e-e-de] (Arrasate Euskaldun Dezagun), AEK [a-e-ka] (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea), AEB [e-e-be] (Ameriketako Estatu Batuak), EAE [e-a-e] (Euskal Autonomia Erkidegoa), EAB [e-a-be] (Europako Agiri Bakuna), UEU [u-e-u] (Udako Euskal Unibertsitatea).

       Batzuekin zalantza egin daiteke, batez ere bokal + bokal + kontsonante multzoan azken kontsonantea L (AOL, America On Line: [a-o-ele / a-ol]) , N (UON, University of Nairobi: [u-o-ene / u-on]), R (UAR, Unidad de Acción Rural; [u-a-erre / u-ar]) edo S (EOS, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa: [e-o-ese / e-os]) denean.

Ikusten denez, irakurketak ondorioak ditu deklinatzean. Beraz, hobe litzateke salbuespenik ez egitea. Salbuespenik ez egitea idazteko orduan; hau da, bokal + bokal + kontsonante edo bokal + bokal + bokal hurrenkeran beti letrakako irakurketa erabiliko balitz bezala deklinatzea. Ez dakit arrakasta izateko aukera handirik duen aurreko proposamenak, baina, sistematikotasunik gabe, nekez lortuko dugu uniformetasuna deklinatzean (norbaitek esango du arazo txikia dela eta ez dela lehentasuna, eta ez zaio arrazoirik faltako ziur asko, baina, adibidez, lan kolektibo batean komeniko litzateke uniformetasuna lortzea).

       kontsonante + bokal + kontsonante, edo kontsonante + bokal + bokal (bokalak desberdinak badira) edo bokal + kontsonante + bokal hurrenkera dagoenean, silabaka:

EKE (Euskal Kultur Erakundea), EGA (Euskararen Gaitasun Agiria), ENA (École Nationale d’Administration), ETE (enpresa txiki eta ertainak), ZAU (zainketa aringarrietako unitatea), ZIU (zainketa intentsiboetako unitatea), TAO (trafiko eta aparkamenduaren ordenazioa), baina DEE (Drogak Eragindakoen Elkartea): [de-e-e] eta ez [de-e]), TIR (Nazioarteko Errepide Garraioa), TAC (urteko harrapaketa kopurua), SIS (Schengengo informazio-sistema).

       Baina zalantza ere izaten da batzuetan. Adibidez, hauek ere silabaka irakurtzekoak dira?:

TAT (Torturaren Aurkako Taldea), BAB/BAM (Baiona-Angelu-Miarritze), PEF (Prestakuntzako Europako Fundazioa), NEZ (norberaren erregistro-zenbakia) (baina BEZ siglarekin ez dugu arazorik; sistematikoki hitz moduan irakurtzen dugu).

Gorago esan bezala, printzipioz, hobe horretan salbuespenik ez egitea. Baina salbuespentzat jo behar da h kontsonantea; Hegoaldean behintzat mutua denez, siglan gertatzen denean sigla letraka irakurtzen da: EHE (Euskal Herrian Euskaraz), EHU (Euskal Herriko Unibertsitatea), HEO (Hizkuntza Eskola Ofiziala). Dena den, hasieran edo erdian gertatzen denean, ez du ondoriorik deklinatzeari dagokionez.

       kontsonante + kontsonante + bokal hurrenkera dagoenean, printzipioz, letraka:

KPI (kontsumoko prezioen indizea), JBA (jatorrizko bertsioa azpitituluekin), GKE (gobernuz kanpoko erakundea), FBI (Ikerketa Bulego Federala).

 

8. Erdaretan ere, zakurrak oinutsik

Euskaraz, batzuetan, sigla irakurtzeko moduari buruzko zalantzak baditugu, ez dugu pentsatu behar gure hizkuntzaren estandarizazio-maila eskasaren ondorio baino ez dela eta erdaretan holako arazorik ez dagoela. Kontua da gure albo-erdaretan eta erdara nagusietan hitzak ez direla deklinatzen (singular-pluralak eta maskulino-femeninoak kenduta); beraz, erdara horietan irakurketa-aldaerek ez dute, alde horretatik, ondoriorik.

Ingelesezko Wikipediak, adibidez, honela dio (http://en.wikipedia.org/wiki/Acronym):

There is also some disagreement as to what to call abbreviations that some speakers pronounce as letters and others pronounce as a word. For example, the terms URL and IRA can be pronounced as individual letters: /ˌjuːˌɑrˈɛl/ and /ˌaɪˌɑrˈeɪ/, respectively; or as a single word: /ˈɜrl/ and /ˈaɪərə/, respectively.(…)

Frantsesez (http://w3.erss.univ-tlse2.fr:8080/index.jsp?perso=plenat&subURL=Plenat98.pdf)

(…) les locuteurs qui ont connu la dernière guerre rendent BOF par /beoɛf/; mais les jeunes gens qui n’ont pas hérité cette prononciation de leurs aînés disent maintenant souvent /bɔf/. (…) Je me rappelle une émission télévisée d’il y a quelques années relatant une grève des universités au cours de laquelle le journaliste rendait ATOS par /ateoɛs/, alors que les représentants des syndicats et du Ministère employaient la prononciation courante /atɔc/. A l’inverse, une relation affective — de mépris ou de tendresse par exemple — avec la réalité siglée peut inciter à rendre le sigle sous sa forme lue, même si sa composition s’oppose à ce moded’oralisation. Je me souviens d’avoir heurté des militants en rendant PSU par /psy/: ils prenaient ce qui, de ma part, était plutôt une marque de sympathie pour une marque de dédain. Dans les cas de ce type, l’oralisation peut recourir à des procédés tout à fait étrangers à la lecture ordinaire, comme des épenthèses (e.g. JCR /ʃkrœ/), des métathèses (e.g. RATP /rtap/), des suppressions (e.g. SNCF / snœf /), des altérations (e.g. BEPC / bɛps/), ou même à des amas consonantiques réputés imprononçables (e.g. PMU /pmy/).

Gaztelaniaz:

(http://www.elcastellano.org/consultas.php?Tag=pronunciaci%F3n&Pag=9)

La pronunciación de la sigla URSS varía según la zona: /urs/ (España y algunas zonas de América), /uerreeseese/ (algunas zonas de América).

(http://dspace.usc.es/bitstream/10347/3488/1/pg_055-072_verba35.pdf)

Ello por no entrar en el peliagudo problema de los muchos casos en los que resulta difícil dilucidar si el ejemplo analizado es una auténtica sigla o una abreviatura compuesta: ¿una forma como AECC (Asociación Española Contra el Cáncer) se lee deletreada o se actualiza completamente? Esta duda surge continuamente cuando se recogen materiales escritos cuya realización oral se desconoce.

 

9. Siglen deklinabidea

Hiru faktorek erabakitzen dute siglen deklinabidea:

a) Siglaren erreferentea berezia (1) ala arrunta (2) den.

Siglak deklinatzeko orduan, lehen-lehenik, siglaren erreferentea izendapen berezia ala arrunta den ikusi behar da. Izan ere, gainerako izenak deklinatzeko orduan bezala, hori jakin behar da lehenengo, zein deklinabide-paradigma dagokion jakiteko.

b) Sigla letraka (1) ala silabaka (2) irakurtzekoa den.

Bigarrenik, sigla nola irakurtzen den ebatzi behar da. Sigla letraka irakurtzekoa bada, beti bokalez amaitua izango da, letra guztien izenak bokalez amaitzen baitira. Bestela, sigla hitz arrunt gisa irakurtzekoa bada, silabaka alegia, gerta daiteke sigla kontsonantez bukatzea edo bokalez bukatzea, eta, horren arabera, deklinabide-atzizkian aldaketak gertatzen dira.

c) Sigla bokalez (1) ala kontsonantez (2) amaitzen den.

Azkenik, gainerako hitzak deklinatzean bezala, amaierari erreparatu behar zaio dagokion paradigma aplikatzeko.

Horrenbestez, hiru faktore horien konbinazioaren ondorioz, 6 aukera daude sigla deklinatzeko; hiru aukera erreferentea berezia bada (1.1., 1.2.1. eta 1.2.2.), eta beste hiru aukera erreferentea arrunta bada (2.1., 2.2.1. eta 2.2.2.), eskema honetan ageri den moduan:

siglen deklinabidea

1. Erreferentea izendapen berezia da

                1.1. Letraka irakurtzen da. Beraz, bokalez amaitua: Mosku bezala deklinatzen da

                1.2. Silabaka irakurtzen da

                                1.2.1. Bokalez amaitua: Mosku bezala deklinatzen da

                                1.2.2. Kontsonantez amaitua: Vladivostok bezala deklinatzen da

2. Erreferentea izendapen arrunta da

                2.1. Letraka irakurtzen da. Beraz, bokalez amaitua: etxe bezala deklinatzen da

                2.2. Silabaka irakurtzen da

                                2.2.1. Bokalez amaitua: etxe bezala deklinatzen da

                                2.2.2. Kontsonantez amaitua: autobus bezala deklinatzen da


Adibide batzuk:

AA (Alkoholiko Anonimoak)

Erreferente bakarreko izendapen baten sigla da, izendapena pluralekoa bada ere.

       Siglaren erreferentea izendapen berezi bat da: erakunde bat.

       Letraka irakurtzen da [a-a]. Deklinatze-ondorioetarako, bokalez bukatzen da [aa].

Beraz: NOREN: AAren; NORK: AAk.

AHT (abiadura handiko trena)

       Siglaren erreferentea izendapen arrunt bat da: tren-mota bat.

       Letraka irakurtzen da [a-hatxe-te]. Deklinatze-ondorioetarako, bokalez bukatzen da [ahatxete].

Beraz: NOREN: AHTaren; NORK: AHTak.

ANZUS (Australia, New Zealand, United States Security Treaty)

       Siglaren erreferentea izendapen berezi bat da: erakunde bat.

       Silabaka irakurtzen da [an-zus]. Deklinatze-ondorioetarako, kontsonantez bukatzen da [anzus].

Beraz: NOREN: ANZUSen; NORK: ANZUSek.

AZL (administrazio eta zerbitzuetako langileak)

Erreferente bat baino gehiago biltzen du: pluralean deklinatu ohi da.

2011-2014 aldirako ere, AZLak prestatzen eta teknologia berriak sartzen.

       Siglaren erreferentea izendapen arrunt bat da.

       Silabaka irakurtzen da [a-zeta-ele]. Deklinatze-ondorioetarako, bokalez bukatzen da [azetaele].

Beraz: NOREN: AZLen; NORK: AZLek.

Hala ere, gerta daiteke pluralean ez deklinatzea: bi irakasle, guraso bat, ikasle bat eta AZL bat.

CSIC (Consejo Superior de Investigaciones Científicas)

       Siglaren erreferentea izendapen berezi bat da: erakunde bat.

       Siglaren amaiera silabaka irakurtzen da [ze-sik]. Deklinatze-ondorioetarako, kontsonantez bukatzen da [zesik].

Beraz: NOREN: CSICen; NORK: CSICek.

DVD (digital versatile disc)

       Siglaren erreferentea izendapen arrunt bat da.

       Silabaka irakurtzen da [de-uve-de]. Deklinatze-ondorioetarako, bokalez bukatzen da [deuvede].

Beraz: NOREN: DVDaren; NORK: DVDak.

IKT (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak)

       Siglaren erreferentea izendapen arrunta da, eta, eskuarki, pluralean erabiltzen da.

       Letraka irakurtzen da [i-ka-te]. Deklinatze-ondorioetarako, bokalez bukatzen da [ikate].

Beraz: NOREN: IKTen; NORK: IKTek.

1) PCR (Parti communiste réunionnais). 2) PCR (polimerasaren kate-erreakzioa)

       Lehen kasuan, siglaren erreferentea izendapen berezi bat da; bigarrenean, siglaren erreferentea izendapen arrunt bat da.

       Bi kasuetan, sigla letraka irakurtzen da [pe-ze-erre], eta, deklinatze-ondorioetarako, bokalez bukatzen da [pezeerre].

Beraz: 1) NOREN: PCR-ren; NORK: PCRk. 2) NOREN: PCRaren; NORK: PCRak.

9.1. Kasu berezi bat: sigla arrunta eta -a letraz amaitua nola deklinatu?

Gorago adierazi den moduan, siglak hitzak dira, eta hitzak bezala deklinatzen dira. Baina, hitzak deklinatzean, badakigu a + a a eta a + ee aldaketak gertatzen direla.

Sigletan, ez dago arazo larririk a + a a egiteko. Adibidez, har ditzagun RNA (azido erribonukleikoa) eta LAA (lurraldearen antolamendurako artezpideak). Izendapen arruntak dira biak. Deklina ditzagun siglak erabiliz:

Sailkatu itzazu azido erribonukleikoak.

Sailkatu itzazu RNAk.

Lurraldearen antolamendurako artezpideak planifikazio-ereduaren oinarrian daude.

LAAk planifikazio-ereduaren oinarrian daude.

Baina NOREN kasuan deklinatzean, anbiguotasuna gertatzen da:

Azido erribonukleikoaren egitura

RNAren egitura

Hala deklinatuz gero, RNA izendapen berezien moduan deklinatzen da (adibidez, Royal Nepal Airlines edo Ràdio Nacional d'Andorra erakundeen siglak deklinatzen diren bezala).

Eta kasu-sinkretismoa ere gertatzen da. Adibidez, RNAk hitzak (gutxienez) bi irakurketa ditu: RNA izen arruntaren absolutibo plurala (azido erribonukleikoak) eta RNA izen bereziaren ergatibo singularra (Ràdio Nacional d'Andorrak).

Nolanahi ere, ez da arazo larria, testuinguruak argituko baitu zeri dagokion bakoitza.

Bestalde, a + ee ezin da egin sigla desitxuratu gabe. Adibidez:

Azido erribonukleikoen sailkapena.

*RNen sailkapena / *RNEn sailkapena. Honela ez da desitxuratzen: RNAen sailkapena.

Lurraldearen antolamendurako artezpideen aldaketa.

LAen aldaketa / *LAEn aldaketa // Honela ez da desitxuratzen: LAAen aldaketa.

Nola jokatu? Hezkuntza Sailaren Ortotipografia lanak, esplizitatzen ez badu ere, aldaketak ez egitea aldezten du adibideetan:

Esan berriro zure NA-aren zenbakia.

Bihar hastekoa da GKE-en biltzarra.

Dakizunez, datu mota (DM) guztiak ez dira datu mota abstraktuak (DMA); beraz, ongi bereizi behar dira DMak. Esaterako, DM hori DMA bat da, oso ugariak baitira DMak eta DMA-ak.

Nire ustez, a + aa kasuan, ez dago arazorik. Lasai egin liteke NAren zenbakia eta DMAk ugariak dira gisakoak. Gainera, bada kontu bat Ortotipografia lanak adibideetan erakusten ez duena. NA-aren eta DMA-ak egin behar bada, nola jokatu behar da absolutibo singularrean?

(??) NA-a eta DMA-a.

 (??) OTA-a gero eta gehiago erabiltzen da. (OTA: ordenagailu bidezko tomografia axiala)

Nire ustez, nekez nagusituko da NA-a eta OTA-a gisako moldea (Eta, bestalde, absolutiborako NA, OTA egitea, eta gainerakoetan NA-aren, NA-ari, NA-ak egitea asko konplikatzea da).

a + ee kasuan, berriz, ezinezkoa da egitea, sigla desitxuratu egingo baita. Beraz, honela:

Azido erribonukleikoen sailkapena

RNAen sailkapena

Lurraldearen antolamendurako artezpideen aldaketa

LAAen aldaketa

Telefono mugikor berriek PDAen funtzio guztiak dituzte (PDA: personal digital assistant)

 

10. Sigla teknikoen deklinabidea

Siglak, teknikoak izan zein bestelakoak izan, siglak badira, gainerako siglak bezala deklinatu behar lirateke. Alde horretatik, Hezkuntza Sailak 2011n argitaratutako Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak laneko “III.4.2.3. Informatikako siglak eta beste zenbait “ atala, oro har zuzena eta egokia bada ere, azpipuntu batean ageri den baieztapen bat ez zait egokia iruditzen. Honela dio:

Izen bereziak laburtzera jotzen denean, haien adierazia irakurtzen da beti, eta horren arabera lotzen zaizkio atzizkiak.

Sigla-itxurakoak izanik ere, halakoak ez dira benetako siglak:

       VB (Visual Basic; «visual basic»): VBi buruzko artikuluak; VBen ezaugarriak.

       IE (Internet Explorer; «internet explorer»): IE-en moteltasuna.

Nire ustez, ikuspegi horren oinarria ez da egokia. Zergatik ez da VB (Visual Basic) benetako sigla? Sigla ez bada, zer da? Laburdura ez da, laburdurak puntuz idazten direlako. Eta sinboloa ere ez da, programazio-lengoaiek ez baitute sinbolorik. Ingelesez, behintzat, garbi agertzen da siglen zerrendetan. Badira sigla asko, teknikoak eta ez-teknikoak, irakurri beharrean haien erreferentea esplizitatuz erabiltzen direnak, baina hori irakurlearen aukera da, sigla guztietarako balio duen aukera, eta irakurleak sigla esan beharrean haren adierazia irakurtzeko aukera egiteagatik ez du galtzen siglak bere siglatasuna. Eta, bestalde, “haien adierazia irakurtzen da beti” oso baieztapen biribila da. Beti? Euskaraz bakarrik ala beste hizkuntzetan? Ala gaztelaniaz gertatzen den zerbait da?

Horregatik, sigla deklinatzeko orduan, ez da komeni adieraziaren arabera deklinatzea, hori aldakorra baita. Adibidez, VB sigla horretatik eratorri diren VBA (Visual Basic for Applications) edo VBS (Visual Basic Script) siglekin zer gertatzen da? Haiek ere ez dira irakurtzen? Ez dira irakurri behar? Ez dira benetako siglak? Bide horretatik abiatuta, desaraura goaz.

Kanpoko hitzen deklinabidearekin parekatzeko moduko arazoa da. Adibidez, nola deklinatu behar dugu genitiboan Shakespeare, Yorkshire, Wroclaw edo Calais? Ahoskatzen den bezala ([xespirren], [jorkxairren], [brotswefen] eta [kaleren]) ala idatzitakoa euskaraz irakurriko genukeen bezala ( [xakespeareren], [jorkxireren], [wroclawren] eta [kalaisen])?

Euskaltzaindiak, leku-izenetarako, gomendio hau eman zuen (158. araua):

 

Kanpoko leku-izen baten idazkera eta ahoskera bat ez datozenean eta izena deklinatu behar denean, honela joka daiteke deklinabide-atzizkia eransteko orduan:

 

Idatzizkoan, idatzizkoari erreparatuta ezarriz deklinabide-atzizkia, hau da, azken letra kontsonantea bada, kontsonantez amaitutako hitzak bezala deklinatuz; azken letra bokala bada, bokalez amaitutako hitzak bezala deklinatuz. Adibidez:

Yorkshire: Yorkshireren, Yorkshiren, Yorkshireko...

Creuse: Creuseko, Creusen...

Calais: Calaisen, Calais(e)ko, Calaisi...

Siglen kasura itzulita, berdin jokatzea iruditzen zait irizpide zuhur bakarra. Siglak deklinatzeko, sistema bat minimoki koherentea behar da. Sigla irakurtzea edo siglak ordezkatzen duena irakurtzea irakurlearen aukera da, eta horrek ez luke eragin behar deklinatzeko sisteman.

 

11. Erreferentea izendapen berezia eta plurala duten siglen deklinabidea

Horrelakoak dira sigla batzuk. Adibidez:

AA (Alkoholiko Anonimoak), ARKO (Arrasateko Komunikabideak), AEB (Ameriketako Estatu Batuak), SA (Sozialista Abertzaleak), IK (Iparretarrak), ET (Eusko Trenbideak), MGM (Mugarik Gabeko Medikuak), AAB (Amnistiaren Aldeko Batzordeak)…

Orain arte azaldutakoan garbi agertu den bezala, sigla deklinatzen da beti, eta ez siglak ordezkatzen duena. Hori da siglaren bereizgarririk behinena, eta horretan desberdintzen da laburduratik eta sinbolotik. Horrenbestez, erreferentea izendapen berezia eta plurala denean ere, sigla deklinatzen da:

Erakunde autonomo moduan bidea hasi zuen ARKOk (Irakurketa: [ar-kok]).

SAren aurrekariak eragina izango du Legebiltzarreko Mahaiak EHAKri buruz har dezakeen erabakian (Irakurketa: [ese-aren]).

IK-k polizia indarrei leporatu zion gorpua desagerrarazi izana (Irakurketa: [i-kak]).

AEBk Gene Cretz izendatu du kargu horretarako (Irakurketa: [a-e-bek]).

AABren eta Segiren helegiteak atzera bota ditu EBko Justizia Auzitegiak (Irakurketa: [a-a-beren]).

Irakurleak erabakiko du kasu bakoitzean, beti bezala, sigla irakurriko duen ala siglaren erreferentea esplizitatuko duen.

Berria egunkariak AEB sigla salbuespentzat jo, eta pluralez deklinatzen du (AEBak, AEBek, AEBetan…); erreferente berezi plurala duten gainerako siglekin, ordea, ez du hala jokatzen (SA, AAB, IK…). Hala, Berriaren interpretazioan, AEB da sigla bakarra irakurtzen ez dena; hala, badirudi irakurleari adierazten zaiola ezin duela [a-e-be] irakurri, sigla hori ez dela benetako sigla. Siglak deklinatzeko sistemaren koherentziaren ikuspegitik, Berriak egiten duen salbuespen hori aberrazio bat da (Badaezpada, ez bedi inor haserre; adiera honetaz ari naiz: aberrazio: normal edo logiko dirudienetik ateratzea); kontzeptualki, Ameriketako Estatu Batuak sigla bidez adierazteko AEBak idaztea Euskal Herriko Unibertsitatea sigla bidez adierazteko EHUa idaztea bezain desegokia da.

12. Zalantzak sailkatzean

Batzuetan, gutxitan bada ere, ez da hain erraza ebazten sigla baten erreferentea izendapen arrunta ala berezia den. Hala gertatzen da, adibidez, sigla baten bidez adierazten diren marka eta modeloen izenekin. Berez, izen bereziak dira, baina, metonimiaz, haiei elkartutako produktu edo objektuak izendatzeko erabiltzen dira, eta, kasu horretan —funtzio hori betetzen ari direnean—, izen arrunt bilakatzen dira. Adibidez:

A380 (Airbus 380) hegazkin-modelo bat da, eta A380 siglaren erreferentea, alde horretatik, izendapen berezi bat da. Sigla horren bukaera silabaka (hitz gisa) irakurtzen da [a-hirurehun-eta-laurogei], eta, deklinatze-ondorioetarako, bokalez bukatzen da. Beraz, honela deklinatzekoa da:

NOREN: A380ren; NORK: A380k

A380ren pisuaren % 25 polimerozkoa da.

Hala ere, beste kasu batzuetan modeloa ez eta objektua adierazten du. Orduan, izen arrunta da, eta izen arrunt gisa deklinatu behar da:

Lufhansak erosi zuen lehenengo A380ak pitzadura bat zuen hego batean.

Lehenengo bi A380en entrega lau hilabetez atzeratu da.

Alderantziz ere gerta daiteke inoiz, hau da, berez erreferente arrunta duen sigla batek erreferente berezia izatea testuinguru jakin batean. Adibidez:

I+G (ikerketa eta garapena). Siglaren erreferentea izendapen arrunt bat da, eta siglaren bukaera letraka irakurtzen da [i-gehi-ge] . Deklinatze-ondorioetarako, bokalez bukatzen da [igehige].

Beraz: NOREN: I+Garen; NORK: I+Gak.

Espainian, I+Garen egoera lastimagarria da.

Baina sigla berak erreferente berezi bat izan dezake, baldin eta erakunde baten sail baten izena bada.

Orduan: NOREN: I+Gren; NORK: I+Gk.

Elhuyarko I+Gk Pompeu Fabra Unibertsitateko mahai-inguru batean parte hartu du. Igor Leturia Elhuyar Fundazioko I+G saileko ikertzaileak Pompeu Fabra Unibertsitateko

Beste batzuetan, sigla baten erreferentea izendapen berezia den ala ez jakitea ez da hain erraza, batez ere testu teknikoetan (eta, batez ere, testuak itzultzean itzultzailea ez bada gaian aditua). Adibidez:

MP4 (MPEG-4 Part 14). Zer da? (Wikipedia: MPEG-4 Part 14 or MP4 is a multimedia container format standard specified as a part of MPEG-4). Jende askok, MP4 sigla ikusi, eta musika, bideoa eta argazkiak erreproduzitzeko balio duen aparatua dela pentsatuko du (eta hala izango da erabilera metonimikoan, hala nola MP4a hondatu zait edo nire MP4a politagoa da zurea baino gisakoetan), baina, berez, formatu bat da.

Eta formatu bat, eta ez erreproduzigailu bat, adierazten duenean, zer da? Berezia ala arrunta? Hezkuntza Sailak 2011n argitaratutako Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak lanean agertzen diren adibideen arabera, formatuak eta lengoaiak, oro har, izen bereziak dira:

       COBOL (Common Business-Oriented Language; irakurtzean, «cobol»): COBOLez idatzitako programa.

       BASIC (Beginners All-purpose Symbolic Instruction Code; «basic»): BASICez idatzitako programa; BASICen sintaxia.

       GIF (Graphics Interchange Format; «gif»): GIFen animazio-aukerak.

       ASCII (American Standard Code for Information Interchange; «ascii»): ASCIIn honela kodetzen da zuriunea.

       XML (Extended Markup Language; «ixa eme ele»): XMLz kodeturik dago; XMLren onurak.

       PDF (Portable Document Format; «pe de efe»): PDFn zegoen dokumentu hura.

       HTTP (Hypertext Transfer Protocol; «ha txe te te pe»): HTTPren zehaztapena.

       JPEG (Joint Photographic Exper ts Group; «jota pe ge»): JPEGra pasatu zuen irudia; JPEGn gordez gero, informazioa galtzen da.

Baina, goragoko MP4 adibidean bezala, izen arrunt ere izan daitezke. Adibidez:

       Kasu horretan, WebView objektu batean bueltatzen duen HTMLa ia bere horretan erakusten da.

Adibide horretan, HTLMa delakoa HTLM kodea da. Alegia, ez da formatua, baizik eta formatu horretan idatzitako kodea; alegia, izendapen arrunta.

 

13. Ortotipografia-arazoak

Siglak letra larriz idazten dira, eta letren ondotik punturik jarri gabe (puntuak laburdurei dagozkie, ez siglei). Deklinatzean, eskuarki ez da marratxorik jartzen siglaren azken letraren eta deklinabide-atzizkiaren artean, sigla letra larriz idazten denez eta deklinabide-atzizkia letra xehez argi geratzen baita non amaitzen den sigla.

13.1. Marratxoa bai ala ez?

Hori da arau nagusia, baina badira salbuespenak. Sigla batzuk letra larriz eta letra xehez idazten dira; letra xehez idazten den sigla-zatia amaieran dagoenean, komeni da marratxoa jartzea sigla non amaitzen den nabarmentzearren. Adibidez:

ETApm (ETA politiko-militarra). Siglaren erreferentea izendapen berezi bat da: talde edo elkarte bat. Siglaren amaiera silabaka irakurtzen da [eta-pe-eme], eta, deklinatze-ondorioetarako, bokalez bukatzen da [etapeeme].

Beraz: NOREN: ETApm-ren; NORK: ETApm-k.

BPGb (barne-produktu garbia). Siglaren erreferentea izendapen arrunt bat da. Sigla letraka irakurtzen da [be-pe-ge-be], eta bokalez bukatzen da.

Beraz: NOREN: PPGb-aren; NORK: BPGb-ak.

Bestalde, siglaren azken letra eta deklinabide-atzizkiaren azken letra berdinak direnean, marratxoa jartzea komeni da.

GKE (gobernuz kanpoko erakundea)

Beraz: NOREN: GKE-en biltzarra.

Hala gomendatzen du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren estilo-liburuko Ortotipografia lanak ere:

Sigla eta deklinabide-atzizkia marratxorik gabe batzen dira, salbu eta siglaren azken letra berberaz hasten denean atzizkia ere.

BBK-k adierazi du AEK-ko ikasleek gogotik eskertu dutela BBKren dirulaguntza.

Siglak karaktere alfanumerikoak dituenean (letrak eta zenbakiak), marratxoa jarri behar da?

Lehenengo zalantza da ea marratxorik behar den sigla barnean letren atala eta zenbakien atala bereizteko. Alegia, G-20 taldea ala G20 taldea? Espainiako M-15 mugimendua ala Espainiako M15 mugimendua?

Bietara ikusten dira, baina marratxoa ez da behar: G20 taldea eta M15 mugimendua. Beste kasu batzuetan, gainera, ez da zalantzarik izaten: MP3 idazten da, eta ez MP-3. Hala ere, beste sigla teknologiko batzuetan nahiko orokorra da marratxoa: MPEG-1.

Sigla teknologiko estandarizatuetan, baldin eta estandarrak marratxoa badu, hala jarri beharko da, baina, gainerakoetan, hobe da marratxorik ez jartzea. Gaztelaniaz, adibidez, marratxorik gabeko formaren alde egin du RAEk Ortografía berrian:

 (…) el uso del guion para separar la parte literal de la numérica es cada vez menos frecuente, por lo que su presencia en este tipo de siglas no se considera ya obligatoria.

Bigarren zalantza da ea siglaren eta deklinabide-atzizkiaren aurrean marra jarri behar den. Kontuan izanik, batetik, sigla arruntetan marratxorik ez dela erabiltzen, eta, bestetik, zenbaki arabiarrak deklinatzean ere marratxorik ez dela erabiltzen (adibidez: 15etik 37ra eta ez 15-etik 27-ra), pentsa liteke marratxoa ez dela beharrezkoa. Hala ere, sigla non amaitzen den argi eta garbi adieraztearren, marratxoa erabiltzea komeni da. Hala gomendatzen da Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak lanean ere. Adibideak:

       PL/1 (Programming Language 1; [pe ele bat]): PL/1-ez idatzitako programak.

       RPG-II (Report Program Generator II; [erre pe ge bi]): RPG-II-ren garaiak.

       G20-ren azken bilera Londresen izan zen.

13.2. Siglak letra etzanez?

Sigla baten erreferentea letra etzanez idaztekoa bada, sigla ere letra etzanez idatzi behar da?

Hezkuntza Saila Ortotipografia lanak honela dio:

Letra larriz, letrakera arruntez eta punturik gabe idazten dira siglak; baita izen osoa letra etzanez idatzi beharreko izenen siglak ere.

                Orduan hasi zen EGLU argitaratzen: alegia, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak.

Katalanez ere hori diote estilo-liburuek. Adibidez:

Les sigles i els acrònims no s’escriuen mai en cursiva encara que la designació completa de l’organisme, l’entitat, la publicació, etc., hi hagi d’anar per tractar-se d’expressions estrangeres o per altres convencions.

- per construir pàgines cal fer servir Hyper Text Markup Language.

- per construir pàgines cal fer servir HTML.»

(Les abreviacions. Material complementari d’elaboració de documents i tècniques d’expressió escrita; Diputació Barcelona; http://www1.diba.cat/llibreria/pdf/51581.pdf)

 Gaztelaniaz, ordea, honela dio RAEren Ortografíak:

Las siglas que corresponden a títulos de libros o publicaciones periódicas, secuencias que, cuando aparecen desarrolladas, deben marcarse en cursiva, se escriben en esa misma clase de letra: DHLE (sigla de Diccionario histórico de la lengua española), BRAE (sigla de Boletín de la Real Academia Española).

 

Arau berri horren arabera, BOE (Boletín Oficial del Estado), BOG (Boletín Oficial de Gipuzkoa) eta gainerakoak letra etzanez idaztekoak dira gaztelaniaz. Euskaraz, berriz, EAO (Estatuko Aldizkari Ofiziala), GAO (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala) eta abar idazten jarraituko dugu, siglan letra etzanik erabili gabe, orain arte bezala.

 



[1] Hori sigla prototipikoaren definizioa da. Ez dagokio lan honi sigla-moten deskribapen morfologiko xehea egitea, baina, lan honetan bertan ikusiko dugunez, badira sigla prototipiko ez direnak ere.

[2] Akronimoaren definizio horretan bi mota bereiz daitezke, baina bereizketa oso espezializatua da, eta ez du, gure lanerako, ondoriorik:

1- sasisiglak (edo sigloideak). Lexia osatzen duten hitzetako baten edo batzuen  bi grafema (eta ez lehen grafema bakarrik) hartzen dituzte, emaitza silabaka irakurtzeko modukoa izatea lortzearren: ADECU (Asociación de Defensa de los Consumidores y Usuarios), CEDEFOP (Centre européen pour le veloppement de la formation professionnelle).

2- siglonimoak. Lexia osatzen duten hitzetako baten edo batzuen grafemak, silabak edo hitz-zatiak modu gutxi-asko arbitrarioan hautatzen dira, emaitza silabaka irakurtzeko modukoa izatea lortzearren:  AFNOR (Association Française de Normalisation), HUNOSA (Hulleras del Norte, S.A.), BANESTO (Banco Español de Crédito).  Adibide horietan, AFNO sasisigla (eta ez AFNOR), HUNSA sasisigla (eta ez HUNOSA) eta BEC sigla (eta ez BANESTO)  nahikoak lirateke silabaka irakurri ahal izateko.

 

[3] Irizpide formala ere erabili ohi da izen arruntak eta bereziak bereizteko. Irizpide formalak formari, itxurari, erreparatzen dio. Izen arruntek determinatzailea hartu ohi dute, eta izen bereziek ez:

       Saroik automobil berria erosi zuen iaz (automobil *berri erosi du).

       Usurbil ederra da (*Usurbila ederra da).

Baina, siglak aztertzeko, irizpide formalak ez du balio.

 

[4] Izendapen bereziak izen berezitzat jotzea ez da noski euskararen  bereizgarria. Berdin gertatzen da inguruko hizkuntzetan. Adibidez, Manual de la Nueva Gramática de la Lengua Españolak honela dio (§ 12.5.1c):

Se ajustan en mayor o menor medida a las características de los nombres propios los que denotan festividades o conmemoraciones (la Ascensión, el Ramadán); astros (Ganímedes, Marte, Orión); representaciones alegóricas (la Muerte); títulos de obras (Simón Bocanegra); fundaciones (Lolita Rubial); órdenes religiosas (Santa Clara); empresas (El Mercurio de Antofagasta); clubes (Club Deportivo Istmeño); corporaciones (Real Academia Española), y otras muchas asociaciones, agrupaciones o instituciones de diversa naturaleza.

Nork: petrirena.2013/01/10 08:57:50.536 GMT+1
Etiketak: | Permalink

Erantzunak

Artikulu oso interesgarria, Alfontso. Oro har, EiTBko praktika bat dator zure jarraibideekin, baina eskertzekoa da testuaren zehaztasuna, hainbat zalantza eta hainbat puntu ilun argitzen lagunduko digu eta. Gure aldetik, hiru ohar egin nahi ditugu.

1. Artikuluan jasotako jarraibideak testuarekin lotuta ulertzen ditugu. Taula, grafiko, etiketa eta halako paratestuetan, zilegi dirudi bestela jokatzeak. Grafiko baten idazpuruan, esate baterako, egokiago litzateke «KPI», ez «KPIa». EiTBn, behintzat, hala egiten dugu.

2. Hein batean, izen bereziei dagozkien siglak izendunarenak dira, eta zilegi dirudi ortotipografi jarraibideak berak ezartzeak. Euskal Irrati Telebistan, esate baterako, «EiTB» idaztea erabaki da ("i" letra xehez), eta «ETB1ek» (marrarik jarri barik zenbakiaren aurrean edo atzean).

3. Azken oharra siglen erabilerari dagokio. Ahozko komunikabideetan, izendapen arruntei dagozkien siglak baztertzeko gomendatzen dugu, batik bat gure hizkuntzakoak ez badira. Izendapen luzeak laburrago eman nahi izanez gero, sigla baino aukera hobea da izendapena bera moztea. Beraz, «IPC» eta «ERE» guztiz gaitzetsiko genituzke, eta horien ordez «KPI» eta «LEE» barik «kontsumorako prezioen indizea» eta «lan-erregulazioko espedientea» esatea gomendatuko genuke; forma laburragoak behar izanez gero, «prezio-indizea» eta «(lan-)erregulazioa»: «Urtarrilean, 0,2 puntu igo da prezio-indizea Nafarroan», «Erregulazioak langileen heren bati eragin dio».

Nork: Asier Larrinaga Larrazabal.2013/01/18 09:57:27.266 GMT+1

Zalantza baten deklinabideari buruzko galdera egin didate. Nola deklinatu erreferentea izen arrunta duen sigla bat, letraka irakurtzen dena eta, letraka irakurrita, -a letraz amaitzen dena? Adibidez, ETZ (ekimen turistikoen zentroak; gaztelaniaz: centros de iniciativa turística).
Sigla hori, honela irakurtzen da: e-te-zeta. Eta pluralean: e-te-zeta-ak.

Artikuluko eskemaren arabera:
2.1. Letraka irakurtzen da. Beraz, bokalez amaitua: etxe bezala deklinatzen da.

Absolutibo plurala: ETZak
Absolutibo singularra: ETZa
Ergatibo plural: ETZek
Ergatibo singularra: ETZak
Genitibo plurala: ETZen
Genitibo singularra: ETZaren
(...)

Alegia, -a letraz amaitzen bada ere, ez zaio aplikatuko idaztean hitz arruntetan aplikatzen diren aldaketa hauek: a + a = a eta a + e = e.
Bestela, berdindu egingo lirateke erreferentea izen berezia eta izen arrunta dutenen deklinabidea. Demagun Euskadiko Tranbien Zuzendaritza badela eta ETZ sigla duela: berdin deklinatuko lirateke orduan.
Horregatik, hitz arruntak deklinatzean aplikatzen diren aldaketak ez aplikatzea proposatzen dut, hitzarmen edo konbentzio gisa. Siglen deklinabidea ez dago arautua, eta eredu bat, ahalik eta koherenteena, eta argia, behar dugu.

Nork: Alfontso Mujika.2013/10/08 16:52:16.892 GMT+2