Hemen zaude:
 » 
Literatura Unibertsala. Batxilergoa 2

Literatura Unibertsala. Batxilergoa 2

Itzulitako literatura sustatzeko ekimenen barruan, eta bereziki Bigarren Hezkuntzako ikasle eta irakasleei begira, Literatura Unibertsala. Batxilergoa 2 testu liburua argitaratu da 2012an, EIZIEren eta Erein argitaletxearen arteko lankidetzaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Iñaki Aldekoa eta Mari Jose Olaziregi ditugu egileak.

Euskaldunok literatura unibertsala euskaraz irakurtzeko aukera izan dezagun saiatu da EIZIE bere hastapenetatik, eta horren lekuko argia dira elkarteak kudeatzen dituen Literatura Unibertsala eta Urrezko Biblioteka bildumak.

Alabaina, irakurleak –batez ere gazteak, ikasleak– literatur lan horietara hurbil daitezen, horien garrantzi eta eraginaz jabe daitezen, zabaltzen dituzten bideetan barna abia daitezen, onuragarri –are, ezinbesteko– dira obra horiek lantzeko material osagarriak, eta, tamalez, oso gutxi dira euskaraz eskura ditugunak.

Hutsune horretaz oharturik eta 2001. urtean EIZIEk eta Ereinek plazaratutako Literatura Unibertsala. XVIII., XIX. eta XX. mendeak liburua aspaldi agorturik zegoela kontuan harturik, testu hura berreskuratu, eguneratu eta osatu egin da. Berrikuntza nabarmenetako bat XVIII. mendera arteko atalak gehitzea izan da, literatura unibertsalaren ikuspegi osoagoa emateko. Iñaki Aldekoak egin du lan hori. Liburu hau ere EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak urtero sinatzen duten hitzarmenaren baitan eguneratu da.

Testu liburu honen ezaugarrietako bat –guretzat garrantzitsuena, apika–, eskaintzen dituen literatur lanen pasarte euskaratuak dira; atal guzti-guztietan azaltzen dira, eta testu antologia guztiz baliagarria osatzen dute. Aipatzekoak dira, halaber, agertzen diren testuak eta obrak bestelako kultur lanekin lotzeko proposamenak (pintura, musika, zinea…), edota ikasleekin lantzeko iradokitzen diren ariketak.

Erein argitaletxeak kontsultatzeko moduan jarri du liburuaren lehen kapitulua (PDF) eta kapitulu guztien gidaliburua (PDF)