Euskal Itzulpena komunikabideetan
Iñaki Zubizarreta

Lantxo honetan euskal itzulpenak gure herriko komunikabideetan duen lekua aztertu nahi nuke, eta era berean dituen zailtasun edo lanak aipatu. Batez ere azken urteotako esperientzia hartzen dut kontuan, horretarako zenbait lagunekin mintzatu naizelarik, oso labur bada ere. Julian Beloki (Euskadi Irratia), Jokin Aldazabal (Donostiako Herri Irratia), Mikel Atxaga (Deia), Xalbador Garmendia (Egin), Pello Zubiria (Argia), Jose Antonio Sarasola (Galdakao Bikoizketa Etxea), eta ni ere mundu honetan nabilena (lehen Herri Irratian, orain Eresoinka Bikoizketa Etxean).

Euskal Herriko komunikabide guztiak ez badaude ere, uste dut nahiko azalpen zabala jasotzen dela horiekin, lantxo honetan eskaini nahi den lehen ikuspegi orokor baterako.

Prentsa

Eta besterik gabe, prentsatik has gintezke. Esan dezagun hasieratik, une honetan, euskarari hainbat leku eskaintzen dioten egunkarietan ez dela zuzeneko itzulpenik argitaratzen.

Esan nahi duguna da, kanpoko iturriak erabili behar badituzte ere kazetariek, landutako artikuluak izaten direla, euskaraz landutako artikuluak alegia.

Garai batean izan zen bestelako joerarik, batez ere hasieratako Egin egunkarian. Langile taldetxo batek ordu ugari sartu zuten Efetik eta beste zenbait iturritatik iritsitako lanak euskaratzen, baita kazetari lankideek gaztelaniaz landutako artikuluak euskaraz ematen ere.

Baina gaur egun oso gutxi itzultzen da euskaraz zuzenean prentsan. Zenbait aldiz behar izaten da hala ere, berriemaileek edo elkarrizketatuek euskaraz ez dakitenean eta.

Dena den, itzulpen zuzenak egiten ez badira ere, euskal itzulpenari dagozkion zenbait zailtasun eta lan agertzen zaizkio oraindik prentsan euskaraz lan egiten duenari.

Denok dakigunez, era guztietako gaiak sartzen dira prentsan, arinxeago edo sakonxeago erabiliak izango badira ere. eta orain artean euskaraz ezer gutxi erabiltzen ziren gai eta estilo asko: politika, ekonomia, legeak, erreportaia, kazetaritzako estiloa bera orohar, eta abar. Presaka eta korrika ibili behar izan du euskal kazetariak euskara insten ez zen zenbait hizkera-alorretan mugitzeko. Oraindik ere erosotasun osora iritsiak ez izan arren, azken urteotako ahaleginaren ondorioz, errazago dabil euskara lehen arrotz xamar zitzaizkion alor horietan.

Irratia

Irratira pasatuz, prentsaren antzeko zerbait aurkitzen dugu. Hemen ere kanpoko iturriak erabili behar izaten dituzte ugari, baina ez dira zuzenean itzultzen, landutako saioetan sartu baizik. Izan zuen garai bat Herri Irratiak, Sei Orduetako informazio-saio laburrak ematen zirenean orduoro, bi edo hiru lagun zuzenean itzultzen ibiltzen zirena, baina orain beste joera da nagusi irratietan ere: kanpoko iturriak saio landuerako baliapide gertatzen dira.

Irratian ere egunean zehar gai guztiak azaltzen dira, baina prentsari buruz hitz egitean aipatu ditugunez gainera, badira hemen prentsan baino gehiago azaltzen direnak agian: kanpoko kantarien historia eta abestien letrak, ipuinak, poemak, etab. Itzulpen aldetik ere beharbada interesgarriago gerta daitezke hauek, kreazio-lan gehiago eskatzen bait dute, nahiz eta itzulpen izan. Dena den, salbuespen batzuk kanpo, ez dut uste irratietan ere lan gehiegi egiten denik alor horietan.

Euskal Telebista

Eta orain Euskal Telebista aipatu behar dugu. Hemen ere zuzeneko itzulpen gutxi egiten da. Besteetan bezala kanpoko iturrietan baliatu behar dute, baina landutako saioen barruan izaten da. Noski, Euskal Telebistaren jatorrizko programaketan buruz diogu hau, izan ere bestelakorik gertatzen da programaketa kanpotiarrari dagokionez, Euskal Telebistak sortu bait du euskal itzulpenaren gehikunde edo hazkunderik izugarriena azken bi urteotan, bikoizketa dela eta.

Gaur egun Galdakao eta Eresoinkan itzultzen da gehiena euskaraz, oker ez banago. Bataz beste, eguneko ehun foliotatik gora bikoizten da bi etxeotan, folio hauek normalean baino tarte gehixeagorekin idazten badira ere, lana erosoago egitearren. Eta bikoizteak aurretik itzuli egin direla esan nahi du noski.

Batez ere ingelesetik itzultzen da, frantsesetik ere bai zerbait, eta gutxiago oraindik alemianera,italiera eta gaztelaniatik. Berrogei eta hamar itzultzailetatik gora an dira lanean, adin guztietakoak, asko oso gazte has¡ direlarik, eta gero eta hobeto ari direla esan behar.

Interesgarria da hemen nolako bilakaera duen itzulpenak zehazki azaltzea, oso desberdina bait da bikoizketa etxe batean ibiltzen den bidea, gainerako komunikabideekin alderaturik.

Lehenik testua itzultzerakoan pelikula ere ikusi egiten du itzultzaileak, testua eta esaten dena bat datozen jakiteko. Aldaketa guztiak kontuan hartuz, pelikulan datorrena itzultzen da noski, hori bikoiztu behar bait da. Nahiz eta gero itzulitako testua egokitzailearengana pasatzen den, itzultzaileak ere kontuan hartzen du, bere lana egitean, jatorrizkoaren pare samar ibiltzea neurri aldetik, testuaren luzeran edo zabaleran alegia.

Ondoren itzulitako testu hori egokitzaileari ematen zaio eta honek pelikulako pertsonaien aho-mugimendua eta kontuan hartuz egokitzen du testua: neurrian bat etorri behar dute pelikulan esaten denak eta testuak,bait da ezpainen mugimenduan ere, gero bikoizterakoan bat etor daitezen jatorrizkoa eta euskal bertsioa. Artesau-lana dela esan daiteke egokitzaileena, eta itzulpenaren ikusmiratik zenbait xehetasun eta ñabardura eransten dizkio honen lariak testuari.

Egokitzaileak ez dio kasu gehigirik egiten jatorrizkotik euskarara egin den itzulpenari, berak euskal testuari begiratzen dio batez ere, eta egokitzen eta goxatzen ahalegintzen da. Nahiko libre jokatzen du, beraz, testu horrekin, behar diren aldaketa guztiak eginez, pertsonaien mugimendu eta hitz egiteko eraren arabera.

Argi ikus daitekeenez, egokitzailearen eskutatik pasa ondoren, euskal itzulpenak ez du hemen antz haundiegirik beste medioetan, argitaletxeetan eta, egiten den euskal itzulpenarekin. Bikoizketa-etxe hauetan, lehen itzulpen zehatz baten ondoren, bertsio libre bat ateratzen dela esan daiteke zenbait aspektotan egokitzailearen eskuetatik.

Eta ondoren egokitzaileagandik sortu den bertsioak ere izan ditzake beste zenbait ukitu aretoan bikoizterakoan. Hala ere aldaketarik nabarmenenak egokitzaileari zor zaizkio, zalantzarik gabe.

Egokitzaileak euskararen ezagupen sakon eta aberatsa behar du, izan ere itzulpenaren mamia gordez hitzen analogia eta sintaxiaren aldaketa asko jakin behar bait ditu lana ondo egiteko. Trebea eta bizkorra behar du izan egokitzaileak hizkuntzaren ezagupenean eta erabileran.

Eta azkenik testu bikoiztua, alderantzizko bilakaeran, azpidatzi egiten da gaztelaniaz. Euskarazko bertsioa aurrean dutelank egiten dute lan azpidazleek. Ez dute hitzez-hitzezko itzulpena egiten. Ahal den hitz gutxienetan saiatzen dira aditzera ematen mamia. Hauei ere gaztelania ongi menderatzea eskatzen zaie, ez bait da lan erraza izaten pelikula bateko isuri bizkorra hitz gutxitan biltzea.

Ikusten denez, nahiko bilakaera berezia izaten du ingelesezko edo beste edozein hizkuntzatako testu jatorrizkoak bikoizketa-etxe batean.

Hemen ere, bestalde, era guztietako gaiak eta estiloak azaltzen dira: dramak, marrazki bizidunak, dokumentalak (zientifikoak, ohiturazkoak etab.), umorezko pelikulak, ipuinak, etab. Zailtasun eta lanak ere ugariak dira hemen. Arestian aipatutakoa gogora daiteke hemen ere. Euskara gehiegi sartu ez den alorretan egin behar lana eta sortzen edo erdi sortzen ahalegindu beharra dago. Espresio berri ugari ateratzen da hain era desberdinetako pelikuletan eta euskaraz ere asmatu egin behar.

Ez dut uste alde honetatik xehetasun gehiegitan sartu beharrik dagoenik. Denok dakigunez, euskararentzat nahiko berriak dira bikoizketaren bidez zabaltzen zaizkigun zenbait giro, alor eta bide. Eta alde horretatik lan neketsua bezain zirikatzailea da hau.

Itzultzaileak eta egokitzaileak bere ahaleginak eta ardura osoa jartzen ditu euskara hitz eginari eta biziari hurbiltzeko, gaurko zine eta telebista-mundu horren erritmoan euskara ere sartzeko.

Laburtuz

Gure lantxo honetan, agian lotura gehiegi gabe, aipatu ditugunak nolabait ikuspegi zabalago batean biltzearren, azken gogoetatxoa egin nahi nuke aipaturiko hiru komunikabideoi buruz, itzulpenaren aldetik.

Hiru komunikabideok badute bere berezitasuna, eta hizkeraren aldetik ere itzultzaileek kontuan hartu beharrekoa da berezitasun hori, bakoitza bere medioari egokitzea oso inportantea bait da, zalantzarik gabe.

Prentsak bere idazkera izaten du eta bere estiloa. Itzultzaileak ere kontuan izan beharko ditu prentsa idatziaren legeak eta kazetari-estiloaren ñabardurak. Irratian, berriz, hitz egina da inportantea, eta testu itzuliak oso kontuan izan beharko du hori. Hitz egiteko eran itzuli beharko da, idatziak ez duen bizitasun eta berotasunean alegia. Telebistarako itzulpenak, berriz, kontuan izan behar du irudiaren aurreko testua dela, hitz gutxiago behar duena alegia.

Guztionek, hain xinple badirudi ere, garrantzi handia du gure artean, izan ere ez bait dut uste oso ongi gordetzen ditugunik berezitasun horiek. Nik uste era eta tonu bereko testuak direla askotan hiru komunikabideotan ikusten edo entzuten ditugunak. Honekin ez dut esan nahi ez denik asko aurreratu azken urteotan, baina bada oraindik aurrerratu beharrik.

Hiru komunikabideotako berezitasunak zaintzeak on handia egingo dio bakoitzari, izugarri irabaziko bait du bizitasunean eta jendearen interesa sortzen.