Rosalía de Castrok ez zuen merezi (edo Omen-aldiak Ote-aldi bihurtzen direnekoa)
Joserra Garzia, Pello Zabaleta

Donostian eta Abenduaren 13an Rosalía de Castrori omenaldia antolatu zioten, hain zuzen Santa Luzia egunez, gauzak garbi gera daitezen. Antolatzaile zen "emakumeari buruzko ikerketarako mintegia" deritzana, laguntzaile Gipuzkoako Foru Aldundia eta Instituto de la Mujer.

Ez genuen bertara joateko betarik izan; bai ordea harako programa ikusi eta mirestekoa. Ustez, poeta handi baten aurrean geunden. Ez diogu, ordea, igerri euskarazko testutik, ez sarrerako hitzetatik ere. Agian, piskat, galegozko testutik.

Perlazko katea osatzen du programa bezala eskaini zen txostentxoak. Ez ordea, nolabaiteko perlak barrukoak: perla bikain eta apartak, banan banan aztertu eta dastatzekoak.

Bestalde, eta gainera gure artean azken boladan umorea nahiko serio bihurtu zaigularik, halako perlak irakurtzean, bati masailezurra atera zitzaion, beste bati kakalarriak eman, eta hurrengoa geratu zen ahoa zabalik, ez bait zuen asmatu ere egiten zertan zen arazoa...

Sarrera honaino. Hemendik aurrera, zenbait perla. Hala nola Negra Sombra deritzanaren zatitxo bat:

Dio galegoz:

Si cantan, és ti que cantas;
Si choran, és ti que choras,
i és o marmurio do río
i es a noite i és a aurora.

Dio euskarazko itzulpen omen denak:

Kanta egiten dutelakoan, zeu zara kantaria;
negar egiten dutelakoan, zeu zara negarraria,
eta errekaren zara murmurra,
eta zara gaua zein goiz begia.

Hori komeria! Izan ere, bat zur eta lur geratzen da halako poesia subimajinatiboaren aurrean. Euskal letrek zor handia egin dute oraingoan Kepa F. de Larrinoa jaunarekin, ezin kitatuzkoa. Zeren, azken batean, komerietan egiten bait da harako kanta egiten dutelakoan eta negar egiten dutelakoan... eta errekaren zara murmurra hori?

Beste perlatxo bat halako katean... A Xusticia Pola Man poemaren lehen ahapaldikoa.

Hona galegoz:

Aqués que tén fama de honrados na vila
roubáronme tanta brancura que eu tiña,
botáronme estrume nas galas dun día,
a roupa de cote puxéronme en tiras.

Hona euskara omen denera konbertiturik:

Herrian prestu ospea dauzkaten haiexek
banuen bezainbat zurimenta ohostu zidaten,
zimaurra bota zidaten egun bateko hartako jantzian,
xerratan jarri zidaten etengabe janzkia.

Eta geroxeago kontatzen du areago poema berean: izarretan erbiekin egin nuen lo landetan, eta halakoak.

Guzti hau ikusirik, ezin onar liteke Rosalía de Castrori eskaini zitzaion omenaldia. Benetan tamalgarria jokabide hauxe. Eta bestalde –eta oraingoan serio ihardun nahi genuke– salatu behar da halako disparate sail etengabearen babesle Gipuzkoako Diputazioa ikustea.

Hori bai, mesede egingo liguke Kepa F. de Larrinoa jaunak argituko baligu nola egiten duten Galizia aldean janzkiak xerra bihurtze hori. Lehendik ere ezaguna genuen Galizako idi okelaren fama, ez ordea guk jakin nolatan egiten dituzten xerrak janzkiekin, eta hori, sekreto horixe eskatuko genioke.

Rosalía beraren poesiak ezezik, gainontzeko testu guztiak ere guztiz lardaskaturik ageri zaizkigu omenaldiko omen den txostenean. Adibidez, María Xosé Queizan-ek egiten duen sarrera euskara?-tua:

Rosalía idazle konpremetatua izan zen bere herriko emakumezko eta gizonezkoen ahotik hitz egingo duena, bertako egoera mingarri injustizi ekonomikoa eta politikoarenpean daudeneren (sic!) dekribapenak ere egiten duena.

Hori omen da gaztelerazko:

Rosalía fue una escritora comprometida que habla por boca de las mujeres y de los hombres de su país y describe la dolorosa epopeya de las víctimas de la injusticia económica y política. (azpimarra gurea)

Horregatik, eta azaltzeko gogorik ez dugun gehiagogatik, KONDENATZEN DUGU —behinola La Codorniz-en bezala— bere itzulpenak norbaiti erakus diezaizkion, denen barrera jarri aurretik; eta isilik egon dadin urtebetez, eta Rosalía de Castrori barkazio eske, pelegrinazio bat egin diezaion, antolatzaileak eta laguntzaileak lagun dituela.