Itzulpena eta EIMA programa
Imanol Tapia

Eusko Jaurlaritzak 1985erako bultzaturiko EIMA programak, beronen Hezkuntza eta Kultura Sailak euskal liburugintzarako sortu duen laguntza plangintza da, eta, jakina, geure gaia itzulpen arloa denez, ondorengo orrialdeetan saiatuko gara argitzen zein eratan lantzen duen programa honek itzulpena eta beste atalekin konparatuz zenbaterainoko garrantzia eman zaion.

Aipa ditzagun lehenengoz Eusko Jaurlaritzaren txostenean Ezaugarri nagusiak izenburupean adierazten diren zenbait xehetasun:

"BIGARRENA.- Laguntza-plan honek Eskolaurre, Oinarrizko Hezkuntza Orokor, Hezkuntza Berezi, Helduen Hezkuntza Iraunkor eta Irakasmaila Ertainerako (Batxilergo Bateratu Balioanitza, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea, Lanbide Heziketa eta Irakasmaila Ertainen Erreforma) ikasliburuak hartzen ditu kontuan. Arauzko irakaspidetik kanpoko ikasketetarako euskal ikasliburuak ere kontuan hartu ahal izango dira, Hezkuntza Sailordetzak hala erabaki dezanean.

HIRUGARRENA.- Ikasliburuen sailean, oinarriz, ondoko hauek hartuko ditu laguntza-plan honek kontuan:

a) oinarrizko materiala
b) material osagarria
c) irakasleen prestakuntzarako materiala

SEIGARRENA.- Laguntza-planera bil daitezkeen ikasliburuak, beren orijinaltasun-mailari dagokionez, honoko hauek dira:

a) sorkuntza-lanak
b) bestetatiko egokitzapenak
c) bestetatiko laburbilpenak
d) itzulpen zuzenak
e) itzulpen egokitua edo libreak

Laguntza-jasotzaileak

ZORTZIGARRENA. Euskal ikasliburugintzan diharduten eta beharrezko lege-nortasunez horniturik dauden argitaletxeak eta egile-editoreak izan daitezke, nor bere neurrian, laguntza-jasotzaile.

HAMAIKAGARRENA.- Diru-eskabidea egin eta laguntza-agindua jaso izanik, ikasliburu jakin bat Hezkuntza Sailordetzak finkaturiko epe-barrutian argitaratzen ez bada sailordetza honek guztizko edo partezko laguntza murriztapenak ezarri ahal izango dizkio kasuan kasuko ikasliburuari laguntza-plan honen hurrengo ekitaldietan.

HAMABIGARRENA.- Ikasliburu defizitarioei bakarrik eskaini ahal izango zaie dirulaguntza. Hots, prestakuntz kostuak salmenta bidez berdindu edo gainditu ezin dituzten ikasliburuei.

HAMAHIRUGARRENA.- Laguntza-plan honetara bildu ahal izateko, argitaratzekoa den ikasliburuak pareko erdal ikasliburuen prezio standard-aren antzekoa izan beharko du saineurriz...".

Hauek dira, beraz, nire ustez, irakurleari gehien interesatuko zaizkion ezaugarriak.

Puntu hauek gaingiroki aztertuz, zenbait ondorio atera daitezke:

  • EIMA programa irakaskuntzarako burututako plangintza da eta bertan dauden zulo eta beharrei erantzuteko egina, eta behar hauen artean sartu da itzulpena, maila guztietan hartuz.
  • Laguntza hau, zortzigarren puntuan adierazten denez, argitaratzaileari, nahiz argitaletxe edo egile-editoreari eskaintzen zaio, hain zuzen ere.
  • Bestalde, epez kanpo argitaratzeak, hamaikagarren puntuan adierazten denez, osozko edo guztizko laguntza murriztapena suposatuko du. Beraz, praktikan itzultzaileen kasuan konkretuki, profesionaltasun ezagatik sarritan kunplitzen ez den baldintza betetzea eskatuko luke, itzulpen lana epearen barruan amaitzea alegia.
  • Hamabigarren puntuan defizitariotasuna agertzen da. Argi dago, geroxeago adieraziko dugun bezala, itzulpenak kostu handiak dituela.
  • Hamahirugarrenari dagokionez, hauxe da neure ustetan, euskal editoriale guztiak dugun helburua, hots, erdal liburuen kalitatearekin batera, salneurri berdintsuan plazaratzea, eta esango nuke, laguntza honek, soil soilik, Euskal Herrian egiten diren tirada urriek suposatzen duten salneurri altuak, erdarakoen parera jaisteko balio duela. Beraz, esijentzia bezala planteatzen du Eusko Jaurlaritzak puntu hau laguntza jasotzeko.
  • Azkenik, esan beharrean gaude praktikan liburu guztien artean laguntza banatzeko halako formula matematiko bat dagoela, baina ez dugu agertuko, irakurlea xehetasun teknikoekin ez aspertzeko. Bakarrik aipatu bost parametro daudela:
    - Defizitariotasun maila
    - Xede-adierazgarria
    - Salneurria
    - Salmenta-kopurua
    - Orijinaltasun maila

Beraz, liburu bakoitzeko jasoko den laguntza programa horretan sartzen diren liburuei asignatutako diru-kopurutik, parametro hauek direla medio, lehen aipatutako formula matematiko hori aplikatuz egingo da.

Horra, beraz, hemen, laburki argituta, EIMA delako programaren azalpena.

Harira joanez, eta parametro hauen esanahian gehiago sakondu gabe, esan dezagun praktikan itzulitako eleberri edo nobela bati orijinaleko batekin konparatuz eta orrialde berdinekin, erdia gutxi gorabehera asignatzen zaiola.

Azter ditzagun ondoren, bataz beste mende honetako -eta beraz, egile eskubideak ordaindu behar zaizkio, 60-80 urte hil zenetik igaro ez badira- egile baten obraren itzulpenak sortzen dituen kostuan.

Konkretatuz, har dezagun 250 folioko itzulpen bat eta jar diezaiogun 700 pezetako salmenta salneurri hipotetiko bat. Hasteko, esan behar idazle gehienek agente literario baten esku uzten dituztela beren egile eskubideak eta azken hauei zuzendu behar zaiela proposamena, eta hau jeneralean publikorako salmenta salneurritik %7 izaten dela, erdia kontratua sinatzerakoan eta beste erdia liburua argitaratzeko momentuan ordaintzeko, tirada osoaren gain (eman dezagun 3.000 aleko tirada). Bestalde, itzulpen kostua (ELKAR argitaletxea gaur egun, bataz beste 1.000 pezeta ari da ordaintzen folio bakoitzeko goi mailako literaturaren itzulpena).

Beraz, kasu hipotetiko honetan:

147.000 Pz. egile eskubideak
250.000 Pz. itzulpenaren ordainketa
__________________________________________
397.000 Pz. aurrekontua

Bestalde, kontutan hartu beharrekoa da ere gure kasuan behintzat, Elkar argitaletxearena alegia, itzulpenaren irakurkelea sakon eta kritiko bat egiten dela, ondoren itzultzaile berakin eztabaidatuz egiten direlarik korrekzioak. Horretan ere kontutan hartu beharko lirateke korrejitzailearen lanorduak.

Adibide hau ikusirik argi dago zergatik diren hain gutxi itzulpen alorrean ausartzen diren argitaletxeak, ikusirik gainera EIMA programaren aurtengo dirulaguntzak ez duela ezta itzulpen kostuaren laurdena ordaintzeko ere ematen.

Erizpide ugari egongo dira gai honi buruz, hots, sorketa gehiago bultzatu behar dela itzulpena baino etab... Nire ustez biak dira beharrezkoak, baina argi asko dago ere gaur egun oso egile gutxi egongo direla beren liburua argitaratu ezin dutela esaten dutenak, eta baita argi asko ere esan baldintza hauen pean ezinezkoa dela itzulpenik argitaratu, ikusirik gainera jendeak ez duela gaur egun ohitura gehiegirik itzulpenak irakurtzeko.

Amaitzeko, zenbait arrazoi eman nahi nituzke itzulpenaren alde.

Alde batetik, artikulu hau idazteko momentuan esanahi handia duten bi berri jaso ditut, Euskal Herrian hain ugari diren literatur sariekin zerikusia dutenak: bata, Gipuzkoako Aurrezki Kutxak antolatutako Irun Hiria delako sarira lau elaberri besterik ez omen dira azaldu, eta, bestetik, Euskaltzaindikora bi besterik ez, bietako inori saria eman ez zaiolarik. Datu hauek hau adierazi nahi dute ene ustez; sari ugaritasunaz gain, literaturazko liburu bat idazteak lan ugari eta denbora asko ematen duela eta Euskal Herri txiki honen idazlego are txikiagoak ez duela urtean zehar jarraipen bat emateko ahalmenik, eta itzulpenak bete beharko lukeela zulo hori.

Bestalde, kontutan harturik euskarak duen atzerapena munduko hizkuntzei dagokienez, ezin gaitezkeela mugatu geure esparru estu honetan, ez gai aldetik eta ezta hizkuntza beraren aldetik, eta hala, beharrezkoa zaigula beste hizkuntza horien mailara iristea, itzulpen egoki eta zehatzen bidez. Galdetu besterik ez dago azken denboretan itzulpenean diharduten idazleei zenbat ikerketa lan, bai lexikoaren aldetik, sintaxiaren aldetik edo hizkuntz mailaren aldetik egin behar izan duten.

Hauek dira, beraz, buruan ditudan bi arrazoi nagusienak itzulpenaren alde jokatzeko. Espero dezagun datorren urteetarako konturatu behar duena konturatuko dela honen garrantziaz eta sikiera itzultzaileari behar duen moduan lagunduko balio, hasteko, laguntza handikoa izango zela, zeren ez bait da nahikoa urtean bi beka ematea literatur unibertsaleko obrarik oinarrizkoenak itzultzeko.