Katalunieratik euskararako gaur eguneko egoera
X. Mendiguren

(I Simposi Internacional de Traducció en Llengua Catalana-n aurkezturiko jakinerazpena) (9-5-86)

Xabier Mendiguren Itzultzaile Eskolaren zuzendaria

Azken ehun urte hauetan katalunieraratik euskarara itzuli diren tituluei arretaz begiratuz gero (ez du zentzurik aurreragoko garaiak ikertzen hasteak) garbi ikusten dugu ozta-ozta aurkitzen direla dozena bat autore kataluniar, zeinen obraren bat ahogoza daitekeen, zatika bederen, euskaraz. Hamabi autoreak, alfabetoaren arabera, honako hauck dira: Balaguer M., Capmany M. A., Company M., Costa i Llobera, Espriu S., Maragall, Pedrolo, Ribera, Rodoreda M., Rubio Ors J., Salvat R., Verdaguer.

Katalunierazko obra garrantzizkoenen itzulpena, nahiz eta hedadura handirik izan ez duen, azken bi hamarkadetan egin da. 1966an argita-ratzen da Espriuren Llibre de Sinera, EGAN aldizkarian, J. San Martin euskaratzaile izaki eta beronek argitara emango du 1967an Pais Basc eta geroago autore beraren La pell de brau ere.

Gutxi gora behera garai horretan bertan Pedroloren (Homes e no) eta R. Salv aten teatro-obrak itzultzen eta antzesten dira, baita Verdaguer, Costa, Llobera eta Maragall bezalako autore klasikoen poesi lanak ere, J. A. Etxebarriaren itzulpenari esker.

70. urteetatik hasita kataluniar liburu didaktikoak eta eskola-ingurukoak izan duen gorakada nabariaren lekuko izan gara, gehienbat gaztelaniazko itzulpenaren bitartez. "Rosa Sensat" taldeak eta argitaletxe desberdinek katalunierazko obra sail bat eskaini diete ikastolei. Zentzu honetan aipagarri dira gaur egun ia klasiko bihurtu diren zenbait obra, hala nola: Eguneroko gauzak, Lehen Irudiak, Lehen Hitzak, Adeu, bon viatge (Balaguer), La Nit (Company) edo Conta'ls be que tots hi son (Capmany) bezalakoen ipuinak edo baita Ketxusen Zooa (Sorribas), Norena da Basoa? (Merce Canella), Iban trapusaltzailea (J. Vallverdu) eta abarrenak.

Azkenik, haurren edo gazteen maila soila gaindituz, aipatzekoa da nola Maite Gozalez Esnalek Merce Rodoreraren 5 ipuin itzuli eta Ipuin Hautatuak izenburu orokorraren azpian Elkar editorialak argitara eman dituen.

Orain arte esandakoaren balantzea eginez, ondoriotzat atera dezakegu katalunierazko literatura ia erabat ezezaguna dela irakurlearentzat, salbuespen bakarren batzu landa, eta egoera hau buruz-buru kontrajartzen zaiola bi herriok usadioz elkarri erakutsi izan dioten adiskidetasunari, nahiz eta zenbaitetan erretorikatsuegia izan. Egoera honek baditu bere kausak eta aztertu eta zuzendu behar dira ongi zehazturiko ekintza eraginkorraren bitartez.

Elkar ez ezagutzea

Seguraski kausa bat baino gehiagok argituko du katalunieratik euskarara eta alderantziz, egindako itzulpenik ia batere ez egotea, baina atze-oihal eta izendatzaile komun gisa, bi herri hauck elkarrekiko duten ez ezagutze kultural barkaezina dago, nahiz eta bien artean izan diren merkatal harremanak, beharrezkoak baino azalekoak direnak. Nazioarte-mailako ospea eta eragina duten pertsonalitateen kasuan, zeinen obra usadiozko iragazki publizitarioen eraginez itxuragabeturik iritsi zaigun, ezezagutzaren horma lodiak eragotzi egin digu Herrialde kataluniarretan zehar bizi eta eraginkor diren hainbat eta hainbat idazle ahogozatzea. Agian, "Nova Cancó" deitua izan da kataluniar literatura Euskal Herriko sektore garrantzizkoenetaraino hurbildu duen bitartekoa, poeta behinenen testuei kantari nabarmenek musika jarri dieten zentzuan, edota beraiek ere kantautore gisa kalitate bereziko poemak eskaini dizkiguten neurrian. Baina gutako gehienok gaztelaniara presaka samar itzuliriko testuetan bakarrik dastatu ahal izan ditugu.

Frankoren diktadurapeko urteetan geure ikasketak burutu genituen euskal belaunaldiok kataluniar literaturari buruz eskuratutako kultur ezaguerei dagokienez, aitortu behar da ozta-ozta lortzen dela aipamen testuingurugabetu eta marjinaldu, eta folklorekeria karikaturizatuz albainduriko aipamen banaka batzuren maila gainditzea, urte haietan indarrean zeuden ikasliburuetako ohituraren arabera, zeinetan Maragall, Verdaguer edo espainiar adierazpeneko Eugenio d'Ors aipatzetik aurrerago Joaten ez zen.

Euskal Herriari bagagozkio, garai horietan berorietan kataluniarrek izan zitzaketen kultur eta literatur erreferentziek euskal literaturan Pio Baroja edo Miguel de Unamunorenak bezalako izenak bakarrik atzeman zitzaketen, nahiz eta hauek sekula ez baliatu izan euskaraz beren obrak idazterakoan.

Belaunaldi gazteagoak, frankismoaren azken urteetan eta demokraziaren lehendabizikoen artean zangalatraba beren prestakuntza intelektuala garatu dutenak, baliteke aldaketa herabeti batzuren lekuko izanak izatea gaien trataera eta fokoratzeari dagokionean baina, oro har, eta informazioaren tamainari bagagozkio, ez dut uste arreko belaunaldiek baino zati hobea izan dutenik.

Neure jakinerazpen honen lehen parteko gaia sakonduz, gogora ekarriko dut Merce Rodoredak 5 ipuinen itzultzailea aurkitzeko zortea izan zuela (Semblava de seda, La Gallina, Aquella paret, aquella mimosa, Una carta, Divendres 8 juny), agian La Plaça del Diamant filmea irozkai izan duelako.

Gure aldetik, eta Reduccions aldizkariari esker (ekaina, 1984) irakurle kataluniarrari gaur eguneko euskal poesiaren antologia labur bat eskaini ahal izan diogu (13 poeta Jon Kortazar kritikariak aurkeztuak eta Josep Daurellak itzuliak) eta oraintsu jakin ahal izan dugu katalunierara itzuli berria dela J. A. Arrietaren nobela Abuztuaren 15eko bazkalondoa.

Bistakoa da bi zentzutan informazioan lana egiteko dagoen presa, zeren eta jakina denez, ezagutzen ez denik ez da maitatzen, ezta saldu ere, gaur egunean publizitariek ongi dakitenez. Baliteke zenbaiti higuingarri gertatzea "marketing" hitza erabiltzea kultura eta literatur balioei dagokienean baina ez baldin badugu onartzen errealitate honen ezinbestekotasuna, ez zuek, kataluniarrok, egingo zeniokete ohore zeuon seny horri, ezta guk, euskaldunok ere, ez genuke utziko toki onean gutxienez ekonomi egintzatan egotzi izan zaigun pragmatismoa.

Lokarriak estutu

Dagoeneko badauden eta etokizunean sortuko diren elkarteak, idazlea, itzultzailea eta argitaratzailearekin zerikusia dutenak beharturik daude beren arteko lokarriak estutzera, elkarrentzako interesgarria den informazioa trukatzera eta komunikabideak erabiltzera (prentsa, irratia eta telebista) bezeria eta merkatu berriak sortuko dituen informazioa planifikatuki iragazteko. Gaur egun pantaila txikira edo egunkarien orrialdeetara agertzen ez dena ia ez da esistitzen. Beharrezko da atergabeko ahaleginak egitea ez ona izteko bakarrik, baita itxura izateko ere eta bezeroa edo irakurle izan litekeenaren axolagabekeria astintzeko. Harremanak, sinposioak, jardunaldiak eta tailerrak bitarteko arruntz izan behar dute eta idazleen egotaldiak bi herrien hizkuntza eta kultura sakontzeari begira. Ongi zaindutako plangintza-bidez prestaturiko oinegitura pertsonal bat gabe ezinezkoa da egintza koherente eta iraunkorrik burutzea. Inprobisazioak eta noizean behingo ekintza as istem atikoak aldian aldiko efemeridea dela-ta gutxi- asko errutinaz eta barra-barra zabaltzen diren artifiziozko suak edo erretolika hutsala baizik ez dira.

Hasteko eta izotza urtzeko, ez litzateke alferrikakoa antologi truke bat, bai hitzlauzko eta bai hitzneurtuzko testu egoki itzuliena, euskal eta kataluniar literaturan gehien gailendu diren autoreenak azken hamarkadetan, gero eta irakurlego zabalagoaren interesa ernarazteko, bereziki eskola mundura zuzendua, izan ere hutsune handia nabari bait da bertan.

Espriu, Pere Quart, Gabriel Ferrater ezezagunak gertatzen zaizkigu Vincent Andres Estelles, Joan Vinyoli, Francesc Vallverdu edo Miquel Marti Pol bezalaxe edota katalunierazko literaturarentzat ezin ukatuzko garrantzia izan duten Pere Gimferrer, Foix, Brossa edo Josep Palau Fabreren modura.

Antzertiaren munduari dagokionez, oraindik badute guretzat zeresana ugari R. Salvat, Espriu edota Porcel, M. A. Capmany edo Brossa berak ere.

Narratibaren eremuan, interesgarri gerta lekizkiguke gerraondoko diasporaren alderdi desberdinak aztertzen dituzten idazleak (Benguerel, Amat-Piniella, de Pal edo Riera Llorca), baita hirurogeigarren urteetako ordezkari diren batzu ere, hala nola lehen aipaturiko M. A. Capmany, J. M. Espinas, Blai Bonet edo Pedrolo, eta jakina, Merce Rodoreda sakontzen jarraitzea, Llorenc, Villalonga, Sarsanedas, Joan Perucho, Pere Calders, Porcel eta abarrekiko ezagupidea egiten dugun bitartean Terenci Moix eta beste zenbaitenganaino iritsi arte. Agian geroago, prest egongo ginateke zuen klasiko haundienganako bidaiari ekiteko, hala nola Carles Riba, lehen aldiko Foix edo Salvat-Papasseit ezagutzearren, XIX. mendeko eta XX-aren hasierako autore nagusiekin batera, Eugeni d'Ors, losep Maria de Sagarra, Carner, Oller eta Guimera barne direla, edota gorago aipaturiko Maragall eta Verdaguer.

Guk, euskaldunok, geure aldetik, gauza bera egin beharko genuke nazioarte-mailan zabalkundea izan dezaten dagoeneko Euskal Idazleen Elkartea prestatzen ari den antologiaren ildotik.

Ondorio gisa

Orain artekoa laburbilduz: informazio-trukea baina planifikatu eta iraunkorra, telebista, irratia, prentsa eta aldizkariak erabiliz jendearen iritzia sentiberatzeko bi herrioi dagokienean, piskanaka hautakidetasunak aurkitzeko eta pertsonazko eta erakundezko oinegitura sortzea ekarriko duena, irizpide hautatzailearekin eta are pedagogikoarekin ere, hitz honi aitakeri zentzu guztia kenduz, itzulpen-lanerako bideak eta laguntza emanez, marketing-sen argi batez eskaintza aurkeztu ahal izateko.

Euskadin badago kataluniar kulturarenganako, oro har, eta baita literaturaganako ere, interes gutxi-asko estali bat eta beti ongi azaleratzen ez den miresmen bat, hura ezaguna den neurrian. Gauza bakarra esatera ausartzen naiz: doi-doi eman dela lehen urratsa eta gainerako guztiak oraindik emateko daudela.