Hemen zaude:
 » 
Itzulpen pedagogikoa eta itzulpen profesionala - Xabier Mendiguren

Inprimatu

Data: 1995eko urtarrila

Itzulpen pedagogikoa eta itzulpen profesionala - Xabier Mendiguren

Ezer baino lehenago bi itzulpen mota hauen artean dauden desberdintasunak agerian jartzetik hasi beharko genuke. Itzulpen pedagogikoa sarritan itzulpen "hitzez-hitzezko", "unibertsitario" edo "akademiko" bezala ulertu izan da, hau da, sasi-itzulpen gisako zerbait balitz bezala. Jatorrizko testuan dauden formulazio linguistikoei hurbiletik erantzutea (hitz guztiak etabakoitzaitzuli beharda) eskatu izan zaio eta ahalik eta dotoreen gainera. Egia esan, itzulpen pedagogikoak eraedo molde desberdinei erantzuten die etabetekizun desberdinak burutu ditzake. Sinplekeria bat litzateke aurreko klitxe honetara mugatu nahi izatea, nahiz eta iraganean eta gaur egun ere bai oraindik, ikasgelatan burutzen diren zenbait ariketa deskribatu dugunetik aski hurbil dauden.

Aipatu ditugun itzulpen mota hauek lehenengo eta behin dituzten helburu desberdinengatik kontrajartzen dira. Itzultzaile profesionalaren jomuga testu baten zentzua bere osotasunean transmititzea da. Ez ditu hitz edo esaldiak in abstracto itzultzen, baizik eta testu errealak, hartzaile jakin bati zuzendurik daudenak. Bestalde rolak zehazki definiturik daude. Autore bat dago, oso zabala izan litekeen irakurlego edo entzulego hartzailea eta funtsezko bitarteko edo artekaria den itzultzailea: beraugabe ez dapasatzen mezurik. Etatestua itzultzean komunikazio-egintza bat burutzen da.

Aldiz, itzulpen pedagogikoaren helburua batez ere didaktikoa da. Hizkuntz ikastaldietan zehar burutzen da eta hartzailea ikastaldea eta irakaslea izan ohi dira, edonola ere talde oso mugatua beti. Kasu honetan itzulpena ez da izaten helburu baizik eta bitarteko, hau da, garrantzia itzulpengintzak berak du eta ez testuaren baitan dagoen mezuak edo zentzuak. Azken finean, hizkuntzaz jabetzea, hizkuntza hobetzea, ulermenaren kontrola, lortuaren trinkotasuna, egituren finkapena... hauek dira egiazko eta benetako helburuak.

Itzulpen pedagogikoa deitzen dugun honetan, kasu batzutan irakaslea bera izango da hitz, esamolde edo antzekoren bat itzuli beharko duena ikasleek zentzua atzeman dezaten. Zenbaitek itzulpen esplikatzailea deitu izan dio honi. Kasu honetan irakaslea bera da itzultzailea eta ikasleekin komunikatzeko erabiltzen du itzulpena, komunikaziozko egintza batean. Itzulpen profesionalarekiko aldea ez legoke helburuetan baizik eta itzulpen esplikatzailea hizkuntz elementu isolatuen gain burutzean. Faktore metalinguistiko bat sartzen da jokuan. Era honetako itzulpen esplikatzaileak zentzua komunikatzen du baina helburu metalinguistiko batekin, ez egintza bat eragiteko baizik eta hizkuntza bat irakasteko. Itzulpen esplikatzailea matahizkuntza bat da.

Tema eta bertsioari dagozkienean rolak alderantzizkoakdira: itzultzailea ikaslea da eta irakaslea hartzaile gertatzen da. Baina hartzaileak ezaguna du aurretik testua. Ikaslearen itzulpenak lortu berria duen gaitasuna erakustea du helburu. Ez du zentzurik eskuratzen.

Gaur egun praktikatzen den tema beti "imitaziozko" tema izan ohi den bitartean, bertsioak era desberdinak hartzen ditu:

  • Bertsio prestatua, baina ahoz burutua, zenbait ikasturtetan zehar luzaroan landutako testu baten zentzua ematea helburutzat daukana. Ariketa bizkorra izaten da, libre samarra, testuaren ulermena kontrolatzeko egiten dena.
    - Bertsio prestatua, landua eta idatzia, aurreko ariketaren sakonketa bat dena. Aurrez bere osotasunean estudiaturiko testu baten gain egiten da eta estilistikazko ariketa ere gertatzen da.

Beste itzulpen pedagogiko mota batzuren aipamena ere egin liteke, hau da, Jakobsonek itzulpen hizkuntzabarneko eta intersemiotiko deitzen dituenak. Era hauek sarrera handia dute azken orduko metodoetan eta metahizkuntzari buruzko ikerketen ildotik doaz.

Elisabeth LAVAULTek itzulpen pedagogikoari buruz buruturiko inkestaren ondorioak (1), kontutan hartzen baditugu, literatura eta itzulpenaren aldeko banakabatzu kenduta, irakasleek ikuspuntu negatiboa dutela itzulpena hizkuntz irakaskuntzan erabiltzeari dagokionean, aitortu behar da. Eragotzi nahiko luketen ariketa bat da, zeren eta ama hizkuntza ahantzerazteko ahaleginaren kontra altxatzen den zerbait bezala ikusten bait dute. lnork gutxik ikusten dio egiazko interes pedagogikorik. Baina metodoek gaitzesten duten arren, eta instrukzio ofizialek aipatu ere egiten ez badute ere, itzulpena, aldez edo moldez, beti agertzen da hizkuntz ikaskuntzaren eremuan. Gaur egun gero eta gehiago dira tabu gisako honen kontra altxa eta behar duen tratamendua emateko orduak ez ote duen jo galdetzen dutenak. Horretarako badirudi bi zentzutan sakontzen ahalegindu beharra dagoela: itzulpen profesionalaren eta itzulpen eskolek burutu duten teorizazioaren ildotik, baita hizkuntz didaktikaren hurbilketa berrien bidetik ere, izan ere zalantzan jarri bait dituzte ama hizkuntzak bigarren hizkuntzen ikaskuntzan dituen rolei buruzko zenbait klitxe.

Ondorio gisa

Kontua ez da berriro zalantzan jartzea azken urteetan bigarren hizkuntza baten ikas-irakaskuntzaz zintki eta fintki ezarri diren abiaburuak, ezta itzulpenak kontrol gisa izan lezakeen rola ere. Gauza da askoz rol edo betekizun positiboago bat burutzeko ahalbideak daudela itzulpenean egiazko edo benetako itzulpena eredutzat hartuz gero, hots, profesionalena, eta ez itzulpen-parodia batzu diren usadiozko bertsioa eta tema horiek. Nahiz eta oraindik ere hitzez hitzezko itzulpena zenbait kasutan justiflka daitekeen, egiazko itzulpena, LAVAULTek "esplikatzaileari" kontrajarriz "interpretatzaile" deitzen duena, oso ongi ezagutu eta ulerturiko testuetan bakarrik burutu liteke eta exegesi sakon baten ondoren gainera. Itzulpena maila desberdinetan burutu liteke eta maila desberdin horien arteko lotura eta zerikusia nabarmen jartzea oso adierazgarri eta formatzaile gerta liteke ikaslearen umotze intelektualerako. Era honetara ulerturiko itzulpena, hots, itzulpen interpretatiboa, linguistikoki ezezik intelektualki eta kulturalki ere aberasgarri gertatuko litzateke eta aldi berean hizkuntza arrotzaren sakontze eta lantzeak ama hizkuntza sakontzea eta aberastea ekarriko luke.

Nahiz eta onartu itzulpengintza itzultzaile profesionalen egitekoa dela, gero eta nabarmenago ikusten da teknikari, ikerketari, irakasle eta abarrek duten itzuli beharra, hizkuntza arrotzen irakasle eta zaleez gainera. Euskal Herrian ez dago adibide gehiegi eman beharrik hau ulertzeko, zeren eta herri itzultzaile bat bait gara funtsean. Sinetsirik gaude, hic eta nunc, itzulpenaren pedagogia serioski eskolan sartzeko orduak jo duela eta gainera zeregin izugarri bat daukala burutzeko gure irakasle eta ikasleen artean.

(I) LAVAULT, Elisabeth: Fonctions de la Traduction en Didactique des Langues, Paris, 1985.