Itzultzaileen eta itzulpenen babes juridikoaz
Pello M. Zabaleta

1976ko Urriaren 26tik eta Azaroaren 30era arte UNESCOk biltzar nagusi bat egin zuen Nairobin. Eta biltzar horretan itzultzaileen eta itzulpenen babes juridikoaz eta itzultzaileen egoera hobetzeko eginbeharrez ihardun zuten, 16 puntu dituen agiri bat argitara emanez.

Ez dira legeak UNESCOk ematen dituenak, bai ordea gomendioak, eta azpimarratzekoa da gomendiook gutxieneko bat besterik ez direla, agiriko 16. puntuan bertan adierazten den bezala. Gomendioa, noski, UNESCO baitan dauden herrialde guztiei zuzentzen zaie, eta ohi bezala batzuk arretaz hartuko dituzte, beste asko ordea ez dira enteratu ere egin.

Laburpen gisara, beraz, esan daiteke, hasiera batetan Gomendio horrek itzultzaileen zeregina ezinbesteko bezala aitortzen duela batez ere zabalero gutxiko hizkuntzei dagokienez. Eta areago, aitortzen du agiriak Itzultzaileak babestea ezinbestekoa dela itzulpenek ere duintasun jakin bat izan dezaten, kulturaren eta aurrerapenaren zerbitzari zeregina egiaz ongi bete dadin.

1. Zer den itzultzailea, zer den itzulpena

Finkatu beharreko bi kontzeptu hauek garbi azaltzen dira agiriaren lehen puntuan.

ITZULPENA DA: obra literario edo zientifiko bat, areago obra tekniko bat ere, hizkuntza batetik bestera aldatzea. Iiburu bezala, edo aldizkaritan, egunkaritan edo beste edozein modutan argitaratzeko egina, edo bestela antzerkian antzestua, edo zineman, irratian edo telebistan erabiltzeko egina.
Beraz, komunikabide edozein batetan erabiltzeko egiten den testualdaketa oro sartzen da alor honetan, eta hori, hizkuntza batetik beste batera egite hutsarekin.

ITZULTZAILEAK DIRA: obra literario, zientifiko edo teknikoak hizkuntza batetik beste batera aldatzen dituztenak.

Eta azkenik: ERABILTZAILEAK DIRA: itzulpena eskatzen duten pertsona fisiko nahiz moralak.

2. Itzultzaileen egoera juridiko orokorra

Agiri honetara heltzeko eztabaida luzeak izan ziren, eta horietan batetik garbi azaltzen zen Idazle edo kreatzaileen eskubideak zaindu beharra. Baina une berean, baita ere itzultzaileen egoera ez zela alde guztietan bera.
Horregatik, itzultzaileei daokienez, agiri honek eskatzen die bazkide diren lurralde guztiei idazlearen parean jar dezaten itzultzaileen egoera, noski idazleen eskubideei ezer kentzeke. Horregatik eskatzen du:

a) Komenigarria dela itzultzailearen eta erabiltzailearen artean kontratu bat egitea. Eta gainera, ahalik, kontratu mota bat finkatu dadila itzulpenen mundua arautzeko.
Horregatik, itzultzaileari zor zaio dagokion lansaria, itzultzaile hori inoren kontura lanean ari bada, edo berekasa ari bada.

b) Itzultzaileari zor zaio salmentaren araberako lansari bat, edota itzulpenaren erabilerari dagokiona. Eta gainera, dirua aurreratu egingo zaio itzultzaileari bere lana egin dezan.
Eta bestalde, lansaria eskasa den lekuetan, gehi bat ordaindu beharko litzaioke itzultzaileari. Eta gainera: Uste baino lan zailagoa gertatzen denerako, sari berezi bat eman beharko omen litzaioke (oh, zein merkea den itxaropena!).

c) Itzultzaileak eskubideak berak eskuratu ez baditu, erabiltzaileak eskuratu beharko lituzke.

d) Jakingarria dena: Itzultzailearen testua ezin alda daiteke, beronen baimenik gabe, idazlearena alda ezin daitekeen bezala.

3. Publizitateaz

Puntu honek izan lezake gure artean garrantziarik, eta horregatik azpimarratzen dut nire aldetik ere, nahiz Nairobikoan beste zenbaiten artean datorren.

Itzultzaileari eta itzulpenari autoreari ematen zaion publizitatearen proportzioan egin behar zaio publizitatea. Eta horrela, liburuetan, itzultzailearen izena nabarmen eman behar da. Baina gisa berean, antzerki karteletan, irratietan eta telebistan, edo filmeen fitxa teknikoan...

Beraz, une batez hasi pentsatzen zein jokabide daramaten inguruan ditugun telebista eta irratiek... Frantziakoak bakarrik jartzen du zein den itzulpena egin eta moldatu duen taldea... Hemengoetan ez dator datorik batere...

Eta gisa berean, adibidez, itzulpenari dagozkion eskubideak ere alde guztietan jarri beharko lirateke... Baina...

4. Itzulpenaren kalitateaz

Itzulpenaren balioaz izan liteke eztabaidarik. Eta horretarako herrialdeetako legedian halako figurarik ez balego ere, komeniko omen litzateke dio agiriak, eztabaida hauek argitzeko edo konpontzeko erakunderen bat, azkar lanegingo lukeena eta kostu gutxikoa.

Gisa berean, arrazoizko epe bat eman behar zaio itzultzaileari bere lana burutu dezan, eta ahalik baliabide guztiak eskainiko, informazio aldetik edo bestela, jatorrizko testua ulertu eta itzulpena erredakta dezan.

Ahalik, itzulpenak jatorrizko hizkuntzatik egingo dira, eta bigarren hizkuntza batetik, ezinbestekoa denean bakarrik.

Eta azken ohar bat, azpimarratzekoa gure artean ere: itzultzaileak bere ama-hizkuntzara edo bere ama-hizkuntza bezain ongi menderatzen duen hizkuntza batera itzuliko du...

5. Erakunde publikoentzat

Itzultzaileen beren erakundeak sortzeko eskubide osoa izango dute, eta baita ere erakunde publikoak joera hori bultzatuko dute.

Baina Erakunde publikoen laguntzaz, itzultzaileen elkarteek zer egin beharko luketen ere finkatzen du agiri honek.

Alde batetik, itzulpenaren kalitatea bultzatuko dute. Gero, itzultzaileen lan-sariak ikertu, eta erabiltzaileekin horretaz eztabaidatu. Beraz, itzultzaileei beharko lituzketen aholku guztiak eman, soldata duin bat eskura dezaten.

Gisa berean, beste itzultzaile elkarteekiko harremanak bideratu eta sendotu.

Eta, itzultzailea autoreen parera jartzen bultzatu, eta areago itzultzaileen formaziorako prograuna bereziak antolatu.

Bada, ordea, gauza bat itzultzaile askorentzat interesgarria, eta Erakunde publikoei, batzuri behintzat, dagokiena: Itzultzaileek idazleek dituzten babes sozial berberak izan beharko lituzkete, segurantza sozialaren edo etxe-laguntzen aldetik, eta gisa berean, autoreek duten sistema fiskal bera izan beharko lukete.

Eta azkenik, eta gaurregun agian itzultzaile asko kezkatzen duen arazo bat: Kontratupean edo inorentzat lanean ari diren itzultzaileen beren maila profesionaleko pertsonek kobratzen duten soldata bera kobratu beharko lukete. Galdera da, zein den beren mailari dagokion maila profesional hori. Alegia, askok hartzen duten bezala: Tekniko soil bezala? Laguntzaile bezala? Hala, egiaz, itzultzaile elkarteak erreibindikatu beharko luke gure artean itzultzailearen kategoria eta beronen statusa, batez ere Erakunde Publikoen aurrean.

6. Azken amets batzu

Agiriak eskatu, bai, eskatzen du adibidez terminologia bankuak eta eratu daitezen, itzultzaileen arteko trukaketak egin daitezen, batez ere herrialde bateko hizkuntza eta ohiturak ezagutzeko bidea egiteko... Baina guzti horiek amets lirateke, nire ustez, gaurkoz gure artean.

Edozein modutan, eta 15. puntuak Desarroilo bidetan dauden herrialdeak aipatzen dituenez, nik ere horiek aipatuko ditut, gu ere tartean ote gauden susmo bizia dut eta. Hala dio: Desarroilo bidetan dauden herrialdeek Gomendio honetan aipatzen diren arau eta printzipioak onartu beharko lituzkete beren beharrak asetzeko beharrezko iruditzen zaien moduan.

Ez dakit hemen ere bide horretan gauden edo. Baina azken batean, gomendioak gomendio, hasieran esaten nuena errepikatuko dut: Batzuk arretaz jaso badituzte, beste asko eta asko ez dira enteratu ere egin oraindik... batez ere gure artean.