Liturgiako Itzulpen Batzordearen Itun Berria
Eustasio Etxezarreta

1. Taldearen sorrera

Oraintxe zortzi urte, 1980an, liturgiako itzulpen batzordeak Itun Berriaren argitalpen berri bat plazaratu zuen[1]. Baina berehala esan behar da, itzulpen taldea, berez, ez zela Itun Berria Euskaratzeko sortua izan. Historia labur bat egin dezagun, talde honen sorrera eta eskuartean izan dituen lanak zehazteko.

Vaticanoko II. Kontzilioaren ondorioz sortu zen liturgiako itzulpen taldea. Eliza batzar nagusiak onartutako lehen dokumentua liturgiari buruzkoa izan zen. 1963.go abenduaren 5ean finkatua eta erabakia geratu zen idazki hori. Delako dokumentu honetan, besteak beste, ordurarte gure artean latinez bakarrik ospatzen zen liturgia herri hizkuntzetan ospatu ahal izateko bideak zabaltzen ziren[2].

Erabaki honen ondorioz eta elizbarruti bakoitzeko Gotzainaren ardurapean, itzulpen taldeak sortu ziren han eta hemen gure elizbarrutietan. Euskal Iparraldekoak izan ziren lehenengoak; eta berehala Hegoaldekoak Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan. Erromatik erabakitako epe jakhietan eta mailaz-maila, latina utzi eta herri hizkuntzak sartzeari ekin behar izan zitzaion. Horretarakos ordea, itzulpenak prestatu behar ziren, tenorez prestatu ere.

Horrela, bada, ahalegin guztian hasi ziren taldeak lanean. Hala ere, era desberdinean ekin zion hasiera hartan lanari gure elizbarrutietako talde bakoitzak. Izan ere, Bilboko Gotzainak, Jaime Kcrexetak bizkaierara itzuli eta argitaratu berria zuen Meza liburuko irakurgaiak eta otoitzak erabil zitzatela aghadu zicn berc elizbartutiko apaizei. Nafarroako Gotzaiburuak, berriz, "Orixe"ren Meza liburua onartu zuen bere elizbarrutiko euskal parrokietan erabil zezaten. Baiona eta Donostiako elizbariutietako taldeek, ordea, itzulpen berriak egin behar zituzten edota, gutxienean, eskura zeuden argitarapenak oinarri halturik beren euskalkietara egokitu, liturgiako irakurgai eta otoitzak.

2. Taldearen jarduera eta urratsak

Kontzilioaren aghaduz, piskanaka-piskanaka, liturgi liburu guztiak eraberrituak izan ziren, sakonki berriztatuak, alegia; testu guztiak ez bada ere, gehienak behintzat berriak edota aldatuak izateraino. Eraberritutako liburuetan lehenengotakoa Meza eta sakramentuak ospatzeko irakurgaiena izan zen; geroxeago, Mezako otoitzak eta sakramentuen elizkizun liburu berriak argitaratu ziren. Eta guzti honekin, planteamendu berri bat zegoen egin beharra itzulpenei zegokienez.

Indarrak elkartu beharra ikusten zen, lanaren ugariari erantzun ahal izateko. Baina, gainera, gero eta garbiago azaltzen zen, liturgi testuen euskal itzulpen guztiak bateratu beharra. Ez zen, ordea, gauza erraza. Bizpahiru saio eginak zituzten itzultzaile guztiek talde bakarrean bildurik; eta lanaren jardunean konturatzen ziren, zenbait esalditan ez zegoela itzulpen batera etortzeko eragozpen haundirik; baina konturatzen ziren, baita ere, zailtasun haundiak zeudela askotan, denek itzulpen bat-bera onartzeko, euskalkien ezberdintasunak zirela medio.

1967.go udazkenean, batzarrean bildu ziren Iruinean itzultzaile taldeko ordezkari batzuk. Erromako Liturgi Batzorde Nagusiko idazkaria zcn A. Bugnini jaunarekin, itzulpen bakarra lortzeko aurkitzen zituzten eragozpenak aztertzeko eta nolabaiteko iretenbidea aurkitzeko.

Bi maila bereiztea erabaki zuten:

a) Mezatan egunero erabili ohi diren zatietan, ahalik eta itzulpen batasunik haundiena lortzen saiatu behar zuten;

b) baina irakurgai eta otoitzetan, euskarari buruz gure herriaren egoera kontutan harturik, askatasun haundiagoz joka zezaketen. Izan ere, euskalki bakoitzeko ordezkarien iritzian, ordukoz ezin zitekeen inola ere argitalpen bakarra egin, baldin eta gure herriak kristau mezua egoki jasotzea nahi bazen.

Ahalegin honek berekin ekarri zuen batasunerako joera, gogoan badugu, gainera, garai hartan gizarte maialan cre euskara baturantzako eragin izugarria sumatzen zela. Eta 1969 urtearen hasieratik aurrera, itzulpen talde bakarra eratu zen clizbarruti guztietako ordezkariekin. Ia bost urte behar izan ziren erabaki horretara iristeko. Geroztik elkarrekin egin izan dira, bai liturgi testu berrien itzulpenak, bai lehen talde bakoitzak bere aldetik itzulitakoen berrikusketa.

3. Liturgiako Itzulpen Batzordearen Itun Berria

Orain arte esandakotik ikus daitekeenez, liturgiako itzulpen taldea ez zen zuzenean Itun Berria itzultzeko sortu, liturgi liburu berriak euskaratzeko baizik. Baina liturgi testuen artean, zati haundi bat irakurgaiak dira: Itun Zahar eta Berriko irakurgaiak.

Itun Berria argitaratu aurretik, hainbat eta hainbat itzulpen eta argitarapen egin zituen. Hasiera batean, behin-behineko argitarapenak egiten ziren; lanak prestatu ahala, liburuskatan eskuratzen zitzaizkien apaizei, iganderoko beren liturgi jardukizunerako berehala behar zituzten gaiak: irakurgaiak eta otoitzak. Gero, ordea, argitarapen trinkoak ela epe luzeagorako balio behar zutenak egin ziren: Orduen Liturgia (1977) eta Irakurgaiak izeneko liburu gotorra (1978). Lehenengoan, gehienbat, Itun Zaharreko Salmoak erabiltzen dira, eta Itun Zahar eta Berriko irakurgai laburrak. Bigarrenean, berriz, badira Itun Zaharreko pasarteak ere eta Salmo zatirik, baina gehienbat Itun Berriko zatiak dira ematen direnak.

Irakurgaien liburua argitaratu aurretik, bi lan egin behar izan ziren:

a) Pasarte paraleloen berdinketa. Badira, batez ere Itun Berrian, paraleloak deritzaten zatiak, bereziki hiru Ebanjelio shaoptikoetan eta Itun Zaharreko Salmo edota beste liburuetatik harutako esaldien aipamena egiten deneko esaldietan. Begirada batera, harrigarria badirudi ere, ez da harritzekoa, lehenengo lanaldian horrelako zertzelada asko kontuall ez izatla. Litutgi liburuetan nahasian azaltzen bait dira Bibliako pasarteak.

b) Paraleloen berdinketa edo azterketa egin ondoren, azke lan bat egin beharra ikusten zen: itzulitako irakurgai guztien segidako irakurketa. Eta hori ez bakarrik idazkera bel-dintzeko, baita sintaxia eta hiztegia bera ere aztertzeko. Ez dugu ahaztu behar hamar-hamabi urteren buruan egindako lanak zirela, taldeko lankideak gutxi-asko aldatzen joan zirela, eta taldea bera prozeso baten barruan aurkitzen zela: lanak berak bide berriak erakusten zituelako, batetik; eta, bestetik, euskarak urte haietan ari zuen aldaketak bere eragina zuelako itzulpen taldean ere.

Liturgiako Irakurgaien liburuan Itun Berria oso-osorik sartzen ez bada ere, zatirik nagusiena behintzat hartzen da. Hortik sortu zen Itun Berria argitaratzeko asmoa. Horretarako, itzuliak zeuden zatiak bildu, eta itzultzeko falta zena osatu zen.

Gainera argitarapen hau kristauen eskuetan jartzeko eta maila guztietako katekesi hezierarako pentsaturik zegoenez, hainbat sarrera eta lagungarri erantsi zitzaizkion, irakurketaren mesedetan eta erabilpenaren aberasgarri: liburu bakoitzari egindako hitzaurreak, zenbait pasarte argitzeko oharrak, argibide batzuk Itun Berria irakurtzen laguntzeko, gogoetarako gai zerrenda pasarterik egokienak aukeratzen laguntzeko, igande eta jaiegunetan liturgian hartzen diren irakurgaien aurkibidea, eta mapa bi: Palestina Jesukristoren garaian eta San Pauloren lau ibilaldiak. Itzulpenaz gainera, beste eraskin hauek direla, esango genuke. Itun Berri honen ezaugarririk aipagarriena, kontuan izanik, Kontzilioaz geroztik, Liburu Santuaren eta bereziki Itun Berriaren erabilkerak oinarrizko garrantzia ducla kristauaren katekesi hezieran eta orokorki pastoraltza lanetan.

4. Itun Berriaren itzulpenaren helburua eta irizpideak

Vaticanoko II. Kontzilioaren Dei Verbum izeneko idazkian, Elizak agintzen du, Liburu Santurako bideal zabal-zabalik egon behar duela fededunentzat[3]; eta, beraz, itzulpen egokiak egiteko agindua ematen du, fededunek eskura izan dezaten Liburu Santua. Itzulpen egokia esatean, bi alderdiri begiratzen zaio batipat: jatorrizko hizkuntzetatik eta kristau herriarentzat eginak izateari.

Baziren lehendik Itun Berriaren itzulpenak; baziren Meza liburuaren itzulpenak. Baina, hala ere, liturgiarako itzulpen berri bat egiteko erabakia hartu zen. Zer dela eta?

Itzulpen irizpideei buruz, aitortu beharra dago, aurrerapen haundiak egin direla Bibli jakintzetan, gure mende honetan eta, batez ere, azken hogeitabost urteotan. Jakintza mota berria sortu dela esan beharko litzateke, Bibliaren itzulpenari buruz.

Gai hauetan jakintsu dircnen csancra, idazlan batek alderdi cta maila desberdinak ditu: edukia, erabiltzen diren kontzeptuak eta hiztegia, esaldien formulaketa, estilistika, literatur alorreko nolakotasunak, etab.; eta ezinezkoa dela diote, itzulpenean alderdi eta aberastasun guzti horiek aldi berean jasotzea. Zenbat eta sakonago ezagutu jatorrizko hizkuntza, orduan eta zailago gertatzen dela, han esana dagoen guztia hizkuntza berri batean esatea[4].

Honek esan nahi du, testu batek berak itzulpen bat baino gehiago egiteko egokiera ematen duela. Bibliari gagozkiolarik, ez da berdin jakintzari laguntzeko izkuntzak ikasten ari diren ainbat jakintsuentzat itzulpena egitea, Duvoisini Luis Luzien Bonapartek agindu omen zion bezala, edota exegesi lan txukun eta zehatz baten zerbitzura cgindakoa, kristau xeheak irakurtzeko egina, etab. Guztiak izan daitezke bidezkoak eta ongi eginak, baina helburu desberdinarekin eta maila desberdinetan eginak izango dira. Itzulpenak, bestalde, garaian garaikoa izan behar du.

Bibliari buruz egin daitezkeen era askotako itzulpenen artean, esan daiteke, liturgi ospakizunean jendaurrean irakurtzeko egindakoa dela, berez, egokiena. Liburu Santua elkarte baten barruan sortutako idazlana da, herri baten bihotzeari sortua. Historian zehar cgina izan den bilduma da. Jatorrian gunc edo muin batzuk bestcrik ez zirenak, behin eta berriz elkarte barruan irakurriz, osatzen eta aberasten joan dira denborarekin. Zenbait pasartetan, ospakizunetall eta ospakizunetarako eratua izan den ahozkotasunaren czaugarriak nabari dira. Horregatik, Bibliaren itzulpena egiterakoan liturgi ispakizunean eta, beraz, jendaurrean irakurria izan behar duela pentsatu behar da[5]. Horregatik, eginkizun hori egokien betetzen duen itzulpena dela, esan beharko genuke, Liburu Santuaren itzulpenak onena.

Betidanik esan izan da itzultzailearen lege nagusia leialtasuna dela. Baina leialtasunaren nolakotasunak ez dira orain lehen bezala ulertzen. Itzulpen irizpide berriak formazko berdintasuna alboratu, eta baliokidetasuna edo berdintasun dinamikoa hartu dute itzulpen eredutzat, hau da: balio berdineko indarra eta edertasuna duen itzulpena. Gauza jakina da, sistema bat dela hizkuntza eta ez dagoela berdintasun osorik hizkuntz sistema batetik bestera.

Formazko berdintasuna erabiltzen duen itzulpen sistemak jatorrizko testuari begiratzen dio, batez ere, eta harekiko leial jokatzeari. Bere helburu guztia, testu hori hizkuntza berri batean ematea da, jatorrizko hizkuntzaren formak errespetatuz. Alderantziz, itzulpen teknika berriak, jatorrizko testuari zor zaion leialtasunaz gainera, irakurlea du begien aurrean; irakurlearen hizkuntz sistemari ere leialtasuna zor zaiola ikusten du. Bi begirapuntu ditu, beraz, leialtasunak. Bikoitza da leialtasunaren arazoa.

Jatorrizko hizkuntzak irakurtzeko gauza ez den irakurleari hurbildu egiten dio idazkia, haren hizkuntzara itzuliz. Eta hori egiterakoan, gaurko irakurleari edota entzuleari ulergarri izan dakion lortu nahi du, jatorrizko irakurlearentzat ulergarri izan zitekeen neurrian; eta gainera, gaurko irakurlearengan sentipen eta jarrera berdintsuak sortu nahi lituzke.

Euskal Elizbarruti arteko Itun Berriaren itzulpenean, batez ere azken aldel-a eta gehiago, itzulpenaren berdintasun dinamikoaren bideari jarraitu nahi izan zaio. Hala ere, ez du horrek esan nahi, teknika berri hau oso-osorik eta jakintsuen mailan erabilia izan denik. Are gutxiago esan nahi da, Itun Berriaren itzulpen honekin azken hitza esana geratu denik.

Itzulpen teknika berriak zabaldu dituen bideetan abiatu izan arren-batzutan senaren edo intuizioaren eraginez, beste askotan gaurregun gure inguruko hizkuntzatan eskura daudell zenbait itzulpenen laguntzaz-, edonork ikus dezake bide luzea dagoela oraindik. Lan guztiek, eginak izan diren garaiko ezaugarriak izan ohi dituzte; eta Itun Berri hau ere hala izango da, bere alderdi on, akats eta guzti.

Hitz gutxitan laburbilduz esango genuke, hauck direla Itun Berri honen bereizgarririk aipagarrienak:

  • Itzulpen gaurkotua dugu, herriarentzat egina —hau da: herri mailako euskara erabilitz— eta jendaurrean irakurtzeko. Bi alderdi hauek mugatzen dute, nolabait, Itun Berriaren liburu honetan darabilen euskararen duintasuna, alde batetik, eta herrikoitasuna, bestetik. Izan ere, ez dugu ahaztu behar, Itun Berria, berez, idatzia izanik ere, askotan norberak irakurri ez, baizik eta entzun egiten duela, eta ahozkotasunaren eite berezia hartzen dutela. Eta batzarrean bildurik dagoen kristau herriak entzun hutsez jaso behar badu Jainko hitzaren mamia eta mezua, honek maila eta egokitasun bereziak dituen euskara eskatzen du.

  • Jatorrizko hizkuntzatik egina izan da —grekotik—. Baina ez hori bakarrik; taldean egindako lana dugu eta, hain zuzen, euskalki desberdinetako ordezkari ziren lankideez osatutako taldean. Hasieratik azkenera liturgi eta Bibli itzulpenetan gutxi-asko aritu direnak hogeitamar lagunetik gora izan dira, nahiz eta talderik finkoena sei-zortziren bat lankide izan: euskalkirik nagusienak —bizkaiera, gipuzkera, goi- eta behenafarrera eta lapurtera— ordezkatzen zituzten lankideek. Eta azken testua euskara batuan emana dago.

  • Bestalde, Elizaren aginduz egindako itzulpen lana izan da, ofizialki Elizan erabiltzeko. Euskal Herriko Eliza katolikoaren historian lehenengo aldiz gertatzen da hori. Gorago esan dugunez, eliz pastoraltzan badu bere garrantzia itzulpen bat-bera erabiltzeak liturgi ospakizunetan, kristau hezieran eta norberak gogoetarako eta otoitzerako hartzen duenean.

  • Eta azkenik, argitarapen hau kristau heziera lanetan erabiltzeko asmoz egina izanik, sarrera haundia eman zaie testuari buruzko argibide, ohar eta bestelako eraskinei.

5. Euskal Bibli itzulpenaren tradizioarekiko jarrera

Kontzilio aurretik egindako Itun Berriko pasarteen itzulpenak ez ziren, zeuden-zeudenean, liturgiarako hain erabilgarriak. Lehengo mendeetako itzulpenak aztertzen baditugu, batetik, latinezko Vulgatatik egindako itzulpenak ziren; eta, bestetik, hizkuntza gauza bizia eta aldakorra izanik, zahartua eta atzera geratua zegoen itzulpen haietako euskara.

Lehenengoa Joannes Leizarraga kalbinistaren Iesus Christ gure Iavnaren Testamentu Berria izan zen, Nafarroako erreginaren laguntzarekin 1571ean argitara emana, lapurteraz.

Katolikoen artean, Joanes Haraneder dugu lehenengoa, Donibane Lohizuneko semea eta apaiza. Bere Testament Berria lapurterako euskaraz 1740an burutu zuen; baina ehun urte igaro ziren, beste bi apaizek —M. Harriet eta P.N. Dassancek— berrikusi eta, zenbait zuzenketa egin ondoren, 1855ean argitaratu arte.

Duvoisin kapitainak 1865ean argitaratu zuen bere Bible Saindua, hau ere lapurteraz itzulia, Itun Berria beronen azken zati duena. Baina argitarapen hau hizkuntzalarien zerbitzura egina izanik, Erromako baimenik gabe egina izan zen, eta ez zuten kristauen fede hezieran erabili. Geroago, ordea, joan den mendearen azken aldera, Haristoy apaizak Ebanjelio Saindua euskaraz argitara eman zuen Duvoisinen itzulpena oinarri harturik eta behar diren baimen eta xehehetasun guztiekin.

Bada, azkenik, joan den mendean itzulitako beste Testamentu Berri bat, Fray Jose Antonio de Uriartek gipuzkeraz itzulia eta oraindik argirik ikusi ez duena.

Gure mende honetan egindako itzulpenak jatorrizko grekotik eginak izan dira, baina goi mailako hizkuntza zerabilten edota Ebanjelio hutsa ematen zuten eta ez Itun Berri osoa. Hauetan lehenengoa Olabideren Testamentu Berria daukagu, 1931n argitara emana eta gero, aldaketa aundirik gabe haren Idazteuna, Itun Zar eta Berria argitarapenean sartua (1958).

Arantzazuko fraile talde batek Lau Ebanjelioak argitaratu zituen, gipuzkeraz, 196lean.

Hauek ziren, liturgiako itzulpen taldea lanean hasi zenean, eskura zeuden itzulpenak. Eta aurreko puntuan adierazi diren arrazoiengatik, itzulpen berria egitea erabaki zuten: jatorrizko hizkuntzetatik egindako itzulpena, kristau herriarentzat, euskara errazean eta jendaurrean irakurtzeko egina. Baina hori ez zen euskal itzulpenekin bakarrik gertatu. Hain zuzen, beste hizkuntzetan ere itzulpen berriak egin beharrean gertatu ziren.

Hala ere, itzulpen berri bat egiteak ez du esan nahi, lehen egindako guztiak bazterrera utzi eta itzulpen lana hutsetik hasi zenik. Bidezkoa denez, eskura eduki izan dira orain arteko argitarapenak. Baina eskurago eduki dira gure kultur inguruko azken itzulpenak: itzulpen irizpide berriekin beste hizkuntzetan eta gure garai berean egin izan diren itzulpenak, alegia, eta arreta haundiagoz begiratu zaie hauei.

Baina gauza bat da itzulpen berria egitea, itzulpen hori liturgi liburuetan argitaratzeko; eta besterik da, pasarte horiek bildu, falta ziren zatiak osatu eta guzti horrekin beste Itun Berri bat argitaratzea, 1980ko honetan egin zen bezala. Izan ere, Kontzil io ondoren hainbat itzulpen eta argitarapen berri egin izan dira Itun Berriarenak.

J. Kerexetaren Jesukristoren Barri Ona, 1966an bizkaieraz argitaratua, izan zen lehenengoa; bigarrenez Alkartasun Barria tituluarekin 1972an argitara emana eta, azkenik, 1976an bere Euskal Biblian sartu zuena.

Gipuzkeraz,1967an argitaratu zen itzulpen hau bera, Itun Berria izenarekin eta Ebanjelioen itzulpena "Orixe"rena harturik. Hiru autore azaltzen dira, "Orixe"-Kerexeta-Zugazti. Gero 1974ean ikusi zuen honek bigarren argitarapena.

Lapurteraz, Belokeko Beneditarrek argitaratu zuten Jesukristoren Berri Ona, lau Ebanjelioak eta Apostoluen Egintzak emanez liturgiarako egindako itzulpenean.

Bada oraindik beste Itun Berria F. Olariaga Jesusen Lagundikoak itzulia eta 1978an argitaratua.

Eta azkenik, Elizen Arteko Biblia izeneko taldeak bere aldetik beste Itun Berria argitara emana du, euskara batuan, 1983an, gero 1987an bigarren argitarapena ikusi duena.

Itun Berriaren hainbesteko aukera izanik, zer dela eta beste argitarapen bat gehiago egin?

Liturgiarako Itun Berriko pasarteen itzulpen berri bat egiteko lehenago eman ditugun arrazoiez gainera, bazen beste arrazoi bat beroien argitarapena ere egitera eragiten zuena: Liburu Santuak eta, kasu honetan, Itun Berriak kristauaren fede bizitzarako duen garrantzia. Biblia Jainkoaren hitza bait da eta, beraz, Elizaren oinarrizko alderdia. Jesukristoren Eliza ulertezina litzateke Bibliarik gabe. Eliza fede elkartea da: Jainkoaren hitza entzun, ospatu eta bizi egiten duen tede elkartea. Elizarentzat fede eta maitasun bizitzaren utziezinezko alderdia da, Jainkoaren hitza liturgi batzarrean eta otoitz giroan entzutea eta berorretaz, elkartean nahiz bakardadean, gogoeta egitea.

Jainkoaren hitza da, bestalde, katekesi heziera guztiaren iturri bizia, kristaugintza egokia eta sendoa lortzeko. Hortik uler daiteke San Jeronimoren esaldi hura: Liburu Santua ezagutzen ez duenak ez du Cristo ezagutzen. Herri baten historia barruan eta bizitzan zehar sortutako idazkia dela esan dugu Liburu Santua, eta gaurregun ere idazki honek duen baliorik nagusienetakoa Jainko herriaren fede iturri izatea da. Eskuarki, ordea, ez da —beste liburu asko bezala, hasi eta buka—jarraian irakurtzen. Bakarka eta batez ere batzarrean, pasarteka irakurtzen da, eta otoitz giroan.

Baina guzti hori egia izanik, ez al zuten horretarako balio ordurarte argitara emandako Itun Berriek'?

Garrantzi berezia eman izan zaio Elizan, liturgiako ospakizunetan eta katekesi hezieran nahiz norberaren otoitzaldietan itzulpen bat-bera erabiltzeari. Hori gertatu izan da, LXX —Septuaginta Virorum— deitutako itzulpenarekin eta gero Vulgatarekin ere. Beraz, Elizaren aspaldiko tradiziotik datorren gauza da. Liburu Saniuak itzulpen berean behin eta berriz entzun eta irakurri izanak, esaldi horietako asko, hizkera bizitik hartuak izan dircnez, piskanaka buruz jasotzea dakar eta beti ere errazago ulertzea entzuten eta irakurtzen diren pasarteak. Hau izanda, beraz, Itun Berriaren beste argitarapen bat egiteko arrazoi nagusia.

6. Itun Berri honek izan duen harrera

Euskarazko beste idazlan askorekin gertatu izan denez, Itun Berri honek ere ez du aparteko azterketa kritikorik jaso izan. Alderantziz, pastoral eta katekesi lanetarako garrantzi haundiko tresna izanik, zain-zain zegoen aspaldidanik eliz jendea Itun Berri hau noiz argitaratuko, eta oso harrera ona egin zitzaion kaleratua izan zenean.

Garai hartan, euskararen inguruko eztabaidak, askotan, euskararen bikaintasunari baino gehiago, euskara batua eta, zehatzago, euskara baturako proposatutako ortografia onartzen zen ala ez, horri begiratzen zitzaion. Zenbait jende arazo honekin itsututa eta tope eginda geratzen zen. Giro honetan, aipatzekoa irudilzen zaigu Koldo Mitxelena zenaren iritzia, liturgiako itzulpen taldeak argitara eman berria zuen Orduen Liturgia-ri buruz.

Euskaltzaindiaren VIII. Biltzarra ospatzekoa zen Bergaran 1978an, Arantzazun egindako VII. Biltzarraren hamargarren urteburuan ela Koldo Eleizalderen jaiotzako mendeurrenean. Euskararen batasuna lortu ahal izateko, Arantzazuko Biltzarrean emandako arauek zer-nolako harrera eta itsaspena izan zuten aztertu nahi zen, hamar urte igaro ondoren. Bestalde, Eleizaldek Onatin, Eusko Ikaskuntzaren 1918ko Batzarrean, euskararcn batasunaren arazoa ausarki eta ozenki planteatu zuenez gero, euskararen batasuna izan zuen gai nagusi eta bacará Eleizalderen mendeurrenean Bergaran egindako Biltzarrak[6].

Irailaren 4tik 8ra egin zen Biltzarra, eta aurretik giro egokia eta interesa sortu nahirik, beren iritziak eskatu zitzaizkien hamabi euskaltzaini. Euskararen ortografia bateratzeari buruz, zer itxaro zitekeen Bergarako Biltzarretik, hori zen egiten zitzaien galdera. Eta Koldo Mitxelenaren erantzuna jasoko dugu: Euskararen batasuna ortografiaren arazoa baino askoz ere gehiago da. Hor dago Orduen Liturgia hatxerik gabe, eta erabat lan ona eta eredugarria da[7].

Mitxelenak ez zuen Itun Berria aipatu, ezin zezakeen aipatu ere, oraindik argitaratzeke zegoenez. Baina Orduen Liturgia egin zuen talde beraren lana izan zen Itun Berria ere.

Liturgiako itzulpen taldeak izan zituen, lehen aldi hartan, bere borrokak eta kezkak euskara batuari buruz; hobeto esateko, euskara batuaren alderdi batzuri buruz, azken batean kanpoko jazkera den ortografiari buruz. Baina Itun Berriaren argitarapena erabat euskara batuan egin zen. Itzulpen taldeak, batez ere, euskararen bikaintasunari begiratu nahi izan zion bere lanetan, hizkuntzaren joskera egokiari, euskararen gorputza bera jotzen bait zuen gauzarik garrantzitsuena. Eta itzulpenetan erabili duen euskara maila nolabait adierazteko, zera esango genuke: eliz lanetan eta jendaurrean erabili ohi den euskara izan dela eredu hartua, hau da: euskara landua, maila batean arautua eta duina eta, aldi beran, entzulegoarentzat ulerterraza.

Eta idatzizko kritikarik izan ez bada ere, hitzez eta egitez oso harrera ona izan du. Besteak beste, izan duen zabalkundea da hori pentsatzeko bide ematen diguna. Zortzi urteren buruan hirugarren argitarapena egina izan da eta 18.000 ale dira orain arte zabaldu direnak.

Itzulpenaren teknikari buruz, lehen 4. puntuan egin dugun azalpenaren adierazgarri, bada azterketa labur bat, Euskaltzaindiko sarrera hitzaldi gisa nik neuk egina, "Euskal Elizbarruti arteko Itun Berria: Itzulpenaren xehetasunak historiaren argira" titulupean[8]. Zenbait pasarte aztertzen dira bertan, itzulpen irizpide berriak nola erabiliak izan diren aditzera emateko. Hemen orokorki esanda geratu diren hainbat puntu, han xeheki aztertzen dira. Beraz, interesgarria jotzen dugu lan hori, hemen esandakoak baieztatzeko eta Itun Berriaren ordurarteko euskal itzulpenen eta gure Itun Berri honen artean dagoen alde berezia ikusteko.

7. Etorkizunerako asmoak

Gure itzulpen taldea liturgi liburuen itzulpenerako sortua izan zela esana dugu hasieratik. Eta liturgi liburu beharrezkoenean itzulpena burutu zuelarik, orain lanari utzia dago talde bezala. Azken urteotan taldeko lau lagun hil ere egin dira.

Orain eskura daukagun lanik premiazkoena itzulpen horien argitarapena egitea da: eskuko Meza liburua herriarentzat, eta sakramentuak ospatzeko elizkizun liburuak batipat.

Erabili izan dugu Biblia bere osoan itzuli eta argitaratzeko asmoa, baina asmo honi ez diogu oraindaino bere erantzuna eman ahal izan. Hala ere ez dugu bazterrera utzia. Hartarako egokiera eta lankideak biltzea lortuko bagenu, gogoz ekingo genioke lanari.

Eustasio Etxezarreta
Liturgi Itzulpen Taldeko Idazkaria


Oharrak

1. Itun Berria. Idatz Elizbarrutiko Argitaldaria. Donostian 1980. 736 or. Bigarren argitarapena, 1984; hirugarrena, 1988

2. Ik. Vaticanoko 11 Kontzilioa: Sacrosanctum Concilium Liturgia Santuari buruzko Konstituzioa, 36 z..

3. Ik. Vaticanoko 11 Kontzilioa: Dei Verbum Jailikoaren Agerpenari huruzko Dogma Konstituzioan 22 z.

4. Alonso-Schökel. L.: La palabra inspirada. La biblia a la luz de la ciencia del lenguaje. Ed. Cristiandad. Madrid 1986. 267-280 or.

5. Ik. Alonso-Schökel: Ibidem. 278. or.

6. Ik. Euskara. (1978-2), 442-443. or.

7. Ik. Deia. (1978, Abuztuak 31), 17. or.

8. Ik. Euskara. (1981), 199-217. or