Jatortasun egokitu beharrekoa
Txiliku

Ia zazpi urte badira Euskal Telebista sortu zela eta harez geroko honetan hor gabiltza hainbat itzultzaile eta egokitzaile mundu zabaleko edozein bazterretan egiten diren filme, marrazki bizidun, telesail, etabarrak euskarara bikoizteko egokitzen.

Euskal idazleak —gure kasuan itzultzaileak— beti izan ditu burutik behera mokoka gaizki esaleak, eta orain ere ezin falta. Lehen, ez hain aspaldi ere, idazlearen etsaietako bat garbizaleak ziren. Baina zorionez, isilduz joan dira hauek, edo inork kasurik egiten ez zielako etsita edo, gehienak seguraski, burututzat eman dutelako beren eginkizuna. Guztiz positiboa eta eskertzekoa, ezagutu beharra dago, ze gauza jakina bait da oker datorren zuhaixka zuzen haz dadin nahi bada bestaldera okertu behar dela aurrena, eta horrela lortzen dela zuzentasuna, erdiko bidea.

Orain beste "etsai" batzuk dauzkagu geure lanaren kalitatea neurtzen. Jatorzaleak deituko nieke nik. Guztiz beharrezkoak hauek ere, horretan ez dago zalantzaren izpirik, itzulpenetan lardaxkeria gehiegi egiten bait dugu, gehiegitan itzultzen dira hitzez hitz sorburu-hizkuntzako esamoldeak, euskarak horietarako dituen baliokide jatorrak erabat baztertuz.

Baina, eta baliokide hori ez dagoenean? Hor dago koxka. Orduan berria asmatu edo kalkatu egin behar. Eta hauxe da hain zuzen sarritan gertatzen zaiguna: sorburu-hizkuntzako zenbait egoera, zenbait esakera zeharo arrotzak direla guretzat, eta ez daukagula esamolde egokirik ideia hori adierazteko. Horrelakoetan kalkoak egin behar izaten dira maiz. Perifrasia da itzultzaileak daukan beste bide bat, baina gure kasuan ez du balio, sinkronia dela-ta itzulpenak ez bait du jatorrizkoa baino luzeago izan behar.

Kalkoak, jakina, ez dira "jatorrak" baina inoiz ezinbesteko irtenbide gertatzen dira. Adibidez:

  • Suerte!
  • Bonne chance!
  • Luck! edo: Good luck!

Horra bina silabako hiru esakera zori ona opa diogula adierazteko. Geure hizkuntzan ez genuen aurkitu hau euskaratzeko esamolde labur eta egokirik eta zorte on! esatea erabaki genuen, nahiz eta jakin ez dela "jatorra", ez duela inongo tradiziorik. Eragozpen hau euskaran ezezik, gehiago edo gutxiago, hizkuntza guztietan gertatuko da. Hara, esate baterako, iaz Bretainian gertatu zitzaigun pasadizo bat: hango herrixka batean bretoieraz mintzo ziren zahar batzuei hauxe galdetu genien: ea nola esaten zuten bonjour (egunon), eta inork jakin ez! Azkenean erabaki zuten horrelakorik ez zela esaten bretoieraz. Halere argi dago bretoierara itzuli nahi duenak aurkitu beharko duela formaren bat, jatorra ez den formaren bat, egunon hori itzultzeko.

Maiz agertzen den beste esaldi bat hau dugu:

  • Te echo en falta / de menos
  • Tu me manques
  • I miss you. . .

Baina nola euskaratu esaldia gehiegi luzatu gabe? Faltan botatzen zaitut... Hori ez! Ezin dut etsi zu gabe? Beti zauzkat gogoan? Zure falta daukat? Hauxe agian. Gotzon Garateren Erderakadak liburuak honako hauek dakartza:

  • aren falta aundia billatzen da etxean
  • an amaren palta ederra nabaritzen da
  • amaren mentsa nabaritu zun
  • amaren faltia etzian sometan da
  • amaren falta sumau uen
  • amaren falta ezautzen du aurrak
  • amaren faltia sometan daue umiek
  • aren eskasa ez da ageri... etab.

Denak ere luzetxoak; bikoizketarako ez digute balio.

Guretzat sobera ezaguna den arazo honetan luzatu banaiz, zeragatik izan da: gainean dauzkagun jatorzale horiek ez diezazkiguten sistematikoki gaitzetsi esakera berri guztiak. Nik dakizkidan batzuk, oso oker ez banago, Gotzon Garateren Erderakadak liburua oinarritzat hartuz —ia ebanjeliotzat esango nuke— euskal literaturan edo Euskal Herriko baserrietan erabiliak ez direlako, esamolde asko eta asko arbuiatzen dizkigute. Ez noa ni hemen liburu horri bere meritua ukatzera; badauka eta handia gainera, eta kasu askotan gertatzen zaigu lagungarri, baina beste askotan, ez! Eta hemen beste puntu bat azpimarratu nahi dut: kontuan hartu behar dela, egileak hitzaurrean dioen bezala, liburu horretan datozen esakera gehienak zazpi euskal probintzietako baserrietan jasoak direla, hizkuntza maila jakin batekoak, beraz. Hala, esate baterako, tenperatura hitzari buruz honela dio: "ia ez diezu zazpi probintzietako baserritarrei hitz hau entzungo". Jakina, eta ziur nago Burgosko artzainek eta nekazariek ere ez dutela esango: hoy tenemos una temperatura alta / baja; haiek ere, hoy hace calor / frío esango dute. Eta itzultzaile despistatuenak ere badaki, hace calor/frío = bero/hotz dago euskaratu behar dela; sorburu hizkuntzan temperatura dioenean, ordea, euskaraz ere tenperatura esan behar da. Hizkuntzan maila ezberdinak daudela, alegia, eta guretzat, asfaltoko euskaldunontzat, itzultzaileontzat batez ere, baserritar mailako euskara ez dela beti baliagarri. Koldo Mitxelenak honako hau esan zuen behin (hitzak gutxi gora-behera): "Xenpelarrek oso ondo zekien euskaraz, nik baino askoz hobeto, baina haren euskarak niri ez dit balio".

Beste adibide bat, amaitzeko. Euskal Irrati-Telebistako euskara arduradunek atera berri duten liburuxka batean, (Euskara-Erabileraz-...ren ondorioz)

"Istripuaren ondorioz / gaisotasunaren ondorioz..." etab., itzulpenak dira.

Euskaldunagoak dira, adib.

  • Istripua dela eta / istripua dela bide / kausa / medio
  • Gaisotasuna dela eta / gaisotasuna dela bide...

Euskaldunagoak ez, beste maila batekoak dira.

Murió a consecuencia del accidente, euskaraz esateko modurik egokiena, nire ustez, istripuaren ondorioz hil zela esatea da. Ez deritzet batere egoki beste hauei:

  • Istripua zela eta hil zen
  • Istripua zela medio hil zen
  • Istripua zela bide hil zen
  • Istripua zela kausa hil zen.

Eta istripuan bertan hil bazen, ba hori: istripuan hil zela, eta sobran dago gainerako guztia.

Beste honetan bai: Pilota-partidua zela medio jendetza handia bildu zen Donostian. Edo: hauteskundeak direla eta badabil istilua ugari kaleetan.

Laburtuz: esamolde guztiok daukate beren tokia. Aukeratzen jakin behar. Eta hauxe egiaztatzeko Camilo Jose Celaren La familia de Pascual Duarte irakurtzen jardun dut. Erdia edo irakurriko nuen eta aurkitu dudanez, Almendralejoko nekazari hark ere kausaondorio erlazioa adierazteko ez du behin bakarrik ere erabiltzen consecuencia hitza.

Zenbait belarri minbera zauritzen baditugu ere, guk ezin ditugu mintzarazi New York-eko polizia edo Sherlock Holmes detektibea Altzagako baserritarrek hitzegiten duten bezala.