Irudizko hizkera itzulpenean
Koldo Biguri

Irudiaren edo irudizko zentzua duten hitz edo esakeren erabilera oso hedatuta dago hizkuntzan, eta hizkuntzaren maila guztietan gainera, bai hizkuntza arruntean, bai literatur hizkuntzan ere; ahozko hizkuntza eta idatzizkoa ere, literaturaren esparruaren barruan zein kanpoan, usu baliatzen dira irudiaren balio espresiboaz, baina hiztunok ez gara konturatzen haietaz, erabiliaren erabiliaz ikusi ere ez ditugulako ikusten, ikustezin bilakatu zaizkigulako, nolabait esateko. Ez naiz, jakina, literatur metaforez ari, hau da, idazlearen beraren sormenari zor zaizkion metaforen klaseaz, ez eta Koldo Izagirreren Euskal Lokuzioak liburuan biltzen diren irudizko esamolde finkoez ere, baizik eta iruditzat hartu ere egiten ez ditugun espresabide ugari batzuez. Adibideak argigarriagoak direnez gero, esan dezagun esamolde finkoek (tomar el pelo edo adarra jo esaterako) konbentziozko irudizko zentzua dutela, ez metaforikoa beraz, eta, alderantziz, hemen aztertu nahi ditugun irudizko esakerak (consumirse por los nervios edo nerbioak janda egon adibidez) metafora batean oinarritzen direla —eta jakina, ez da berdin nerbiosa jarriko nintzen esatea edo nerbioak janda egongo nintzen. Ikus beheragoko adibide bat—.

Izan ere, nork erreparatu dio, esate baterako, aurreko lerroetako maila eta esparru hitzek duten zentzu metaforikoari? Are gehiago, esan liteke hitz horiek beren berezko lehen zentzua —horrelakorik badela esaterik baldin badago— galdu samar daukatela, eta gaur egun irudizko zentzuan bakarrik erabiltzen direla gehienetan. Hau da, hitz horiek izendatzen zutena —eskailera baten ointokia eta hesiz inguratutako lekua— metaforikoki beste egoera edo beste zertzelada batzuetara igaro dela eta, halako hedapen semantikoa jasan dute lehenik —esanahi gehiago dauzkate, hau da, polisemikoak bihurtu dira—, eta lerradura semantikoa gero —hots, irudizko erabilerak aurre hartu dio ez-irudizkoari—. Nolabait esateko, metafora fosilak dira orain.

Aski da jakingurazko halako begiratu xume bat egitea esaten, idazten edo irakurtzen dugunari, era honetako hitzak edo esakerak oso ugariak direla konturatzeko. Ugariak ez ezik, ezinbestekoak ere lexikoa aberasteko, polisemia hizkuntzen aberastasunaren neurri esanguratsua bait da, zalantzarik gabe.

Etimologiaz zale den edonork daki zientzia hori dela inoiz izan den poetarik oparoena, hau da, irudia dela hitz asko eta askoren azpian dagoena: ezaguna da gure bertso hitzaren jatorri den latinezko versus hitzak "lurra goldatzean egiten den ildoa" esan nahi zuela hasieran, eta, geroago, metaforaren mirariz, idaztean uzten den arrastoa ere bai. Jakina, latinaren hitz horrek munduko hainbat hizkuntzatan utzi dituen ondorengo barianteak erabiltzen dituzten hiztun gehienak ez dira jabetzen hitz horien azpian dagoen metaforaz, menderik mende galdu bait da harenganako kontzientzia; edo lehenago esan bezala, ikustezin bilakatu bait da.

Baina ez dago zertan mende luzetako bilakaeraren ondoren beren izaera edo jatorri metaforikoa izkutatu duten esakerak bakarrik hona ekarririk, zeren eta beste horrenbeste gertatzen bait da oraingo garaian iruditasun hori bizirik duten hainbat eta hainbat hitzekin; berezko esanahia ala irudizkoa ikasten dugun lehenago, hor dago koska. Esate baterako, neretzat cancerbero hitza ikasi nuenean futboleko atezainak izendatzeko erabilia den zentzuan ikasi nuen, eta ezusteko galanta izan zen neretzat hitz horren lehenengo osagaiak adierazi bezala, txakur baten —hori bai, oso txakur berezi baten— izena zela jakitea.

Baina utz ditzadan alde bat mitologiak, etimologiak eta gainerako "logia" guztiak, nere asmoetatik bazterreratzen ari bait naiz, eta noan artikulu honen xede zehatzera: itzulpenera.

Hizkuntza guztietan badira metafora biziak eta metafora fosilak: lehenengoak adibide edo konparazio-irudi bezala erabiltzen ditugu, adierazmolde bezala: Porque vivir se ha puesto al rojo vivo; bizia gorri bizian jarri da orain. Metafora fosilak, berriz, hizkuntza baten lexikoan dauden egitura idiomatikoak dira, eta erabiltzen ditugunean zentzu idiomatiko horretan erabiltzen ditugu, ez beren lehen zentzuan: jostorratzaren begia; el ojo de la aguja. La cordillera corre de norte a sur del pais; mendilerroa herriaren iparraldetik hegoaldera luzatzen da.

Itzulpengintzan, era bateko edo besteko metaforen aurrean topatzen den itzultzaileak normalean ez du jokaera berbera azaltzen; metafora biziak itzuli ohi dira, metafora bera erabiliz, baldin eta xedehizkuntzan ere metafora horrek zentzua badu, edota balio beretsua duen irudi batez. Metafora fosilak, aldiz, esamolde idiomatikoak diren aldetik, hizkuntza bakoitzean zein erabiltzen den jakin behar da lehenik, eta hizkuntza bakoitzean balio bera dutenak bilatuko dira (baliokidetza). Baina hizkuntzek elkarren arteko harremanak dituztenez gero, eta elkarrekin bide luzea egin dutenez gero ilunpeko garaietatik honaino, halako amankomuneko altxor bat osatu dute, eta honelako metafora fosiletatik hainbat eta hainbat hizkuntza batetik bestera igaro dira.

Horiek horrela, artikulu honen helburua gure itzulpen lanean irudien inguruan gertatzen dena ikustea izango da, edo bestela esanda, erdal hizkuntzetatik euskaratzen dugunean eta euskaratik erdal hizkuntzetara itzultzen dugunean euskal itzultzaileok nola jokatzen dugun aztertzea. Iruditzen bait zait, alegia, nahiko jokaera ezberdina azaltzen dugula batean aritu ala bestean aritu. Adibideetarako hartuko ditugun esaldien jatorria lau liburu dira, bi erdaretatik euskaratuak: Hadrianoren oroitzapenak eta Paskual Duarteren sendia; eta beste biak euskaratik gaztelaniara itzuliak —ez hori bakarrik, baizik eta, gainera, euskal bertsioaren egileek berek itzuliak (edo)—: Grande Placen aurkituko gara eta, nola ez, Obabakoak[1]. Haietan badirudi badirela zenbait konstante:

a) Euskarazkoan irudi zentzuz erabilitako esakeraren bat dagoenean halaxe itzultzen da ia beti erdarara, beste irudi batez, alegia:

Grand Placen...

  • eguzkiaren epeltasunak laztandua
    - acariciado por los tibios rayos de mayo

  • aho gusto lehorra ezabatzeko
    - para borrar el seco regusto

  • bere keinu guztiei zerien finezia
    - la delicadeza que emana de todos sus gestos

  • inor ez kalean, isiltasuna nagusi
    - calles desiertas donde imperaba el desierto

  • indar handiagoaz geratu direlako grabaturik
    - ...han sido grabados en mi corazón

  • alegrantziaz lehertuko nintzela...
    - estallaría de alegria

  • [loreak] bere usain gozoaz kutsatzeko eta inundatzeko[2] gauza bait dira
    - incluso un lugar tan espacioso se inunda con su perfume

Obabakoak

  • erabakia sendoa zen
    - era una decisión firme

  • bere libretari ere aitortzen ez ziona [ohitura bat]
    - una costumbre que ni siquiera se atrevía a confesar a su diario

  • altzairuzko ate berri eta zatar hatek itxutzen baitzuen [...] arku fantasiatsua
    - una puerta de acero nueva y fea cegaba el fantasioso arco

  • esan zuen berak azkenez, here golkorako bezala
    - musitó el director como para sus adentros

  • Duela hilabete edo, artean bere izenak zerbait esaten zion
    - Hace un par de meses su nombre representaba algo para él

  • Ez zion ikarari biderik egin behar
    - Lo importante era no dejarse dominar por el miedo

  • bere hizimodu aldaketaren oinarrian zegoen altxorra
    - el tesoro que cimentaba la Nueva Etapa de su Vida

b) Ordea, euskarazkoan berezko irudirik ez dagoen esakera askotan irudizko itzulpena ematen da erdaraz, edota dagoen irudiaren zama semantikoa indartu edo areagotu egiten da:

Grand Placen...

  • eta laurok elkartu gara besarkada mutu batean
    - y nos hemos fundido en un mudo abrazo

  • udal-etxeko dorrea, goian San Migelekin
    - la torre del Ayuntamiento, y San Miguel en su cima

  • sentsazio hori areagotzeko asmoz
    - con la idea de agudizar esa sensación

  • edifizio hau arkitekto batek egina ez izatea
    - no fueran concebidos por un só1o arquitecto

  • ze sentsazio arrotz multzoa sentitzen dudan
    - siento que me invadeun mar de sensaciones

  • guztiz urduri eta nerbiosa jarriko nintzela
    - me consumirían los nervios

  • hitz lelo hutsez betetako hisita eta gutunetan
    - en cartas y visitas preñadas de palabras banales y vacias

  • gero esan zidatenez, ez zerbait morborik gabe
    - posteriormente me contaron, no sin una cierta dosis de morbosidad

  • dena tonu berde honekin orok politago, suabeago ematen du
    - todo es mas suave y hermoso bañado con este color verde

Obabakoak

  • libretan egiten zituen apunteak
    - las anotaciones que confiaba a su diario

  • baina berak ez zuen konprenitzen orratz haien zentzua
    - pero el significado de aquellas agujas escapaba a su comprensión

  • Mugatseko morroi ttikiak duda aurpegia jarri zion
    - el joven criado esbozó un gesto, entre la perplejidad y la desconfianza

  • goizeroko teatro haiek toki berdinean egiten zituen beti
    - sus representaciones tenían siempre como escenario...

  • gorputza dantzan bezala mugituz aldatu zen arropaz
    - se cambió de ropa moviendo el cuerpo y los brazos, amagando un baile

  • alegrantzia bizi batek hartzen zion bihotza
    - una viva alegria inundaba su corazón

  • berritu egin zitzaizkion lagunik lagunenari idazteko desioak
    - renació en ella el deseo de escribir a Su Mejor Amigo

  • bere bihotz etsia errebelatu egin zen
    - el despecho que albergaba en su corazón se rebeló

  • izenak hartu zuen ordurarte etsipenak edukitako lekua
    - la confusión que habia habitado en ella dejó su lugar al miedo

  • eta aitorpen kutsu nabarmeneko lerroak idazten zituen
    - y plasmaba allí las reflexiones...

d) Erdal testuetan azaltzen diren irudizko esamoldeei oso gutxitan eusten zaie euskal itzulpenean:

Paskual Duarteren sendia

  • en algunos pasajes demasiado crudos de la obra
    - idazlanaren gertakari gordinegietan

  • dónde había de cortar [el relato]
    - non moztu beharko ote nuen

  • no tiene usted idea de la impresión profunda que ha dejado en mi espíritu, de la honda huella, del marcado surco que en mi alma produjeran
    - ezin jakin zenezake zenbaterainoko zarrazta sakona utzi duten nere barnean[3], nolako hatza egin duten nere animan eta zein ildo nabarmena nere bihotz muinean

  • el odio tarda años en incubar
    - gorrotoak denbora behar du habia egiteko[4]

Hadrianoren oroitzapenak

  • prêt à en rejeter le blâme sur le jeune lollas
    - horren errua [...] Iollas sendagile gazteari leporatzen zion

  • triste amalgame de lymphe et de sang
    - linfa eta odolezko amalgama triste bat[5]

  • un monstre sournois
    - munstro azpijale bat

  • ma plus ancienne expérience de la mort
    - nire lehen topaketa heriotzarekin[6]

  • Nos Romans [...] s'inondent de sauces
    - Gure Erromatarrok [...l hainbat saltsaren uholdetan ito...[7]

e) Baina gehienetan zentzuaren araberako itzulpena egiten da, guztiz denotatiboa edo azalpenezkoa:

Paskual Duarteren sendia

  • como quiero descargar mi conciencia
    - nere barrunbea lasaitzeko asmoz[8]

  • no se me oculta que mi recuerdo...
    - badakit nere oroitza...

  • el tiempo que he gastado
    - erabili dudan denbora

  • me corre un estremecimiento
    - dardaraz jartzen nau

  • solución que repugna a la veracidad de este libro
    - hau ez litzateke liburu honen egiatasunari dagokion joera jatorra izango

  • estampando estas palabras
    - idazten dizkizut hitz hauek

  • para no precipitar el escandalo
    - iskanbilariksortu ez dadin

  • no se le escapa detalle
    - ez zaio ezertxo ere ikusi gabe gelditzen

Hadrianoren oroitzapenak

  • je t'etpargne des details
    - Ez dizut aipatu nahi [...] hainbat xehetasun

  • je ne lui marchande pas les soins necessaires
    - [gorputzari] ez diot beharrezko dukeen inolako arreta eta txerarik ukatzen

  • Peut-etre n'ai-je ette' si économe de sang humain
    - giza odol ugari alferrik isuri ez badut

  • interminables histoires de chasse qui mettraient à l'épreuve la patiente de mes invités
    - erabat agortaraziko bait nuke [...] gonbidatuen pazientzia

  • il savait exactement [...] le point ou ma volonte divorçait d'avec ma force
    - zein puntutan hasten zen nire borondatea nire ahalmenetik bereizten

  • subitement vautres par la conquete dans les cuisines de l'Asie
    - bat batean, konkistak direla medio, zera bihurtu garen...

  • ses pates de faisans [...] témoignaient d 'un art aussi exac t que celui du musicien haren faisai-pateek [...]
    - bazuten musikari baten artearekin alderatzeko bezainbat antzetasun

Hona ekarri ditudan adibideak aski azaletik arakatu ondoren lortu dira, eta, jakina, askoz esanguratsuagoak topa nitzake, bai eta, nola ez, hauetatik ateratzen diren ondorioak ukatzen dituztenak ere. Alabaina, nik uste dut, eta uste horren indargarri itzultzeak eman didan esperientzia ere ekar nezake orriotara, nahiko joera nabarmenak direla aurreko esaldi hauek erakusten dituztenak, euskara dela tarteko egiten dugun itzulpenari dagokionez —eta oso datu jakingarria iruditzen zait, gainera, testu horien asmatzaile diren idazle bik holakoxe jokaera desorekatua erakustea hizkuntza batean eta bestean—.

Hau da, erdarak —gaztelerak zein frantsesak kasu honetan— askoz garatuagoa dauka irudi bidezko espresabidea, eta dexentez aberatsagoa da hitzen polisemian; ondorioz hizkuntza hauetan esakera konnotatiboak erruz topatuko ditugu. Egitate hau oztopo nabari bilakatu zaigu euskal itzultzaileoi, euskaratzen dugunean askotxo, eta errazegi beharbada, jotzen bait dugu azalpenezko itzulpenera, hau da, euskaraz ustez edo ez daukagun irudizko esamoldea baztertu, eta haren ordezko azalpen laua egitera. Honetan, gainera, euskal hiztegiak ere ez dira batere lagungarri gertatzen, gehienetan euskararen garbitasunaren ohorez irudigabeko edo azalpenezko ordainak baino ez bait dituzte ematen. Ondorioz zer datorkigun asmatzea ez da zaila: itzulpen zuzenak, bai, baina jatorrizkoen aldean kolorerik gabeak, lauak, gezak.

Gehiegizko neurrian heltzen diegu jarri, hartu, egin, esan, idatzi, jakin eta beste "omnibus hitzei", aditzak soilik salatzearren. Baina ez bakarrik itzultzaileok; ikusi dugun bezala, euskal idazleek ere badute sail honetan zer jorraturik, eta gure gabezia honegatik beren erantzunkizunari aurre egin beharrik ere bai. Ikusi besterik ez dago gorago papereratu ditudan azalpenezko izenez bataiatu ditugun esaldien artean honelako zenbat "omnibus hitz" dagoen, oinarrizko lexikotik urruntzen ez diren zenbat hitz. Ez da harrigarria, horregatik, halako amildegi semantikoa egotea euskal liburu horien itzulpenean, idazleek berek egindakoetan; izan ere, erdaraz —geurea ere den erdaraz, zehaztuko dugu— beste neurri bat erabiltzen dugu testuen literaturtasuna erabakitzeko, eta askoz ohitura sendoagoa dugu irudiez baliatzeko esan beharrekoak esatean edo idaztean.

Baina itzultzaileok ere erruan dugun geure zatiari ezin diogu ihes egin. Hainbat gutxiago, itzulpenak gure artean hartu duen munta ikusita, gehiegikerian erortzeko beldurrik gabe esan bait liteke gaur egun euskararen ereduaren bidea erabakitzeko adinako indarra hartu duela. Behin eta berriz errepikatuko dugu euskara eta erdara(k) erabat ezberdinak direla, eta batean (batzuetan) esaten dena ez dagoela zertan gurean ere erabilirik; hori egia da askotan, baina argudioa errepika eta errepika, azkenean geure burua zuritzeko ezin egokiagoa egin zaigu, ahaztuta daukagularik euskara ez dela orain hogeitabi urte Europako hizkuntzen artera zerutik jausitako hizkuntza bat, hau da, amankomuneko historia bat badugula beste hizkuntzekin, eta, are garrantzitsuagoa, amankomuneko historia bat daukagula zain.

Azken puntua ipini aurretik, ekar dezadan hona M. Vazquez Ayora-ren Introducción a la traductología liburutik ateratako pasarte txiki bat, artikulu honen izpiritua nolabait laburbiltzen duena:

Las traducciones explicadas destruyen todos los matices, sus soluciones no son intercambiables con las expresiones originales en las respectivas situaciones. El procedimiento debe orientarse a producir un exponente intercambiable de verdad; es preciso buscar una equivalencia de la mas elevada probabilidad. (320. orria)


Oharrak

1. Dena dela, liburu hau itzuli duten bezala itzuli dutela, ez da lan arina adibidetarako balio dezaketen esaldiak aurkitzea.

2. Irudi hau ezinezkoa zen euskaraz erdal inundar horren baliokideekin, usain batek ezin bait du plazarik urpetu edo urez bete, bi esamolde hauek garbiegiak bait dira —euskal lexikoaren errealismoari leporatu beharko—, erdal inundar opako horren aldamenean. Nonbait egilearentzat beste aditzak, kutsatuk, ez zeukan inundar horrek adinako indar espresiborik, eta irudiarekin batera erdal hitza ere mailegatu beharrean aurkitu da.

3. Hemen espiritu hitzaren euskal ordaina —ordain garbia, ez dezagun ahaztu— irudi bat da: barnea.

4. Jatorrizko irudi bera ez izan arren, haren aldamenekoa da.

5. Kontutan hartu amalgama hitza teknikoa dela sortzez, kimikaren alorrekoa, eta euskal hiztegietan sarrerarik ez zaiola ematen ia: Kintanarenean mailegua jasotzen da inolako azalpenik gabe; L.Md Mujikarenean kimikari atxekia azaltzen da soilik —hau da, irudizko zentzurik ez zaiola aitortzen, zentzu horretan guztiz euskaldunak diren nahasketa eta gainerako aldaerak aski direlako—; Placido Mugicarenean agertu ere ez —nahasketa zentzua eta erabilera baino izango ez balu bezala—.

6. Ikus 4. oharra.

7. ikus 2. oharrean esandakoa.

8. Hemen descargar irudia hitz denotatibo batez itzuli da: lasaitu; aldiz, conciencia itzultzean irudi batez baliatu da (ikus 3. oharra).