Euskal erakunde publikoak eta itzulpengintza: Eusko Legebiltzarra
Mikel Garmendia

Eusko Legebiltzarra sortu zenetik hamar urte bete berri direlarik, egokiera ona dugu berau hamar urteotan Eusko Legebiltzarrean egindako itzulpengintza, gainetik bada ere, aztertzeko.

Eratu zenetik (1980ko martxoak 31), Eusko Legebiltzarrak guztiz bere egin nahi izan du Gernikako Estatutuak agintzen duena, hots: "Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera, eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea".

Ildo honetatik Eusko Legebiltzarrean lehenengo Araudiak (behin-behingo aldia gainditurik) honela dio Aitzin-Idazpuruan: "Euskara eta gaztelania dira Eusko Legebiltzarreko hizkuntza ofizialak, biak aukeran erabili daitezkeela; Legebiltzarraren argitalpenak bi hizkuntzetan egongo dira".

Hirugarren legegintzaldiaren hasieran osoko bilkurei buruzko Bilkura-Egunkarien argitarapenean hutsune handia batetik, eta, bestetik, Aldizkari Ofizialean legebiltzar eta legegintza bizitzari eragiten dieten egitateei buruzko dokumentazio urritasuna nabari dira.

Esan beharrik ez dago 1980an Eusko Legebiltzarra eratu zenean oso baliabide urriz hasi ginela ibilian. Eta, jakina, baliabide urritasun hau egitura, antolakuntza eta abarren mailakoa izanik, zer esanik ez itzulpengintzari bagagozkio.

Hasiera hartan hiru itzultzailek, idazkari batek eta itzulpen zerbitzuburu batek osatu genuen itzulpen saila eta itzulpengintzari ekin. Begibistakoa da gaur egun oraindik hizkuntza administratiboa finkatzeke badugu, garai hartan ere finkatzekeago geneukala. Hortaz, osoko bilkurak itzultzeari ekin genion, eragozpenak sortu ahala ebatziz eta emandako irtenbide hauek jasoz halako hitz bilduma osatuz (1985ean argitaratua: Agintaritza-Aldizkarietatikako HitzBilduma).

Harrez gero euri asko egin due ta hamarkada honetan ez da, garbizalekeria dela eta ez dela, itzulpengintza motari buruzko eztabaida, ihardunaldi eta antzekorik falta izan.

Nolanahi ere den, eztabaida hori gainditzen hasiak garela esango nuke, eta euskal hizkuntza administratiboa finkatzeko bidea luzea bada ere normaltzen hasia delakoan nago.

Egitate hauen azterketak Itzulpen Zerbitzuak Estatutu eta araudiaren agindua betetzeko zuen baliabide eskasia erakusten du. Horregatik izan du Itzulpen Sailak legegintzaldi honetan bultzada handia, giza zein gauzazko baliabideetan, elebitasunak ezartzen duen lan itzela gauzatu ahal izateko: Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala, Osoko Bilkuren Egunkaria, barne adierazpenak, legegintza etabar elebidun egitea. Honi buruz hartutako neurri nagusienak aipatuko ditugu:

a) Giza baliabideak:

1987: Itzultzaileen erroldari beste bi erantsi zitzaizkion.

1988: Urtean zehar beste bi itzultzaile sartu ziren erroldan.

Lau itzultzaile akuratu ziren aldibaterako atzeratutako bilkura-egunkariak egunera jartzeko.

b) Baliabide materialeak:

  • Testuen tratamendurako pantailak ezarri ziren itzultzaile bakoitzak bere terminala duelarik.

d) Baliabide osagarriak:

  • Lehiaketa bidez Legebiltzarraren zerbitzuetatik kanpoko itzultzaile talde bati bigarren legegintzaldiko itzuli gabeko bilkura-egunkariak eman zitzaizkion itzultzeko.

Gaur egungo egoera eta duela hamar urtekoa alderatuz gero, argi eta garbi dago egoera bi z iki hobe tu de la eta hirugarren legegintzal diaren hasieran emandako bultzadak berebiziko garrantzia izan duela aurrera egite eta hobetze honetan.

Dena den, Eusko Legebiltzarra ez da (ez genuke nahi bederen) euskal administrazio-itzulpengintzaren mundutik at bizi eta mundu honek dituen arazo berberak soma daitezke: terminologi batasunik eza, sintaxi arazoak, etabar luze bat.

Beraz, ikusi dugunez baliabide materialei dagokienez aurrerapauso handiak egin direla esan behar. Bada, haatik, premia handiz egin beharreko beste aurrerapausurik: zehazki esatearren, idatzizko itzulpengintzari eman zaion bultzada behar du Eusko Legebiltzarrean interpretaritzak. Iragan hamar urteotan inongo prestakuntzarik gabe ihardun dugu aldi bereko itzulpengintzan ahal izan dugun bezala konpondu garelarik. Egina dugu jadanik prestakuntza hori jasotzeko eskabidea eta laster batetan erantzungo digutelakoan gaude.

Prestakuntzarik gabe ihardun izan honek bi alderd ditu, noski: prestakuntzarik eza eta ihardun izana. Ihardun izanak esperientzia ematen dio interpretariari, baina prestakuntzarik ezaz ihardun izanak hainbat arrisku dakar bere baitan: zenbait bizio hartzea (makinaz idazten bere kasa ikasten duenak bezala), errekurtsorik eza, etab.

Bestalde, hizlariak, parlamentariak, ez daude jabetuta, edo, hobeki esanda, ez ditugu ongi ohitu. Esan nahi dut, askotan gertatu dela parlamentari batek bere mintzaldia idatzita ekarri eta aldez aurretik interpretariari eskuratu gabe izugarrizko abiadan irakurtzea.

Jakina, arazo hauek guztiak araututa dituzte hizkuntza normalduago duten beste herrialdeek, eta gure kasuan ere araupeketa horren premian gaude.

Esan gabe doa, prestakuntza eta interpretaritzari buruzko araudia etabar behar-beharrezkoak baditugu, badugu horiek baino lehenago eman beharreko pausurik: egundaino nahasi egin dira interpretaria eta itzultzailea. Gai eztabaidagarria dugu berau, lanpostu horietara heltzeko frogak ez bait dira denak berdinak izan eta aldatuz joan bait dira. Nolanahi ere den, bistan da gauza bat dela interpretaria eta besterik itzultzailea, nahiz eta pertsona berak, derrigorrez ez bada ere, bi eginkizunak bete ditzakeen.

Ondorioz, interpretaritzan iharduteko ezinbestekoa dugula esan behar prestakuntza, eta lehen hortarako aukerarik ez bagenuen, gaur egun hor dugu, besteak beste, EIZIEren interpretaritza batzordea arazo guzti hauek planteiatzeko, interpretarien prestakuntza eta trebakuntza bideratzeko eta esperientziak elkar trukatuz interpretaritza garatzeko.

Legebiltzarreko mintzaldi transkribatuen itzulpena

Beste gai batera igaroz, laburki zehaztearren, epaiketa, diputatuen kongresu eta antzekoetan aretoaren erdikaldean makinaz idazten duen estenotipistak transkribatu ohi dituen mintzaldi eta diskurtsoez arituko gara orain. Beste hainbat erakundetan, hala nola udaletan, etab., ez da transkribapenik egiten, izandako mintzaldi edo interbentzioen laburpen modukoa baizik. Beste batzutan, estenotipistaren lana grabagailu batek egiten du besterik gabe, jarraian erredaktoreek beharrezko zuzenketak egin ondoren grabaturiko zinta hauek papereratzen direlarik dauden-daudenean argitaratzeko, edota hauek itzuli ondoren argitarapen elebiduna ateratzeko.

Parekotasuna begibistakoa da. Esan nahi dut, transkribatutako testuaren itzulpen idatziaren parean aldi bereko deituriko itzulpena jarri genezakeen bezalaxe, halako hizkuntzan egindako diskurtso baten idatzizko laburpenaren parean esan osteko itzulpena jar genezakeela mintza mailan:

a) Aldi bereko itzulpena................ Transkribaturiko testuaren itzulpena

b) Esan osteko itzulpena.............. Idatzizko itzulpen laburtua

Aldea nabarmena dugu, lehenengo kasuan hitzez-hitzeko itzulpena egiten ez bada ere esandako guztia itzultzen bait da, eta bigarrenean, aldiz, ahal den heinean, jatorrizko diskurtsoan emandako ideia nagusienak itzultzen bait dira. Honako konparaketa xelebre samarra gerta badaiteke ere a) eta b) kasuak bereizten lagunduko digulakoan nago, hots: koka gaitezen futbol partidu baten kontestuan. Aldi bereko itzulpena arbitro jaunak egingo luke eta transkribatutako testuaren itzulpena mobiolatik aterako genuke. Esan osteko itzulpena komentaristak egingo luke zuzenean, eta idatzizko itzulpen laburtua egunkarietan irakurriko genuke astelehen goizean.

Idazlan honek a) kasua aztertzen eta zenbait ondorio ateratzen saiatuko gara, erreferentzia gisa Eusko Legebiltzarrak argitaratzen duen Bilkura-Egunkaria izango dugularik.

Hona a) kasuko transkribatutako testu baten itzulpena:

De todas maneras, efectivamente, quiero considerar, y he considerado con otros grupos politicos, pues, el esfuerzo que ha habido en este sentido; que se ha llegado a esa soluci6n de esos 750 millones que, aunque realmente son insuficientes, pues van a posibilitar por lo menos, aunque sea a nivel de atenci6n o aunque sea a nivel, bueno, de un simbolismo real, c6mo se debe orientar tambien el pr6ximo Presupuesto del ano 82, y tambien, pues, las mismas variaciones, y en algunos casos de cierta entidad, que han sufrido los presentes Presupuestos.

Gisa guztiz, izan ere, alde honetan egindako ahalegina nahi dut aintzat hartu, eta hala egin dut beste zenbait politika-talderekin; 750 miloi horien konponbidera heldu dela, miloi horiek, zinez urriak badira ere, besterik ez bada, arduratzen aldetik behintzat edo egiazko irudikatze aldetik behintzat, 82. urteko hurrengo Diruegitamua ere nola bideratu beharra dagoen bederen erraztuko bait dute; eta orobat, oraingo Aurrekontuok izan dituzten aldaketak berak, zenbaitetan handi samarrak direnak. (*)

Ezin dugu inolaz ere ahantz itzuli beharreko testua idatziz ematen bazaigu ere transkripzio hutsa dugula, hau da, hor esandakoak ahoz esanak direla. Honek baditu bere ondorioak. Hizlaria oratorian oso trebatua izan ezik, hizkera hori ez da sekulan patxadaz pentsatu ondoren maila logiko-gramatikal handiko testuetakoa bezain landua izango. Hizkera azkarra, bapatekoa eta zenbaitetan traketsa ere aurkituko dugu honelakoetan. Honen erakusgarri ditugu mintzaldi horietan erabiltzen diren hainbat eta hainbat "muletilla" eta antzeko askotan sobran bait daude, hala nola bueno, en definitiva, pues, efectivamente... Hauek, gehienetan, hutsuneak betetzeko besterik ez dira eta, jakina, euskaraz ere badugu horrelakorik. Arazoa, alabaina, gaztelerazko "muletilla" horiek itzultzeko euskarazko baliokideak topatzean datza. Gaztelerazko pues euskaraz bada esaten dugu, eta erruz edo maizegi gainera. Efectivamente itzultzeko, aldiz, kontestuari begiratu behar: izan ere, egia da, hain zuzen... Euskaraz bueno esateko nola jokatu? Beno jartzea ez al da artifizialegi gertatzen? Ez al da, maila kolokialean bada ere, euskaraz ere bueno esaten?

Azken finean arazo guzti hauen zergatia euskal oratoria sendo baten tradizio eza genuke. Edota, are soilago: euskal hizlariek gaztelerazko eskema logiko-gramatikalak darabiltzate euskarazko diskurtsoak egiteko. Hona honen erakusgarri oraintsuko euskarazko interbentzio bat:

Beraz, zai gelditzen gara itaun honen erantzunari, eta, edozein kasutan eskatzen diogu Sailburu jaunari arreta berezi bat eskaintzea gai honi, kontutan izanik alde batetik 300 pertsonaren etorkizuna ikusten dugula, nolabait, zaildutan eta beste alde batetik Arabako nekazaritzan erremolatxa alorrak daukan garrantzia. Eskerrik asko. (*)

Testu honen itzulpena hitzez-hitz eman genezake gazteleraz, hizkuntza honen ordena berbera eta baita zenbait espresio-kalku ere; hala ere, badirudi egokiago litzatekeela en cualquier caso euskaraz emateko nolanahi ere den edota antzekoez baliatzea edozein kasutan jartzea baino.

Bestalde, aipatu testuko zai gelditzen gara itaun honen erantzunari ez genuke dudarik gabe normalean honela esango.

Dena dela, oso kontutan izan behar dugu mintzaldien transkribapenak ditugula eta ezin zaindu, hortaz, aldez aurretik idatzirik prestaturiko testuek izan ohi duten logikotasuna, gramatikaltasuna, anakolutorik eza, etab.

Beraz, maila honetan euskarak gaztelerak dituen zailtasun berberak azalduko lizkiguke.

Arazoa, ordea, areagokoa dugu: inork halako hizlarik halako bilkuratan zer-nolako diskurtso, erreplika edo dena delakoa xeheki jakin nahi izanez gero aski ote transkribatutako mintzaldi haren itzulpena irakurtzea? Esango nuke zer esan zuen baietz, hori jakingo genukeela; ez, alabaina, nola, zer espresio-moduz, doinuz, etab.

Bestalde, hor dugu elebitasunari dagokionez askoz ere aurreratuagoa dagoen Kataluniaren kasua. Han ere argitaratzen bait dituzte, Valencian eta Galizan bezalaxe, bilkura-egunkariak, baina ez hitzez-hitz itzuliak. Han transkripzio hutsa argitaratzen dute, beharrezko zuzenketak egin ondoren, noski. Kontua begibistakoa da: gazteleraz dakien batek oso erraz aditzen ditu katalaneraz, balentzieraz edo gallegoz egindako mintzaldiak. Euskaraz egindakoez, aldiz, ezin honelakorik esan.

Irtenbide ideala euskal politikari guztiek euskaraz ikastea litzateke, jakina denez. Bitartean hona beste irtenbide posible bat: Katalunian, Valencian eta Galizan bezala transkribapen hutsa argitaratu eta euskarazko mintzaldi urrien laburpen gisakoa eman, ideien itzulpena esaten dena, alegia.


(*) Bi testuok Eusko Legebiltzarrak argitaratzen dituen Bilkura-Egunkarietatik hartuak dira.