Euskarak badu zinpeko itzultzailerik
Koldo Biguri

SENEZ aldizkari honen aurreko zenbaki bikoitzean Carmen del Río, zinpeko interpretari eta Atzerri Ministraritzako Hizkuntz Interpretaritzarako Bulegoko funtzionariak ematen zigun zinpeko interpretaritzaren berri: zer den, Espainian nola araututa dagoen, eta abar. Artikulu hartan, hala ere, ez zen zehazten Espainian oraintsu arte gazteleraz gain hizkuntza gailegoak eta katalanak baino ez zutela zinpeko itzultzaile edo interpretaririk, edo, bestela esanda, euskal zinpeko itzultzaile batik ere ez zegoela. Errua bilatzen jartzekotan, Ministraritzara bertara jo beharko genuke, baina baita gure hemengo erakunde politikoen axolagabekeriara ere, ezen Euskararen Normalkuntzarako Legeak zinpeko itzultzaile titulua euskal erkidego autonomoaren ahalmentzat jo eta Auzitegi Konstituzionalak ahalmen hori ukatu zionez geroztik, bazirudien hemengo erakundeek beren eskutik guztiz utzita zeukatela arlo hori, haren beharra sumatzen bazen ere.

Euskal Itzultzaileen Elkarteak ez zuen etsi, hala ere, eta zenbait kontakturi esker gainditu ahal izan ziren euskal zinpeko itzultzaile azterketak antolatzeko zeuden oztopoak, eta hala egin ere egin zen azterketa joan den urteko azaroaren 2an, Madrilen. Agian ustekabean, 65 itzultzailek eman zuten izena, eta 55 bertaratu.

Azterketan gorabeherak egon ziren jarritako bi testuak zirela eta ez zirela, zehazkiago haietatik lehena, hiztegiaren laguntzarik gabe itzuli beharrekoa, Jean Etxepareren Buruxkak liburuko testu bat zelako, literarioa nolabait eta, gainera, behenafarreraz idatzia, inortxok ere espero ez zuelarik horrelakorik. Bigarrena, aldiz, Balio Erantsiaren Zergari buruzko testu teknikoa zen, euskarara itzulia, nahiz eta, teorian behintzat, jatorrizko hizkuntzan idatzitako testuak baino ezin ziren jarri. Testuen hautaketa Hizkuntz Interpretaziorako Bulegoak berak Madrilen aurkitutako lankideek egin zuten, eta hortxe bilatu behar testu horiek halako azterketa horretarako ustez desegokiak izatearen arrazoia. Dena dela, testuen egokitasuna ala egokitasunik eza eritzi kontua baino ez da, eta, jakina, zenbat buru hainbat aburu.

Geroztik, urak berera etorri, eta aurtengo martxoaren 16an eman zituen Epaimahaiak deialdian sartutako hizkuntza guztien azterketen ondorioak, hil bereko 22.eko BOEan argitaratu zirelarik. Ebazpenaren arabera, aurkeztu zirenetatik zortzi itzultzailek gainditu zuten proba, hau da, estatistiken alderako joera dutenentzat, %14,5ek; beste hainbat hizkuntzen azterketetan gainditu zuten baino portzentaia handiagoa, beraz.

Izendapen ofiziala aldizkariaren zenbaki hau kaleratu orduko egina egongo da, eta orduan zinpeko itzultzaileek estatu osoan egin ahalko dute lan, hau da, Euskal Herritik kanpo beharra gertatuz gero ere zereginik eduki ahalko dute. Aldez aurretik, hala ere, izendatutakoek zeinek bere herrialdeko Gobernu Zibilaren edo Gobernu Ordezkaritzaren erroldan sartu beharko dute, bertan luzatuko zaielarik zinpeko itzultzaile karneta. Orduantxe hasi ahalko dira ziurtapen beharreko itzulpen edo interpretaritza lanak egiten auzitegietan edo auzitegientzat, Administrazioarentzat, edota partikularrentzat. Denborak esango du, beti bezala, itzulpengintzaren alor honek nolako bilakabidea eta nolako garrantzia izango duen gure artean.