Euskal interpretaritzaren errealitate mingotsa
Lurdes Auzmendi, Koldo Tapia

Hizkuntza normalizatzeko bidea ala tresna politikoa ote?

Askorentzat hain disdiragarria den lanbide hau aztertzen hasterakoan bi planteamendu azaltzeko aukera daude, lanbidearen berezko errealitatea agertzea, egin dena eta egiten dena kontatuz, edo bestela lanbideak euskal interpretarioi sortzen dizkigun arazo, neke eta frustrazio ugarien nondik norakoaz hitzegitea. Eta izenburuak ongi adierazten duen eran, bigarren aukerari heldu diogu.

Badakigu euskal hiritar arruntarentzat nahiko lanbide ezezaguna dela hau, baina ezezaguna da baita beretaz baliatu behar direnentzat ere, eta arazoak, bigarren maila honetako hutsegitetik datozkigu.

Baina bete betean gaira sartu aurretik, eta euskal interpretaritzak bizi duen egoera ulertzeko, egin dezagun euskal interpretaritzak duen bizitzaren eta errealitatearen historia labur bat. Joan den hamarkadaren haseran egin ziren euskal interpretaritzako lehen jardunak Donostian. Filosofia eta Hezkuntza Zientzi en Fakultatean eta Donostiako Epaitegian eman ziren lehen pausoak aldibereko interpretaritzan eta gaztelera eta alemana izan ziren lehen ihardun hauetako sorburu hizkuntzak. Ondoren etorri ziren Administrazio Publikoaren sailekoak eta hemen Gipuzkoako Foru Diputazioan egiten ziren Batzar Nagusien Bilerak dauzkagu esate baterako. Esanostekotik oso agudo pasa zen aldiberekora, baliatzaileek ikusi bait zuten askoz bizi eta bizkorragoa zela bigarren hau. Euskaltzaindiak 87an Leioan egin zituen Hizkuntz Jardunaldietan salto handi bat eman zen maila honetan, baina egiazko salto kuantitatiboa Mundu Biltzarraren eskutik etorri zen.

1988a bitartean, Eusko Legebiltzarrean, Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroan eta fakultateren bateko Gobernu Juntan, Epiategiren batean, eta Administrazio Publikoan udaletxeren bat edo bestetan eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietan egiten ziren oso aldizkako saioak kenduta kongresu, hitzaldi eta maila beretsuko jardunetan ia erabat ezezaguna zen euskal interpretarien beharra. Aldiz, 88an egin zen II. Mundu Biltzarrean, hau Eusko Jaurlaritzak antolatzen zuela kontutan izanik, legediak hizkuntza ofizialen erabileraz ziona errespetatu eta hizlari nahiz entzuleen aldetik euskaraz hitzegin zitekeela pentsatuz, kongresu askotxotan euskarazko interpretaritza ere jarri zen. Egia esan, hizlariek euskaraz egiten zuten kasuetan salbu gure iharduna testimonio hutsean geratu zen. Geroztik, kongresuetara hedatzen ari da euskal interpretaritza, baina esan behar da Hizkuntz Politikarako Idazkaritzak zuzenean edo bere partaidetzarekin antolatutako kongresuetan erabiltzen dela nagusiki euskara ere.

Euskal interpretaritzaz baliatzen diren erakunde edo kolektiboez hitzegiterakoan aipatzekoak dira Ikastolak eta nekazariak. Ikastolen eta Euskal Nekazarien biltzarretan praktika arrunt bilakatu da euskal interpretaritza; lehenengo kasuan euskararen erabileraren printzipioa bera errespetatzeko egiten dela esango genuke, bigarrenean aldiz ezinbestez, euskal nekazari askok arazoak bait dituzte gazteleraz hitzegiteko eta beste askok berriz euskaraz ez dakite. Beste mutur batean Euskal Telebistako lehen katea jarri beharko genuke, izan ere bi urtetan teknika honetaz baliatzen jardun ondoren iaz kendu egin bait zuten kostu ekonomikoa handia zelako edo. Eta gero, beste multzo handi bat osatu dezakegu iniziatiba pribatuarekin, kolegio profesionalek, erakunde finantzieroek, etabarrek protokolozko ekintzetan "euskara testimoniala" ondo ikusten bait dute. Euskal interpretaritza arma politiko bezala erabilia izateko lehen sintomak direla ez ezik lur ongarritua ere pronto dagoela esango genuke.

Erabilera hedatzen doa, baina kalitatea?

Euskal interpretaritza lanak egiten jarduten garenon kezka izan da beti gure lanaren kalitatea neurtzea. Gu garbi ohartzen gara ematen dugun kalitateaz eta ez daukagu hori askotan kaskarra dela esateko erreparo txikienik ere. Itzulpenaren mundutik interpretaritza egitera pasatu gara euskal interpretari guztiok eta lanbide honek eskatzen duen teknikez ezer jakin gabe, intuizio eta ausardi dosi handiarekin egin dugu salto hondarrera eta aurrez aurre azaldu zaigun zezenak indar guztiarekin adarkatu gaitu sarritan. Honek lanbidea errespeto handiagoarekin tratatzera eraman gaitu eta, inportanteagoa dena, autodidaktismoaren arriskutik ikasteko bidean jarri gaitu.

1987an Herri Arduralaritzarako Euskal Erakundeak eratu zuen interpretaritzako lehen ikastaroan zazpi pertsona aritu ginen bi hilabetez lanbidearen hurbilketa teoriko eta praktikoa egiten. Ondoren, ikastaro honetan ibilitako batzuk Administrazio Publikoan interpretaritza lanak egiten zituzten edo egin beharko zituztenei irakasten edo bide ilun honetan argi piskabat bilatzeko laguntza ematen aritu gara. Lan honetarako balio handikoa izan zaigu Gasteizen egindako lehen ikastaro hura, baina ez dira garrantzi txikiagokoak izan 88ko ekainean Itzultzaileen Elkarteak antolatuta John Matthews interpretari profesional eta Bartzelonako EUTI-ko irakasleak eman zigun mintegia eta eskuratu dugun bibliografiaren irakurketa eta azterketa.

Aurreratu dugu eta asko gainera, baina ikasteko eta eskuratzeko daukagunarekin konparatuta hasi besterik ez gara egin. Euskal interpretaritza beste hizkuntzetakoak duen mailara igo nahi eta behar dugu. Honetarako bidea hasi besterik ez dugu egin eta orain artekoa zaila izan bada, aurrean daukaguna ez da errazagoa izango, hori frogatu bait digu eskuratu dugun esperientziak.

Aurkitzen ditugun zailtasunak

Euskal interpretarion artean beti egiten dugu euskaratik edo euskarara egin behar izaten dugun lana. Euskaratik itzultzen dugunean askoz arduratuagoak sentitzen gara, aldiz euskarara itzuli behar dugunean batez ere gazteleratik, beti esaten dugu herri elebidun batean gaudela eta euskararekin gertatzen ez den bezala, denok dakigula gaztelera. Egia da, baita ere, gaztelera ez den beste hizkuntza batetik euskaratu behar dugunean, gero eta euskaldun gehiagok jarraitzen dutela mintzaldia euskaraz eta hor gu mugatuta gaude, frantseseko mintzaldi errazetan eta kasu batzutan ingelesekoetan salbu euskarara zuzenean itzultzeko gaitasunik ez daukagulako eta horietan jatorrizkotik gaztelerara egiten den itzulpenaz baliatu behar izaten gara aldi berean euskaratzeko. Hizkuntzak ikasteko edo sakontzeko premia, beraz, begibistakoa da.

Esaten ari ginenera itzuliz, mintzaldia jatorrizko hizkuntzan jarraitu badaiteke askoz hobe da itzulpena jarraitzea baino, eta askotan gazteleratik euskarara itzultzen dugunean eta euskal entzulegoaren eskubidea aitortu arren demagogia usaina ere hartzen diogu.

Baina hori ez da arazoa, arazoak beste maila batekoak dira eta hori da jarraian aztertu nahi duguna. Gure jarduna berez zaila bada, badira beste hizkuntzetako interpretariek normalean jasan behar izaten ez dituzten eta guri lanbidea jasangaitza bilakatu arazten diguten arazoak.

Euskal interpretaritzaz baliatu behar izaten diren instituzio, talde eta kolektiboek ez dute lanbide honen oinarrizko berririk. Esate baterako, eztabaidak sortzen direnean, hizlariek bata bestearen gainetik hitzegiten dute interpretariaz erabat ahaztuta eta honek ezin du etenik egin eta beraz askotan bere azalpenak ulergaitzak gertatzen dira. Moderatzaileak, lokutoreak eta hizlariak, denak jarduten dira interpretariarekiko eta ondorioz entzuleekiko ardurarik gabe.

Euskal hizlari gehiegi ez daude jendaurrean hitzegiten ohituta, beren buruei hitzegiten diete eta honen ondorioak hauek izaten dira: abiadura handiegian hitzegitea, abstrakzio maila altuegia erabiltzea, hizkuntza maila korapilotsua, etab.

Eta beste arazo larria hitzaldietako testu ezarena izaten da. Gure hizlariak hitzaldia hasi baino ordu erdi bat lehenago beren testuak ezin taxuturik ibiltzen dira eta interpretarioi bost minutu lehenago pasatzen zaigu pasatzen zaigunean, sarritan ikusi ere ez bait dugu egiten. Testu idatzien eta ahozko azalpenen arteko aldea erabatekoa da gure jardunerako, ez baita berdina maila batean eta bestean erabiltzen den hizkuntza maila, ez lexikoari eta ezta estrukturari dagokienean ere.

Beraz, kontuan izanik idatzizko itzulpenak egiten ditugunean testuaren zailtasunak direla medio askotan testuaren azterketak berak denbora lasai hartzea eskatzen digula, pentsa hori bapatean egin behar denean zer gertatzen zaigun. Euskarara edo euskaratik itzultzen denean hitzez hitzezko itzulpena erabat ezinezkoa bada, aldiberean estruktura moldaketa egitea ezinezkoa da eta horren ondorioz mezua gaizki eman dezakegu edo eman gabe utzi.

Bada, baita ere, interpretaritza zertan datzan gehiegi ez jakin eta, kasu gehienetan jatorrizko hizkuntzan mezuak duen edertasuna galdu egiten duela esaten duenik. Hemen esan behar da, interpretaritzaren helburu nagusia mezua ematea dela ahalik eta formarik egokienean, baina forma ez da ezinbesteko helburua.

Funtzio praktikoa ala funtzio politikoa?

Azaldu dugun egoera aintzakotzat harturik eta euskal interpretaritza egiten dela jakinik, galdera hau egiten diogu geure buruari: funtzio praktikoaren sustraietan murgiltzen ez badira erabiltzaileak, zein interesek bultzatuta ezartzen dute aldibereko interpretaritza? Askotan ohartu gara tamalez gure funtzioaren edertasunaz, euskal interpretariak badaude, baina edo ez dira errespetatzen (hizlariek ez gaituzte aintzakotzat hartzen eta egongo ez bagina bezala hitzegiten dute) edo han gaude, baina erderaz hitzegiten dute.

Euskal interpretaritzaren instrumentalizazio politikoa frogatzeko ehundaka adibide dauzkagu eta gertatu zaigun azkenekoetako bat azalduko dizuegu froga gisa. Joan den otsailean Gasteizen egin zen Pirineoetako Lan Komunitatearen Osoko Bilkura. Lan Komunitate honen lehendakaritza Ardantza Jaunaren eskuetan dago azken urte honetan eta horregatik egin zen bilera Gasteizen. Pirineoetako bi aldeetako lurralde ordezkariak zeuden bertan eta lan hizkuntzak beraz katalana, frantsesa, gaztelera eta euskara ziren. Frantsesek frantsesez hitzegiten zuten noski, katalanek katalanez eta Euskal Lurralde Autonomoko, Nafarroako eta Aragoiko ordezkariek gazteleraz. Euskaraz kultura batzordearen azalpena egin zen, Euskaltzaindiko Presidenteak eta Hizkuntz Idazkari Nagusiak ere euskaraz egin zuten; eta gehiago? Ardantza lehendakariak azken agurrean hiru minutuz hitzegin zuen euskaraz eta kito; moderatzaile lanetan etengabe erderaz jardun zen eta gainera, biltzarkide batek euskaraz zuzendu zion galderari euskaraz erantzun zion baina itzulpenak funtzionatzen zuen ala ez ez zekielako aitzakiarekin gero erderaz ere eman zituen argibideak.

Agintari politikoen aldetik euskararen erabilera publikoan axolagabekeria nabarmena da. Ohituak gaituzte "egunon/ buenos dias" eta sarrerako lau hitzak euskaraz eta gero jarraian gauza bera gazteleraz itzuli eta hizkuntza honetan jarraitzera. Bana errudunak ez dira hauek bakarrik, euskararen defendatzaile sutsuenek ere ez dute maila honetan praktika jatorragoa erabiltzen eta frustrazioa gure bizkar geratzen da. Hasiak gara horrelako kasuetan arduradun zuzenei gutunak idazten eta ikusiko dugu aintzakotzat hartzen dituzten ala ez.

Laburbilduz beraz ondorio hauek atera ditzakegu:

  1. Interpretaritza, beraz, eta edozein hizkuntzatatik egiten dela ere zaila eta neke handiko lanbidea da. Teknikak eskuratu behar dira eta lan hizkuntzak oso ondo menderatzeaz gainera kultura maila handia eskatzen du.
  2. Euskara hizkuntz normalizatu gabea denez, euskal hiztunek lanbide hau errazteko ahalegina egin beharko luteke.
  3. Interpretaritza tresna politiko bezala erabiltzea ez da etikoa, euskararen defentsa egiaz egin behar da eta horrek erabilera mailan beste erantzunkizuna eskatzen du.
  4. Euskararen erabilera normalizatuko balitz ere, euskal interpretariok izango dugu zereginik gure prestakuntza hobetzen, baina lehenengo premisa betetzen ez den bitartean nekez beteko dugu bigarrena.

Apustu handi baten aurrean aurkitzen gara, erantzunkizunaz ohartzen gara eta lanbideak, hizlariek eta entzuleek merezi duten duintasuna eman nahi diegu, baina eginkizun honetan bakarrik uzten bagaituzte iritsi garen mailan betirako geratzeko arriskua daukagu eta hori euskararen galerarako izango da.