Duvoisin Kapitaina (1810-1891) "euskal itzultzaileen buruzagi eta errege"
X. Mendiguren

Mitxelenak «euskal itzultzaileen buruzagi eta errege» deitu zuenean, ez zuen inolako ahoberokeriarik esan ainhoatarrari buruz. Izan ere, ugarian eta umoan nekez aurki daiteke euskalgintzaren historia osoan besterik gure mendeko zenbaitek deitura hori agian Orixerentzat nahiago izango bazukeen ere hain orekatuki idaztea eta itzultzea uztartu dituenik, eta itzulpengintzaren alorretik irten gabe, joera guztiak itzulpen formala, dinamikoa, moldaera, itzulpen inplizitua hain modu trebe eta orekatuz burutu dituenik.

Mutur batean «Bible Saindua» (1865) ezartzen badugu eta beste muturrean «Laborantzako Liburua» (1858), seguraski handik eta hemendiko maileguz paratua, erdian «Telemake, Ulisen semearen gertakuntzak» (12 liburu) Felenonena eta gipuzkeratik lapurterara aldaturiko «Liburu Ederra» (1856) ezarri beharko genituzke. Labur esateko, XIX mendeko euskal itzultzaileak bere ofizioan egin zitzakeen saio eta erronka guztiak ezagutu zituen Duvoisinek. «Jesu Kristoren Imitazionea», Iturriagaren «Jolasak», Kijoteren hasiera eta abar ere itzuli zituen.

Burutu zituen lanak helburu eta baldintza ezberdinetan eginak izan ziren. Bible Saindua, esaterako, Luis-Luziano Bonaparte printzearen eskariz eta diru-laguntzari esker itzuli zuen Vulgatatik, baino lapurtera bizitik aldendu gabe eta hizkuntzalariek euskara beste hizkuntzekin erkatzeko aukera izan zezaten egindako euskarapena zen. Duvoisinek Bonapartek jarritako baldintzak zorrotz betetzen ditu eta hala esaten dio apaiz bati: «Zuk nahi zenituzke nere liburuan aintzinako esaera zaharrenak aurkitu. Hori debekatua daukat. Debekatua daukat, baita ere, Lapurdin erabiltzen ez den hitzik erabiltzea ere. Baina inoiz erabili dut holakorik ere, baitezpadakoa eta beharrezkoa zenean. Noizik behin debeku horri ez entzun egin behar izan diot, baina oso gutxitan eta kontu handiz».

Beraz, Leizarraga, Axular, Haraneder eta abarrek ez bezala, printzearen hesi horren barruan burutu behar zuen mandatua. Latinaren morroi eginik zebilela ziotenen aurrean, berriz, bazekien euskara apaina egiteko, esaldi batzuk maizago beharko zituzkeela bata bestearengandik berezi, baina jabeturik zegoen latin-kutsuak ez ezik, hebreo-kutsuak ere neurri bateraino onartu beharrean zegoela. Bestalde, bere mendeko eta aurreko testu sakratuen itzultzaile guztiak bezala liburu santuei begiramendua zien eta ez zuen hizkuntzaren apainkeriengatik zentzua galdu nahi. Itzulpen bikain honen balioak aitortzean, ez dago ezarriak zeuzkan mugak begietatik galtzerik ere.

Bestalde, Itun edo Testamentu Berriaren itzulpenean aurrez landuago zegoen zidorretatik ibiltzeko aukera izan zuen, aldiz, Itun Zaharrarenean inork barrendu gabeko oihanetatik urratu behar izan zituen bide berriak.

Duvoisinek bazekien Bibliaren itzulpena ez dela egokiena euskararen dohai eta gaitasunak behar bezala agertzeko, fideltasunez itzuli behar zelako eta nahiago izan zuen Fenelonen «Telemake» obra hautatu bertan gure hizkuntzaren ahalmen harrigarriak argiro ikusiko zirelako, Fouquieri idatzi zionez. 40 bat hizkuntzatara itzuli zen frantsesezko obra sonatuan askatasun handiagoz jokatzen du hizkuntz baliabideekiko eta hala ez dira falta idazle zaharretatik eta beste euskalkietatik hartutako hitzak. Tamalez baina garaiko katolikoen artean ulertzekoa zenez itzulpenean ez datoz jatorrizkoaren zenbait pasarte, seguraski Duvoisinek erabili zuen edizioaren paratzaileek eskoletan erabiltzeko «txukundu» zutelako, nonbait.

Baina bai liburu santuen edo Telemake bezalako testu didaktiko-literarioen euskarapenean, eta bai jatorrizko testuetatik librekiago itzuliak diren laborantza edo San Inazio Loiolakoaren ejerzizioei buruzko liburuetan, Duvoisin batezbeste euskara aberats, zehatz eta irakurgarri baten jabe ageri zaigu.

Itzultzaileak, esan ohi da, hiru zaldik tiraturiko organ ibili behar du: zer, nori eta nola dira tiratzaile horien izenak eta ibilera egokia nahi badu modu orekatuan edo pareantsu eutsi behar diela zamari horiei bidetik errebela ez daitezen. Duvoisin itzultzaileak ia beti mendean hartzen ditu itzulpenaren alderdi semantiko, estilistiko eta pragmatikoa, eta Bonaparteren eskariz edota zenbaitek bere buruan arrazoi handirik gabe irauli izan dituen aurreritziengatik bakarrik esan liteke inoiz edo behin troika horretan kirrinka higuingarririk sortu denik. Duvoisinen euskarapenetan ia beti hizkuntzaren sena gertatzen da garaile, jatorrizkoa, hizkuntza hartzailea eta irakurlearen artean triangelu harmoniazkoa burutuz. Duvoisin, hitz batez esateko, itzulpegintza modernoaren ezaugarri nagusia den joera integralaren aitzindari abantailatua da, jatorrizko testuaren aurrean gehitxo makurtzeko joera sarritan nabari zuen mende erromantikoaren bihotzean.