Jose Inazio Berasategi
Kaxildo Alkorta

Berarekin jardun genuenok gogoan izango dugu beti Joxe Inazio.

Behargin saiatua, lana atera egiten zuen hark eta, hutsak huts, ondo gainera. Ekinekoa, geldi egoteko txarra eta ezer egin gabe egoteko askoz okerragoa.

Umoreduna, nahiz eta txiste kontari txarra izan. Bizia, argia, "axeri" ere deitzen genion; idiazabaldarra izan. Norabaita joan behar genuenean ia beti izango zuen azken zertxoren bat egiteko eta "banijok" esango zigun urduri.

Maite zuen gure zorioneko Euskal Herria eta euskararen alde isilean, fin asko, lan handia egiten ari zen. Eginkizun horretan badirudi gustoko edo ezinbesteko dugula norberak berea egitea. Elkarrekin ados ez geundenean begietara begira azaltzen zituen bere arrazoiak eta azkenean irribarrez geratzen zen. Kontrako jarrerak bateratzeko ahaleginak egiten zituena eta batzutan lortzen ere bazekiena genuen.

Eta oso lagun ona, lagun zintzoa genuen.

Halabeharrak astindu ederra egin zigun!

Kaxildo Alkorta