Lino Akesolo
Manu Ormazabal

Otsailaren 16an izan ginen azkenengoz elkarrekin. EIZIEk ohorezko bazkide izendatu zintuzten eta horretarako ekitaldi berezia zegoen antolatuta.

Bi lagun arduratu ginen Donostiarako eraman-ekarria egiteaz. Norberekeria izango zen nahi baduzu, baina ez genuen aukera hura alferrik galdu gura eta horregatik egin genizun hainbeste itaun itzulpengintzaz, hiztegigintzaz eta abarrez.

Diccionario de Autoridades, Gurutzeko Jon Deunaren lanen itzulpena, itzulpen arloko arazoak eta beste izan genituen mintzagai, gu entzule gintuzula beste ezer baino, hizmiztia ez zinen arren. Bazkalostean ikaraldia ere izan genuen zorabio hura zela-eta, gogoratzen?, baina, tira, horretan geratu zen dena, zorionez.

Itzuleran isil xamar etorri ginen denok, nekea nabaritzen zitzaizun eta hurrengo batean bisitatxo bat egingo genizula agindu ondoren agurtu genuen elkar.

Gerora, hau dela eta bestea dela, honegatik eta hargatik, behin eta berriz atzeratu, eta azkenean bisitarik gabe gelditu ginen. Gerotik gerora ibiltzeak dakartzan kalteak nozitzea egokitu zaigu guri ere; berandu eritzita bazeunde bezala, isil-isilik (ohi bezala) joan zara gure artetik, zeure jakituriaren zati bat, handiena beharbada, zeurekin eramanaz. Badugu, bai, norberekeria izango da nahi baduzu, emandako hitza jan behar izanaren pena eta damurik.

Manu Ormazabal