Itzulpen Zientifikoa Hedadura Mugatuko Hizkuntzetan eta Normaltze-Prozesua
Seosamh O Murchú

(Artikulu osoa hemen)

Laburpena

Egoera

Irlandaren iragan kolonialak efektu nabariak eragin ditu, irlandera bai ama-hizkuntza dutenen gain eta bai bigarren hizkuntza dutenen gain ere. Talde bietan nabari da halako etsipen jarrera bat Gaeltacht hizkuntzak mundu modernoaren konplexutasunari aurre egiteko duen gaitasunari dagokionean. Horri gehitu behar zaio irlanderaren erabilerak pairatzen duen diglosia negatibo/selektiboa zuzentzeko erakunde ofizialen ekimenak izan duen porrota, zeinak areagotu egin baitu taldeon hizkuntzarekiko sinesterik eza.

Irlandar tradizio zientifiko eskasak, bestalde, ez dio inongo mesederik egin hizkuntzari berari, ez bait du inolako pisurik izan hizkera zientifikoa garatzeko orduan. Badira, honetaz gain, beste zenbait gorabehera hizkera zientifikoaren garapen horren eragozle izan direnak; hala nola:

  • Gaeltacht lurraldeetan ezarri izan diren entrepresa teknologikoki aurreratuek ingelesa izan dute teknologia horretara iristeko bitarteko bakarra, irlanderadunak ere horretara beharturik.
  • Teknologia aurreratua irlanderaz ikasteko eskoletan izan den aukera guztiz murritza izan da.
  • Irlanderadun Unibertsitatean ere zientziazko gaiak bi hizkuntzetan irakatsi izan dira, irlanderazko testurik ez zegoelarik. Langabeziaren eta emigrazioaren itzalak adoregabetu izan ditu gogorik beroenak ere.

Historia horren ondorioa oraingo diglosia selektibozko egoera dugu:

  • Teknologia eta industria gaiak ingelesez erabiltzen dira, eguneroko kontuetan irlanderaz dihardutenen artean ere.
  • Ingelesaren konpetentzia indartsuak ingeles esamoldez guztiz kutsatua du irlanderaren erabilera.
  • Terminoak existitzen diren kasuan ere, apenas iristen diren jendearengana; alde batetik, terminologia berri hori zabaltzeko sarerik ez dagoelako, eta bestetik, jende arruntak aldrebes eta itxuragabetzat jotzen dituelako Dublingo funtzionariek darabiltzaten hizperriak.

Egoera horren aurrean zenbaitek agertzen duen jarrera "preserbazionismoa" dei liteekeena da. Halakoentzat munta duena hizkuntz errelikia kuttun horri bere betiereko garbitasunean eustea da, ez baitiote lekurik ikusten bizimodu arruntean. Hizkuntza goxo-goxo hiltzen uztea besterik lortuko ez lukeen jarrera garbizale-garbitzaile hori oztopo gertatzen da, asmoak asmo, irlanderaren normalkuntza posible bakarrerako.

Kontuak kontu, ikaragarrizko etena dago Gaeltacht lurraldeetako hiztunen eta handik apartekoen artean. Bien arteko zubi-lana egitea ataza politikoa da batik bat, eta kontutan hartu beharko ditu talde bakoitzaren errealitate historiko, soziologiko eta kultural bereziak, haiei dagokien kontzientzia politikoa bultzatzeko. Bestetik, beharrezkoa da irlanderaren aurrerabidearen kontrako diren indarrei aurre egiteko politika bat ere (merkatu hutsaren logikaren aurrean, asmo politikoaren marketina jarriz, besteak beste).

Dena ez da, hala ere, iluna, eta halako pizkunde bat somatzen da Irlandako hiritar klasearen artean: diru, burokrazia eta eliz arazo guztien gainetik, eskola berriak irekitzen dira; horrekin batera, hizkuntzari loturiko identitate kontzientzia bat garatzen ari da, eta mugimendu horretan sarturik daudenek bestelako grina erakusten dute terminologia berria ere berenganatzeko, bizi diren girorako ere baliagarri izango den hizkuntza bat gauzatzeko bidean.

Zientzi itzulpena

Irlanderara testu zientifikoak itzultzerakoan gainditu beharreko oztopoetako bat hizkera berezia izatearena dugu. Alde horretatik, antz haundia du telebistako (edo beste masa komunikabideetako) jergen arazoarekin. Guztiz zaila gertatzen da jerga adierazkor bat lortzea hainbat alorretan osatu gabe dagoen hizkuntza batera itzultzen denean. Horren aurrean bi jarrera har daitezke:

  • jergak adieraziaren parafrasia egin, hark zuen joko metaforikoa galtzen delarik
  • edo jerga autonomo bat sortu, nahiz ez den erraza nagusiago den hizkuntzarekin konpetitzea.

Garbi dago bigarren bidetik abiatu beharra dagoela, bere zailtasun guztiekin ere, bai jergen kontuan eta bai bestelako hizkera berezietan, zientziena barne.

Terminologiari dagokionean, orain arteko hizkuntza idatziaren bateratasun falta eta zientzi itzulpenak duen itzalik eza da egun, Hezkuntza Sailaren Terminologia Batzordeak (Coiste Téarmaíochta delakoak) heredentzian jaso duena. 1968 urtetik lanean ari den talde horren egitekoa terminologia sortzeaz gain, irlanderazko hizperrien izengaiztoa garbitzea ere bada. Eremu jakin bat ingelesari besteri lekurik ez uzteko tamainako diglosira iritsi aurretik, zabal ezagutarazi beharra dago irlanderak esparru hortan duen eskubide osoa. Halakorik iristeko, egun, masa komunikabideetara jotzea beste biderik ez da ikusten.

Terminologia lanetarako, aipatu batzordeak, hiru metodo erabili izan ditu:

  • Irlanderazko hitz zaharrei esanahi berriak ematea
  • Irlanderazko bi hitzen edo gehiagoren arteko konposatuak sortzea
  • Transliterazioa, zeina, azken urteotan, zientzietarako terminologia sortzeko aukerarik ustiatuena izan baita. Batez ere, informatikaren munduan, ingelesetik eta, askotan, hizkuntza klasikoetatik datozen termino berriei ordaina emateko, halako terminoentzako trasliterazio sistema xehea eraiki da, bere konplexutasunean erabilterraza dena.

Batzordearen beste zereginetako bat, 1966ko zientzien termino-hiztegia berrikusi eta osatzea izan da. Ataza hortan, elementu anitzek eragindako hainbat arazori aurre egin behar izan zaio:

  • Termino berriak azaldu egin behar dira lehendabizi, ordaina aurkitu nahi bazaie; eta askotan, zientzilariak ez datoz bat hitzaren esanahiari berari buruz.
  • Sinonimo eta baliokideek, zientzi itzulpenean, besteetan baino arazo larriagoak sortzen dituzte.
  • Kontzeptua behar bezain egoki adierazten duten bitartean, irlandera jator kutsua duten terminoak hartzeko joera dago.
  • Zientzi terminoen notaziorako Système Internationale delakoak, —zeina, gehienetan, ingeleserazko nahiz frantzeserazko terminoetatik eratortzen den—, zaildu egiten du itzulpena, sinboloari eutsi behar bait zaio, nahiz eta proposaturiko irlanderazko terminoa bestelako letra batez hasi.

Egun, Irlanderara egiten den zientzi itzulpenaren egoera eskasa baino ez dela esan beharra dago. Horren adierazgarri:

  • Ez dago inor, Irlanda guztian, zientzi itzulpenean profesionalki ari denik. Arestirarte, irakaskuntz materiala sortzeko zientzi itzultzaileen lankidetza zuen bakarra Hezkuntza Sailaren agindupeko An Gúm izeneko lantaldea zen.
  • Zientzi itzultzaileek pairatzen duten gabeziarik nabariena konputagailu datu baserik eza da. An Gúm-eko Terminologia Batzordea ari da, piskanaka, Gaeltacht terminodun basea sortzen eta eguneratzen. Horretaz gain, Estatu Batuetan kokaturiko entrepresa irlandar batek, 1978ko irlandera-ingelesera hiztegi orokorra konputagailu bidez erabili ahal izateko programa kaleratu du.