Beti mirariak egiten
Koldo Biguri

1993. urtean euskararen batasunaren hogeitabosgarren urteurrena ospatuko dugu, eta zalantzarik gabe gure hizkuntzak mende laurden miragarri honetan ibili duen bidea eta etorkizunean zain duena aztertuko dira luze eta zabal. Ez dakit, ordea, itzulpenak zer nolako lekua izango duen ospakizun horren barruan egingo diren azterketetan, beharbada ez merezi eta behar duena, gure hizkuntzaren eta hizkuntz politikaren lemazainek orain arte eskaini dioten arreta norainokoa den ikusirik.

Alferrik esaten bait da behin eta berriro euskararen hizkuntz normalkuntzaren ardatz bihurtzen ari dela itzulpengintza, gaur euskaraz plazaratzen diren testu ahozko zein idatzizko asko zuzenean itzulpen hutsak direlako (eta hor sartzen da gure erakunde politiko eta akademikoen beraien euskarazko produkzio gehiena), edota, euskara gizarteko edozein alorretan erabiltzen dugunoi iristen zaizkigun informazio eta formazio iturri gehienak euskara ez beste hizkuntza baten bitartez jasotakoak izanik, ezkutukoa deituko dugun itzulpena egiten dugulako baita euskaraz baliatzen garenean ere. Alferrik esaten da, diot, oraindik ere gure artean ez delako gertatu itzulpen fenomenoari buruzko eztabaida sozial edo intelektual orokor eta sakonik, hizkuntzaren bazter batean bakarrik geratzen eta garatzen den ekintza bailitzan, edo, are okerrago, gure erakunde horietako askoren euskaltasunaren aitortugabeko egile eta berme (edo bahitura) diren itzultzaileen arazo hutsa.

Aldizkari honetxetan Andu Lertxundik dioen bezala, egia da euskararako literatur itzulpena nagusi dela gure liburugintzaren merkatuan, eta, esperientziari esker eta literatur itzultzaileen prestakuntza (autoprestakuntza, egia esan) gero eta hobea izanik, oraindik euskal literatur munduan aitortzen ez zaion garrantzia edukitzen hasia dela, baita literatur euskararen beraren garapenerako eta aberastasunerako ere.

Gauzak horrela, irain-zerrenda edo kexu-kaxa irekitzen hasi gabe, uste dut badela ordua zenbaitentzat argi ez dauden gauza nabarmen batzuk argi uzteko.

Nabarmena da, izan ere, duela hogeitabost, hogei, hamabost urte euskaraz irakurtzen zutenak, besteak beste, eta gaur egungo euskal irakurleak nahiko desberdinak direla, bai kopuruz, bai ezaugarriz ere, eta horrek begibistako eraginak dituela hizkuntzaren inguruko guztian. Datu bat da, adibide bat ipintzearren, garai haietan Euskaltzaindiaren B edo D titulua eskuratzeko azterketetara aurkezten zirenen tipologiak ozta-ozta duela zerikusirik gaur egun EGArako probak egiten dituztenekin, eta hori zentzu batean: lehenago askoz euskaldun eredu homogeneoagoa aurkitzen zen gaur baino; euskararen irakaskuntza sustraitu eta sendotu den neurrian, euskaldun kontzeptua alde askotarantz zabaldu da. Lehenago, B edo D titulua eskuratu nahi zutenetako asko euskaldun zaharrak eta irakasleak ziren eta, generalizazioaren arriskuak onartuz, "euskaldungoaren elitea" osatzen zuten edo osatu dute, neurri batean. Azterketa horiek egiten zituzten gehienek gainditzen zituzten probak, eta hizkuntz maila handia zuten, hainbesteraino ere non gaur egungo euskal munduaren goreneko lekuak betetzen bait dituzte, kasu askotan. Aldiz, azken urteotan euskalduntasuna ere demokratizatu egin da, eta horren froga dugu, berriz diot, EGA azterketetara gehienbat ikasle gazteak eta euskaldun berriak aurkeztea, gainditze-mailak oso altuak ez izatea, eta, oro har, euskara maila bera ere, aurrekoen aldean, jaitsia izatea.

Gogoeta guzti honen bitartez honako ondorio honetara iritsi nahi dut: alegia, bai euskara produkzioak, bai produkzio hori jasotzen duen euskaldungoak ere dexenteko aldaketa jasan dutela azken bi hamarkada hauetan; eta guztiz kontutan hartu beharreko eta hartu gabeko aztergaia dela iruditzen zait.

Izan ere, hasteko, aurreko garaietan euskal idazle edo itzultzaileek beren irakurlearen irudi nahiko zehatza eduki zezaketen (euskaldun zaharra, ikasia, euskaltzalea, euskara lantzen ohitua, etab.), eta horren araberako hizkuntz joerak agertzen zituzten. Garai haietako euskal irakurlegoa nolabaiteko zirkulu itxi bat zen, txikia gainera, euskara nahiko ondo jakiteaz aparte, haien euskara etengabe lantzeko zaletasuna edo beharra zuten pertsonek osatzen zutelako. Horregatik ez da harritzekoa euskarazko literatur produkzioa, batetik minoritarioa izatea (garai batean olerkia zen gehien lantzen zena, adibidez, askotan halako ikutu esperimentuzale batez, gainera), eta bestetik kutsu didaktiko handi samarra izatea. Alegia, ez zen irakurtzeko bakarrik irakurtzen, euskara ikasteko edo ikasten jarraitzeko ere irakurtzen zen; eta idazleek ere, halako isuri mesianiko batek ikutuak, euskara irakasteko eta, azken finean, "salbatzeko" ere idazten zuten. Horrela, euskaraz idatzitakoak garbia eta jatorra izan behar zuen, baina ez bakarrik euskararen eredu kultuak hala eskatzen zuelako, aspaldiko tradizioari jarraituz gainera, baizik eta, baita ere, irakurlearen, eta beraz euskararen hizkuntz maila hobetu eta aberasteko bide bat zelako hori; eta helburu horri begira, zalantzarik gabe, oso lagungarria zen irakurleak berak ere horretarako joera edukitzea.

Pelloren egia izango da, beharbada, baina uste dut egia dela gure aurreko euskararen eta euskal munduaren hainbat fenomenuk aurreko lerroaldietan agertu dudan arazoari erantzuten diotela; haren bidez bakarrik azal daiteke, esaterako, garai bateko euskal testuetan izurria bezain ugariak ziren "X edo Y" erako bikoteak, bere bi bertsioetan: "objezio edo eragozpena" eta "ahozkotasuna edo oralitatea". Euskararako hitz berriak, edo ez oso ezagunak, berreskuratu, eta gainera irakurleari irakatsi behar zitzaizkion, kontutan hartuz, bestalde, askotan hiztegiaren laguntzarik ez zegoela hitz edo esamolde bitxi horien esanahiaz jabetzeko.

Arrazoi berberak balio lezake (nahiz eta aspaldi samarreko heredentzia garbizalearen pisu astuna ere hor egon) hiztegigintzaren hainbat ezaugarri azaltzeko: hiztegiak ia beti euskara-erdarakoak ziren, eta, tamalez, dira, eta euskal hitz garbiak baino ezin zituzten eduki, eta ez bakarrik gainerakoak, erabiliak izan arren, euskararenak ez zirelako, baizik eta idazleek zein irakurleek jakin zezaten hitz horiek ez zirela erabili behar, bazeudela beste hitz batzuk, edo asma zitezkeela eta asmatu behar zirela, eta, ondorioz, euskaldunek ikasi behar zituztela. Edo bestela, Placido Mujikaren hiztegiarekin gertatzen den bezala, euskal hitz jatorrekin batera, gure lexikogintzarako proposamenak biltzen zituzten (cocodrilo: ibai-musker; biografía: bizi-kondaira).

Euskalgintzaren joera didaktiko horrek sustrai sakonak atera zituen, eta nekez esan genezake oraindik ere horietatik libre gaudenik. Esaterako, euskal administrazioak neurri handi batean ildo horri heldu zion bere euskara eredua finkatzerakoan: hizkuntzak garbia izan behar zuen (Jaurlaritza edo Legebiltzarra, eta ez Gobernua edo Parlamentua), eta euskaldunei euskara hori irakatsi behar zitzaien. Abiapuntu teoriko bezala ez zait gaitzestekoa iruditzen, baina bai ordea zalantzazkoa, nolabaiteko hizkuntz-gurasokeria batez kutsatua dagoelako, eta, bestetik, teoria hori praktikara eramatean, gure erakundeen euskarak, askotan itzulpen (on zein txar, baina batez ere txar) aitortugabearen bidez emanak, izen txar samarra eskuratu zuelako eta oraindik ez duelako erabat galdu.

Baina ezinbestekoa zen: euskara ordura arte inoiz ere ikutu gabeko esparruetara zabaldu behar zen goizetik gauera, hizkuntz eredua bera artean finkatu gabe zegoela, gutxienezko tresnak ere falta zirela (maila oneko euskaldunak idatzi edo itzulpenak egiteko, tradizioa, hiztegiak...), euskaraz irakurtzeko, eta batez ere horrela irakurtzeko ohitura nahiko gutxi zegoela, hiztunen errazkeria, etab.

Gauzak horrela, itzulpenari eta itzultzaileari beste inon eskatzen ez zaizkion eginkizunak betetzeko eskatu izan zaio: hizkuntza normalizatu behar zuen, lexiko berria etengabe asmatu behar zuen euskarak esparru berri horietan zeuzkan hutsune ugariak estaliz joateko, lana azkar bukatu behar zuen, eta hori dena prestakuntza egokirik gabe, gutxienezko tresna lagungarririk gabe, ospe, soldata eta maila profesional eskasarekin. Ulertzekoa izango ez da ba oraindik ere euskaldunen artean itzulpenarekiko halako errezeloa egotea, edo ahazte hutsa, baita idazleen artean ere, batzuetan gauzak ez direlako behar bezain ondo egin?

Dena dela, zorionez, eta ezinbestez, hamar urte ez dira alferrik joan: hasierako zalantzak edo balantzak konpontzen joan dira, lehengo hutsune eta gabezia amaigabeak betetzen, prestakuntza eta lan baldintzak nolabait hobetzen, eta, batez ere, esperientziak eta eskarmentuak oreka bilatzen irakatsi digute.

Baina zer konpondu askorik dago oraindik, eta hor dago, berriro ere, euskalgintzari (eta hemen itzulpenari buruz ari naiz nagusiki, hori delako axola zaidan alorra, baina bakoitzak lerra dezala norberaren esparrura, eskubide osoa du eta) askok gaineratu nahi dioten kutsu didaktiko hori. Euskaraz idazten dugunoi tamalez ezinbesteko betebehar hori gure gain hartzea egokitu bazaigu ere, ez da alferreko gauza izango gogoratzea hizkuntzaren normalkuntza edo irakaskuntza ez dela itzulpenaren edo kazetagintzaren (hau da, gaur egun euskal munduan dinamismo gehien azaltzen duten jardueren) betekizuna.

Horregatik, gezurra dirudi gure euskalariek eztabaida eta ahalegin franko alferrik xahutzeak euskara jatorragoa ote den "iritzi" "eritzi" baino, "niri" "neri" baino, "guzti hauetan" "hauetan guztietan" baino erabakitzen; gezurra dirudi gure hizkuntzalari batzuek euskaldun guztiei leporatu nahi izateak haiek bete behar duten eta orain arte bete ez duten eginkizuna. Izan ere, euskaraz ondo idatzi edo euskarara ondo itzultzeko euskara ondo jakin behar da, bai, baina ez da filologo izan behar, eta linguistikari begiratu behar zaio, baina baita soziolinguistikari ere; eta, jakina, itzultzaile ona izateko ez da hizkuntz asmatzaile izan behar; hortaz, lexikoaren arazoari helduz, Euskaltzaindiak, esaterako, oraindik erabaki ez badu ere euskaraz "kotxe", "oto", "buaturra", "berebila", "autoa", "automobila" edo "anton bonbila" esan behar ote den, "aurrekontu", "presupostu" edo "budgeta" esan behar ote den, nekez aitortu ahalko zaio zama hori besteri leporatzeko eskubidea. Euskaltzaindia ohitu egin da euskararen gizartea bere eskumenean edukitzen, hizkuntzaren ildoak berak ezartzen, eta euskaldunok ere ohitu egin gara gure euskaltzainen arauen zain egoten, baina beharrak eraginda gizarte horrek aurrea hartu dio, eta gizarte hori ari da bidea bilatzen eta egiten.

Hau da, bidea geu ari gara egiten, baina inoiz baino bakarrikago; noizko erdara-euskara hiztegi on bat, ikusirik euskaraz egiten eta plazaratzen diren testu asko eta asko erdaratik euskarara itzuliak direla? Onar al daiteke oraindik ere itzultzailearentzat (eta herri honetan denok gara itzultzaile) hain funtsezkoa den tresna hori duela hogei urte eta duela hogei urteko erizpideekin egindako Placido Mujikaren hiztegiarekin bakarrik bete ahal izatea?

Tradizioak tradizio dira, gainera, larehun urte izanda zein hamar urte izanda, baina gure artean oraindik ere batzuek hobesten dute hildako euskara bizirik dagoena baino ("Done Prudentzio", "San Prudentzio" baino, esaterako, hurbiletik ikutzen nauen adibide bat ipintzearren); batzu eta besteen artean ari gara bidea egiten, tradizio eta eredu berriak sortzen, eta argi egon arren hizkuntzak guztion ardura izan behar duela eta denok zaindu eta aberastu behar dugula, argi dago, orobat, gainzama bat ezarri zaigula gaurko euskaldun askori, euskararen hizkuntz normalkuntzari dagokionez.

Hogeitabost urte igaro dira, eta beharrak desberdinak dira, eta, hortaz, erantzunek ere desberdinak izan behar dute. Panorama guztiz aldatu da, eta ezin da duela hamabost urteko erizpideekin jarraitu, ez eta beste hamabost urte baldintza berberetan. Batek esan zuen bezala, euskal itzultzaileok ere esango dugu "emaiguzue hizkuntza bat, eta mirariak egingo ditugu". Baina bitartean, lanean ari gara, batzuk alde okerrak bakarrik ikusteko konturatu ez badira ere.