Euskal itzulpengintzaren etorkizuna
Xabier Olarra

Xabier Olarra, Igela argitaletxearen arduradun eta nobela beltzen eta misteriozko nobelen itzultzailearentzat, azken hamar urteotan euskal itzulpengintzak helduentzako literatura itzultzen eman duen aurrerapausoa inork bultzatu gabe lan horretan aritu den jende mordoskaren eta zenbait argitaletxeren meritua izan da. Orain lortu den mailarekin aurrera jarraitzeko, itzultzaileen eta itzultzailegaien prestaketa eta esperientzien trukaketarako bitartekoen beharra aipatzen digu, kultura arduradunek guzti horretan daukaten ardura azpimarratuz.

Euskal itzulpengintzaren etorkizuna da gaurko mahainguru honen gaia (gai nagusia behintzat, gero ez dakigu hortik abiatu eta noraino iritsiko garen), eta saiatuko naiz, bi hitzetan, arazo hau nola ikusten dudan azaltzen.

Lehenik eta behin, esango nuke etorkizuna zer izango den piska bat ikusteko, pentsatu beharko genukeela non garen eta non izan garen, eta ez oso urrutira joanez gainera; begirada bat atzeraxeago bota eta ikusten baldin badugu orain dela hamar bat urte zer itzultzen zen eta zer argitaratzen zen literatur arloan, ikusiko dugu ia esku bakarreko behatzekin konta zitezkeela, behintzat helduentzat, egiten ziren itzulpen literarioak. Hori orain dela hamar urteko kontua da. Ni itzultzen hasi nintzenean, egoera hori zen, eta hain zuzen ere, itzultzen hasi nintzen pentsatuz nik gustoko nuen arlo batean, hau da, nobela beltzean eta misterio nobela deitzen den horretan, ez zegoela euskaraz ezer askorik merezi zuenik. Orduan, hortik abiatuz, eta ikusirik euskaraz ez zegoela gauza haundirik, pentsatu nuen hobe zela erdara desberdinetako emaitzarik hoberenak euskaratzea, eta hori izan zen abiapuntu bat.

Hori orain dela hamar bat urte, eta harrezkero gauzak piska bat behintzat aldatu dira eta aldatuz doaz. Batez ere gure garaian tokatzen zaigun lana da gertatu diren hutsune haundi batzuk betetzea, eta oraingoz, nik uste, horretan ari garela literatur itzulpengintzan dihardugun gehienok. Hemen, azken 100 edo 200 urteetan literatura unibertsaleko lan hautatuen bildumarik ez dugu euskaraz, denok dakigun bezala, eta horietako zenbaitek behitzat beren lekua behar zuten, behar zuten euskaraz emanak izan, eta horrek mugiturik, jende batek behintzat, bere kasara egin ditu gero ikusi eta irakurri ahal izan ditugun zenbait lan.

Neretzat, etorkizunari begira gauzarik interesgarriena edo esperantzagarriena, momentuz, hori da, alegia, inork bultzatu gabe izan dela jende mordoska bat, esango nuke nik, bere kasara orain dela urte batzuk hasi zena lan horiek prestatzen eta, nolabait, bere burua trebatzen gero eta lan haundiagoetarako. Hemen aurrean izan ditugu zenbait hizlari urteetan eta urteetan lanean jardun dutenak eta ez dago pentsatzerik horrelako lan eskerga baten aurrean egun batetik bestera hutsune guztiak bete daitezkeenik. Hala ere, nik pentsatzen dut, «Literatura Unibertsala» eta «Pentsamenduaren Klasikoak», bi bilduma horiek eta beste zenbait argitaletxe egiten ari garen lan xume eta apurra ere, hutsune hori betetzeko aski inportantea gertatzen ari dela.

Eta horrekin batera, esan dut alde horretatik baikorra naizela, badirela datu esperantzagarriak, alegia ahalegin hori guztia ia inork bultza gabe eta erreztasun haundirik gabe egin baldin bada, pentsatzen dut behar bezalako medioak eta bitartekoak jartzen baldin badira, hau da, gaurko itzultzaileen prestakuntza hobetzen bada, eta oraindik itzultzaile ez diren baina izan beharko duten horiei tajuzko prestakuntza lortzeko aukera ematen bazaie, hemendik aurrera ez dituzte topatuko guk hasiera-hasieratik topatu ditugun zenbait problema.

Aurreko saioan aipatu du Bernardok adibidetegi bat edo horrelako zerbait beharko litzatekeela, edo batez ere praktikan sortzen zaizkigun zenbait arazo konpondu beharko genituzkeenla «problema teologikoak» alde batera utzita. Eta nik uste dut hor ari dela ahaleginaren parte haundi bat galtzen. Zergatik? Egunean Euskal Herrian milaka eta milaka orri itzultzen dira, ez literaturakoak bakarrik, noski, eta gero horiei oso fruitu gutxi ateratzen zaie, ez da ezertxo ere egiten itzultzaileek berek egindako lan horiek aprobetxatu eta besteek aurkitu dituzten arazoak beste batzuek konponduak aurki ditzaten. Hori, nik ez dakit nola konpon daitekeen, hustuketa lanak eta horrelakoak egiten dira hizkuntz arloan eta gauza beretsuak egin beharko lirateke.

Baina, nik behintzat, esperantza guzti hori izanik ere, beste alderdi batetik ere ikusten dut ez direla horretarako medioak jartzen eta behin eta berriz esan zaiela kulturan diharduten agintariei behar direla lehenbailehen medioak jarri, hemendik hamar urtetara ezin ibiliko garela orain dauden problemekin e.a., eta ez dut uste inondik ere soluzioak bilatzen direnik.

Esate baterako, Karlos Aiestaranek, Eusko Jaurlaritzako kultur arduradun batek, esaten zuen Argia-n duela hilabete batzuk, «Literatura Unibertsala» bildumaren itzulpenaren erritmoaz ari zela: dirudienez ez dago behar adina itzultzaile ongi prestaturik, edo horrelako zerbait. Eta hori seguru aski egia izan liteke, baina konstatazio hori egin lezake, agian, kaleko gizon batek, baina ez kultur arduradun batek. Kultur arduradun batek horrekin batera esan beharko du zer medio jartzen ari diren, edo zer pauso ematen ari diren hori konpontzeko edo halako eta halako epean konponduta egon dadin. Eta nere ustez hor dago gaurko itzultzaileen etsipenaren-edo parte bat. Oraindik ez dut uste gertatu denik, baina hemendik urte batzuetara gauza orain bezalatsu baldin badago eta bakoitza bere ahalegina ahal duen bezala egiten ari baldin bada, logikoa izango da beheraldiren bat izatea.

Orain askotan aipatzen den itzulpenaren boom hau gure herriaren neurriko boom-a da, alegia, urtean zenbat literatur liburu kaleratzen dira, itzuliak? Mordoska bat, ez gaude orain dela hamar urte bezala, baina normalizazioa deitzen denera ailegatzeko, nik uste dut kilometrotara gaudela oraindik.

Eta nere kezka hori da, ez dela medio garbirik ikusten arazo hori konpontzeko, edo epe bat jarri eta aurrera begira konpontzeko.