Bibliografia
Xabier Mendiguren

BAKER, Mona (1992): In Other Words. A coursebook on translation. Routledge, London/New York, 304 orr.

Mona Baker, COBUILD, Collins eta Berminghameko Unibertsitateko Nazioarteko Hizkuntz Datubaseko proiektu-gerentea denak, liburu hau itzultzaileak trebatzeko beharrari zuzenean erantzuteko pentsatu du eta ikasketa-programa oso bat dauka bere baitan, hizkuntza batetik beste batera testuak aldatzean eskuarki aurkitzen diren zailtasun eta eragozpen nagusienak isladatzen dituena. Teoria linguistiko modernoak itzultzaileari erabakiak hartzeko orduan eskaintzen dion laguntzaren berri ematen du. Lexiko, testu-linguistika eta pragmatika bezalako sailetan egin diren ikerketak itzulpenerako izan dezaketen etekina agerian jartzen ahalegintzen da.

In Other Words obraren planteamenduak Komissarov errusiar traduktologoaren «baliokidetza-mailen teoria» gogorarazten du hasiera batean, gaiaren banaketa eta planteamenduarengatik ez ezik, puntu asko tratatzeko erarengatik ere. Hitzaren mailako baliokidetzatik hasi, hitzaren gaineko baliokidetzatik igaroz, gramatikazko baliokidetzara igarotzen da, ondoren testu-baliokidetza, gai eta informazio-egituratan eta kohesio-mailan lantzeko eta, azkenik, baliokidetza pragmatikoa aztertzeko.

Eranskinetan bederatzi testu datoz espainiera, grekoa, alemana, txinera, japoniera, errusiera eta arabiera hizkuntzak tarteko direlarik.

Liburuaren amaieran glosategia, erreferentziak, eta hiru aurkibide datoz, autore, hizkuntza eta gaiei buruzkoak.

Liburuak ez du derrigor linguistika edo hizkuntza arrotzen ezaguera eskatzen, izan ere kapitulu bakoitzaren hasieran ondoren erabiliko diren hizkuntz kontzeptu nagusiak argi eta garbi azaltzen baitira. Amaieran ariketa praktikoak proposatzen dira teorian ikusi den hori sakondu eta lantzeko. Teoria eta praktikaren arteko oreka egokiz mamituriko liburua delarik, oso lagungarri gerta daiteke itzultzaileak prestatzerakoan.

DOLLERUP, Cay/LODDEGAARD, Anne, eds. (1992): Teaching Translation and Interpreting. Training, Talent and Experience, John Benjamins Publishing Company, Amsterdam/Philadelphia, 343 orr.

Liburu honen edukia 55 orduz, Elsinoren, Kopenhagengo Unibertsitateko Itzulpen-Ikerketa eta Lexikografiarako Zentruak antolaturiko nazioarteko bilera batean landutako gaiez osaturik dago; bertara bildu ziren profesionariek itzulpena, interpretaritza eta hizkuntzarteko transmisioan adituak ziren eta alor bakoitzeko presenteaz eta etorkizunaz mintzatu ziren Language International aldizkariaren eta John Benjamins argitaldari holandarraren babespean.

Liburua bederatzi sail nagusitan banaturik dago: 1- Ikuspegi nazionalak eta etorkizuna (Snell-Hornby, Brian D. Smith, Anne-Marie Beukes); 2- Itzulpenaren irakaskuntza: moduak eta bitartekoak (Nord, Ingo, Hörmann, Mauriello, Sainz, Oittinen, Mossop); 3- Disziplinartea eta afiliazioa (Amit-Kochavi, Winkler); 4- Hitzak (Sager, Shlesinger, Jakobsen, Seyed-Ali Miremadi); 5- Media berriak eta irakaskuntza (Alvarez, Scherf, Gottlieb); 6- Interpretaritza eta itzulpena (Renfer, Gile, Padilla/martin, Lang); 7- Interpretaritza (Pöchhacker, Alexieva, Mahmoodzadeh, Ballester/Jiménez, Kurz, Kalina, Harris); 8- Ebaluaketa (Farahzad, Pym); 9- Eskolaz haraindiko mundua (McAlester, Pontiero, Viaggio).

Itzulpen-ikerketen eurozentrismoa gainditzeko egin den ahalegin honetan Erresuma Batua, Alemania, Austria, Filandia, Danimarka, Espainia, Bulgaria, Italia eta abar bezalako europar herrialdeetako partaideekin batera Israel, Uruguay, Brunei edo Iranekoak ere aurkitzen dira; halere, Afrika eta Asiaren presentziarik ez da nabari.

Liburuaren amaieran 14 orrialdeko bibliografia (Works cited) dator eta jardunaldietan partaide izan direnek beren lanetan aipaturiko erreferentzien zerrenda da. Interesgarria da, alde batetik, itzulpena eta interpretaritzaren ingurukoa delako nagusiki, eta bestetik, azken bi hamarkadetan sortutako obrak ia bakarrik aipatzen direlako.

Azkenik, aurkibide bat (Index) ere badakar eta bertan gaur eguneko itzulpengintza eta interpretaritzaren inguruan erabiltzen diren kontzeptu eta hitz gako gehienak agertzen dira orrialde-erreferentziarekin. Editoreek hasieran aitortzen dutenez, artikulu edo jakinarazpen-bilduma hau ez da argitara eman derrigor editoreen ideiekin bat datozelako, baizik eta lurralde desberdinetako egoeraren ahots direlako. Horrela, gaur egun aldi eta alde desberdinetan itzulpegintza eta interpretaritzaren inguruan dauden sentsibilitate eta kezkabide desberdinen errainu gertatzen da liburua. Gisa honetako liburuak, beren asistematikotasun eta barne-kontraesan guztiak gorabehera, ongi etortzen dira lanbidearen panoramika orokorrak eskaintzeko eta sarritan hiperrespezializazioan galtzeko arriskua duten zenbaiti errealitatearen zentzu apur bat txertatzeko.

NORD, Christine (1991): Text Analysis in Translation, Theory, Methodology, and Didactic Application of a Model for Translation-Oriented Text Analysis, Rodopi, Amsterdam-Atlanta, GA, 250 or.

Liburu hau itzulpenera zuzenduriko sorburu-testuaren analisiazko teoria, metodologia eta didaktikarako sarrera bat da, eta testu-lagin batzuei egindako ereduaren aplikazioek osatzen dute obra.

Aspektu teorikoei dagokienez, testu-analisiazko ereduaren printzipioak egintzara zuzenduriko testualitatean oinarritzen dira, alde batetik, eta itzulpenari buruzko ikuspegi funtzionalean, bestetik.

Egintzara zuzenduriko ikuspuntutik, egoera batean gertatzen den elkarregintza komunikatibozko elementutzat hartzen da testua. Egoera komunikatiboa (egintza komunikatiboko partaideak barne direla) bihurtzen da arretagune nagusi eta testu-gorputzaren hizkuntz egiturak, testu-linguistikazko metodoen arabera azter daitezkeenak, bigarren mailako garrantzia du.

Egintzara zuzenduriko testualitate-kontzeptuan oinarriturik har dezakegu testu baten itzulpena «egintzatzat», zeinak ahalbidetzen duen testu berri batek beste partaide batzuentzat funtzio batzuk betetzea egoera berri batean. Ikuspegi horretatik, zalantzarik ez dago, itzulpena sorburu-hizkuntzako hizkuntz elementu jakin batzuk xede-hizkuntzako hizkuntz elementu batzuez «ordeztea» baino zerbait gehiago dela. Lehenago esan denez, itzulpena xede-testu funtzional bat sortzea da, sorburu-testu jakin batekiko erlazioari eutsiz, zeina itzulpen «skopos»aren arabera zehazten den. Sorburu-testuaren edo bertako elementuen zehaztapenak ematen dio aukera itzultzaileari elementu horiek (eduki- edo efektu-elementuak, elementu ez-berbalak, egitura-elementuak) bitarteko egokiak diren xede-testuak nahi zuen funtzioa lortzeko.

Argi dago funtzio horren edo horien zehaztapena egiteko ezinbestekoa dela sorburu-testua eta bertako elementuak xeheki aztertzea.

Metodologi aspektuei bagagozkie, berriz, testukanpoko eta testubarneko faktoreen analisia burutzen da, aurrenekoei edo egoera-faktoreei lehentasuna ematen zaielarik. Erretorika Berriaren formulan oinarriturik WH-galderazko kateak testukanpoko faktore nagusi guztiak jasotzen ditu bere baitan. Testubarneko faktoreak, aldiz, igorlearen ikuspegitik hautetsirik daude.

Didaktikaren ikuspegitik, testu-analisirako eredu hau ez dago itzultzaile profesionalentzat nagusiki prestaturik. Itzulpen-prozesuaren oinarrizko urratsak gidatzeko pentsatua dagoelarik, itzultzaileak beharrezko dituen funtsezko gaitasunak hartzen ditu kontutan (testu-harrera eta analisirako gaitasuna, testu-ekoizpenerako gaitasuna, itzulpen-kalitatearen balioespenerako gaitasuna, eta jakina, sorburua eta xedearen aldetik ezinbestekoak diren gaitasunak, izan ere horiexek baitira itzulpena burutzeko nahitaezko baldintzak.

Liburuaren azken aldera datozen testu-laginak hautatzeko orduan ahalik eta analisi-faktore gehien beren baitan dauzkatenak biltzen saiatu da egilea. Gainera, hizkuntz aniztasuna ere kontutan hartu du: espainola-alemana, espainola/ingelesa, espainola/nederlandera, alemana/ingelesa, alemana/frantsesa, alemana/italiera, alemana/espainola eta alemana/portugesa.

Egileak jatorriz alemanez idatzi eta Penelope Sparrowren laguntzarekin ingeleseratu duen obra hau, azken urteotan Alemanian sapan dagoen testologi eta «skopos»-joerako itzulpen-teorizazioaren barruan kokatzen da eta horregatik dakarren bibliografian garrantzi nagusia aitortzen zaie Reiss, Thiel, Vermeer, Wilss, Königs eta abar bezalako autore germaniarrei.

Christiane Nord, egilea, hogei urte baino gehiagoz ari izan da itzulpena-ikastaldiak ematen Heidelbergeko Unibertsitateko Institut für Übersetzer und Dolmetscher-ean eta esperientzia luze horretan bildu duen esperientzia eskaintzen du liburuan zehar.

KITTY M. VAN LEUVEN-ZWART & TON NAAIJKENS (Eds.): Translation Studies: The State of the Art. Proceedings of the First James Holmes Symposium on Translation Studies. Rodopi. Amsterdam-Atlanta, GA, 1991.

Itzulpen Estudioei buruzko Lehen James S. Holmes Sinposioa Amsterdamen egin zen 1990ean, bertako Unibertsitateko Itzulpen Estudioetako Departamentuak antolaturik, bere 25. urteurrena ospatzean. James S. Holmesen azken urteetako ekarpenak garrantzizkoak izan dira departamentu horrentzat ez ezik, baita Itzulpen Estudioentzat, oro har ere, eta Translated! (Amsterdam, Rodopi, 1988) obran bildutako ikertzailearen lanak abiapuntu gertatu ziren 60.urteetatik hasi eta 80.etaraino itzulpenaren teoriari dagokionez.

Sinposio horretan itzulpen-teorian lanean ari diren izen garrantzitsuek bildu eta bost ataletan egin zituzten ekarpenak: Itzulpen Estudioen eremua (Kitty M. van Leuven-Zwart, Mary Snell-Hornby, José Lambert). Literatur itzulpeneko faktoreak (Braño Hochel, Peter verstegen, Sophie Levie). Teoria eta Metateoria (Theo Hermans, Anneke van Luxemburg-Albers, Gideon Toury, Cok van der Voort). Prozesua eta Praktika (Hans Hönig, Paul Kussmaul). Itzulpen Estudio historiko eta deskriptiboaren aspektuak (Raymond van den Broeck, Armin Paul Frank, Agnes Zwaneveld, Matthijs Bakker/Ton Naaijkkens).

Sinposio horretako agiri-bilduma honek ikuspegi egokia ematen du gaur eguneko Itzulpen Estudioen egoerari buruz, eta etorkizuneko ikerketa eta urratsak nondik joango diren ere susmarazten du.

EDWIN GENTZLER: Contemporary Translation Theories, Routledge. London/New York, 1993.

Azken hogeita hamar urteotan itzulpen-teoria jakintzagai nagusi izatera iritsi da eta obra honek bost hurbilbide garrantzitsu aztertzeari ekin dio: Amerikar itzulpen-tailerra, itzulpenaren «zientzia», Itzulpen Estudioak, Polisistema-teoria eta dekonstrukzioa (deseraikuntza) hain zuzen.

60. urteetan hasi arren oraindik gure garaiotan eragin nabaria duten joera edo korronte horien ikuspegi kritikoa eskaintzen digu Edwin Gentzler, argi-ilunak aztertu, elkarren arteko loturak bilatu eta eskola desberdinen artean dauden kidetasunak ikertzen ditu. Itzulpenari ez ezik, linguistika eta literatur ikerketari ere interesatzen zaizkion aspektuak ageri dira bertan, eta itzultzaile eta itzultzailegaientzat ez ezik, hizkuntzalari, hizkuntz filosofo eta literatur teorilarientzat ere onuragarria da liburua.

Lefevere eta Bassnettek editore-hitzaurrean diotenez itzulpena jatorrizko testuaren berridazketa da. Berridazketa oro, zeinnahi asmo duelarik ere, ideologia eta poetika jakin baten ispilu da eta horrenbestez manipulatu egiten du literatura gizarte jakin eta era jakin batean funtziona dezan. Berridazketa manipulazioa da, boterearen zerbitzuan egina, eta bere aspektu positiboan eta literatura baten eta gizarte baten bilakaerari bultza egiten dio. Berridazketak kontzeptu, genero eta baliabide berriak sar ditzake, eta itzulpenaren historia literatur berrikuntzaren historia eta kultura batek beste baten gain duen ahalmen eratzailearena ere bada.

GEOFFREY SAMUELSSON-BROWN: A Practical Guide for Translators. Multilingual Matters LTD. Clevedon, 1993.

Liburu hau itzulpengintza eta ingurune komertzialaren artean zubi egiteko pentsaturik dago. Nork bere kontura «freelance» gisa lan egin nahi duen itzultzaileak ezagutu behar dituen jakingaien inguruan ardazturik dago, eta lana antolatzen eta bere profesioan aurrera-pausoak ematen lagungarri gertatuko zaio. Frantsesez duela zenbait urte Gouadec-ek argitara eman zuenaren antzekoa da.

Lanean nola hasi, zer ekipo erosi, bezeroak nola lortu eta abar bezalako puntuak jorratzen ditu eta itzulpen-prozesua hasierako bilaketatik emaitza amaitua entregatu arterainokoa aztertzen du.

Ordenadoreari dagokionez, hardwarea eta softwarea, biak aztertzen dira. Kapitala eskuratzeko modua, aseguruak, lanbidearen eraginezko gaixotasun edo osasun-galerak eta lantokiaren ergonomiaz ere hitz egiten da liburuan.

Samuelsson-Brown, egileak, urte luzeak eman ditu ekipotan eta freelance gisa lanean Volvo firmarentzat bereziki lan eginez; unibertsitatean klaseak ere eman ditu eta azken aldian itzulpen-enpresa baten buru da. Horregatik hartzen ditu kontutan itzulpenaren alderdi ia guztiak bere liburuan. Hizkuntzalarien Institutua, Itzulpen eta Interpretaritza Institutua, Autoreen Sozietateko Itzultzaile-Elkartearen Kide eta Itzultzaile Profesionalen Suediar Elkarteko kide da.

Liburuak eranskin gisa helbide baliagarriak, glosarioa, software-erreferentziak eta abar dakartza.

ALBRECHT NEUBERT & GREGORY M. SHREVE: Translation as Text. The Kent State University Press, Ohio, 1992.

Translation as Text 1985ean Übersetzungswissenschaftliche Beiträge 8 bezala Text and Translation liburukian argitara emandako lanaren ondorengo zuzena da. Jatorrizko monografiak arrakasta nabaria izan zuen eta Alemanian ez ezik beste herrialde batzuetan ere erruz erabili izan zuten itzulpen-klasetan.

Liburua izulpena, testua eta Itzulpen Estudioak bezalako kontzeptuak aztertzetik abiatzen da ondoren zenbait modelo (kritikoa, praktikoa, linguistikoa, testu-linguistikoa, soziokulturala, konputazionala, psikolinguistikoa) deskribatzen dituelarik.

Bigarren atalean itzulpena ezaguera eta prozesu gisa aztertzen du.

Hirugarren atalean testualitatea lantzen du: testualitatea eta «testutasuna», intentzionalitatea, onargarritasuna, situazionalitatea, informatibitatea, koherentzia, kohesioa eta testuartekotasuna.

Azkenik, laugarren atalean, itzulpena emaitza gisa ikertzen du: itzulpenaren bilakaera, testu-tipoak, prototipoak, testu-esanahia, makroegiturak eta makroarauak, balio komunikakorra, balkiokidetza testual eta komunikakorra eta amaitzeko testua eta itzulpen-teoriari buruzko hitzatze bat eskaintzen du. Bibliografia interesgarria dakar, ohikoak izaten diren ohar eta aurkibideekin batera.

MICHEL BALLARD (Ed.): La traduction à l'université. Recherches et propositions didactiques. Presses Universitaires de Lille. Lille, 1993.

Frantziako sei unibertsitate diferentetako irakasleak, hots, Lille III, Saint-Etienne, Montpelier III, Grenoble III, Salford, Poitiersekoak elkartu dira Michel Ballarden zuzendaritzapean bere lanekin liburu hau egiteko. Koordinatzaile-argitaratzaileak sarreran dioenez, beren lehen lana: La traduction: de la théorie à la didactique (1984) argitaratu zutenetik bide luzea korritu du itzulpenaren ikerketak. Orduko liburu hartan didaktika bat izateko zer behar zen eta teoriarekiko izan behar zituen harremanez galdetzen zuten batipat.

Oraingoan beste hurbilpen bat egiten dute: itzulpenaren ikertzaile diren espezialistak bildu eta beren ikerketa horiek zer ondorio praktiko izan lezaketen adierazteko eskatu zaie.

Aipaturiko eskariaren erantzun gisa honako gaiak landu dira:

Zentzurik-ezaren zentzua, lexikologia kontrastiboa eta itzulpena, hiztegiaren didaktika, testuak eta testuaren ahozkoranzko lerraketa, ingeles-frantses itzulpena eta zenbakizko informazioa, temaren etorkizuna unibertsitatean, itzulpenaren erronkak, kultur erreferentzien itzulpena eta itzulpen-unitate kontzeptuaren birdefinizio-ahalegina.

Delisle traduktologoaren pasarte bat aipatu, eta traduktologiak eta didaktikak unibertsitatean izan behar duten lekuaz ari dela, Ballardek dio unibertsitate-irakaskuntzaren arima eratzen duten ezaugarriak jokoan jartzen dituzten jakintzagaiak direla: ezaguera espezialduak eta unibertsalak, jakintzagaiartekotasuna, behaketa- eta sintesi-izpiritua, gogoeta eta goi-mailako ariketa eremu jakin batean.

Charles-de-Gaulle Unibertsitateko (Lille III) Kontseilu Zientifikoaren laguntzarekin argitaratu den liburu honek argi eta garbi erakusten du gero eta interes handiagoa ari dela sortzen unibertsitatean itzulpena eta itzulpenaren inguruko ikerketak egiteko.

MIGUEL ANGEL VEGA (Ed.): Textos clásicos de teoría de la traducción. Ediciones Cátedra, S.A., Madrid, 1994.

Aurreko SENEZ batean orain aipatzera goazen moduko antologia baten iruzkina egiteko aukera izan genuen. Chicagoko Unibertsitateak argitaraturiko Schulte R. & Biguenet, J. (Eds.)Theories of Translation. An Anthology of Essays from Dryden to Derrida (1992). Bertan Julio-César Santoyok argitaraturiko Teoría y Crítica de la Traducción: Antología(1987) obraren berri ematen genuen. Baina bilduma hori espainiar pentsalarien gogoetak jasotzera mugatzen zen eta liburuak 358 orrialde baditu ere, seguraski dozenerdi besterik ez dira eragin garrantzizko samarra izan duten autoreak (Luis Vives, Ayala, Zierer, Marías, García Yebra, García Landa). Ortega y Gasset, itzulpenaz idatzi duen gaztelaniazko pentsalari nazioartekoena ez dator bertan autore-eskubide kontuak tartean zirelako.

Vegaren antologia alemanezko Störigen eta goian aipaturiko Schult & Biguenet-en antologien ildotik doa eta Zizeronengandik hasi eta Fedorov errusiarraren testuetaraino Mendebaldeko hizkuntza nagusietan egin den itzulpenaren inguruko gogoeta hoberenaren laginik bikaienak eskaintzen ditu. Garrantzizko guztiak datozela esan liteke, eta edozein antologia egiterakoan ezinbestekoak diren subjektibismoak gorabehera, dagoeneko corpus aski finko bat jasorik dagoela esan daiteke. Störig, Schulte/Biguenet eta oraingo Vegaren hau erkatuz gero, laster ikusten da kointzidentzia handia dagoela aipaturiko autore eta testuetan, O. Paz ez agertzea harrigarri samarra gertatzen bada ere.

Bertan bildu diren 74 autoreren pasarteak batzuetan zerbait luzeagoak izan bazitezkeen ere, oro har, itzulpenaz aldi eta alde desberdinetan egin den hausnarketa aski ongi islaturik gelditzen da, eta jatorrizko testuetatik egin den itzulpena beti ez bada ere ia gehienetan onargarri eta egokia da. Batzuetan antologia aurretik eginak zeuden itzulpenez baliatu da; beste zenbaitetan, berriz, berak lehen aldiz itzuli edo itzularazi beharrean aurkitu da.

Sarrera, bibliografia eta bukaeran datorren Errenazimenduaz geroztiko itzulpen-historiaren taula sinoptikoa ere interesgarria da mendez mende eta parez pare traduktologian eta traduktografian egin diren urratsak argiro ikusi ahal izateko.

Zinez esan daiteke itzulpen-teoriari buruzko «testu klasikoak» direla liburuak eskaintzen dituenak eta traduktologia irakasten edo ikasten duenari ezin hobeki etorriko zaizkiola aldiz aldiko pentsamenduaren nondik-norakoa segi eta sakondu ahal izateko.

ESTEBAN TORRE: Teoría de la traducción literaria. Editorial Síntesis, Madrid, 1994.

Liburuaren aurkezpenean esaten denez, itzulpena jakintzagai eta unibertsitate-titulazio gisa oraindik berri samarrak dira, eta horregatik planteatu izan da zientzia ala arte den, eta bere edukiek izaera teorikoa ala praktikoa duten. Liburu honetan, itzulpengintzaren arte edo zientzia teoriko edo praktiko kontzeptuak aztertu ondoren, eta itzultze-jardueraren oinarri biologiko eta linguistikoak kontutan izanik, itzulpen-prozedura eta euren ikerketa egiten da; beraz, itzulpena prozesu eta emaitza gisa begiesten dira.

Bost kapitulu nagusitan banaturik dago obra: itzulpen kontzeptua eta bere bilakaera historikoa, itzultze-jardueraren oinarri biologiko eta linguistikoak, hizkuntz transferentziak, itzulpen-alternatibak, bertsoaren itzulpena.

Seigarren kapitulua testu teorikoen bilduma edo antologia txiki bat da eta bertan S. Jeronimo, Lutero, Luis Vives, Schleiermacher, Ortega y Gasset, Ayala eta Bousoñoren testuak datoz.

Liburuaren bukaeran datorren bibliografia aski hautatua da eta azken hamarkadetako itzulpen-teoriaren ikuspegi aski orekatua eskaintzen du.

Bigarren kapitulua formulaturik dagoenez aski originala da eta ez da normalean beste obra batzuetan agertzen, batez ere oinarri biologikoari buruz egiten dituen kontsiderazioei dagokienez; ez bedi ahantz autorea filosofia eta letretan doktore eta Sevillako Unibertsitatean Literatur Teoriaren irakasle titularra den arren, medikuntza eta kirurgian ere doktore dela eta alor horiek ongi ezagutzetik datozkio itzulpenean aipaturiko fokapenak egiteko gaitasun eta zaletasuna.

Beste behin, argi eta garbi nabari da azken urte hauetan unibertsitatean gero eta interes handiagoa ari dela sortzen itzulpengintzarekiko eta ez dut uste profeta izan beharrik dagoenik erdi-epe batera oraindik askozaz liburu gehiago eta jakintzagaiartekoagoak ikusiko ditugula unibertsitate diferentetan traduktologiaren inguruan aitortu ahal izateko. Urtetan trikaturik egon den ontzia aingurak altxatu eta itsas zabalerantz abiatu den seinalea da.

SCHULTE, R. & BIGUENET, J. (Eds.)Theories of Translation. An Anthology of Essays from Dryden to Derrida, The University of Chicago Press, Chicago, 1992.

Rainer Schulte, Dallasko Texas Unibertsitateko Itzulpen Estudioetarako Zentruaren zuzendari, eta arte eta humanitateetako irakasle denak eta John Biguenet, Amerikar Itzultzaile Literarioen Elkartearen presidente ohiak eta gaur egun New Orleanseko Loyola Unibertsitatean ingelesaren irakaskuntzan dabilenak, elkar harturik itzulpen-ikerketaren bibliografian jadanik ezaguna den liburu-motaren ildotik obra berri bat eskaini digute.

Oker ez banago behintzat, gisa honetako lehen liburua Edmond Cary, itzultzaile, interpretari eta traduktologo ospetsuak argitaratu zuen frantsesez Les grands traducteurs français (1963) izenburupean.

Alemanieraz klasikoa eta sarri aipatua den Das Problem des Übersetzens (1973), H. J. Störig-ek editatua etorri zen ondoren. Geroxeago T. R. Steiner-ek English Translation Theory 1650-1800 argitaratu zuen1975ean eta bi urte geroago A. Lefevere traduktologoak, sail berean plazaratu zuen bere Translating literature: the German tradition (from Luther to Rosenzweig). Eta azkenik, Julio-César Santoyok Teoría y Crítica de la Traducción: Antología (1987) argitaratu du Espainian gaztelaniaz.

Hedadura handiagoz edo txikiagoz, hizkuntza bakarraren edo gehiagoren esparrua kontutan hartuz, gisa honetako antologiek aldi eta alde desberdinetan itzulpenaren inguruan esanak biltzea dute helburu. Halere, bakoitzak bilduma-egilearen ikuspegi eta balioespen bereziaren berri eskaintzen du, bai egindako aukeran eta bai sarrera, ohar eta iruzkinetan.

Amerikar irakasle hauek eskaintzen diguten antologia Ingalaterra, Alemania, Frantzia, Holanda, Espainia, Ipar Amerika eta Hego Amerikako garrantzizko zenbait pentsalarik itzulpenaz esandakoaz mamiturik dator. Erromatarren eta Krista-aroko pentsamenduari buruz Hugo Friedrich, Alemaniako Freiburgen hil arte hizkuntza erromantzeen irakasle izan zenak idatziriko artikulu batez hasten da liburua eta ondoren, hurrenez hurren, J. Dryden, A. Schopenhauer, F. Schleiermacher, W. von Humboldt, J. W. von Goethe, D. G. Rossetti, F. Nietzsche, W. Benjamin, Ezra Pound, J. Ortega y Gasset, P. Valéry, V. Nabokov, R. Jakobson, O. Paz, P. Szondi, Y. Bonnefoy, H. Schogt, M. Rifaterre, J. Derrida eta Hans Erich Nossacken testuetako pasarte hautatuzko 238 orrialde datoz.

Bestalde gisa honetako liburuetan ohi denez, bukaeran autoreen biografiak eta itzulpenari buruzko bibliografia hautatu zabala dator, urtez urte emana.

Antologia honen antz handiena duen Störigenarekin erkatuz gero honako aldeak nabari zaizkio: azken honenak garrantzi handiago ematen die alemaniar pentsalariei, San Jeronimo eta Ortega y Gassetez landa, ez du beste teorilari atzerritarrik aipatzen; bestalde, Brang eta Dedecius bezalako lanen bitartez eslabiarren, eta bereziki sobietar ohien ikuspegi zabala eskaintzen du.

Schulte-Bigueneten antologia Dryden ingelesarengandik berariaz hasten da, nahiz eta Hugo Friedrichen artikulu batean antzinateaz ere hitz egiten den, batez ere pentsamendu edo gogoeta modernoan interesaturik agertzen delarik. Bestalde, aipaturiko herrialdeetako gogoetalaririk nagusienak hartzean, aurreko antologia gehienak ez bezalako zabaleraren jabe da. Muga edo hutsune bat egotz lekioke: tamalez, Cukovskij-ren Iskusstvo Perevoda (1936) obratik hasi eta gaur egunera arte Sobietar Batasun ohian eta hizkuntza eslabiarren eremuan (Polonia, Txekia, Slovakia, Bulgaria, Jugoslavia ohia eta abarrean), oro har, argitaratutako bibliografiaren artean badira ekarpen interesgarriak egin dituztenak eta horrelako antologia batean agertzea merezi zutenak.

Esan bezala, John Dryden ingelesaren kasua salbu, antologia honetan ageri diren pentsalari guztiak, kronologiari dagokionez, hemeretzigarren eta hogeigarren mendeetakoak dira, halere beharrezko zen aurreko garaien ikuspegia ondoren sortutako pentsamoldeak hari historikoan behar bezala kokatu eta ulergarri bihurtzeko. A. Bermanek «anexionista», «etnozentriko» edo «hipertestual» deituko lukeen itzulpen-joera hori XVIII. mendean hasi zen aldatzen eta paradoxazkoa dirudien arren, «les belles infidèles» deituen herrialdean jaiotako Diderot eta D'Alembert izan ziren bide berrien lehen urratzaileak. Joera berria honek, sorburu-testuarekiko sentsibilitate eta errespetu handiagoz jokatzen zuenak, XIX. mendean eta Alemania erromantikoan aurkitu zuen erroak ezartzeko lurrik gizenena, Humboldt, Nietzsche, Goethe, Schopenhauer eta Schleiermacher bezalakoen gogoeta eta entseiuekin. Pentsalari bakoitzak bere ñabardurak proposatzen dituen arren, guztien baitan itzultzailea testu arrotzera eraman beharra azpimarratzen dute eta ahal den heinean, testuaren «arroztasuna» gorde behar den iritzikoak dira. Jatorrizkoa «leuntzea» edo «apaintzea» hura deuseztatzea adinaxe den ustea agertzen dute.

Gaztelaniaren eremuari dagokionez, XX. mendeko bi idazle eta pentsalari gailen datoz antologian: J. Ortega y Gasset eta Octavio Paz. Lehenak Alemanian ikasketak egitean ezagututako Schleiermacherren «Über die verschiedenen Methoden des Übersetzens» entseiuko ideiak zabaldu zituen bere «La Miseria y el Esplendor de la Traducción» (1937) idatzian. Bide batez, esan dezagun, J. C. Santoyoren antologian ezin izan zela obra hau argitaratu autore eskubideak zirela-eta. Hasiera batean Buenos Airesko «La Nación» egunkarian bost artikulutan argia ikusi zuen eta sarritan berreditaturiko entseiu hau irakurri nahi duenak hona jo behar du: J. Ortega y Gasset, Obras Completas: Tomo V (1933-1941) (Madrid: Revista de Occidente, 1947), 429-48 orr.

Idazle hegoamerikar sonatuari dagokionez, berriz, bere Traducción: Literatura y Literalidad (Barcelona Tusquets, 1971) lantxoa dator Irene del Corralek ingelesez jarria.

Azkenik, bi hitz, antologiaren amaieran datorren bibliografiaz: Drydenek 1680an bere Ovid's Epistles itzulpen-lanari ezarri zion hitzaurretik hasi eta D. Weissborten Translating Poetry: The Double Labyrinth, 1989an buruturiko editore-lanera bitartean itzulpenaz idatzi duten berrehunen bat autoreren aipamena dator. Azken mendeotako pentsalari eta hizkuntzalari nagusienek itzulpenari aitortu dioten garrantziaz jabetzeko aski esanguratsua da aipaturiko bibliografia. Norbaitek oraindik ere zalantzak balitu, gure artean, munduko lanbiderik zaharrenetarikoa den honetan aritzeak hizkuntza eta kulturaren etorkizunerako duen muntaz, aski luke Schulte-Biguenetena bezalako antologia bat eskuetan hartu eta bertan murgiltzea; ziur nago ez dela aterako irakurketatik sartu den bezala.