Terminologia eta traduktologia EHU-UPVn (Prestakuntza-egitasmo baten inguruko gogoetak)
Xabier Mendiguren

Egia esan, terminologia eta traduktologiako prestakuntza ez da Unibertsitateak soilik eta bereziki behar duen zerbait, zeren irakaskuntzaren beste maila batzuetan edota kazetaritza bezalako lanbide batean ongi baino hobeki etorriko litzatekeen zerbait baita. Baina hemen eta orain izenburuko proposamena egitera ausartu banaiz, Euskal Herriko Unibertsitatearen egoera bereziak eta azken bi urte honetan harekin izan ditudan harremanek premia edo hutsune hori argiago ikustera eraman nautelako da. Bestalde, ez da neure subjektibismo hutsetik hauteman dudan zerbait, baizik eta fakultate desberdinetan euskal lerroan diharduten irakasleekiko elkarrizketan nabarmendu eta berretsitako zerbait.

EHU-UPVn une honetan 600 bat irakasle dabiltza egunero gai desberdinenetan ingeles eta gaztelaniatik nagusiki apunteak euskaratuz eskolak prestatu eta ematen, eta milaka ikasle eskola horiek hartzen eta sarritan, lan osagarri gisa, gaztelaniaz irakurritako liburuetatik orrialde ugari euskarara itzuli eta moldatzen. Fisika, kimika edo biologia bezalako alorretatik hasi eta filosofia, soziologia, pedagogia edo zuzenbidea bezalako jakintzagaietaraino doan aukera zabala dago informatika, medikuntza, ingeniaritza edo arkitekturatik iraganez. Ukaezina da alor konplexu eta zabal horietako testuen aurrean, agian berriegiak eta oraindik zientzia-estatus kolokati baten jabe diren terminologia eta traduktologia bezalako diziplinen oinarrizko nozioetan prestakuntza bat izateak laguntza ukaezina emango liekeela nola irakasleei hala ikasleei.

Gainera, aipaturiko sail horietan eta beste askotan, lan hori guztia oraindik bere burua bateratu eta finkatzen ari den hizkuntza baten baitan egin behar izateak, oraindik premiazkoagoa bihurtzen du horrelako prestakuntza. Bistan dago zailtasuna zailtasunaren gainean metatzen zaiela bi multzo horiei, eta zama hori askotan areagotua sentitzen dute aldez aurretik behar adinako euskararen ezagutzarik gabe irakas/ikas-lanetan ari direnen sorbaldek.

Hemen, kontua ez da terminologoak eta itzultzaile profesionalak prestatzea —itzultzaileentzat lizentziaturak dauden bitartean, terminologoen prestakuntza bera ere arazotsua da—, baizik eta bi alor horietan, itzulpengintzan eta terminologian oinarrizko ezagutza batzuk eskaintzea irakasleei lehenik, beren eguneroko lana erraztu eta hobetzeko, eta ikasleei ondoren, erdarazko kontsulta-liburu eta artikuluetatik apunteak prestatu edo lanak burutzean gutxienezko segurtasun bat izan dezaten. Esan beharrik ez dago, zeinen probetxuzkoa izango litzatekeen euskarazko prosa zientifikoa gauzatzeko orduan eta ikasleen prestakuntza intelektualerako aipaturiko bi diziplina horietan oinarrizko nozioak izatea eta horien inguruan lan-sistema eta koordinazio-ekimenak antolatzea, itzultzaile eta terminologo profesionalek egin behar dituzten ekarpenen kalterik gabe. Gure kasuan UZEI, Elhuyar eta abar bezalako erakundeek zeresan berezia lukete, agian euskal filologian gai horietan berezitu edo gutxienez hurbil dabilen irakasleren baten partaidetzarekin. Bestalde, eguneroko eskoletarako idazten diren testu zientifiko-didaktiko horien corpus batekin, informatikariek ere bilketa eta indexatze-lan bikaina egin lezakete. Baina hori beste artikulu baterako gaia izango litzateke, eta itzul gaitezen izenburuko proposamenera.

Arntz/Picht (1995) eta M. T. Cabré (1993) adituek azpimarratzen dutenez, helburu desberdinak ditu terminologoak beste zenbait alorretako adituen aldean. Terminologoak alor jakin baten barruan terminologia-lan elebakar, elebidun edo eleanitz sistematiko bat burutzeko prestaturik egon behar du, terminologia puntualeko lanak burutuz eta beste batzuen lanak gainbegiratuz, eta horretarako hizkuntzalaritza, lexikologia eta semantika lexikoa bereziki, logika eta sailkakuntzaren teoria, dagokion gaiari buruzko espezializazioa, dokumentazioa, soziolinguistika, pragmatika eta informatika beharrezko ezagutzak ditu.

Baina badira beste kolektibo profesional batzuk terminologo izateko berariazko asmorik ez izan arren, terminologiako prestakuntza ezinbestekoa dutenak beren eguneroko lana egoki burutu ahal izateko, termino espezialduak beren eguneroko lanean etengabe aurkitu eta erabiltzen dituztelako, hala nola: hizkuntzaren profesionalak (itzultzaile, interpretari eta erredaktatzaile teknikoak), espezialistak (zientifiko eta teknikoak), informazio eta dokumentazioaren profesionalak, hizkuntz planifikatzaileak eta hizkuntzari aplikaturiko adimen artifizialean espezialduriko informatikariak eta abar.

Lehen aipatu ditudan EHU-UPVko euskal lerroko ikasle-irakasleak ere sail horretan sartuko nituzke, eta oraingoz ez dut Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten irakasleen edo eskuartean erabiltzen dituzten lengoaiako testuetan terminologiak edo traduktologiak izan beharko lukeen sarrera eta lekuaren aipamenik egingo.

Oraindik orain EHU-UPVko irakasle-talde batekin harremanak izan ditudalarik, aski hurbiletik ezagutu dut irakasgai bakoitzari buruzko eskolak prestatzean izaten dituzten ezbai eta zalantzek nolako ziurgabetasuna sortaraz dezaketen. Eta honetan ere -hala uste dut behintzat- zentzu komuna eta harako in medio virtus  harekin ibiltzea izan liteke onena, behar baino gehiago inor izutu gabe. Mutur batean bai traduktologia eta bai terminologiari buruzko profesionalismo agian esajeratu bat planteatzea legoke eta bestean orain arteko egoera, inolako prestakuntzarik eta laguntzarik gabe egunero arazo aski zailei irtenbideak aurkitu beharrarena.

Bai itzulpenari eta bai terminologiari dagokienez, Corbeilek (1988) azken alorraz dioena gogoan hartzea komeni dela uste dut: "Il ne faut pas exagérer un certain professionalisme de la terminologie -(traductologie) erantsiko nioke nik-. La terminologie est d'abord et avant tout l'affaire et la responsabilité des différents groupes de spécialistes. Le terminologue (le traductologue), avec ses méthodes de travail et ses connaissances, n'est qu'une aide technique dans une relation de multidisciplinarité."

Hizkuntza berezitua edo teknolektoa

Unibertsitateko irakasleek eskuarki testu teknikoa  deitzen den baitan txertaturiko terminologia teknikoarekin lan egin behar izaten du, bai eskolarako apunteak edo artikuluak idaztean, bai ahots goraz eskolan apunteak irakurriz eta hitz eginez edukiak garatzean. Orientazio tekniko edo zientifikoa duten lan-jarduerei buruzko irakasguneen inguruko komunikazioa teknolekto  izeneko lengoaia tekniko propio batean burutzen da. Alemanez "Fachsprache", frantsesez "langue de spécialité" edo ingelesez "technical language", "language of speciality" bezalako izendapenak erabiltzen dira. Euskaraz agian "hizkuntza berezitua" erabil genezake, "hiztegi berezitu" esamoldea erabiltzen dugun bezala. Teknolekto hori barietate desberdinetan eratzen da eta horren berri izateak badu bere garrantzia testu tekniko edo zientifikoak itzultzerakoan.

Egia esan, terminologiari buruzko lan gutxi ageri da gure artean ia batere ez esatearren, baina Pierre Lerat (1995) frantses espezialistari sinestekotan, teoria linguistikoaren kezkarekin terminologiagintzaren alorra aztertzen duten lanak, Frantzian bertan ere, aski urriak dira. Bere ustez, "hizkuntza berezitu"en birdefinizio bat egitetik hasi beharko litzateke, "azpi-sistema" direlako iritzi arrunt eta faltsua baztertu beharra dagoelako. Bestalde, "teknolekto" izendapen analogikoak, "dialekto" bezalako izendapenekiko sasi-parekotasun ("parallélisme fallacieux") batera eramateko duen arriskuaz ere ohartarazten gaitu.

Teknolektoa edo lengoaia berezituak, ezaugarri bereziak ditu lexikoa eta sintaxiaren mailetan, eta ez da terminologiara mugatzen; egia da izendapen berezituak (terminoak) erabiltzen dituela, sinbolo ez-linguistikoak barne, hizkuntza jakin baten ohiko baliabideak mobilizatuz ezagutza espezialdu edo berezituen berri emateko.

Teknolektoaren lexikoa hizkuntza arrunteko hitzez, termino tekniko estandarizatuz, termino tekniko ez-estandarizatu gisara erabilitako hizkuntza arrunteko hitzez eta lan-eremu edo diziplina jakin batean bakarrik erabiltzen ez diren termino tekniko estandarizatuz eraturik egon ohi da.

Sintaxiari dagokionean, berriz, tema (informazio ezaguna) remaren (informazio berria) aurretik izan ohi du, esaldi eliptikoak ugari, egitura sintaktiko sinple samar eta tipikoak, eraikuntza inpertsonalak, aposizioa ugari eta abar. Larriki aipatu diren ezaugarri horiek badute konplexutasun gehiagorik, noski, berriki A. M. Loffler-Laurian (1995) irakasleak dibulgazio zientifikoko diskurtsoaren jarraipen-adierazle batzuei buruz egindako azterketa batean erakutsi duenez; berak frogatzen duenez irakurleria zabal bati zuzenduriko dibulgazio zientifikoko diskurtsoa (irakaskuntzako zenbait eskola ere baliteke zenbaitetan maila horretatik gehiegi ez urruntzea) egitura bikoitz baten gainean eraikia da: bata "erreala", hizkuntzaz kanpokoa, historiarenean eraikia, eta bestea hizkuntzazkoa, diskurtsoarenaren gainean jasoa. Bada jarraipen bat diskurtsoan gertakarien kateakuntzan jarraipen bat dagoen bezala. Baina formulazioek balio handiago edo txikiagoan jartzen dute jarraipen hori. Lehena, alderdi historikoa era beretsuan markatzen bada ere bi hizkuntza desberdinetan; bigarrena, hizkuntzazkoa, hartzaile-mota bakoitzaren arabera aldatu egiten da hizkuntza bakoitzaren baitan.

Baina teknolektoak era desberdinetako burutzapenak izan ditzake ("teknolektoen estratifikazioa") eta hertsi edo zorrotzena, lengoaia zientifikoan aurkitzen da, termino teknikoen erabilpeneko kontsistentziarekin, "berri" gisa sartzen diren terminoen definizio zehatzarekin, lexikoari dagokionez; eta esamolde deskriptiboen nagusitasunarekin esamolde interpretatiboen aldean maila estilistikoan. Lengoaia zientifikoa idatzia izan ohi da, baina lengoaia zientifikoan idatziriko testuak ez du eragozpenik izaten ahoz (irakurrita) aurkezteko, nahiz eta oralizazio edo ahozkotzeak hizkuntzalaritza hertsitik harago doazen arazoak planteatzen dituen (formula kimikoen irakurketa, sigla eta akronimoen aurreko jokaera desberdinak, magnitudeen izenen ahoskatzea eta abar).

Teknolektoak utzi egiten dio hizkuntza zientifiko izateari alor bera lantzen dutenak eskuarki beren artean komunikatzeko erabiltzen dutenean, eta orduan termino tekniko estandarizatuekin batera hizkuntza arrunteko hitzak ere agertzen ditu, "jargoi profesional" gutxi-asko markatua hartzen duelarik. "Ofizio-hizkuntza" ere deitzen den horrek soziolekto, dialekto eta topolektoen eragina islatzen du.

Batzuetan, hizkuntza publizitarioan adibidez, teknolektoa hizkuntza komunera moldatzen da pertsona ez-espezialduei informazio teknikoa helarazteko. Horrelakoetan termino teknikoak ahalik eta gutxien erabiltzen dira eta erabiltzen direnak ez-adituek ulertzeko modukoak izan ohi dira.

Bestalde, zientzialariak hizkuntza komuneko hitzak erabiltzen ditu sarritan termino zientifiko gisara, baina hitzari adiera berria emanez (multzo, ensemble, set, conjunto, Menge).

Horrela, zientzia humanistikoetako lengoaia hurbilago dago hizkuntza komunetik, natur zientziak edo zientzia zehatzetakotik baino. Zientzia humanistikoek intentzionalitate subjektiboaren ikuspegitik aztertzen dituzte fenomenoak eta horiek lantzeko erabiltzen den hizkuntzak eragina du errealitatea interpretatzen duten zientzialariengan, esanahi eta ñabardura aniztasuna sortaraziz. Horregatik, zientzia humanistikoren bateko testuak itzultzeak, termino askoren zehazkabetasunarengatik, zailtasun gehiago izan ohi du naturzientzia edo zientzia zehatzetako ideolektoa itzultzeak baino.

Idatzi berezitua

Testua dioenak euskarria esan nahi du (harria, pergamua, papera, diskete elektronikoa) eta informazioa forman jartzea (esaldia, formula, irudia, eskema, diagrama, organigrama...). Kocourek (1991), hizkuntzalari funtzionalaren eskola txekiarreko kideak nabarmendu du agian beste inork baino argiago hizkuntza berezitua eta testu berezituaren arteko lotura gure artean dabiltzan testu-moten aniztasuna ohartaraziz: estudioa, eskuliburua, tesia, monografia, memoria, konferentzia, eztabaida, elkarrizketa, kritika, erreportaia, erreseina, entziklopediako artikulua, laburpena, prospektua, foiletoa, zehaztapena, asmakuntza-patentea, kontratua, erabilpen-modua, gutuna, aurkibidea (taula alfabetikoa), gai-zerrenda, tesaurua, arau terminologikoa, hiztegi berezitua, bibliografia, katalogoa... Zerrenda hau asko luza daiteke ingeniari, administrazioko langile, komertzial edo abarri osatzeko eskatuz gero. Bistan dago, Gutenbergen galaxiak ez duela arriskurik desagertzeko, baizik eta Marconirena (entzun-ikusizkoarena) eta ahozkoarekin konkurrentzian bizitza luzea izango duela.

Testu-tipoen sailkakuntzari bagagozkio, berriz, gutxienez bederatzi bat multzo egin beharko genituzke:

1.- Zientifiko-teknikoak (katalogoa, memoranduma, entseiua, txostena)

2.- Juridiko, administratibo eta komertzialak

3.- Kazetaritzakoak (albistea-kronika / erreportaia / entrebista-iruzkina: (iritzi-artikuluak, zutabeak, editoriala, sail berezituak)

4.- Publizitarioak

5.- Kolokialak eta komikiak

6.- Prosazko literarioak

7.- Bertsozko literarioak

8.- Dramatikoak

9.- Humanistikoak...

Egoera honen aurrean, dagoeneko aipatua dugun Lerat-ek zuzen dioenez, hizkuntzalaritza derrigortua dago bere jarduerak desberdintzera eta bere printzipioetan inoiz baino gehiago bateratzera. XX. mendean ahozkotasunaren printzipioak ekarri dituen emaitza garrantzitsuak aitortu ondoren, XX. mendean idatzizkotasunak lortuak (konparatismoa, Grimm) aipatzen ditu, eta dialektoak eta testuak dauden bitartean dialektologia eta filologia landu behar direla esan ondoren, idatzi utilitarioei dagokienez kodatze ez-linguistikotik, irakurketatik (oralizazioa eta oralitatea bereizten ditu), itzulpen- eta mekanografiatze-arazoetatik sortzen diren gertakari berriez hausnarketa egitera gonbidatzen ditu hizkuntzalariak, "embarrassés par des faits de civilisation d'une grande banalité" egon gabe.

M. Teresa Cabré (1992) adituaren sailkatzearen ildotik eremu terminologikoan hiru joera nagusi daude: ezagutzazkoa, plangintzazkoa eta itzulpenezkoa.

Lehenak, ezagutza ez-linguistikoa azpimarratzen du: definizioak, ohar teknikoa, lotura nozionalak, eskemak, argazkiak, hitz batean, idatzia eta ikusizkoaren artekoa.

Bigarrenak hizkuntza berezituaren kalitatea du helburu, administrazio publikoetan batik bat eta lexikografia puristarekin lotua egon ohi da.

Hirugarrena, —eta hemen guri gehien interesatzen zaiguna—, batez ere idatzian oinarritzen da. Itzultzaileentzako terminologiak, idealki, dokumentazio-mailako (lehen joerako) eta plangintza-mailako (bigarren joerako) arazo guztiak aldez aurretik ebatziak edukitzea eskatzen du, eta hizkuntz azterketa aski landuak edukitzea itzultzaileak erabilera banatzaile, eraldatzaile eta enuntziatzailea egokia egin dezan.

Laburbilduz, esan genezake hizkuntza berezitua ezer baino lehen hizkuntza idatzia dela, terminologia testu berezituaren material bereizgarria dela, terminologia profesionala terminografia bat dela eta terminografiak ebatzitzat ematen dituela idatziaren arazo guztiak (bariazio grafikoa, marka ez-grafematikoen pertinentzia, erabilera-araua, enuntziatuen irudikapen informatikoa eta copyright-arazoak. Gauza gehitxo suposatutzat eman behar direnak eta gure irakasleon eguneroko lanaren basamortuko talaitik begiratuta Yahvek hebrearrei "agindutako lurraldea" dirudiena.

Prestakuntza-egitarau posible bat

Teknolekto edo hizkuntza berezituaz esanak esan ondoren, bi informazio-multzo ongi etorriko litzaizkioke gure Unibertsitateko irakasleari, eta ikasleari ere dagokion mailan, bere eguneroko lana egoki burutzeko:

a) Teknolektoa eta terminologiari buruzko informazioa

b) Teknolektoaren idazkuntza eta itzulpegintzari buruzko informazioa.

Batari zein besteari dagokionean, prestakuntzak benetakoa eta eraginkorra izatekotan, gutxienez Bigarren Hezkuntzatik hasi beharko luke, bi mundu horietara irakasgai desberdinetatik hurbiltze terminologikoa eginez eta bi edo hiru hizkuntzaren arteko lehen ariketa traduktologiko koordinatuak eginez. Bistan dago, gaur-gaurkoz hori utopia bat dela, eta aurreragoko lanik ere badugula, baina ez dut uste premia batzuk ase behar izateak beste batzuetarako lehen urratsak ematetik saihestu behar gintuzkeenik. Aipaturiko bi alorretan izan beharko genukeen ikerkuntza eta antolakuntzatik urrun samar bagaude ere, ez dira gutxiestekoak gure artean dagoen teoria eta praktikazko ezagutza horretaz baliaturik diseinatu beharko litzatekeen lehen hurbiltze-saio bat. Bitartean, sail desberdinetako irakasleek ahalegin berezi bat egin beharko lukete hizkuntza berezituak ikasleekin lantzen, terminologikoa dena terminologikoki tratatzen, forma berezituak idatzarazi eta irakurrarazten, sintaxi dimentsioanitza irakasten, semantika linguistikoa egiten, enuntziatu berezituak itzultzen, hiztegiak ongi erabiltzen eta abar bezalako jarduerak bultzatzen.

a) Lehenari dagokionez, aski da merkatu hurbilenean ditugun terminologiari buruzko liburu batzuk aztertzea: Cabré (1993), Arntz/Picht (1995), Rey (1979), Rondeau (1984), Lerat (1995) adibidez, eduki-multzo batzuen interesgarritasunaz ohartzeko.

1.- Terminologiarako sarrera baten ondoren, lengoaia espezialdua eta lexiko espezialdua, kontzeptu eta kontzeptu-sistemaren nozioak, definizioa, kontzeptu-eremuak; izendapena eta izendapengintza (terminologiagintza, eratorpena, bihurketa, mailegua eta kalkoa, laburtzapena, hizperria, motibazio morfologiko eta semantikoa; sinonimia, polisemia eta homonimia; eta abar.

2.- Terminologiaren normalkuntza (orokorra, terminologikoa, erakundeak...). Terminologia eta neologia, baliokidetza, lexikografia terminologikoa (Hiztegi mota guztiei buruzko informazioa). Plangintza terminologikoa.

3.- Terminotika (Informatikak terminologiari egindako ekarpenak, terminologia eta hizkuntz industriak, datu-bankuak, datu terminologikoen bankuak.

4.- Azkenik, terminologia eta dokumentazioa eta talde-lana terminologiagintzan, zenbait herrialdetan terminologiagintzan espezialtzeko eskaintzen diren aukeren informazioarekin.

b) Bigarren informazioari, hots, itzulpengintzari dagokionez, honako eskema honi edo antzeko bati jarraituz eskain litezkeen kontzeptuak, praktika ongi hautatu eta labur batekin errebortxaturik, baliagarri izan lekizkioke irakasleari zein ikasleari, edo profesionala izan gabe itzulpengintzarekin lotura estua izan behar duen hizkuntz bitartekariari.

1.- Itzulpenaren zientzia edo traduktologia jakintzagai gisa (deskribapena, egitura, osagaiak, kokagunea).

2.- Itzulpenaren teoria (Deskribapena, planteaketa orokorra, transkodetze semantiko eta pragmatikoa. Itzultzailea dekodatzaile, transkodatzaile eta birkodatzaile gisa).

3.- Testu-tipo eta klaseak.

4.- Baliokidetza eta baliokidetzaren erlatibitatea, itzulgarritasuna, itzulgaiztasuna eta itzulezintasuna.

5.- Itzultzea eta interpretatzearen arteko desberdintasun psikolinguistiko eta soziolinguistikoak.

6.- Terminologia itzulpenaren zientzian, terminologiagintza-mota desberdinak, terminologia eta teknolektoa.

7.- Itzulpenaren praktika (arazoen sailkapena, prozedurak eta teknikak).

8.- Lanabesak eta bitartekoak. Talde-itzulpena.

9.- Itzulpenaren kritika (izaera, arazo orokorrak, irizpideak, teoria eta praktika, mugak).

Bai terminologiaren eta bai traduktologiaren sailetan oinarrizko bibliografia bat eskaini beharko litzateke goian aipaturiko nozio eta kontzeptuak hedatu nahi dituenarentzat, eta bakoitzari bereziki interesatzen zaion alorrari buruz aldizkarietan agertu diren lan eta erreseinei buruzko informazioa ere biltzeko ahalegina egin beharko litzateke, batez ere Euskal Herrian terminologiagintzak azken bi hamarkadotan eman dituen urratsen eta hiztegi berezituen historia labur bat eginez eta gaur egungo egoeraren berri ere emanez.

Bai terminologiari eta bai itzulpengintzari dagokienez, hala nahiko luketen irakasle eta ikasleek hartuko luketen informazio orokor horrek ziurtasuna emango lieke egunero burutzen duten lanarekiko, nola emaile hala hartzaile gisa. Gainera, zalantzarik gabe, horrek hobetu egingo luke irakasleek eskoletan erabilitako komunikazioaren eta ikasleen lanen kalitatea ere, zeren prestakuntza horretan aipatuaz gainera oinarrizkoagoa den idazkuntza-tekniken eta euskararen araugintzaren azalpen sistematiko bat egitea ezinbestekoa izango bailitzateke, sarritan inoiz behar bezala ikasi gabe suposatutzat ematen direnak izaki.

Prestakuntza eta eguneroko lana

Goian aipaturiko terminologia eta traduktologiako interesgune horiei buruzko azalpen argiak eskaintzeak mesede egingo die irakasle eta ikasleei, zeini bere mailan, irakas/ikaskuntzan, baina horrenbestez lehen pauso bat besterik ez genuke emango, eguneroko bere lanaren koordinazio eta gainbegiraketarako antolakuntza eta oinegitura gutxienezkorik gabe. Terminologiagintzan funtsezkoa da aurretik sortua kritikoki ezagutzea eta termino berriak sortzean (itzultzean) gai edo alor berean lanean dabiltzanen artean adostasuna lortzea, barreiakuntza eta aniztasun kaltegarriari aurre egiteko. Gaur egun, zorionez, eskura ditugun bitarteko teknologikoek erraztasun handiak eskaintzen dizkigute datu-base, posta elektroniko, Internet eta abarren bitartez interesgune bera duten adituen arteko denbora eta espazioko distantziak gainditzeko.

Gainera, alor bakoitzeko adituak egiten dituen proposamenek laster har lezakete hizkuntzalari orokor baten ikuskapena ere, terminologiagintzaren eta hizkuntza komunaren artean adostasuna izan dadin, eta testu tekniko (itzuli-moldatuak) itzulpenean edo idazkuntza teknikoan aditua denaren gainbegiratua eta zuzenketa izan dezan, berehalakoan ez bada, gutxienez noizbehinkako lan-bileraren batean.

Testu teknikoen itzulpen sistematikoa

Euskal Herriko Unibertsitateak hain beharrezko dituen testuen itzulpengintza era askotara egin daiteke:

a) Itzultzaile profesional batek testua itzul dezake eta gero gai bakoitzeko aditu edo irakasleak gainbegiratu eta zuzendu egin dezake.

b) Gai bakoitzeko irakasle edo adituak testua itzuli eta gero itzultzaile profesional batek birmoldatu eta zuzendu egin dezake.

c) Aditu eta itzultzaileen arteko elkarlan gisara plantea daiteke: terminologiaren hustuketa eta lantzearen lehen fase batekin, itzultzailearen (edo itzultzaileen) itzultze-lanarekin eta azkenik, adituen berrikusketarekin. Hirugarren era hau izan liteke egokiena, baldin eta koordinazio-lana behar bezala egiten bada. Dena den, prestaketa lan horretan aldez aurretik dagoen guztia kontuan hartu behar da, eta terminologiagintza berria proposatzean lehen aipatu den adostasuna lortzeko ez da ahaleginik egin gabe utzi behar, hain txarrak diren presak alde batera utzirik.

Testu berezituaren ahozkotzea

Oraindainokoan Unibertsitateko irakasleak eguneroko eskola prestatzeko idatzi behar duen testurako lagungarri izan daitekeen terminologia eta traduktologiaren alorretako laguntzaz ari izan gara. Baina ez idatzizko apunteak apailatzerakoan eta horiek ikasleen aurrean baliatzerakoan, irakasleak ez du ahaztu behar orrialde horiek beren baitan dakarten mezua ahoz eman eta belarriz jaso behar dutela ikasleek, eskolarako soilik erabiltzen den kasuan. Horrek eragin nabarmena izan behar du diskurtsoaren antolakeran eta lexikoaren hautapenean ere.

Honetan bi arrisku egon litezke:

a) Eskolak ematean aurrean apunte gisa ikasleak edukiko dituela eta isilean irakurtzeko material bezala prestatzeko testuaren gainean eskola ematea, inolako ahozkotze-ahaleginik egin gabe. Horrelako testuaren irakurketa soila ulergaitza eta nekagarria gerta lekioke ikasleari.

b) Ahoz emateko testua denez gero gaiari dagokion terminologiak eskatzen duen zehaztasun eta kontzeptualizazioaren ñabardurak ez zaintzea, parafrasi murriztaileak eginez. Bigarren kasu horretan ikaslea jabetuko da irakasgaiaren muin edo funtsaz, baina ez da gai izango testu berezitu baten mailak eskatzen duen zehaztasunez diskurtso zientifiko-tekniko bat artikulatzeko, eta horrek prestakuntza pobretuko lioke.

Puntu honetan bereziki azpimarratu behar dugu, lehenago teknolektoaren ezaugarri nagusien berri ematean bereizi ditugun osagai desberdinen izaera, zeren termino tekniko estandarizatuak bere horretan errespetatu eta utzirik ere, hizkuntza komunari dagokionean irakasleak joko desberdinak egin baititzake nola sintaxiaren hala lexikoaren aldetik. Batez ere, apunteak prestatzean nagusiki itzulpenaz baliatzen bada, sarritan premiarik gabe erdal diskurtsoaren baliabide erretorikoak, lokailu eta juntagailuak, perpausen antolaketa eta esamolde eta itzulikak mimetikoki euskaratzearen arriskua izango du, ondorioz inprimatu nahiz ahozkotu behar duen testua alferrik zailduz.

Maila horretan, jatorrizko testuan zer den terminologikoa eta zer den erretorikoa bereizten jakiteak mesede handia egingo dio irakasleari, baita gaia didaktizatzeko hizkuntz baliabide ugari izateak (sinonimia, esamoldeak, parafrasiak egiteko gaitasuna) eta ahots goraz egoki azaltzen jakiteak ere (irakurketa ozena, inprobisamena, oratoriaren oinarrizko arauak, ahotsaren erabilera egokia, keinuak...). Ez bedi ahantz aski aldatzen direla baldintza oratorioak talde txiki bati, ia famili giroan eskola ematetik ehunen bat edo gehiagoko talde bati gaia azaltzera.

Azken gogoeta gisa

Nire artikulu honek helburu bat baino gehiago ditu. Alde batetik, eguneroko bizitzako testuetan, kazetaritzan, Bigarren Hezkuntzan eta bereziki Unibertsitatean hartzen duten protagonismora arreta erakartzea.

Bigarren —arestian izan dudan esperientzia batean oinarriturik— Unibertsitatean eskolak prestatzeko orduan irakasleei terminologia eta traduktologiari buruzko oinarrizko prestakuntza batek egingo liekeen mesedea azpimarratzea. Prestakuntza hori, agian beste maila batean, baina ikasleei ere hedatzeko bideak eta aukerak apailatzea ere kontuan izan beharko litzateke, batez ere euskal lerroan dabiltzanei euskararen egoera bereziak aurrez aurre jartzen dizkien baldintzak kontuan izanik. Baina erdaraz soilik ari direnei ingelesa edo beste hizkuntzekiko, doktorego-tesiak, artikulu zientifikoak eta abar prestatzen ari direnei eta abarri ere ez lieke inolako kalterik egingo.

c) Testu idatzi zientifikoen ahozkotzean gehiago sakontzea beharrezkoa da (ahozkotasuna eta ahozkotzea bereiziz), eskolak egoki eman ahal izateko eta ikasleari behar baino zail eta astunago gerta ez dakizkion.

d) Azkenik, euskararen munduan talde desberdinak garatzen ari diren terminologiagintzaren ezagutza eta harekiko harremana Unibertsitatera iritsi baino lehenagotik hasi behar du ikasleak, hau da, Bigarren Hezkuntzatik, eta horretarako irakasleak gai desberdinak ematean arreta berezi bat izan behar du ahoz zein idatziz lantzen dituen testuetako hizkuntz osagaiak bereizteko eta bakoitzaren funtzioak azaltzeko.

e) Gaur egun perpausetik testurako urratsa emanez, genero eta diskurtso-mota desberdinen inguruan sortzen ari diren idatzien parean, eta osagarri gisa, ez litzateke gaizki etorriko terminologiari buruzko eskuliburu bat; baita traduktologiako beste bat ere, irakaskuntza-munduan diharduten irakasle-ikasleei zuzendua.

Baina orain arte esandako guztiak benetan fruitua eman dezan, ezinbesteko deritzot irakaskuntzan dabiltzan irakasleek gutxienezko oinegitura (kontsulta-materiala eta ahalbideak, bitarteko informatiko eta elektronikoak), koordinazioa eta kanpo-laguntza izatea. Agian ekimen berri horiek campus eta fakultate jakin batzuetan esperientzia piloto gisara abiatu beharko lirateke, gehien motibaturik dauden irakasleekin, ondoren ebaluatu eta beste fakultate eta campusetara hedatzeko, hizkuntz erabileraren mugarik gabe.

Bide batez, esan dezadan, egunero hainbeste testu euskaraz idazten dituzten irakasle horien unibertsitate-mailako koordinaziotik agian corpus zientifiko bikain bat antolatzen has gintezke informatika fakultateko adituen gidaritzapean, orain arte terminologiagintzan egin den lanaren osagarri gertatuko dena. Ordenagailu, posta elektroniko, Internet eta abar bezalako bitartekoek aukera ezin hobea eskaintzen digute eta horrelako zerbait ez egitea edo gehiegi berandutzea gure etorkizunaren kaltetan lihoake.

Bibliografia

ARNTZ, Reiner/PICHT, Heribert: Introducción a la terminología, Fundación Germán Sánchez Ruipérez, Madrid, 1995.

LOFFLER-LAURIAN, A.M.: "Quelques indicateurs de continuité dans le discours de vulgarisation scientifique" (55-72p.) In BALLARD, M. (éd.): Relations discursives et traduction, Presses Universitaires de Lille, 1995, Lille.

CABRE, Maria Teresa: La terminología. Teoría, metodología, aplicaciones. Editorial Antártida, Empúries, Barcelona, 1993.

KOCOUREK, R.: La langue française de la technique et de la science, Brandstetter Wiesbaden, 1982.

LERAT, Pierre: Les langues specialisées, Presses Universitaires de France, Paris, 1995.

REY, A: La terminologie. Noms et notions (1979), 2e éd., Paris, 1992.

SAGER, J.C.: A Practical course in terminology processing, Amsterdam, John Benjamins, 1990.

UZEI/EUSKALTERM: "La terminología en el contexto de normalización de la lengua vasca". In: Term Net News, 22, 1988.

WÜSTER, E.: Einführung in die Allgemeine Terminologielehre und die Terminologische Lexikographie, 2º berred. HEPA-tryk, Kopenhagen, 1985.

ZIERER, Ernesto: Algunos conceptos básicos de la ciencia de la traducción, Universidad Nacional de Trujillo, Perú, 1979.