Euskarazko itzulpen juridiko-administratiboen balio ofiziala
Jon Agirre

HAEEko Itzulpen Zerbitzu Ofizialeko burua.

Gaiaren nondik-norakoa

Lan hau Euskal Autonomia Erkidegora mugatu dut. Hala ere, esan dezaket iparraldean euskarak ez daukala inolako baliorik ofizialtasunik ez daukalako, eta Nafarroan, eremu euskaldunean behintzat, aplikagarria dela Euskal Autonomia Erkidegorako esango dudana.

Gai honetan zer bi lotzen dira: alde batetik, euskara eta, bestetik, itzulpena. Euskararen balioa eta itzulpenaren balioa. Puntu bi horiek landuko ditut, hau da, ea euskarazko testuak, euskaraz egoteagatik balio duen ala ez, euskarazkoa itzulpena izan nahiz ez izan, euskarazko orijinalak itzulpena eduki nahiz itzulpenik eduki ez. Saiatuko naiz azaltzen gaztelaniak kasu beretsuetan duen balio berbera daukala euskarazko testuak.

Euskararen balioa aztertuko dugu, beraz, alde batetik beste hizkuntzen maila berekoa ala bigarren mailakoa ote den, hain zuzen, eta bestetik, itzulpenaren balioa: itzulpenak balio du testu ofizial moduan, euskaraz egon nahiz gaztelaniaz egon, ala ez du balio? Eta, balio badu, ulertzeko arazoak daudenean, edo jatorrizkoa eta itzulpena euskarazkoa nahiz gaztelaniazkoa izan kontraesanean daudenean, lehentasuna zeinek duen aztertuko dut: idazkera batek ala besteak, jatorrizkoa izateak testuari balio handiagoa ematen dion itzulpenarekiko ala ez. Ñabardurak gora-behera, balio bera daukatela, eta, kontraesanak interpretatzeko, hizkuntzarena ez, beste irizpide batzuk baino erabili behar direla azaltzen saiatuko naiz[1].

Oinarrizko legedia

Hasteko, ikus dezagun legeak zer dioen hizkuntzei buruz. Espainiako Konstituzioak ezartzen du hizkuntzen araubidea, eta horretan oinarritzen dira gainerako legeak. Espainiako Konstituzioak dioenez:

"3.1. Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala.(...)"[2]

Eta hurrengo puntuan:

"3.2. Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien erkidego autonomoetan berauen estatutuei dagokien eran".

Beraz, egoera elebiduna ezartzen du hasiera-hasieratik eta autonomia-estatutuetara bidaltzen gaitu. Ikus dezagun bada, autonomia-estatutuak zer dioen[3]:

"6.1. Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian, gaztelaniarekin batera (...)"[4].

Beraz, momentu honetan interesatzen ez zaiguna kenduaz geratuko litzateke: "Euskarak hizkuntza ofizialen maila izango du Euskal Herrian, gaztelaniarekin batera"[5].

Zer esan nahi du ofizialtasuna izateak? Edorta Cobrerosek esan duenez, ofizialtasuna aldarrikatzeak ondorio garbi bat dauka, hau da, hizkuntza hori ondorio guztiekin erabil daitekeela[6]. Ondorio guztiekin, beraz. Argi dago ofiziala izateak ondorioren bat izan behar duela, eta, zeintzuk dira ondorioak? Konstituzioak gaztelania Espainiako hizkuntza ofiziala dela ezartzen duenean, gaztelaniari aitortzen dizkion ondorio berberak eta guztiak, ez baitaude ofizialtasun ezberdin bi.

Estatutuaren 6.2. puntuaren hasieran dioenez:

"6.2. Komunitate Autonomoko erakunde amankomunek bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, berorien ofizialtasuna erregulatuz. (...)"

Erregulatu behar horrek ondorengo beste legeren batera bidaltzen gaitu, euskararen legera. Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legearen 2. atalak Estatutuak berezko hizkuntzaz zioena berretsi egiten du:

"2. Euskal Herriak euskara du berenezko hizkuntza".

Baina zer esan ote nahi du edo zer ondorio ote dauka berezko hizkuntza izateak? Ondorio juridikorik ez dauka. Beste herrialde batzuetan, Europan bertan, urrunago joan barik, "nazio-hizkuntza" esaten da. Suitzan esaterako, erromantxea nazio-hizkuntza da, Irlandan ere irlandera nazio-hizkuntzatzat daukate. Luxenburgon, luxenburgera, edo alemanaren dialekto bat, nazio-hizkuntza izendatu dute. Eta benetako ondoriorik ez dauka, zeren Suitzan erromantxeak ez dauka eremu elebakarrik, kantonamendu bakar batean, Grisoienean da ofiziala alemanarekin batera. Irlandan irlandera edo gaelera ofiziala da baina gizartean ingelesa da guztiz nagusi hori bai, irakaskuntzan derrigorrezkoa da, eta Luxenburgon frantsesez eta alemanez, batez ere frantsesez egiten dira kontu guztiak, nahiz eta luxenburgera hori nazio-hizkuntza izan. Beraz, ondorio argirik ez dauka honek[7].

Dena dela, zuzenbidean ondorioak badituena ofizialtasuna garatzen duen artikulua da. Euskararen legearen 3. atalak dio:

"3. Euskal Herriko Autonomia Elkarteko hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania dira".

Horrek badauzka ondorioak. Ofizialtasuna ezartzen du berriro, eta, beraz, balio osoa daukala esan nahi du horrek. Ikus dezagun euskararen legearen 9.1. atalak euskara auzitegietan erabil daitekeela ezartzen duenean zein baldintzatan ezartzen duen eskubide hori:

"9.1. (...)epailaritzarekingo harreman guztietan inolako itzulpenik ezin eska dakiekeela".

Beraz, itzulpenik ezin badaiteke eskatu, horrek esan nahi du, hizkuntza batek zein besteak badutela nahikoa gaitasun ondorio egokiak izateko; beraz, euskarak, erdarak bezala, bakar-bakarrik ere balio du. Eta zalantzarik balego, 9.2. artikuluan argiago esaten du:

"9.2. Euskaraz aurkeztutako idazki eta agiriak, eta bai epailaritza-ihardunak, balio osozkoak eta eragite-indarrezkoak izango dira."

Beraz, zalantzarik ez dago. Espreski aitortzen zaio balio osoa euskarazko testuari.

Bestalde, 6.1. atalak ere esaten du herritarrak administrazioaren aurrean edozein hizkuntza aukera dezakeela eta eskubidea daukala erantzuna ere ("harrera") bere hizkuntza horretan jasotzeko. Horrek esan nahi du tramitazio osoa euskaraz egitea badagoela eta horrek balioa daukala. Beraz, ondorioa litzateke balio osoa duela euskarazko testuak, jatorrizkoa izan nahiz itzulpena izan gora-behera[8].

Itzulpenaren balioa

Pasa gaitezen orain itzulpenaren baliora. Itzulpenak, balio du, ala orijinalak balio du? Eta balio badu, nola konpondu ezadostasunak?[9]

Katalanek, esate baterako, beren legean jarri zuten katalana izango zela nagusi ezadostasunik egotekotan, bertako parlamentuan legeak katalanez egiten dituztelako; eta parlamentuko mahaiaren ardurapean itzultzen dituzte gaztelaniara. Katalanek, beraz, jatorrizkoari begiratu behar zaiola esaten dute, eta Konstituzio Auzitegiak esan zuen hori Konstituzioaren aurka dagoela; eta zergatik? Hona hemen Konstituzio Auzitegiaren 83/1986 epaia, ekainaren 26koa, zalantzarik badago katalana nagusi izango dela dioen esaldiaz ("inciso" epaian):

Digamos que sí puede en cambio este inciso infringir la seguridad jurídica (art. 9.3 de la C.E.) y los derechos a la tutela judicial efectiva de los ciudadanos (art. 24.1 de la C.E.) que, sin tener el deber de conocerla, pueden alegar el desconocimiento de una de las lenguas oficiales, aquella a la que se da prioridad en cuanto a la interpretación de las leyes publicadas en forma bilingüe, máxime cuando las leyes del Parlamento catalán pueden llegar a surtir efectos fuera del ámbito territorial de Cataluña[10].

(...)[11]

Ahora bien, cabe preguntarse qué sentido ha de darse a la expresión "interpretación dudosa", pues tampoco es unívoca. Un primer sentido el implícito en lo que llevamos dicho es el de que, en caso de disparidad entre el texto castellano y el catalán, hubiese que atenerse a lo que disponga éste, independientemente de que el texto castellano careciera en sí mismo de oscuridades o contradicciones internas. Esta interpretación, que supone una primacía, en último término, del texto catalán, no resultaría aceptable dentro de los parámetros constitucionales, por lo que hemos dicho acerca de la seguridad jurídica con respecto a quienes, sin tener el deber de conocerla, puedan alegar el desconocimiento de la lengua considerada aquí prioritaria. Un segundo sentido es el de que, de presentarse dificultades en la interpretación del texto castellano, el texto catalán servirá como elemento integrador de la interpretación, al haberse redactado el precepto, y haberse llevado la discusión parlamentaria del mismo, en dicho idioma. Ya no se trataría, entonces, de disparidad entre los textos, sino de oscuridad de uno de ellos, una oscuridad que, por lo demás, puede existir también en el texto catalán, como en todo texto legal, tanto en el caso de que sea original o traducido. En tal supuesto, la interpretación por los órganos judiciales requeriría el empleo de elementos interpretativos como los indicados en el ya citado art. 3.1 del Código Civil. Uno de esos elementos sería evidentemente el texto catalán, sin que ello supusiera primacía o preferencia alguna de este texto sobre el castellano: que, de presentarse en el texto castellano, igualmente auténtico, un pasaje dudoso, el texto catalán esté llamado a desempeñar un papel relevante a la hora de interpretarlo, como también habría de suceder en la hipótesis inversa, será consecuencia de la aplicación de las reglas de interpretación, tal y como vienen reguladas, en virtud de la competencia estatal sobre las mismas, en el art. 3.1 del Código Civil.

Balioa katalanari bakarrik aitortzen zionez, araua baliogabetu egin zuen Konstituzio Auzitegiak. Guri dagokigun gairako, argi azpimarratu du epaiak jatorrizkoaren balio bera daukala itzulpenak. Kontuan izan hitz gakoak: gaztelaniazko itzulpena ere baliozkoa dela (igualmente auténtico), alegia. Epai honek badu botu partikular bat, Francisco Rubio Llorente magistratuarena, eta zatitxo bat jasoko dut oso interesgarria delako batez ere azken esaldiak emango die itzultzaileei hausnarketarako gaia:

Se trata simplemente de un precepto destinado a precisar cuál es el enunciado normativo que efectivamente ha sido deliberado y votado por los representantes de los ciudadanos de Cataluña en el ejercicio de la potestad legislativa y parece poco dudoso que sólo ellos mismos tienen la competencia para hacerlo.

Es evidente, claro está, que, como afirman mis colegas, la oscuridad puede existir tanto en el texto catalán como en el castellano y también es evidente que quien no tenga dudas sobre el sentido del precepto en éste no tiene por qué acudir a él. La regla cuestionada no se refiere, sin embargo, a este supuesto, sino al de preceptos afectados de un cierto grado de equivocidad y no tiene otro sentido que el de excluir, para ese caso, toda interpretación que no sea posible también a partir del texto catalán. La existencia de una versión oficial castellana de las leyes aprobadas por el Parlamento de Cataluña no convierte en legisladores a los traductores que la Generalidad utilice para llevarla a cabo."

Epaiaren argudioen aurkako iritzia agertzen du, baina botu partikularra denez ez dauka eraginik; hala ere, hausnarketarako interesgarria da.

Bestalde, testamentu eta kontratu pribatuetarako katalanek berriro esaten dute katalanak balioko duela, baina aurreko epaia ikusirik muga asko jarri zizkioten arauari, eta, azkenean, katalanaren interpretaziorako nagusitasunaren araua ez da eraginkorra. Hara: testamentu eta kontratu pribatuetan alderdiek espreski hizkuntza bat aukeratzen ez badute, katalana izango ei da balioduna, baldin eta erdiak baino gehiago Katalunian bizi badira. Gaztelaniazkoa izango da nagusi baldin eta parteen erdia baino gehiago kataluniarrak ez badira; eta berdinduta badaude eta ezer esan ez badute, katalana. Baina, hala ere, nahi badute, badaukate auzitegietara jotzea; hortaz, araua eraginkortasun barik geratzen da: hain arau zaila ezertarako ere ez.

Konstituzio Auzitegiak honi baiezkoa eman zion[12]. Francisco Tomás y Valiente (goian bego) izan zen ponentea, aldekoa, eta Auzitegiak onartu egin zuen diferentea dela arau juridikoen interpretazioa Kode Zibilaren 3.1 artikuluan arautua, eta testamentu eta kontratu pribatuena: hauena Kode Zibilaren 675, 747, 749 eta 751 (testamentuak), eta 1281-1289 (kontratuak) artikuluetan finkatuta dago. Hauetan, azken batean, parte hartu dutenen borondatea da, batez ere, balio duena. Hemen ere boto partikular bat egon zen aurka.

Balearretan berdin gertatu zen. Katalanaren legean esan zuten katalana izango zela interpretazioetarako hizkuntza nagusia, eta, berdin-berdin, baliogabetu egin zuten. Balearretako katalanaren legean, katalanari nagusitasuna ematen zionaz gain, artikulu gehiago ere inpugnatu ziren; horietako bat, euskararen legean Konstituzio Auzitegiak baliogabetu zuen esaldietariko baten pareko beste bat. Hau da, espediente batean pertsona batek baino gehiagok parte hartzen badute, eta hizkuntza diferentea nahi badute, zein hizkuntza izango den espediente horretan erabiliko dena, eta euskarazko legeak esaten du adostutakoa, eta, adostasunik ez badago, espedienteari hasiera eman dionaren aukera dela nagusi. Eta amaieran, beste aldeak informazioa bere aukerako hizkuntzan jasotzeko duen eskubidea aitortzen du[13]. Eta hori baliogabekotzat jo zuen Konstituzio Auzitegiak. Baina euskarazkoan ez bezala, katalanerako baliozkotzat eman zuen. Zergatik? Balearretako katalanaren legeak beste aldeari bere aukerako hizkuntzara itzulpena egingo zitzaiola ezarri zuelako, eta itzulpena egitea baliozkotzat jo zuen. Hona hemen atal bat, zeharka itzulpenaren definizio bat ematen duelako[14]:

"(...) existe en el caso presente una diferencia, consistente en la distinta salvaguardia del derecho de las partes afectadas recogido en la ley balear. En ésta, en efecto, lo dispuesto será "sin perjuicio del derecho de las partes a que les sea librada la traducción correspondiente". Frente a lo que ocurría en relación con la Ley vasca citada (cuya cláusula de salvaguardia consistía en la fórmula "sin perjuicio del derecho de las partes a ser informados en la lengua que deseen") cabe apreciar en el presente supuesto que la traducción es una actividad cualitativamente distinta de la simple "información" y, en cuanto reproducción total y fidedigna de las actuaciones del procedimiento, no supone, por sí misma, un riesgo para su destinatario, que se ve perfectamente protegido al tener conocimiento de todos y cada uno de los extremos del procedimiento: conocimiento que deberá entenderse producido, para salvaguardar el derecho de la parte, a partir de la efectiva recepción de la traducción y a través de ella. Se elimina así la eventualidad (en este respecto) de una desigualdad entre las partes, sin que se excluya, en su caso el uso del castellano, al traducirse íntegramente las actuaciones. Por lo que no procede apreciar la alegada inconstitucionalidad del precepto."

Hau da, itzulpenari erabateko balioa ematen dio, itzulpena "reproducción total y fidedigna" delako. Beraz, Konstituzio Auzitegiak dioenez, hizkuntza bat berez ezin da nagusitu, ezin du lehentasunik izan interpretazioetarako, orijinala izan nahiz itzulpena izan. Uste dut argi geratu dela hori. Izan ere, epaietako batean, itzulpena kontuan hartu zuen Konstituzio Auzitegiak berak. Bitxikeria da, beharbada, orain arte kasu bakarra izan delako, baina oso interesgarria, euskarari dagokiolako. Hau da, lurralde historikoen auzian konstituzio auzitegiak bere epaia indartzeko euskarazko testua aipatzen du. Lurralde Historikoen Legean "banaketa" eta "ekarpena" bereizten zirela argudiatu nahian[15]:

"Pero es que, además, la ley emplea, junto a las expresiones "distribución" o "distribuir" (en la versión en euskera, banatuko (art. 20.1), banatu (art. 22.1), etc.( la designación de "aportaciones" (en euskera: ekarketek, art. 22; ekarri, art. 22.1; ekarketa (art. 22.6), etc.( para referirse a la contribución de las Haciendas Forales procedente de los ingresos concertados, y destinada a subvenir a las necesidades de las Instituciones Comunes. Y estas mismas expresiones, tanto "distribución" como "aportación" son las empleadas por el Estatuto de Autonomía en su art. 42 a), al prever que "una ley del Parlamento Vasco establecerá los criterios de distribución (eusk. banaketa) equitativa y el procedimiento por el que, a tenor de aquéllos, se convendrán y harán efectivas las aportaciones (eusk. aportazioak) de cada Territorio Histórico."

Oraingo hau ez da testuen desadostasun-kasu bat, baina balio du euskara eta itzulpena kontuan hartzen direla erakusteko, ofizialki balio dutela, eta, balio dutelako hain zuzen ere, horrexegatik aipatzen du Konstituzio Auzitegiak, bai hizkuntza batean bai bestean, "distribución" eta "aportación", "banaketa" eta "ekarketa" edo "aportazioa" ezberdinak direla.

Itzulpen Zerbitzu Ofiziala

Euskararen legeak berak ere itzulpenari balioa ematen dio, 7.3 atalean, Errejistroetako idazkun edo idazpenei buruz ari denean:

"7.3. Horiek erakusteko eta/edo horiekiko egiaztapen-agiriak egiteko, Euskal Herriko Autonomia Elkarteko edozein hizkuntza ofizialetarako itzulpenaren bermea emango da."

Eta horretarako, euskararen legeak, 12.2 atalean, Jaurlaritzak Itzulpen Zerbitzu Ofiziala sortu behar duela agintzen du:

"12.2. Halaber, itzultzaile-zerbitzu ofiziala sortaraziko du; hori Autonomia Elkarteko herritarren eta herri-erakundeen esku egongo da, itzulpenen zehaztasuna eta legezko baliokidetasuna bermatzeko".

Ez dakigu "ofiziala" izateak zer gehitzen dion sortu beharreko itzultzaile-zerbitzu horri, esaldiaren amaierako zehaztasuna eta baliokidetasuna bermatzea ez bada[16].

Ulerkera egokia bilatzeko arauak

Ondorioz, itzulpenak orijinalak beste balio duenez, eta desadostasunetan interpretazioa egin behar denean, Kode Zibilera jo behar da. Kode Zibilak, arau juridikoen ulerkerari dagokionez, 3.1. atalean hauxe dio:

"3.1. Las normas se interpretarán según el sentido propio de sus palabras, en relación con el contexto, los antecedentes históricos y legislativos, y la realidad social del tiempo en que han de ser aplicadas, atendiendo fundamentalmente al espíritu y finalidad de aquéllas."

Testu elebidunen ulerkera-arazoak edo bat ez etortzeak gertatuz gero[17], ez genuke begiratu beharko hizkuntza batean edo bestean zer esaten duen; are gehiago, Europako legedia interpretatzerakoan, epaileak kontuan izan behar badu, ez bakarrik bere estatuko hizkuntzan idatzitako bertsioa, beste hizkuntzetan idatzitako ahalik eta bertsio gehien baino, zentzua zein den ikusi ahal izateko. Europako legeriaren kasuan bezala, gurean ere epaileek edo interpretatu behar dutenek kontuan hartu beharko dute, ea beste hizkuntzan beste zerbait uler litekeen, eta hala bada, aplikatu kode zibilak esaten dituen irizpide horiek aplikatu ulerkera egokia hautatzeko. Kode Zibilekoak irizpide abstraktuak dira, egia esan, oso erlatiboak, baina horiek dira daudenak. Beraz, legea hizkuntza batean eztabaidatu eta erabakitzeak ez dio zer berezirik ematen lege horri[18].

Jatorrizkoak balio duen beste balio du itzulpenak, administrazio-egintza gauzatu duen organo berak egiten badu. Esate baterako, Udalak hizkuntza batean bakarrik ateratzen badu erabaki bat, eta nik nire etxean itzultzen badut, itzulpen horrek ez du balio, jakina. Alkateak itzultzailearen bitartez egiten du itzulpena baina alkateak berak izenpetzen du, beraz, alkatearena da itzulpeneko testu hori, eta horrexegatik dauka balioa. Berdin, gaztelerazkoa edo jatorrizkoa ere teknikariak edo mekanografoak idatzi du, akatsen bat egon liteke, baina testua alkateak izenpetu ondoren alkatearena berarena da. Egintza bera egin duen erakundeak, hark egindako itzulpenak balio du, ez bestek.

Proposamen moduan, gogoratu nahi nuke 1995eko azaroan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatuta Donostian egin genituen jardunaldietako ondorioetako bat, hots, administrazioko hizkera errazteari buruzko jardunaldietan esan zen komeniko litzatekeela Estatuko legeen itzulpen ofizialak edukitzea, Espainiako parlamentuak berak ofizialdu eta balio emandakoak.

Notarioen eskriturak

Espainiako Notariotza Legea 1862koa da, eta oraindik indarrean dago. Horren ondorio 1944ko erregelamendua da, eta sasoi hartan elebitasunik ez zegoen arren, hona hemen zer dioskun 149. artikuluak:

"149. Cuando el documento se otorgue en territorio español en el que se hable lengua o dilecto peculiar del mismo y todos o alguno de los otorgantes sean naturales de aquel territorio sometidos a su derecho foral, el Notario, siempre que entienda suficientemente, declarándolo así, el idioma o dialecto de la región, a solicitud del interesado, redactará el instrumento público en idioma español y en la lengua o dialecto de que se trate, a doble columna, para que simultáneamente puedan leerse y apreciarse ambas redacciones, procurando que gráficamente se correspondan en cuanto sea posible, a cuyo efecto deberá tachar las líneas que por ello queden en blanco a la terminación de la columna que resulte menor."

Hau da, notarioen kasuan bai hizkuntza batean bai bestean izenpetu dutenaren fede eurek ematen dute. Beraz, hemen ere, eta Espainiako Konstituzioa bera onartu aurretik, testu biek daukate fede publikoa. Notarioak ematen du fede publikoa hizkuntza batean idatzita ere; hizkuntza bietan eginda ere, erantzukizun guztia notarioarena da, jakin egin behar duelako erabiltzen duen hizkuntza, eta hizkuntza hori jakin dakiela adierazi egin behar duelako. Arauak ez du itzultzailerik sartzen hor tartean. Nik ulertzen dut notarioaren esku geratzen dela dena. Testua, beti ere, elebiduna edo gaztelania hutsezkoa izango litzateke, jakina; euskarak bakarrik hor ez luke balioko Erregelamenduaren letrari jarraituta. Dena dela, ez da ahaztu behar Konstituzioa baino lehenagokoa dela; hala ere, egokitu egin beharko litzatekeen arren, erregelamendu honen egokitzapenak egon dira Konstituzioa onartu eta gero beraz, elebitasuna ezarri eta gero, baina ez dira erabili aukera horiek, bide batez, hizkuntzari dagokiona Konstituzioaren ondorengo garaira egokitzeko.

Auzitegiak

Orain arte esandakoak itzulpen idatzietan auzitegietarako ere balio du. Ahozkoetan interpretariak esaten duenak ez du balio. Interpretatzerakoan desadostasunik baldin badago, benetan esan dena da balio duena, orijinala: ez itzultzaileak itzulitakoa, ez idazkariak jasotakoa, dagokionak berak esandakoa baino. Horregatik, balio duena jatorriz esandakoa denez ardurabakokeria handia da jatorrizko hori ez grabatzea. Ez da teknologia berri-berririk behar, erraza da, eta merkea ere bai; epaileek baliabide berriei dieten beldurra eta aurrekontuen urria kontuan izanik.

Eta hori esateko oinarria, besteak beste, oraintsuko auzi batean daukagu. Kale istiluak zirela eta, ertzainek gazte batzuk atxilotu zituzten, eta ertzainetako bat auzian deklaratzera joan zen. Ertzainak atestatuan jarri zuen haiek izan zirela hau eta hau egin zutenak, eta dirudienez epaiketan bestelako zerbait esan omen zuen (ez dakigu, ez baitzen grabatu). Orduan, baliogabetuta geratu zen atestatua, eta akusatuak libre. Baina ertzain horri testigantza faltsuagatik sartu zioten auzia, eta ertzainaren testigantza faltsuari buruzko epaiak dioena da itzulpena ez zela oso ona izan[19], idazkariak ere ez zuela oso ondo jaso[20], eta ertzainak beharbada ez zuela testigantza faltsurik eman: ertzain hari zigorra emateko baliogabetu egin zituen itzulpena eta akta. Beraz, epaiak libre utzi zuen, testigantza faltsurik eman ez zuelakoan. Zergatik? Balio duena benetan esandakoa delako, eta ez zegoen grabatuta.

Ondorioak

- Hizkuntza ofizialek balio bera dute zuzenbideko arauetarako ofizialak diren eremuetan, berdin da zein den berezko hizkuntza eta zein derrigorrez jakin behar dena.

- Jatorrizkoek balio duten beste balio dute itzulpenek, beti ere organo berak egin baditu testu biak.

- Testamentu eta kontratu pribatuetan alderdien borondatea nagusi denez, eurek nahi dutena izango da nagusi, ados badaude.

- Auzitegietan ahoz esandakoetan jatorrizkoak balio du soil-soilik; beraz, zentzuzkoa da neurriak hartzea hitzak haizeak eraman ez ditzan (Quebecen egiten ei den bezala).

- Gizarte elebidunetan erakunde ofizialetako itzulpenak ez dira jatorrizkoan zer esaten duen jakiteko, administrazio-egintza elebitan adierazteko baino[21].

Euskararen legeaz itxaropentsu

Euskararen legea behin eta berriro aipatu dudanez, Konstituzio Auzitegiak baliogabetu zituen hiru puntuez baikor egoteko arrazoiak baditugula esanez amaitu gura nuke: zinpeko itzultzailearen tituluarena; eremu elebakarrak eratzearena; eta espediente batean pertsona bat baino gehiago dagoenean aukeratu beharreko hizkuntzarena.

- Zinpeko itzultzailearen tituluari dagokionez, Atzerri Arazoetako Ministerioa hasi zen ematen, bi deialdi egin zituen, hirugarren deialdia ere uste dut atera zela baina ez zen gauzatu, eta bukatu da. Eta ulertu du edo pentsatu du Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei utzi behar diela, ez baita atzerri-arazoa, Espainiako hizkuntzak direlako gailegoa, katalana eta euskara, besteak beste. Beraz, Konstituzio Auzitegiak ezetz esan arren, orain Eusko Jaurlaritzaren eskuetara etorri da zinpeko itzultzailearen tituluarena.

- Bestetik, eremu elebakarrak debekatuta daudela eta: hala daude, baina UEMAren bitartez eta, praktikan, martxan daude, nolabait, halako esparruak.

- Eta, azkena, hizkuntza aukeratzerakoan ezadostasunik badago ezin dela nagusitu espedienteari hasiera eman dionaren hizkuntza. Nik hor esango nuke pazientzia historikoa eduki beharko genukeela. Nik ez dut ezagutzen atal hori dela eta istilurik egon denik. Beharbada euskaldunok malguegiak garelako; baina azken batean, hori, pazientzia historikoa, hezkuntzaren bitartez belaunaldi berriak euskaldundu egingo direlako, eta gero eta sarriago hautatuko dute alderdi biek euskara horrelako gauzak egiteko.


Oharrak

1. Orain arte ez da gertatu hizkuntza ofizialen arteko interpretazio-kasu larririk auzitegietan, arazo hau gehiago argitzeko. Bitako bat, edo oso itzultzaile finak ditugu gurean, edo hizkuntza bietako bati ez dio inork begiratzen. Lehenengoaz, ez daukat zalantza handirik; bigarrenari dagokionez, berriz, ziur nago, baina aldatuko ahal da etorkizunean, belaunaldi berriekin.

2. Ondoren gaineratzen du: 3.1. "(...). Espainol guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute." Guri dagokigun gairako ez zaigu interesatzen espainola jakin beharra aginduta dagoela. Hala ere, gai hori berriro agertuko da Konstituzio Auzitegiaren epairen batean (ikus aurrerago 10).

3. Nafarroaren kasuan: Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa.

4. Ondoren gaineratzen du: 6.1. "(...) eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea" (ikus 2).

5. Berezko hizkuntzari dagokionaz ikus aurrerago 7.

6. "La utilización de un idioma ante los poderes públicos, con plenitud de efectos y posibilidades, es una de las prototípicas derivaciones o consecuencias de su declaración de oficialidad, junto con su presencia en la enseñanza." Cobreros Mendazona, Eduardo, El régimen jurídico de la oficialidad del euskara, Oñati, HAEE-IVAP, 1989 (hitzaurrea: A. Pizzorusso): 111. orrialdean.

7. Legegilearen espiritua edo guraria behintzat islatzen du. Hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania dira, ez gaztelania eta euskara. Horri, euskara, ez gaztelania, berezko hizkuntza dela gehitzen badiogu, argi ikusten da legegileak pentsatu zuela, grafikoki besterik ez bada, testu elebidunetan euskarari nolabaiteko lehentasuna eman beharko litzaiokeela. Lehenengo edo goian euskara, bigarren edo behean gaztelania, nahiz eta hori inork ezin baliatu auzitegietan. Hori berresteko Nafarroako kasua daukagu: han gaztelania da hizkuntza ofiziala, eta euskara ere bai, dagokion eremuan. Eta gainera dio gaztelania eta euskara (ikusi ordena) biak direla Nafarroako berezko hizkuntzak. Beraz, han ere, legegileak intentzioren bat bazeukan: juxtu alderantzizkoa.

8. Testu ofizialak hizkuntza ofizial bietan, ala batean nahiz bestean, eta zeinetan argitaratzeaz, eta horren ondorioez, ikus: Erkoreka Gervasio, Josu Iñaki, , Herri Arduralaritzarazko Euskal Aldizkaria, 33. alea, 1992, maiatz-abuztua, 175. orr. eta hurr.

9. Tiroka. Txantxa da, baina hala konpondu dituzte hainbeste lekutan: Israelen, kasurako. Sei egunetako gerraren ondoren izenpetutako bake itunean frantsesez esaten zen Israelek utzi edo abandonatu egin behar zituztela les territoires occupés, okupatutako lurraldeak, eta ingelesez, occupied territories, artikulurik gabe. Israeldarrek lurralde batzuetatik alde egin zuenez, ingelesezko testua hartuta esaten zuen bake-ituna betea zuela, eta besteek ez zioten onartzen, testu frantseseko artikuluak denak utzi behar zituela idarokitzen baitzuen. Eta hainbeste denboran tiroka ibili dira ezadostasuna konpontzeko.

10. Esaldiaren amaiera ikusita, badirudi katalana jakin beharrik eza Kataluniatik kanpokoek bakarrik balia dezaketela, ez kataluniarrek; nahiz eta, legez, bertakoek ere ez daukaten jakin beharrik.

11. Arauen interpretazioaren eskumena Estatuarena dela gogoratzen du.

12. "En una situación de cooficialidad lingüística, como la derivada del art. 3 de la Constitución, y el art. 3 del EAC, el ejercicio de la competencia autonómica de normalización lingüística tiene por fuerza que incidir en materias también acotadas por otros títulos competenciales reservados al Estado. Ello no nos impidió en las SSTC 82/1986 y 83/1986 reconocer que las Comunidades vasca y catalana habían ejercido correctamente aquella competencia al regular el uso de sus específicas lenguas oficiales en los campos de la relación de los ciudadanos con las Administraciones públicas o con la Administración de Justicia. De modo semejante tampoco podemos considerar excesivo el ejercicio de la misma competencia cuando ésta se refiera como aquí acontece a uno de los puntos, la lengua de las escrituras públicas, que en la legislación preconstitucional pudo considerarse como aspecto de la ordenación de los instrumentos públicos, porque de lo contrario, si tal criterio se generalizara, la competencia autonómica quedaría vacía de contenido. Hay, pues, que considerar, dentro de la búsqueda del equilibrio entre las competencias en juego al que apuntábamos en términos generales en el fundamento jurídico segundo, que el ejercicio de las competencia de normalización lingüística en los términos del art. 3 del Decreto 125/1984 respeta la competencia estatal sobre ordenación de los instrumentos públicos."

13. "Elkar hartzerik ez bada, zehaztapidetza edo arazopideketa hasitakoak nahi dezan hizkuntza erabiliko da, bi aldetakoek argipideak bere aukerako hizkuntzan jasotzeko duten eskubidearen kaltetan gabe." Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 26ko 82/1986 epaiak baliogabetu zuen.

14. Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 23ko 123/1988 epaia.

15. Konstituzio Auzitegiaren apirilaren 26ko 76/1988 epaia.

16. Euskararen legearen hasierako proiektuan ez zegoen itzulpen-zerbitzua sortzekorik. Jose Luis Lizundia, Euskadiko Ezkerrako legebiltzarkideak aurkeztutako zuzenketa izan zen. Denak zetozen bat, baina Alianza Popular alderdiak esan zuen halako zerbitzua sortzekotan ofiziala izan behar zuela. Denek baietz, eta hor amaitu zen eztabaida Legebiltzarraren Bilkura Egunkarian jasota dagoenaren arabera. Inork ez zuen itaundu zer esan gura zuen edo zer eransten zuen hitz horrek.

17. Ikus 1. 

18. Hala ere, nahi nuke Eusko Legebiltzarrean legeak euskaraz eztabaidatzea, edo, gutxienez, korredakziora edo hizkuntza bietan batera idaztera heltzea.

19. Ze ona den katua edukitzea zapi egiteko! Errua botatzea erraza da, baina ez dago grabaziorik, beraz ezin dakioke itzultzaileari errurik bota. Kasu honetan gainera hori ez zen izan kontua.

20. Idazkariak idatzitakoa, bai, jasota dago, eta merezi du, ezer ulertzerik ez dago eta.

21. Ikus: Agirre Garai, Jon, , Administrazioa Euskaraz, 14. alea, 1996ko urria, 18. orr.