Zuzentzaileen zeregina Administrazioko itzulpengintzan
Jesus Maria Agirre Berezibar

Eusko Legebiltzarreko erredaktorea.

Gaiari ekin baino lehen, aurreohar bat egin nahi nuke. Nork bere talaiatik ikusten du itsasoa, azken batean nork bere ingurunearen berri ematen du. Legebiltzarrean lan egiten dudalarik, testu klase jakin batzuk ditut ohiko langai eta itzultzaile talde jakin baten lana ohiko aztergai. Nire gogoetak, bada, ikuspegi mugatu horretan du batipat bere oinarria. Baina ez da ahaztu behar Administrazioaren hizkuntz produkzioa anitza eta bariatua dela.

Gaian abiatzerakoan, kontuan izan behar da ezer baino lehen euskararen egungo egoera, bilakaera historiko aski baldintzatua eta garapen mugatua izan baititu.

1. Euskararen egungo egoera

Estatus aldetik, gizarteko bigarren hizkuntza dugu euskara, gaztelaniako hiztunak nagusi baitira; beraz, presentzia sozial urria du euskarak eta presio indar motelskoa erdaldunekiko, nahiz eta aurrerapauso handiak egin diren aspaldiko urteetan.

Euskalduneria kolektibo higatua da: euskal hiztun guztiak elebidunak dira (elebitasuna indibiduala da gure artean, ez soziala) eta oro har gehienbat funtzio batzuetara mugatuta dago euskararen erabilera oraindik ere (identifikazio funtzioa, familia eta lagunartea). Ondorioz, euskal hiztunleriaren trinkotasun gabezia oztopo da hizkera erraz, natural eta adierazkorra segurtatzeko, eta, bestalde, egoera horretan presio indar eskasa egin dezake eustal hiztunak proposatzen diren euskara eredu formalekiko.

Aurrekoaren ildoan, hizkuntza gutxitua dugu oraindik euskara, funtzio formalenak (lan, merkataritza eta zerbitzu harremanak, eta orobat komunikabideak, literatura, kultur ekitaldiak) gaztelaniaz ematen baitira gehienbat. Hortaz, hizkuntza garatuagoa da gaztelania, tradizio handiagoa du gizarte esparru gehienetan eta erregistroak eginagoak eta finkatuagoak ditu. Ildo berean, prestigio sozial handiagoa du.

Administrazioari bagagozkio, euskara bigarren hizkuntza da Administrazioan eta batipat funtzio sinbolikoa betetzen du, itzulpenera mugatua ia erabat. Ondorioz, erabilera funtzionalik apenas izatean, zaila du ezertan aurreratzea, kasu honetan ez baitago "beharra bertute egiterik".

Corpus aldetik, Administrazioko euskara eredua finkatu gabe dago oraindik: joera bat baino gehiago da gure artean, bateratze lanik apenas. Hemendik ere zailtasunak datozkio finkapenerako.

Aipatu beharrekoa da, azkenik, itzulpenak arazo erantsiak dituela euskararen kasuan, hizkuntza honen bilakaera historikoagatik eta egungo egoeratik, batetik, eta bere egitura bereziagatik, bestetik. Zailtasun horri gehitu beharra dago itzultzaileen preskuntza falta eta irakurleen prestakuntza eta ohitura falta.

2. Zuzentzailearen zeregina

Lanean orain arte izan dudan esperientziaren arabera, zuzentzaileek hiru helburu izan beharko lituzkete, nire ustez, beren ahaleginen gidari:

2.1. Sentsibilizazioa.

Itzultzea batipat erredakzio ariketa da, testuak egitura koherente eta kohesionatuz sortzea.

Testuak anitz eta bariatuak dira, irizpide sozial eta komunikatiboen arabera moldatzen dira eta, ondorioz, testu mota bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. Erreferentzia erabakiorrak hauek dira: formatoa, gaia, hartzailea, helburua, tonoa, formalitate maila... hots, erregistroa eta pragmatika. Hortaz, testu bat osatzerakoan oso kontuan izan behar da egokitasun soziala.

Euskaraz erredaktatzeak bere berezitasunak eta mugapenak ditu, gaztelaniarekin konparatuz adibidez. Beraz, formaltasun graduaz aparte, oso presente izan beharko da beti euskararen estilistika itzulpenetako prosa eredua erabakitzerakoan, hau da, egokitasun linguistikoa bilatu behar da.

2.2. Ebaluazioa.

Hizkuntza ondare soziala da, gizartea da hizkuntz produktuen hartzaile eta idazleek eta itzultzaileek begirunea eta mendekotza zor diote gizarte horri; hala bada, gizartea dugu sorturiko testuen epaile.

Euskararen egungo egoeran, kontuan izan behar da testu administratiboen irakurle bakarrak askotan zuzentzaileak direla. Orduan, euskal hiztunen komunitatearen ordezko modura jokatzea tokatzen zaie zuzentzaileei, hartzaile izango bailiren ebaluatzea testu itzuliak. Nolabait esan, komunitate horren kontzientzia izan behar dute. Ondorioz, euskaldunen komunitateak arrazoi batzuk edo besteak direla medio presio indar gutxi duenez gero euskara ereduarekiko, zuzentzaileak erabili beharko du presio indar hori. Gutxienekoa ziurtatu beharra dago, hots, hizkeraren naturaltasuna, beti ere formaltasun graduaren araberakoa.

2.3. Koordinazioa.

Administrazio euskararen gaur egungo egoeran, eta nolabait ere egitura edo gidaritza efikazago bat ezartzen ez den bitartean, itzultzaileei eta zuzentzaileei dagokie nagusiki irizpideen eztabaida bultzatzea eta prosa eredua aurrera ateratzea. Nolabait esan, administrazio hizkeraren sustapen eta koordinazio lana bideratu behar dute, finkapen funtzioa betetzeko. Ez dut uste zuzentzailearen figura hedatua dagoenik Administrazioan, baina ezinbestekoa da ebaluazio, bateratze eta koordinazio lana azkar burutzea administrazio euskararen gaur egungo egoera kontuan izanik.

3. Euskararako itzulpen administratiboa

Sentsibilizazio funtzio horri ekinik, gogoeta xume batzuk eskaini nahi nituzke itzulpen ekintzaren inguruan, itzultzailearen eginkizunaren puntu batzuk zehazteko.

Hizkuntza fenomeno soziala da. Hor zehar kalean edo talde bereizietan korritzen duen hizkera eredua erabili behar da gehienbat, bai lexikoan bai morfosintaxian. Hitzak eta sintagmak gauza biziak dira, gizarte taldeek ematen diete forma, kolorea, indarra, lekua eta beste; ildo horretan, modak daude, esapide berriak sortzen dira, zaharkituak geratzen beste batzuk... Bada, hala ere, oinarrizko muin bat; gainerakoan, hizkera etengabe dago korritzen, aldatzen eta berritzen. Itzulpena ere hala partaide nola eragile da hizkuntzaren dinamika horretan.

"El significado de una palabra es su uso lingüístico" (Wittgenstein).

"Uno traduce palabras cuyo significado ha sufrido una influencia más o menos lingüística, referencial, cultural y subjetiva, palabras condicionadas por un contexto lingüístico, referencial, cultural y personal" (Newmark, 260).

"Palabra perteneciente al diccionario: son palabras que sólo se encuentran en los diccionarios, lo que significa que el traductor las debe evitar" (ib. 341).

Aurrekoaren bidetik, testuak hartzaile bat du, hizkuntzaren helburu nagusia komunikazioa baita. Ildo horretan, jasotzailea kontuan izanik burutu behar da itzulpena (formaltasun maila, argitasuna, naturaltasuna...).

"Nuevas ideas actualmente en vigor: énfasis en el lector y en el marco y, por ende, en la naturalidad, facilidad de comprensión y registro adecuado" (Newmark, 19).

"El texto medio en traducción va dirigido a un lector culto, de clase media, y su estilo es no tanto coloquial como informal (ni coloquial e íntimo, ni formal u oficial") (ib. 30).

Hala ere, komeni da gauzak gaizki ez ulertzea. Jasotzailearen ikuspuntuak ez du absolutu bihurtu behar, eta, ondorioz, tokiz kanpo leudeke halako joera pedagogiko paternalistak.

"La responsabilidad (principal) del traductor no es ni para con el lector ni para con el escritor, sino para con la verdad" (Newmark, 285).

"Uno no debe bajar el nivel de su versión por culpa de sus lectores (para que lo entienda el lector)" (ib. 116).

Administrazio hizkeraren ezaugarriak. Administrazio hizkeran testu mota bat baino gehiago dago, helburu desberdinen arabera moldatzen direnak. Hala ere, administrazio hizkerak baditu ezaugarri propio batzuk: halako formaltasun gradu bat, terminoak, eta abar. Euskal itzulpenei gagozkiela, agian arreta sintaxian jarri behar da terminologian baino gehiago, besteak beste kolokazioetan.

"Administrazioaren barruan pragmatikotzat joko genituzke: eskutitzak, jakinarazpenak, txostenak, bilera-agiriak, iragarkiak, eskabideak etab. Legeak, hizkuntza espezializatukoak izango lirateke, orokorrean. Zenbait dekretu, agindu eta erabaki tarteak ibiliko lirateke" (HAEE-IVAP, 114).

"En un texto expresivo o autoritativo las palabras tienen un acento especial, mientras que en uno informativo ese acento va en las colocaciones y locuciones" (Newmark, 98).

"La terminología puede constituir del 5 al 10 por ciento del texto, pero el resto es lenguaje, un lenguaje la mayor parte de las veces con un estilo natural" (ib. 220).

"No se pillen los dedos con la terminología, pero sean atrevidos con la sintaxis retorcida" (ib. 300).

"Las cuestiones más generales de la traducción de neologismos dependen de la planificación y política lingüísticas" (ib. 205).

3.4. Itzultzea ez da jatorrizko testuaren alboan ordezko bat jartzea, testu berri autonomo bat sortzea baizik: itzultzen jakitea erredaktatzen jakitea da. Itzulpenaren euskarria ez du izan behar jatorrizko testuak, euskarria testu berrian bertan eraiki behar da. Ez zaio begiratu behar bakarrik jatorrizko testuari, baizik eta batez ere xede testuari. Euskaran gehiegi jarraitzen zaio gaztelaniaren hariari eta jarioari, gehiegi kalkatzen da: izen-sintagmak, erakusleak, subordinazioa... Egun baino tarte handiagoa jarri behar du itzultzaileak gaztelaniarekiko eta gaiarekiko.

"Conocer un idioma extranjero y el tema no es tan importante como saber apreciar la lengua y escribir el idioma de uno correcta, clara, económica y hábilmente" (Newmark, 17).

"La idea de que los traductores, en particular los de textos no literarios (textos informativos), tienen el deber de escribir bien está lejos de ser aceptada de forma general: muchos creen que, estando por medio los hechos, el estilo pasa a un segundo lugar. Pero lo cierto es que es el estilo el que garantiza que se presenten los hechos acertadamente" (ib. 257).

"En general lo textos vocativos e informativos se traducen demasiado literalmente y, en cambio, la traducción de los textos expresivos carece de literalidad. El traslacionismo es el cáncer de la publicidad turística y de muchos letreros y carteles públicos" (ib. 76).

"Testua xede-hizkuntzari begira itzuli behar dugu, ez jatorrizko hizkuntzari begira. Egokitzapena nahitaezkoa da komunikazioa lortuko bada" (HAEE-IVAP, 111).

Koherentzia eta kohesioa. Itzulpenean maila formal-linguistikoa pentsamenduaren, edukiaren garapenaren mende dago, hari egokitu behar zaio. Ondo erredaktatzeko, beharrezkoa da beti presente edukitzea diskurtsoaren haria, testuak eskuetatik ihes egin ez dezan. Halaber, kontuan izan behar da enuntziatuetan badela hierarkia informatibo bat, errespetatu eta nabarmendu beharrekoa.

"Los puntos principales del análisis del discurso son: la cohesión (los elementos distintivos que unen unas oraciones con otras léxica y gramaticalmente) y la coherencia (la unidad nocional y lógica del texto)" (Newmark, 81).

"Es probable que el traductor en particular tenga que determinar si la oración es una adición, un detalle, un ejemplo, un contraste, una oposición, una salvedad, un paréntesis, una ocurrencia tardía, una consecuencia..."(ib. 188).

"Sería de gran ayuda que los autores de los textos originales observaran siempre el principio de la claridad de pensamiento, pero, si no lo hacen, el traductor debe seguir afanándose por conseguir la excelencia" (Ministerio de Información de Quebec, 286).

"Akatsa ez da hizkuntzarena, beste nonbait du iturburua: pentsamendua antolatu eta egituratu ezinean" (Zubimendi/Esnal, 193).

"Toda traducción es parte ciencia, parte habilidad, parte arte y parte cosa de gustos" (Newmark, 255).

Zalantzak eta finkapen falta Administrazioko euskara ereduan. Itzultzaile askoren artean nagusi da halako ikuspegi gramatikal arrazionalista (dena delako egitura gramatikaren arabera zuzena ala okerra den du irizpide bakarra), oraindik ere indarra du orobat halako ikuspegi filologistak (berdin dio delako unitatea antzinakoa edo gaur egungoa den, bizia ala hila den, hedapen murritzekoa edo zabalekoa den), toki askotan, agian gehienetan, gaztelania administratiboaren erreplika kalkatua erabiltzen da itzulpenetan (eredu artifiziala, euskararen estilistikaren kontrakoa), eta batzuen batzuek, bestalde, halako euskara eredu sinple bat plazaratu dute, pixkat parternalista baina gutako askoren kontzientzien astingarria behar lukeena. Egungo euskara administratiboari arintasuna falta zaio, hizkera trinkoegia erabiltzen da, sintagma luzeegiak osatzen dira, taiuketa koherenteagoa behar du. Beharrezkoa da gutxieneko oreka bat bilatzea, nolabaiteko naturaltasuna duen euskara eredu formala lortzeko.

"Tengan en cuenta que las reglas y preceptos de la lengua no tienen nada que ver con el arte de escribir. Lo que realmente importa es que las textos sean un reflejo fresco de la realidad extralingüística o de la mente del escritor" (Newmark, 33).

"El problema de reconocer cuándo una colocación es familiar, natural o simplemente aceptable es uno de los más importantes en la traducción [Colocación: items léxicos que entran principalmente en estructuras gramaticales de alta frecuencia (nombre+ adjetivo, nombre+preposición+nombre, verbo+objeto)]" (ib. 87).

"Si la gramática es la espina dorsal de un texto, los nervios son las colocaciones (más sutiles, múltiples y específicas en la denotación del significado) y la carne el léxico (id. 288).

"Euskal prosaren zenbait arazo batez ere joskera konpondu gabe dago oraindik" (Zubimendi/Esnal, 218).

Bilakaera historiko eta garapen gradu diferenteagatik, badirudi formaltasunera jauzi txikiagoa dagoela euskaran gaztelanian baino, tarte txikiagoa eredu formal eta informalaren artean. Ondorioz, parafraseatu beharra dago gaztelaniako testu formalak euskarara bihurtzean (agian "jaitsi" egiten da pixkat maila).

"En lo que a la naturalidad respecta, tengo que decir que todo dependerá del grado de formalidad" (Newmark, 44).

"Tengan en cuenta que el inglés tiene un nivel de formalidad más bajo que las lenguas romances y, sobre todo, que el alemán" (ib. 219).

4. Hizkuntz arazoak gaztelaniatik euskararako egungo administrazio itzulpenetan

4.1. Lexikoa.

Hitzek bizia, kolorea, oihartzuna, fama, adina, historia, eta abar dute. Ez dago arbitrarioki edo gratuitoki jokatzerik ordainak bilatzerakoan: hitzek beren prezio soziala dute hizkuntzaren merkatuan. Hiru dira, nire ustez, egungo euskara administratiboan nabari diren desoreka lexikoak.

Trinkotasun eta zailtasun formal gehiegizkoa. Halako ikuspegi arrazionalista batek eraginda, forma korapilatsuak eta agian gratuitoak ematen dira askotan, forma erraz, sinple eta erabiliagoen kaltetan:

- pluralidad: askotarikotasun

- desconocimiento: ezagutzagabetasun

- coordinación: koordinaketa

- instalación: instalakuntza.

Mailegu eta kalko gordinegiak kolokazio batzuetan, irizpide arrazionalisten amorez eginak eta euskarari oso arrotz zaizkionak:

- horrek permititu du

- crítica constructiva: kritika eraikorra

- racionalizar el gasto: gastua arrazoibideratu.

Akats nagusiena agian formaltasun defizitean, indar faltan, erreferentzia kulturalik ezean gertatzen da dudarik gabe. Bada halako lexiko akonplejatu bat, formaltasun gutxikoa, doitasun faltakoa, anbiguoa, gehiegizko garbizaletasunak eragina. Halakoetan konponbide erosoena mailegua hartzea da askotan. Terminoetan, gainera, bestelako joerak bana-banako korrespondentzia haustea ekar dezake. Jarraian aipatzen diren errekurtsoetako batzuk zilegi dira hizkeran, baina neurri batean edo agian bigarren maila batean erabilita.

Akatsa anitza izan daiteke: 

  1. orokorregia: documento/agiri, órgano/ sail, empleo/lan, redactar/idatzi, colectivo social/gizarte talde).
  2. partikularregia: plantear/aurkeztu, transferir/aldatu, información/argibideak, definición/zehaztapen, civilidad/gizalege, vicio/hoben).
  3. abstraktoa barik konkretua: desmantelamiento industrial/industria kendu, tramitar/bideak egin, retirar/atzera jaso.
  4. esanahi desberdinekoa: cauce jurisdiccional/legezko bidea, victimista/biktimazale, órgano fiscalizador/zerga erakundea.
  5. anbiguoa: campo vasco/euskal landa, plantilla/langile taldea.
  6. izendapena barik azalpena: función preventiva/arazoei aurrea hartzeko zeregina, inversión/diru ezarketa.
  7. hedapen gutxikoak: justicia/zuzentza, gabinete/urgazlaritza.
  8. objetiboa barik subjetiboa: aportación positiva/baikor.
  9. deskriptiboa barik baloratiboa: justificar/zuritu, obsesión/itsukeria.
  10. kolokazio desegokiak: destruir bienes/ondasunak desegin, generadoras de salud/osasuna sortarazi.
  11. zama ideologikoa ez isladatzea, indar gutxiagoko hitzak: política antisocial/gizartearen aurkako politika, seguidismo/jarraipena, dinámica de continuismo/iraupen dinamika, tribunalización/epaitegiratze, alarmismo/azaldura.
  12. errejistroari ez eustea: empresa privada/bere kasako enpresa, técnicas modernas/gaurko teknikak, bolsas de trabajo/lan zorroak, proceso de racionalización/zentzatze prozesua.

4.2. Morfosintaxia.

"Euskal joskeran dago batipat kazetaritzako euskararen giltza" (Zubimendi/Esnal,176).

"Beste gauza askotan bezala, egileekin bat nator euskal prosaren auzian joskerari oroz gaineko garrantzia ematean" (Garzia, 26).

"Estilo bat ritmo bat da" (Azurmendi, 325).

Naturaltasuna falta zaio euskal prosa administratiboari. Beste hitz batzuetan esanda, arintasuna eta malgutasuna. Hara gorabehera sintaktiko batzuk. Kontuan izan jarraian aipatzen diren baliabideak zilegizkoak direla eta, hortaz, erabilgarriak. Neurria izatean dago kontua. 

4.2.1. Izen sintagma.

Askotan izenlagunetara jotzen da hitz elkarketa hobe izan arren; sintagma lexikalizatuago edo etiketatuago egonik, argiagoa eta arinagoa gertatzen da hitz elkarketa:

- algunas rigideces monetarias/zenbait monetarenzurruntasun.

- espíritu de negociación/negoziaziorako izpiritua.

- acuerdo de coalición/koaliziorako akordioa.

- política de consenso/adostasuneko politika.

- programas divulgativos/zabalkunderako programak.

Aukera denean, izenondoa arinagoa da izenlaguna baino. Gainera, beti ez da posible ez zuzen gaztelaniako adjetiboa izenlagunez itzultzea:

- funcionamiento democrático/demokraziazko funtzionamendua.

- escuela bilingüe/elebitasunezko eskola.

- valor añadido/erantsitako balioa.

- Grupo Islámico Armado/Armaturiko Talde Islamiarra.

- colectivo social organizado/antolaturiko gizarte taldea.

- industrializatutako beste herrialde batzuk.

Ez da komeni izenlagun katearik antolatzea, hierarkia informatiboaren eta argitasunaren kaltean baitoa. Izena ardatz harturik lortu behar da oreka sintagman; ondorioz, bereizi beharra dago askotan gunea eta osagarriak, alegia, lehenengo une batean gaia jarri eta gero gaia zehaztu. Euskararen mugapenetako bat dugu trinkotasun arrisku hori:

- Debate y votación de las enmiendas de totalidad presentadas al proyecto de ley por la que se aprueban los Presupuestos Generales de la Comunidad Autónoma de Euskadi para 1994/Euskadiko Autonomi Elkarteko 1994rako Aurrekontu Orokorrak onartzeko lege proiektuari egindako osoko zuzenketei buruzko eztabaida eta botazioa.

- Se abrirá un turno de cinco minutos cada uno/hamabosna minutuko taldeen txanda bat irekiko da.

- Con la consiguiente convocatoria adelantada de elecciones/horren ondoriozko garaia baino lehenagoko hauteskunde deialdia).

Hitz elkarketa gogorrak antolatzen dira batzuetan, kolpean ulertzekoak eta arinak ez direnak:

- nekazaritza elikadura industria, Industri Politika Plana, teknologi ikerkuntza zentroak.

Adjetibo erreferentzialak itzultzean posposizikoekiko izenlagunetara jotzen da batzuetan. Ateratzen diren formulazio batzuk ez dira semantikoki egokiak, eta inola ere jokabide honek astunegia eta markatuegia bihur dezake hizkera:

- información institucional/erakunde mailako informazioa

- barreras arquitectónicas/arkitektura mailako trabak

- altos cargos/goi mailako kargudunak

- cuestiones sociales/gizarte arloko kuestioak

- gasto de personal/pertsonal arloko gastua

- conflicto laboral/lan arloko auzia

- obligaciones tributarias/zergen aldetiko betebeharrak

- autonomía pedagógica/pedagogi aldetiko autonomia

- escuchas telefónicas/telefono bidezko entzuketak

- razones reglamentarias/araudiari dagozkion arrazoiak

- término castrense/militar giroko hitza.

Adjetibo batzuen itzulpenean mimetikoki kalkatzen da batzuetan egitura; hala, adibidez, gehienbat sujetoekin erabiltzekoa den atzizkia objetoekin ere erabilia topa daiteke, agian zilegi dena, baina aski berria egiten zaiguna:

- estructura controladora/egitura kontrolatzailea

- tendencia transformadora/joera eraldatzailea

- presupuesto expansivo/aurrekontu hedatzailea

- medidas correctoras/neurri zuzentzaileak

- procedimiento sancionador/prozedura zigortzailea

- carácter garantista/izaera bermatzailea.

Sintagmetan eten gordinak egiten dira batzuetan. Euskararen mugapenetako bat dugu lotuta doazen izenen artean etenik ezin egina: 

- antolaketa lege honen, ona edo txarra, arabera egingo da

- hemen hezkuntza arazo bati, unibertsitate arazo bati buruzko aldezpen politikoa ari gara egiten.

4.2.2. Perpausa.

Komeni da aditza ahalik aurreren jartzea.

"Zapaburuaren antzeko da eredutzat jo dugun euskal esaldia: buru handikoa (mezua, aditza eta lotura-hitzak aurrean dituena). "Zizare-euskara" irudiaz zera adierazi nahi dugu: etenik gabeko euskal prosa; besteak beste, sujetuaren eta aditzaren arteko etenik edo tarte handirik gabea" (Zubimendi/Esnal, 233).

"Orixeren frasea aditzetik zintzilik dago eta ez frase azkeneko aditzaren gainean jasota" (Azurmendi, 47).

Aditza ardatz harturik lortu behar da oreka perpausean. Horretarako, kontuan izan behar da predikazioak, eta batipat galdegaiak, lehentasun informatiboa duela. Aditza ahalik aurreren jartzeko, hona aholku batzuk: ez urrundu galdegaia (hitza eskatu du..., onesten al da...), aldatu formulazioa (la existencia de una opinión pública favorable a; hedapena lortu du gizartean), galdegai faltsuak jarri (y yo le puedo asegurar: argi eta garbi diotsut; séptimo, condenar: zazpigarrena, biziki kondenatzea), aditz lokuzioak erabili (con ello se rompe el sinsentido: hala amaiera eman nahi zaio), adierazpen aditzak mezuaren aurretik jarri (jakin nahi dugu ea).

Erakusleen kasuan, testu teorikoetan hobetsi beharrekoak dira bigarren eta hirugarren gradukoak, erreferentea, gaia, pixkat urruntzea lortzeko (honekin, lege honen eztabaida amaitu denez); baztertu egin behar da forma azkarrak behar gabe erabiltzea, sinpletasunaren amorez (arazoari osotasunean halduko diogu, berau sortzen duten...); eta batzuetan komeni da hitz erreferentziala errepikatzea, naturaltasunaren eta argitasunaren onerako (beti aldarrikatu du euskal eskola publikoa eta honek berau arautuko lukeen legea izatea).

Erlatiboak itzultzerakoan, eta batipat esplikatiboen kasuan, askotan parafraseatu beharra dago, erlatibo trinkoa erabili beharrean agian aposizioz, perpaus nagusiz edo perpaus zirkunstantzialez ematea erabakitzeko. Esan beharra dago egitura erromanikoa kalkatzea aski artifizial gertatzen dela kasu gehienetan gure prosa eredu formal arruntean. Bestalde, kontuan izan behar da erdal erlatiboa balio logiko batez itzultzea dela askotan testuaren harian ondoen integratzeko modua. Beste alde batetik, aposizioz ematean, batzuetan koherentzi galera izan dezake hariak (pienso que las decisiones que haya que tomar, que van a ser muy importantes y muy graves, hay que tomarlas...: hartu beharko ditugun erabakiak, oso garrantzitsuak eta larriak izango direnak); aposizioz ematean, beste batzuetan, komeni da hitz erreferentziala errepikatzea (irakasle egokiak edukitzeko, ...prestakuntza izango dutenak). Edozein kasutan, erlatiboen itzulpenean uxatu beharrekoa da trinkotasun gehiegizkoa, euskararen mugapenetako bat baitugu (Legebiltzar honetako talde guztien onespena jaso duen erakunde adierazpena irakurriko dut).

Aposizioak paraleloan antolatu beharra dago hau ere euskararen mugapenetako bat dugu, eta beti ere hobetsi beharrekoa da zero markarekin egitea, euskararen berezitasunagatik (bi prozesuri ekin diogu, gure ustez behar-beharrezkoak direnak; Araudiaren 80. artikuluaren arabera, hauxe dioena). Orobatsu, paralelismoa gorde behar da hitz elkarteetan ere (oinarrizko eta goi zikloak).

Egungo euskal prosan arriskua dago enuntziatuetan eten gordinak egiteko, jario markatuegia sortzeko, "zera", "honako hau", "alegia", "hain zuzen", "halako" eta antzeko hitzak barra-barra erabiliz (benetan garrantzia duena zera da, alegia, kapaz izan dadila...). Beste elementu batzuek ere markatuegi bihur dezakete hizkera ("berorren", "mailako"...).

4.2.3. Hitzen ordena.

"Hitzen ordenarekin malgu samar jokatzeko aukera ematen du euskarak. Malgutasun horretaz baliatzen jakitean dago idazkera egokiaren gakoa" (Zubimendi/Esnal, 233).

"Con todo, el gran secreto de su estilo está probablemente en lo más sencillo: en la certera utilización de las posibilidades expresivas de la considerable libertad que admite la lengua en el orden de las palabras" (Mitxelena, Orixeri buruz).

Badago halako aurrekarga joera bat euskal itzulpenetan, eta, ondorioz, enuntziatu desorekatuak sortzeko arriskua. Beste hitz batzuekin esanda, euskal itzultzaile askok badute nolabaiteko bizio bat menpeko perpausak (osagarriak, erlatiboak, zirkunstantzialak) aurreratzeko, halako arrasto edo errefleju altubiano bati jarraituz. Helburu komunikatiboen menpe jarri behar da, ordea, formulazioa, eta ez da ahaztu behar badagoela hierarkia informatibo bat enuntziatuetan.

Badira gerundio arriskutsuak, zirkunstantzia hutsa barik lotura kopulatibo edo logiko bat adierazi behar denean oso dorpeak eta estilo narratsekoak gertatzen direnak.

4.3. Formulazioa. 

Traslazionismorako edo kalko gehiegizkorako arriskua nabari da euskararako itzulpen administratibo askotan. Kolokazio, lokuzio eta esapide semantikoki eta estilistikoki onargarriak erabili behar dira (ha apelado usted a la humildad: apaltasunari egin diozu goradeia, en la cárcel no se contempla el intercambio de jeringuillas: kartzelan ez da xiringa-trukerik begiesten, mantener las instalaciones en condiciones: baldintzetan mantendu, finalizar de modo positivo: modu onurakorrean amaitu, el documento objeto de la comunicación: komunikazio honen gai den dokumentua).

5. Hizkuntz arazoak euskaratik gaztelaniarako egungo itzulpenetan

Itxura batean, formaltasun maila handiagoa du gaztelaniako hizkera administratiboak, hizkera jasoaren baliabideak eginago eta finkatuago daude gaztelanian. Testu formalen itzulpenetan, bada, lortu beharra dago gaztelaniak berea duen doinu kulto altuxe hori (nominalizazioak, sintagma prepositiboak, kolokazioak, lokuzioak, terminologia...). Horregatik, maila horri eutsi beharragatik, askotan aski zaila egiten da euskaratik gaztelerara itzultzea. Euskal itzultzaile batzuen erdal itzulpenak "fuerteegiak" gertatzen dira.

Jarraian, gertatzen diren disfuntzioetako batzuk aipatuko dira:

5.1. Lexikoa. 

Gaitza batipat kolokazio desegokiak erabiltzean datza: formulazio doiak, zehaztasun formala dutenak eman behar dira; erregistroa jaso, hitz batean.

Hara adibide batzuk: lexiko abstraktoa (exigir el título de magisterio), erregistro jasoa (es un camino ya extendido en Europa, los compañeros del Gobierno, esos 39 votos son suficiente consenso, traer ese proyecto a debate, veamos el texto, hacer una escuela nueva, a la hora de hacer las leyes, tener un tremendo fracaso, cuándo es la ocasión para, quisiera decir), objetibazioa (recoger la pluralidad, las leyes plasman un derecho, negar al profesor contratado, dispuestos a lograr esa nueva escuela, el proyecto impulsa la conservación, la ley no menciona quién, una ley muy atrevida, eso es una burrada), nominalizazioak (hemos tenido como objetivo el ir desarrollando, ha mostrado una actitud sorda, lograr el bilingüismo no es, el que la medida salga adelante), adjetibo erreferentzialak (que viene desde fuera de, las leyes de educación, el carácter propio de), lokuzioak (la gente corriente), kolokazioak (los puntos negros de la situación, las medidas que se presentan en el documento, nivel de licenciatura, tiene sus lados positivos, los milagros no se dan).

Badira kasu batzuk jatorrizko hizkuntzaren kutsua nabarmen isladatzen dutenak: esanahi desberdinekoak (crear una nueva escuela, otro modelo), kalkoak (dar un paso que otro, nos decían en voz baja, los más y los menos del debate).

5.2. Morfosintaxia.

Arazoak batipat kalkoetan ikusten ditut. Oso kontuan eduki beharrekoa da hizkuntza bakoitzaren estilistika. Hara adibide batzuk: determinazioa (me parece grave querer sacar adelante leyes que, como dijeron miembros de su grupo, voluntad para el consenso, en este momento me refiero), posizioa (hacer una nueva escuela pública, tienen deficiencias importantes, y también hay otra razón añadida), modalizazioa (bueno ba: bueno, pues; jakina: verdaderamente; normala denez: como es normal), anaforak -badirudi euskarak gehiago jotzen duela erakusketara eta gaztelerak bestelako baliabide formal eginago gehiago dituela (esa actitud, he aquí la primera condición, por qué no ha sido posible esa confluencia, no ha presentado enmiendas sobre ello).

6. Eginkizunak

Hiztegi terminologiko batua lehenbailehen burutzea. Alor honetan, nire ustez maileguetara jo beharko litzateke beldurrik gabe, kulturan gehienbat hartzaile huts garelako, geure uniberso kultural propioa eratzeko eta bultzatzeko indar handirik ez dugulako, berandu gabiltzalako eta kontzeptuen izendapenak beste hizkuntzetan jada ikasita dauzkagulako.

Estilo liburu bat prestatzea, hizkera administratiborako ildoak markatzeko. Euskal prosa formalaren barruan kokatu behar da liburu horretan proposatuko den hizkera eredu hori. Inola ere egungoa baino hizkera errazagoa eta malguagoa lortu beharko litzateke.

Euskal komunitate linguistikoaren trinkotasuna indartzen lan egin beharra dago. Horrek dakar euskara poliki-poliki lan hizkuntza bihurtzea, profesionalak prestatzea, hiztunlegoa bera ere ohitzea eta prestatzea. Kasu bat aipatzeko, idazkiak gehienetan zutabeetan bi hizkuntzetan argitaratzeak ez dut uste onik egiten dionik euskal irakurleari.

7. Aipuak

Newmark, Peter: Manual de traducción (1987), Cátedra, Madrid, 1992

Zubimendi, Joxe Ramon / Esnal, Pello: Idazkera-liburua, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Gasteiz, 1993

Garzia, Juan: Euskal joskeraren adarrak (I eta II), "Euskaldunon Egunkaria", 1993-12-9 eta 1993-12-30)

Azurmendi, Joxe: Zer dugu Orixeren alde?, Editorial Franciscana, Oñate, 1977

HAEE-IVAP: Hizkera argiaren bidetik, Gasteiz, 1994