Laurence Sterneren 'Bidaia Sentimentala'
Josu Barambones

Laurence Sterneren izena aipatzen dugunean, literatur orijinaltasuna ez ezik idazteko askatasun erabatekoa ere datorkigu burura. Ez da harritzekoa, beraz, Nietzschek berak garai guztietako idazlerik libreena deitu izana. Izan ere, inoiz idazlan orijinalik izan bada, hura Tristram Shandy da, inolako zalantzarik gabe. Sternek aitortzen duenez, ustekabetasuna edo oharkabetasuna zen idazteko orduan jarraitzen zuen printzipio artistikoa:

"(...), gaur egun mundu guztian zehar liburu bat hasteko dauden bide guztien artean, seguru nago nirea onena dela, ezen lehenengo esaldia idazten hasten bainaiz eta ahalguztidun Jainkoaren esku uzten baitut bigarrena". (Tristram Shandy, VIII, 2)

Literatur kritikoek lehen idazle modernistatzat jotzen dute Sterne, Virginia Woolf, James Joyce edo Samuel Beckett-en aurretikotzat. Aitzindari izan zituen idazleek (hala nola Richardson, Fielding edo Smollet (jarraitzen zuten ereduarekin guztiz hausten du Sternek bere lehenbiziko liburuan. XVIIIgarren mendean nobelak idazteko kanonari ez dio inola ere jarraituko: Sternerekin ez argumentoa ez estiloa ere ez dira gehiago linealak izango (horren adibiderik garbiena Tristram dugu, Tristram Shandy-ko protagonista, zeina hirugarren liburukira arte ez baita jaiotzen). Dibagazioei ekingo die behin eta berriz, berbaldi amaigabeetan galduko da eta digresioak nonahi eta noiznahi aurkituko ditugu. Cervantesen tradizioari jarraiki eta Rabelais eta Jonathan Swiften eraginaren ondorioz, Sternek bere garaiko nobelaren moldeak alde guztiz irauli zituen, eta gauzak kontatzeko eta narratzeko era guztiz berri bat sortu zuen.

Tipografian ere hainbat berrikuntza ekarri zituen: marrak barra-barra erabiltzen ditu, izartxoak, letra gotikoak, orri beltzak nahiz zuriak, egileak berak egindako marrazkiak, e.a., e.a. Bitxikeria horiek guztiak Bidaia sentimentala-n ere aurkitzen ditugu, neurri apalagoan bada ere.

Bidaia sentimentala-n Sternek irri egiten du ohiko bidai liburuez eta bidai liburu mota erabat berria idazten du: hemen irakurleak ez du izango aurkikuntza ospetsu batzuen deskripziorik edo eszena pintoreskorik, baizik protagonistak bidean zehar topatzen duen jendearen izaera eta barne zirrarak arakatzen dituzten begirada barnekoiak.Virginia Woolf-ek ingeles edizioan egin hitzaurrean adierazten duenez, ikuspuntuaren aldaketa hau berrikuntza ausarta izan zen. Ordura arte, bidaiariek perspektiba eta lege jakin batzuk bete izan zituzten. Katedrala beti izan zen eraikuntza zabalegia edozein bidai liburutan eta gizona, berriz, figura ttiki bat haren aldean (hauxe da, hein handi batean, Jean Etcheparek oraindik ere XXgarren mendean jarraitzen duen bidea Beribilez liburuan). Baina Sterne erabat gai izan zen katedrala alde guztiz saihesteko. Saten berdezko poltsa bat daraman neska bat Notre-Dame baino askoz inportanteagoa izan daiteke. Sterneri ez zaio interesatzen irakurlea nekatzea ibai, mendi eta arkeologi hondakinei buruzko aipamen amaigabeekin. Sternerentzat bidaiatzaren helburu nagusia bizitza bera da. Sternek aitortzen duenez, "izaki ondradu guztiak hartzen ditut tenplutzat". (Bidaia sentimentala, 143. or.).

Horrela bada, Sterne bidaiari sentimentala izango da, edo nahiago baduzue, bidaiari sentibera. Bidaia sentimentala-n sentimenduek norberaren barne zirrarei eta sentiberatasunaren adierazpena baino gehiago esan nahi dute: norbera beste norbaiten egoeran murgildu eta lagun hurkoak sentitzen duena sentitzeko gaitasuna da; are gehiago esango nuke: lagun hurkoaren barne zirrarak lagun hurkoak baino indar handiagoz eta sakonago sentitzeko ahalmena.

Bidaia sentimentala idazleak Frantzian eta Italian zehar zalgurdi batean egiten duen bidaiari buruzko kontakizunarekin hasten da; liburuan zehar, ordea, zirriborro dramatiko, gertaera patetiko eta ironiko, gogoeta filosofiko eta oroitzapenez beteriko mosaiko baten aurrean aurkituko da irakurlea. Agian horregatik, liburu hau inoiz idatzi izan diren nobeletan egiturarik edo argumenturik gabekoena da. Objekturik txikienarekin, gertaerarik hutsalenarekin hasi eta bere lumaren hegoei eragiten die, ez dakielarik noraino eramango duten.

Valverde irakasle eta itzultzailearen ustez, Sterneren estiloa XVIIIgarren mendeko estilo narratiborik onena da. Estilo horren ezaugarririk nabarmenena hau da: bizkortasuna, bai estiloari dagokionez, bai pentsamenduari dagokionez ere. Estilo eta pentsamenduaren bizkortasun horrek zalutasuna, mugikortasuna eta trebetasuna ematen ditu aditzera, hau da, digresioak eginez gai batetik bestera jauzi eginez eta ehundaka aldiz haria galduz, eta beste ehundaka itzuli eta jirabira emanez idaztearekin ondo doazen bereizgarriak. Italo Calvinoren iritziz, Laurence Sterneren asmaziorik handiena digresioz mukuru beterik dagoen nobela da. Digresioa amaiera geroratzeko estrategia bat baino ez da, denbora multiplikatzea obraren barruan, betiereko ihesa edo hegaldia. Eta nondik ihes egiteko? Heriotzatik, jakina, Carlo Levi idazle italiarrak iradokitzen duenez.

Liburua itzultzeko jarraitu dudan metodoa Sternek jarraitu zuen berbera da, hots, lehenengo esaldia itzultzen hasten nintzen eta ahalguztidun Jainkoaren esku uzten nuen bigarrena. Nire kasuan, ordea, laguntzera etorri zaizkidan ahalguztidun bakarrak hauetxek izan dira: beharra, eroapena eta bakardadea. Lehenengo lekuan, beharra: itzultzailea edo idazlea izateko ezin konta ahala ordu sartzeko prest egon behar du norberak. Jakina, ordu horiek ez dago zerekin ordaindurik obrari zaion itzal eta maitasunarekin izan ezik. Bigarrenik, eroapena: hitzik egokienaren bila hiztegiak eta testu orotarikoak arakatzen ibiltzeko, berba egokia bilatzen ez denean, hitz hori jarri gabe uzteko eta garai hobeen aiduru geratzeko; esaldiak behin eta berriz eta berriro ere hamaika aldiz berridazteko, begitangoena aurkitzen dugun arte. Eta azkenik, bakardadea: mundutik denboraldi batez bakartu eta itzulpenean erabat murgiltzeko gaitasuna. Azken batean, Sternek dioenez, hartzen ditugun nekeen aldera bakarrik erdiesten dugu bizigaia. Bideari ekiten zaionean, saiatzeak ematen duen oinazea bide malkar eta oztopoz betearen amaierara iristen denean hartzen den gozatuak sariztatzen du.

Itzultzeko orduan, Sternek erabiltzen duen puntuazioari atxikitzen saiatu naiz, uste baitut puntuazioa Sterneren estiloaren bereizgarririk nabarmenenetakoa dela. Eta horixe da, hain zuzen ere, euskal irakurleak arrotzen bilatuko duena: puntuazioa eta batez ere marren erabilera bitxia. Kontuan har beza irakurleak Sterne predikaria zela eta marren erabilera bitxi horrek ikusteko handia duela oratoriarekin. Sterneren marrek ez dituzte narrazioaren gertakariak isolatzen parentesiek bezala: noiz etenaldi erretorikoak egiteko balio dute, noiz akzioaren erritmoa markatzeko, noiz hitz bat edo esaldi bat azpimarratzeko. Marren luze-laburra aldera daiteke musikako isilune ezberdinen iraupenarekin. Estilo hain bitxi eta partikular honen aitzinean harri eta zur geratuko da gaur egungo irakurlea, XVIIIgarren mendeko irakurle ingelesak geratu ziren moduan. Ordea uste dut ezen, irakurlea prest badago ahalegin txiki bat egiteko, berehala ohituko dela Sterneren estilora; eta nik itzultzean sufritu dudan bezainbat gozatuko dela liburua irakurtzean.

* * *

— Eta hau, esan zuen ogi-koskor baten hondarrak bere zakutoan sartuz  eta hau zure zatia izango zen, zioen, nirekin banatzeko bizirik egon bazina. Azentuagatik pentsatu nuen bere umeari egiten zion apostrofe bat zela; baina bere astoari zuzentzen zion; eta, hain zuzen ere, bidean hilda ikusi genuen asto berari, La Fleurren zoritxarreko abentura eragin zuenari. Bazirudien gizonak biziki deitoratzen zuela bere astoaren heriotza; eta berehala ekarri zidan gogora Santxok bereagatik egindako auhena; baina Santxok benetako eta bere-berezko ukitu gehiagorekin egin zuen.

Lantu-jotzailea ate ondoan eserita zegoen harrizko eserleku batean, alde batean asto basta eta brida zituela, noizik behin hartzen zituenak  gero lurrean uzten  haiei begira jartzen, eta burua astintzen zuen. Gero, berriz ere hartu zuen bere ogi koskorra bere zakutotik, jatera balihoa bezala; une batez eskuan eduki  gero utzi bere astoaren bridaren ahoko ondoan  egin zuen prestaketari etsipenez begiratu  eta orduan hasperen egin zuen.

Gizonaren atsekabearen lañotasunak lagun aldra izugarria erakarri zuen haren ingurura, eta gainerako guztien artean La Fleur ere, zaldiak gertatzen zituzten bitartean; postako kotxean eserita jarraitzen nuenez gero, haien buru gainetik ikus eta entzun nezakeen guztia.

 Espainiatik etorri berria zela esan zuen, nora joan baitzen Frankoniako mugarik urrutienetatik; eta ostera ere etxera bueltan zetorrelarik, honaino iritsia zela astoa hil zitzaionean. Bazirudien guztiak irrikaz zeudela jakiteko zer aferak eraman ote zuen halako gizon zahar eta gaixo bat bere etxea utzi, eta hain bide luzeari lotzera.

Zeruak nahi izan zuen, esan zuen gizonak, hiru semerekin dohaindu, Alemania guztian parerik ez zutenak; baina aste batean baztangak bi zaharrenak kendu zizkiolarik, eta gazteena ere gaixotasun berak jorik geratu zelarik, seme guztiak galduko zituen beldur zen; eta zin egin zuen ezen, zeruak beste semea eramaten ez bazion, Espainiako Donejakuera joango zela bere esker ona agertzera.

Lantu-jotzailea bere istorioarekin horraino iritsi zenean, gelditu egin zen naturalezari bere ordaina ematearren  eta negar egin zuen saminki.

Gizonak esan zuen zeruak baldintzak onartu zizkiola, eta txabola utzi eta bideari ekin ziola animalia koitadu hau lagun hartuta, zeina eroapen handiko bidelaguna izan baitzen  bide guztian zehar ogi beretik jan zutela biek, eta adiskide mina izan zuela.

Inguruan zeuden guztiek jakinmin handiarekin entzuten zioten gaixoari  La Fleurrek dirua eskaini zion.  Lantu-jotzaileak esan zuen ez zuela dirurik nahi  ez zela astoaren balioa  haren galera baizik.  Ziur zegoen, esan zuen gizonak, astoak maite zuela  eta orduan istorio luze bat kontatu zien Pirinioetatik igarotzean gertatu zitzaien istripu baten gainean, elkarrengandik hiru egunez bananduta utzi zituena; denbora horretan astoa ibili zela haren bila, bera astoaren bila ibili zen bezainbat, eta ez zutela kasik jan, ez edan ere, harik eta berriz elkartu ziren arte. 

Bederen baduzu kontsolamendu bat, adiskidea, esan nion, zure abere koitadua galduta ere; ziur naiz jabe errukiorra izan zaituela.  Ai ene!, egin zuen lantu-jotzaileak, halaxe uste nuen nik ere bizirik zegoenean  baina orain hilda dagoenean, bestela uste dut.  Beldur naiz ni eta nire atsekabeak dena batera ez ote zaizkion pisutsuegi gertatu  nire nahigabeek laburrago egin dituzte koitaduaren egunak, eta beldur naiz ez ote dudan horregatik erantzun beharko.  Munduaren lotsaizuna!, esan nion neure buruari  Guk ere elkar maite bagenu arima gaixo honek bere astoa maite zuen bezainbat  ez litzateke gutxi izango.

* * *

 And this, said he, putting the remains of a crust into his wallet — and this should have been thy portion, said he, hadst thou been alive to have shared it with me. I thought by the accent, it had been an apostrophe to his child; but 'twas to his ass, and to the very ass we had seen dead in the road, which had occasioned La Fleur's misadventure. The man seemed to lament it much; and it instantly brought into my mind Sancho's lamentation for his; but he did it with more true touches of nature.

The mourner was sitting upon a stone bench at the door, with the ass's pannel and its bridle on one side, which he took up from time to time  then laid them down  looked at them and shook his head. He then took his crust of bread out of his wallet again, as if to eat it; held it some time in his hand  then laid it upon the bit of his ass's bridle  looked wistfully at the little arrangement he had made  and then gave a sigh.

The simplicity of his grief drew numbers about him, and La Fleur amongst the rest, whilst the horses were getting ready; as I continued sitting in the post-chaise, I could see and hear over their heads.

 He said he had come from Spain, where he had been from the furthest borders of Franconia; and had got so far on his return home, when his ass died. Every one seemed desirous to know what business could have taken so old and poor a man so far a journey from his own home.

It had pleased Heaven, he said, to bless him with three sons, the finest lads in all Germany; but having in one week lost two of the eldest of them by the small-pox, and the youngest falling ill of the same distemper, he was afraid of being bereft of them all; and made a vow, if Heaven would not take him from him also, he would go in gratitude to St Iago in Spain.

When the mourner got thus far on his story, he stopp'd to pay nature his tribute  and wept bitterly.

He said, Heaven had accepted the conditions, and that he had set out from his cottage with this poor creature, who had been a patient partner of his journey  that it had eat the same bread with him all the way, and was unto him as a friend.

Every body who stood about, heard the poor fellow with concern  La Fleur offered him money. The mourner said, he did not want it  it was not the value of the ass  but the loss of him.  The ass, he said, he was assured loved him; and upon this told them a long story of a mischance upon their passage over the Pyrenean mountains, which had separated them from each other three days; during which time the ass had sought him as much as he had sought the ass, and that they had neither scarce eat or drank till they met.

Thou hast one comfort, friend, said I, at least, in the loss of thy poor beast; I'm sure thou hast been a merciful master to him.  Alas! said the mourner, I thought so, when he was alive, but now that he is dead I think otherwise.  I fear the weight of myself and my afflictions together have been too much for him  they have shortened the poor creature's days, and I fear I have them to answer for.  Shame on the world! said I to myself  Did we love each other, as this poor soul but loved his ass  'twould be something.