Alda gaitezen jadanik, jarrai dezagun oraindik
Karlos Cid

Ikus oharra *

I. Teoria pixka bat

Anitz dira euskaraz "aldaketa" adierazten duten adberbioak: jadanik, dagoeneko (daborduko), ordurako, gaurgero, engoitik, honezkero.

Bestalde, "jarraipena" adierazten duten adberbioak ere baditugu, ondoko azpimotetan banatuak:

a) Esaldi osoaren modifikatzaileak: oraindik, artean.

b) Galdegaiaren modifikatzaileak: are, oraindik.

1.1. Aldaketa-adberbioak

Sei-edo dira, nik dakidala, euskaraz dauzkagun aldaketa-adberbioak: jadanik (jada), dagoeneko, ordurako, gaurgero, engoitik eta honezkero. Testuinguru bakoitzean lauetako zein erabili erabakitzeak, teorian, kontu xumea badirudi ere, praktikan, ordea, gauzak korapilatsu xamarrak direla iruditzen zait. Nik, behintzat, buruhauste bat baino gehiago izan dut neure itzulpenetan gai honi dagokionez. Eta artikulu honek buruhausteok talde-terapia eginez sendatzea du helburu.

Arakatu ditudan hiztegi eta gramatiketan ondoko bereizketa egiten da:

  • jadanik (jada): gaur arte Iparraldean bakarrik erabilia. Orain eta lehenaldian ager daitekeenez, aldaketa-adberbio "unibertsala" dela esan genezake. Adibideak:

Jadanik etorria da?

Jadanik bere azken egunetara ailegatua zelarik.

Jadanik ez da hemen bizi.

Hori ez da jada erabiltzen.

Mendebaleko idazleek, ordea, ja nahiago izan dute. Bestalde, gero eta indar handiagoa hartzen ari da, Euskaldunon Egunkarian batez ere, bien arteko erdibideko forma: jada.

  • dagoeneko: mendebalean erabilia. Orainaldiko esaldietan agertzen da. Sarasolaren esanetan, "hitz egiten den mementurako aditzak adierazten duena gertatu dela jakinarazten du". 

Lasai, dagoeneko etxean da eta.

Askotan, zerbait espero edo uste zen baino lehenago gertatu dela adierazteko erabiltzen da.

Dagoeneko jaikita? 

  • ordurako: Lehenaldiko esaldietan agertzen da. Beraz, Dagoeneko-rekin distribuzio osagarrian dago.

Aireportura hiruretan iritsi nintzen, baina ordurako hegazkina aireratua zen.

  • gaurgero: nafarrerazko hitza da, Leizarragaren adibide honetan ikusten den bezala.

Lo egizue gaurgero

Dena dela, gaurgero-k bestelako esanahiak ere baditu: "oraintxerako", "berehala" eta "aurrerantzean".

  • engoitik: Nafarroa Beherean eta Zuberoan erabiltzen da. "Jada" edo "oraintxerako" esan nahi du.
  • honezkero: Sarasolaren ustez, "hitz egiten den mementurako, dagokion aditzak adierazten duena gertatu bide edo uste dela jakinarazten du". Euskaltzaindiaren iritziz ere supositiboa da edo inork, frogarik gabe, uste duenaren agergarria.

Hiltzear zegoen eta honezkero hil da(teke).

Dena dela, honezkero-k beste esanahi bat ere badu, behin hontara ezkero-k duenaren parekoa.

Honezkero bota ezak.

1.2. Jarraipen-adberbioak

Hemen bi azpimota bereizi behar dira: ingelesez scope modifiers deritzenak (hau da, esaldi osoari eragiten diotenak), eta focus modifiers direlakoak (galdegaiari baino eragiten ez diotenak, alegia).

1.2.1. Esaldi osoaren modifikatzaileak: 

  • oraindik: orainaldiko esaldietan erabiltzen da.

Bazkaria oraindik ez dago prest.

  • artean: lehenaldiko esaldietan.

Robertek, artean ume txikia zela, familia judu on baten semetxoaren fisonomia arras galdu zuen. (Mundu mingotsa, 55)

1.2.2. Galdegaiaren modifikatzaileak: 

  • Galdegaia konparazio-gradudun adjetiboa denean: are, oraindik.

Zu Mikel baino are gizenagoa zara.

Irlandarrak gu baino oraindik ere egoskorragoak dira.

  • Galdegaia izena denean: oraindik.

Bai, behar zituen begiak erne atxiki, gogoa ase eta batatzeko laster areago ikusiko ez zuen irudi maitagarriaz. Oraindik lauzpabost aldiz, eztei-eguna heldu artean, eta gero gehiago ez noski. (Haur besoetakoa, 14-15)

Ohar gaitezen oraindik-en azken funtzio hau alemanezko eta txekierazko baliokideek ere betetzen dutela (noch eta jest adberbioek, hurrenez hurren). Euskaraz, ordea, beste bat nahiago izaten da horrelakoetan, oraindik aurrean ager dakiokeelarik.

Hona oraindik beste bi adibide.

Beste-ren ordez, konparatiboa erabil daiteke.

Hona oraindik bi adibide gehiago.

II. Zalantzak eta buruhausteak

Teoriak teoria, galdera asko datozkit burura:

  • Lehenengo galdera: Egia da dagoeneko eta oraindik orainaldian baino ezin direla erabili? Aurkitu ditudan zenbait adibide aintzat harturik, behintzat, ez dirudi hala denik. 

Atenaik galdua zuen lehentasuna dagoeneko, eta Alexanderik etzuen oraindik bere lehengo maila atzeman. (Zait Plat, 16)

oraindik ere besteek haren baitan jarritako itxaropenari amore ematera gertu zen. (Haur Besoetakoa, 6)

Hango mintzairaren nagusitasunak, ahultzen zihoalarik, iraun zuela oraindik. 

eta botikari jaunak zerbait esan nahi izan zuen, gero esango zuenaz bestelako gauza bat, zeren esan baitzuen aste hartan ez zuela oraindik jaso. (Mundu mingotsa, 52)

Laugarren adibidean nik aurrena artean jarri eta zuzentzaileak aldatu egin zidan.

Zein da, beraz, irizpide zuzena?

Oraindik adberbioari dagokionez, badirudi idazleek eta itzultzaileek lehenaldiko perpausetan ere nahiago izaten dutela, efektu literarioaren mesedean.

  • Bigarren galdera: Jadanik-en erabilera. Nik bezainbestetan erabiltzen al dute beste itzultzaileek? Noiz nahiago izaten da dagoeneko eta noiz jadanik ? Esan ote liteke zenbaitek, jadanik-ek adierazitakoa adierazteko, absolutibo-marka eransten diotela partizipioari, aditza iraganaldi burutuan dagoenean? (Hala balitz, berdintsuak lirateke jadanik irakurri dut eta irakurria dut, edota irakurrita daukat).

Ikus dezagun Javi Cilleroren adibide bat:

Alabaina, jadanik beranduegi zen. (Psikosia, 10)

Adibide honetan, kasu, itzultzaileak jadanik hautatu badu ere, berdin-berdin erabil al zitzakeen ordurako, honezkero, dagoeneko, edo, aukeran, "alabaina, beranduegi zen" besterik gabe jarri?

Jadanik aldaketa-adberbio "unibertsala" izanda ere, batzuetan ezin da erabili, hala nola zenbait aditzek orainaldiko forma trinkoa dutenean.

* Jadanik dator autobusa.

Honelakoetan, aditzari ba klitikoa erantsi behar zaio. 

Badator autobusa.

Hala eta guztiz ere, ez dirudi lege hori aditz trinko guztietarako eraginkorra denik, zeren ondoko perpausa guztiz onargarria baita:

Jadanik eserita gaude.

  • Hirugarren galdera: Honezkero erabiltzen denean, zein denboratan jarri behar da aditza? (honezkero jaikita dago / egongo da; honezkero heldu da / helduko zen). Egongo da /helduko zen aditzen bidez ez al dugu adierazten honezkero-k duen suposizio-ñabardura hori? Ez ote da erredundantea bi estrategia horiek batera erabiltzea? Antza denez, eta tradizioari begiratuz gero, badirudi ezetz, Kresala-tik ateratako bi adibideok lekuko.

Ja, jaii... Tira, tira, goazen arin, onezkero estropadia asiko zan da.

Berrogetamar urte inguru eukiko dozuz onezkero.

  • Laugarren galdera: Baliokideak dira artean eta artean ere?

Artian ere uste zun orrek/bere buruban zeukala. (JanEdII, 88)

Badira zenbait itzultzaile artean ere erabiltzeko joera ia sistematikoa dutenak. 

Ile beltza eta betiko hazpegiak artean ere ezagunak zituen, baina irribarrea itzalita zeukan. (Psikosia, 28)

Dirua eskularruen gordailuan zegoen, artean ere goma lodiaz lotutako kartazal handian. (Psikosia, 32)

Honenbestez, argitu beharra dago artean eta artean ere-ren artean alderik ote dagoen, hau da, testuinguru berberetan bata zein bestea erabil daitezkeen. 

Hitz batez esanda, premiazkoa iruditzen zait adberbio hauen guztien distribuzioa zehaztea, euskal itzultzaileon hobe beharrez. Hasieran esan bezala, erabaki behar da testuinguru bakoitzean beste hizkuntzen aldaketa- edo jarraipen-adberbioak nola euskaratu, eta itxuraz behintzat, baliteke batzuetan itzuli gabe utzi behar izatea. Esaterako, perpaus menperatuaren aditzak -nerako erantsita daukanean, perpaus nagusiaren aldaketa-adberbioa euskaratu gabe utzi ohi dugu, eta aski da partizipioari absolutibo-marka atxikitzea.

Aireportura iritsi nintzenerako, hegazkina aireratua zen.

Zilegi da aurreko adibidean aldaketa-adberbiorik jartzea? Zilegi ezezik, egoki ere?

III. Josef Skvoreckyren Mundu mingotsa: estatistika ttiki bat.

Nire azken itzulpena aztertu, eta hona hemen topatutako adberbioen maiztasuna:

- jadanik: 15 aldiz.
- dagoeneko: 2 aldiz.
- ordurako: 5 aldiz.
- honezkero: behin ere ez.
- oraindik: 9 aldiz.
- artean: 17 aldiz.

Estatistika honi begira, hauexek dira atera ditudan ondorioak:

a) jadanik eta artean dira gehien agerten direnak: jadanik, "unibertsala" izateagatik (zailagoa da horrela huts egitea), eta artean, kontakizunak lehenaldian daudelako.

b) jadanik eta dagoeneko guzti-guztiak errespetatu dizkit zuzentzaileak. Ezin, ordea, gauza bera esan artean-i buruz: nik 24 aldiz erabili dut; zuzentzaileak 17 aldiz utzi du bere hartan, eta gainerakoetan, edo besterik gabe kendu (5 aldiz) edo ordezkatu egin du, oraindik edo ordurako jarriz. Beraz, dudarik ez dago artean dela gaizkien erabiltzen dudan adberbioa.

Adibideak aztertu ondoren, esango nuke zuzentzaileak irizpide finko bat darabilela artean kentzeko: aurrean denborazko osagarri bat egotea, dela nominala, dela orazionala. Izan ere, trakets gertatzen da euskaraz sintagma gehiegi pilatzea, batez ere lekuzkoak badira[1]. Beraz, artean hori axalekoa edo erredundantea denean, hobe dugu kentzea.

Bestalde, badirudi artean, "adina" aipatzen den esaldietan erabiltzen dela gehien bat (adina bainoago, haurtzaro edo gaztaroa). Eta askotan, denborazko perpaus batean kokaturik.

Lehen, artean neskatxa txikia nintzela, ez zitzaidaan hain gogorra iruditzen. (Mundu mingotsa, 128)

c) honezkero deserrira bidaltzen dut nire itzulpen gehienetan. Psikoanalistarengana jo beharko dut honezkerofobia hau senda diezadan. 

IV. Eranskina (adibideak)

4.1. Hauta-lanerarko euskal hiztegia

Jadanik (613. or.) 

noiz. adlag. (1617). Gaur arte ipar. Dagoeneko (orainaldian); ordurako (lehenaldian). Jadanik etorria da? Ez ezazula galde jadanik eman duzuna...

Oraindik (883. or.) 

adlag. Aipaturiko unean egintza edo egoera batek bere hartan dirauela adierazten duen adizlaguna. Hasieran gaude oraindik. Hango mintzairaren nagusitasunak, ahultzen zihoalarik, iraun zuela oraindik

4.2. Orotariko hiztegia

Dagoeneko:

ya, para ahora; para entonces. Documentado en Larramendi y en textos meridionales a partir de fines del s. XIX. Dagoeneko jan ditu hiru oilazko. Dagoeneko egin du ori. Dagoeneko etorri zera. Ama-semeak izerditan zeuden dabaneko (Ugalde, Iltz 33). Artean gaiztakeriarik egin gabea, eta dagoeneko zigorra buru-gaiñean? Vill Jaink 99. Atenaik galdua zuen lehentasuna dagoeneko, eta Alexanderik etzuen oraindik bere lehengo maila atzeman. (Zait Plat 16)

Artean (738-745. or.)

4. Mientras tanto; hasta entonces; todavía. Cf. Ond Bac: "Artian, entonces, aún. Artian sekuria zon, entonces había (aún) sequía". Artean gaztetxoa zala, bere aitarekin joan zan batzarre artara. Artean illun zegoalako. Bi santuak etzuten artian alkar ezagutzen. Ni artian umetxoa nintzan ta

4.3. Elhuyar hiztegia

Dagoeneko (139. or.)

Artean gaiztakeria egin gabea eta dagoeneko zigorra buruan du

Jadanik (347. or.) 

jadanik bere azken egunetara ailegatua zelarik

jadanik etorri al da? 

Ordurako (484. or.)

Ordurako, gainera, atzerakorik ez duen pausoa emana zegoen 

Ya (693. or.)

· Ba-

zure ahizpa badator (ya viene tu hermana)

etorri da (ya ha venido) 

damutuko zaizu! (¡ya te arrepentirás!)

· Jadanik, jada, ja

Jadanik ez da hemen bizi (ya no vive aquí)

Jadanik mintzatu naiz gai horretaz (ya he hablado anteriormente de este tema)

Hori ez da jada erabiltzen (eso ya no se usa)

· dagoeneko (daborduko):

dagoeneko jaikita?

Lasai!, dagoeneko etxean da eta.

· honezkero (suposizioetan erabiltzeko):

honezkero zure anaia etxean izango da (etxean da/etxean dateke)

honezkero iritsiko zen (iritsi da/iritsia izan behar du) Parisa

honezkero irakurriko zenituen egunkariak, ezta?

honezkero ez da etorriko (ya no vendrá)

· ordurako

hamabiak ziren eta ordurako iritsia izango zela pentsatu nuen (eran las doce y pensé que ya habría llegado)

Atea zabaltzen saiatu nintzen, baina hark ordurako sarraila itxia zuen. ordurako (lehenaldian erabiltzeko)

daborduko (B) (139. or.)

para ahora, para entonces; tan pronto; ya (más pronto de los que era de prever): 

Hasi zaigu daborduko tentelkeriaren ezaugarriak ematen (ya ha empezado a darnos muestras de su insustancialidad) 

oraindik (ere) (482. or.) 

oraindik ez da etorri

badira abereak oraindik gutxiago bizi direnak

hona oraindik beste adibide bat

oraindik gehiago. 

oraindino (B) (482. or.)

todavía, aún. Oraino (ipar.): todavía, aún

artean (53. or.): 

1/ hasta 2/ todavía; mientras tanto; hasta entonces

artean lehortean zen (todavía duraba la sequía) 

orain 20 urte, artean ez zinen jaio, Parisera joan ginen (hace 20 años, cuando todavía no habías nacido, fuimos a París).

4.4. Euskaldunon Egunkaria

Badira jadanik pare bat hilabete ligan jokatu ez duela. 97-1-17 (23. or.)

Nahiko ohituta gaude dagoeneko. (J. Muguruza) 97-1-16 (3. or.) 

* ETBn hasi ziren, gero TVEn... Jada zazpi urte telebistan eta bi mila programa .(I. Basterretxea) 97-1-17 (17. or.) 

* Jada 9 programa egin ditugu. (K. Argiñano)

4.5. Haur Besoetakoa

Jadanik:

Bat zekusan jadanik, begiak barruko aldera inguratzen zituen aldika. (5. or.) 

kontsolaturik zegoen jadanik. (44. or.)

eta hau lo-gelan sartzen zeneko, ohean zegoen jadanik. (62. or.)

Oraindik:

oraindik ere besteek haren baitan jarritako itxaropenari amore ematera gertu zen. (6. or.) 

oraindik ez zekien ordea zer nahi zuen haren bihotzak. (7. or.) 

Bai, behar zituen begiak erne atxiki, gogoa ase eta batatzeko laster areago ikusiko ez zuen irudi maitagarriaz. Oraindik lauzpabost aldiz, eztei-eguna heldu artean, eta gero gehiago ez noski. (14.-15. or.) 

Dagoeneko:

Hura lo zegoen noski dagoneko .(24. or.)

Lotua zegoen dagoneko. Ez! beranduegi zen oraindik. (34. or.)

egun bat eta erdi ba ziren dagoneko alaba besoetakoari gauazko ikustaldirik ez ziola egin. (49. or.)

4.6. Psikosia

Alabaina, jadanik beranduegi zen. (10. or.)

Ile beltza eta betiko hazpegiak artean ere ezagunak zituen, baina irribarrea itzalita zeukan. (28. or.) 

Dirua eskularruen gordailuan zegoen, artean ere goma lodiaz lotutako kartazal handian. (32. or.) 

4.7. Mundu Mingotsa

Jadanik:

Aita eta biok haren enkontrura joaten ginen, eta gehienetan hiritik aski urruti aurkitzen genuen, jadanik iluna zenean, eta berak erreflektoreen argitan aise ezagutzen gintuen beti. (11. or.)

Hori ezberdina duk. Lanbide zintzoa duk hori eta barre egin zidan, eta barrez txapaka egin zion izebari bizkarrean, eta izebak ere barre txiki bat egin zuen, eta ni jadanik ez nintzen beldur, jaun hura barrez ari zela ikusita. (19. or.)

Mediku jauna luzaro izan zen eztei-bidaian, eta itzuli zenean ez zen jadanik lancia zaharrean ibiltzen, buick beltz batean baizik. (31. or.)

bazekien jadanik ez zuela eskubiderik nire osasun egoeraz galdetzeko. (34. or.)

Behin, plazako izkinan, Vladyka jauna topatu nuen: gure banketxeko enplegatua aurrena, aita kontzentrazio-esparrura bidali zutenean goi kargu batera iritsi zen, eta jadanik garai hartan treuhänder gisa egiten zuen lan Ohrenzug jaunaren errentako etxeetan. (50.-51. or.)

Udaberriko egun batean Robert Pixalöbl anaiaren txaletera aldatu zen, zeren bere etxaldea jadanik ez baitzuen bere etxalde (69. or.)

Baina hemen jadanik baliteke kondaira soila hastea, mitoa. (78. or.)

Memoriak huts egiten ez badit, jadanik ez zegoen adiskidantzarik Tilda eta Alizia Abelesen artean. (84. or.)

Horrenbestez, Sararen mendekutik giza malko hutsak gelditu ziren, agian Auschwitzeko amek inoiz isuri zituzten malkorik gizatiarrenak. Ez ziren jadanik ama-senaren malkoak, baizik eta giza gupidarenak. (97. or.)

Eta nik banekian han hilgo nindutela. Agian ez han, baina hara iristean, jadanik neureak egin balu bezala zuan. (107. or.)

Ibilbidea luzatzearren, burdindegitik igaro zen: erakusleihoan birringailu txikiak eta oregailuak zeuden, jendeak oraindik behar izan zitzakeen gauzak, jendeak agian, baina berak jadanik ez. (107. or.)

Neskak hamabost urte zituen, eta jadanik barre eragiten zion Antonín Xinták-ek era guztietako iturgintza lanak egiteak. (108. or.)

baina nik ez nian haiengandik ezer nahi, sarrailginarengandik eta jostunarengandik jadanik ezer ez. (128. or.)

Ahamen txikiak eginez jan ninan, gero eta ahamen txikiagoak, ahamen ezin ñimiñoagoak, eta purea ez zunan gutxitzen, denak jadanik prest zeudenan eta Quido Pickek, ni amorratzearren, danga-danga edaten zinan te hotza mahai gaineko kristalezko pitxarretik. (144. or.)

Hura Terezínen utzi ere ez zuten egin. Beste norabait eraman zuten berehala, Auschwitzera. Jadanik oso zaharra zen. (156. or.)

Dagoeneko

Nor zen Rebeka? Hiri handietan dauden neska horietakoa zen. ("zen"? Dagoeneko ez "da"?) (86. or.)

Historia teologikoa dun esan nuen. Eta gaur egun dagoeneko erlijioak behera egin din eta jende askok ez din Jainkoa sinesten. (133. or.)

Artean:

a) zuzentzaileak errespetatutakoak:

Gero Strass mediku jaunak hitz egin zuen, eta nik banekien larri nengoela zioela, eta gurasoei baimena eskatzen ziela azken erremedio bat, artean frogatu gabea, erabili ahal izateko. (29. or.)

Eguzkiak tabernako leihoa argitzen zuenez gero, sudurra beiraren kontra estutu behar izan nuen, artean txikia nintzela plazako kafetxean egin ohi nuen bezala. (32.-33. or.)

Muinoan zegoen jauregiko dorrearen gainean, zeru urdin ilunean, oskorri argitsuak distira egiten zuen malko baten antzo, eta, artean zorabiaturik nengoela, plazan barrena etxeratzen nintzen. (43.-44. or.)

Robertek, artean ume txikia zela, familia judu on baten semetxoaren fisonomia arras galdu zuen, (55. or.)

"Ach, die Tilde" fidatu zion behin, artean gerra hasi gabea zela, Rittenbach andre zaharrak nire amari (79.-80. or.)

Garai hartan emakumeak ez ziren artean eritetxeetan erditzen. (94. or.)

Ez dakit nola sentitzen zen Sara, nola imajinatu zuen kontua, nola sinestarazi zion bere buruari hobeto sentituko zela, poza ere sentituko zuela, mendekuaren plazerra, inon, garai hartan artean ezezagunak ziren izuaren lurraldeetan, umea hartuko ziotenean. (94.-95. or.)

Baina aitak larunbat goiz hartan artean ez zekien. (107. or.)

Aringarri bakarra zera nian, neure artean egitea ez zizkidatela urrezko hortzak kenduko, artean ez neukalako bat ere. (107. or.)

»Eta honenbestez afera guztia hutsean gelditu zunan. Ni artean Labsky sendagilearengana joan nindunan arratsalde hartarako aitzakia baten bila (122. or.)

Hik, motel, ez dakik zer den udaberrian Prahako kale batean barrena ibiltzea, udaberriko egun batean, artean inork lan egin ez eta denek auskalo zer pentsatzen zutenean. (127. or.)

Lehen, artean neskatxa txikia nintzela, ez zitzaidaan hain gogorra iruditzen. (128. or.)

Ez haserretu esan zuen, artean atean zegoela (155. or.)

Orduan ohartu nintzen muturretik agertzen zen buztana, motel baina, artean bere indarrez mugitzen ari zela. (162. or.)

Baina ni artean begira nengoen. (163. or.)

Artean ere lehian ari ziren katuarrainak (163. or.)

b) zuzentzaileak besterik gabe kendutakoak:

Denbora batez artean temati segitu zuen aitonak, eta gero bat-batean ezkontza izan zen. (16. or.: Denbora batez temati segitu zuen aitonak...)

beroak urtu ninduen mediku jauna zuka ari zitzaidala konturatu nintzenean, nahiz harekin azkenengoz mintzatu nintzenean artean hika egiten zidan (34. or.: ... mintzatu nintzenean hika egin zidan)

Gure neskame zaharrak eraman ninduen etxera, aje izugarria nuela. Eta artean gaua zela, ohean erdi-lo nengoela, damatxo haren barre ozena eta Txakurremelöblek, barrearen ordez, eragiten zituen soinu kirrinkariak entzun nituen neure baitan. (61. or.: Eta gauean, ohean...) 

Nik garai hartan artean ongi ere ez nekian; artean oso neskatxa tentela ninduan horretarako, (129. or.: Nik garai hartan ongi...)

Ni gizontto memela, zeharo tontolapikoa nintzenean, eta artean edonon zegoenean... Kontatuko dinat? Nahi dun?" (132.-133. or.: eta edonon...)

c) zuzentzaileak aldatutakoak:

eta botikari jaunak zerbait esan nahi izan zuen, gero esango zuenaz bestelako gauza bat, zeren esan baitzuen aste hartan ez zuela artean jaso (52. or.: ez zuela oraindik jaso).

Eta hara non Quido atzealdean gelditzen den, nirekin; ez ordea, nik susmatzen nuen bezala, kristau-fede estuaren gurutzea eramaten laguntzeko, baizik eta bere judu-losintxaz galdetzeko ea artean ondoezik ote nengoen. (147. or.: ea ordurako ondoezik ote nengoen)

V. Bibliografia

a) Bibliografia berezitua:

Elhuyar. Elhuyar hiztegia, Usurbil, 1996.

Euskaltzaindia. Euskal gramatika: Lehen urratsak-1, 1985.

MITXELENA, Koldo. Orotariko hiztegia.

SARASOLA, Ibon. Hauta-lanerako euskal hiztegia, CAP, Donostia.

b) Adibideen bibliografia:

AGIRRE, Txomin. Kresala

BLOCH, Robert. Psikosia (itzult: Javi Cillero), Elkar, Donostia, 1996.

MIRANDE, Jon. Haur besoetakoa, Hordago, Donostia, 1983.

SKVORECKY, Josef. Mundu mingotsa, Alberdania, Irun, 1996.

Euskaldunon Egunkaria


Oharrak

* Artikulu hau iazko Literatur Itzultzaileen Mintegian aurkeztu nuen txostenaren bertsio hobetua-edo da. Esan beharrik ez da hobetze horretan zerikusi handia izan dutela txostenaren aurkezpenera azaldu ziren lagunek (mila esker, bene-benetan!). Euren iradokizunak artikuluan zehar barreiaturik aurkituko ditu irakurleak.

1. Halako zerbait gertatzen da aposizio kontuetan ere.