Lafontaine euskaraz: alegia, ez duzula iturri beretik ere birritan ur bera edanen
Juan Garzia

Parisko Picasso-ren museo ederrari bisita egin nion batean, hango liburutegia ikustatzeko parada ere izan nuen. Ez zen noski Picassori buruzko liburuz bakarrik osatua, eta hantxe topatu nuen, hain zuzen, SENEZerako apailatu dudan itzulpen sortatxo honetarako bidea eman didana. Liburu bitxia zera zen: La Fontaine-ren alegi batzuk, Chagall-en irudiz. Aitortu behar dut zaletasun berezia dudala aspalditik Chagall-enganako, baina ez nuen liburua etxera ekarriko, baldin eta, irudiak ederrak bezain, inprenta lana ere halako fina izan ez balitz. Nire bidean, beraz, Chagall-en itzulpena etorri zen lehenik. Handik tiraka, La Fontaine-ren jatorrizkoetatik itzulpen saiotxo bat egin nuen neuk ere, eta, azkenik, ni baino lehen lantegi berean jarduniko euskal idazle askotarikoen peskizan hasi nintzen. Ez da uzta makala, alafede, eta hortxe duzu, irakurle, lagintxo bat, entretenigarri zein aztergai: zeuk aukeratu (itzultzaileetariko batzuek beren lanaren aurkezpen moduko bat ere egin baitzuten beren liburuen sarreretan, hori ere jaso dut hona, laburturik).

LE LIÈVRE ET LES GRENOUILLES

Un lièvre en son gîte songeait
(Car que faire en un gîte, à moins que l'on ne songe ?) ;
Dans un profond ennui ce lièvre se plongeait :
Cet animal est triste, et la crainte le ronge.
« Les gens de naturel peureux
Sont, disait-il, bien malhereux ;
Ils ne sauraient manger morceau qui leur profite.
Jamais un plaisir pur ; toujours assauts divers :
Voilà comme je vis : cette crainte maudite
M'empêche de dormir ; sinon les yeux ouverts.
Corrigez-vous, dira quelque sage cervelle.
Et la peur se corrige-t-elle ?
Je crois même qu'en bonne foi
Les hommes ont peur comme moi. »
Ainsi raisonnait notre lièvre
Et cependant faisait le guet.
Il était douteux, inquiet :
Un souffle, une ombre, un rien, tout lui donnait la fièvre.
Le mélancolique animal,
En rêvant à cette matière,
Entend un léger bruit : ce lui fut un signal
Pour s'enfuir devers sa tanière.
Il s'en alla passer sur le bord d'un étang.
Grenouilles aussitôt de sauter dans les ondes,
Grenouilles de rentrer en leurs grottes profondes.
« Oh ! dit-il, j'en fais faire autant
Qu'on m'en fait faire ! Ma présence
Effraie aussi les gens, je mets l'alarme au camp !
Et d'où me vient cette vaillance ?
Comment ! des animaux qui tremblent devant moi !
Je suis donc un foudre de guerre ?
Il n'est, je le vois bien, si poltron sur la terre
Qui ne puisse trouver un plus poltron que soi. »

Marc Chagall
Les Fables de La Fontaine


Fableak edo alegiak
LAFONTENENETARIK
BEREXIZ HARTUAK,
ETA 
Goyhetche aphezak
FRANTSESETIK ESKOARARA
BERTSUTAN ITZULIAK
(1852)


Duela zenbait denbora erakurtzearekin bi fable multzo, bata Suberotar Jaun batek, bertzea Gipuzkoako Jaun Aphez batek bertsutan publikatuak: ethorri zitzaitan gutizia Laphurdiko hitzkuntzan lan beraren egiteko; ez hek baino hobeki egin beharrez segurki; baina bertzela, eta Laphurdiko mintzoaren arabera. Hala nola ezen, plat bera izan baitaiteke hirur kozinerez diferentki aphaindua, eta gisa bakotxak baidituzke bere zaleak eta jaleak: hala orobat liburu berak hirur eskribatzaille diferentez landuak eta moldatuak, badituzke publikoan erakurtzaile gustu diferentetakoak. Agian hunek ere baturen ditu bereak.

[...]

Baiñan obra bera, lanaren egindura? gramatikako eta neurthitz edo bertsuen erregela guzien arabera moldatua dea? Ez duta pontu horren gaiñean kontzientziako ausiki zenbait sentitzeko? Eta nik baderrat: Badea gramatikarik gure lenguaiaren mintzoa osoki fixatu duenik? Ez duia suberotarrak berea? Bizkainoak berea? Gipuzkoarrak berea? Eta guk Laphurtarrek geurea? Eta neurthitzen erregela guziez errezibitu eta berdiñ praktikaturik badea? Eta izan ere badaitekea? Nik ez dut ikhusi holako libururik. Eta iragan poeta edo bertsugillen erakurtzetik ere ez zait gelditu holako pentsamendurik. Ez dut beraz bihatu baizen bertsuak egitea izarietan ahalik justuenak, eta buruak ahalik hobekiena parekatuak eta elkar irudienak; haritu naiz emaitera lenguaiarik klarena, liraiñena eta endelgatzeko errexena; entseiatuz sartzera Lafontenen pentsatzeko eta mintzatzeko laiñotasunean: eta badiduritzait hunen tretu ospatuenetarik asko aski uruski itzuli ere ditudala. Ebitatzera haritu naiz frasa modorrotsu eta korapillotsuak leitzalea nekhatzen, khexatzen eta desgustarazten dutenak: beldur ere banaiz batzuek kausi dezaten fabletako nere mintzoa sinplegia edo komunegia. Baiña zer egiñ? Egiña egiñ. Beti atsegin bat da erakurten dena aise konprenitzea: hauk ere badukete bere meritua: bedere nik badakit bazutela bere nekhea era ez xumea: alfer laite gehiago luzatzea.
Zer! Jaun Apheza, ez duzu bada oraiño hitzño bat, azken hitztto bat? hain diferenta othe zare bada egundainoko aphez guzietarik? Ah! publiko estimagarria! erran baniezazu lan hau egitean ez nuela bertze xederik, ez gogoan bertze deusik baizen zuri hirri egin araztea, eta azukreztatu pillula zenbait iretsaraztea; gezurra erran niro. Desiratzen dautzut beraz obratto hunen erosteko gutiziarik beroena, eta axalaz hirriz zaudelarik, mamiaz probetxatzeko zoriona.

Herbia eta igelak

Herbi bat bere xiloan
Zagon behin pentsaketan:
(Ezen zer egiñ zeldetan
Ez badago gogoetan!)
Gaixoa bazagon beraz
Hartua melankoliaz.
Animale hau triste da,
Eta lotsak hiran dauka:
Jende iziperak, hark dio,
Zoin diren urrikaltzeko!
Jaten dutenek ere onik egin ez dezokete,
Plazer garbi bat nihoiz ez: bethi trantzean daude.
Horral nola naizen bizi
Lotsa ondikozkoak niri
Loa ere daut ebakitzen:
Niholere nihoiz ezen
Har ez dezaket pausurik
Begiak zabalik baizik.
Korreji zaite derrake kasko zenbait zenbait zuhurrek:
Helas! izipertasuna khen dezakeia deusek?
Are, lainoki derradan, sinhetsia daukat nik
Gizek ere badutela nik dudan gitz huntarik.
Horla zerasala herbi beldurtiak,
Erne alde orotara zauzkan beharriak.
Osto bat, haize bat, ez deus, itzal sinplea bera,
Aski zen hari betbetan emaiteko sukarra.
Amets horietan zagola sarthua,
Gure azinda triste, melankoliatua,
Hots ariñ bat zaio beharritaratzen,
Eta fite zaio ihesari lotzen.
Intzura baten hegitik zoalarik laurenka,
Igelak ikhusten ditu jauzten urera osteka:
Ah! dio, nere beldurra bada norbait duenik.
Bertzek nola niri, bertzer hala egiten daiet nik.
Naizeneko agertu, oro lotsa dire,
Kanpak ere ikharan daude.
Zer! animaleak detzadan nik izi!
Gerlako ozpiña bat izango naiz naski?

Alabaiña segur ez da nehor hain pultrun denik,
Kausi ez dukenik bera baino pultrunagorik:
Jaunari esker munduan, bada guzietarik;
Hautarik ez gutienik.


LA FONTAINAREN
ALEGIA BERHEZIAK
NEURT-HITZEZ
FRANTZESETIK USKARARA ITZULIAK,
J. B. ARTSU
eskolazaliak.
(1848)

Zertako uskarara itzul La Fontainaren alegia berheziak? galdegin zautaden ene lana hasten nuelarik. Beharbada oraino ere ber galdoa eginen daute, ni irakurtu baino lehen. Hau da beraz ene errapostia, bardin ez duket horren egiteko tenorerik irakurtua nizatenian.

La Fontainaren alegia zenbaiten uskarara itzultzian, ene lehen atsia izan da Frantzia guziak altxatzen duen gizon horren o'hizpenaren altxatzia Uskal-herriaren erdian; bigarrena, aldiz, ene herritarren gogoaren deitzea alegiatsu paregabeko horren lanetara, lan hoien zentzu eta zuhurtze handiaren her honkierazitea, holaxet frantzes mintzajia ikhas dezeten aisago.

Hortako zerbitzatu niz La Fontainaren lanaz. Hau da obra honen iruzkibegia. Honen itzalian ezarri ditut ene uskarazko neurt-hitzak.

Frantzes eta uskara begiz begi ezarrier jarraikitzen zaie hitztegi uskalduna, aitzindari joaiten zerelarik uskaldun mintzo gainen hatsarre bat.

Hatsarre hau egina da uskara ez dakienentzat.

Frantzian nahi bada sorthurik diren, badire hanitz Bortu iphar aldeko izkerrian, zaoinek bere anaien, bere aitzindarien mintzajia enthelegatzen ez dutenak (sic). Nolaz hori? Zeren ez duten bi mintzajetan izkribaturik diren libururik (sic).

Erranen daute, arauz, Errearoaren 1833 eta 28ko legeak zabaldu duela muga berri bat ikhastarzunari, eta Uskal-herriko ikhaserazlek behar dutela bere eskolierer frantzesa erakutsi. Beharbada bai. Bainan nola erakhuts ahal di'ote? Ez dute uskaldun eta frantzes gramatikarik, ez dute uskaldun eta frantzes hitztegirik.

Egia da edireiten direla Uskal-herriko eskoletan hitz batzu uskaraz eta frantzesez, Frantziako konjugazioniareki. Hatu hoieki dute oariatino ikhasi behar ukhen frantzesa Etcheparen, Oihenarten, Spondaren, Belaren, Garaten, Harizperen, Dassanzen herritarrek. Oi zoin hurrun den hitz bakant batzuen jakintarzunetik hitzen mintzatzeko behar bezala jostiala!

Uskal-herriko haurrek behar lukete, hola da ja ene ustea, habilenekinko bat, gramatika bat, zoinekin ikhas ahal dezen berek frantzes hitzkuntza. Gramatika hori haur hoien eskuetara hel artino uste dut alegia igorten deitzedan hoiek aisaeraziren dereiela frantzesaren ikhastia. Hola uste dute ere ene lana ikhusi duten guziek. Hanbat hobe ez balin bagi'a enganatzen! 

Erbia eta igelak

Erbi bat bere ohian ametsetan zen
(zer egin ohian amets baizik?).
Hanitz zen erbi debeiatzen,
triste beitzen, lotsak eiharturik.
"Jente lotsorrak
zioen ez ti'a dohatsiak;
ez di'ote jan poxirik gizentzeko;
bethi plazerik gabe, bethi lasterka,
holaxet niz ni bizitzeko:
eta lotsaz (Gainkoak deidala pharka!)
ez di'ot egin lo'ik,
begiak zabalik baizik.
Etzazula lots'ik ukhen, erranen deit kasko hon batek.
Lotsa ahal deia uzten?
Egiazki, uste dut gizonek
nik bezain dutela lotsa handia."
Hola mintzo zen erbia,
beha zelarik egoiten.
Ez zakien zer egin, antsia zen;
osto baten itzalak edo herotsak
emaiten zeitzon helgaitzak.
Gaiza hoietan zielarik gogoa,
azantza bat du entzuten;
bere xiloaren ondoa
lasterrez du atzamaiten.
Igaraiten zelarik
putzu baten ondotik,
igelak uren barna dira jausten
eta bere xiloetan gordatzen.

"O! o! dio nik ere bester duta lotsa egiten?
Ene ikhustiaz jentiak direia izitzen?
Zer dute animale hoiek?
Gerlari handia niza arren?
Orai ikhusten dut lotsorrek
Lotsor handiagoak di'oztela ediren."


ALEGIA DEUS EZ
(LEON LEON apezak itzuliak)
(1951tik aurrera GURE HERRIAn argitaratuak)

Zerk nuen huntaratu? Ez baita egia bezalakorik, huna: ene ardurazko lanen artetik hats-handiaren hartzerat joana zonbeit egunentzat, uria merke eta nasai izan baitut, eta futxo, orenak nolazpeit hil behar, gogorat jin zait haurrean ikasi erdarazko alegia bat edo bertze behar nituela euskararat itzuli, ez hala-hula, bainan ahal bezenbatean hitzez-hitz eta erdarari jarraikiz. Egin dugun lana ez da nehon ez dena: itzultze hortan alabainan alegia hoiek galdu dukete beren pollit hura, uriak ere utzi diote beharbada bere zurpaila eta lanaren egileak halaber bere antzearen laburra. Doatzila, halarik ere, Gure herriaren hegal zabaletan! Eta kitzikatzale mihi-zorrotzak orroituko dira, agian, gizonen artean jaunak balin badira, eta jaunen jaunak, badirela ere jaunen mutilak.

Erbia eta igelak

Bere erbitegi zolan, andere Erbi,
kurruxkan janik aza-hosto bat edo bi,
gogoetaka zagon, bihotza trixterik.
Zilo ilun batean zer egin besterik?
Sortzez eta jitez izialdurak jana,
hortaz narda bat bazuen sartua barna.

Putrunak zoin diren urrikalgarri!
zion egun hartan, bere buruari.
Beti ikaretan,
beti dardaretan!
Sekulan ez plazer oso garbi bat!
Etsaiak non-nahi, bai, eta zonbat!
Jana ere ez gozatzen!
Horra nola bizi naizen!

Ene putrunkeriahorren gatik,
ez dut behinere, sortuz geroztik,
egin lo ihitzik
begi batez baizik!
Kasko-zuri zuhur batek, hemen,
badakit zertsu dautan erranen:
Putrunkeria hortarik senda zite!
Hori aise errana da eta fite!
dio ihardesten, kasko-zuriari .
Gaitz hori uste duzu den sendagarri?
Hala zagon bada erbia gogoetaka!

Zilotik noizbait jalgi zen, orotara behaka,
barnea ttipi, ikaretan eta grinatua,
hots, itzal... ez deus batentzat sukarrak hartua.
Bada, hantxe zagolarik dardaretan,
harrabots bat egin zen bazter heietan,
baitzuen hor aski, aski eta sobera,
putinka joaiteko xendra bati behera!
Xendra haren buruan inta bat baitzen,
ikusirik "pluf, pluf, pluf" urean sartzen
inta hegi hartan zauden igelak...
Ho! Ho! zuen egin erbi ergelak.
Nor niz ni? Zer? Bertzeak ni bezala?
Nik ere norbait izitzen dutala?
Ha! Zer ihizia haatik ni! Zer soldadoa!
Ni ikusi orduko, etsaia urpera doa!
Oraikoan ikusten dut nik
nehor ez dela hain putrunik
non ez duen egun batez, han edo hemen,
bera baino putrunago bat hatxemaiten!


LAFONTAINE-REN ZENBAIT ALEGIA
JUAN GARZIAk emanak
(1996, argitaratzeke)

Erbia eta igelak

Erbia zuloan pentsuz
(ezen zer besterik egin liteke han?);
piztia bizi zen gogaituran, izuz,
gaixoa ikarak janik zeren zeukan.
« Izuti diren jendeak,
zeinen zioen tristeak;
poxinik ez zaie inoiz profitatzen.
atseginak beldur, asalduz taupati;
hau bizimodua: izuak ez uzten
egiten lo onik; begi-zabal beti.
Alda zaitez, inork azti du esango:
aldatuz beldurra jango?
Uste baitut sortzez lotsor
munduan badela inor. »
Hala erbiak hausnarra,
beti ere zut, zer gerta,
susmati, urduri baita:
susmur bat, itzal bat: hutsez hark sukarra.
Malenkoniatsu, bada,
hala atzarrik ametsez,
hots fits bat hor dantzu: bizkor dagi, hara,
habia-zulotik ihes.

Hala iragan zen aintzira ertzetik.
Igel aldrak betan klink-klunk uretara,
uretara eta osin sakonera.
« Hara zioen, badut nik
izutzekorik! Ni nerau 
maiz nola, beldur da jende hau nigatik!
Nondik niri ahalmen hau?
Zer da hau! piztiak nigatik ikaran!
Gudu-tximist bat naiz, edo?
Ez da, garbi dago, koldarrik lurrean 
Non ez den beste bat are koldarrago. »


IPUIN ONAK BIZKAIKO EUSKARAZ
(Juan Mateo ZABALAk 1840 aurretik paratuak).

Zeinbat gauza egiten dituzan gizonak asko-asko uste ez ebazanak! Nok esango eustan neuri ipuingiñan egingo nebala? Nik beintzat ez neuntsan sinistuko asko, niretzat nengoalako eze ez zala ori ez ene bururako, ez ene bizimodurako. Alan da guzti, makalaldi baten, beste gauzatarako ez nintzanean prestu, eta oëan besteetan baño astiroago egon bear izaten nebanean, ene atsegingarrirako uste ez neban eginen oneri eutsi ta ekin neuntsan, eta neureak geienak orduantxe eginak dira.

Behin nagusiena egin ezkero, eta, esan daroagun legez, lanari zaia kendu ezkero, erraz izaten da zerbait geiago aziten: eta gero eginai esku-aldi batzuk emotea zorral legez artu doa. Bada nik bere besteak erabili oi daben bidetik ez dot urten eta bigun-aldia ezkero bat edo beste egin dot, eta oneek eta legoak leundu, ta apaindu, eta eskuak emon deustezan iñorenak Bizkai-koratu: baita onenbestegaz osotu ta biribildu dira orain argitara ateraten dadazan ipuin mamintsu on onek.

[...]

Baakit nik geure euskaldunak ipuinzaleak direala. Gogoan dot oraindo zelan umetan entzun geroaguzan aoa zabalik, eta adurra erigula, Peru ta Mariaren ipuin sutraibaakoak. Oraingo oneek dira sustrai andikoak, mamin ederrekoak, eta on eta onura zabalekoak. Alan balira geiago.

Nik gura neunkeana da ze, oneetatik bidea artuta, edo ainbagakoan, nik baño buru, gatz, asti eta gogo obea daukanen batek geiago ta ederragoak egin balegiz. Baita, zer dakigu izango bada? Au baño gatxagorik ikusi da mundu zabalean.

[...]

Bitartean barriz irakurri egizuz ta egikezuz ipuin on oneek: eta alan baderitzazu buruz artu; eta zeuretzat eta besteentzat asko ikasiko dozu zelan egin bear dan. Eurak dagoz berba neurtuetan, eta naurri labur-luze, ta gera-aldi era askotakoetan: eta onelangoak izan daroe berezko gatza, gazigarria ta uia, gogoa joteko, begizkoa egiteko ta errezago oratu ta erantsiteko. 

Erbi bizitzeaz gogaituak ta ugaraxioak

Erbi batzuk baten
egiñik batzarra
"ai bada, ziñoen,
geure zori txarra.
Geu beti bildurrez
beti geu ikara;
bein ez gaituk bake onez."
"Orrelan, nor bizi
onen bake galduz?
Gizonak bateti
lakioz eta suz:
txakurrak ausika
atzean jarraituz.
Otso, lukiak geu ilka.
Alan ibilteko
oba joägu il
t'azken emoteko
neke ain ugaril,
ta ain gogor ganera
jatorkuanari
geu ta lanak uretara."

Esan ta egin; doaz
urari emoten,
buruak itoaz
nekeak itoten.
Munera aik eldu
t'ugaraxioak
an, plast, zirean muxatu.
Auxe ikusirik
diñoe: "gazteak
ez gozak bakarrik
gu nekepekoak.
Goiazan alon,
atzera: ta lanik
bajoagu, egon, egon.
Nekepean danak
obeto danari
aitu, eta lanak
eiten jakoz azi;
barriz begiratu
txartoagoari,
damuak dira laburtu.


ALEGIAK SUDUR GAINEAN BEGIAK
JEAN DE LA FONTAINE
Jesusmari Mendizabalek
libreki euskaratuak
(1985)



Erbia eta igelak

Bazen behin, bere kobazuloan sartua, erbi izuti bat. Urduria zen, artega; geldi, ezin egona, dena keinu. Eta honela zioen bere artean:

Ez ote naiz ba, geldirik egongo? Hainbeste zirti-zartakin, jaten dudanak ez dit onik egingo. Beldurrak, berriz, ez nau pakean uzten. Loa ere, begi bat irekia eta beste itxiarekin darama. Nire akats eta okerrok zuzendu nahi nituzke, baina ezin! Beste animaliek, bestalde, nik hainbat ez bada ere, bildurrak ibiliko dira, nik uste.

Tupustean, hots bat entzun eta bihotz ondoko bat izan zuen. Itzalen bat, haizearen txistua, zuhaitzetako zotz baten erorketa aski zuen airean jartzeko. Inoiz ez zegoen lasai gure erbia.

Hots hau entzutean, estu eta larri zulotik atera, basoa zeharkatu eta zenbait bide ere, eta azkenean garbi batetara iritsi zen. Nekaturik geratu eta honela erasiatzen zion bere buruari:

Ez nuke horren beldurti izan behar. Ergel xamarra naiz. Entzun dudana, agian, ez zen hosto batena besterik eta ni izuturik hara noraino atera naizen.

Bere kabuz jarraitzen zuen erbiak putzu batetako urei so:

Ea zentzatzen naizen, zere ziur bait nago ez dela munduan ni baino beldurtiagorik. Ez gizonek, ez hegaztiek, ez piztiek eta ez untxiek ere ez dute zertan beldur izanik.

Poliki-poliki erbia geroz eta gehiago hurbildu zen putzura. Igel batzuk zeuden han kantari. Erbia bertan somatu zutenean, beldurtu ziren eta uretara murgildu.

Erbiak orduan:

Arranopola! Igelak beldurti nire aurrean? Nik ere beraz, besteek niri bezalatsu, beldurra eragiten dut. Agidenez, izutu egin dira aberetxo hauek ikusi nautenean. Eta nik ez nien inolako kalterik egin nahi!

Honela kontsideratuz hala zioen erbiak azkenean:

Bistan dago beldurti batek nonahi aurki dezakeela beste bat bera baino beldurtiago.

"Erbi hau ero duzu" aitortuz
oker legoke hastea,
antzeko bait da, esan gabe ere,
jende gehienon ustea:
izutiena norbera dela
ez dago ondo sinestea,
hemen bat beldur baldin badabil
beldurtiago bestea.