Traduciendo se entienden los pueblos
Juan Mari Arzallus

Hitz eginez konpontzen da jendea, dio esaerak; itzuliz konpontzen dira herriak, APETI-ren lemak. Zer lema egokiagorik itzultzaile elkarte batentzat. Baina itzultzea nahikoa ote herriak elkarrekin ondo konpontzeko?

Artikulu honek Kadareren H. Dosierra euskaratzean aurkitu genituen (Antton Olanok eta izenpetzen duenak) zailtasunez izan behar zuen egin zitzaigun eskaerari kasu egitera. Ez da, erabat bederen, hala izango. Baina ez naiz gai horretatik urruti ere ibiliko.

Kadareren eleberrietan pixka bat geratu dena berehala konturatuko zen zeinen gogoko duen ipuinak, elezaharrak eta historiako pasarteak bidera ekartzea, edota, irakurleari nondik nora ibili erakusteko edo, han eta hemen bide seinaleak uztea: mendi izenak, ostatu izenak, pertsona izenak, vendetta, bessa (emandako hitza betetzea), eta abar, eta abar. Horien artean sar daiteke eslabiarren edo, hobeto esan, serbiarren eta albaniarren arteko konponezina haibestetan aipatzea ere. H. Dosierra-ren sarrerako azken lerroetan agertzen den bezala: «Eta noski, bi herri horiek aipatuz gero, handik edo hemendik Kosovo azaltzen da azkenean».

Bai, eslabiarrak Balkanetan sartu zirenetik bi herri horiek gaur arte izan duten liskarraren ia aldi-muga guztiak aurki daitezke Kadareren obran. 1981eko martxoaren bukaeran eta apirilaren hasieran Kosovon izan ziren liskarren ondotik idatzia du H. Dosierra bera, urte horretako abenduan bukatu baitzuen liburua. Eta badu albaniarren eta serbiarren arteko borroka gogorrenean egon den garaietan eta gertakizunetan oinarria harturik idatzitako eleberririk ere: Le cortège de la noce s'est figé dans la glace eta Trois chants funèbres pour le Kosovo dira dituenetan aipagarrientxoenak.

Dena den, luzeegi joko luke hiru liburu horietan agertzen den guztia puntuz puntu hartzeak eta are luzeago, berriz, aldizkarietan publikatu duen guztia errepikatzeak. Muga gaitezen, bada, labur bada ere, erakutsi izan duen jarrera agertzera.

H. Dosierra-n, albaniarren eta eslabiarren arteko herra aipatuz heltzen dio gaiari, 71. orrialdean, Albaniak Washingtonen duen enbaxadoreari emanez hitza: «Ba al dakizue, batzuen ustez Iliadako lehenbiziko bertsoan agertzen den Mênin aeidé, thea, Pêlêiadéô Achilêos (Abestu, jainkosa, Peleotar Akileren haserrea) pasarteko mênin hori, zeurok ikus dezakezuen bezala, albanierako meni, herra esan nahi duen bera dela? Eta hori horrela, literatura unibertsaleko lehenengo hiruzpalau hitzetatik aurrenekoa eta, tamalez, garratzena ere albanierakoa dela... Ja, ja!».

Eslabiarrak Balkanetan nola sartu ziren deskribatzen du gero, 104. orrialdean: «Eslabiarren emana behin ere ez zela bukatuko ematen zuen... Giza uholde hark kordokatu zituen Balkanetako herriak eta batez ere garai haietako albaniarrak... Eta gertatu behar zuena gertatu zen: armak hartu zituzten mendeetan zehar lurralde hartan bizi izan ziren herriek... Eta hantxe, Kosovoko mugetan itxi zioten jende oste hari aurrerabidea».

Eta berriz ere herra dakar, hurrengo orrialdean, hizpidera: «Elkarren arteko herratik sortuak gara...», dio H. Dosierra-ko bi protagonistak apopilo egon ziren ostatuko bentazainak, Albaniako poeta baten hitzak harira ekarriz.

Epopeiaz ari dela ere ezin hitz zorrotzagoak darabiltza albaniarrena eta serbiarrena alderatzerakoan. «Hori da nonbait munduan bitara dagoen sortze lan bakarra», dio, 134. orrialdean. Baina «batean heroi dena bestean antiheroi dela, batean zuri dena bestean beltz, batean samina dena bestean poz», eta abar eta abar, baitio gero segidan.

Aipamen horiek irakurrita balirudike ez duela herra eta kontraesana besterik sumatzen bazterretan. Horrelako asko, eta oso bertatik ikusi behar izan du noski, bere bizitzan. Baina Kadare arinegi epaitzea litzateke irudipen hori benetakotzat hartzea. Gainera, kontuan izan behar da H. Dosierra eleberriko hari nagusitik datorren izpi bat baizik ez dela aipamen bidez agertu dugun borroka hori.

Garaitsu berean, 1981 eta1983 bitartean, idatzia du Le cortège de la noce s'est figé dans la glace kontaera ere, baina honetan beste era batera tratatzen du albaniarren eta serbiarren arteko konponezina, eta ñabardura gehiago sartzen ditu, gainera, alde batekoen eta bestekoen jarreretan.

«Eta guk, goxo tratatu ditugula uste al duk? Gizonak zapalduz pasatu zituan tankeak, apirilaren 1ean. Han zaudek odol arrastoak Gërmia supermerkatuaren aurrean, eta nahikoa ez dela diok oraindik?», esanarazten dio, adibidez, Vladan polizia serbiarrari, beste polizia batekin hizketan ari dela.

Kadareren beste hainbat liburutan bezala, bati barrua astintzeko moduko giroa nabari da, oro har, kontaera honetan ere: matxinada baten ondorengo errepresio giroa, hain zuzen. Eta irauli berria den soroan beleak bezala, pertsonaia hits krudel batzuk, hara eta hona, biktima bila: Costiç, Jugoslaviako Lehendakaritzarako ordezkaria, hiru polizia, kazetari bat, eta abar. Horren kontrapuntuan, Shkréli senar-emazteak, beren lantokietan eta etxean, noiz edo noiz egoera hobetuko ote den esperantzan, edo esperantza hori galdu nahi ezik. Eta itxaropen hori laburbiltzen duela, amets bat, egun batez Martin Shkréli irakasleari, unibertsitateko klasera sartzean, arbelean zegoen izkribu bat ikusita sortua: «Shpend Brezftoth + Mladenka Markoviç = ?». Bi ikasle haiek, bata albaniarra eta bestea serbiarra, egunen batean elkarrekin ezkontzen ikusteko ametsa. Eta ezkontza harekin, bidean izozturik geratu zen eztei ostea berriz ere martxan jarriko ote zen esperantza.

«Izaten zuen tarteka albaniarren eta serbiarren arteko harremanak, pixkaren bat besterik ez bazen ere, hobetuko ote ziren esperantza», dio Kadarek Martin Shkreli-z ari dela, laugarren kapituluan. «Baina ez zion esperantza hark luze irauten, eta ezertan sinesten ez zuela geratzen zen hurrena, ... eta, ziren liburu, musika, Kristo, Romeo eta Julieta guztiak alfer-alferrik izango zirela iruditzen zitzaion orduan, ez zutela inoiz elkar maiteko eta».

Hala eta guztiz ere, «bai, sinesten dut» erantzuten dio Mark Rugova estremistari, artean ere Eskilok justiziari buruz esaten dituen txorakerietan, haren errebantxaren kontrako jarreran..., sinesten al duen galdetzen dionean besteak.

1997ko martxotik 1998ko martxora bitartean idatzi zuen hemen aipatu den hirugarren liburua, Trois chants funèbres pour le Kosovo, hiru kontaera laburrez osaturik dagoena. Jadanik gerra saihetsezina zela igarrita idatzi zuen nonbait, eta hain zuzen ere beste gerra edo gatazka bat darabil harian: 1389ko ekainaren 28an, Zozo zelaia deritzan lekuan serbiarrek, albaniarrek, bosniarrek eta errumaniarrek otomandarren kontra galdu zuten gatazka eguna eta ondorengoak. "Zergatik ez ditugu gaur ere konponezinak alde batera uzten, eta ez gara orduan bezala elkartzen?", dirudi esan nahi duela gertaera hura berritzean.

Baina honetan ere ez da herra aldarrikatzen duenik falta. Oraingoan rapsodak berak dira, hain zuzen, nahiz eta gero erdi adiskide modura agertu, gorrotoa aldarrikatzen dutenak. «Zutitu, albaniarrak, serbiarrek Kosovo kendu nahi digute eta, zutitu, serbiarrak, albaniarrek Kosovo kendu nahi digute eta», diote Gjorg Shkreli, rapsoda albaniarrak eta Vladan, rapsoda serbiarrak. Le cortège dela noce... kontaerako izen berak berriz ere. Zergatik? Beste kontu bat da hori.

Geroztik albaniarren eta serbiarren artean gertatu dena, gutxi-asko, denok dakigu gaur.

Antza denez, erruduna eta errugabea zein eta zenbateraino diren ezin jakin ahal izateraino gaiztotzen denean auzi bat alferrik da hura biktimarik gabe konpontzen saiatzea. Diren liburu (itzuli edo bestelako), musika, Kristo, Romeo eta Julieta guztiak alferrik dira orduan. Hala ote?