Euskaratutako Haur eta Gazte Literaturaren azterketa: funtzioak, eraginak eta itzulpen-estrategiak
Manu Lopez Gaseni

1. Aurrekariak

Artikulu honek joan den urtarrilean defendatu nuen doktore tesiaren laburpena eta azalpena eskaini nahi ditu, hasierako intuizioetatik azken emaitzetara, eta akademi lan batek bete behar omen dituen zenbait baldintza eta eduki zurrunetatik arindurik.

Hasteko, argitu behar dut tesiaren gaia interes edo gogo pertsonalak bultzaturik hautatu nuela, azken urteotan euskal Haur eta Gazte Literaturaren esparruan zenbait lan, jatorrizko zein itzulitakoak, egina naizelako, alegia. Eta alderdi biografikoak alde batera utzirik, apaltasunezkoa deitutako plurala hobetsi eta ikus dezagun zein izan zen lanak hartutako ibilbidea.

Azken hogei urteotan euskaratutako Haur eta Gazte Literaturan (aurrerantzean HGL), bi kontu sumatu uste genuen: alde batetik, arlo horretako itzulpenetan ezohiko "askatasunez" jokatzen zela gehienetan; eta, bestetik, itzulitako HGLk euskaraz sortutakoan existitzen ez ziren saio literario bikain batzuk eskaintzen zituela.

Horrek guztiak eraman gintuen euskaratutako HGL aztertzeko eredu bat bilatzera. Aurrekariak, ordea, ez ziren oso ugariak: nazioartean 70eko hamarkadan hasi ziren horrelako gaiak ikertzen (Zohar Shavit, Denise Escarpit, Göte Klingberg), urte haietan Itamar Even-Zohar-ek garatutako ikuspegi polisistemikotik abiatuta; estatu espainiarreko ikerketak, berriz, bi hamarkada geroago hasiko ziren, eta horien artean azpimarratzekoa da Rosa Rabadán ikertzaile espainiarraren lanetan oinarrituta Marisa Fernández López-ek Leon-go Unibertsitatean egindako doktore tesi bikaina, Traducción y literatura juvenil (1996), itzulpengintza eta HGL uztartzen baitzituen.

2. Helburuak

Ikerketaren helburuak zehazteko orduan, kontuan izan genuen euskaratutako literaturaren gaineko azterketa sistematikorik ez dagoela, zenbait itzultzailek bere itzulgaiei buruz egindako gogoetatik eta Xabier Mendigurenek egindako Euskal itzulpengintzaren historia laburra (1995) bezalako lan orokor edo "Orixeren itzulpengintza" (1991) bezalako lan monografikoetatik kanpo behintzat.

Arrazoi horregatik, eta HGL bezalako eremu murritz eta bazterrekoa aztertu nahi bagenuen ere, ikuspegi orokor edo historiko bat eskaintzeko beharra ikusten genuen, gerora etorriko diratekeen lan monografikoen aldez aurreko testuinguru gisa.

Ikuspegi hori gogoan, beraz, azterketaren helburuak termino hauetan formula daitezke: euskal HGLren arloko itzulpenak historikoki nola egin diren, nolako funtzioak bete dituzten eta jatorrizko produkzioarekin zer nolako harremanak izan dituzten argitzea.

Eta, helburu horien ondoan, honako lan-hipotesiak erabili ditugu: 1) alde batetik, euskaratutako literaturaren funtzioak jatorrizko HGLk garai bakoitzean izan dituen behar espezifikoei erantzutea eta jatorrizko HGL hori eguneratzea izan direla; 2) itzulitako literaturak gai eta ikuspegi literarioen aldetik nolabaiteko ekarpenik egin diola euskal HGL bezalako sistema ahul eta gazte bati, bereziki 75etik aurrerako corpusean; eta 3) euskaratutako HGLn jokoan jartzen diren itzulpen arau eta estrategiak munduko beste HGL ahuletan erabiltzen direnen antzekoak direla, hau da, itzulpenak moldaketa ugari onartzen dituen literatura mota batean txertatu direla.

Hala ere, hipotesi horiek egiaztatzeari ekin baino lehen, beharrezko ikusi dugu HGLren alderdi askoren azalpena egitea, hala nola, HGL zein baldintza historikoren pean sortu zen, sorrera horretan nolako garrantzia izan duen aho tradizioko literaturak, haur literaturak bere buruaz duen irudi kontraesankorraren azalpena, HGLn parte hartzen duten bitartekarien eta hartzaile bikoitzaren arazoa, HGL modernoa definitzen duten ezaugarriak, eta teorizazio mundu horretan dantzan dabiltzan HGLren definizio nagusiak eskaintzea.

Hurrengo lana, literatur itzulpengintzaz jardun duten korronte nagusien berri ematea izan da, hau da, literatur teorien eta itzulpengintza orokorreko teorien bidegurutzean kokatu diren azterbideak: besteak beste, Pragako Eskolaren lanak eta harreraren estetikaren ekarpenak, literatura konparatua eta bere garapena izan den testuartekotasunaren ikuspegia eta, azkenik, literatur itzulpengintzaz propio aritu diren korronteak: Translation Studies direlakoen adar desberdinak eta aipatutako Even-Zohar-en Polisistemaren teoria.

Aipatu bi alderdi horiei buruzko xehetasunetan sartzeak izugarri luzatuko luke artikulu hau, eta arrazoi horregatik ez ditugu garatuko; bestalde, gai horiei buruzko bibliografia oso zabala denez, horretara jo daiteke nahi izanez gero.

3. Metodologia

Aurreko datu guztien artetik gure helburuetarako egokien eta erabilgarrienak zirenak gogoan hartuta, euskaratutako HGLren corpusa aztertzeko eredu metodologiko bat zehaztu genuen.

Alde batetik, itzulitako literaturaren funtzioak aztertzeko, arestian aipatu dugun Polisistemaren teoria iruditu zitzaigun erabilgarriena, azterbide ekonomiko eta emankorra delakoan. Laburki azalduta, Even-Zohar-en (1990) teoria horren bitartez sistema literario oso baten ikuspegi dinamikoa eskain daiteke (eta ez, ohiko azterbideetan bezala, literatura kanonikoarena soilik): sistema literarioetan nolako estratifikazioak dauden sistemaren erdigunetik periferietara, eta nolako eraginak gertatzen diren erdigunera iristeko borrokan. Era berean, Even-Zohar-ek estratuen arteko literatur interferentzien legeak eta edozein literatur polisistemaren osagaiak ere formulatu zituen, besteak beste. Teoria hori bazterrean edo periferian kokatzen diren azpisistemak aztertzeko erabili izan da, hala nola, generoko literatura, haur literatura eta itzulitako literatura. Ikertzaile israeldarraren hitzetan: "Testu semiliterarioak, itzulitako literatura, haur literatura hau da, ohiko literatur ikerketek baztertu ohi dituzten estratu horiek sistema baten barruko zein sistemen arteko aldaketak nola eta zergatik gertatzen diren ulertzeko ezinbesteko ikergaiak dira" (1990:25).

Polisistemaren teoriaren bidez, urtealdi bakoitzean euskaratutako literaturak euskal literaturaren sistema orokorrean bete duen posizioa aztertu ahal izan dugu eta, ondorioz, itzulpenak bultzagarri gertatu diren ala, aitzitik, XLko ereduen morroi izan diren ikusi.

Beste aldetik, euskaratutako literaturaren eraginak aztertzeko Teresa Colomer irakasle katalunak bere La formació del lector literari (1998) liburuan proposatutako eredua aintzat hartu dugu, bi zatitan banaturik: alde batetik historiaren azterketa (hau da, genero eta gaien alderdia), garai bakoitzean zer nolako berrikuntzak ekarri diren ikusteko, genero eta gai tradizionaletatik abiaturik; eta, bestetik, diskurtsoaren azterketa (hots, diskurtsoaren antolakuntzari eta fokalizazio eta ahotsari dagozkion alderdiak), era berean nolako berrikuntzak gertatu diren azaltzeko. Konparazio lan horretatik ondorioztatu ahal izan dugu euskaratutako eta jatorrizko literaturen artean nolako eraginak izan diren. Adibidez, gaien aldetik, kanpoko gaietatik barneko gaietara pasatzeko joera gertatu da azken hogei urteotan, eta horren emaitza haur literaturaren psikologizazioa izan da; horren ondorio zuzen gisa, fokalizazioa erabiltzen hasi da, eta lehen pertsonako ahotsa hasi da agertzen.

Azkenik, jokoan jarritako itzulpen arau eta estrategien berri izateko, Gideon Toury (1980) ikertzaile israeldarraren eredua aintzat hartu dugu. Eredu honi buruz Fernández López-ek hauxe dio: "La teoría desarrollada por Toury se muestra especialmente útil cuando la finalidad del trabajo es describir el comportamiento traductor a través de la diacronía del sistema, esto es, cuando se aplica a estudios generalistas de tipo histórico".

Toury-k, literatura jakin bateko SL eta XLren azterketa kuantitatiboa egin ondoren, itzulpenetan erabiltzen diren arauak aztertzea proposatzen du. Lehenbizi "aldez aurretiko arauak", hau da, itzultzen hasi aurretik hartzen diren erabakiei buruzkoak: itzulgaiak nola eta zergatik aukeratzen diren, SHtik itzultzen diren, zilegi ote den zubi hizkuntzak erabiltzea, kasu horretan aitortu beharko litzatekeen ala ez, eta abar.

Ondoren, "jarduerazko arauak" aztertzea proposatzen du, hau da, itzultze prozesuan bertan hartzen diren erabakiak: batetik, materialaren kokapena eta segmentazioari buruzkoak, eta, bestetik, material linguistiko eta literarioaren erabilera bideratzen duten arauak.

Azkenik, paradoxikoa bada ere, "hasierako araua" ondorioztatzen da, hau da, itzulpen jakin bat SHko arau eta harremanen pean jartzen den (eta kasu horretan "egokitasunaz" adequacy hitz egin beharko genuke), edota, aitzitik, XHn eta XLn nagusi diren arauen menpean dagoen (eta orduan "onargarritasunaren" aurrean geundeke acceptability).

Adibidez, Abereeneko iraultza (1981), Imanol Unzurrunzagak itzulia, onargarritasunaren muturrean kokatu beharko genuke, bertako elementu kultural guztiak euskal ordainen bidez egokitu direlako (kantak, pertsona eta toki izenak, aldarrikapen politiko-ideologikoak, eta abar). Beste muturreko adibide bat jartzearren, Hodeia (1991), Xabier Mendigurenek euskaratua, egokitasunaren ardatzean kokatuko litzateke, askotan irakurleak pertsonaia eta lekuen izenak identifikatzeko zailtasunak izateraino.

Aldaketa testualak aztertzeko, azkenik, Israelgo beste aditu baten lanaz baliatu gara: Zohar Shavit (1986). Emakume honek honako egokitzapenen sailkapen hau proposatzen du: egokitzapen ideologiko-didaktikoa, egokitzapen estilistikoa, eta aldez aurretiko ereduetara makurtzen den egokitzapena. Gure helburuetarako, Göte Klingberg irakasle suediarrak jarrera preskriptiboago batetik proposatutako beste egokitzapen mota bat gaineratu diegu: egokitzapen kulturala.

4. Corpusaren azterketa kuantitatiboa

Euskaratutako HGLren corpusa osatzeko, Jon Bilbao eta Joan Mari Torrealdairen bibliografiak hartu ditugu oinarri, eta horietatik abiaturik zenbait kenketa eta gehiketa egin dugu. Esaterako, hari narratiborik gabeko obrak baztertu egin ditugu (adibidez, SM argitaletxeko "Mundu harrigarria" bilduma Txoria, Hegazkina, Gaztelua...), eta gaineratu ditugu, bestalde, haur eta gazte bildumetan egon gabe, kolektibo horien irakurgai bihurtu diren beste liburu batzuk (Tormes'ko itsu-mutilla, Itxasoa laño dago, Zekale artean harrapaka, eta abar).

Corpusaren azterketara pasatuz, lehenbizi XLren deskribapen labur bat egin dugu, garai bakoitzean euskaratutako testuak non eta zein baldintzatan txertatzen diren ohartzeko.

Ondoren, corpusaren kuantifikazioari ekin diogu, euskaratutako HGL zenbatekoa den jakiteko, itzultzaile eta SH nagusiak zeintzuk izan diren ohartzeko, eta gauza bera gehien itzulitako idazle eta itzulpen gehien argitaratutako argitaletxeen berri izateko. Hala jakin ahal izan dugu, besteak beste, euskaratutako HGL %72aren inguruan dagoela batez beste; titulu gehien itzulitako itzultzaileak (besterik da orrialde kopurua), hurrenez hurren, Joxean Ormazabal, Patxi Elizegi, Iñaki Mendiguren eta Xabier Mendiguren izan direla; SH nagusiak, berriz, gaztelania, ingelesa eta katalana izan direla; eta arloko argitaletxe nagusiak Elkar, Elkar+La Galera+Timun Mas, Ttarttalo eta Ibaizabal izan direla. Gehien itzuli diren egileen artean, azkenik, Violeta Denou, Seve Calleja, Jesús Ballaz eta Mercé Company aurki daitezke.

Ikusten den bezala, azken urteotako produkzioak pisu espezifiko handia dauka aurreko datuotan. Urtealdiz urtealdi aztertuta, 1876-1935 epeko itzultzaile nagusia Joseba Altuna izan zen, eta haren atzetik Nazario Oleaga, Ipolito Larrakoetxea, J.B. Eguzkitza, "Otxolua", "Orixe" eta Gabriel Manterola azaltzen dira. Sorburu hizkuntza nagusiak, berriz, alemana, gaztelania eta frantsesa. Bigarren urtealdian, 1936-1975, itzultzaile nagusiak Yon Oñatibia, Xabier Kintana, Xabier Mendiguren eta Juan San Martin izan ziren, eta sorburu hizkuntza nagusiak, hurrenez hurren, gaztelania, frantsesa eta alemana.

Azkenik, SH nagusietako HGLen deskribapenak egin ditugu, gaztelaniazko, katalanezko eta ingelesezko HGLk hain zuzen, era horretan datu guztiak izan ahal izateko: euskaratutako obra bakoitza zehazki nondik datorren eta non txertatzen den jakiteko.

5. Corpusaren azterketa kualitatiboa

Azterketa kualitatiboa egiteko, corpusa lehenago aipatu ditugun hiru urtealdietan banatu dugu: 1876-1935, 1936-1975 eta 1976-1995. Kronologi irizpidea Torrealdairen lanetatik jaso dugu, erabilgarria iruditzen zaigulako, nahiz eta "Hegoaldeko ikuspegia" izan, hau da, Hegoaldeko gertakizun historiko-politikoei atxikia.

Urtealdi bakoitzean, azterketa-eskema berbera burutu dugu: lehenbizi, "Itzulitako liburuen ezaugarriak", hau da, urtealdi bakoitzeko produkzioaren deskribapena: liburuen ezaugarri fisikoetatik paratestuetara (izenburua, kreditu-orrialdea, solapa eta kontraportadako informazioa, eta abar).

Ondoren, "Urtealdiko itzulpenen funtzio eta eraginak" aztertu ditugu, literatur testuinguru orokorraren barruan HGLren egoera zein zen, eta horren barruan itzulitako testuek nolako funtzio eta eraginak izan dituzten zehaztu dugu.

Hirugarrenik, "Itzulpen arau eta estrategien deskribapena" egin dugu, adibide ugariz lagundurik. Urtealdi bakoitzean nolako arauak egon diren indarrean, eta nolako aldaketa testualak egin diren aztertu dugu azken atal honetan.

5.1. Lehen urtealdia: 1876-1935

Arestian aipatu dugu jada edozein kronologiak sortarazten dituen buruhausteak. Lehen urtealdiari sarrera ematen dion data da horietako bat: foruen galeraren urtea, jakina denez. Hala ere, lehenagoko obraren bat ere sartu dugu corpusean, hala nola, Bizenta Mogelen Ipui onac (1804). Alegien urtealdia da, dudarik gabe; urte hauetan argitaratu ziren, Mogelenaz beste, Archu, Goyhetche, Iturriaga eta Juan Mateo Zabalaren itzulpenak. Urtealdiko beste itzulpen aipagarrien artean honakoak daude: Santa Jenobebaren bizitza (1868), Gregorio Arruek euskaratua; Ipuñak (1929), Gabriel Manterolak itzulia; biak Cristoph Schmid (1768-1856) arrakasta handiko apaiz alemaniarraren jatorrizko obretatik ekarriak. Joseba Altunak, bestalde, Oscar Wilderen ipuin batzuk euskaratu zituen: Ipuñak (1927); eta Grimm anaien ipuinek bi euskal bertsio ezagutu zituzten 1929an: bata aipatu Joseba Altunak berak egina, Ipuñak, eta bestea Y.A. Larrakoetxea "Legoaldi"rena da, Grimm anayen berrogetamar ume-ipuin. Urte berean, Tormes'ko itsu-mutilla ere argitaratu zen, Orixek euskaratua.

Bistan denez, urtealdi honetan euskaratutako obra gehienak garaiko haur literaturaren bi alderdi "kontrajarriak" islatzen ditu. Batetik, herri literatura, Grimm anaien bertsioen bidez, herriaren arimaren eta primitibotasunaren ispilu. Eta, bestetik, alegiak, haurrak behar bezala hezteko sortuak. Nazioarteko haur literaturan bi korronte horien artean sortu zen borrokak izan zuen euskal bertsiotxoa Bizenta Mogelen hitzaurre ezagunean:

Umeago nintzanean berriz enzun oi nituen, zoro zororic, ta pozez erotuta, atso ipuiac. Sinisten nituen eguia andi batzuec becela, Peru, ta Mariaren ipui farragarri, ta sustrai gabeac: enzunac enzunda ere, aspertu ecin nintzan; ta paqueric ematen ez nien atso gaissoai berriz ta berriz esateco alaco ipuiac. Au da aur gucien gaitza, edo zorasuna. Orain bada, ¿ondoric, ta ondorengo onic ez cecarten ipui eroac ambat atseguin ematen bacidaten, nere adinaren arguiabarretan sartu baño leenago, cembat eztituco ez zan nere biotza iracurri nituenean guerora ipui onac? (Mogel, 1804:10-11).

Oraindik ez dago, zer esanik ez, Robinson Crusoe edo Gulliverren bidaiak bezalako obren aztarnarik, ez eta idazlan garaikide arrakastatsuen itzulpenik; izan ere, esaterako, Peter and Wendy 1911n argitaratu zen, Emil und die Detektive, 1928an; eta Celia, berriz, 1929an.

Itzulpen arauei dagokienez, sistematikotasunik antzematen ez den arren, nolabaiteko hautaketa dagoela esan daiteke: esan bezala, testu gehienak edo ipuin tradizionalak edo horien antz handia daukaten testuak dira (Wilderen ipuinak barne), testu mota hori erraz onar dezakeelako ahozko transmisiora ohituta dagoen irakurle-entzuleak.

Hala ere, itzultzaileek era askotako egokitzapenak egin dituzte. Esaterako, aipatutako Wilderen ipuin bildumaren samurtasunaren azpian ezkutatzen den jarrera ironiko eta estetizista ia erabat desagertu da euskal bertsioan, ipuin tradizionalekiko antza areagotuz. Baliabide horietako bat, "ahozko narratzaile trasferitua" erabiltzea da, ahozko kontakizunetako narratzailearen ordezkaria. Narratzaile mota horren ezaugarri batzuk honakoak dira: lehen pertsonaren erabilera, bai singularrean bai pluralean, hurbiltasuna azpimarratzeko; estilo zuzena; galdera erretorikoak. Adibide txiki batean ikusiko ditugu horietako batzuk:

He was too polite to make any personal remarks out loud ("The Happy Prince", 21).

Gure txorija, barritsu samarra ixan-arren, azikera (edukaziño) onekua zan, ¿bai?, ta etzan azartu Bakaldungayari ori esaten (Ipuñak, 14).

Hor ditugu, "gure txorija", lehen pertsonako pluralean, eta "¿bai?" galdera erretoriko hori, balizko entzuleriaren ulermena ziurtatuko lukeen galdera.

Baliabide narratiboen aldetik ere egin da egokitzapen garrantzitsurik. Kasurik nabarmenena "Benetako adizkidia" izeneko ipuinekoa da: jatorrian "istorioa istorioaren barruan" erako ipuina da, eta bigarren graduko istorioan behin eta berriz itzultzen da lehen gradura solaskideen arteko iruzkin ironiko eta metaliterarioak azaltzeko. Euskal bertsioan, berriz, lehen graduko istorioa ezabatuta dago, eta bigarren gradukoa zuzenean ematen da. Hona hemen ezabatutako iruzkinik interesgarriena:

Is that the end of the story? asked the Water-rat.

Certainly not, answered the Linnet, that is the beginning.

Then you are quite behind the age, said the Water-rat. Every good storyteller nowadays starts with the end, and then goes on to the beginning, and concludes with the middle. That is the new method. I heard all about it the other day from a critic who was walking round the pond with a young man. He spoke of the matter at great length, and I am sure he must have been right, for he had blue spectacles and a bald head, and whenever the young man made any remark, he always answered "Pooh!". But pray go on with your story. I like the Miller immensely. I have all kinds of beautiful sentiments myself, so there is a great sympathy between us ("The devoted friend", 38-39).

Egokitzapen didaktikoen artean, eta obra berarekin jarraitzearren, berdin ezaba daiteke testu zati bat irakurleak ustez ulertuko ez duelako, zein, arrazoi berberagatik, azalpen bat erantsi, goragoko adibide batean parentesi artean emandako sinonimoekin gertatzen den bezala, edo kasu honetan bezala:

but the Reed shook her head, she was so attached to her home ("The Happy Prince", 14).

Baña ingiak buruba makur-makur egin eta lurra jo eban.

Orregaz adirazo gura eutson, lurrari itxasita (lotuta) eguala ta ezin ebala bertotik alderik egin (Ipuñak, 11).

Egokitzapen ideologikoen barruan, berriz, derrigorrezkoa dirudi Orixeren itzulpenaren aipamena egiteak. Izan ere, Tormes'ko itsu-mutilla liburuan moralarekin zerikusia daukaten kenketa ugari daude. Hirugarren jardunean, esaterako, janariaren truke harreman sexualetarako prest egoten ziren emakumeei buruzko pasarteak osorik ezabatuta daude. Zazpigarren jardunean, berriz, kenketaren ordez aldaketa erabiltzen du Orixek: jatorrizko testuaren azken pasarte horretan, Lazaro, pregoilari lan on bat lortuta, artzapez baten neskamearekin ezkondu zen eta, neskaren ustezko adulterioei buruzko zurrumurruak zabaldu baziren ere, Lazaro emazteaz maiteminduta eta konforme geratu zen. Orixek, ordea, pasarte osoa ezabatu eta berria egitea erabaki zuen: bertan, Lazaro Salamanka aldera itzuli, eta bere ugazaba itsu hasierakoa loba bati dirutza ederra utzita hil zela jakinik, loba horrekin harremanetan jarri eta berarekin ezkondu zela eta zoriontsua izan zela kontatzen du. Egindako aldaketa horiek, gainera, gaztelaniara itzuli eta jatorrizko testua bailitzan jarri zituen (lehen edizioa orrialdez orrialdeko edizio elebiduna delako).

Egokitzapen kultural ugarienak, azkenik, Legoaldiren itzulpenean aurki daitezke: Grimm anayen berrogetamar ume-ipuin (1929). Liburu horretako toki eta pertsona izenak moldatuta ageri dira; horrela, "Durango'ko erri-abeslariak" aurkitzen dugu jatorrizko "Die Bremer Stadtmusikanten" ordez; edo "Yulitxo eta Libetxo" "Hänsel und Gretel"en ordez. Baita beste elementu batzuk ere. "Edurnetxo" izeneko ipuinean, esaterako, pertsonaien "tituluak" aldatu egiten dira. Horrela, errege-erreginak "Urdin-zubiko etxandere" eta "Urdin-zubiko Nagusi" bilakatu dira. "Urdin-zubiko etxandere" bihurtutako amaorde gaiztoa, ordea, ez omen da gai pozoia bere kabuz prestatzeko, "ta Lamiña-pozura yoanda sorgin nausiari orrazi edendu (benenodun) bat eskatu eutsan". Planteamendu horren ondorioz, ipuinaren bukaera aldean agertzen den printzea "Galarrateko Nagusiaren semea" bihurtzen da, eta amaordeak, ispiluarekin dituen elkarrizketetan, hauxe galdetu beharrean:

Spieglein, Spieglein an der Wand,
wer ist die schönste im ganzen Land?

(Grimm, 1985:236)

Beste hau galdetzen du: "Ormako izpillutxo, izpillutxo, ¿nor dok ludian ederrena?". Hau da, "lurraldea" edo beste bertsioetan ageri ohi den "erresuma" erabili beharrean, "mundua" erabiltzen du (bide batez, eta formula honetaz ari garelarik, aurkako joera ere aipatu beharra dago: errima lortzea beste funtziorik ez duen "Wand" hori huts egin gabe itzultzen dute urtealdi honetako bi bertsioetan Altunarenean: "Ormatik dingilizka zagozan antzikur mattia: ¿Nor ete-da gure bakalderriko (erreñuko) emakumerik ederrena?", eta baita bertsio modernoagoetan ere).

"Arantza-lilitxo" ipuinean ere (hots, "Basoko loegile ederra" ipuin frantsesaren bertsio alemaniarra), "Edurnetxo"n gertatzen denaren antzeko zerbait aurki dezakegu: errege-erreginak euskal jauregi bateko nagusi bihurtuta ageri dira. Hauxe da ipuinaren hasiera: "Beñola Azkaraiko Yauregian Nagusia ta emaztea bizi zirean". Jatorrizko bertsioan, berriz, hauxe dio: "Vor Zeiten war ein König und eine Königin". Era berean, hildako neska esnatzera etorritakoa ez da printze bat, "Auñe-Mendi urriñeko Nagusi baten semea" baizik.

Liburuari euskal giroa ematen laguntzen dioten beste elementu batzuk Hermes-ek egindako marrazkiak dira: bertako pertsonaiak euskal baserritarren janzkeraz agertzen dira ia beti, baita pertsonaia miragarriak ere: zazpi epotxak, esaterako, txapela buruan daukatela marrazturik daude. "Zazpi belak" ("Die sieben Raben") izeneko ipuinean, gainera, jatorrizkoan agertzen ez den hasierako formula "euskaldundua" dago: "Antxiña, Basayaunak-eta bizi zireanean".

5.2. Bigarren urtealdia: 1936-1975

Bigarren urtealdiak Espainiako Gerra Zibila hasi zenetik Francoren heriotza arteko epea hartzen duen arren, euskaratutako lehen haur liburuak ez ziren 50eko hamarkada arte argitaratzen hasi. Badirudi horietako lehena Orixek Euskal Gobernu atzerriratuaren aginduz euskaratu zuen obratxo bat izan zela: Leoi-kumea (1948), argazki ederrez eta testu labur batez osatutako liburuxka. Bestalde, Itxaropena argitaletxeko "Kuliska sorta" itzulpen batekin abiatu zen 1952an: Noni eta Mani. Islandiar mutiko biren gertaldiak, Jon Svensson jesuita islandiarraren obretariko bat, Plazido Mujika jesuitak itzulia. Itzultzaile berak euskaratu zuen Mendiko argia (1953), Jesusen Lagundiko Franz Weiser austriarrarena. «Kuliska sorta» bildumako beste obra interesgarri bat Itxasoa laño dago... (1959) da, Pío Barojaren Las inquietudes de Shanti Andia nobelaren itzulpena, Jon Etxaidek egina.

San Anton katekesiaren eskutik liburuxka sorta zabal bat plazaratu zen 1965etik aurrera, horietako batzuk haurrei zuzendutako itzulpenak, Juan Anjel Etxebarriaren eskutik: Charles Perrault'en Ipuiñak (1965); Phedro'ren alegiak, hiru ataletan argitaratua (1965-1966); Esopo'ren alegiak (1967) eta Andersenen Ipuiñak (1969).

Hurrengo urtean, 1970ean, bi liburu gogoangarri euskaratu ziren: Printze Txikia, Saint-Exupéry-rena, eta Ardo ta ogi Martxelin, Sánchez-Silva-rena.

1974tik aurrera Cinsa argitaletxea gazteentzat argitaratzen hasi zen liburu sail bat aipatu behar dugu. Bertara bildutako liburuak hauexek izan ziren: Robinson Crusoe (1974, Bernardo Atxagaren itzulpena), Heidi (1975, Xabier Mendigurenen itzulpena), Morgan (1976, bi liburuki, Xabier Mendigurenen itzulpena), Sandokan (1976, IKER-en itzulpena), Pirataren emaztea (1977, IKER-en itzulpena) eta Mompracem azkena (1977, IKER-en itzulpena).

Aipatutakoez gainera, haur txikientzako albumez osatutako zortzi bat bilduma ere euskaratu ziren, besteak beste, "Umetxoen ipuiak" (1957-60), "Oyalzabal sorta" (1966-69), "Ipuin polit kikirriki" (1968), "Urrezko Galera" (1969), "Abere alaiak" (1969), "Lis sorta" (1975-77). Zenbait komiki ere itzuli ziren, gehienak Etorkizuna argitaletxe nafarraren eskutik (1972-75), Plan argitaletxeak argitaratutako lau komiki eta Tintin saileko hiru titulu ahaztu gabe: Tornasol arazoa, Ottokar-en errege-makilla eta Tintin Ameriketan, hirurak 1972an.

Bigarren urtealdi honetako produkzio literarioa baldintzatu zuten gertaera sozio-politikoak direla medio, oso zaila da orduko polisistema kulturala itxuratzea. Espainian Francoren diktadurak, eta Frantzian II. Mundu Gerrak euskal literaturaren iraupenerako oztopo ia gaindiezinak ezarri baitzituzten, lehen bi hamarkadetan bederen. Torrealdaik ikertua du zentsurak nolako min handia egin zion euskal liburugintzari, ez bakarrik debekatu zuenagatik, baizik eta, batez ere, sortzen utzi ez zuenagatik.

Egoera horretan, HGLren polisistema oso bazterrean kokatzen da (Torrealdaik ez du aipatu ere egiten 1977ko bere azterketa soziologikoan, Euskal idazleak, gaur), eta urtealdi honetako obra gehienak elizaren eskutik datoz: eliz-liburuak, dotrinak eta almanakak, aldiko lehen hogei urteetan bereziki. Horietaz gain, folklore bildumak eta folklore hori nola edo hala lantzen zituzten obra batzuk ere argitaratu ziren: Euskalerriaren Yakintza obra erraldoiaren bigarren eta hirugarren liburukiak (1942, 1945), Elezarrak. Arraun ta Amets izeneko antologia (1955), A. Irigarayk aukeratutako Euskalerriko ipuiñak (1957), Jon Etxaideren Purra! Purra! (1953), Julene Azpeitiaren Amandriaren altzoan (1961) edo Juan San Martinen Zirikadak (1960) eta Eztenkadak (1965), besteak beste. Joera nagusi horretatik aldentzen diren jatorrizko obrak oso gutxi dira; nabarmenena, narratibaren aldetik, J.A. Loidiren Amabost egun Urgain'en (1955) izan zen. Poesiari dagokionez, Marijane Minaberriren Xoria kantari (1965) izan zen berritzaileena.

Testuinguru horretan, beraz, ez dira harritzekoak euskaratutako HGLn 70eko hamarkada arte aurkitzen ditugun joerak: jesuiten tesi-nobelak eta Sánchez-Silvaren obra mistikoa, Fedro eta Esoporen alegiak, Perrault eta Andersenen ipuin bildumak. Horien ondoan, galdutako denbora berreskuratu nahian, obra klasikoen lehen moldaketak aurkitzen ditugu. Eta, guztien erdian isolaturik, klasikorik hurbilena, Printze Txikia. Txikienentzako itzulpenen artean, berriz, 1969an jadanik, Nire adiskidearentzat eskutitza, Antoni Cuadrench-ena, eta Xapaburu bat ikastolan, Mª Angels Ollé-rena aurki ditzakegu, Sendoak eta La Galerak koedizioan argitaratuak, eta euskal alorrera HGLren eredu modernoa eta ordu arte ezezaguna ekarri zuten bakarrenetarikoak (beste arrazetako umeekiko harreman epistolarra, lehenengoan; ikuspuntu polifonikoa, bigarrenean).

Itzulpen arau eta estrategien arlora pasatuz, "aldez aurretiko arauei" dagokienez, 60ko hamarkadan ondo sartu arte Euskal Herrian argitaratutako itzulpenen aukeraketan indar bikoitzak eragin zuen: alde batetik, frankismoak ezarritako zentsurarena eta, bestetik, euskal polisisteman artean nagusi zen "instituzioarena", hau da, elizaren eragina. Barojaren obraren itzulpenean ere, hitzaurrean aitortzen den legez, idazlearen obren artean antiklerikalismo gutxieneko nobelaren aldeko hautua egin zen. Bakarrik 70eko hamarkadatik aurrera itzuliko ziren beste tankera bateko obrak, aipatu "instituzioa" aldatzen ari zen seinale. Arau beraren barruan, bestalde, obra gehienak jatorrizko hizkuntzetatik euskaratu ziren, eta joera horrek ikastolen mugimenduak eragindako liburu-eskari handia iritsi arte iraun zuen. Geroztik, nolabaiteko pragmatismoa nagusitu zen, eta eskura zeuden materialak zubi hizkuntza baten bitartez euskaratzen hasi ziren, jatorrizko titulua eta erabilitako zubi bertsioa aipatu gabe. Jokabide hori, bestalde, normaltzat jo daiteke sistema bezala eratzeko bidean zen euskal haur eta gazte literaturgintzan. Arau mota honekin bukatzeko, ezin dugu aipatu gabe utzi urtealdi honen azken urteetan sortu zen jokabide garrantzitsu bat: beharbada polisistemaren gaztetasunak bultzatuta, eta irakurlegoaren hizkuntza maila kontuan hartuta, beste polisistema batzuek (gaztelaniazkoak nagusiki) egindako egokitzapenak euskaratzen hasi ziren. Jokabide horrek bi inplikazio nagusi dauzka: batetik, euskal polisistemak beste polisistema baten beharretara egindako egokitzapenak bere egin zituela, bi polisistemen beharrak desberdinak izan zitezkeela kontuan hartu gabe (eta desberdinak ziren, izan; esaterako, gaztelaniazko haur eta gazte literatur polisistemaren estratifikazioaren barruan, egokitutako Robinson Crusoe askoren ondoan, Robinson Crusoe-ren bertsio osoa baitzegoen; euskal polisisteman, berriz, gaztelaniazko egokitzapenaren itzulpena "benetako" Robinson Crusoe-tzat har zitekeen). Bigarren inplikazioa, aurrekoaren ondorioa, euskal haur eta gazte literatur polisisteman egokitzailetza-tradiziorik ez egotea da; euskal polisistemak ia inoiz ez du egokitzen, euskaratu egiten du soil-soilik, horrek dakartzan menpekotasun ondorio guztiekin.

"Jarduerazko arauetara" pasatuz, urtealdi honetako itzulpenak egokitasun handiz eginda daude, batik bat gazteentzako obrei dagokienez. Plazido Mujikak egindako itzulpenak horren adibide dira. Phedro'ren alegiak eta Esopo'ren alegiak baliokidetza ariketak dira, eta argitalpen elebidunaren bidez Juan Anjel Etxebarriak, hizkuntza klasikoen menperakuntza maila handia erakutsi nahi izateaz gain, euskararen bidez hizkuntza klasiko horiek irakasteko asmo didaktikoa ere azaldu zuen. Bestalde, Cinsa argitaletxeak plazaratu eta Iker taldeko kideek euskaraturiko gazte liburuak nabarmen aldentzen dira aipatutako joeratik, eta testuen osotasunean, konplexutasun mailan eta moldaketak egiteko moduetan eragina duten jokabide berriak azaltzen dituzte.

Testuen osotasuna, kasu, dexente murriztuta dago Robinson Crusoe, Heidi, Morgan, Sandokan, Pirataren emaztea eta Mompracem azkena liburuetan. Hala ere, goian adierazi dugun bezala, murrizketa hori ia inoiz ez da euskal polisisteman burutu, itzulpen horien zubi hizkuntza izan den gaztelaniazkoan baizik. Aski zaila izan bada ere, zenbaitetan gaztelaniazko itzulpen horiek aurkitu ahal izan ditugu, esandakoaren frogagarri: Robinson Crusoe, 1974 (Robinson Crusoe, Porrúa, 1970); Heidi, 1975 (Heidi, Molino, 1965); Pirataren emaztea, 1977, eta Mompracem azkena, 1977 (La mujer del pirata, Gahe, 1970).

Testuetako zenbait konplexutasun ere samurtu egin dira, bereziki narratzailearen edo pertsonaiaren baten jarduna luzeegia denean, testuak lirikotasun kutsua hartzen duenean, edo lexikoa eta bere erreferentea arrotzak gertatzen direnean. Konplexutasunok kenketen bidez konpontzen dira:

La noche era magnífica. La luna, ese astro de las noches serenas, brillaba en un cielo sin nubes, proyectando su pálida luz, transparente y de una infinita dulzura, sobre las murmuradoras aguas del riachuelo, reflejándose con vago temblor en las aguas del amplio mar de la Malasia (Salgari, 1970:89-90).

Gaua miragarria zen (Salgari, 1977b: 111).

Lexiko arrotza, gehienetan, landaretzari buruzkoa da:

Ambos se ocultaron en ella a todo correr.

A cada paso que daban, la marcha se hacía más difícil.

Por todas partes surgía una manigua espesísima entre los enormes árboles que alzaban su grueso y nudoso tronco a una altura extraordinaria, y por todas partes se deslizaban, entrecruzándose como boas monstruosas, miles de raíces.

De lo alto descendían, para volver a subir, agarrándose a los troncos y ramas de los grandes vegetales, los cálamus, rotang gambires, formando verdaderas redes que resistían tenazmente a todos los esfuerzos, aun a las hojas de los cuchillos; debajo del piper nigrum formaban montones tales que hacían vana toda tentativa de paso (Salgari, 1970:34).

Oihanean sartu ziren arin-arinka. Gero eta zailagoa egiten zitzaien aurrera egitea. Zuhaitzen sustraiak, beren enbor bihurtuak eta goitik behera erortzen ziren aihenak benetako sare hertsi bat osotzen zuten, eta sastakai eta aihotzen ahoei ere iragangaitz gertatzen zitzaien (Salgari, 1977a:44).

Azkenik, zenbait kultur egokitzapen ere topatu ditugu, batez ere Charles Perrault'en Ipuiñak delako obran, toki eta pertsona izenekin batez ere. Adibidean, pertsonaia mitiko baten euskal moldaketa ikus daiteke, "Orkolotxo" ipuinean:

Hélas! mes pauvres enfants, où êtes-vous venus? Savez-vous bien que c'est ici la maison d'un Ogre qui mange les petits enfants? (Perrault, 1981:195).

Ene umetxoak, nundik nora zabiltze? Etxe au Basojaun baten bizilekua dozue. Ta umeak jaten dituala ez al dakizue? (Perrault, 1965:28).

5.3. Hirugarren urtealdia: 1976-1995

Aztertu dugun hirugarren urtealdia da, dudarik gabe, corpusik handiena biltzen duena: 1.500 itzulpen inguru. Liburu "bildumek" garrantzia hartzen dute, eta euskal HGL sistema gisa itxuraturik agertzen da. Laburtu beharrez, bilduma inportanteenen artean, itzulpenei dagokienez, "Kimu" (Gero-Mensajero), "Tximista" (Hordago) eta "Itzul" (Elkar) daude hasierako hamar bat urteetan. Bertako titulu gehienak HGLko klasikoak dira: Twain, London, Stevenson, Kipling, Salgari, Stowe, Verne, Scott, etab. Gainera, 80ko hamarkadako hasierako urteetan HGL orokorrean berritzailetzat jotako egileak agertzen hasi ziren, hala nola Rodari, Gripe, Härtling, Kästner, Preussler, eta abar, euskal HGL modernoko egileen lehen belaunaldia baino urte gutxi batzuk lehenago.

Ondoren, 1985etik aurrera, beste bilduma asko etorriko ziren: "Tamaina Ttikia" (Pamiela), "Baporea" (S.M.), "Ala Delta" (Edelvives), "Branka" (Elkar), "Ziaboga" (Bruño), "Tukan" (Edebé-Giltza), "Epotxak eta erraldoiak" (Desclée de Brouwer), "Haur-literatura" (Alfaguara-Zubia), eta beste asko.

Haur txikientzako bildumak ere asko izan ziren: "La Galera Ipuinak", "Ipuin miragarriak", "Zesar eta Ernestina", "Herensuge gorria", "Txalupa", "Ilargi erditxoaren ipuinak", "Sirena bilduma", "Xanti eta Ane", "Kimutxo saila", "Kotoizko hodeia", eta beste asko. Album ilustratuen artean ezagunenak, berriz, "Teo" eta "Ibai"; eta komikien artean "Tintin" eta "Asterix".

Guztien artean, kanpoko HGLren erakusgarri zabala eta kalitatezkoa eskaintzeaz gain, jatorriz landu gabe zeuden esparru asko betetzera, eta eskola-sistemaren eskari handiari erantzutera etorri dira. Horra hirugarren urtealdiko corpusaren funtzio nagusia. Baina, esan dugun bezala, itzulpen uholde horrekin batera, jatorrizko idazle talde garrantzitsu bat ere agertu zen euskal HGLren panoraman, ekarpen interesgarri askorekin.

Euskal HGLren polisistemako indar erlazioen behin-behineko deskribapena egitekotan, esango genuke alde batetik (kritikari eta lehiaketetako emaitzei begiratuta, esaterako) errealismo kritiko-fantastikoan kokatutakoa dela HGL baloratuena. Horren ondoan, minoritarioa izan arren, haur poesiagintza ere talde horretan sartuko genuke: HGL kanonikoa dei genezakeen multzoan. Beste aldetik, haur literatura "herrikoia" edo "kontsumokoa" ere oso arrakastatsua da irakurleen harreraren aldetik. Horren barruan sartuko genituzte baserri giroko umorezko liburuak (berriro ere Abarrak, Pernando Amezketarra, Purra! Purra!, Pernando Plaentziarra, eta beste, 80ko hamarkadan euskara batuaz berrargitaratuak); ipuin tradizionalak (bertakoak zein unibertsalak); seriaturiko obrak (Flannery eta bere astakiloak, Martinello, Madame Kontxesi, eta abar). Obra hauek guztiak polisistemaren gunetik hurbil daudelakoan gaude. Hirugarrenik, bazterreko generoak, hala nola poesia ez-kanonikoa, bertsoak, antzerkia, liburu ilustratuak eta komikiak, bai kantitatez urriak direlako, bai irakurlegoa gehiegi erakartzen ez dutelako, polisistemaren periferian kokatuta daude.

Itzulitako HGLri dagokionez, orohar, jatorrizkoa baino bazterrekoagoa delakoan gaude, urtealdi honetako lehenengo hamar urteetan bederen. Eta badirudi arrazoiak "instituzioak" itzulpenekiko duen mesfidantzan bilatu behar direla. Hala eta guztiz ere, itzulitako literaturako titulu batzuek salmenta maila handia erakusten dute. Gehien saldutako itzulpenak "kontsumokoak" dira: Goscinny-ren Nikolas Txiki (9 edizio), Nikolas Txikiren errekreoak eta Nikolas Txikiren oporrak (5na edizio); hurrengo liburu salduena detektibe giroko/jolas liburu bat da: Hans Jürgen Press-en Eskubeltz taldearen abenturak (7 edizio), ziur asko euskal panoramara ekarritako berrikuntza formalengatik (testuaren eta irudien arteko harremanengatik, hain zuzen ere); hurrengo obra salduenak kanonikotasunaren barruan kokatuko genituzke: lehena errealismo kritikoan: Peter Härtling-en Amona (6 edizio); eta hurrengoa mende honetako "klasiko" bat da: George Orwell-en Abereen etxaldea (5 edizio). Aipatzekoa da liburu hauek guztiak Elkar argitaletxeko "Itzul" sailean argitaratu zirela.

Urtealdi honetako literatura itzuliak jatorrizko ekoizpenean izan ahal izan dituen eraginei dagokienez, esan behar da genero eta gaien aldetik zein baliabide teknikoen aldetik nahikoa oihartzunekoa gertatu dela. Jatorrizko ekoizpen gehiena ere HGLren ohiko bide tradizionaletatik bideratua izan da, hala ere. Berrikuntza horietako batzuk barne fokalizazioa eta lehen pertsonaren erabilera (lehen aldiz 1983 inguruan), diskurtsoaren antolakuntza narratibo konplexuak (bigarren graduko narrazioak, kasurako), genero eta gai berrien erabilera (haur eta gazteen arazo pertsonalak, traumak eta beldurrak, bakezaletasuna eta ekologia, pobrezia eta emigrazioa, maitasuna eta sexua, etab.).

Dauzkagun datu guztiak dauzkagula, antzekotasun nabarmenak aurki daitezke itzulitako HGLren eta jatorrizko euskal HGLren artean, batez ere ukitutako gaien aldetik eta, neurri txikiago batean, diskurtsoaren antolakuntzari dagokionean ere bai. Gaur egun oraindik asko itzultzen bada, ez da kanpoko liburu horien behar estetikoa dagoelako, argitaletxeek neurriz kanpoko merkatu nolabait inflazionatua etengabe elikatu behar dutelako baizik. Euskaratzen diren titulu asko eta asko ez dira ezinbestekoak, eta jatorrizko liburu kanonikoen kalitate mailaren azpitik daude; eta, hala ere, itzulitako liburuen portzentaiak %70aren inguruan dirau.

Esanak esan, ordea, itzulitako HGLren eta jatorrizko HGLren arteko eragin zuzenik egon dela esateko datu faltan gaude. Aurrerantzean egingo diren ikerketa monografikoek argitu beharko digute kontu hori. Izan ere, itzulpengintzaren azterbideetan aurkitu ez dugun arazo bat hartu behar baita kontuan, alegia, literatur eraginak errazago antzeman daitezkeela komunitate elebakarretan. Gurea bezalako komunitate elebidun batean, eta hizkuntza ahulenaren ikuspuntutik, eraginak instituzio eta merkatu indartsuko hizkuntzatik (sistematik) etor daitezke, kontuan harturik nazioarteko obren itzulpenak lehenago bereganatu dituela. Halaxe gertatu bide zen Katalunian, 1985etik aurrera Alfaguara gaztelaniaz argitaratzen hasitako "Alfaguara Juvenil" sailarekin. Beste aukera batzuk ere badaude; esaterako, eraginak hizkuntza indartsuko helduen literatur polisistematik eratorri izana, jakina baita azken urtealdi honetan euskaraz argitaratu duten idazle gehienen formakuntza literarioa gaztelaniaz burutu dela.

Itzultze lanaren bidez sorkuntzara iritsi ahal izateko aukera ere aztertu dugu eta, azken aukera gisa, HGL produkzioa jatorrizko hizkuntzetan irakurtzeko gauza diren idazleek eraginak bide horretatik bereganatu izanaren posibilitatea dago.

Hala eta guztiz ere, zuzeneko eraginik ezin frogatu arren, eta ordu arte euskal polisisteman zegoen eredu berritzaileen gabezia kontuan hartuta, urtealdi honetako jatorrizko produkzio kanonikoa ez zen posible izango testu mota berrien eredua edo horiek irakurtzeko "ohitura" ezarri duten itzulpenen nolabaiteko "babesik" gabe. Bestela esanda, euskal irakurleriak ez zituen jatorrizko eredu berriak onartuko, lehenago itzulpenei esker horietara ohitu izan ez balitz. Eta irakurleria horren barruan, noski, euskal eredu berritzaileak sortuko zituzten euskal itzultzaile eta idazleak ere badaude.

Itzulpen arau eta estrategien deskribapenera joz, eta "aldez aurretiko arauetatik" hasiz, esan daiteke alderdi ekonomikoak garrantzi handia izan duela tituluen hautaketan: alde batetik, kanpoko beste argitaletxeekin egindako koedizio-hitzarmenen bidez egin izan dira itzulpenak; bestetik, egile eskubideetatik libre dauden testuak euskaratu izan dira; azkenik, zenbait argitaletxek gaztelaniarako eskubideak ordainduta zituzten obrak itzuli dituzte. Joera nagusiak dira, noski, baina horiek dira honelako azterketa historiko batean axola dutenak.

"Hasierako araua" aldakorra da. Urtealdiko hasierako urteetan, irakurleari suposatzen zitzaion ulermen mugatua zela eta, itzulpen luzeenek nekez gainditzen zuten 150 orrialdeko muga eta, gainera, askok hiztegi lagungarriak izaten zituzten, orrialde-oinean edo atzealdean. Gaztelaniaz egindako egokitzapenen itzulpenak izaten ziren, gorago aipatu legez. Hortaz, hasierako araua onargarritasunean kokatuta zegoen. Aintzat hartutako urtealdiko bigarren hamarkadan, ordea, bestelako baldintzak sortzen hasi ziren, hala nola, argitaletxe eta itzultzaile profesionalagoak, lanabes eta kritika tresna gehiago, irakaskuntzako euskal ereduak ondo finkatuta zeuden... Egoera horretan, itzulpenak, oro har, hurbilago daude egokitasunaren ardatzetik.

Itzulpenetako aldaketa testualak, kenketak bereziki, espero zitekeen legez, urtealdiko hasierako urteetako obretan agertzen dira nagusiki: "Kimu", "Tximista" eta "Itzul" bildumetan. Hauen artean ere aurkitu ahal izan ditugu zubi-testu batzuk: Emilio Salgari-ren Urrutiko mendebaleko mugak (En las fronteras del far-west, Susaeta,1974), Mark Twain-en Printzea eta eskalea (El príncipe y el mendigo, Susaeta, 1974), Till Eulenspiegel (Till Eulenspiegel, La Gaya Ciencia, 1972), Longfellow-ren Hiawatha (Hiawatha, 1972), Melville-ren Moby Dick (Moby Dick, Susaeta, 1974), Scott-en Ivanhoe (Ivanhoe, Susaeta, 1973).

Bestalde, nahiz eta obrak laburtu ez, gaztelaniazko bertsioa zubi testu gisa erabilitako beste obra batzuk honakoak dira: Roberto Ausonakoren araberako Robin Hood, 1981 (Robin Hood, Afha, 1970); Günter Feustel-en Nino suerte bila, 1983 (Nino y la suerte, Lóguez, 1982); Peter Härtling-en Amona, 1983 (La abuela, Alfaguara, 1978); Frederik Hetmann-en Futboleko botak, 1983 (Las botas de fútbol, Lóguez, 1981); Peter Härtling-en Txirbel, 1983 (¿Qué fue del Girbel?, Lóguez, 1982); Ursula Wölfel-en Soro berdeak, soro grisak, 1985 (Campos verdes, campos grises, Lóguez, 1981); Tehanetorens-en Japoniako ipuin eta kondairak, 1989 (Cuentos y leyendas del Japón, Labor, 1984); Inge Auerbacher-en Izar bat naiz, 1995 (Yo soy una estrella, Lóguez, 1990).

Testuetako konplexutasunen alorrean, era askotakoak ezabatzen dira: ironiazko edo anbiguotasunezko modulazioak, diskurtsoaren ezohiko antolakuntzak, zailtasun sintaktikoak, lexiko-arazoak, eta abar, baina "testua testuaren barruan" delako antolaketa saihesteko joera bereziki handia da, bigarren graduko testuen ulermena zaila delako ustean edo. Hona hemen Ivanhoe (1980) obratik ateratako adibide bat:

Es un desafío según parece: "Wamba, hijo de Witles, bufón de Cedric el Sajón..."

¿Es una broma?

¿Qué decís?

Os juro que estoy leyendo lo que aquí pone. Escuchad:

"...y Gurth, hijo de Beowulf, con ayuda de nuestros aliados entre los que se encuentra el caballero "Negro Perezoso", a vos, Reginaldo Frente de Buey y a vuestros cómplices, os hacemos saber, que habiéndoos apoderado de Cedric el Sajón, así como de lady Rowena, sus criados y sus mulas; y también del judío Isaac de York, de su hija Rebeca y de otras personas, caballos y mulas, si no les soltáis en el término de una hora, nosotros os declararemos ladrones y canallas, y pelearemos con vos y los vuestros, en batalla o sitio. Dios os guarde muchos años. Firmado en la víspera de San Vitoldo en la encina de Hill-Walk, por el ermitaño de Compmanshrst." (Scott, 1973:79-80).

Dirudienez desafio bat da: "Wamba, Witles-en seme, Zedrik Sajoiaren bufoi..."

Broma bat al da?

Zer diozu?

Ez, hala dio eskutitzak.

Irakurtzen bukatu zuen. Beraz, Wamba eta Gurthek desafio egiten zieten, presoak aska zitzaten (Scott, 1980:66).

Egokitzapen ideologikoei dagokienez, gorago adierazi dugun bezala, urtealdi honetako itzulpenek egokitasun handia erakusten dute. Atal honi dagokionez, urtealdi honetako itzulpenak, aukeraketatik bertatik hasita, "politikoki zuzenekoaren" ideologiarekin bat datoz: balore demokratikoak ezbaian jartzen dituen libururik ez dago; askotan arrazarteko elkartasuna bultzatzen du; hezkidetza asko zaintzen da, bai pertsonaien rol-etan, bai pertsonaien eta narratzailearen hizkeran; ekologiaren aldeko jarrerak azaltzen dira...

Egoera horretan, alderdi ideologiko eta didaktikoan zer egokiturik ez dago. Hala ere, salbuespen bitxirik badago. Kasurik deigarriena Roald Dahl-en Charlie eta txokolate-lantegia (1994) da. Jakina denez, Alfaguara-Desclée de Brouwer garaiko itzulpen desegoki batzuk (batez ere etengabeko arazo tipografikoengatik) berriro agindu zituzten Alfaguara-Zubia argitaletxeko arduradunek. Itzulpen hori, kasurako, Agurtzane Ortiz de Landaluzek egindako itzulpen berria da, Juan Mari Sarasolaren ardurapean egon zen Charlie eta txokolate fabrika (1989) ordezkatzera etorri dena. Bi itzulpenen iturria, ordea, Alfaguara argitaletxeak gaztelaniaz argitaratutako Charlie y la fábrica de chocolate (1978) izenekoa dela dirudi. Izan ere, 1964an Charlie and the Chocolate Factory argitaratu zenean, izugarrizko problemak izan zituen Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan bere ideologia arrazista zela eta (fabrikako langileak beltzak zirelako); hainbesteraino non marrazki guztiak eta pasarte batzuk aldarazi eta beste batzuk desagerrarazi zizkioten, baina gaztelaniazko bertsioak ez ditu jaso aldaketok.

Beste kasu deigarri bat George Orwell-en Animal Farm (1945) delako obrak euskaraz izan dituen bi aldaerena da. Kontuan hartu behar da, bi itzulpenen kasuan ere, helduentzat idatzitako liburu hori gertakizun historiko bat parodiatuz idatzitako obra satiriko bat dela, eta beharbada horregatik, itzultzaileek beharrezko ikusi dute zenbait aldaketa formal egitea: paragrafoak zatikatzea, esaterako, bietan hartutako estrategia da (nabarmenagoa Hordagoren bertsioan, azpikapituluak sortzera ere iritsi baita); marrazkiak jartzea, bien kasuan; eta moldaketa ideologiko-kultural sakonagoa Hordagoren bertsioaren kasuan.

6. Ondorioak

Ikerketa lan honetatik atera daitezkeen ondorioak datoz hurrena, eta ondorio garrantzitsuenak laburtuko ditugu hemen:

Itzulitako HGLren funtzio eta eraginei dagokienez,

a) Lehen urtealdiko itzulgaien aukeraketan literatura irabazia nagusitzen da, nahiz eta sistematikotasunik ez dagoen SHetako obren aukeraketa horri dagokionez.

b) Lehen eta bigarren urtealdietako itzulpenen funtzio nagusiak didaktiko-moralak izan ziren.

c) Bigarren urtealdiko itzulpenetan zenbait gai moderno agertzen hasi ziren, baina horien eraginik ez zen nabaritu urtealdi horretako jatorrizko produkzioan.

d) Hirugarren urtealdian itzulitako liburuen aukeraketan, kanonikotasunari begiratu gabe, euskal HGLk hurbilen zituen polisistemetara jo du.

e) Euskaratutako HGL kanonikoa ez da euskal kanonikotasunera iritsi, instituzioak eta merkatuak ez dutelako hala onartu.

f) Teknika eta gai aldetik berritzaileak diren elementuak lehenago agertu dira itzulpenetan jatorrizko produkzioan baino, nahiz eta zuzeneko eraginik egon denik ezin den erabat frogatu. Hala ere, itzulpenek nolabaiteko ereduak finkatzen lagundu dute, geroko produkzio berritzaileak onartuak izan zitezen.

Itzulpen arau eta estrategiei dagokienez, berriz:

a) Lehen eta bigarren urtealdietako itzulpenak onargarritasunaren ardatzean kokatzen dira nagusiki.

b) Lehen eta bigarren urtealdietan egokitzapen ideologiko eta didaktiko ugari aurkitzen dira, baina hirugarrenean ia ez dira existitzen.

c) Testuetako konplexutasun sintaktiko-semantikoak samurtzeko joera oso indartsua da hiru urtealdietan.

d) Hirugarren urtealdiaren lehen erdian itzulitako liburu gehienak gaztelaniazko polisistematik hartutako moldaketen itzulpen hutsak dira. Bertan egindako moldaketarik ez dago ia.

e) Ikastola eta eskola publikoen liburu eskaria izugarri handitu zen garaian (1970-1986) itzulpen ia guztiak gaztelania zubi-hizkuntza hartuta burutu ziren.

f) SHetako itzulpenak 90eko hamarkadan egiten hasi ziren nolabaiteko sistematikotasunez.

g) 90eko hamarkadako itzulpenak egokitasunaren ardatzean kokatzen dira.

h) Paratestuei begira, itzultzaileen estatusa oso apala da: askotan ez dira agertu ere egiten, eta agertzen direnean oso gutxitan egiten da liburuaren azalean.

Laburbilduz, euskaratutako HGL, jatorrizkoa bezala, hirugarren urtealdian hasi zen sistema bezala funtzionatzen. Orduan lortu zituen horretarako behar zituen elementuak, hala nola, kontsumitzaileak, merkatua, instituzioa, errepertorioa,...

Itzulpenak ere hirugarren urtealdiko azkenaldian hasi ziren sistematikoki aukeratzen eta euskaratzen, itzultzaile gero eta profesionalagoen bidez eta jatorrizko hizkuntzetatik.

Hitz batean, ibilbide historiko luze baten ondoren, esan daiteke euskal HGL guztiz finkatuta dagoela gaur egun, jatorrizko zein euskaratutako produzkioari dagokionez, eta antzeko beste literatura txikien dohain eta gabezia berberak dauzkala.

Bibliografia aipatua

AZKUE, R.M. (1942,1945). Euskalerriaren Yakintza II/III. Madril: Espasa-Calpe.

AZPEITIA, J. (1961). Amandriaren altzoan. Zarautz: Itxaropena.

BAROJA, Pío (1959). Itxasoa laño dago... Zarautz: Itxaropena [Itzul.: Jon Etxaide. Jat.: Las inquietudes de Shanti Andia (1911)].

COLOMER, Teresa (1998). La formació del lector literari. Bartzelona: Barcanova.

CUADRENCH, A. (1969). Nire adiskidearentzat eskutitza. Bartzelona: La Galera.

DAHL, R. (1989). Charlie eta txokolate fabrika. Bilbo: Alfaguara-Desclée de Brouwer [Itzul.: Juan Mari Sarasola. Jat.: Charlie and the Chocolate Factory (1964)].

DAHL, R. (1994). Charlie eta txokolate-lantegia. Madril: Alfaguara-Zubia [Itzul.: Agurtzane Ortiz de Landaluze. Jat.: Charlie and the Chocolate Factory (1964)].

DEFOE, D. (1974). Robinson Crusoe. Bilbo: Cinsa [Itzul.: Bernardo Atxaga].

ESOPO (1967). Esopo'ren alegiak. Bilbo: San Anton'go katekesia [Itzul.: Juan Anjel Etxebarria].

ETXAIDE, Y. (1953). Purra! Purra! Zarautz: Itxaropena.

EVEN-ZOHAR, I (1990). "Polysystem Studies", in Poetics Today, 11, 1.

FEDRO (1965). Phedro'ren alegiak. Bilbo: San Anton'go katekesia [Itzul.: Juan Anjel Etxebarria].

FERNANDEZ LOPEZ, M. (1996) Traducción y literatura juvenil: narrativa anglosajona contemporánea en España. Leon: Universidad de León.

GRIMM (1985). Grimms Märchen. Neue kommentierte Edition sämtlicher Märchen und ihrer Anmerkungen nach der zentralen Ausgabe von 1837. Frankfurt am Main: Deutscher Klassiker Verlag.

GRIMM anaiak (1929a). Grimm Anayen Ipuñak. Bilbo: Alvarez [Itzul.: Legoaldi. Jat.: Kinder- und Häusmarchen (1837)].

GRIMM anaiak (1929b). Ipuñak. Bilbo: Verdes-Atxirika [Itzul.: Joseba Altuna. Jat.: Kinder- und Häusmarchen (1837)].

IRIGARAY, A. (1957). Euskalerriko Ipuiñak. Zarautz: Itxaropena.

LOIDI, J.A. (1955). Amabost egun Urgain'en. Zarautz: Itxaropena.

MENDIGUREN BEREZIARTU, Xabier (1995). Euskal itzulpengintzaren historia laburra. Donostia: Elkar.

MENDIGUREN BEREZIARTU, Xabier (1991). "Orixeren itzulpengintza", in Orixeren Mendeurrena (1888-1988). Hitzaldiak (IV liburukia), Donostia: Etor, 517-532.

MINABERRY, M. (1965). Xoria kantari. Baiona: Ikas.

MOGEL, Bizenta (1804). Ipui onac. Donostia: Antonio Undiano [Jat.: Esopo (K.a. VI. m.) ?].

OLLE, M.A. (1969). Xapaburu bat ikastolan. Bartzelona: La Galera.

ORIXE (1948). Leoi-kumea. Paris: Arts et Métiers Graphiques.

ORWELL, G. (1981). Abereeneko iraultza. Donostia: Hordago [Itzul.: Imanol Unzurrunzaga. Jat.: Animal Farm (1945)].

ORWELL, G. (1982). Abereen etxaldea. Donostia: Elkar [Itzul.: Juan Martin Elexpuru. Jat.: Animal Farm (1945)].

PAUSEWANG, G. (1991). Hodeia. Donostia: Elkar [Itzul.: Xabier Mendiguren Bereziartu. Jat.: Die Wolke (1987)].

PERRAULT, Ch. (1981). Contes. Paris: Gallimard.

PERRAULT, Ch. (1965). Charles Perrault'en Ipuñak. Bilbo: San Anton'go katekesia [Itzul.: Juan Anjel Etxebarria. Jat.: Contes du temps passé (1697)].

SAINT-EXUPERY, Antoine (1970). Printze Txikia. Donostia: Plan/Beobide [Itzul.: Salvador Garmendia. Jat.: Le Petit Prince (1943)].

SALGARI, E. (1970). La mujer del pirata. Madril: Gahe.

SALGARI, E. (1977a). Pirataren emaztea. Bilbo: Cinsa [Itzul.: Iker].

SALGARI, E. (1977b). Mompracem azkena. Bilbo: Cinsa [Itzul.: Iker].

SAN MARTIN, J. (1960). Zirikadak. Zarautz: Itxaropena.

SANCHEZ-SILVA, José María (1970). Ardo ta ogi Martxelin. Iruñea: Gómez Argitaldaria [Itzul.: Jose Maria Satrustegi. Jat.: Marcelino, Pan y Vino (1952)].

SCOTT, W. (1973). Ivanhoe. Madril: Susaeta.

SCOTT, W. (1980). Ivanhoe. Donostia: Hordago [Itzul: Felix Ibargutxi. Jat.: Ivanhoe (1819)].

SCHMID, Cristoph (1929a). Ipuñak. Zornotza: Jaungoiko-Zale [Itzul.: Gabriel Manterola].

SHAVIT, Z. (1986) Poetics of Children's Literature. Atenas/Londres: The University of Georgia Press.

SPYRI, Johanna (1975). Heidi. Bilbo: Cinsa [Itzul.: Xabier Mendiguren Bereziartu. Jat.: Heidi (1880)].

SVENSSON, Jon (1952). Noni eta Mani. Zarautz: Itxaropena [Itzul.: Plazido Mujika. Jat.: Nonni und Manni (1914)].

TORREALDAI, Joan Mari (1977). Euskal idazleak, gaur. Oñati-Arantzazu: Jakin.

TOURY, G. (1980). In Search of a Theory of Translation. Tel Aviv: Tel Aviv University.

WEISER, F. (1953). Mendiko argia. Zarautz: Itxaropena [Itzul.: Plazido Mujika. Jat.: Das Licht der Berge (1931)].

WILDE, Oscar (1927). Ipuñak. Bilbo: Verdes-Atxirika [Itzul.: Joseba Altuna. Jat.: The Happy Prince (1888) eta The Star-Child (1891)].

X. X. (1929a). Tormes'ko itsu-mutilla. Bilbo: Verdes-Atxirika [Itzul.: Orixe. Jat.: El Lazarillo de Tormes. (1554)].