Elebitasuna Arabako Biltzar Nagusietan
Koldo Biguri

Arabako Biltzar Nagusien itzultzailea naizen aldetik, erakunde horretako hizkuntza-ezaugarriez edo bertako elebitasunaren nondik norakoez hitz egin behar dizuet. Dena dela, ez dut mugatuko nire mintzaldia esparru horretara bakarrik, besteak beste nire lanpostu horretaz gainera EIZIEko lehendakaria ere banaizelako, eta iruditzen zaidalako interesgarria izan daitekeela entzuleentzat kargu horren ikuspegitik mintza nadin gure instituzioetako euskal itzulpengintzak dituen arazo berezi batzuez.

Hasteko, Arabako Biltzar Nagusiak zer diren ez dakienarentzat, ezer baino lehen esan behar da Arabako probintziak daukan legebiltzarra edo organo legegilea direla, eta haietan ordezkatuta dauden alderdi politikoak zazpi direla, eta biltzarkideak, guztira, 51. Bestalde, organo politiko hau bere testuinguru soziolinguistikoan kokatuz, esan behar da Araba Euskal Herriko probintziarik erdaldunena dela, eta bertan elebidunen portzentaia ez dela %12ra iristen (euskaldun elebakar funtzionalik ez dagoela esan daiteke).

Ehuneko horixe bera errepikatzen da, gutxi gorabehera, biltzarkideen artean: gazteleraz gainera, euskara ere erabiltzeko gai direnak 6 dira. Beraz, Biltzarrek hizkuntza-ekoizpenaren ustezko hartzaile edo erabiltzaile guztiak gazteleradunak dira, eta euskaldunek (elebidunek, alegia) ez dute inolako arazo komunikatiborik erakundearen funtzionamenduan, hizkuntzaren arazoengatik, euskara nahiz erdara erabil dezaketelako, nahi duten moduan.

Bestalde, Biltzarren Araudiak dioenaren arabera, "euskara eta gaztelania dira hizkuntza ofizialak, biak aukeran erabil daitezkeela". Horren ondorioz, jarraitzen du esaten, "Biltzar Nagusietako argitalpenak bi hizkuntzetan egingo dira".

Agindu hau nola betetzen den zehazteko orduan, bistan da bereizi behar dugula idatzizko erabilera eta ahozkoa, ezaugarri erabat desberdinak dauzkatelako eta, baita ere, arazo desberdinen iturri direlako.

Idatzizko erabilera

Honi dagokionez, irakurri berri dudan Araudiko aginduak dio erakunde politiko honek argitaratzen dituen idatzizko testuak bi hizkuntzetan eman behar direla, bi bertsioek ofizialtasun maila berbera izanik, ondorio guztietarako. Beraz, beren funtzionamenduaren barruko testugintzari dagokionez, Arabako Biltzar Nagusiek elebitasuna bermatzeko beharra ezarri diote beren buruari.

Elebitasun hori nola bermatzen den ikustera pasatu nahi badugu, Euskal Herriko erakunde politiko gehientsuenetan bezalakoxeko errealitatea aurkitzen dugu, ordea. Izan ere, elebitasun ofizial horrek ez du esan nahi Biltzar Nagusien funtzionamendua egiatan elebiduna denik.

Izan ere, gaztelera da jarduera instituzionalaren jatorrizko hizkuntza bakarra eta, Araudiak dioena betetzeko, euskararako itzulpena erabiltzen da. Hots, Arabako Biltzar Nagusiek ekoizten dituzten euskarazko testu guztiak itzulitakoak izaten dira. Beste era batera esanda, itzulpena da elebitasunaren berme eta tresna bakarra. Eta, gainera, itzultzailea izaten da zehazki jatorrizko erdarazko testuak euskaratzen dituen enplegatu bakarra; gainontzeko enplegatu guztien lan hizkuntza bakarra gaztelera da (beste enplegatu batzuek euskara mailaren bat edo beste duten arren) eta oraingoz ez daukate hizkuntza-eskakizunik ezarrita. Baina ezarrita edukiko balute ere, beste hainbat tokitan gertatzen den gauza berbera ikusiko genuke: alegia, langile euskaldunek ere nahiago izaten dute beren lana gazteleraz egin (edo derrigor egin behar izaten dute, beste lankideek ez badakite euskaraz) eta gero itzultzaileari pasatu euskaraz jar dezan.

Esan behar da, elebietan agertzen diren testuak normalean barne funtzionamenduari dagozkionak izaten direla, berez Arabako Biltzar Nagusiek oso testu gutxi egiten dituztelako "kanpora begira", hau da, hiritarrei zuzenduta. Hauek, Foru Aldundiak egiten ditu, eta Aldundiak ere bere itzultzaileak dauzka elebitasun-beharra betetzeko.

Gordin adierazita, lehen konklusio bat atera dezakegu esan dudan honetatik: hots, Arabako Biltzar Nagusietan (gure beste instituzio gehientsuenetan bezala) euskara ez da hizkuntza funtzionala, itzulpen hizkuntza baizik. Gainera, itzulpen horrek araudiko agindu bati erantzuten dio, ez komunikazio-behar bati. Jakina, euskal gizartean bertan gertatzen den gauza berbera da. Hau da, biztanleria elebidunak bere buruarentzat erreibindikatzen duen hizkuntza eskubide bati ematen zaion balio politiko edo sinbolikoarengatik erabiltzen da euskara. Hori da bere derrigortasun normatiboaren arrazoi bakarra.

Egoera honen eraginez, elebitasun horren ondorioz sortzen diren arazo batzuk aipatzera noa, oro har gure herriko erakunde politiko guztiei eragiten dietenak eta, oraingoz, irtenbiderik ez dutenak, beharbada arazo praktiko latzik ez dutelako sorrarazi oraindik, baina seguru nago etorkizunean sorraraziko dituztela.

1. Itzulpenen segurtasun juridikoa

Esan bezala, Arabako Biltzar Nagusietan (eta gauza berbera gertatzen da beste erakunde eta organo politiko gehientsuenetan, guztietan ez esatearren), araugintza eta legegintza guztia gazteleraz egiten da eta, ondoren, itzultzaileen esku uzten da euskaraz jartzeko lana. Kasu askotan (eta Arabako Biltzarretan halaxe da), ordezkari politikoek arau eta lege horien eztabaidarako erabiltzen duten bertsioa gaztelerazkoa izaten da, jatorrizkoa alegia. Beraz, hemen berriro ikusten dugu euskararen erabilera ez dela funtzionala, askotan testimonial hutsa baizik.

Baina, horren arabera euskarak duen pisu eskasaz gainera, jokabide honen azpian arrisku handi bat ezkutatzen da, politikarientzat erabat oharkabean pasatzen ari dena: hots, arau edo lege bat aldizkari ofizialean argitaratzen denean, hizkuntza bietan argitaratu ohi da, bi bertsioek balio ofizial berdina eta osoa izanik. Baina politikariek egiatan bertsio bakarra eztabaidatu eta fiskalizatu dute: gaztelerazkoa. Bestela esanda, euskarazko bertsioari buruzko eztabaidarik ez da egoten, eta jakintzat ematen dute bi bertsioak berdinak eta zehatzak direla (hau da, itzulpena zuzena eta zehatza dela). Esan dudan hau, badakit ez dela horrela izaten gure instituzio guztietan, eta haietako zenbaitzutan bai erabiltzen dela testu horien euskarazko bertsioa eztabaida politikoan; hori bai, baita salbuespen diren kasu hauetan ere, kontrol politiko hori ez da guztizkoa izaten, badaudelako talde politikoak ordezkari euskaldun bakar bat ere ez daukatenak.

Hortaz, gure instituzio politikoek sortzen dituzten arau eta lege testuen euskarazko itzulpenaren segurtasun juridikoa bermatzeko eginkizun hori itzultzaile soil batzuen esku uzten da, berauek izanik beraien bertsioaren zehaztasunaren egiaztatzaile edo kontrolatzaile bakarrak. "Itzultzaile soil" esaten dudanean, esan nahi dut arau eta lege horiek euskaratzen dituzten pertsonak ez direla izaten (ez garela izaten) testuak jorratzen duen alorreko tekniko edo adituak (ekonomistak, ogasun-arduradunak, etab.), edozertarako itzultzaileak baizik. Beraz, daitekeen itzultzailerik onenak eta saiatuenak izanda ere, oso ulergarria izango da noizean behin zehaztasun hori erabatekoa ez izatea, beharrezko ezagutza teknikoen faltagatik.

Hortaz, bigarren konklusio bat atera behar dugu hemen: itzultzaileek egiten dituzten euskarazko bertsioen segurtasun juridikoa, kasu asko eta askotan behintzat, ez du alor bakoitzean aditua den inork ere bermatzen, eta ordezkari politikoek ematen duten azken kontrolak ez du gehienetan funtzionatu ere egiten. Honek orain arte ez badu arazo larririk eragin, euskarazko bertsio horien benetako funtzionaltasuna hutsaren parekoa delako izan da.

Hau argiago adierazteko, adibide pare bat ipiniko dut, kasu erreal banatatik ateratakoak eta erabat ezezagunak direnak.

Espainiako Konstituzioa bozkatu baino lehenago, gaztelerazko bertsioaz gainera Estatuko beste hizkuntzetan egindakoak ere zabaldu ziren etxez etxe, hiritarrek ezagut zezaten. Bada, euskararako itzulpenean, Konstituzioaren azken xedapen indargabetzaileak indargabetu egin zuen Konstituzioa bera. Izan ere, erdarazko bertsioan esaten zen "Asimismo quedan derogadas cuantas disposiciones se opongan a lo establecido en esta Constitución"; aldiz, euskarazkoan esaten zena hauxe zen: "Era berean derogaturik geratzen dira Konstituzio hontan ezartzen diren disposapen guztiak". Eta ez zen ezer gertatu. Zorionez, euskarazko bertsioak ez zeukan balio legalik, bestela azer bazka gure arteko oraingo ika-mika politikoan erabiltzeko!

Baina badago gaur egun erabateko balio legala daukan testu gaizki itzulirik. Bat bakarra aipatuko dut, gehiago egongo direla bete-betean sinesten dudalarik. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azkeneko erreforma egin zenean, testu bateratu bat landu zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek. Testu horretan, zenbait kenkari onartzen ziren etxea erosten zuten pertsonentzat, eta erdarazko bertsioan erabiltzen zen esapidea "adquisición de vivienda" zen. Errege-Akademiaren hiztegira jotzen badugu, bertan esaten da: "Adquirir. 1. Ganar, conseguir con el propio trabajo o industria. 2. Comprar. 3. Coger, lograr o conseguir". Bistan da bigarren adiera dela zuzena, ez besteak. Euskarazko bertsioan, aldiz, "eskuratu" aditza erabiltzen zen, hau da, euskara-gaztelera hiztegian begiratuz gero: "conseguir, obtener, alcanzar, adquirir, apropiarse de, adueñarse de, proveer, suministrar, proporcionar", etab. Hau da, ez du ezertarako ere esaten "comprar".

Honen arabera, kontuan izanik testu hauek indarrean daudela gaur egun, litekeen gauza da norbaitek heredentzian etxe bat eskuratzeagatik, konkurtso batean irabazteagatik edo norbaiti lapurtzeagatik ere kenkaria edukitzea bere errenta-adierazpenean, euskarazko bertsio ofizial eta balio osokoari jarraituz. Beraz, aurrera!

Jakina, hau itzulpen akatsa da, baina nik dakidala, gure erakunde politikoetan inoiz ez da planteatu gaztelerazko eta euskarazko bertsioak bat ez datozenean, balioduna zein den erabaki beharra. Dena den, zalantzarik ez daukat noizbait arazo hori planteatzen denean jatorrizko gaztelerazko testuari emango zaiola balioa; baina orduan, galdera bat egin behar diogu geure buruari: arau eta legeen euskarazko bertsio idatzi ofizialek ez badute segurtasun juridiko bermatua eskaintzen, zertarako nahi dugu elebitasun hori? Edo, beste era batera esanda: Euskal Herrian euskararen normalizazioa garatzen ari den neurrian, gero eta gehiago izango dira beraien lan-bizitzan edo gizarte-behar gehientsuenetarako euskara normaltasunez erabiliko duten pertsona fisiko eta juridikoak. Eta hor ere normalizatuz eta ugalduz joango da arau eta lege testuen erabilera ere. Baina gure erakunde politikoek ez diete pertsona fisiko eta juridiko horiei erabateko segurtasun juridikorik ematen, testu horien elebitasunerako aukeratu den eredua ez delako inola ere segurua; batetik, arau eta lege testu horiek idazten dituzten adituek erdara hutsa erabiltzen dutelako horretarako; eta bestetik, aditu horiek ez dutelako kontrolatzen (edo, erdaldun elebakarrak izanik, ezin dutelako kontrolatu) itzultzaileek egiten dituzten bertsioen zuzentasun eta zehaztasuna.

Zein da hemendik atera behar dugun konklusioa? Bada, euskal instituzioen elebitasuna bermatzeko orain arte egon den baliabide bakarra (itzulpena, alegia) ez dela berez nahikoa, ez behintzat arau eta lege balioa duten testuak euskaratzeko orduan, langintza hori alor bakoitzean adituak diren itzultzaileek egiten ez badute, zehaztasun berme guztiekin. Tamalez, gure erakunde politiko eta administratiboek elebitasunaren itzulpen fase horretan jarraitzen dute, hogei urte daramatzagu honela eta ez dirudi aldatzeko asmo handirik dagoenik.

Are gehiago. Ezinezkoa da alor guztietan aditua den itzultzailerik aurkitzea, ez Euskal Herrian eta ez beste inon. Orduan, irtenbide bakarra dago: alor bakoitzean adituak direnek idaztea euskarazko bertsioak. Baina hemen dator arazoa: alor horietako aditu gehienak ez dira euskaldunak izaten, edo oso gutxi dira, edo ez daukate behar bezalako euskara maila era horretako itzulpen edo bertsioak egiteko. Ez oraingoz behintzat.

Hots: esan dudan arazo honetarako irtenbidea emanez joango gara alor guztietan teknikari euskaldun ondo prestatuak (hau da, beraien esparru profesionalean eta euskararen ezagutzan eta itzulpengintzan) dauzkagun neurrian. Baina, hona hemen galdera: non ari dira prestatzen aditu edo teknikari horiek? Gure Unibertsitateak prestatzen al ditu, ezagutza teknikoak eta hizkuntza-prestakuntza egokia emanez? Erantzun gabe utziko dut galdera hau, inork alarmista ez deitzeko. Baina datu bat emango dut: itzulpengintza lizentziatura aurten jarri da martxan Euskal Herriko Unibertsitatean; Unibertsitatean, egia da, hainbat lizentziatura euskaraz egiteko aukera dago, haien artean Zuzenbidea, adibidez; baina inon ez dago aurreikusita itzulpen-ikasketa bereziak eskaintzea beren burua prestatzen ari diren etorkizuneko teknikari horientzat, are gutxiago orain lanean ari direnentzat.

Eta oraingo eztabaida politikoak are gehiago korapilatuko du arazo hau: alderdi politikoek azkenik erabakitzen badute, duela gutxi aurkeztu den proposamen bati jarraituz, hiritarrekiko harreman zuzena ez duten funtzionarioen kasuan hizkuntza-ezagutza derrigorrezkorik ez ezartzea, teknikari horiek arau eta lege testuak erdaraz egiten jarraituko dute, euskarazko bertsioa betiko itzultzaile soilen esku utziz. Beraz, badirudi elebitasunaren itzulpen-fasean jarraitu beharko dela, horrek eragin ditzakeen arriskuez axola handirik izan gabe.

2. Euskarazko testuen onargarritasuna

Arabako Biltzar Nagusietara itzuliz, esan behar dut bertan ordezkatuta dauden zazpi talde politikoetatik batek erabakia duela euskara soilik erabiliko duela Arabako organo politiko honetan, taldekide guztiak elebidunak izan arren. Baina erabaki horren egiazko bitxitasuna hor ez beste nonbait datza: hain zuzen ere, talde politiko horretako ordezkari elebidun horiek guztiak jatorriz erdaldunak dira, ez euskaldunak. Erabaki honek, noski, ez dio erantzuten talde horren komunikazio-behar bati, hizkuntzekiko jarrera pertsonal edo, nahi bada, politiko bati baizik.

Gainera, bitxitasuna are bitxiago egiten duen zerbait gertatzen da talde politiko horren jokamoldearekin: izan ere, beraien "hizkuntza ofizial bakarra" euskara izatea erabakia duten arren, taldekideen euskara maila ez da izan zitekeen bikainena, bihotz onez esanda; eta, horren ondorioz, idatziz ekoizten dituzten testu gehienak gazteleraz idatzi eta euskarara itzulitakoak izaten dira, hain zuzen ere taldekideek hobe dakitelako gaztelera euskara baino, batez ere erabilera instituzionalari dagokion hizkuntza mailan.

Hortaz, Arabako Biltzar Nagusietan erabiltzen diren "jatorrizko" euskarazko testuak ere itzulpen prozesu baten ondorio izaten dira. Hots, kasu honetan ere, euskarak balio funtzional maskaratua dauka.

Honen ondorioz, esan behar da, zenbait egoera xelebre gertatzen dira noizean behin. Izan ere, talde politiko horrek euskara hutsez tramitaziora aurkezten dituen testu horiek gaztelerara itzuli behar izaten dira, organo politikoak eta beste talde politikoetako ordezkari erdaldunek uler ditzaten; eta, jakina, itzultzaileak du lan hori bere gain: hau da, itzulpen baten itzulpena egin behar izaten du, eta beti ez da asmatzen jatorrizko egiazko testuak dioena, baina ez derrigor bigarren itzultzailearen erruz. Izan ere, behin baino gehiagotan gertatu da talde politiko horrek aurkezten dituen euskara hutsezko testu horietan itzulpen trakets baten ondorio diren akatsak egotea, euskaraz idatzi edo, gehienetan, itzuli duenak daukan maila ez bikainagatik. Bada, horrelakoetan, bigarren itzultzaileak (gaztelerazko bertsio itzulia egiten duenak, alegia) bi aukera dauzka era horretako akatsak topatzen dituenean: bata, testuak dioena hitzez hitz ipintzea, akats eta guzti; eta bestea, testuak ustez esan nahi duena ipintzea.

Lehendabiziko bidea hartu den kasuetan, hau da, testuak dioena hitzez hitz itzuli denean, delako talde politikoak bere protesta agertu du noizbait, gaztelerarako itzulpena gaizki egin zaiolakoan. Adibidez, behin, talde politiko horrek aurkeztutako testu batean "baso-artzantza planak" esapidea zekarren (gazteleraz, hitzez hitz, "planes de pastoreo forestal", zerbait ulertezina beraz), eta itzultzaileak erabaki zuen "planes forestales" moduan ematea erdaraz, gutxienez zentzua bazuelakoan. Taldeak beste testu bat idatzi zuen esanez gaztelerazko itzulpen hori gaizki zegoela eta berez "planes silvo-pascícolas" esan nahi zuela, eta beren protesta azaldu zuen egindako itzulpen okerragatik. Itzultzaileak Mahaiari erantzun-testu bat idatzi behar izan zion, talde horrek ez zuela arrazoirik eta itzulpen akatsa egon bazegoela, baina ustezko "jatorrizko" testuan, eta, gainera, "silvo-pascícolas" hori ez zela inongo hiztegitan agertzen.

Irrigarria dirudien pasadizo honek ikaskizun bat ematen digu, jardunaldion helburuari begira: gure hizkuntza-egoeran, euskara erabiltzeko eskubidea erreibindikatzen duten elebidun ez-oso gero eta gehiago egon daitezke, eta horrek arazo praktiko handiak ekar ditzake, ez bakarrik gizarte bizitzarako edo jarduera politikoan, baina baita euskararen beraren izen onerako eta hizkuntza baliozko bezala izan beharko lukeen sinesgarritasunerako ere, euskararen beraren degradazioa eragin dezakeen faktore bat izan daitekeelako. Jakina, euskara erabiltzeko eskubide hori ezin da mugatu, baina gutxienez gogoeta egin beharko genuke (edo batzuek behintzat egin beharko lukete) ea jokamolde hori zer den euskararentzat eta haren normalizazioarentzat: onuragarria ala kaltegarria. Zorionez edo zoritxarrez, gogoeta hori norberaren kontzientziarako utzi behar da, edo, hobe esanda, norberaren ardurapean.

Alegia, Euskal Herrian denek onartu dugu lanpostu batean euskara jakitea beharrezkoa edo oso komenigarria bada jakite hori berme guztiekin frogatu beharra ezartzea, lanpostu horretan diharduenari edo jardun nahi duenari; baina lanpostu bat jokoan ez dagoen gainontzeko kasu guztietan, horrelako derrigortasunik ez dago, eta euskara erabiltzeko eskubidea arrazoi bategatik edo besteagatik erreibindikatzen duenari ez zaio ezartzen euskara zuzen erabili beharra. Horrek ondorio txarrak baino ezin ditu eduki, berriro diot, euskararen beraren osperako eta sinesgarritasunerako ere.

Ahozko erabilera: interpretazioa

Mintzaldi hau bukatzeko, ahozko itzulpenaren inguruko gorabehera batzuk ere aipatu nahi ditut, Arabako Biltzar Nagusietako nire esperientzian oinarriturik.

Lehenagoko puntuan euskararen idatzizko itzulpenaz esan dudan arazoa hemen ere aurkitzen dugu, nola ez. Hau da, badira ordezkari politiko batzuk erabaki dutenak euskara soilik erabiltzea Biltzar Nagusietan, eta beraz baita egiten diren bilera, batzorde eta osoko bilkuretan ere. Eta guztiak ez dira euskaldun bikainak izaten.

Interprete askok dugun esperientzia da euskaraz ezer ez edo oso gutxi edo, behintzat, nahikoa ez dakien norbaitek euskaraz zerbait esatea edo, are okerrago dena, zerbait irakurtzea. Emaitza ikaratzekoa izaten da: interpreteak ez du ezer ulertzen, eta normalean hizlariari ez zaio burutik pasatu ere egin irakurriko duen testuaren kopia bat aurretiaz interpreteari eskuratzea, lana errazteko eta komunikazioa bermatzeko. Jakina, itzulpena txarto ateratzen denean, jatorrizko hizkuntza ulertzen ez duenarentzat, txarra dena ez da hizlaria, interpretea baizik. Eta hortik etorri ohi dira gure instituzio politikoetako bilera askotan entzun behar izaten diren "es que ha habido un problema con la traducción" horiek.

Zer esanik ez, mintzatoki politikoetan hitz egiten duten politikari euskaldun onak ere badaude, baina hauek ere asko eta askotan ez dira gogoratzen beraien mintzaldia erdaraz entzungo dutenak interpreteak egiten duen bertsioaren bidez jasoko dutela; eta hainbat aldiz mintzaldi horiek irakurriak izaten dira, denbora nahikoaz prestatutako eta ñabardura lexikoak ondo aztertutako testuak erabiltzen baitituzte. Interpreteek gutxitan izaten dituzte testu horiek aurretiaz, eta itzulpena momentuan bertan egin behar izaten dute, normala den bezala, jakina; baina euskararen eta erdararen artean dagoen distantzia sintaktiko eta lexikoarekin, beti, berriro diot, beti komeni da interpreteak testu horien itzulpena aurretiaz prestatu edo landu ahal izatea, eztabaida politikoaren zehaztasunaren onerako, gero inork esan ez dezan "es que ha habido un problema con la traducción". Erantsi horri, gainera, irakurritako horiek erraz asko itzulitakoak izan daitezkeela, eta agian ez oso ondo itzulitakoak. Beraz, gauzak zuzen egin nahi izatekotan, elebitasunaren kultura berezi bat hedatu behar da gure artean, politikarien artean, eta baita beste edozein mintzaldi edo jardunalditan hitz egiten duten hizlarien artean ere. Galdera gaizto bat egingo dizuet: mintzatoki honetatik igaro diren edo igaroko diren interpreteak alde batera utzita, noizbait zuen hizkuntza ulertzen ez duten pertsonen aurrean mintzaldi bat eman behar izan duzuenok, zenbat aldiz eskuratu diezue interpretariei zuen hitzaldiaren testua?

Esan bezala, gure herrian oraindik elebitasunaren kultura hori falta zaigu, maila indibidualean bezala kolektiboan ere. Horixe erakusten du oraintxe esan dudan adibideak; baina baita ere gure erakunde politikoetan interpreteek lanean aurkitzen dituzten baldintza fisikoek ere. Eta honekin amaitzera noa.

Izan ere, nire interprete lanean, askotan tokatu izan zait era guztietako leku eta instituzioetan aritu behar izatea; eta oso kasu gutxitan aurkitu dut behar bezalako kabinarik, adibidez. Kasu askotan, batzordeak eta osoko bilkurak egiten diren aretoetan ez da egoten tokirik interpretearen kabina jartzeko; eta orduan nonbaiteko traste-gela batean jartzen gaituzte, monitore txikiren batekin bilera-aretoan gertatzen dena ikusteko, gaizki ikusteko, alegia. Bada garaia gure instituzioak arduratzen has daitezen elebitasun eskubidea bermatzen duten interpreteek baldintza duin egokietan lan egin dezaten, kabina ondo atonduetan, bileretan parte hartzen duten pertsona guztiak hurbiletik ikusiz; baina horretarako instituzio horiek behar horretaz jabetu eta arkitektoei esan beharko diete nola diseinatu behar diren bilera gelak. Dena dela, hau ez da soilik instituzio publikoen arazoa, beste hainbat bileratokitan ere gertatzen delako interpreteen tokiak lan-baldintza egokirik ez betetzea.

Zein da guzti honen azken konklusioa? Bada, elebitasuna ez dela fenomeno eroso bat; bere esijentziak ditu eta kultura bat da. Eta esijentzia horietaz eta kultura horretaz jabetu behar du elebietan normaltasunez bizi nahi duen herri batek, haren instituzio politikoetatik hasiz.

Eskerrik asko.