Hemen zaude:
 » 
Interpretazioaren bide berriak: interpretazio soziala - Erika Gonzalez

Inprimatu

Data: 2003ko abendua

Interpretazioaren bide berriak: interpretazio soziala - Erika Gonzalez


Irakurri artikulua pdf formatuan.


Sarrera

Gero eta nabariagoa da gure hiri eta herrietako kaleetan ematen den kultura, kolore, arraza eta hizkuntza nahasketa. Aniztasun horrek, orain arte landu gabe zeuden zerbitzu askoren beharra bultzatu du, horien artean interpretazio soziala topa dezakegularik. Hala eta guztiz ere, instituzio publiko askok ez dute sumatu egoera horrek ekar ditzakeen ondorioak, eta ez dute ikusten zerbitzu horiek eskaintzea behar-beharrezkoa dela etorkinen bizi kalitatea eta integrazioa bermatzeko. Interpretazio sozialari dagokionez, egoera tamalgarria gertatu da, izan ere gure gizartean gero eta garrantzia handiagoa duen kolektibo bat babesik gabe geratu baita oinarrizko komunikazio beharrak asetzeko garaian.

Kasu honetan Gipuzkoako egoera aztertu dut, pertsonalki hobekien ezagutzen dudan probintzia delako eta ikerketa baliabide gehienak lurralde honek eskaini dizkidalako. Araban eta Bizkaian, ordea, egoera apurtxo bat aldatu egiten da, lurralde horietan bizi den etorkin kopurua handiagoa baita (profesional mailan aukera gehiago eskaintzen dizkie bi probintzia horiek). Orokorrean, EAEko etorkin kopurua Murtzia, Andaluzia edo hegoaldeko hainbat probintziekin konpara ezina da. Bestalde, gure klimaren freskotasunak eta ezegonkortasunak eraginda, atzerriko erretiratu asko eta askok hegoaldean nahiz Mediterranio aldean finkatzen dituzte beraien bizilekuak, eta horrek eragin garbia dauka lurralde haietako migrazio bolumenean. Hori dela eta, Malaga, Granada edo Murtzia bezalako probintzietan neurriak hartu behar izan dituzte, eta hasiak dira dagoeneko interpretazio sozialaren beharraz ohartzen.

Hemengo egoeraren azterketa egiteko garaian, osasun, hezkuntza eta justizia alorretan jarri dugu arreta nagusia, izan ere, etorkin gehienek instituzio horietara jo behar izaten baitute lurralde berrira iritsi bezain laster eta, beraz, interpretazio sozialaren zutabe nagusi bat alor horiek osatzen dute.

Gaia lantzen eta sakontzen hasi aurretik, ordea, interpretazio sozialaren definizio bat eman eta ogibide berri honen nondik norakoak aztertu behar dira.

Egia esan, gai honen inguruan dokumentazio gutxi daukagu oraindik, baina badira diziplina berri honen beharrak deskribatu eta zehaztu dituztenak. Osasun, hezkuntza, gizarte zerbitzu eta udalerri mailan, esate baterako etxebizitza arloan egiten den eta etorkin komunitate baten behar sozialari erantzuten dion interpretazioa da (Collard Abbas, 1989; Corsellis, 1997). Arrazoi ezberdinengatik hizkuntza nagusia menderatzen ez dutenean, pertsona horiek administrazioarekiko duten harremana kaltetua gertatzen da eta euren eskubide nahiz eginkizunak betetzeko garaian zailtasunak izaten dituzte zerbitzu publikoen aurrean. Nolabait esatearren, interpretazio soziala gizakiak bere buruarentzako soilik diharduenean ematen da eta ez bere lurralde, gobernu, enpresa edo taldearen alde ari denean (Fletcher, 1989:129).1

Beraz, eta definizio horiek kontuan hartuta, interprete sozialak kultura eta hizkuntza ezberdinen arteko zubi bezala dihardute. Egoera gehienetan, gizabanako edo kolektibo horiek euren lekukotasuna eskatzen duen agintaritza edo erakundearekiko estatus edo maila apalagoan aurkitzen dira.

Hainbat alorretan, ordea, egoera gero eta larriagoa zela ikusita, sortutako arazoari erantzun azkar eta egoki bat eman diote. Euskal Herriko Unibertsitateko Itzulpen Lizentziatura nahiko berria da oraindik, eta aipatzen dudan egoera horrek eragina izan dezake profesional horiek baloratzeko garaian. Horrekin zera esan nahi dut, alegia, instituzioek mota horretako zerbitzuak behar dituztenean, “hizkuntza maila ona” duten langileak kontratatzera mugatzen direla, hautagaiak dituen ikasketak kontutan hartu gabe (hau da, lanpostu-eskaintzak adieraziko du langile berriak diplomatua/lizentziatua izan behar duela, ikasketei erreparatu gabe). Hori dela eta, orain arte itzulpen edo interpretazio lanak egiteko pertsonak kontratatu direnean, kasu askotan gehiago baloratu da lanerako hizkuntzako filologian lizentziatua izatea, itzulpengintzan lizentziatua izatea baino.

Irregularitate egoerak eraginda, etorkinak berak asetzen ditu bere aberrikidearen beharrak administrazioaren utzikeriaren aurrean eta, beraz, ahal duen bezala egiten du lana, agerian dauden zuloak estaliz, edozein interpretazio, txarra izanda ere, ezer baino hobea dela argudiatuz (Martin 96), eta abar. Definizio horrek argi eta garbi islatzen du bizi dugun egoera, pertsona asko eta askok beraien buruak interpretatzera behartuak ikusten dituztelako, ongi prestatuak egon ez arren. Askotan gobernuz kanpoko erakundeetara jotzen da bolondres bila interprete sozialak behar direnean. Pertsona hauek ondo prestatuak egon gabe burutzen dute interpretazio lana eta askotan moralki lur jota amaitzen dute. Beraz, argi dago interprete sozialak kultura eta hizkuntza ezberdinen artean jardun ezean, psikologikoki prestatua egon behar duela (kasu asko nahiko gogorrak izaten dira, eta etorkinaren egoera, sarritan, edozein lur jota uzteko modukoa). Bestalde, interprete sozialak nahi eta nahi ez errespetatu behar ditu bestalde zilegiak diren hainbat faktore etiko, neutralitatea esate baterako.

Alor ezberdinak

1) Justizia

Justiziaren esparrua interpretazio sozialetik at gelditzen bada ere, bertako egoerari buruzko hausnarketa txiki batzuk egingo ditugu, beste esparruekiko konparazio bat egin ahal izateko (interpretazio sozialaren barruan sartu ez arren, kasu eta egoera askotan faktore ugari dituzte amankomunean).

Jakina denez, epaitegietan kontratu batekin lan egiten duten itzultzaile/interprete bakarrak euskarakoak dira. Gainerako hizkuntzen interpretazioa lehiaketa publiko bat irabazi duen kanpoko enpresa batek kudeatzen du. Horrela, bada, lehiaketa irabazi ostean, enpresa horrek antolatuko ditu interpretazio lanak hiru urtetan zehar (ondoren kontratua berritzen da edo beste lehiaketa bat egiten). Beraz, euskara ez den beste hizkuntza batean interpretatu behar denean, aipatutako enpresarekin jartzen dira harremanetan justiziakoak.

Enpresak, bestalde, hizkuntza ezberdinetan interpretatzeko gai diren pertsonen zerrenda bat osatzen du (pertsona horiek curriculum edo gaitasunen arabera hautatzen ditu enpresak eta, beraz, kontratazioa enpresaren hautaketa-irizpideetara mugatzen da). Aipatutako enpresak, epaitegietan lan egiteaz gain, Ertzaintza nahiz Polizia Nazionaleko interpretazioak ere kudeatzen ditu.

Interpreteen egoerari dagokionez, esan behar da ordainsaria nahiko eskasa izaten dutela eta, ondorioz, ia guztiek daukate beste ogibide bat (irabazten denaren portzentaia bat lana kudeatzen duen enpresari dagokio). Egoera honek, beraz, interpreteek burutzen duten lanaren balorazio eza dakar.

2) Hezkuntza

Duela bost bat urte gutxi gorabehera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean gainezka egin zuten egoera berri eta zail batek eraginda. Etorkinen kopurua handituz zihoala ohartu ziren eta eskolaratuak izan behar zuten haur eta gaztetxoen kopurua ere handituz joan zen. Hori dela eta, haur, guraso eta ikastetxearen artean zeuden komunikazio arazoak konponduko zituzten profesionalak beharko zituztela ohartu ziren. Horrela, bada, bitartekari kulturalaren figura sortu zen. Bitartekariaren lana interpretazioa baino urrunago doa, izan ere, kulturalki egon daitezkeen oztopoak eta gatazkak gainditzen ere laguntzen du. Kasu askotan ordea, bitartekariaren eta interpretearen lana ez da bereizten eta guztiei “itzultzaile” deitzen zaie. Gipuzkoako Heziketa Konpentsatoriorako Partzuergoko buru den Mari Carmen Marinen esanetan, bi fase daude hezkuntza arloan. Lehen fasean, etorri berriak diren haurrei eta gurasoei ikastetxe eta sistema berriari buruzko informazioa ematen zaie. Kasu honetan, interpretazio soila beharko litzateke. Bigarren fasean ordea, gauzak txit aldatzen dira. Ebaluaketa boletinak jasotzen direnean, Gabonak iristen direnean edo eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen direnean, familia berriei azalpen bereziak eman behar zaizkie gure kulturaren, usadioen eta hezkuntza antolaketaren inguruan. Beraz, bigarren fase honetan bi kulturen artean zubi moduan dihardutenen lana interpretazio soziala baino urrunago doa. Hala ere, oraindik ongi zehaztu gabe dago non amaitzen den interprete sozialaren lana eta non hasten den bitartekariarena. Terminologia arazo hau ez da makala, izan ere, bi figura horiek oso berriak dira eta interpretazio sozialari dagokionez behintzat, profesionalen prestakuntza eta funtzio zehatzak arautzeke daude oraindik. Beraz, kasu askotan interprete sozialaren eta bitartekari kulturalaren figura nahastu egiten ditugu. Interpreteak ere, etorkinaren kulturaren berri izan beharko du, pareka ezinak direlako esate baterako, Erresuma Batuko pertsona bat eta Nigeriako bat, biak ingelesez ederki moldatzen badira ere. Kulturarteko faktoreek, beraz, badute garrantzirik interprete sozialaren funtzioetan, baina bere lana interpretaziora soilik mugatzen den bitartean, bitartekariak sor daitezkeen gatazketan ere parte hartuko du, arazoak arindu daitezen eta komunikazioa modu egoki batez bideratu dadin. Gakoa, beraz, hortxe dago, interpreteek ere bitartekari lanak egin beharko al lituzkete?, edo bitartekariek prestakuntza berezi bat jaso beharko lukete interpretazioaren arloan? Garbi dagoena zera da, bi figurak ezberdinak direla, euren funtzioak ere desberdinak diren bezalaxe.

Orain arte Magrebeko, Portugaleko eta Hegoamerikako umez zegoen osatua etorkinen multzo nagusia, baina ikasturte honetan aldaketa nabarmenak gertatu ziren matrikulazio berrietan. Aurtengo haur gehienak Europako Ekialdeko lurraldeetatik etorritakoak izan dira (Armenia, Bulgaria, Errumania, eta abar). Halako “nahaste linguistikoaren” aurrean, harrera sistema bat bultzatu dute. Haurrari tutore bat izendatzen zaio eta murgiltze programa bat burutzen da. Hezkuntza Sailak eta Aldundiak eskaintza publiko bat aurkeztu zuten Erkidegoko Aldizkari Ofizialaren bidez, eta lehiaketa publiko bat antolatu zen, Justiziaren alorrean gertatzen denaren antzekoa, enpresa batek kudea zitzan interpretazio lanak (bitartekaritzak, kasu honetan).

Kasu horretan, bitartekarien (edo interpreteen) kontratazioa ez da lan samurra gertatzen. Kanpotik etorritako haurren hizkuntzak kontuan hartuta, benetako hizkuntza konbinazio exotikoak dituzten profesionalak kontratatzera behartuak daude (esate baterako errumaniera/euskara-espainola, armeniera/euskara-espainola eta abar). Beraz, hezkuntzaren esparruan arazoari irtenbide egoki bat ematen saiatu diren arren bitartekari kulturalen bidez, benetako prozesu zaila gertatzen ari da aipatutako hizkuntzetan interpretatzeko gai diren pertsona profesionalak aurkitzea.

Kasu horretan ere, kontratazioa lan merkatuak arautu du, baina Justizian gertatzen ez den bezala, hizkuntza aniztasunak bultzatu du kontratazioak modu honetara egitea. Gipuzkoako egoera, zentzu horretan, estatuko beste lurralde batzuetakoa baino hobea da. Esate baterako, zenbait erakundek interpreterik ez dutenez gero, haurrek hizkuntzak ikasteko duten gaitasunaz baliatzen dira, eta horiek egiten dituzte guraso eta irakasle nahiz ikastetxearen arteko “interprete lanak”. Ondorioz, interprete sozialaren kodigoan benetan garrantzitsuak izango liratekeen neutralitatearen eta etika profesionalaren printzipioak kolokan geratzen dira.

3) Osasuna

Nahiko tamalgarria bada ere, arlo honetan sumatu ere ez dute egiten datorkien arazoa. Medikuek oraingoz “moldatzen direla” diote eta, beraz, egoera planteatu ere ez da egin.

Ikusi ahal izan dudanez, etorkin batek bertako hizkuntza menderatzen ez duenean, lagunen batek edo aberrikideren batek laguntzen dio kontsultara. Baina, zer gertatzen ote da lagunik edo ezagunik ez dutenekin? Horrezaz gain, kontuan izan behar dugu makina bat herrialdek oso modu ezberdinean ulertzen dituztela medikuntza eta mendebaldeko zientziak. SOS Arrazakeria bezalako gobernuz kanpoko erakundeek ere, emakumeei dagokienez beste arazo handi bat dagoela salatu dute (pertsona horiek gainditu beharreko hainbat oztopo linguistiko aurkitzen dituzte, eta gainera, zenbait kulturatatik datozen emakumeentzat pentsa ezina da medikua gizonezkoa izatea). Aipatutako ezberdintasun kultural horiez gain, etorkin askok lanean daukaten egonkortasun ezak eta deserrotzeak eraginda arazo psikologiko latzak sufritzen dituzte (adituen esanetan, gero eta ugariagoak gainera. Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan Anna Zlobina psikologoak esan zuenez, akulturazioak eragiten duen estresak osasun arazo psikologikoak dakartza.).

Egia da, oraingoz, sendagileak edota Osakidetzako langileak moldatzen direla, baina argi dago baita ere etorkinen kopurua gero eta handiagoa dela eta hazkunde garbia duen prozesu hau gera ezina dela. Beste komunitate batzuetako esperientzia ezagutzen da, esate baterako Andaluzia, Katalunia, Madril, eta beste batzuetakoa eta, beraz, ona litzateke horietan gauzak nola egin dituzten aztertzea, haietan jarraitutako irizpideak hemen aplikagarriak ote diren ikusteko. Adibide gisa, Kataluniako Institut Català de la Salut-ek argitaratutako Lèxic bàsic de conversa sanitària aipa dezakegu. Bertan, ohiko kontsultan medikuak gaixoari egiten dizkion galdera arruntak hainbat hizkuntzetara itzuli dituzte. Bestalde, aipatutako liburuxka horretan gorputz atalen zatiak, muskuluak, hezurrak, eta abar dagozkien marrazki eta izenekin agertzen dira katalanez, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez, errusieraz eta arabieraz. Andaluzian, esate baterako, Medicus Mundik Etorkinaren Osasun Gida argitaratu zuen hainbat hizkuntzatan, Andaluziako osasun zerbitzuaren eskaintzekin nahiz legediarekin eta etorkinarentzako benetan baliagarria izan daitekeen informazioarekin (euren egoera psikologikoari buruzko hausnarketa, txerto-kanpainen inguruko informazioa, eta abar).

Hemengo egoeraz jabeturik, Medicus Mundi ikerketa bat egiten ari da Euskal Herrian. Ikerketa honetan datu estatistikoak erabili dituzte etorkinen egoera nolakoa den ikusteko eta hainbat alorretan dauden hutsuneak agerian jartzeko. Helburua, beraz, benetako egoera zein den ikusi eta irtenbide egoki bat ematean datza.

Alde batetik, ohartu dira etorkinek arazoak dituztela Osakidetzara gerturatzeko (Osakidetzaren txartel bat izateko erroldatua egotea derrigorrezkoa da, beraz, paperik gabeko asko eta asko erroldatu gabe daude oraindik eta, ondorioz, osasun arazoren bat dutenean larrialdietara jo behar izaten dute. Osasun zerbitzu horietan topatzen dituzten oztopoengatik, askok nahiago dute ez joan).

Gobernuz kanpoko erakundeak arlo honetan dagoen sentsibilizazio faltaz ohartu dira. Etorkinentzako protokolo berezi bat diseinatu den arren (mediku kontsultara lehen aldiz joaten direnean azterketa orokor bat egin eta nondik datozen galdetzen zaie, eduki edo ekarri ditzaketen gaixotasunen berri izateko), eta behar den bezalako zerbitzu bat eskaintzen zaien arren (alegia, gaixoari behar duen botikaren errezeta egiten diote), erakunde ofizialek ez diete jaramonik egiten kultura eta hizkuntza mailako arazoei.

Esate baterako, Granadako Unibertsitateko Ospitalean eta Malagakoan dagoeneko bi interprete sozial dituzte, bata frantsesekoa eta bestea ingelesekoa. Bertan garbi ikusi dute interprete sozialen beharra gero eta handiagoa dela bai kontsultan eta baita ospitalean ere (hainbat lekutan, interpreteek itzulpen lanekin osatzen dute euren irabazpidea, txerto kanpainetan eta informazio orokor bezala banatzen diren gidak itzuliz).

Argi dago gure probintzietako etorkin kopurua ez dela oraindik oso handia, baina bestalde, garbi dago baita ere kopurua etengabe handitzen ari dela eta, beraz, zerbait egin beharko litzatekeela. Oraindik ez da hemengo hizkuntzetara itzuli inolako gida, eskuliburu edo etorkinentzako baliagarria izan daitekeen dokumenturik. Lan hori egin aurretik, ordea, beste pauso bat eman beharko litzateke: osasun arloan lan egiten duten profesionalen eta instituzioen sentsibilizazioa bermatu.

Ondorioak

Arrazoi geografikoak izan daitezke, agian lan aukerak dira, baina egia da Gipuzkoako etorkin kopurua gainontzeko euskal probintzietakoa eta estatuko hainbat erkidegokotakoa baino murritzagoa dela. Hala ere, kopurua txikiagoa izateak ez du interprete sozialen inguruan dagoen sentsibilizazio falta justifikatzen.

Kasu askotan, gainera, interprete sozialen etekinen portzentaia bat lana kudeatzen duten enpresek eramaten dute eta, beraz, horrek espezializazio falta ekarri du (justiziako interpreteak barne), gehienek beste zerbaitetan aritu behar dutelako soldata duin bat irabazteko. Bestalde, interprete sozialak behar direnean gobernuz kanpoko erakundeetara jotzen da bolondres bila, eta horrek lanaren profesionaltasun eza dakar (bolondresek egiten duten ahalegina eta euren borondate ona ez ditut gaitzetsi nahi, ordea).

Egoeraren azterketa egiterakoan pare bat aldiz izendatu ditugu bitartekari kulturalak. Interpretazio soziala bitartekaritza kulturalaren edo interkulturalaren funtzioen barruan sartuko genuke. Bitartekariaren figura Estatu Batuetan sortu zen 60. hamarkadan denuntzia eta nahaste burokratikoek zekarten geldotasuna arintzeko. Aurki ditzakegun definizioetan bereziki aipatzen dira arazoen negoziaketa eta funtzio komunikatzailea (egoera horietan, bi hizkuntza ezberdin hitz egiten dituzten gizabanakoen artean bermatu behar izaten da komunikazioa, baina ez beti).

Bitartekaritza interkulturalaren barruan faktore etnikoak, erlijiosoak, linguistikoak, eta abar sartuko lirateke, eta funtzioen artean honako puntu hauek aipatuko genituzke: komunikazio soziala bideratzea (interpretazio linguistikoa), etorkinei sistema berrian dauzkaten eskubide eta eginkizunei buruzko informazioa ematea, profesionalei egon daitezkeen ezberdintasun kulturalak azaltzea, laguntza pertsonala eskaintzea, dinamizazio komunitarioa bermatzea, eta abar (azken lau puntuak interpretazio sozialetik kanpo geldituko lirateke).

Madrilen, esate baterako, Bitartekari Interkulturalen Eskola jarri zen martxan 1995ean, Unibertsitate Autonomoaren eta Udaletxearen arteko akordio baten bidez. Estatuko beste hainbat lekutan ere mota honetako eskolak egon arren, Madrilgoa publikoa izateagatik bereizten da. Ikasleei ikasketa maila on bat eskatzen zaie eta makina bat lurraldetako pertsonek parte hartzen dute eskola horrek antolatzen dituen ikastaroetan (ikasleen erdia atzerritarrak dira).

Estatu mailan bitartekaritza interkulturalaren inguruan antolatzen diren ikastaroak Gobernuz Kanpoko Erakundeetako langile, etorkin, osasun arloko langile eta abarri zuzenduak egoten dira. Interpreteek funtzio garrantzitsu bat bete dezakete arlo horretan eta itzulpen-interpretazio ikasketetan ongi legoke interpretazio soziala ere irakastea (Espainian ez dago oraindik interprete sozialetarako prestakuntza eskaintzen duen inolako erakunde edo instituziorik). Ongi deritzot etorkinekin diharduten gainerako langileei prestakuntza berezi bat ematea, baina komunikazioari dagokionez, horiek ez dute interpretatzeko prestakuntza berezirik jaso eta kasu askotan ez dira pauso hori behar den bezala emateko gai izango.

Uste dut badela garaia zerbait egiten hasteko. Egunen batean egoerak gainezka egingo du eta orduan agian beranduegi izango da… Guztion esku dago pertsona horiei harrera samurragoa egitea. Ikusi dugun bezala, interpreteen egoera ez da oso ona, baina askotan, benetan diotsuet, norberaren ekarpenak irribarre bat baino gehiago lorarazi dezake bat baino gehiagoren aurpegian.

Bibliografia

HERNÁNDEZ SACRISTÁN, C. (1999), Culturas y acción comunicativa, Barcelona: Octaedro.

MARTIN, A (1996), “La interpretación social en España”, La Traducción e Interpretación, perspectivas profesionales, Granada, Universidad de Granada.

http://planetavisual.net/sc/serv/interpretes/codigo_etico.htm

http://www.madrid.org/emsi

RODRIGO ALSINA, M (2000), Identitats i comunicació intercultural, Barcelona: Eliseu Climent Editor.

Oharra

1 Definizioak “La interpretación social en España” artikuluan oinarritutakoak dira. (Martin, 96)