Pailazo baten aburuak
Pello Zabaleta

(Jose Antonio Azpirozen omenez)

Itzulpen bat, edozein, aztertzen denean, nahikoa normala da akatsak bilatzen saiatzea. «Quandoque dormitat bonus Homerus» esan ohi da, eta ondoren Homerok zenbat kuluxka egin dituen bilatzen hasi ohi gara.

Bada, ordea, beste jokabide bat, zintzoagoa eta jatorrizko testuarekiko leialagoa: lehen gauza, beraz, itzulpenak itzulpen gisa funtzionatzen ote duen galdetu behar da; ondoren etorriko dira nolatan lortu duen itzultzaileak funtziona dezan: jatorrizkoari benaz jarraiki zaion galdetu behar da, edota lasterbideak hautatu dituen, erraztasunera jotzeko (auzia gisa honetan aurkezteak eskolastika kutsua du, baina garbi xamar geratuko delakoan hautatu dut bidea).

Bestalde, kritika egiten denean, kritikariak bere zorroztasuna, hobeto jakitea erakutsi behar izaten ditu, laudoriotara mugatzeak kritikaren beraren balioa deuseztatzen duenez.

Denetik, beraz, izango da hemen. Baina ezer baino gehiago, Jose Antonio Azpirozi omenaldi xumea izango da nire ahalegina.

Funtzionatzen du Jose Antonio Azpirozen itzulpenak?

Funtzionatu esaten denean zera esan nahi da, alegia: euskaraz dagoena, jatorrizkoa ezagutu gabe, konparatzen ibili gabe, zentzuz ulertzen dela, nekerik gabe (euskararen ezagutzak berak sor ditzakeen nekeak alde batera utzita, noski) jasotzen dela mezua. Areago, oraindik: artelan bezala ulertzen dela itzulia, jatorrizkoaren ispilu eder inolaz.

Ez naiz ni bakarrik hori dioena: erraz irakurtzen da, oro har, Pailazo baten aburuak liburua. Egia esan behar bada, Heinrich Böll-en idazkera ez da oso katramilatua. Pasarte bat edo beste izan ditzake zailagoak, baina bere poesia bera ere (poesia izan ohi da itzultzen zailena) ez da oso konplikatua.

Horrek, halere, ez du sarri errazten itzultzailearen lana.

Jose Antonio Azpirozen itzulpenak funtzionatu egiten du. Irakurleak ez du estrapozu egiten gehienetan, inoiz edo behin larrialdiren bat pasatu behar badu ere.

Baina, Pailazo baten aburuak ulertu ahal izateko, ulertu behar da itzulpena egin zen garaia. Elkar argitaletxeak 1986an argitu bazuen ere, liburua lehenago itzuli zen, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egin zen akordio bati esker euskaratu baitziren hainbat liburu, gero, urtetan zokoraturik egon ondoren, azkenik argitaratuko zirenak. Horien artean zegoen Pailazo baten Aburuak, Jose Antonio Azpirozek euskaraturik.

Kontuan hartu behar da, gainera, liburu hau itzuli zen garaian apenas inor zegoela alemanetik euskaratzen zuenik. Nik neuk itzuliak nituen zenbait liburu, batez ere haur eta gazte literaturakoak. Eta guztien gainetik Heinrich Böll beraren Katarina Blumen ohore galdua, Hermann Hesseren Estepako otsoa, eta gisako bat edo beste. Lehenago, oker ez banago, Jose Azurmendi eta Joseba Arregiren artean Kolakowskiren liburu bat euskaratua zuten, alemanetik hauek ere; edo Manifestu Komunista, Xabier Kintanak euskaratua. Baina, apenas gehiago.

Beraz, ez zegoen une hartan hainbesteko tradiziorik alemanetik euskararako itzulpengintzan (itzulpengintzan bertan ere ez, bestalde). Itzultzaileen artean ez zegoen komunikaziorik, edo oso gutxi eta axalekoa zen; ez zegoen itzulpenari azken begiratua emango zionik (borondate oneko adiskideren bat ez bazen). Gerora etorri dira gauza hauek guztiak. Martuteneko Itzultzaile Eskola bera ere oinez ibiltzen ikasten ari zen artean. Gerora etorri ere etorri dira itzulpengintzari egin zaizkion laudorioak, ekarri dituen ongiekiko eskerrona.

Garai horretan, beraz, dator Jose Antonio Azpiroz, eta bere bizkar hartzen du Heinrich Böll eta gure artera ekartzen.

Gorago ere esan dut, Heinrich Böllen alemana ez dela oso zaila, ez nahasia. Baina han eta hemen atseginez tartekatzen ditu argotetik hartutako formak eta esamoldeak. Orduan, horri arrastoa jarraitzea izaten da zaila.

Honetan guztian ez du akatsik euskarazko itzulpenak.

Eta, esaten dena frogatu ere egin behar denez, hona adibidea, itzulpen eredugarri gisan hautatua. 278. orrialdean dator:

«Artista batek heriotza berarekin darama beti, apaiz on batek bere brebiarioa daraman bezalaxe. Nik badakit, zehatz jakin ere, nire heriotzaren ondoren zer gertatuko den: Schniertarren hilobiari ezin izuri egin izango diodala. Ama nigarrez arituko da, esanez bera izan dela ni egundaino ulertu nauen bakarra. Nire heriotzaren ondoren edonori kontatuko dio 'gure Hans, benetan, nolakoa zen'. Gaurko egunera arte eta, ausaz, eternitate guztian zehar, ia sinistuta egon ohi da ni 'sentsuala' eta 'diruzalea' naizela. Honela arituko da: 'bai, gure Hans horrek dohainak bazituen, ondikotz disziplinarik gabea zen, baina bai dohainez betea, bete betea'. Sommerwildek honela esango du: 'gure Schnier zintzo hori, atsegina gizona; tamalez, erauzi ezineko herra antiklerikala zuen eta inolako sentipenik ez metafisikarako'. Blothertek pena izango du ni, publikoki hil nintzaten, bere heriotz zigorrarekin nahiko azkar saiatu ez zelako. Fredebeulentzat 'ordaririk gabeko tipoa' izango naiz, 'inolako ondorio soziolojikorik gabea'. Kinkelek, benetako doluminez, nigar egingo du, erabat lurjota geratuko da, baino beranduegi. Monika Silvsek nigar zotinak egingo ditu nire alarguna bailitzan, eta damu izango da niregana berehala etorri ez zelako tortila hura egitera. Mariek hil naizenik ere ez du sinistuko, Züpfner utzi eta hotelez hotel ibiliko da, alferrik, nire galdea eginez.»

Zer kritikaturik ere badago

Arestian esana utzi dut: kritikari batek kritika egin behar duela, eta nondik edo handik aurkitu behar duela zer kritikaturik.

Liburu honetan, bi alderdi badaude gutxienez, kritika daitezkeenak oker daudelako: alde batetik argitalpena bera, eta bestetik itzulpena.

a) Argitalpena

Baliozko liburua da Pailazo baten aburuak. Elkar argitaletxeak 1986ean argitara emana.

Errakuntzen aldetik, penagarria da argitalpen hau: bi zati falta dira gutxienez: 258. eta 280-1. orrialdetan. Ez dakit hemen Homero izan zen lokartu zuena, hala haren itsumutila.

Baina, aparte, ehundaka pare bat errakuntza badituela esango banu, ez nintzateke oker ibiliko. Beraz, egunen batean —Jainkoak hala nahi dezala— liburu honen argitalpen berria egingo balitz, errepasotxo bat eman beharko litzaioke testuari, hobetu alde.

b) Bestelako oker txikiak

Era askotakoak dira itzultzaileari berari egoz lekizkiokeen oker batzuk. Bat edo beste aipatuko ditut.

Badira, ezin erabaki eta, behin honela, hurrengo bestela ipinitakoak: Ebanjelio/ebangelio, jertsei/jertze, beharek/bearek (berak, berberak), hauregoiztea/haurgaltzea, e.a. Bada hitz bat harritu nauena: Kutuna: "Hirugarren Ordeneko (sic) kide zen eta beti kutuna zeraman bere boseolari bular zabalaren gainean» (88. or.). Kutuna amuleto gisako bat da, antzina haurrei lepotik zintzilik ipini ohi zitzaiena. Ordenetakoa, aldiz, eskapularioa da («eskuplaio ta soka jantzirik», dio Frantziskotarren Hirugarren Ordenako ereserkiak).

Badira, ordea, erabilera gaiztoak (nire ustean, oker direnak, noski). Hona adibide batzuk, baina guztiak jasotzeko asmorik gabe bilduak.

  • • -KO, -REN. Hona esaldia bere osoan: «—Zergatik ez? —esan zidan haserre—. Autoaren giltza emaidak. Eman nion autoko giltza» (76-77 orriak). Gaur oraindik guztiz erabaki gabe daukagun auzia dugu hau. Villasantek —buruz eta buruan daukadanaren arabera soilik aipatzen dut— zalantzarik izatekotan, -ko hobesteko gomendioa ematen du bere liburuetako batean. Ni ere -ko hobestearen aldeko naiz, eta gogor egiten zait harako «partidu sozialistaren idazkaria eta gisakoak entzuten ditudanean (bizidun-bizigabe ez baita bikote egokiena -ren eta -ko bereizteko, beste non edo han irakurri dudan bezala. Egunen batean ebatsiko ahal du auzi hau Euskaltzaindiak).
  • -LAREN. Jose Antonio Azpirozi ez ezik, beste zenbaiti ere irakurri diot -laren erabiltzen, eta haren defentsa egiten ere entzun diot. Gaztelerazko de que itzultzeko erabiltzen dela iruditzen zait —oker ibil naiteke, halere, ni—. Eta -LAKOren kalkoa litzateke. DELAKO, DELAKOAREN erabiltzen den bezala, DELAREN erabiltzeko joera ez bide da harritzeko. «Iturburu horretatik ezer garbirik aterako ez nuelaren irudipen iluna etorri zitzaidan burura» (209. or.). Nik bestela itzuliko nukeen: Iturburu horretatik ezer garbirik aterako ez nuen irudipen iluna etorri zitzaidan burura. Eta kito. Behin baino gehiagotan aurkitu diot erabilera hau Azpirozi: «zebilelaren» (71. or.), edo «nagoelaren» (90. or.).
  • DENAREN. Hau ere de que itzultzeko erabili du Jose Antoniok behin baino gehiagotan. «Etorriko denaren itxaropena». Aski litzateke, «Etorriko den itxaropena» besterik gabe jartzea. Gaztelaniazkoa gaztelaniak dituen baliabideak erabiliz itzuli nahi izateagatik sor daitezke gisako akatsak.
  • «Bizi izateko gutxiena» (254. or.). 1980. urte ingurutan gaude Pailazo baten Aburuak euskaratzen denean. Gaur euskarak bide luzea dauka egina. Une haietan oraindik gaurko estrata zabal hau nondik joango zen sumatu ezinik genbiltzan. Eta hortik datoz aipatzen ari naizena bezalako akatsak. Gaur guztiz garbi daukagu minimo vital beste era batera euskaratu behar dela: bizi izateko gutxienekoa esango genuke (ezinbestean hurrengo berriro egingo den argitalpenean zuzendu beharreko txikikeria da hau).
  • «Apaiz izateko prestakuntzarekin hasiko naizela» esaten du Azpirozek 83. orrialdean. Eta ez dut aukera hau galdu nahi kalkuluei buruz hitz pare bat esateko. Gero eta sarriago entzuten baita «epaile lanetan» eta gisakorik. Garai batean —garai batekoa naiz ni dagoeneko—, «epaile» edo «epailea» esan ohi zen, gehiagorik gabe, lana zen ala ez zen alde batera utziz. Hemen ere, aski zukeen Jose Antoniok «apaiz izateko prestatzen hasiko naizela» esan izan balu.
  • Bada esaldi bat, aposizio gisan osatua, baina orobat gisa okerrean antolatua: «Garai batean, Bonn ez omen zegoen hain gaizki bere kaletxo estuekin, bere liburudenda, ikasle elkarte eta okindegi txiki, atzealdean kafea hartzeko toki egokia zutenak». Beharbada, azken zatiak beste gisa honetara beharko zukeen: «eta atzealdean kafea hartzeko toki egokia zuten okindegi txikiekin».

c) Esaldia borobiltzen duten gauza txikiak

Hizkuntza guztietan aurkitzen ditugu gisako «gauzatxoak»: adberbioak batipat. Alemanak asko ditu, benetan asko. Eta batzuetan zail egiten da «gauzatxo» horiek beren osoan euskaratzea. Alde batera uzteko tentazioa izan ohi dugu guztiok. Esaldiari ezer berririk erasten ez diotelako, gehienetan. Baina, batzuetan gatza eta grazia gaineratu ohi diote esaldiari.

Liburu honetan Heinrich Böllek ironia fina ezezik gordina ere erabiltzen du.

Hala dio alemanez 22. kapituluan H. Böllek:

«Und ich sagte nein, ich müsse erst die Lebensbedingungen hier ein wenig studieren, denn Sinn der Komik läge darin, den Menschen in abstrakter Form Situationen vorzuführen, die ihrer eigenen Wiklichkeit entnommen seien, nicht einer fremden, und es gäbe ja in ihrem Land weder Bonn noch Ausichtsräte, noch Kardinäle. Sie wurden unruhig, einer wurde sogar blaß und sagte, sie hätten sich das anders vorgestellt, und ich sagte, ich auch. Es war scheußlich. Ich sagte, ich könnte ja ein bischen studieren und eine Nummer wie "Sitzung des Kreiskomitees" vorführen oder "Der Kulturrat trit zusammen" oder "Der Parteitag wählt sein Präsidium" oder "Erfurt, die Blumenstadt"; es sah gerade um den Erfurter Bahnhof herum nach allem anderen, nur nicht nach Blumen aus - aber da stand der Hauptmacher auf, sagte, sie könnten doch keine Propaganda gegen die Arbeiterklasse dulden. Er war schon nicht mehr blaß, sondern richtig bleich -ein paar andere waren wenigstens so mutig zu grinsen.»

Jose Antonio Azpirozen itzulpenak (259. or.):

«Ezetz esan nien, lehenik bertako bizi egoera aztertu behar nuela, izan ere komikotasunaren zentzua gizonaren beraren errealitatetik, ez errealitate arrotzetik, harturiko situazioak era abstraktoan agertzean zetzala eta haien herriak, ez Bonn ez Administral Kontseilu edota Kardinalik izaki: urduri jarri ziren, baita haietako bat zurbil ere, eta beste era batera imajinatu zutela guztia esan zidan; «baita nik ere», erantzun zion. Giroa ezin makurragoa zen. Pittin bat estudiatu eta numeroren bat bururatu nezakeela esan nien, hala nola «Auzo Komiteko esertaldia» edo «Kultur Kontseilua elkartzen da» edo «Alderdi Asanbladak lehendakaritza aukeratzen du» edo «Erfurt, loreen hiria». Egia esan, Erfurteko geltokiaren inguruak gauza askoren itxura zuen, loredun itxurarik ez hala ere. Nagusiak, jeiki eta esan zuen ezin zutela langile klasearen aurkako propagandarik jasan. Ordurako ez zegoen zurbil, benetan elurra bezala baizik, beste zenbaitzu, gutxienez, irribarre oker bat egiten saiatu ziren».

Nik proposatuko nukeena:

«Eta nik ezetz esan nien, hasteko hemengo bizi egoera pixka bat aztertu behar nuelako, komikotasunaren muina, izan ere, gizakiei beren errealitate propiotik, ez arrotz batetik, hartutako egoerak era abstraktuan aurkeztean datzalako eta beren lurraldean ez zegoelako egon ez Bonnik, ez Administral Kontseilurik, ezta kardinalik ere. Urduri jarri ziren, bat are zurbil jarri zen, eta esan zuen beraiek hori beste era batera imajinatu omen zutela, eta nik esan nien nik ere baietz. Gogaikarria zen giroa. Nik esan nien pixkatxo bat azter nezakeela eta «Auzo Komitearen bilera» bezalako numero bat aurkeztu, edo «Kultur Kontseilua elkartzen da» edo «Alderdi Asanblada lehendakaritza hautatzen» edo «Erfurt, loreen hiria»; Erfurteko estazio inguruak, egiaz, beste edozeren antza du, loreena ezik... baina orduan buruzagiak zutitu eta esan zuen ezin onar zezaketela inolako propagandarik langileriaren aurka. Bera ez zegoen jada zurbil, baizik zinez zuri-zuri eginda... beste pare batek irribarre egiteko adinako kemena zuen gutxienez».

Itzulpen biak erkatuz gero, nabari dira «gauza txiki» horiek: konpletiba zen esaldi bat, kausal bihurtu da: aztertu behar nuela - aztertu behar nuelako. Azpirozek errealitate errepikatu egiten du, eta ni saiatu naiz jatorrizkoari hurbilagotik jarraitzen baina argitasunari ilaundu gabe. Haien herriak susmoa daukat ez ote den argitalpen errakuntza, herrian hobeto letorkeelako eta alemanezkoak ere hala dioelako (in ihrem Land; bestalde, kontuan hartu behar da Alemanian lurraldeak daudela: Land, Länder).

Gauzatxo txiki bat badago esaldi horretan, itzulpenean guztiz alde batera uzteko tentazioa ematen duena: es gäbe ja dio testuak. Ja hori alde batera utz daiteke noski, Azpirozek egiten duen bezala. Nik intentsibotzat hartu dut eta ez zegoela egon ipini dut (egiaz, apenas ezer gaineratzen dion testuari!).

Txikikeria hauen artean bada beste bat, hara, niri grazia egiten didana, eta nik "Buruzagi" hitzaz euskaratu dudana, eta Azpirozek Nagusi hitzaz. Zergatik egiten didan grazia? Nire ustez, pailazoak kontatzen duenaren arabera, egoera guztia nahikoa barregarria zen, eta han bazen bat «Buru egiten zuena» (Hauptmacher); baina ni ez naiz ausartu hala itzultzen, eta «Buruzagia» esanez konfomatu naiz.

Azpirozek beste pasarte batean Böllek esaten ez duena esaten du: Ordurako ez zegoen zurbil, benetan elurra bezala baizik. Nik berriz: Bera ez zegoen jada zurbil, baizik zinez zuri-zuri eginda. Elurrik ez du aipatzen Böllek: Er war schon nicht mehr blaß, sondern richtig bleich. Zurien arteko mailaketa dago: Blaß-zurbil, Bleich-elurra bezala (Azpiroz), zuri-zuri (nik). Agian, muda-muda eginda edo erabat mudatuta itzuli beharko litzateke, mudatuaren kolorea zuria denez. Baina, ondoezagatik mudatu gabe ere, zuri-zuri jar liteke bat ondoezagatik bezala amorruagatik ere.

Eta gisa honetara, beste zenbait gauzatxo.

Baina, hara bat batean: itzultzaile euskaldunak asmatzaile izan behar du sarri, eta alemanetik ari delarik egunero. Aurrizkiak eta atzizkiak dantzan ipini behar ditu, eta inoiz edo behin emaitza ederrak asmatu ere asmatzen ditu, euskarari —euskal idazleari eta euskal irakurleari— bide berriak zuinduz. Hona bitxi horietako bat Jose Antonio Azpirozi jasoa: «...eta denak defentsiba irritagarri, inoiz ia malkogarriko egoeran aurkitzen ziren» (82. or.).

Amaitze aldera

Itzulpenak funtzionatzen ote duen galdetzen nuen nik hasieran. Eta baietz erantzun diot behin eta berriro. Hala delako. Jatorrizkoari dagokionez, leial jarraitu zaion ala lasterbideak hautatu dituen ere galdetzen nuen nik. Eta Jose Antonio Azpirozen testuan bietarik dagoela esan behar, gainerako itzultzaile guztiengan bezala (oker irakurririk ere izan ohi da batzutan tartean).

Baina, galderarik garrantzitsuena artelan batean izan ohi da: ea jatorriz artelan zena, itzulitakoan oraindik artelan ote den. Eta horretan, bai, horretan ez dago zalantzarik: Jose Antonio Azpirozen Pailazo baten aburuak artelana da, bere akats akats, eta bere bertuteak bertute. Non saepe dormitavit bonus Azpiroz (ez zuen askotan lokuluxkarik egin Azpiroz zintzoak). Eta denok eskertu beharko genioke Heinrich Böll euskaratzen hartu zuen lana.