Aldizkari zientifiko baten zuzentzailea: ergatibotik ortotipografiara, zientziaren bideetatik
Gidor Bilbao Telletxea

Euskarazko zuzentzaileen jardunaldietan leku bat merezi duela Uztaro aldizkariko zuzenketa-lanak erakusteko, galdera bati erantzun beharko diogu: zertan da desberdina aldizkari zientifiko bateko zuzentzailearen lana? Horretarako, Uztaro aldizkari zientifiko gisa autodefinitzen denez, komenigarri izango da aldizkari zientifikoen ezaugarriak aurrez ezagutzea (zuzenketa-lanerako esanguratsu diren heinean), eta aldizkari zientifikoetan zein langile izaten diren jakitea. Hori argitu ondoren, Uztaro aldizkariaren historia eta zuzenketa-prozesua aztertu ahal izango ditugu.

Aldizkari zientifikoaren ezaugarriak

Lehenik eta behin, aldizkari zientifikoa aldizkakoa da eta erregulartasunez argitaratu ohi da. Uztaro aldizkariak, esaterako, urtean lau zenbaki argitaratu ohi ditu, guztira 500 orrialde.

Gure testuinguruan, arazo handi bat dator ezaugarri horri lotuta: orijinal onak eta txarrak onartzen dira azkenean, erredakzioan bertan zuzentzeko eta hobetzeko asmotan (hala edukiari dagokionean, nola hizkuntzari edo alde formalari dagokionean), derrigorrez hiru hilarik behin 125 orrialde bete behar direlako. Eta horrekin, jakina, zuzentzailearen lana are zailagoa bihurtzen da.

Bigarren ezaugarria: aldizkari zientifikoan egile askok idazten dute.

Ondorioz, zenbaki berean artikulu bat erraz-erraza izan daiteke, eta beste bat zaila baino zailagoa. Zuzentzailearen ikuspegitik, ipuinaren eta nobelaren artean bezala, hemen ere gustuak daude: zuzentzaile batek nahiago izango du laburrean garbitu kontua, eta beste erronka bati ekin berehala (artikulu bakoitza sorpresaz beteriko erronka izaten baita), eta beste zuzentzaile batek nahiago izango du arnasaldi luzea erabiltzeko aukera ematen duen liburua (idazle bakar batek aspertu egingo du, ordea, lehengo zuzentzaile artikuluzalea).

Ustez, jende ikasia izan ohi da artikulu-egile; gehienetan, unibertsitateetako irakasleak izaten dira, baina ez idazleak, edo idazten trebeak. Mundu guztian gertatzen da, jakina (gogoratu, adibidez, badela "idazketa-zerbitzua" eskaintzen duen lanbidea ere: zientzialariak emandako ideiak idazten ditu idazleak, zientzialariaren zirriborroetatik abiatuta, ordainketaren truke), baina, gure munduan, beste munduetan baino larriagoa da, agian, arazoa.

Sarri etortzen dira euskaraz alfabetatu gabeak direnek idatziriko artikuluak. Gertakizun hori azpimarratu nahiak eman digu artikuluarentzat hautatu dugun izenburuaren giltzetako bat («ergatiboa»): hizkuntza-arazo gehienak hizkera arruntari dagozkionak izaten dira, ez hizkera zientifikoari dagozkionak: ergatiboa falta da, perpausa berregituratu behar da ulertzen ez delako, aditzaren komunztadura aldatu behar da...

Ideia horrekin lotuta, bada beste gertakizun aipagarri bat ere: sarri etortzen dira "gaztelaniaz edo frantsesez irakurri" behar diren artikuluak. Esan nahi baita, idazleak autoitzulpena egiten duela. Gaztelaniaz edo frantsesez pentsaturikoa euskarara itzultzen du, jatorrizkoari hertsiki lotuta, ez baita itzultzaile trebea. Halakoetan, zuzentzailearentzat ez da lan zaila izaten (baina bai neketsua) atzerako bidea egitea: gaztelaniazko edo frantsesezko jatorrizkoa asmatu eta itzulpen egokia eman.

Aldizkari zientifikoaren hirugarren ezaugarria: aldizkari zientifikoak jakintza-alor jakin batzuetakoak izan ohi dira, ez orotarikoak.

Ondorioz, irakurlea ere jakintza-alor horretan edo horietan aditua izaten da. Idazlea baldarra bada ere (eta larregitan izaten da baldarra), irakurlea zorrotza izango dela pentsatu behar du zuzentzaileak; eta ez du ahaztu behar artikuluaren kalitatea ez dela soilik idazlearen ardurapekoa, aldizkariak ere idazleak bezainbesteko ardura duela produktu ona eskaintzeko: edukia, hizkuntza (ortografia eta gramatika), estiloa eta aurkezpen-era.

Zuzentzaileak ez du ezinbestean jakintza-alor horretan aditua izan behar (aditua baldin bada, hobe), baina gutxienez ulertzeko eta dokumentazio-lana egiteko gaitasuna izan behar du (itzultzaileak bezala). Dokumentazio-lana, modurik zabalenean ulertu behar da, baina, funtsean, terminologia bilatzeko gaitasuna izan behar du zuzentzaileak. Uztaro-ren kasuan, terminologia izaten da hizkera arruntetik "gora" geratu ohi den arazo bakarra[1].

Zuzenketa-lanerako garrantzitsuak diren ezaugarrien artean laugarrena aipatuko dugu, azkenik: aldizkari zientifikoek aurkezpen-arau zehatzak izan ohi dituzte.

Batzuetan nazioarteko arauak onartzen edo egokitzen dira (Vancouver arauak medikuntzan, APA-ren arauak psikologian, edo ISO arauak bibliografia emateko, adibidez) baina askotan aldizkariek bere arautegia eta are estilo-liburua argitaratu ohi dituzte.

Gaur egun, "UEUren liburuek eta UZTAROko artikuluek bete behar dituzten arauak" (2001ean onartua) da Uztaro-k erabiltzen duen aurkezpen-arautegia[2]. "Egileentzako informazioa eta arauak" izenburuarekin argitaratzen dira Uztaro-n, zenbaki guztietan, eta egileak berak bidali beharko luke artikulua hartara egokituta, baina Uztaro-n lan egin dudan bederatzi urteetan uste dut idazle garau batek ere ez dituela oso-osoan bete (eta gehienek ezta urrunetik ere).

Zer arautu ohi da halakoetan? Uztaro-renean, esaterako, besteak beste, ondokoak zehazten dira: izenburuetan, atalburuetan, azpiatalen buruetan... erabili beharreko letrakera-mota; aipamenak emateko modua (sangratuak, aipu-markak eta kakotxak...); kakotx-mota bakoitza noiz eta zelan erabili; taulak eta irudiak nola adierazi; bibliografia antolatzeko modua, kasu ohikoenak zehaztuta; bibliografia-aipuak aurkezteko modua...

Aldizkari zientifikoko langileak

Esan dugu artikuluaren kalitatea ez dela soilik idazlearen ardurapekoa, aldizkariak ere idazleak bezainbesteko ardura duela produktu ona eskaintzeko: edukia, hizkuntza (ortografia eta gramatika), estiloa eta aurkezpen-era. Baina, nork egiten du lan hori guztia aldizkari zientifikoan?

Uztaro-ko langileak ondokoak dira: zuzendaria, erredakzio-kontseilua, maketatzailea (eta administrazio-kontuen arduraduna), eta hizkuntz-orrazketaren arduraduna.

Jokin Apalategi da zuzendaria, aldizkaria 1990ean sortu zenetik. Erredakzio-kontseiluan lau, bost, sei, zazpi... lagun izan dira, aldien arabera, aldizkariaren jakintza-alorretakoak; askotan lotura izan dute UEUko sailekin, baina kontseilukideak ez dira ezinbestean sailburuak (bai UEUkideak). Mari Karmen Menika (hasieran) eta Nekane Intxaurtza (1994tik hona) izan dira maketatzaile eta administrazio-kontuen arduradun gisa denbora gehien jardun dutenak. Hizkuntza-orrazketari dagokiona gero ikusiko dugu, Uztaro-ren historia aztertzean, eta orduan aipatuko ditugu izenak eta lanaren eboluzioa.

Edukiaren ardura nagusia erredakzio-kontseiluak dauka; askotan artikuluari dagokion alorreko UEUko sailburuari eskatzen zaio iritzia. Hizkuntza, zalantzarik gabe, hizkuntza-zuzentzaileari dagokio. Estiloa? Baita.

Eta aurkezpen-arauak? Berez, egileari dagokio lan hori, baina ez du egiten; erredakzio-kontseiluko kideari dagokio egilea behartzea, baina gehienetan ezin izaten du (eta, jakina, berak ez du egiten). Maketatzaileak hartzen du zati handi baten ardura (erabat automatikoak diren kontuak: atalak, azpiatalak, tamainak, bibliografiaren lehenengo garbiketa, taulen lehenengo garbiketa, aipuen lehenengo garbiketa...), baina ez dauka gauza asko zertan jakin (funtsean, maketatzaileak berdin egin beharko luke lana ezagutzen ez duen hizkuntzan idatziriko artikuluekin ere, ezer ulertu gabe). Beste aldizkari batzuetan editorea izaten da horren ardura hartzen duena, baina Uztaro-k ez dauka editore izenekorik. Ezinbestean, zuzentzaileak egin behar izaten du, azkenean, lan hori ere. Hortik hartu dugu, beraz, izenburuko bigarren giltza: «ergatibotik ortotipografiara».

Zertan da desberdina aldizkari zientifiko bateko zuzentzailearen lana?

Hortaz, orain arte ikusitakoarekin, prest gaude galdera nagusiari erantzuteko: zertan da desberdina aldizkari zientifiko bateko zuzentzailearen lana?

Hizkuntza-zuzentzaile guztiek bezala, hizkuntza zuzendu behar du: ortografia, gramatika, sintaxia, ulergarritasuna...

Estiloa ere zuzendu behar du: aldizkariak zehazturik dituen kontuetan zalantzarik gabe, baina baita idazkera zientifikoari oro har dagozkion guztietan ere. Adibide bat jarriko dugu, erraz-erraza, sarri zuzendu behar izaten dena: «lantxo honetan...». Zuzentzaileak gogoratu behar du gure aldizkari zientifiko goi-mailako hanpatuan ez direla "lantxoak" argitaratzen, «artikulu zientifikoak» baino (are maiuskulaz ere, gehiago hanpatu nahi izanez gero).

Aldizkariaren jakintza-alorra ezin da izan zuzentzailearentzat erabat arrotza. Ez, behintzat, testua ez ulertzeko beste. Edozelan ere, dokumentazio-lana egiteko gaitasuna izan behar du.

Azkenik, aurkezpen-arauak aplikatzen jakin behar du, eta zehatza izan horretan. Eta ez da erraza.

Lan-aniztasun horren ondorioz, ezinbestekoa izaten da, ia beti, bi, hiru edo lau bider zuzentzea artikulu bakoitza, maketatzailearekin elkarlanean: zuzendu-garbitu-zuzendu-garbitu-zuzendu-garbitu... behar den beste bider. Baina gero ikusiko dugu, zehatzago, zuzenketa-prozesua.

Uztaro aldizkariaren historia

Lau data hautatu ditugu Uztaro aldizkariaren historian (1990, 1995, 2001 eta 2004), zuzentzaile-lanak Euskal Herrian izan duen bilakabidea nolabait islatzen duelakoan.

1990ean sortu zuen UEUk «Uztaro. giza eta gizarte-zientzien» aldizkaria deitu zaio hasiera-hasieratik. 0 zenbakiko idazleentzako informazioan dakar, funtsean (gero zertxobait aldatu den arren), aldizkaria zer den:

Uztaro aldizkariaren helburua giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak argitaratzea da. Tratatuko dituen gaiak hauek izango dira besteak beste: ekonomia, psikologia, soziologia, kazetaritza, linguistika, glotodidaktika, zuzenbidea, pedagogia, historia eta geografia.

Orduan, argi zegoen hizkuntzari arreta berezia eman behar zitzaiola, eta zuzentzailearen lana ezinbestekoa zela. 1990eko idazleentzako informaziotik hartu dugu beste hau ere:

Originalak euskara batuaz idatzirik etorriko dira eta Euskaltzaindiak emandako arauetara moldatu beharko dute. Hizkuntz zuzentzaileak artikuluaren hizkuntz zuzentasuna ziurtatzeko beharrezko aldaketak egiteko eskubidea izango du. Egileari jakin eraziko zaio.

Alfontso Mujika izan zen lehenengo zenbakietan (eta gero ere urte askotan, 2002ra arte, beste batzuekin batera) «Hizkuntz orrazketa»-ren ardura hartu zuena. Aipagarria da, argitaletxeetan orduan gertatu ohi zenaren isla delako, Alfontso Mujika ez zuela Uztaro-k zuzentzaile gisa kontratatu, UEU-k kudeaketa-lanetarako baino; eta beste lan askoren artean sartzen zen, hasieran, hizkuntza-zuzenketa.

1995eko data ere horregatik da, besteak beste, aipagarria. Izaro Gurrutxaga kontratatu zuen orduan UEUk administrazio-lanetarako, eta zuzentzaile gisa esperientziarik izan ez arren, eta hartarako ikasketa egokirik izan ez arren (enpresa-ikasketak zituen), hautaketan euskara-maila eta ingeles-maila aztertu ziren, eta lanpostuaren eginkizunetan argi zegoen zuzentzaile-lana egin beharko zuela (eta artikuluen ingelesezko laburpena ere berak egin zuen urte haietan).

Urte horretan sartu zen Nekane Intxaurtza aldizkariaren erredakzio-kontseiluan, eta orduez geroztik bera izan da maketazioaren arduradun bakarra.

Orduan sartu nintzen ni ere, hala erredakzio-kontseiluan nola zuzentzaile-lanetan. Ikasketaz filologoa naiz, eta Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo. International Journal of Basque Linguistics and Philology aldizkarian izan dut nire lehenengo zuzentzaile-esperientzia; han ikasi dut, hala euskarazko nola gaztelaniazko artikuluak (besteak beste Manuel Agud eta Antonio Tovarren Diccionario etimológico vasco-ren atal ugari) zuzenduaz, dakidanaren zati handi bat. Han jabetu nintzen, besteak beste, ortotipografiaren garrantziaz.

Orain, berrirakurtzen ditudanean, ez zait iruditzen testu txar-txarrak argitaratzen genituenik, baina ez dakit nola lortzen genuen, hiru zuzentzaileen zuzenketak sartzen baitzituen maketatzaileak, hartu ahala, hiruen arteko inolako lotura eta sekuentziarik gabe.

Beste kontu batengatik ere bada aipagarria 1995a Uztaro-ren historian: urte horretan argitaraturiko 14. zenbakian, goitik behera aldatu zen «Idazleentzako informazioa». Euskarazko aldizkari batek inoiz izan duen aurkezpen-arautegirik zehatzena izango da, ziurrenik, orduan argitaratua, baina aitortu behar da zor handia zuela Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo. International Journal of Basque Linguistics and Philology aldizkariko «Egilearentzako oharrak» atalarekin.

Besteak beste, jakintza-alor gehiago hartzeko aldatu zen arautegia, betiere UEUko sailekin lotuta (filosofia, soziolinguistika, literatura, itzulpengintza, ikasketa klasikoak, artea eta musika erantsi ziren). Zuzenketa-lanaren funtzio pedagogikoa ere islatzen du nolabait arautegi horrek, idazleari zuzenketak erakustean, egilearekiko begirunea agertzeaz gain, aholkulari- edo trebatzaile-lana egitea ere beti izan baitu gogoan UEUk:

Hizkuntz zuzentasuna ziurtatzeko edo aldizkariaren aurkezpen arauetara egokitzeko, onarturiko artikuluak aldaketaren bat behar izanez gero, astebeteko epea izango du egileak, Kontseilu Batzordearen erantzuna hartzen duenetik, testu zuzendua bidaltzeko idazkaritzara.

Argitaratu baino lehen gutxienez behin hartuko du egileak bere artikuluaren testu maketatua, originalarekin batera, eta astebeteko epea izango du...

Beste aldaketa batzuk ere etorri ziren hurrengo urteetan. Esaterako, 1996az geroztik urtero 4 zenbaki argitaratu ziren (Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen deialdiak behartuta), ordura arteko 3 zenbakiei laugarren bat erantsita. Edo 1998ko 24. zenbakian erabili zen lehenengo aldiz zutabe bakarra maketazioan (liburu-aipamenetan kenduta). Aldaketa horrek badu zerikusia aldizkari-ereduarekin, itxura arinagoa emateko hautatu baitzen hasieran bi zutabetan argitaratzea; baina horrek arazo larregi sortzen zuen lerro-aldaketekin (gidoi larregi sortzen baitzen) eta taula, adibide... eta estilo berrian proposaturiko aurkezpen-arauekin (koxkak batik bat).

2001eko urteak ere esangura berezia du Uztaro-ren historian. Urte horretako 38. zenbakian hasi zen Arantza Bilbao zuzentzaile-lanetan (2000.ean utzi zuen Izaro Gurrutxagak lan hori). Arantza Bilbao ere ikasketaz filologoa da, baina badu ezaugarri berezi bat, testuinguru honetan oso esanguratsua: UEUn Jose Ramon Etxebarriak antolaturiko zuzentzaile-ikastaroko ikaslea izana da.

2000tik urtetik ari zen Jose Ramon Etxebarria UEUren liburuak zuzentzen, hasieran soldatarik gabe, gero (musutruk lan asko egin eta gero) orrialdeka kobratuta; hasieran merke-merke, gero merke. UEUn gero eta ardura handiagoa zegoen zuzentzaile-taldea osatu beharraz, eta Jose Ramon Etxebarriari eskatu zion zuzentzaileak prestatzeko ikastaroa antolatzeko. Horietako baten emaitza da Arantza Bilbao Uztaro-ko zuzentzaile-taldean sartzea.

Zuzentzaileen talde-lana ere, berez, orduan hasi zen, eta orduan ezarri genuen lehenengoz funtzio-banaketa argia: Arantzak lehenengo bi edo hiru zuzenketak egiten zituen, funtsean hizkuntzari begiratuta, eta nik, gero, beste bi edo hiru zuzenketa-aldi, hizkuntzari gutxiago eta gehiago ortotipografiari eta aurkezpen-arauei begiratuta. Azken zuzenketa neuk egiten nuen beti, maketatzailearekin batera.

Azkenik, 2001. urte horretan, UEUren liburuen-aurkezpenerako arauak idatzi genituen Etxebarriak eta biok, funtsean Uztaro-ren idazleendako oharretan oinarrituta (ikus eranskina).

Azken urratsa 2004an eman du Uztaro-k, 48. zenbakian. Zuzentzaile-lanpostua sortu du UEUk liburugintzarako (egitasmo horretan sartzen da Uztaro), lehenengoz soldata osoarekin, eta Ander Altunak irabazi du, lehiaketan. Ikasketaz filologoa da, eta aurretik ere itzultzaile eta zuzentzaile lanetan aritua, argitaletxe batean. Profesionalizaziorako urratsa izan da, beste erakunde batzuetan eman denaren antzekoa.

Zuzenketa-prozesua Uztaro aldizkarian

Jakintza eta eduki kontuak bermatu ondoren, maketatu egiten da testua.

Hor egiten du maketatzaileak aurkezpen-arauetako lehenengo garbiketa.

Zuzentzaileak hartzen duenean, gerta liteke idazleari berriro itzultzea, ohar txukun batekin batera: «oso ona da edukiari dagokionean, baina... emaiozu zuzentzaile bati eta ekarri berriro, hizkuntza zuzenduta».

Bestela, zuzentzaileak lehenengo garbiketa egiten du (eskuz), hizkuntzari begira gehien bat, eta aurkezpen-arauetako gauzarik larrienei. Zuzenketak sartzen dira, maketazioan. Gero, zuzentzaileak berriro irakurtzen du, lehengo zuzenketei begiratu gabe, berriro ere hizkuntzari begiratuta, baina aurkezpen-arauetan gehiago zehaztuta.

Era guztietako kontuei adi egon behar du zuzentzaileak: kontuz ibili behar du, adibidez, aipu bibliografikoekin, ez baitira beti, gero, bibliografian agertzen; kontuz koadroekin, portzentajeen batuketa ez baita beti 100 izaten; urteak idaztean, esaterako, sarri nahasten dira 1696 eta 1969; taulak errepikatzea oso ohikoa da; modan dago oharren zenbaketaren dantza; maketatzaileari ihes egiten diote hitzek koadroetatik; lerro guztiak eta zuriune guztiak izan behar dira susmagarriak zuzentzailearentzat; eta susmagarrienak aurkibidea, izenburuak eta laburpenak.

Behar den beste bider errepikatuko da urrats hori. Azkenean, egun oso bat eman ohi du zuzentzaileak maketatzailearekin: dena berrirakurri (ez osorik), azkenengo zuzenketak ea ondo sartu dituen ikusi...

Orduan, egileari bidaltzen zaizkio orijinala eta testu zuzendua (eta testu markatuak). Bi xede ditugu: egilearekiko errespetua eta pedagogia (egileari bere akatsak erakusteko), biak garrantzitsuak UEUrentzat. Baina aldaketa-proposamen gutxi etortzen dira urrats horretan. Harrigarriena da, hain zuzen, gutxitan kexatzen direla idazleak egin zaizkien zuzenketez.

Ondorioak

  1. Zuzentzailea ezinbestekoa da.
  1. Aldizkari zientifikoetan, hizkuntza baino gehiago da zuzentzaileak zuzendu beharrekoa (eta horretarako formazio berezia behar da).
  2. UEUk eskuzabaltasuna erakutsi du urteotan: dohainik zuzendu ditu unibertsitate-irakasle askoren lanak, eta irakasten edo trebatzen ahalegindu da.
  3. Uztaro aitzindaria izan da ortotipografiaren eta aurkezpen-arauen garrantzia ikusten (1995).

Eranskina:

UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA.

LIBURUGINTZA

1. Liburuek eta Uztaroko artikuluek bete behar dituzten arauak

  • Originalak diskete informatikoan aurkeztu behar dira. Word programa erabiliko da (PC edo Macintosh formatuetan), eta Times letra-mota.
  • Lanaren bi kopia bidali behar dira UEUra, DIN A4 formatuan.
  • Irudiak, grafikoak, taulak, etab. euskarri informatikoan aurkeztuko dira. Irudien kasuan, irudi bakoitzaren PostScript-a bidaltzen saiatu behar da.
  • Argazki-material guztiek ondoz ondoko zenbakiak izan behar dituzte, sail bakar batean eta aurretik "irudia" hitza dutela, dagokien oinarekin eta testuan non kokatzen diren adierazten dela.
  • Egileak bere argazkia, bere datuak (lerro pare bat, solapan ipintzeko) eta liburuaren azalpena (7-10 lerrokoa, atzeko azalean idazteko) bidaliko ditu liburuarekin batera.
  • Kapitulu, atal eta azpiatalen egitura eta tamainak:
  • Liburuetako kapituluen izenburuak letra larri lodiz idatziko dira (tamaina: times 18, helvetica 14).
  • Atalburuak, letra xehe lodiz jarriko dira, baina erdian lerrokatuta (tamaina: times 14, helvetica 12).
  • Azpiatalen buruek ere letra xehe lodia izango dute, baina ezkerrean lerrokatuta egongo dira (tamaina: times 12, helvetica 11).
  • Azpiatalen barruko zatien buruak, letra xehe lodi etzanez idatziko dira (tamaina: times 12, helvetica 11).
  • Hurrengo mailako azpiatalak letra xehe etzanez emango dira (tamaina: times 12, helvetica 11).
  • Zatiak bereziki ugari direnean zenbaki arabiarrekin joka daiteke buruaren aurrean (adibidez 1. / 1.1. / 1.2.1. / 1.2.1.2. / 1.2.1.2.1.)
  • Times letra-mota erabiltzen denean, 11 puntukoa hautatuko da testu nagusirako, 10 puntukoa aipuetarako eta 9koa oinoharretarako.
  • Helvetica letra-mota erabiltzen denean, 10 puntukoa hautatuko da testu nagusirako, 9 puntukoa aipuetarako eta 8koa oinoharretarako.
  • Aipuek 10 mm.ko koska eramango dute ezkerretara eta paragrafoetako lehen lerroek 5 mm.koa.
  • 1,5 lerroko tartea utziko da paragrafotik paragrafora bitartean, eta 2 lerro edo gehiago atal berria hasten denean.
  • Letrakera etzana eta lodia
  • Gainerakoetan, ahal den gutxien erabiliko da letrakera lodia.
  • Letrakera etzana (eta ez lodia edo larria) erabiliko da zerbait bereziki nabarmendu nahi denean edo, aipua osatu gabe, beste hizkuntza batzuetako hitzak sartzen direnean euskarazko testuan.
  • Aipuak
  • Gainerakoetan, ahal den gutxien erabiliko da letrakera lodia.
  • Beste nonbaitetik harturiko aipamenak, luzeak direnean (hiru lerro edo gehiago), lerrokada berezian emango dira, letra zuzenez, ahal bada tipo txikiagoan, ezkerreko alboan koska aterata.
  • Hiru lerro edo gehiagoko aipu hori itzulpena denean, jatorrizkoa eskaini nahi duenak orripeko oharrean eman dezake alboko kakotx bikoitzen artean («...»). Edo nahiago bada, alderantziz.
  • Aipamen laburrak direnean (bi lerro edo gutxiago), lerrokada bereizi gabe emango dira, letra zuzenez, alboko kakotx bikoitzen artean («...»).
  • Aipu laburra jatorriz euskarazkoa ez denean, jatorrizkoa eta euskal itzulpena eman nahi badira, alboko kakotx bikoitzen artean joango da lehena («...») eta, barraz ( / ) banatuta, inprimategiko kakotx bikoitzen artean bigarrena ("...").
  • Laburrak zein luzeak izanik ere, aipuak ohar barruan eskaini nahi direnean, lerrokada bereizi gabe emango dira, letra zuzenez, alboko kakotx bikoitzen artean («...»).
  • Hitz solteen edo sintagma laburren itzulpenak emateko inprimategiko kakotx bakunak erabiliko dira ('...í), baita esanahia edo adiera azaldu nahi dutenak biltzeko ere. Euskara ez beste hizkuntzetako hitz solteak edo sintagma laburrak, ordea, letra etzanez aurkeztuko dira. Orobat erabilera metalinguistikoak.
  • Testu barruko aipamenak erraztearren, taulak edo irudiak ematen direnean, zenbatuta joango dira, taularen edo irudiaren azpian: 1. taula, 2. taula, 1. irudia, 2. irudia...
  • Adibideak eta formulak ere, ugari direnean, zenbatu egingo dira, orrialdearen eskuineko alboan: (1), (2), (3a), (3b). Atalka ere zenba daitezke: (1-3a).
  • Bibliografia
  • Artikuluak honela agertuko dira bibliografian, letra zuzenak eta etzanak, xeheak eta larriak, parentesiak, komak eta puntuak hemen erakusten den moduan jarriz:
  • Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (urtea): "Artikuluaren izenburua", Aldizkariaren izena, zenbakia, orrialdea-orrialdea.
  • Liburuak honela:
  • Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (argitalpen urtea): Liburuaren izena, Argitaletxea, Edizio-tokia.
  • Bilduma batean, kongresu bateko agiri-liburuan, edo halakoetan agertzen diren artikuluekin honela jokatuko da bibliografian:
  • Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (urtea): "Artikuluaren izenburua", in Editorearen izenaren lehen letra. Editorearen deitura (arg. / koor. / zuz.), Bildumaren izena, Argitaletxea, Edizio-tokia, liburukiaren zenbakia, orrialdea-orrialdea.
  • Liburu edo artikuluari buruzko oharrik eskaini behar denean, kako zuzenen artean emango da [...], adibidez faksimila dela argitzeko, berrargitalpen bat dagoela esateko, argitaratzear dela zehazteko, itzulpena denean jatorrizkoaren izena emateko...
  • Aipaturiko dokumentua modu elektronikoan ere eskuragarri denean angelu artean zehaztuko da helbide elektronikoa, gainerako informazio guztiaren ondoren: <http://...>.
  • Dokumentua soilik modu elektronikoan eskura daitekeenean, honela aurkeztuko da:
  • Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (argitalpen urtea): Dokumentuaren izena, [Kontsulta: urtea-hilabetea erromatarrez].
  • Hurrenkera alfabetikoan eskainiko da bibliografia, egileen deituren arabera, sarrera bakoitzeko lehenengoan izan ezik gainerako lerro guztietan 5 mm.ko ezkerreko sangratuarekin.
  • Egile baten lan bat baino gehiago agertzen denean, aurrenekoan idatziko dira izen-deiturak eta hurrengoetan marra luze bat emango da horien lekuan, eta komaren ondoren urtea. Egile beraren lanak hurrenkera kronologikoan eskainiko dira, zaharrenetik hasita; urte batean lan bat baino gehiago baldin baditu (urteaa) izango da lehena, (urteab) bigarrena, (urteac) hirugarrena...
  • Egile biren artean idatzitako lanak honela aurkeztuko dira:
  • Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. eta Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (urtea):
  • Hiruren artean idatzitakoak honela:
  • Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra.; Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. eta Egilearen deitura, Egilearen izenaren lehen letra. (urtea):
  • Hiru egile baino gehiagoren artean idatzitakoak lau era hauetako batean aurkeztuko dira:
  • Egile baten deitura, Egilearen izenaren lehen letra. eta beste (urtea):
  • Egile -baten deitura, Egilearen izenaren lehen letra. et al. (urtea):
  • Zenbaiten artean, (urtea):
  • Varii, (urtea):
  • Orripeko oharretan ez da fitxa bibliografikorik eskainiko. Bibliografian sartu nahi ez den zerbait aipatzeko noizbait horrela egin nahi bada, lehenengoz agertzen denean aipatuko da osorik aipatu beharrekoa, eta hurrengoetan bibliografian balego bezala jokatuko da, edo op. cit., ibidem... eta halakoez baliatuz.
  • Ekidin daitekeen ohar-gehiegikeria saihestearren, egin behar diren bibliografia aipamenak ahal dela testu nagusian sartuko dira, parentesi artean, egilearen deitura (behar denean), argitalpen-urtea eta bi puntuen ondoren orrialdeak zehaztuz.
  • Inolako gaztigurik gabe erabil daitezke arlo bakoitzean ohikoak diren bibliografia-laburdurak. Bestelakorik erabili behar denean lehenengoz erabiltzen denean jakinaraziko da bakoitzaren esanahia; asko direnean liburuaren bukaerako zerrenda batean bil daitezke.

Oharrak:

1. Ikus, aldizkariaren "Egileentzako informazioa eta arauak" atalean, zein diren Uztaro-ren jakintza-alorrak: «Argitaratuko dituen lanak batik bat ondoko arloetakoak izango dira: ekonomia, zuzenbidea, psikologia, pedagogia, filosofia, kazetaritza, soziologia, soziolinguistika, linguistika, glotodidaktika, literatura, itzulpengintza, ikasketa klasikoak, artea, musika, historia eta geografia».

2. Ikus, eranskinean, testu osoa.