Zuzenketaren gaineko jardunaldiak (Laburpen gisara)
Maite Imaz


2004ko maiatzaren 5etik 7ra
Lugaritz kultur etxea
Donostia

EIZIEk eta HAEE-IVAPeko IZOk, elkarlanean, zuzenketaren gaineko jardunaldiak antolatu zituzten, aurrerantzean zuzenketa jorratzeko eta irizpideak adosteko asmoarekin. Izan ere, zuzenketa alde batera utzita egon den kontua izan da; lan ikusezinen artean ikusezinena da. Jardunaldiak Donostian egin ziren, maiatzaren 5a eta 7a bitartean, Lugaritz Kultur Etxean. Parte-hartzaileak administrazioko, itzulpen-enpresetako, argitaletxeetako, komunikabideetako eta unibertsitateko zuzentzaileak izan ziren. Arlo ugaritan eta hainbat motatako testuekin egiten den zuzenketa-jarduna ikusi ahal izan genuen.

Zuzenketa-lanetan aritzen direnak izan ziren hizlariak, baina ez itzulpenen zuzenketaz arduratzen direnak bakarrik. Beste hizkuntza batetik euskarara itzulitako testuen zuzenketan jarduten duten zuzentzaileez gain, jatorriz euskaraz idazten diren testuen zuzenketan aritzen direnek ere hartu zuten parte jardunaldietan. Zuzentzen diren testuen artean aipatu ziren itzultzaileek itzulitako administrazio-testuak edo filosofiako liburuak, eta baita ere, idazleek egindako nobelak edo EITBrako telesailak. Itzulpenaren eta sorkuntzaren artean bada erdibideko zerbait ere: adibidez, kazetariek idatzitako berriak edo unibertsitateko irakasleek aldizkari zientifiko baterako idatzitako ikerlanak, edo administrazioko langile batek egindako txostenak, euskaraz sortuak izan daitezke, baina gaztelaniako iturriak erabilita, eta horrelakoetan, egokitzapena edo itzulpen inplizitua egin dela esan daiteke, euskaraz sortu arren gaztelaniazko iturrietara jo behar izan delako edo idatzi duenak ikasketak gaztelaniaz eginak dituenez gaztelaniaz pentsatu duelako, euskaraz idatzi arren. Itzulpena daramaten egokitzapen-lanak dira, baita ere, eskoletako testu-liburuak eta jakintzako alor guztiak jorratzen dituzten hiztegi entziklopedikoak.

Testu idatzien zuzenketa jorratu zen batik bat, baina ahozkoak ere baziren. Eusko Legebiltzarrean legebiltzarkideek esandakoak jasotzen dituzten transkripzioak aipatu ziren, argitaratu aurretik zuzendu egiten dira eta. EITBn, berriz, ahoz esateko testuak idazten dira, telesailetarako, euskaraz sortuak gehienetan, baina badira, baita ere, itzulitako gidoiak.

Itzulpengintza ugariena gaztelaniatik euskararakoa da baina gero eta gehiago itzuli behar da gaztelaniara, gero eta gehiago sortzen da euskaraz eta. Beste hizkuntza batzuetatik ere itzultzen da, jakina. Aldi berean sortzen diren dokumentuak ere izaten dira eta horrelakoetan zaila da zehaztea zein de jatorrizkoa, zein itzulpena.

Zuzenketa-motak

Zuzenketa jarduera integrala edo atalka egin daitekeena izan daiteke. Azaldu ziren kasu guztiak hizkuntzaren zuzenketaz arduratzen diren zuzentzaileak ziren; itzultzaileen, administrazioko langileen, kazetarien, idazleen, eta aktoreen zuzenketa-lana egiten dute. Baina testua zuzentzerakoan hizkuntzaren zuzenketarekin batera edo hizkuntzaren zuzenketa osatuz egiten diren beste zuzenketa-mota batzuk ere aipatu ziren:

  1. Gaian aditua den norbaitek egindako zuzenketa: Pentsamendu Klasikoaren bilduman, adibidez, itzulitako liburuak gaian aditua den zuzentzaile baten eskutik pasatzen dira lehenengo, eta hizkuntza-zuzentzailearen eskutik gero. Unibertsitateko zuzentzaile batek zuzentzailea eta berrikuslea bereiztu zituen. Zuzentzaileak hizkuntza zuzenduko luke eta berrikusleak edukia.
  2. Formatu kontuak; dokumentua luzea bada, datu kuantitatiboak begiratzeko hizkuntzan jantzia dagoen baina itzultzailea ez den norbaitek egiten du zuzenketa berezia, zifrak eta abar egiaztatzeko, bi hizkuntzatan, bata bestearen ondoan, argitaratu behar diren testuetarako. Gipuzkoako Foru Aldundian egiten dute zuzenketa-mota hori.
  3. Hizkuntza eta formatua, aldizkarian argitaratzeko formatu egokia eduki dezaten. Uztaro unibertsitate-aldizkariaren kasua da hau, eta zuzentzaile berberak egiten ditu bi zuzenketak.
  4. Hizkuntza baino haratago doan zuzenketa, edukian ere sartzen dena, literatur testuetan egiten da.

Egin ondorengoa, a posteriori egiten den zuzenketa ere azaldu zen, argitaratu eta gero arazoak ematen dituzten itzulpenen kasuan. Horrelakoetan, akatsak dakarren zalapartaren araberakoak dira hartzen diren neurriak eta sarritan berriro egin behar da itzulpena. Telebistan ere zuzenean ari diren kazetariek akatsik eginez gero, zuzentzaileek egiten dizkiete ondorengo zuzenketak, dagoeneko eginak dauden akats horiek zuzendu ezin badira ere, hurrengo batean akats berberak egin ez ditzaten.

Zuzentzaileen arazo nagusiak

Lana presaka egin beharra, izaten da askotan zuzentzailearen oztopo nagusia. Epeak bete egin behar dira eta erabakiak hartzeko denbora urria izaten da askotan. Hemen, hala ere, alde handiak egon ziren zuzentzaile batzuetatik besteetara. Administrazioan eta prentsan dena zuzentzeko denborarik izaten ez dutenez, garrantzitsuena baino ez dute zuzentzen. Administrazioaren kasuan garrantzitsuak dira irauteko diren testuak edo eragin nabarmenena izango dutenak; zoriz aukeratutako testu-zatiak ere zuzentzen dira. Komunikabide idatzien kasuan tituluak, azpitituluak, argazkien oinak eta leihoak zuzentzea izaten da ezinbestekoa, eta hortik aurrera ahal den guztia. Argitaletxeetan, ordea, ia kasu guztietan saiatzen dira gutxienez bizpahiru zuzenketa egiten, eta hiztegi entziklopedikoaren kasuan batez beste hamahiru zuzenketa egin zituztela aipatu zuten.

Itzultzerakoan askotan itzulpena eskatu duenak jartzen ditu epeak. Testu luzeak direnean epe laburrean itzultzeko testua banatu egin behar da eta horrek kohesio arazoak dakartza. Beste batzuetan testuak itzultzaileak edo lanak itzultzaileen artean banatzeko ardura duenak jartzen du baina ezin ditu antzeman testuaren barruko korapilo guztiak.

Testuen kalitatea eskasa izaten da batzuetan; zuzentzaileak interpretatu egin behar du testuaren egileak zer esan nahi izan duen eta argiago jarri. Zuzendu beharreko testua itzulpena bada, zuzentzailearentzat hainbatetan errazagoa izan daiteke itzulitako testua zuzentzea baino hutsetik hasi eta itzulpena berriz egitea. Itzulpenen kasuan kalitate eskasekoak izan daitezke, baita ere, jatorrizko testuak, itzultzaileari itzultzeko heltzen zaizkion testuak alegia, eta horrelakoetan jatorrizko testuaren gain egin behar da lehen zuzenketa. Batzuetan egilearengana jo behar izaten da jatorrizko testua argitzeko, edo bestela, egilea ezezaguna bada, aditu batengana. Testu paraleloak ere, beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenak baldin baditugu (Europako Batasuneko erakundeetako testuak), lagungarriak izan daitezke edukia ulertzeko. Zenbaiten ustez jatorriz gaztelaniaz egindako testurik txarrenak Euskal Herrian idatzitakoak izaten dira.

Gehiegi zuzendu nahiak eragindako akatsak edo hiperzuzenketak: adibidez, lehen "bere" eta "bat" gehiegi erabiltzen genituen; erabili behar ez zirenean ere erabili egiten genituela azaldu ziguten, baina ez ditugu gauzak ondo ulertu, eta orain beharrezkoak direnean ere ez ditugu erabiltzen. Mutur batetik bestera joan gara.

Itzulpen-memoriek informazio asko baldin badute ordain txar asko ematen dituzte eta horiek zuzenketa-lana oztopatu egiten dute. Itzulpen-memorian karga masiboak egiten badira, ondorio txarrak erator daitezke, sarritan memoriak ez du proposamen egokirik emango eta.

Zuzenketari buruzko ikasketak

Zuzenketari buruzko ikasketei dagokienez, Martuteneko eskolan egindako saioak aipatu ziren, batetik, eta UEUn eta Gipuzkoako Foru Aldundian egindako ikastaroak, bestetik.

Badago hierarkia bat zuzenketan: lehenengo akatsa sumatu egiten da eta gero analizatu. Sumatu eta identifikatzeko tresna belarria da eta belarria landu daiteke. Belarria lantzeko ariketak diseinatu zituzten Martuteneko Itzultzaile Eskolan azken aldian.

UEUn 2001ean zuzentzaileentzako ikastaroa egin zuten eta Gipuzkoako Foru Aldundian zuzenketari buruzko mintegia, iaz. Mintegi horretan ikusi zutenez, testu guztietan dago zer zuzendua baina ez da posible beti zuzentzea. Faktore eraginkorrak dira denbora, epeak eta testuaren garrantzia. Mailaketa bat egin behar da eta zer den oinarrizkoa ikusi. Zuzentzerakoan ezinbestekoa da oinarrizko maila betetzea eta, ahal bada, hortik aurrerakoa.

Ondorioak Testu-mota eta egile-mota ugari bildu ziren jardunaldietan eta arazoak ez ziren berberak guztientzat, baina gauza batzuetan bat zetozen hizlari guztiak edo ia guztiak.

Ia denek adierazi zuten hasiera batean gramatika-akatsak, eta testu idatzien kasuan, akats ortografikoak eta tipografikoak zuzentzen zituztela, batik bat. Gaur egun hori oinarrizkotzat jotzen da, zuzenketa-motarik errazena ere bada, baina ez da nahikoa. Hortik gorako zuzenketa egin behar da. Ez da nahikoa testua gramatikaren aldetik zuzena izatea; testuak komunikatiboa izan behar du. Testuak egokia izan behar du, eta testu egokia lehenengo irakurraldian ulertzen dena da. Garrantzitsua da, halaber, hartzailea nor izango den kontuan hartzea.

Denak bat datoz esatean zuzentzailearen lana asko erraztu dela azken urteotan. Eta asko erraztu da Euskaltzaindia arauak eta hiztegi arau-emailea argitaratzen hasi zelako 1995ean, lexikoa eta terminologia zuzentzeko hiztegi eta entziklopedia gehiago daudelako, Euskalterm, ere badagoelako. Eta nabarmendu behar da, baita ere, joskerari eta estiloari buruz azken urteotan argitaratu diren liburuak eta artikuluak oso lagungarriak izan direla hainbat arazo (erlatibozko esaldiak, erakusleakÉ) konpontzeko. Testu bat egokia, koherentea zergatik zen ezin genuen zehaztu garai batan, baina gaur egun bai. Testu kohesionatua zer den esaten ikasi dugu: lehenengo irakurraldian ulertzen dena.

Zuzenketa elkarlana da: batez besteko maila komunikatiboa hobetu egin da azken urteotan eta hori auzolana da. Zuzenketak komentatu egin behar dira. Zuzenketa didaktikoa egin behar da. Zuzenketak planteatzen duen arazoa, zuzentzaileak zer eta noraino zuzendu behar duen, zenbateraino sartu behar duen eskua da. Gauza batzuk besterik gabe zuzentzekoak dira, hau da, akats ortografikoak, gramatikako hutsak, gorago aipatu ziren oinarrizko akatsak alegia. Gauza batzuk modu bakarrean esan daitezke. Baina beste batzuk ez. Bereizi egin behar dira zuzenketak eta proposamenak eta egilearekin komentatu. Itzultzailearekin harreman gutxi izan zituzten zuzentzaileen kasuak ere baziren, baina horiek ere, itzultzailearekin harremanak izan beharko liratekeela zioten. Zuzenketa didaktikoari dagokionez, hala ere, batzuei alferrikakoa iruditzen zaie, egileek behin eta berriz zuzentzen dizkioten akats berberak eginez jarraitzen dute eta.

Zuzenketak aurrelana eskatzen du. Oso garrantzitsua da, batez ere, ondorengo zuzenketarik egiteko denborarik ez dagoenean. Adibidez, telesail batean ezinbestekoa da hizkuntza-irizpideak elkar hizketak idazten hasi aurretik finkatuta egotea eta, nolanahi ere, zuzentzaileak aktorearekin egin behar duen lana, platoan grabatzen hasi aurretik egin behar du, grabaketaren momentuan jende asko egoten baita platoan lanean eta denbora mugatua izaten baita. Prentsan berri batzuk kazetariak idatzi orduko inprentara joaten dira eta ez da zuzentzailearen eskutik pasatzeko denborarik izaten Itzultzaileen eta kazetarien kasuan aipatu zen zuzentzaileak ez lukeela akats ortografikoak eta gramatikalak zuzentzen denborarik galdu behar, itzultzaileek eta kazetariek oinarrizko akatsik gabe idazteko gai izan behar luketela, eta oinarrizko mailatik aurrerako zuzenketa egin beharko lukeela zuzentzaileak. Zuzentzaileak ezin du behin eta berriz akats berberak zuzentzen ibili. Horretarako, akatsak antzeman eta egileei akatsen berri eman behar die. Aurretik esan behar die zein irizpideren arabera idatzi behar duten. Aurrelan horretarako lagungarriak izan dira lehenago ere aipatu ditugun Euskaltzaindiaren arauak, eta estilo eta joskera-liburuak. Idazteko irizpide-liburu gehiago ere badira bidean. Legebiltzarrean estilo-liburu bat egin nahian dabiltza eta zuzenketari buruzko irizpideak idatziz jartzeko asmoa dute, datorren urtean. Euskarazko ikasmaterialak laguntzeko programaren barruan (EIMA), berriz, ikasmaterialetarako estilo-liburua sortzeko lanean ari dira.

Horrezaz gain, oso lagungarria da zuzentzaile ortografiko automatikoa. Aurrerantzean, teknologia berriek gero eta laguntza handiagoa emango dute aurrelana egiteko. Etorkizunean gramatika eta estilo zuzentzailea izango dugu ordenadoreetan. Eta dagoeneko badaude zuzenketak biltzen dituzten datu-baseak sortzeko, eta zuzenketa-prozesua jaso eta sailkatzeko aukerak. Beste helburuetarako teknologiak, adibidez itzulpen-memorien Trados programa, zuzenketen datu-basea sortzeko ere egokitu daiteke.

Bertaratutako jendearen ustez, jardunaldiak interesgarriak izan ziren. Eta abiapuntu arrakastatsu honi segida emateko asmoa dute bai EIZIEk eta bai IZOk, lan-taldeak edo mintegiak osatuz.