Itzulpen baten penak eta nekeak
Monika Etxebarria

Artikulu honetan saiatu naiz Danilo Kišen 'Hildakoen Entziklopedia' itzultzeko esperientziatik sortutako arazoetatik zenbait hausnarketa aletzen, eta beste itzultzaile batzuentzat lagungarri izan daitezkeen ideia batzuk azaltzen, batez ere sorburu hizkuntza jakin ez eta itzultzailea bi hizkuntzarekin lan egitera beharturik dagoenean, hala nola informatzailearen figuraren garran­tzia, itzulpenerako bi hizkuntzak batera ez erabiltzea, bata bestearen ondotik baizik, eta idazlea eta haren obra ongi ezagutu beharra.

Danilo Kiššen Hildakoen entziklopedia euskaraz

Senez-en 28. alean, 2005. urtekoan, Fernando Reyk saio bat egin zuen itzultze lanetik ondorioztaturiko hausnarketa praktiko bat plazaratzeko. Ariketa harekin aski ez, eta ildo bereko beste ekarpen batzuk lortu nahian jo zuen niregana. Ez diot ukatuko interesgarria dela ahalegina, eta hezitzailea, nolabait esateko. Tamalez, ez naiz ni bera bezain sistematikoa eta metodikoa lanean, eta itzultzen ari nintzela bururatu zitzaizkidan hainbat gai eta auzi, orri hauetara ekartzeko modukoak, denborak eraman ditu, bere garaian idatzirik gordetzeko lana ez hartzeagatik. Esan dezadan, bidenabar, aholku ona dela artikuluan aipatzen duena, alegia apunteak hartu, zirriborroak gorde, kontsultak eta erabakiak fitxetan artxibatzea... Egun ditugun baliabideei etekin atera eta blog bat egokia izan liteke horretarako, zergatik ez? Itzultzailea beldur izan daitekeela bere laneko intimitatea galtzeko, biluzteko, bere ahuldadeak agerian gelditzeko? Alde batetik bai, noski, baina beste ikuspegi batetik, inoiz baino babestuago senti liteke bere zereginean, beste itzultzaile batzuen laguntzari eta ekarpenei esker... gehiegi ausartzea izanen litzateke harako idazle hark bezala egin eta nobela berriaren hasiera/itzulpena sarean jartzea, Internet bidez irakurleek lana osa dezaten? Ez dut temosoa izan nahi, badakit batzuek ezaguna duzuela proposamena, baina buruan dabilkigun ideia gauzatuta ikusi nahi eta...

Halakorik ez Hildakoen Entziklopediaren itzulpenean ordea, eta azkenean ohartu naiz ondoko orrialdeak betetzeko nuen materiala zertzelada batzuk baizik ez zirela, nik uste baino xumeagoak eta hutsalagoak.

Beraz, hemendik aurrerakoa beste norbaiten tenkorkeriaren emaitza denez, barkatu berari gaizki esanak eta ongi esanak, berriz, niri kontuan hartu.

Itzultzaile guztien (edo gehienen) penak eta nekeak

Itzultzaileak bere lanean, gehienbat literaturan aritzen denean, zer arazori egiten dion aurre, horixe nahi nuke izatea hizketagai, hasteko. Egia da liburutik liburura eta itzultzailetik itzultzailera aldea dagoela eta zailtasunak ez direla beti berak. Madame Bovary edo Hildakoen Entziklopedia itzultzeko esperientziak ezin berdinak izan, eta itzultzailearen kasuan, literatura itzultzen eskarmentukoa izan edo administrazioan soilik ibilitakoa, autodidaka edo fakultatetik pasatutakoa... zeinek bere mamuak izanen ditu aurkari. Itzultzailearen aldetik zailtasuna zein den ere, horri irtenbidea bilatzeko abildadea izanen da jokoan, ez beti eskarmentuak emandakoa.

Baina noan harira. Zein dira itzultzaileon zailtasun nagusiak itzuli beharrekoaren aurrean? Sailkatzeko modu asko egonen dira, baina itzultzaileak langai duen materialak eragindakoa nabarmenduko nuke, hau da, sorburuko testuak eragindakoak batetik, hizkuntzaren berezitasunengatik nahiz testuagatik beragatik (idazlearen estiloa, batez ere joskera aldetik oso markatua denean hizkuntza arautik urrunduz edo behartuz erabiltzearen ondorioz, hiztegi zaharkitua erabiltzen denean...) eta euskarak sortzen dituenak....

Edozein itzulgaitan topa daitezkeenak ez ditut aipatuko hemen, joskeraren arlokoak eta morfologikoak batez ere. Hildakoen Entziklopedian ere izan ditut horrelakoak, eta ez nolanahikoak. Baita etsigarriak izaterainokoak ere, zergatik ez aitortu, eta niri ez ezik zuzentzaileari ere buruhausteak eman dizkiotenak. Ez ditut ordea horiek hona ekarriko oraingoan. Soluzioak onak izan diren ala txarrak, hobeak izan zitezkeen ala ez... itzultzaileontzat deabruek infernuan ezarri beharreko zigorra bihur daiteke testua etengabe hobetu behar hori. Baliteke gero batean urte hauetan itzulitako lanak unibertsitatetik sortuko diren eta dagoeneko sortzen ari diren espezialisten azterketaren xede izatea, eta ikusiko dugu nola epaitzen gaituzten.

Espezialista horiek izanen dira, halaber, itzultzaileontzat hainbat tresna baliagarri sortzen joanen direnak, euskararen estilistikak, hizkuntzen arteko estilistika konparatuak, esku-liburuak... Hain zuzen ere arlo horretara hurbildu nahi dut iruzkin honetan, Danilo Kišen liburua itzultzean deigarriak suertatu zaizkidan kontu pare bat azalduz.

Itzultzaile honen penak eta nekeak

Jakina denez, itzuli beharreko testuaren jatorrizko hizkuntza ez dakigunean, araua bi hizkuntzatan aritzea da. Nire kasuan, serbo-kroazieraz ez jakinda, frantsesa eta gaztelania hautatu nituen. Badakigu, hasteko, hala izateak beti galera ekarriko duela itzulpena egiterakoan, eta jatorrizkoaren ñabardura asko bidean geratuko direla, jatorrizkotik tarteko hizkuntzara bidean galdutakoak gehi tartekotik euskarara egindako pausoetan. Bi hizkuntzarekin aldi berean lan egin behar da orduan, eta maiz elkarren lagungarri badira ere, zenbaitetan «ataka gaiztoetan» jartzen dute itzultzailea, kontrajarriak direlako edo bata bestea bezain ilun suertatzen delako. Eta, hizkuntzak alderatuz esanahiari errazago antzemanen badiogu ere, nekez jarriko dizkigu horrek helmenean jatorrizkoaren berezko zantzu estilistikoak. Zer egin orduan? Hirugarren bertsiora jotzea da aukera bat, makulu gisa, eta nik italierazkoa izan dut ondoan. Baina ez du beti eskaintzen guk behar dugun giltza, eta nahasgarriagoa da askotan. Metodologian lagungarriagoak (nahitaezkoa ez esateagatik) izan daitezke honakoak:

  1. Jatorrizko hizkuntza ongi dakien norbaitekin jartzea harremanetan, batek baino gehiagok «informatzailea» deitu duen figura. Zuzenean euskarara itzul daitekeen hizkuntza kopurua geroz eta handiagoa da, baina kasu horretan ere ez dago sobran informatzailearen lana. Bestalde, egun eskurago dugu edozein hizkuntzatako hiztunak topatzea: gurera ailegatu diren etorkinen artean ez da zaila izaten pertsona kultuak topatzea, laguntzaile paregabeak izan dakizkigunak, eta horietako asko, gainera, itzulpen enpresentzat aritzen dira lanean. Gure elkarteak harremanak ditu hainbat itzultzaile elkarterekin eta zubi lana egin lezake kasu hauetan, itzultzaileok aukera izan dezagun, jatorrizko hizkuntzatik itzultzerik ez dugunean, jatorrizko hiztun baten laguntza eskura izateko.
  2. Nire aholkua da bi hizkuntzak batera ez erabiltzea itzultzeko orduan, baizik eta bat hartu (aldez aurretik, lagin batzuen bitartez, bi bertsioetatik onena edo itzultzailearentzat erosoena zein den erabaki ondoren), eta lehenbiziko bertsioa egin, eta ondoren bigarrenaz baliatzea, horrela bi bertsioak bat ote datozen ziurtatzen baita; komeni da hala egitea ahal den heinean behintzat, zeren agerikoa baita itzultzeko joera edo estilo aski desberdinak dituztela gurean nagusi diren hizkuntzek, gaztelaniak eta frantsesak alegia, eta oso nahasgarria izan daiteke biak tartekatzea. Joera desberdin horiek ez dagozkio soilik estiloari, frantsesez, oro har, libreagoa baita itzultzeko modua, ez hain lotua jatorrizkoari, baizik eta beste hainbat konturi ere, hala nola, ortotipografiari, onomastikari... Onomastikak arazo franko eman dezake, erabaki ezean hasieratik zein hizkuntzari lotu, eta arazoa areagotu egiten da xede-hizkuntzan, euskaraz, kasu honetan, erabat finkaturik ez dagoenean bestelako sistemak transkribatzeko modua (nazioartean ere konpondu gabe dago arazoa, nolanahi ere). Xabier Mendigurenen laguntzarekin eta EIMAren Onomastika liburuari esker xenda bat bilatu nuen eslabiera-frantsesa-gaztelania-euskararen baso sarrian, errusiera abiapuntutzat hartuz. Esan bezala, errusierazko exonimo eta antroponimoetarako soluzio garbia eskaini zidan aipatutako liburuak, baina ez ordea, serbo-kroazieraz zeudenetarako; hona hemen, anabasaren adierazgarri, adibide pare bat:
  • Errusierazko pertsona izen bat, serbo-kroazieraz «Arkadij Ipolitovič Belogorcev» emana zegoena, frantsesez «Arcadi Ipolitovitch Belogortsev», gaztelaniaz «Arkady Ippolitovich Belogortsev» eta italieraz, azkenik «Arkadij Ippolitovič Belogorcev». Euskaraz, berriz, «Arkadi Ipolitovitx Belogortsev», aipatutako arauak (ustez) ulertu eta aplikaturik.
  • Jatorrizkoan ageri zen «Petrovac na Mlavi» toponimoa, «Petrovac-sur-Mlava» itzulia zegoen frantsesez eta «Petrovac sulla Mlava» italieraz. Gaztelaniazkoari segituta itzuli nuen: Petrovac na Mlavi.
  • Kale, plaza, tabernen izenetan ere joera desberdinak eta nahasteko aukera handiak, ez beti saihestuak: «Pedro I.a erregea»(ren) karrika «Roi Pierre I» da frantsesez, «Rey Petar I» gaztelaniaz eta «Re Petro I» italieraz.
  • «Hajduk», serbo-krozierazko hitza, gaztelaniaz «hajduk», frantsesez «haïdouk», itaileraz «aiduco», euskaraz «haiduk».

Azken hitz horrekin loturik bada beste gai bat kezka iturri izan zitzaidana, kultur hitzena alegia, zer egin horiekin, egokitu, kalkoa egin, bere horretan utzi eta oin-oharra paratu... Frantsesezko eta italierazko aldaeretan ez dago oin-ohar bat ere. Gaztelaniazkoan, berriz, asko daude, gehienak kultur hitzei dagozkienak (jan-edanak, folklorea, historia, ohiturak...). Gaztelaniazkoari jarraikiz, euskaraz ere erabili ditut, hango batzuk kenduta (izen geografikoei dagozkienak) eta nire uztakoak gehituta. Oin-oharren gaiaz luzeago hitz egin daiteke, baina nik gustukoak ditut, eta atsegin dut informazio osagarri hori irakurketan, zabalduena kontrako iritzia dela jakin arren. Hildakoen Entziklopedia bezalako liburuetan gainera, guretzat arrotz samarra izanik islatzen d(it)uen kultura(k), oharrak justifikaturik daude, eta hala ere gutxi iruditzen zaizkit. Oin-oharren sorburuan maiz izaten dira jatorrizko hizkuntzan, itzuli gabe, utzitako hitzak, errespetatu beharrekoak nire ustez, ebokazio ahalmen handikoak dire­lakoan. Baina egia da beste hizkuntzetan joera dagoela mota horretako hitzak xede hizkuntzan naturalizatzeko eta, bidenabar, oin-oharrak saihesteko. Hona adibide batzuk, aurreko atalean bezala:

  • «burek» izeneko jakia. Gaztelaniazko bertsioan oharra ageri da, frantsesez letra etzanaz idatzirik, oharrik gabe, eta berdin italieraz.
  • «hajduk» (turkiarren kontrako gerrilari serbiarrak) hitza italieraz ez da ageri, desagertu egin da, frantsesezko testuan badago, baina letra arruntaz eta kakotx artean, gaztelaniaz letra etzanaz eta ohar bat erantsirik.
  • «sarma», beste jaki bat, «boulettes» bihurtu da frantsesezko bertsioan eta italieraz berriz «ripieni di carne»; gaztelaniaz, azkenik, bere horretan utzi eta oin-ohar batez dago azaldua.
  • «kozarcanka», abesti bat, gaztelaniaz ohar batez lagundurik ageri da, «Marche des partisans» bilakatua frantsesez eta «la canzone partigiana kozarcanka» italieraz.

Gai honetaz, eta Senez aldizkariaz lehen esan dudanaren adibide, Javi Cillerok artikulu benetan interesgarria eta gaurkotasun handikoa argitaratu zuen: «Kultur hitzen itzulpena literatura testuetan».

Idazleari eta haren obrari buruzko ahal den informazio osatuena lortu behar da, gehienbat haren estilora hurbilduko gaituen materiala. Itzultzaileak aurrean dituen arriskuetako bat jatorrizkoa hobetzeko tentazioa da, itzulpena xumeegia iruditzearen beldurrak eraginda gehienetan eta, euskararen kasuan bereziki, ulertua izateko borondateak; esaldiak moztera, puntuazioa areagotu edo aldatzera eta jatorrizkoan esplizitaturik ez dagoena esplizitatzera garamatza joera honek. Idazlea ongi ezagutzea lagungarria izan daiteke, horretarako beharrik ez dagoelarik, testua edertzeko joerari aurka egiteko. Horren egiazko garrantziaz jabetu nintzen Senez aldizkariko beste artikulu bat irakurtzean, Karlos Cidek Bohumil Hrabali buruz idatzitakoa. Bertan, idazle txekiarraren estiloari buruzko hainbat ohar daude jasorik, haren lanak itzultzeko garaian guztiz baliagarriak, nire ustez. Horrelako saio gehiago izatea oso mesedegarria izanen litzateke itzultzaileontzat.

Ez nuke aipatu gabe utzi nahi nire ustetan itzulpen aldizkari batek zeregin garrantzizkoa betetzen duela. Ahaztua nuen urte hauetan Senez honetan zer-nolako artikulu mamitsuak argitaratu diren, eta horietakoren bat berriz irakurtzean ohartu naiz zenbait hausnarketa behin eta berriz agertzen zaizkigula. Esandakoaren bi adibide adierazgarri agertu dira aurreko lerroetan, eta ez dira bakarrak.

Horixe da dena nire aldetik. Entsalada norberak maneatu, eta on egin diezaiola.