Hizkuntza gutxituetako itzulpena. Galiziera
Ana Luna Alonso

Hizkuntza gutxituen arteko itzulpenaren prozesua Itzulpenaren Ikerketan aztergai beregaintzat hartuta aztertu behar ote den gogoeta eginez ekin diogu artikuluari. Nire ustez, oso garbi dago bitartekotza egoerak ez direla inoiz berdinak izango hizkuntza eta kultura guztientzat; ekonomia, historia, soziologia nahiz politika aldetik dauden diferentziek baldintzatu egiten dituztelako harreman kultural guztiak, nahiz eta hizkuntza gutxituen arteko itzulpena besterik izan ez. Horren erakusgarri da Estatu espainiarrean bertan ere egoera desberdin askoak izatea, itxura batean hizkuntza koofizialak (katalana, euskara eta galiziera) estatus berberarekin bizi diren arren, bakoitza bere lurraldean. Hala, galizierarako itzulpengintzaren historiari gainbegiratu txiki bat eman eta gero, datu batzuk ematen ditu ikerketa honek, gure ustez galdera erabakigarri batzuei erantzuteko modua ematen dutenak; esate baterako, zer itzultzen da? (zer inportatzen da eta zer esportatzen da?), noiz?, nola?, zein konbinaziorekin lan egiten da?, nork itzultzen du?... Azkenik, esan dezagun badugula proiektu honi segida emateko asmoa, itzulpen jokabidea testu itzulietan oinarriturik aztertzekoa.

(Vigoko Unibertsitatea)

Itzultzailea: Pello Goikoetxea


Oraintsu arte, hizkuntza gutxituetako itzulpen jokabidea aztertzeko kezka handirik ez da izan, edo, beharbada, egokiagoa litzateke hedapen arazoak direla eta komunitate zientifikoaren parte handi batentzat interes horiek ia ezezagunak izan direla esatea.

Zabaletak (2002) dioen bezala, itzulpen teoria eta eskolarik gehienen kezka bidea hizkuntza nagusien artean nola itzuli izan da, eta ez dute aztertu (edo utzi egin diote aztertzeari) hizkuntza gutxituetatik eta hizkuntza gutxituetara zergatik, zer, noiz eta nola itzultzen den.

Gure ustez, galdera horiek egin beharrekoak dira hizkuntza nagusien arteko itzulpenetan ere; zeren, itzulpena zergatik egin eta zer eta noiz itzuli planifikatzeak baldintzatu egiten baitu hizkuntza nagusien arteko itzulpen jokabidea ere. Dena dela, gure aztergai eremuan den joera nagusia aldatu egin da azkeneko urte hauetan: nola itzuli eta horren aplikazio teorikoak eta praktikoak aurkitzera egin du. Beste alde batetik, eta horixe da zenbait hizkuntza-konbinazioren arteko bitartekaritza bereizten duen ezaugarrietako bat, bistan dago hizkuntza nahiz kultura batzuetatik beste batzuetara itzultzeko arrazoi nagusia komunikatu beharra dela.

Gogoeta txiki horrekin adierazi nahi duguna da ez joerak, ez eta estatus diferenteak dituzten hizkuntzen arteko edozein azterketa klasek ematen duen emaitzak ere ezin direla berberak izan, ezta itzulpena Estatu baten baitan eginda ere; komunikazio prozesuen inguruko baldintzak ez direlako berdinak. Hori, jakina, bitartekaritza egiten den testuingurua diferentea izanez gero —funtsezkoa iruditzen zait niri hori—, nahiz eta horrek ez gaituen hizkuntzen artean alferrikako diferentziak ateratzera eraman behar ikerketa lanari ekiteko orduan.

Estatu baten beraren baitan hizkuntza nagusi batekin edo gehiagorekin, koofizialtasun estatusarekin edo estatus hori gabe, bizi diren hizkuntza gutxituen arteko itzulpen eskaera izateak, diferentzia diferentziaren bidez aldarrikatzen ari dela erakusten du. Hala, hizkuntza horien artean sortzen den itzulpen kopurua izan daiteke dena delako hizkuntzak gizarte aldetik edo erakunde aldetik duen estatusaren erakusgarri.

Eta horixe da kultura nahiz hizkuntza aniztasunaren alde gaudenok hizkuntzaren egoera eta itzulpenaren testuingurua deskribatzeko izaten dugun arrazoia. Alde horretatik, zer, noiz, nork eta zergatik itzuli galderari buruzko irizpideak jakinez gero (edo arauak, geroxeago azalduko dugun bezala), itzulpen jokabidea nola izaten den erakusteko hizkuntza guztientzat balio duten emaitzak aurreikusteko bidea ez eze, itzulpen beharren gaineko oso datu interesgarriak eskaintzeko modua ere izango dugu, hizkuntzaren estatus aldaketa zehatzekin lotutako datuak, plangintzan eta hizkuntza politikan epe luze eta erdira erabil daitezkeenak.

Hizkuntza gutxituetako edo hizkuntza gutxituen arteko itzulpenaren ikerketari ikuspegi soziokulturaletik helduz gero, bitartekaritza lana egiten duen jardueratzat hartu behar dugu itzulpena, normalizazio paper nabarmena duen jardueratzat, eta ez dugu hartu behar (edo beti ez behintzat) hizkuntzak eta kulturak ulertzen laguntzeko tresnatzat.

Gaur egun, badira ikerlan batzuk, hizkuntza gutxituak komunitate elebidun nahiz eleanitzetan hartu eta sail independentetzat orokortasun batzuk egitearen egokitasuna aztertu dutenak (Garcia, 2001), itzulpena hizkuntza bikoteen arteko bitartekaritzat jo eta horren arazoak edo ezaugarriak oro har ikertu beharrean, mendeko hizkuntzetako itzulpen jarduera zerk baldintzatzen duen zehazteko asmoz.

Estatuaren baitako nahiz kanpoko hizkuntza-harremanetan egonkortasuna galtzea hizkuntza gutxitu guztien ezaugarria dela onartzen badugu, itzulpena indartzeak edo ez indartzeak dena delako hizkuntzaren garapen normalari mesede edo kalte egingo diola ere onartu beharko dugu. Hala, itzulpen kopuruaren arabera, hizkuntza gutxituaren erabilerak atzera egingo du, edo ez da batere erabili beharrik izango zenbait arlotan edo egoeratan. Baina, edozein moduz ere, egoera soziolinguistiko bat edo beste izateak itzulpen kopurua eta itzulpen mota aldatzea eragingo du.

Gideon Toury-k (1995: 5) Descriptive Translation Studies and Beyond-en agintzen du beste lan bat egingo duela, eta lan horren helburua itzulpen jokabidearen legeak ateratzea izango dela, lege orokorrak eta independenteak, hizkuntza bat edo bestea izan. Eta hizkuntza bat edo bestea izan, independente izate hori azpimarratu nahi dut, halako hizkuntza batek halako une historiko batean duen egoerarekin lotuak izan beharrean. Alegia, Toury-k proposatutako legeek edozein hizkuntza parerentzat balio dutela, edo balio dezaketela, nahiz eta hizkuntza jakin batek egoera historiko jakin batean duen egoera oinarritzat hartuta ateratakoak izan. Lege horiek eraentzen dituzte, oro har, itzultzaileak hartzen dituen erabakiak. Itzulpen mordo handi bat begiratuta eta aztertuta ateratzen dira, baina horregatik beragatik ere badira testuetatik kanporako legeak. Are gehiago, itzulpen prozesuaz kanpoko legeak direla ere esan dezakegu, itzultzailea beti-beti ez delako jabetzen (eta ez dauka jabetu beharrik ere), ez direnik, ez eta nola eragiten duten ere.

1980an deskribatu zuen Toury-k zer jotzen zuen hark «arau». Hala, itzulpenaren estrategia orokorrari eta itzuli behar diren testuak aukeratzeari eragiten dioten faktoreak aipatzen ditu «aurretiazko arautzat». Horrela, baldin eta itzulpena jarduera soziala dela onartzen badugu, eta itzultzaileak eginkizun zehatz bat betetzen duela gizarte eta une jakin batean (Toury 1995: 53), berdin-berdin onartu beharko dugu itzultzaileak hartutako erabakiak baldintzatzen dituzten gorabehera edo itzulpenari ekinarazi zionak jarritako baldintzen bila aritzea, testu jakin bat sortzea ekarri baitute gorabehera eta baldintza horiek, arau batzuk berriz eraikitzen saiatzea dela, gizarte jakin batek, une historiko batean itzultzaile batek onartzeko moduko jokabide arautzat ametitzen dituen arauak.

Bi arau multzo nagusirekin ematen dio buru Toury-k (1995: 58) azalpenari. Aurretiazko arauei dagokie lehenengo arau multzoa: zeharkako itzulpenak ametitzea eta itzulpen politikak (egileak eta testuak aukeratzea, hartzaileen arabera helburuak zehaztea eta abar). Alde horretatik, aurretiazko arau horiek itzulpen prozesua baino lehenagoko pausuak zehazten dituzte, aurreko etapak (testuak aukeratzea...), bitartekariak kontrolatzen ez dituenak, derrigor behintzat. Bigarren arau multzoa arau operatiboei dagokie, itzulpen prozesuan bertan hartzen diren erabakiak eraentzen dituzten arauei. Material linguistikoa testuan banatzea nahiz formulazio berbala bera ere arautzen dute, eta, hala, sorburu testuaren eta xede testuaren arteko harremana zehazten dute.

Horrek ez du esanahi, ordea, bi arau multzoen artean loturarik ez denik. Izan ere, hasieratik beretik testuaren arauak (estiloari, gramatikari, testuari, literaturari eta abarri dagozkionak) eta sorburuko kulturako arauak onartzearen eta xede kulturako arauak errespetatzearen artean aukeratzeak zehaztu egiten baitu, Toury-ren arabera, bai material linguistikoaren manipulazioa, bai itzulpen politika (editoriala), bai itzulpena tresnatzat erabiltzen duten agintarien esku-hartze arautzailea.

Zer itzultzen den aztertu eta gero, iruditzen zait itzulitako testuak sortzeko orduan izan ziren arauak aztertzeko moduan garela. Arau horietara eta arau horiek baldintzatu zituzten prozesura iristeko, ordea, nahitaezkoa da testu itzulietatik hastea, azterketa enpirikorik ez baita. Baina, edozein moduz ere, testuaz kanpoko iturriak ere ahaztu gabe (horiek ere aipatzen ditu Toury-k), alegia itzultzaileek eta editoreek-eta egindako formulazio kritikoak edo erdi kritikoak, itzultzeko edo edozein testu klasetan, itzulpenak izan edo ez izan, esku-hartze arautzaileak egiteko jarraibideak jasotzen dituztenak.

Alde horretatik, Alvarezen (2001) eta Monteroren (2002 eta 2004) lanen muina legeak (jokabide arau operatiboak) aurkitzea da, ingelesa > galiziera eta alemaniera > galiziera, hurrenez hurren, hizkuntza-konbinazioen itzulpenerako, nahiz eta jardun eremu mugatu eta zehatzago batean (literatur itzulpenean), eremu horretan badelako material esanguratsurik asko (ingelesa > galiziera bikotean batez ere) corpus azterketa egiteko. Hizkuntza-bikote oso zehatz baten gaineko azterketak izan arren, eta hizkuntza horietako bat hizkuntza gutxitua, gainera, ez dago, haien ustez, azterketa horiek beste hizkuntza-bikote batzuetara hedatu ezinik (izaerari dagokionez, ez hala edukiari dagokionez). Aipatu autoreek azpimarratzen dute zer, nork eta zergatik egiten duen baino aurrerago egin behar dela, eta hizkuntza horien artean nola itzultzen den aztertu behar dela[1].

Orain arteko orrialde hauen asmoa, dena dela, gogoeta gai bat proposatzea izan da, hizkuntza gutxituen arteko itzulpenaren prozesua Itzulpenaren Ikerketa deritzon arloan aztergai beregaintzat aztertu behar den edo, beste aldera, ezaugarri soziolinguistiko bereziak dituen hizkuntza-konbinaziotzat hartu behar ote den. Guztiarekin ere, adierazi nahi dut dauden jarrerak adierazi nahi ditudala nik hemen, eta, batez ere, zer kezka eragiten didan erakutsi hizkuntza gutxien itzulpena Itzulpenaren Azterketaren barruan nolabaiteko ghetto bihurtzeak nire ustez gure sistema normalizatzeko ekar dezakeen arriskuak.

Bistan dago bitartekaritza egoerak ez direla inoiz berdinak izango hizkuntza guztientzat; egoera soziologikoek, historikoek, ekonomikoek eta politikoek, besteak beste, baldintzatu egiten dituztelako harreman kultural motak, nahiz eta hizkuntza gutxituen arteko itzulpena besterik ez izan. Horren erakusgarri da Estatu espainiarrean bertan ere egoera desberdinak izatea, nahiz eta itxura batean hizkuntza koofizialak (katalana, euskara eta galiziera) estatus berberarekin bizi diren, bakoitza bere lurraldean. Gainera, horrek kalte egin diezaioke hizkuntza horietako itzulpenaren gaineko diskurtso teorikoaren garapenari, sistema literarioen garapenari (arlo hori aztertzera mugatuz gero), eta, ondorioz, baita hizkuntza eta kultura horien normalizazio linguistikoari ere.

Zenbait zirkunstantziatan, hizkuntza gutxituen arteko bitartekaritza komunikazio beharrak eragiten du. Beste zenbaitetan, ordea, Estatua bera ofizialki eleanitza izateak biztanleak beti eta derrigor elebidunak ez izateak ekartzen du. Eta beste gauza bat ere erantsi behar diogu horri: lurralde elebidun edo eleanitz batean (ofizialki izan edo ez) finkatutako hizkuntz talde bateko kideek beste hizkuntza batean hitz egiteari uko egitea, nahiz eta beste hizkuntza batzuk jakin. Edozein moduz ere, nabarmen dago botere erlazioak beti izaten direla tartean, eta beti betetzen dutela zerbaiten eginkizunen bat, inolaz ere bazter utzi ezin duguna.

Itzulpengintzako adituentzat, eta bereziki hizkuntza gutxituekin aritzen garenontzat, arauek duten gauzarik garrantzitsuena da aginte joko batzuk erakusten dizkigutela (testu generoek jartzen dituzten mugak baino garrantzitsuagoa). Zenbait tentsio dialektikoz ari gara, gizarte eta kultur arteko eskualdaketetan, batetik, eta gizarte batean bertan, bestetik, gertatzen direnak:

  1. Itzulpenaren sorburu eta xede diren kulturen arteko botere erlazioa; alegia, kultura «indartsuen» eta «ahulen» arteko hierarkiak, normalizatutako eta normalizatu gabekoen artekoak, historia idatzia dutenen eta ez dutenenen artekoak, eta abar.
  2. Itzultzailearen eta itzulpenaren sorkuntzan esku hartzen duten agintari kultural, politiko eta abarren arteko botere erlazioak; batez ere, itzulpenari abiarazteko eta/edo itzulpenaren kanona taxutzeko papera jokatzen duten agintariekikoa.
  3. Itzultzailearen eta itzulpena jaso dezakeen publikoaren arteko botere erlazioak; egokitzapenaren eta onargarritasunaren arteko aukeraketan oinarritzen direnak, nagusiki.

Gure hizkuntz komunitateari dagokionez, aise pentsa dezakegu galizieradunak eta gaztelaniadunak ondo uler dezaketela elkar itzulpenera jo gabe ere; baina, itzulpenak hizkuntza bikote horretan duen eginkizun nagusia beste bat da: mendeetan eta mendeetan gutxitutako bertako hizkuntza egiten dutenen eskubideak bermatzea. Hemen ez gara hasiko hizkuntza ahul bat berreskuratzeko bideak zin diren eztabaidatzen. Gure asmoa da galizieradun guztiek normal egin ahal izatea beren bizimodua beren hizkuntzan, eta, jakina, horretan garrantzia handia du itzulpenak. Beraz, jarduera komunikatibo batek (itzulpenak, kasu honetan) ez dauka, beti eta derrigor, ulermen faltarekin lotuta egon beharrik, nahiz eta hori ere izaten den «egoera normal» batean erlazionatu nahi izanez gero espainiarra ez beste komunitate eta kultura batzuekin.

Kontzientzia historikoa

Berritu dezadan orain, labur bada ere —galizierako itzulpen jokabidea aztertzeko orduan bere eragina baduela iruditzen baitzait—, itzulpena, batez ere literatur itzulpena, zer testuinguru soziokulturaletan egiten den: zer itzultzen den, zer konbinaziorekin lan egiten den, zer inportatzen den, zer esportatzen den, nork itzultzen duen... Toki handirik ere ez dugu eta, beraz, ez ditugu prozesu diakronikoan kokatzeko moduko datu batzuk besterik emango. Hori dela eta, beste ikerketa baterako utziko ditugu ekoizpen berriagoaren gaineko iruzkinak, eta baita estatistiken edo testuen azterketa landuagoa egitea ere, nahiz eta erabat funtsezkoa iruditzen zaidan ondorioak atera eta emaitzak itzulpen eskoletan eta beste arlo batzuetan erabiltzeko bidean aurrera egiteko moduko elementuak izateko.

Hala, bada, historiak erakusten digu, galiziar hizkuntzak, izan dituela «normaltasun» aldi batzuk (XIII. mendean, konparazio baterako), dokumentu publikoak eta literatura galizieraz egiten zirenak. Galiziar letrek izandako garapenaren mugarri handia Portugal lurralde independente eratu zen garai da, XII. mendean penintsulan eratu ziren estatu berrien artean. Gure hizkuntzan idatzitako lehenbiziko testuak, gordetzen ditugunak, XIII. mendearen hasierakoak dira. Galizieraz idatzitako literaturaren loraldirik handienaren ondoren (Erdi Aroko maitasun, laguntasun nahiz iseka kantigen ondoren), prosan idatzitako testuak izan ziren, erlijiozkoak eta didaktikoak; baina, Gaztela eta Leongo monarkiaren presioak ez zuen prosa autoktonoa garatzeko biderik utzi, eta, hala, galizierako itzulpena testu historiko eta narratibo batzuetara murriztu zen, harik eta XV. mendean Gaztelako kulturak ordezkatu zuen arte (Noia, 1995).

Erdi Aroaren azkenaldian hasi zen espainiera Galizian sartzen, baina XIX. mendea bitartean oso jende gutxik erabiltzen zuen: goiko mailetako jendeak, kanpotik etorritakoak, batzu-batzuk. Galiziako kulturarik eta hizkuntzarik eramaten ez zuen atzerriko noblezia finkatzeak ikaragarri errotu zuen gaztelaniaratzeko prozesua, eta galiziera erabilera idatzitik kanpo geratzea ekarri zuen, gaztelania eta portugesa ez bezala. Hala, finkatze eta kodetze bidean sartu ziren haiek, eta, ondorioz, «kultur hizkuntza» bihurtu. Galiziera, berriz, ahozko erabilerara murriztuta geratu zen.

Horrenbestez, galizieraren kodea erabilera txikiago baterako jota geratu zen, lagunarterako eta baserri ingururako, eta ahozko literatura besterik ez zuela. Gordetzen diren itzulpen testu apurrak izatea gaztelaniazko eta latinezko obretara jo beharrak ekarri zuen, jendeak ez zekizkielako bi hizkuntza horiek (Crónica Troiana eta Crónica de Castilla, adibidez); edo, bestela, herrialdeko hizkuntzan idatzitako literatura baten berri uzteak (Crónica de Santa María de Iria, konparazio baterako).

Hala, XV. mendetik XIX. mendera bitartean, lehen zuen batasuna galtzen ari zen hizkuntza izatera mugatu zen galiziera; ez zegoelako zentralizatuta, ez hizkuntzaren aldetik (literaturan landu gabea zelako), ez geografiaren aldetik (gune politiko bat falta zen, hizkuntz eredu bat prestatu eta ezarriko zuena), ez eta gizartearen aldetik ere (hizkuntzaren bulgarizazioa). Horiek horrela, espainiera bihurtu zen hizkuntza ofizial bakarra, ondorio guztietarako, nahiz eta jenderik gehienak galizieraz hitz egiten zuen artean ere. Egoera horrek eragin du espainiera hiriko hizkuntzarekin, kulturaren, aberastasunaren eta aurrerabidearen hizkuntzarekin lotzea; eta galiziera, berriz, herrixka galduetako hizkuntzarekin, ezjakintasunaren, pobreziaren eta atzerapenaren hizkuntzarekin lotzea.

Orain gutxi arte (XIX. mendera arte), horixe izan da galizierara ez itzultzeko arrazoia, baserri-aldeko hizkuntza izatea eta kultur hizkuntza ez izatea jotzea, nahiz eta salbuespen batzuk badiren, interes partikularrek eraginak (esate baterako, Horazioren bertsio bat (1885), Anacreonteren Odak (1897) edo Eneidaren IV. liburua, Virgiliorena); eta horregatik, denbora kostatu zaio berriz ere hizkuntza landua izatea.

Galiziera, beraz, hizkuntza gutxitua da, gutxiespen sozial handia nozitu duena, XX. mende guztian erabiltzaile mordo handia galdu duena eta, batez ere, utzikeria handia izan duena joan den mendeko azkeneko berrogeita hamar urteotan belaunaldien arteko transmisioan. Frankismoak, galiziera jarduera publikotik, hezkuntza sistematik eta masa komunikabideetatik kanpora uzteko politika erabiliz, eta baita Galiziako nekazaritza pixkanaka-pixkanaka behera etortzeak ere, areagotu egin zuten, lehenaz gainera, XIX. mendearen erdialdera hasi zen emigrazioa.

Hala eta guztiz ere, galiziera da Galiziako heldu gehienen lehen eta ohiko hizkuntza oraindik ere; baserri-aldean, adineko pertsonengan, hezkuntza eta lanbide aldetik kualifikazio handirik gabeko jendearengan eta klase baxukoengan sustraituta dagoelako. Esan dezagun, ordea, azkeneko hogei urte hauetan erkidegoan izan diren gobernuek hizkuntzaren normalizazioan izan duten politika ofiziala «elebitasun harmonikoa» esaten zaionaren aldekoa izan dela, eta gaztelaniadunen eskubideak defendatzea izan dutela zeregin nagusitzat, bertako hizkuntzaren biziraupena dinamizatzeko kezka handirik gabe. Beraz, utzikeria eta planifikatzeko interes falta du administrazioak, atzerakada prozesua gelditzeko ekintza neurriak proposatzeko eta ebaluazio irizpideak zehazteko ardura izan behar lukeen administrazioak.

Hizkuntza gutxitu bateko itzulpenak normalizazio prozesu planifikatu baten parte izan behar du, eta prozesu horrek egoera zehatz batetik abiatu behar du, epe jakin batean betetzeko helburu zehatz batzuk izan, hedabide eta ezarpen baliabide egokiak eduki eta aldaketa prozesu horri laguntzeko moduko lege-arau batzuk izan.

Kontuan izan behar dugu itzulpena beharrezkoa dela, baina zein eremutan eta zenbat ekoizten den, esan dezakegu dena delako hizkuntza normalizazio maila handian edo hizkuntza nagusiaren morroi izango dela. Esate baterako, hizkuntza nagusitik hizkuntza gutxitura hainbat dokumentu etengabe itzultzen aritzeak adieraz dezake hizkuntza gutxituak oraindik ere ez duela nahikoa eredu propio bizitza publikoko nahiz pribatuko arlo guztietan erabiltzeko. Eta, beste aldera, hizkuntza gutxitutik hizkuntza nagusira itzultzea, eta, batez ere, beste hizkuntza nagusi batzuetara itzultzea, hizkuntzaren egoeraren adierazgarri positiboa da, zeren, esanahi baitu hizkuntza gutxituaren hiztunek beren hizkuntzaren mugen gainetik ere erabiltzen dutela hura, beste hizkuntza batzuetako hiztunek aintzakotzat hartzen dutela hizkuntza gutxi horrek bere izaera bat izatea, hizkuntza nagusiaren mende ez dagoen izaera.

Itzulpen politikak

Itzulpenak xede hizkuntzako literatur sistemaren garapenean hartzen duen tokia ikerketa eremu bikaina da, hizkuntza hartzailearen sisteman paper konplexua eta eragilea jokatzen du eta.

Itzulpena sormen ekintzatzat jotzen badugu (manipulatzaile ere bai zenbaitetan), informazio iturritzat, literatura sistemaren eta hizkuntz nahiz kultur sistemaren erakundeek estrategikoki erabiltzen duten gunetzat, aurreko itzulpenekin lehia egiteko ahalegintzat, testuarteko irakurketa berritzat eta beste literatur sistema batzuekin lehia egin eta, era berean, uztartzen den de azpiegituratzat, xede sistemaren azterketari ere ekin egin beharko diogu: zeinek eta nola erabakitzen duen zer itzuli, zein diren testu kanonikoak eta zer eginkizun duten haiek normalizazio prozesua irudi sozialak sortzeko baliabide gisa zilegiztatzeko, sistema berritzea eta horrek zer paper duen identitate nazionala izaten laguntzen duen baliabide moduan.

Kapitulu honen hasieran adierazi dugun bezala, bitartekariak hartutako erabakiak baldintzatu zituzten zirkunstantziak bilatzea, edota inposatu zaizkion baldintzak bilatzea, funtsezkoa da itzulpena mugatu duten aurretiazko arauak zein izan diren jakiten saiatzeko. Alde horretatik, testuak berak nahiz itzulpen politika aukeratzeko orain asko ez dela jarritako prozesuaren berri labur-labur ematea besterik ez dut egingo atal honetan.

Gaur gaurkoz, ez dugu erregistro zehatz bat, galizierazko itzulpenari buruzko datuak biltzen dituena[2], eta erregistro hori izan arte, Hezkuntza Ministerioak edo beste erakunde batzuek eskaintzen dizkiguten ISBNren datu biltegietara jo beste erremediorik ez daukagu, edo, bestela, gure hizkuntzan izan den sorkuntza eta itzulpen lanaren gaineko informazioa biltzeko kezka hartu duten beste erakunde batzuen datutegietara[3].

Itzulpenaren ikuspegi labur bat erakusteko orduan, oso baliagarri izan zaizkigu G. Constenla-k Viceversa aldizkarian (1995-2000) nahiz Anuario de estudios literarios galegos urtekarian (1995-2001) bildutako datuak, bai eta hark berak gidatu eta gure fakultatean defendatutako karrera amaierako lan baten emaitzak ere, hain zuzen ere 1953tik 1997ra galizieraz argitaratutako itzulpenen gaineko lanarenak (Rubio 1999). Hala, datuek erakusten digutena da Galizian izan den itzulpen ekoizpenik handiena 1993tik aurrera izan dela, hizkuntzaren normalizaziorako legea (Lei de Normalización Lingüística) argitaratu zenetik aurrera, alegia. Laurogeita hamahirutik aurrera gora egin zuen ekoizpenak, baina 1998az geroztik, beherako bidea hartu zuen, eta kezkatzeko moduan hartu ere. Ikerketa horretan ikusten da, halaber, haur eta gaztetxoentzako argitalpenak direla buru merkatuan, eta orain ere hala segitzen du horrek. Bestetik, kultura aldetik hizkuntza nagusiaren mende egotea dela eta, testu itzuli gehienen sorburu hizkuntza, pentsatzekoa den bezala, espainiera da, eta askoz testu gutxiago dira ingelesetik, frantsesetik, alemanieratik, italieratik edo portugesetik itzulitakoak. Datu esanguratsua eta interesgarria da -aztertzeko modukoa-, Estatuko hizkuntzen arteko itzulpenak ugaritzea, nola inportazioak hala esportazioak, nahiz eta testu horietako asko espainierara ere itzultzen diren, eta, beraz, lan bera erkidegoko bi hizkuntzetan topa dezakegun, merkatu berean lehian.

Index Translationumek[4] itzulpenaren gaurko ikuspegiaz eskaintzen dizkigun datuek erakusten dute espainieratik eta espainierara egindako itzulpenen inportazio eta esportazio kopuruak lehengoan segitzen duela, beste hizkuntza batzuetatikoak baino askoz handiagoak direla, alegia.

luna.gif

Galizieraz egiten diren itzulpenen aukeraketa, oro har, merkatu arrazoien arabera egiten da, eta horiek, argitaletxeen arteko akordioen edo argitaletxe talde handien erabakien baitan egoten dira, eta baita egile eta itzulpen eskubideen baitan ere. Gure literatur sistemak defizita du oraindik ere atzerriko hizkuntzetatik datozen lanetan. Gehien itzultzen diren lanak, salbuespen bakan batzuk kenduz gero, «literatura klasiko unibertsala» esaten zaion sailekoak dira, egile eskubiderik ez dutenak —merkeago itzultzen direnak, beraz— eta espainierara itzuli gabe daudenak. Horrela, «literatura unibertsaleko egile handien» lan txikiak izaten ditugu zenbaitetan, literatur sistema anakroniko eta arrarotu bat eratzeko bidea besterik ekartzen ez duena.

Gure sistema azkeneko hogei urte hauetan baino gehiagoan inportazio eta esportazio aldetik beti betikoan segitze horren arrazoiak batez ere liburuaren sektorea eta bertako hizkuntza dinamizatzeko ardura duten erakundeek eman dioten laguntza eskasari egotzi behar zaizkio. Galizieraz izan den ekoizpena eta Estatuko beste hizkuntza batzuetan izan dena (katalunieraz izan dena, esate baterako) alderatu beste lanik ez dago hori ikusteko. Laguntza falta horrek eta argitaletxeek gaur egungo lanak gure hizkuntzara itzulita argitaratzeko izaten dituzten arazo ekonomikoek ekarri dutena da panorama bertsua izatea joan den mendearen hasieratik gaur arteko guztian, hau da, egile batzuek, batere plangintzarik gabe eta inoren ahalegina besteren mesederako jarrita, gure hizkuntzari izen ona emateko interesgarritzat jotzen zituzten lanak itzultzen zituzten garaitik hona.

Lehen ere adierazi dut itzultzen dena aukeratzeak zer ondorio dakarren sistemarentzat. Antzeko kasu da, eta literatura itzuliaren egoera aztertzeko oso interesgarria, haur eta gaztetxoen literaturarena. Dena dela, aurren-aurrena jakin behar dena da zeri esaten diogun haur eta gaztetxoen literatura testu bat hizkuntza batetik beste batetara aldatzen denean, noiz eta nola egiten den itzulpen hori (edo bertsio-egokitzapena) lanik gehienetan, zer eduki aldatzen den batetik bestera, eta, faktore ekonomikoek prozesu guztiari eragiten diotenez, zer itzultzen den, zein hizkuntzatatik (gehien-gehiena espainieratik eta zerbait Estatuko beste hizkuntzetatik, lehen esan dugun eran), eta, azkenik, zer dakarren itzulpenak haurren nahiz sortzaileen pentsamendua eratzeko.

Horrela, bada, asko zehaztu gabeko eta era askotako irizpideen arabera itzulitako lanak ditugu. Hala ere, denen ala denen asmoa normalizatzea da, baina emaitza da «irakurlearen testu erreferentziak koloka jartzeko» (Cruces 1993: 63) bidea hobeto ematen dutela bestetarako baino, eta gure mugetatik kanpora sortzen denaren «normaltasunari» jarraitu nahi dion jende gehiena literatura itzulia batez ere espainieraz irakurtzera eramaten duela.

Beraz, esan dezakegu azkeneko urte hauetan ez dela aldaketa handirik izan. Galizierarako itzulpenaren lehenbiziko ekinaldi hartan, itzultzeari ekin zioten intelektualen asmoa hizkuntzaren autoestimua lortzen saiatzea zen, kanpoan balioestea lortuta eta gure inguruko kulturetan antzekotasunak eta parekotasunak bilatuta.

Hemeretzigarren mendetik aurrera, gure iragana berreraikitzeko kezka zuten historialariek galiziar aberriaren sortze mitotzat jo zuten Galiziaren ustezko identitate zelta. Irlanda eta zeltismoa gure izate kulturala eratzeko erreferentzia elementuak ziren, nola politikan hala erregionalismoaz geroztik ageri zen nazio askatasunaren aldeko borrokaren ereduan, bai kultur etsenplu gisa, bai jarraitu beharreko eredu gisa. Antzerki irlandarraren kasua da Irmandades da Fala antzerki mugimendu abertzalearen erakusgarri bat, hogeiko hamarraldiaren azkeneko urteetan hasi eta Gerra Zibilaren hasiera arte izan zena.

Alde horretatik, Xeración Nós mugimenduko egileek, batez ere Vicente Riscok, Atlantiko, Nordiko aldera, klasikoaren kontrako aldera jo zuen inspirazio bila; gaztelar zentralismoa eta mundu mediterraniar-klasizista albo batera utzita. Eta giro intelektual horretan kokatu behar dira 1931n Nós aldizkarian argitaratu ziren itzulpenak. Vicente Riscok itzuli zituen kapituluek Breogan erregearen eta Mil-en semeen bizimodua kontatzen dute, Irlandaren historia mitikoa Iberiar Penintsulakoarekin lotzen duten kapituluak, hain zuzen, Eduardo Pondal-ek ere erabili zuen gai bera. Galiziartasunaren ikuspegitik, galiziar kulturak mundu zeltarrarekin, kultura nordiko eta atlantikoarekin bat egiten duelako ideia finkatzeko balio du sormenak eta itzulpenak, gailen zen kultura mediterraniar eta espainiarrarekin batere zerikusirik ez zuen kulturarekin, alegia. Itzulpena, beraz, Irlandak zuen erakarpen haren adierazgarri bat gehiago zen, eta erakarpen haren barruan zegoen Yeats, Synge edo Joyce bezalako figurekiko interesa ere.

Testuen intentzioa bihurritu eta emaitzari «galiziar» kutsu handiagoa ematea zen araua, bai lexiko aldetik, bai egitura aldetik, bai deskribapenen aldetik eta baita beste alde batzuetatik ere; eta, batez ere, ihes egitea gaztelaniaren antza zuenari (benetakoaren antz handiagoa zuen testu bat lortzea). Baita gaztelaniazko formekin bat zetozen galizierazko formak bazter utzi eta sinonimo, arkaismo edo behar ez ziren asmakeriak hartzea ere haien tokian. Horretaraino! Une hartan, izan ere, hizkuntza berreskuratzeko itzultzen zuten, eta beste ezerk ere ez zion axola. Galiziartasunaren ideia politikoei jarraitzea beste helbururik ez zen, eta haren mende jartzen zen sorburu testua ere; arrazoi politikoak eta ideologikoak gailentzen ziren beste jokabide guztien gainetik. Sistema ahulak izaten dira, oro har, gehien hartzen eta gutxien bereizten dutenak, eta kanpoko edozein elementu sartzen zaion literatura batek pixkanaka-pixkanaka galtzeko arriskua du.

Gaurko egoera ere ez da asko aldatu: esportatu baino gehiago inportatzen da, eta gaztelaniatik itzultzen da asko, hizkuntza gatazka saihestu eta itxura batean dependentzia konplexua kenduko dugulakoan horrela. Diglosiaren alderditik, adieraz dezakegu arbuiatu egiten dela, kontzienteki arbuiatu ere, hizkuntza ahularen kultura identifikatzen lagun dezaketen zeinuak denboran bilatzeko bide horretan hizkuntza indartsuak gidatu edo eramango duen literatur sistema.

Hala, nahiz eta ahaleginak egiten diren beste kultura batzuetatik datozen lan garaikideak aukeratzeko, eta itzultzen aritzen direnak, sortzaileez gainera, gure unibertsitateko Filoloxía e Traducción fakultatean ikasi berri duten profesionalak diren, guk ikusten dugunez, gure literatur sistema itzulpenaren bidez normalizatzeak balio sinbolikoa du oraindik ere. Jardun arau aldetik, aurreko urteen aldean badela nolabaiteko aldaketa bat iruditzen zaigu, baina lanak aukeratzeko irizpiderik eza dela ematen du irizpiderik ohikoena orain ere.

Galierazko literatur itzulpenaren jokabideak duen ezaugarria eginkizun eta elementu ezberdineko zenbait ikuspegi izatea da. Alde batetik, bada ikuspegi bat espainieraz idatzitako literatura mehatxutzat daukana, atzerriko literaturatzat ikusi nahi lukeena, nahiz eta espainieraz idatzitako literaturaren presentzia etengabea den eskolatik unibertsitatera bitarte guztian, eta literatura horren kodeak eta ereduak idazketara eta irakurleen prestakuntzara pasatzen diren txiki-txikitatik. Bada beste ikuspegi bat atzerrikoa erlatibotzat irudikatzen duena, gurearen antzekotzat jotzen den atzerritzat. Portugal litzateke bat (nahiz eta aurreiritzi batzuk badiren harekiko ere). Bada ikuspegi solidario bat ere, gutxi goiti-beheiti gurearen analogotzat jotzen diren sistema atzerritarrekikoa (Kataluniarekikoa edo Euskal Herriarekikoa, adibidez, baina baita «exotikotzat» izendatzen diren urrutiko toki batzuetako literaturekikoa ere). Eta, azkenik, bada beste ikuspegi bat «literatura handitzat» jotakoei begiratzen diena. Harreman inportanteak dira, zentzu batean izaten direnak eta oraindik ere interesa dutenak, jarrerak eta modalitateak zerbait aldatu diren arren eta, hala, kanpo alderako itzulpen batzuk ere (gutxi) badiren.

Orain hamar urte egin zuen ikerketan, Susana Crucesek zioen (1993: 61) 1982tik 1989ra bikoiztu egin zirela galizierazko argitalpenak eta itzulpenak, «pero a proporción das traduccións mantense constante, o que quere dicir que o sistema non parece demandar un maior número de importacións». Itzulpenen argitalpenak behera egiteko joeraren arrazoia garai hartan ekoizpen propio gehiago izatea funtsezkotzat jotzea izan daiteke (eta garai horretan gaude orain ere), eta, akaso horregatik izango zen, ez zen sistematikoki inportatu beharrik. Baina, laurogeita hamargarrenaren hamarraldian hasi zen atzerakadak jarraitu egin du gaur arte, eta, hala, inportazio prozesua, baina batez ere esportazioarena, estutasun handiak pasatzen ari da. Eta, denok dakigun bezala, bizirik jarraitu nahi duen edozein literatur sistemarentzat inportazioa bezain beharrezkoa da esportazioa.

Egoera normalean den sistema batek ez dauka txikientzako literaturaren itzulpenetik bakarrik bizitzerik, ez eta sormenetik bakarrik ere. Galizieraz irakurtzeko sustapen falta (eta ez gure lurralde fisikoan bakarrik), eskolan baino arlo gehiagotan gainditu behar da, eta sortzen diren denbora berean eskatu literatur lanak. Baina, lan bat argitaratzeko edo itzuli ahal izateko dirulaguntza behar izateak (geroz eta txikiagoa den dirulaguntza), eta norberaren hizkuntz eremutik kanpora ere ezagutarazteko behar diren hedabideak ez izateak (edo ez baliatzeak), asko mugatzen dituzte normalizazio aukerak.

Lanak aukeratzeko orduan argitaletxeek oraindik ere halako anarkia batekin jokatzeko arrazoia erakundeek sektoreari laguntza garbi bat ez ematea da. Hartara, administrazioak eutsi egiten dio sortzen dena edo itzultzen dena kontrolatzeko beste bide bati ere. Horrela, ez du aurrera egiteko biderik uzten, handitu egiten du galizierazko kultur ekoizpenekiko axolagabekeria duen irudipena eta muzin egiten dio bere erantzukizunari, eta «boluntario eta hizkuntz ekintzaile» talde baten esku segitzen du erantzukizun horrek, sistemaren periferian dagoen talde baten esku.

Bibliografia

Álvarez Lugrís, Alberto. (2001). Estilística comparada da traducción. Proposta metodolóxica e aplicación práctica ó estudio do corpus TECTRA de traduccións do inglés ó galego. Vigo: Servicio de Publicacións da Universidade de Vigo.

Constenla Bergueiro, Gonzalo. (2001). «Traduccións para o galego en formato libro durante o ano 1999». Viceversa. Revista galega de traducción, 6: 321-328.

Constenla Bergueiro, Gonzalo. (2003). «Traducción literaria: na procura da normalización que non chega». Anuario de estudios literarios galegos, 2001: 285-293.

Cruces Colado, Susana. (1993). «A posición da literatura traducida no sistema literario galego». Boletín Galego de Literatura: 9-65.

Fernández Fernández, Áurea. (1995). «O papel da traducción no sistema lingüístico e literario nacional: o ámbito galego». Grial 128: 541-554.

García González, Marta. (2001). «La traducción de lenguas minorizadas en comunidades bilingües y multilingües». En Actas do V Congrès Internacional de traducció Interculturalitat i traducció: les llengües menys traduïdes. (CD-Rom).

Garrido Vilariño, Xoán Manuel. (2005). «Texto e paratexto. Tradución e paratradución», Viceversa. Revista Galega de Tradución, 9/10: 31-39.

Montero Küpper, Silvia. (2002). «Anmerkungen zur galicischen Übersetzung von Max und Moritz». Kulturelle Regionalisierung in Spanien und literalische Übersetzung. Studien zur Rezeption deutschsprachiger Zinder- und Jugendliteratur in den zweisprachigen autonomen Regionen Katalonien, Galicien, Baskenland. Hamburg: Peter-Lang-Verlag.

Montero Küpper, Silivia. (2004). O comportamento traductivo do alemán ó galego. Análise da traducción dos verbos modais alemáns. Tese de Doutoramento depositada na Biblioteca da Facultade de Filoloxía e Traducción da Universidade de Vigo. (Argitaratu gabea).

Noia, Mª Camiño. (1995). «Historia da traducción en Galicia no marco da cultura europea». Viceversa 1: 13-62.

Rubio Puga, Mª Luz. (1999). As traduccións publicadas en lingua galega dende 1953 ata 1997. Karrera amaierako lana, Vigoko Unibertsitateko Filoloxía e Traducción fakultateko liburutegian gordea. (Argitaratu gabea).

Toury, Gideon. (1995). Descriptive Translation Studies and Beyond. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins.

Zabaleta, Jesús M. (2002). «Traduction et normalisation linguistique». Senez 24: 181-191.


Oharrak

1. Testuinguru sozio-historikoak itzulpen erabakiei (lexiko aukeraketari, konparazio baterako) nola eragiten dien ikusteko etsenplu zehatzagoak Alvarez Lugris-ek (2001) eskaintzen dizkigu, Otero Pedrayok Joyceren Ulysses-en zati batzuk galizierara bihurtzeko itzulpena oinarri hartuta egindako lanean.

2. Zientzia eta Teknologia Ministerioak dirulaguntza bat eman digu proiektu hori egiteko gure unibertsitatean. Ikerketaren xedea 1980tik 2005era bitartean galizieraz egindako itzulpen guztien fitxak egitea da.

3. Cf. Biblioteca de Literatura Infantil e Xuvenil (BLIX). Kontsulta eguna: 2003ko irailaren 10a.

4. Index Translationum. Kontsulta eguna: 2003ko irailaren 10a.