Euskarazko eta alemanezko aditz sistemen erkatzea hiztegigintzako adibideen bitartez
Elena Martinez Rubio

Hizkuntzen erkatzeak gogoeta askotarako bidea urratzen du. Hizkuntza eta hizkuntzaren bidezko komunikazioa gizarteari dagozkion fenomenoak direnez, historia baten emaitza da hizkuntza baten egungo egoera, emaitza hau gizartearen beraren historiarekin loturik dugularik. Hau aldaketa handien garaietan azaleratzen da batik bat. Orduantxe gertatzen baitira hizkuntzaren baitan ere aldaketa handienak, batik bat lexikoaren alorrean.

Hizkuntzaren bilakaerak, hiztunei gertatutakoa islatzen du. Ikasbide egokia litzateke diglosian murgildurik bizi diren hiztunen hizkuntzarekiko jokabidea ikertzea, beti ere diglosia ezagutzen ez duten beste hizkuntza baten hiztunen aldean. Baita ere hiztegigintza elebidunaren gauzatzeari dagokionez, esaterako.

Artikulu honetan alabaina, euskara-alemana/alemana-euskara hiztegia egitean agertutako zailtasun batzuei buruz baino ez gara arituko, bi hizkuntzok —itzulpengintzaren langaiak izan badira ere— inoiz ez direlako hiztegi batek eskatzen duen era sis­tematiko eta zabalean parekatuak izan. Sortutako zailtasunok, bilatutako irtenbide jakin batzuekin daude uztartuta ezinbestez, eta gaia mugatzearren, bi hizkuntzen aditz sistemarekin izango dute zerikusia, guzti hau labur-labur azalduta.

Euskara ergatibo-hizkuntza, eta indoeuropear jatorrizko alemana:

Jakina denez, hizkuntza indoeuropearra da alemana, nominatibo-hizkuntza alegia, bere egituraren oinarri tipologikoan nominatiboaz/akusatiboaz osaturiko kasu-bikotea daukana. (Utz ditzagun orain beste kasuak­ alde batera.) Euskara berriz, ergatibo-hizkuntza da. Honek esan nahi du —indoeuropear ikuspegitik, edo indoeuropear hizkuntzei dagokien terminologia erabiliz—, aditz iragankorraren ekintza burutzen duen subjektuak ergatibo kasua eskatzen duela. Subjektuak, jakina denez, adierazpen-perpaus bakuna osatzen du predikatuarekin batera. Predikatua zein den jakiteko, ondoko galdera hau zaigu lagungarri: "zer esaten da hemen subjektuari buruz?", edota "zertan ari da hemen subjektua?"

Aditzak predikatuaren eginbeharra bereganatzen du esaldiaren barruan, adierazi nahi denaren muina osatuz. Halaber, menpeko dituen beste osagaien kasuak finkatzen ditu berea duen erregimenaren arabera, subjektuaren bi kasu barne euskaraz —alemanez ez bezala.

Aditza iragankorra baldin bada, akusatibo kasua hartuko du osagarri zuzenak alemanez. Osagarri zuzen hau da bestela, nominatibo kasua bereganatuko duena pasiboaren eraldaketa eginez gero. ""Ich habe einen Text gelesen" esaldi aktiboa, "ein Text ist von mir gelesen worden" esaldi pasiboa bihur daiteke.

Euskaraz aldiz, ergatiboaren beste bikotekidea absolutiboa da, flexio-morfema edo joko-atzizkirik gabekoa, hots, aditz iragangaitzaren subjektuari nahiz aditz iragankorraren objektu zuzenari dagokiona.

Bestalde, euskara eta alemana aditz laguntzaileez baliatzen dira zenbait formaren eraketarako. Eman dezagun, diakroniari begira jarrita, euskarazko aditz guztiak jatorriz trinkoak izan zirela noizbait, iragangaitzak ("joan") zein iragankorrak ("ekarri"). Aditz iragankor trinkoak baztertu ahala, "k" eskatzen zuten aditzetarako laguntzailearen erabilera hedatuz joango zen, "ukan"-en ereduari atxikiz, iragangaitzetarako ordea "izan"-enari. Perifrasirako bilakabide honetan inguruko hizkuntza erromanikoek ere izango zuten eragina[1].

Alemanari doakionez ostera, bere hastapenetatik erakutsi zuen indoeurpear molde zahar sintetikoetatik analitikoetara igarotzeko joera[2].

Dena delarik ere, ondoko hau esan daiteke oro har: ergatibo-hizkuntzetan, nominatibo-hizkuntzetan ez bezala, kontrajartze nagusia ez dela subjektuaren eta objekturaren artekoa, ezta pasibo eta ez-aktiboarena ere, baizik eta eragile eta pairatzailearen artekoa. Honi zor zaio ergatibo-hizkuntzek duten izaera sinkretikoa, objektua eta subjektuaren arteko harremanak azaltzeko orduan[3].

Aditzaren sistemak oso bestelakoak dira alemanez eta euskaraz, ondoren ikusiko dugunez. Horrexegatik izaten da korapilatsua bi sistemaok aurrez aurre ipintzea, batez ere hiztegigintzak ipinitako baldintzak kontuan hartuta, hau da, sarrerek testuingururik ez izatea, sistematikotasunaren beharra, espazioaren ekonomia, eta abar.

Aditz laguntzaileak

Euskaraz eta alemanez, bi aditz laguntzaile desberdin dauzkagu forma konposatuak osatzeko: izan [du] eta izan [da] batetik, eta "haben" eta "sein" bestetik, esanahi bertsukoak bi hizkuntzetan aditz osoak direnean. Maiz bat etortzen badira ere, ez dira inola ere parekagarriak. (Honezaz gain, orain bazter utziko dugun hirugarren laguntzaile bat gehitzen zaio alemanari, "werden" alegia, geroaldirako zein pasiborako erabiltzen dena.)

Ildo beretik, aditz baten sarreraren ondoan aditz horri doakion laguntzailea ipintzeak, nola erabili behar den azaltzeaz gain, alor semantikora ere eramaten gaitu. Jakingarri honek bi alderdi baitauzka: bata, arauari lotzen zaio; bestea aitzitik, esanahiari. Ondorioz, laguntzailearen arabera aldatzen da aditz anitzen esanahia, ordaina bilatzeko orduan argi geratzen denez. Lafittek dioenez: "Un bon dictionnaire devrait indiquer pour chaque verbe: 1) quel auxiliaire il exige, 2) comment se construit son complément d'objet, 3) les différences de sens qu'entrainent les diverses constructions"[4]. Gramatikari begira, argibide baliagarria da aditzek eskatzen duten erregimena aipatzea; era berean aipamen hau saihestezina da, eta betebeharreko baldintza hortaz, itzulpenari dagokionez.

Gauzak honela, gramatika eta semantika bateratzeko beharra sortzen da bi hizkuntzon aditzak erkatuz gero, eta behar honekin batera, zailtasun nagusietako bat ere bai. Bietan delako funtsezkoa aditzaren erabilera zein den zehaztea, bai eta dauden aukerak argi irudikatzea, hau da, modu labur bat, ulergarria bezain erabilerraza eskaintzea, aditz baten sarreraren ondoan hartu ahal diren bide desberdinak hurrenkera jakin batean azalduz.

Banan-banan aztertuko ditugu alemanaren eta euskararen arteko erkaketa honetatik eratortzen diren arazoak, baita aurkitutako irtenbideak ere.

"Haben" eta "sein" laguntzaileen betebeharrak:

Batetik, "haben" aditzak (aditz osoa edo berjabea denean, "ukan" esanahia duena, eta osagai zuzena edo akusatibo-osagaia eskatzen duena), aditz laguntzailearena egiten du, bai aditz iragankor guztiekin, eta bai egiazko bihurkari deitutako aditz iragangaitz guztiekin ere.

Bestetik, ekintzaren iraupenaz edo luzapenaz ari den aditz iragangaitz beste sail bat ere baliatzen da "haben" laguntzaileaz, aditz iragangaitz beste sail batek "sein" (aditz osoa denean, "izan" / "egon" esanahia duena) eskatzen duen bitartean.

Iraupena aipatzeaz batera, aditzaren aspektuaren eremura sartu gara. Aditz iraunkariak burutugabeak dira aspektuari buruz, ekintzak egituratu gabeko bilakaera adierazten duelarik denboraren aldetik ikusita.

Aditz iraunkariok, iragangaitzak edo osagai zuzenik gabekoak izanda ere, "haben" laguntzailea hartzen dute, euskarazko deponenteek "izan [du]" hartzen duten antzera[5]. Hori dela eta, forma konposatuak "sein" nahiz "haben" laguntzaileen bidez sortzeko gaitasuna duten aditz batzuk ere badaude, hau da, bietara jokatu ahal direnak. Norabideari lotutako aldaketa edo higiduraren aldea kontuan hartzen duenean, "sein" laguntzailera jotzen du hiztunak; "haben" aukeratzen duenean ostera, aspektuari ematen dio garrantzia. Gaur, "sein" erabiltzeko joera nagusitzen ari da honelakoetan, leku-aldaketaren ñabardurak aurrea hartu diolarik aspektuarenari.

Aurrera eginez, zeintzuk dira beste alde batetik, "sein" laguntzailearen bidez forma konposatuak eratzen dituzten aditzak? Ekintza baten une soil edo jakin bat adierazten duten aditz iragangaitzak, hauen artean egoera batetik bestera aldatzea ezaugarritzat dutenak, edo ekintza baten hasiera adierazten dutenak esaterako —inkoatiboak, eta aspektuaren aldetik, burutuak hortaz—, eta baita mugimenduzko aditz anitz ere. (Baita "bleiben" ("gelditu"), eta "sein" aditza bera ere, iraunkariak diren arren).

Badago azkenik aditz sail bat, iragangaitza nahiz iragankorra izateko ahalmena duena, eta horren arabera "sein" edo "haben" laguntzaileak galdegiten dituena. Gertakari hau dena den askoz ere maizagoa da euskaraz, alemanez baino.

Aditzaren erregimenari buruzko zenbait adibide emango ditugu ondoren, bi hizkuntzen artean norainoko antzekotasunak eta desberdintasunak dauden erakusteko.

Adibideak:

[ist] / [da]
Alemanaren [ist] eta euskararen [da] bat datoz hainbat aditz iragangaitzei dagokienez:

"Sie ist nicht gekommen" / "Ez da etorri"
> kommen [ist] etorri
> etorri da] kommen

Higidura edo leku-aldaketa agertzen da hemen.

"Wir sind früh aufgewacht" / "Goiz esnatu gara"
> aufwachen [ist] esnatu
> esnatu [da] aufwachen

Egoera-aldaketa dugu bigarren honetan, hots, lo egotetik itzarrik egotera egindako urratsa.

"Der Reifen ist geplatzt" / "Gurpila lehertu da"

> platzen [ist] lehertu
> lehertu da] plateen

Unean uneko zerbait adierazten du azken honek, aspektuaren aldetik.

Euskararen ikuspegitik, "nor" dugu hemen subjektua.

Iragangaitzen talde honetan aditz asko aditz esapideen bidez itzultzen ohi dira euskarara. Hauen artean, "izena + egin" da emankorrena euskaraz[6].

"Der Sprengkörper ist geplatzt" / "Lehergailuak leher egin du"
> leher egin [du] platzen"
> platzen [ist] leher egin

edo

"Sie sind geflohen" / "Ihes egin dute"
> fliehen [ist] ihes egin
> ihes egin [du] fliehen

[hat] / [du]

Bestalde, [hat] alemanez eta [du] euskaraz bat datoz hainbat eta hainbat aditz iragankorrei dagokienez:

"Ich habe ein Buch gekauft" / "Liburua erosi dut"
> kaufen >[hat] erosi
> erosi [du] kaufen

"Nork (nori) nor" aditzak dira hauek, euskararen ikuspegitik, nahi izanez gero, zeharkako osagaia onartzen dutenak ere:

"Ich habe ihm einen Wagen gebracht" / "Autoa ekarri diot"
> bringen [hat] ekarri
> ekarri [du] bringen

Aspektu iraunkarira joz gero alabaina, "haben" laguntzaileaz baliatzen diren aditz iragangaitz anitz, "egon" aditzak osatutako esapide baten bitartez itzuli behar dira euskarara:

"Es hat lange dort gehangen" / "Luze egon da han (zintzilik)"
> hängen [hat] zintzilik egon
"Seine Freundin sitzt da" / "Hor dago bere laguna (eserita)"
sitzen [hat] eserita egon

Aipa ditzagun inpertsonalen sailekoak diren eguraldiari buruzko aditz iragangaitzak ere, alemanez "Witterungsverben" deitutakoak:

"Es regnet" / "Euria ari du"
> regnen [hat] euria ari izan [hat] / [du] nahiz [ist] / [da]

Alemanezko aditz batzuk bietara erabili ahal dira ere, iragangaitz nahiz iragankor beraz. Euskaraz askoz gehiagotan topatzen den gertakaria dugu hau, esan bezala.

"Unsere Freunde sind ermüdet" / "Gure lagunak nekatu dira"
eta
"Die Fahrt hat ihn ermüdet" / "Bidaiak nekatu du"
> ermüden [ist] & [hat] nekatu
> nekatu [da] [du] ermüden

edota

"Der Bruch ist gut geheilt" / "Haustura ondo sendatu da"

eta

"Sie haben den Kranken geheilt" / "Gaixoa sendatu dute"
> heilen ist] & [hat] sendatu
> sendatu da] [du] heilen [sich] / da] Alemanezko egiazko bihurkarien arlora hurbilduz gero berriz, alemana eta euskara bat ez datozela ikusiko dugu berehala, aditz iragangaitzok beti [hat] eskatzen dutelako alemanez, euskaraz [da] zor duten bitartean:

"Ich habe mich beeilt" / "Lehiatu naiz"
[sich] beeilen (+ [hat]) / lehiatu da]
beeilen [sich] lehiatu

Gogora dezagun, ezin ditzakegula egiazko aditz bihurkariok forma pasibora eraman, eta "sich" hori nahitanahiezkoa dutela. Ez-egiazkoak ostera, bihurkari nahiz ez-bihurkari erabil daitezke, bi bide desberdin eskainiz.

Hau dela eta, aditz bat egiazko bihurkaria dela jakinarazteko, [sich] daukagu hiztegiko sarreraren ondoan. Gramatika-mailako datu hutsa dugu hau, esanahiaren aukera desberdinekin loturarik ez duena. Bestalde, [hat] gehitu beharrik ez dago hemen, bihurkariok [hat] hartzen dutela esan gabe doalako. Alemanezko aditz bihurkariok aditz esapide batez itzultzen ohi dira ere euskarara:

"Er hat sich erholt" / "Atseden hartu du"
[sich] erholen / atseden hartu [du]
> erholen [sich] atseden hartu
"sich + aditza" / "bere burua" Orain, egiazko bihurkariak ez diren aditzen ordaina ematean zer gertatzen den ikusi beharra dago.

"Er hat sich getötet" / "Bere burua hil du".
"sich"=Reflexivpronomen im Akkusativ / "bere burua"

eta

"Er hat einen Mann getötet" / "Gizon bat hil du"
> töten [hat] hil || (sich töten) burua hil

"Töten" aditzak "sich" singularreko 3. pertsona-izenordain bihurkaria dauka hemen osagarri zuzen gisa, ondoko adibide honetan bezalaxe:

"Ich habe mich im Spiegel gesehen" / "Nire burua ikusi dut ispiluan".
"sich"=Reflexivpronomen im Akkusativ / "bere burua"
edota zeharkako osagarriaz
"Er hat sich wehgetan" / "Min egin dio bere buruari"
"sich"=Reflexivpronomen im Dativ / "bere buruari"

Azken bi adibideok erakusten dutenez, erabilera hau ez da esanahitsua. Bestela esanda, aditza honela erabiltzeko aukera egonda ere, ez dugu dagokion sarreran zehaztu beharrik. "Töten" eta "sich töten" aditzek aitzitik, ohiko bikotea edo esapidea osatzen dute alemanez, euskaraz ("norbait hil"/"burua hil") gertatzen denaren antzera.

"sich" / "elkar"

"Sie haben sich geliebt" / "elkar maitatu dute"

Hemen "sich" = "aneinander"-en ordekoa da. Elkarkaria da hortaz.
"Sich"-en erabilera hau, eta ondoan datorren inpertsoanalarena labur aipatu ditugu, nahiz eta ari garen testuingurutik kanpo geratu.

"sich" inpertsonala

"Das Buch verkauft sich gut" / "Ondo saltzen da liburua"
edo
"Die Süssigkeiten verkaufen sich gut" / "Ondo saltzen dira gozokiak"
Hemen gertakari orokor edo zehaztugabeei buruz hitz egiten da.

"Sich" bi hauen lekuan, "izan da]" hirugarren pertsona dugu euskaraz, singularrean edo pluralean.

Bihurkariaren erabilera inpertsonal hau oso hedatua dagoenean edo esapidea osatzen duenean baino ez da bereizita aipatu:

> herausstellen [hat] agerrarazi || (sich herausstellen) argi geratu

Edo adibideetan jaso da, erabileraren maiztasunak hala eskatuta:

> erhöhen [hat] igo || goratu || (sich erhöhen) gora egin >die Kosten erhöhen sich ständig >kostuak etengabe ari dira gora egiten

"sich + aditza" / [da]

Alemanez "sich" baliatzen diren aditz egiazko ez-bihurkari gehienak ez dira euskaraz "bere burua"-ren bidez itzultzen, [da] hartzen duen aditz baten bitartez baizik, ikusi dugunez. Alderdi subjektiboarekin harremana dutenak ohi dira.

"Die Frau hat sich nicht bemüht" / "Emakumea ez da ahalegindu"
> bemühen [hat] (sich bemühen) ahalegindu

"sich" / [da] eta "jemanden" / [du]

Edonola ere, nolabaiteko simetria topa dezakegu bi hizkuntzon artean zenbait kasutan, euskarak iragangaitzak iragankor, eta iragankorrak iragangaitz bihurtzeko duen erraztasunagatik. Lerrakorrak edo egongaitzak deitzen zaie ergatibohizkuntzetan arruntak diren aditz hauei.

"Haserretu egin dira" / "Sie haben sich geärgert"
haserretu [da] / sich ärgern
eta
"Umea haserretu du" / "Er/sie hat das Kind geärgert"
haserretu [du] / ärgern [hat]

Horrela irudikatzen da euskarazko atalean:

> haserre(tu) [da] [du] (sich) ärgern
eta alemanezkoan:
ärgern [hat] (jemanden/sich ärgern) haserretu

Euskarazko aditz gehienak ez dira erregimen bakar baten menpekoak, duten malgutasunari esker. Alemanari buruz ordea, kontrakoa esan daiteke, hutsune hau, nolabait esateko, bihurkari ez-egiazkoek betetzen dutelarik.

"Irakaslea urduritu da" / "Der Lehrer hat sich beunruhigt"

Euskarazko "urduritu" aditzak [du] erregimena ere onar dezake. Horregatik:

"Der Lärm hat ihn beunruhigt" / "Zaratak urduritu du"
> beunruhigen [hat] (jemanden/sich beunruhigen) urduritu
edo:
"Das Mädchen hat sich gut ernährt" / "Neska ondo elikatu da"
eta
"Sie haben die Kinder ernährt" / "Umeak elikatu dituzte"
> ernähren [hat] (jemanden/sich ernähren) elikatu

Erregimenaren araberako ondorio semantikoak

Zenbaitetan aditz desberdinen bidezko itzulpenak suertatzen dira:

"Der Mann ist gestorben" / "Gizona hil da"
baina
"Er hat einen Mann getötet" / "Gizona hil du"
hil [da] sterben || [du] töten

Erro desberdineko bi aditz ditugu hemen alemanez.

Ondoko adibidean aldiz, alemanez maiz gertatzen den legez, aurrizki batek bihurtzen du iragankor "leben" aditz iragangaitza.

bizi izan [da] leben || [du] releven

Aditza bihurkari moduan erabiltzeak —edo ez— itzulpenari eragindako funtsezko aldaketa dugu ondoko adibide honetan:

"Sie haben die Güter dort abgelagert" / "Hor biltegiratu dituzte salgaiak"
ablagern [hat] / biltegiratu [du]
baina
"Sand hat sich abgelagert" / "Hondarra jalki da" Bereizketa egin beharra dago, horrela irudikatuz:

> ablagern [hat] biltegiratu || (sich ablagern) jalki
edo
"Er erhob seine Stimme" / "Ahotsa goratu zuen"
> erheben [hat] / goratu [du]
baina
"Darauf erhoben sie sich / "Zutitu egin ziren ondoren"
sich erheben [hat] / zutitu [da]
erheben [hat] goratu || (sich erheben) zutitu

Beste aditz batzuk berriz, preposizioa eskatzen dute bihurkari moduan erabiltzen direnean. Horrelakoetan, instrumentala agertzen ohi da euskaraz, besteak beste.

"Ich habe mich an dieses Mädchen erinnert"/"Neska horretaz oroitu naiz"
sich erinnern [hat] + preposizio-osagaia / gogoratu [da] + instrumentala
baina
"Ich habe dich an dieses Kind erinnert" / "Ume hori gogorarazi dizut"
jemanden + preposizio-osagaia + erinnern [hat]/absolutiboa + gogorarazi + [dio]
eta horrela irudikatzen da:
> erinnern [hat] (jemanden an etwas erinnern) gogorarazi ||
(sich erinnern) gogoratu

Hemen alemanezko "sich" edo "jemand" izenordain bihurkarien agertzeak sarreraren barruan, testuinguru bat ematearen eginbeharra betetzen du. Hau da, gramatika mailan "sich" hau goragoko "sich töten" adibidearen izenordaina bera bada ere, osagai zuzenarena egiten duena alegia, erabat bestelakoak dira itzulpenak.

Azkenik, lehen aztertu dugun simetria amaitzen den lekuan, ordain guztiak hurrenkera jakin batean emateko beharra agertzen da, beti ere [da] edo [du], edota "jemanden" edo "sich" gogoan hartuta.

> haserre(tu) [da] [du] (sich) ärgern || [du] verärgern || verdrießen
edota
> larritu [da] [du] (sich) ängstigen || (sich) beunruhigen || [du] beklemmen

Beste kasuekiko erregimenak

Euskararen ikuspegitik esanda, bi hizkuntzak aurrez aurre orain arteko jartze honetan, "nor" eta "nor (nori) nork" aditzak izan ditugu aztergai. Baina aipatutakoez gain, badira aditzak datibo kasua/"nori" eskatzen dutenak, alemanez zein euskaraz. (Eta baita alemanez genitiboa eskatzen dutenak ere, orain albora utziko ditugunak.)

Adibidez:

"Horrela iruditu zitzaien" / "Es kam es ihm/ihnen so vor"
iruditu [zaio] / vorkommen [ist] + datiboa
> iruditu [zaio] vorkommen
"Ondo deritzot erabakiari" / "Ich befinde die Entscheidung für gut" iritzi [dio] / befinden [hat] + preposizio-osagaia
iritzi [dio] erachten || befinden

Aukera desberdinak jarraian agertzen dira, bat baino gehiago egonez gero:

bururatu [zaio] einfallen || [du] zum Abschluß brinden

Sail honetako aditzek ez dute irudikatzeko beste arazo aipagarririk sorrarazten.


Oharrak:

1. Bela Kowal, "Zum Präteritum 2 im Bakischen, Perfektstrategien in verschiedenen Sprachstämmen". Sonderdruck aus: Akten der 13. Österreichischen Linguistentagung. Graz, 1985.

2. Wilhelm Schmidt, Geschichte der deutschen Sprache. Wissenschaftliche Verlagsgesellschaft. Stuttgart/Leipzig, 1996. 74 or.

3. Georgij A. Klimov, Einführung in die kaukasische Sprachwissenschaft. Buske Verlag. Hamburg, 1994. 243-261 or.

4. Hiztegi on batek adierazi beharko luke aditz bakoitzeko 1) zein laguntzaile eskatzen duen, 2) nola eratzen den bere osagai zuzena, 3) forma desberdinek berekin dakartzaten esanahi desberdinak. (Pierre Lafitte, Grammaire Basque Elkar. Donostia, 1995. § 639).

5. Pierre Lafitte "L'expression de l'aspect en basque". Grammaire Basque, op.cit.

6. Euskaltzaindia, Hitz-Elkarketa/3. LEF Batzordearen lanak. Bilbo, 1991. 12 or.