Euskal literatura gaztelaniaz. Itzulpena, autoitzulpena, bertsioak...
Bego Montorio

Artikulu hau autoitzulpenari buruzko mahai-inguru baten emaitza da. 2006ko urriaren 27an Ficoban izan ziren Jon Alonso, Harkaitz Cano eta Juan Luis Zabala, "Idazlea itzultzaileen lantegian" ekimenaren azken egunean, eta Bego Montoriok egin zituen moderatzaile lanak.

Hiru idazle eta hiru itzultzaile bildu ditugu euskal literatura gaztelaniatuaren inguruan jarduteko, baina mahaira jesarritakoak ez dira sei izan, hiru baizik, hirurak izan baitira modu eta egoera desberdinetan idazle eta itzultzaile. Jon Alonsok itzulpengintza du lanbide eta literatur itzulpenean aritua da, bai erdaratatik euskarara, bai euskaratik gaztelaniara; idazle modura berriz, hiru obra argitaratu dizkiote gaztelaniaturik, beste itzultzaile batzuen eskutik. Harkaitz Canok bere lanetara mugatu du itzulpen lana, nahiz eta beste itzultzaile batzuek gaztelaniatutako bere zenbait obra ere plazaratu dituen. Juan Luis Zabalaren testurik ere badago gaztelaniaz, beste itzultzaileek itzulitakoa, berak ez baitu inoiz literatur lanik erdaratu, baina literatura euskaratzea zer den probatu izan du inoiz.

Bizipen askotarikoak, ikuspegi desber­dinak, bai eta adostasun puntuak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den euskal lite­ratura gaztelaniatuaren fenomenoaren inguruan.

Senez: Has gaitezen irakurleengandik, zuek, zuen testuak gaztelaniatzean, nor duzue buruan: hemengo erdal irakurlea ala oro har mundu osoko erdal irakurleak? Eta hemen, zuen herrikideen artean, euskal irakurleak eta erdal irakurleak antzekoak direla uste duzue?

Jon Alonso: Printzipioz, beste jende batengana iristeko ahaleginean itzultzen da gaztelaniara. Seguru asko, hurbilena denez, Euskal Herriko erdalduna duzu buruan; Iruñea batean adibidez, euskaraz ez dakien auzokoari zuzenduriko liburua da. Hortik aurrera, zabaltzen baldin bada, ondo.

Antzerako irakurleak diren ala ez?, seguru asko bai, nahiz eta sorpresak izaten diren. Azken finean, irismena zabaltzea da kontua, sarea botatzea; gero zer harrapatzen duzun... batek daki.

Harkaitz Cano: Ez dakit hemengo edo hango horretan pentsatzen dudan, bereizketa hizkuntzen araberakoa da gehiago, baina ez dut uste bereizketa kontzienterik egiten dudanik. Beharbada, hasieran pentsatzen duzu euskaraz ez dakien hemengo komunitatearentzat izan daitekeela. Baina badirudi haientzat arrotz, eta are misterio puntu bat daukazula. A priori pentsatzen dugu bertako komunitateak, zu partaide zarelako, halako interesa edukiko duela, baina gezurra da. Jende horrek nahiago du irakurri (bestalde, normala den bezala, akaso, ez dakit) Paul Auster edo La catedral del mar. Hasieran xaloa da sentipen hori izatea, pentsatzea gertutasun kontuagatik nolabaiteko kerentzia bat izan dezakeela irakurle horrek, baina ez.

Gaztelaniazko nire liburuen salmentaren datu batzuk baditut, baina oraindik ez dakit nor den nire irakurlea. Badakit irakurlegoa oso urria dela, eta euskaraz hiru aldiz gehiago saltzen dudala gaztelaniaz baino.

Juan Luis Zabala: Nire kasuan, puntu idealista batetik abiatzen naiz, idazten dudana mundu guztira iritsiko balitz bezala; abiapuntua ez daukat euskal idazlearena, idazlearena baizik. Nahiz eta gero, praktikan, hizkuntzarekin egiten ditudan jokoekin eta bestelako erreferentzia batzuekin gauza hemengoagoetara jotzen dudan. Hain zuzen ere, nire liburu bakarra dago itzulita, Galdu arte, eta horren itzultzaile Gerardo Markuletak orri azpiko ohar batzuk jarri behar izan zituen gaztetxeak zer diren eta horrelako kontuak azaltzeko.

Jon Alonso: Galderaren bigarren partea litzateke lehen Harkaitzek aipatu duena, hots, lortzen da ala ez jende gehiagorengana iristeko helburua? Daturik ez dut, baina, gaztelaniatuta ditudan bi liburuekin (Katebegi galdua eta Camambert helburu) inpresio berdina dut nik ere: euskaraz idazten dugulako irakurtzen ez gaituztela dioten auzokide horiek, erdaratuta ere ez gaituzte irakurtzen. Kontua da behin gaztelaniara itzulita esan ahal duzula "aizu, neuk egin dut neurea"; hortik aurrera, irakurleari dagokio.

Harkaitz Cano: Hori da nik sentitzen dudana: gaztelaniazko komunitatearekiko, egin dut nik ahalegina.

Senez: Idazle zareten aldetik, gaztelaniazko literatur sistemara sartzea ere badakar zuen lanak itzultzeak. Nola sentitzen duzue zuen burua euskarazkoaren aldean oso desberdina den beste literatur sistema horretan?

Juan Luis Zabala: Beno, hor badago bereizketa bat. Batetik Euskal Herrira begira egindako itzulpenak daude, Hiruk edo Algak egiten dituztenak; eta, bestetik, nolabait muga bat jartzearren, El Pais-era iristen direnak. Lehenengo horiek ez gaituzte kokatzen beste sistema batean.

Harkaitz Cano: Liburu dendetan bertan ikusten da hori. Badago halako eskizofrenia bat: Algak ateratzen badu, "euskal gauzak" dioen eremuan dago; aldiz, autore berak liburu bera Seix Barralen ateraz gero, Espainiako literaturaren apaletan egongo da. Beraz, ikuspegi komertziala da irizpidea, marka. Kontuan hartu behar da hemen mimatuak gaudela, oihartzun minimo bat badugula. Hemendik kanpo, ez badaukazu beste berme bat (izen-abizenekin esanda: Espainiako Sari Nazionala), konplikatua da ateratzea.

Jon Alonso: Oso konplikatua. Gainera, zein izango litzateke modua euskal literatura hortik saltzeko, ez bada Sari Nazionala? Horrek ahalegin ekonomiko handia eskatuko luke, ez bakarrik liburuak itzultzea; ondoren sustatu egin behar dira, azoketara joan behar da. Eta ez argazkia atera eta "hemen gaude" esatera, kristoren karpeta eta kartera batekin joan behar da, eta biekin jokatuz produktua sartu. Nork egiten du hori? Hemengo argitaletxeek ez dute hori egiteko ahalmenik, ez euskarazkoek ez erdarazkoek.

Harkaitz Cano: Sentsazioa da, baita ere, merkatuaren legea askoz gogorragoa dela beste sistema horretan; hemen ez da hain estua.

Jon Alonso: Seguru nago dirua edukita, ahalegina eginda, badagoela saltzea. Jakina, ez 100 egile, baina batzuk bai, edonon. Baina horrek diru asko eskatzen du. Frank­furteko kazetari espezialistari egiten badiozu lan on bat, seguru eskertuko dizula bi orri aterata.

Senez: Mintza gaitezen itzulpenez, zergatik aukeratu duzue zeuen lanak itzultzea, edo ez itzultzea? Esaterako zuk, Jon, besteren lanak gaztelaniatu dituzu, baina zeurerik inoiz ez.

Jon Alonso: Argi eta garbi, ni ez nintzateke gauza izango nire itzulpen bat egiteko. Liburua berriz idatziko nuke, eta ez dut nahi, planteamendua ez baita hori. Horretarako, zuzenean gaztelaniaz idatziko nuke. Gaztelaniara itzultzen hasita, berria egin beharko nuke, birsortu egin beharko nuke, bertsio bat edo. Zergatik?, bi hizkuntzen egoera oso desberdina delako eta erdaraz idazterakoan kontuan hartu behar duzulako derrigor zer giro dagoen, zer atera den aurreko astean, zer idazten duen jendeak. Euskaraz zentzua duten gauza batzuek gaztelaniaz beharbada ez lukete horrenbesteko zentzurik edukiko. Batetik hori, eta bestetik, norberaren lana itzultzea pisua dela oso; nahiko buelta eman dizkiozu idazterakoan eta berriro horretara jartzea izan daiteke gauzarik eta nazkagarriena.

Harkaitz Cano: Ados nago Jonekin, eta nire lanak itzuli izan ditudanean, behin izan ezik —hor aukera izan nuen itzultzaile bat hartzeko, baina erabaki nuen neronek egitea poemak zirelako—, neronek itzultzera eraman nauena izan da denbora gutxi zegoela edo dirurik ez zegoela. Horrela hasi nintzen ni itzultzen.

Egia da Jonek bertsioaz dioena, eta areago duela 6-8 urte idatzitako liburua itzultzean; berridazteko tentazioa etengabea da, baina bestalde, pentsatzen dut: euskarazkoa hartuko banu ere, liburu beraren beste edizio bat atera behar delako edo, aldaketa batzuk egingo nituzke. Orduan, hor, muga hori sortzen da: zenbateraino alda dezaket testua liburu bera izaten jarrai dezan? Ezin dut liburu berri bat egin, baina aldi berean, gustura geratu behar dut, eta saiatu behar dut jatorrizko liburutik pasa diren urteek itzulpenean ere isla izan dezaten. Hau da, idazle naizen aldetik, gaur itzultzen dudana ezin dut itzuli duela 6 urte nik neukan ikuspegi literarioarekin. Orduan, nahiz eta duela 6 urteko ikuspegi literarioa traizionatu gaurkoaren mesedetan, gaurko idazle gisa egiten dut itzulpena. Eskizofrenia moduko bat sortzen da, krisian sartzen zara esaldiero, insanoa da... Nik hor gauza batzuk aldatzeko eskubidea daukadala aldarrikatzen dut.

Musikarekin egiten dut beti konparazio hori: demagun disko akustiko bat egin dudala eta orain zuzeneko bertsioa edo bertsio elektriko bat egiten ari naizela; bada, aurreko diskoa ezagutzen duen entzuleak identifikatu egingo du kantua, eta batzuetan gehiago gustatuko zaio. Bob Dylan hasten da bertsio bat egiten duela 30 urteko kantu batena, eta handik hiru minutura ohartzen zara "baina halako kantua da-eta!".

Niretzako saihestezina da aldaketak egitea, batzuetan, jatorrizkoa izorra dezakezula jabetuta ere, baina neurri batean izorratzeko eskubidea ere badaukazu, ez dakit... Zeren, jakina, idazle batek arazo bat topatzen duenean bere lan batean, askotan egiten duena da arazoa inguratu, aurre egin beharrean. Itzultzaile batek oso irtenbide desberdina emango lioke arazo horri. Beharbada nagiagoak gara; ezabatu egiten dugu eta zerbait berria asmatu, baina askotan ez diogu arazoari aurre egiten. Egia da, bestalde, hiru edo lau liburu itzuli ondoren, zure borondatearen kontra bada ere, ikasi egiten duzula, eta ni orain erosoago sentitzen naiz —beharbada itzuli ditudan azken lanak ere berriagoak direlako—. Iruditzen zait itzultzailearen pentsamoldera hurbiltzen ari naizela, eta, lehen oso erraz egiten banuen inguratze hori, orain saiatzen naiz aurre egiten, nahiz eta batzuetan oso zaila izaten den hori itzultzailearen filosofiarekin-edo egitea.

Jon Alonso: Oso garrantzizkoa da Harkaitzek esan duena, alegia, noiz egokitzen zaizun zure lana itzultzea, zeren, 8-10 urte atzera egitea... Gainera, hori askoren arazoa izaten da; gutxi batzuek agian lortuko dute jatorrizkotik itzulpenera tarte laburra izatea, baina gainerakooi, normalean aspaldiko gauzak itzultzea egokitzen zaigu, eta orduan liburua bera ere ez zaizu jada interesatzen.

Juan Luis Zabala: Beti esaten da liburua, argitaratu ondoren, ume bat bezala dela, emantzipatu eta independizatu egiten dela. Bada, nik uste dut idazleak ez duela bueltatu nahi argitaratu den liburura, eta askotan, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasatu, okerrago. Berez, autoitzulpenaren egoera egoki bakarra argitaratu aurrekoa da. Hori planteatzen zuen Atxagak Gizona bere bakardadean liburuarekin, ez? Uste dut esaten zuela horrela lan egiteko asmoa zuela, hau da, euskaraz idatzi ahala itzultzea, eta gainera horrek laguntzen ziola euskarazkoan pixka bat hutsalak ziren edo funtzionatzen ez zuten pasarteak konpontzen. Horrela eginda, autoitzulpenak zentzua izan dezake, baina bestela, nire ustez, ez. Liburua argitaratuta ikusten duzun lehen aldian, ez da minutu bat pasatzen lehenengo akatsa ikusi baino lehen. Eta hortik hasita, jada, gaizki pasatzen duzu... Orduan, oso mentalizazio handia beharko nuke nik horretara bueltatzeko eta liburu horrekin orduak pasatzeko.

Jon Alonso: Arazo horren beste ikuspegi bat ere bada, eta niri oso interesgarria iruditzen zait: liburua beste bati ematea eta ikustea zuk euskaraz egindako testu horri nolako hitzak ipintzen dizkion gaztelaniaz. Nik uste dut jende askok beldurra izaten diola horri, irudipena daukat idazle askok ez duela bere burua ispilu horretan ikusi nahi. Seguru asko idazlea ez dago konforme, baina itzultzaileak esaten du: "baina, aizu, zuk hau esan duzu, honek ez du gehiagorako ematen". Hori da beti dagoen tentsioa, eta alde horretatik, ondo dago zuk, idazleak, eskubide txiki bat gordetzea itzultzaileak egindakoaren gainean aldaketa batzuk egiteko, baina ñabardura kontuak direnean, ez bestela. Batetik beldurra eman dezake, baina bestetik ikusten duzu oso ariketa interesgarria dela.

Juan Luis Zabala: Horrek laguntzen dizu ikusten zertan huts egin duen zure testuak.

Senez: Itzultzaileok ere presio hori sentitzen dugu, badakigu ez dugula inoiz gaztelaniaz idatziko egileak egingo lukeen modu berean. Nola bizi duzue zuek horren ifrentzua, zuen testuak ikustea inoren hitzetan baina zuena ere baden hizkuntzan?

Harkaitz Cano: Kontua da guk —bi hizkuntzak ezagutzen ditugun aldetik— badugula testu horren baliokide ideal bat gaztelaniaz, eta euskarazko jatorrizkoak eman dezakeena baino hobea dela, buruak horrela funtzionatzen baitu: berez garen baino hobeak garela uste dugu. Idazle jendea oso maniatikoak gara denok, bakoitzak baditu bere hitzak eta asoziazio bitxiak, askotan errealak ez direnak. Itzultzaileak dionenean "zuk hau esaten duzu", bai, hala da, baina nik pentsatzen nuen beste gauza bat esan nahi nuela. Jakina, itzultzaileak ezin du hori asmatu.

Jon Alonso: Horren ondoan hizkuntza bakoitzaren egoera ere badago; lehenago ere aipatu dut, baina nik uste dut gakoetako bat hori dela. Adibide bat jarriko dut errazago ulertzeko: La magnitud de la tragedia liburuan Quim Monzó-k erabiltzen duen, oso ondo erabili ere, umorezko errekurtso bat da zerbait kontatzea azaltzen ari den ekintzari ez dagokion erregistro batekin. Kasu honetan, larru jotze bat da termino medikoekin kontatuta. Oso barregarria geratzen da: "las venas cavas inferiores se inflamaban de sangre, que producía una erección..." dena medikuntzako terminoekin emanda. Hori guztia euskaraz eman beharko bazenu, konturatuko zinateke "las venas cavas inferiores" horrek gaztelaniaz, nahiz eta medikua ez izan, oihartzuna duela, ulertzen dela. Baina hasi Euskaltermen begiratzen nola esaten den zera hori guztia, eta euskaraz jartzen. Ipintzea badago, baina ez da efektua lortzen, hizkuntza erregistro hori normalean ez delako erabiltzen.

Juan Luis Zabala: Horixe da Pérez Reverteren itzulpenarekin gertatzen zena. Xabier Iaben itzultzailea laguna dudanez, bere itzulpena argitaratu aurretik irakurtzea egokitu zitzaidan, eta horixe zen arazoa, hor dagoen hizkuntza hori euskaraz ematea. Erdaraz ohituta dago jendea, euskaraz ez.

Jon Alonso: Sortzeko garaian, normala den bezala, idazleak gauza horiekin kontuz ibili behar izaten du —egin dezake hautu muturreko bat eta esan "nik nahi dudana egin behar dut; bota, gupidarik gabe", baina arrisku handia hartzen du, seguru asko gero inork ez duelako liburua irakurriko—, beraz, dagoenera gehiago hurbiltzen zara.

Senez: Horren harian, Alvaro Cunqueiroren adibidea har dezakegu. Bere lan batzuk autoitzuli zituen gaztelaniara eta hainbatetan lauagoa da itzulpena. Cunqueiroren esanetan, kontrasterako eredu akademikorik ez duen hizkuntza batean erabiltzen diren baliabideak, nekez itzul daitezke, eta horretan paretsu egon gaitezke galegoak eta euskaldunak. Beste egile batzuen iritziz itzulpena nolabaiteko galbahea da, eta itzulpenetik pasatuta bizirauterik izan ez duena jatorrizko txarra zen. Zein da zuen ustez hizkuntza bien arteko harreman horretan hartu beharreko jarrera?

Jon Alonso: Bai, egia da, esaterako, euskaraz egin ditzakezula txiste batzuk hizkuntza gutxituen irakurleak ulertuko dituenak, baina ez hizkuntza hiperestandarizatu baten irakurleak. Zerbait esateagatik: euskaraz jartzea hitz bera 18 aldaera dialektaletan; horrek seguru asko ez luke gaztelaniaz zentzurik eta desagertu egin beharko litzateke.

Harkaitz Cano: Nik uste dut euskara malguagoa dela. Adibide bat jarriko dut. "Izorratu beharra zagok: Hans, pentsatu nuen, gainera izen hori izan behar zuen..." Itzultzaile batek hartu, eta gaztelaniaz jar dezake "hay que joderse", baina gogorra da gaztelaniaz, eta orduan jartzen duzu "ahí duele". Baina hori, berriz suabeegia da. Eta orduan ondorengo esaldian jartzen duzu: "se llamaba Hans, el pavo". Orekatzen duzu bi esaldietan. Hori itzultzaileen lana da. Hau ez dut adierazi aurreko esaldian, beraz, apuntatu eta hurrengoan orekatzen dut. Nik uste dut ariketa bera egiten duela idazleak autoitzulpenean, baina ez bakarrik esaldian edo hitzen oreka horretan, baizik eta oreka askoz ere globalagoan.

Jon Alonso: Itzultzaileak ere egiten du; saiatzen da, behintzat. Hain zuzen, gaztelaniara egin ditudan lanetan, prozedura gisa gainera, zati bat itzuli eta egileari eman diot, eta galdetu ea iruditzen zaion, nolabait, erregistro edo doinuan berak sortutako testuari hurbiltzen zaion. Hori, globaltasunean. Gero joango zara esaldiz esaldi, baina oro har hartuta ea identifikatzen duen bere burua erritmo, doinu, ahots forma horrekin.

Harkaitz Cano: Hala ere, seguru aski itzultzaile batek zentzu globala hartu arren, bere buruari muga gehiago jartzen dizkio; adibidez, idazle batek erabaki dezake momentu batean kapitulu oso bat kentzea, itzultzaileak ordea, ez. Askatasun gehiago har ditzaket, testua neurea ez balitz hartuko ez nituzkeenak, melodia oso hori askoz ere tresna subjektiboagoen bidez aldatzen saiatuz. Jakina, hor dago irristakortasuna, bai eta jatorrizkoa izorratzeko arriskua ere.

Jon Alonso: Horregatik, oso inportantea da baita ere, gero itzultzailearekin lan egitea. Bai ni itzulia izan naizenean, bai neu itzultzaile izan naizenean, beti ibili izan naiz bestearekin. Eta jakina, itzultzaileak askoz ere muga gehiago ditu, eta azken erabaki hori beti autorearena da, dudarik gabe. Testua berea da, eta ez badago konforme egindako itzulpenarekin, esan dezala, baina horrek bat egiten du poliki-poliki, elkarlanean jartzen zaren neurrian.

Senez: Galegotik eta katalanetik gaztelaniarako itzulpen batzuetan, jatorrizko hizkuntzaren zenbait marka gordetzen dira, sorburu kulturako markak, ukitu lokala azpimarratzearren. Gure artean ordea, sentsazioa dut joera guztiz kontrakoa dela. Adibide bat jarriko dizuet: gaztelaniaz idazten duten Euskal Herriko idazleek arazorik gabe idazten dute "aita" eta "ama" beren testuetan; euskal idazle askok, ordea, ez dute horrelakorik nahi beren itzulpenetan, probintzianismoa dela iritzita.

Harkaitz Cano: Hori istorioaren araberakoa ere bada, ez? Nik badut joera istorioak hemendik kanpo kokatzeko; edo hemen, baina hemen "arraro" batean. Beraz, batzuetan ez zait interesatzen hori markatzea. Beste batzuetan agian bai, baina konplexu kontua ere izan daiteke, ziurtasun falta ere badago zenbaitetan.

Jon Alonso: Nik uste dut asko dela idazlearen helburua. Obra batzuei ongi etorriko zaie "ama", eta beste batzuei ez. Pentsa, Pio Barojak zenbat "ama" idatzi dituen bere milaka liburuetan... baina agian beste giro bat ere izango zen, beste kokapen bat sistemaren barruan.

Harkaitz Cano: Gaztelaniaz idazten duten euskal idazleek kontrakoa egiten dute batzuetan. Askotan izaten da ez dituztelako euskara eta euskal mundua ondo ezagutzen, eta adierazi nahi dutelako ondo ezagutzen dituztela. Igurtzi euskaldun bat eman nahi baliote bezala testuari, amerikarrek gaztelaniazko hitzak sartzen dituztenean bezala beraien liburu edo pelikuletan: kitsch suertatzen da, askotan. Beste konplexu bat da, alderantzizkoa.

Juan Luis Zabala: Nik uste dut arazo bat daukagula. Jonek lehen esan du euskal liburu gutxi irakurri duela gaztelaniara itzulita, eta nik ere berdintsu, ez daukagu horretarako ohitura. Ematen dit ez dagoela horretarako joerarik.

Senez: Euskaratik gaztelaniara itzultzean erreferente kulturalen kontua ere agertzen da. Juan Luisek lehen gaztetxeen kontua aipatu du, oin oharrez azaldu beharra. Arazoa iruditzen zaizue?

Juan Luis Zabala: Galdu arteren kasu horretan ohar gutxi ziren, eta ez dut uste oztopo handia zirenik. Orokorrean, literatura egiten dugunean, gaur egun behintzat, nire ustez nahiko ikuspegi unibertsalean oinarritzen gara. Ez daukagu buruan Euskal Herriko irakurlea bakarrik, nahiz eta gero hemengo errealitatea kontatu (edo ez); ez zait iruditzen egungo euskal literatura itzultzerakoan azalpen handirik beharko duenik, edo beste edozein tokitako gaurko irakurle bati arrotza egingo zaionik edo ulertu gabe geratuko denik nondik nora doan kontua. Beharbada, kasu bakan batzuk egongo dira, baina oro har ez dut uste hala denik.

Harkaitz Cano: Niri iruditzen zait urte askotan ikusi ditugula berez zeuden baino arazo gehiago, sortzen zaigula halako konplexu bat. "Ulertuko ote da hau kanpoan?" Guk Finlandiako zerbait irakurtzen dugunean, gauza asko ulertu ez arren, gure jarrera irakurketaren —eta are, idazlearen— aldekoa da beti. "Jatorrizkoan akaso hobea eta guzti izango da", pentsatzen duzu, baina hala ere jarraitzen duzu istorioa. Zergatik ez du izan behar horrela hemendik kanpo? Islandiar batek irakurtzen duenean gure istorio bat, nahiz eta ez ezagutu hemengo geografia, historia, gaztetxeak..., egingo du bere pelikula, ez?, eta seguru aski dezente hurbilduko da benetakora. Askotan, prebentzio gehiegirekin jokatzen dugu.

Jon Alonso: Nik uste dut bigarren mailako arazo bat dela hori, ez da oharren bidez konpondu ezin daitekeen arazoa. Beste adibide bat jarriko dizuet, ez duena zerikusi zuzenik euskararekin. Ipuinei buruzko ikastaroetan, hasieraren garrantziaz jarduteko Txejov-en "Dama txakurtxoduna" erabili izan dut. Lehenbiziko paragrafoa irakurri eta, eztabaidan hasteko, galdera egiten dut: "hemendik zer informazio ateratzen dugu?" Lehenbiziko esaldi horretan, urlia Jaltan bolada bat pasatuta zegoena eta aspertzen hasia zegoena, konturatu zen neska berri bat agertu zela... Jalta aipatzen da. Hasiera horretan informazio asko ematen du Jalta zer den jakiteak. Galdetu jendeari, eta baten batek igual zer edo zer esango du, baina gauza handirik ez. Bainuetxe bat da, eta giro aristokratikoaz ari garela ateratzen da hortik. Gaztelaniazko ez dakit zein ediziotan oharrarekin hasten zen ipuina "balneario situado en Crimea donde en el siglo XIX la aristocracia rusa pasaba largas temporadas". Honekin­ esan nahi dut errusieratik gaztelaniara ere gerta daitekeela, baina hori bigarren mailako kontua da.

Senez: Erdaretatik euskararako literatur itzulpena azken hamarkadetan asko hobetu dela esan ohi da, gaztelaniarako itzulpenen kalitatea, ordea, behar bezalakoa ez dela entzun izan dut behin baino gehiagotan. Zer iritzi duzue zuek?

Harkaitz Cano: Gaztelaniarako itzulpen literarioa dezente hobetu da; ez kontrako bidean hobetu den adina, beharbada, baina ez dut hor arazorik ikusten.

Juan Luis Zabala: Beno, arazoa beti izan da itzultzaile gutxi egotearena, ez? Ausartzen direnak, edo hori ondo egiten dutenak, edo horretan konfiantza ematen dutenak, egia esan, esku bateko hatzekin kontatzen dira. Behintzat idazle bati ikuspegi linguistiko batetik ez ezik literarioki ere konfiantza emango diotenak lehen gutxi ziren baina ez dut uste asko igo denik kopurua. Egin dira itzulpenak, baina seguru asko, argitaletxe batzuek —batez ere esango nuke Alberdaniak eta Elkarrek— borondatea jarri dutelako eta nolabaiteko apustua egin eta hori indartu dutelako, baina gero itzulpen horiek, Harkaitzek lehen komentatu duenez, gutxi saltzen dira.

Egon zen momentu bat, orain dela hamar bat urte edo, non ematen baitzuen lehertu egingo zela, interesa zegoela kanpoan, eta idazle onak zeudela, eta iritsia zela euskal literaturaren ordua, baina hori apaldu egin da. Frankfurt iristen da eta esperantzak berriro egiten du gora; izan ere interesa badago, baina ez hainbestekoa. Bestalde, gaztelaniatik aparteko hizkuntzetara zuzenean itzultzeko aukera ere planteatzen da, Islandiako ereduaren antzera, eta badakit orain aleman batzuk hasi direla beste bide batzuk urratzen. Orokorrean, ematen du aurrera egiten dela, baina ez garai batean espero zen bezain indartsu.

Jon Alonso: Galdetu duzu ea zer maila dagoen, eta nik uste dut gaztelaniatzerakoan —beste norabidean ere bai— oso inportantea dela doinua edo dena delako hori harrapatzeko, itzultzaileak doinu, eredu eta idazle asko ezagutzea —kasu honetan gaztelaniaz—, eta liburu asko leituta izatea. Jatorrizkoaren nahia edo oihartzuna errazago harrapatuko du: idazle honek zein eredu eduki ditu (agian)? Faulkner, Hemingway... Ez da hain erraza horrelako zozo zuririk dozenan hiru topatzea.

Harkaitz Cano: Baina seguru aski gauza bera gertatzen da gaztelaniaz ere, ez? Ez dira egongo hainbeste itzultzaile alemanetik edo italieratik ongi-ongi itzultzen dutenak literatura eta Italiako literatura ezagutzen dutenak, ezta?

Jon Alonso: Baina hizkuntza erromanikoen artean alderdi sortzaile hori askoz gehiago da sota-caballo-rey esaten dena. Askoz automatikoagoa da.

Senez: Polisemia da literatur testu ororen ezaugarrietako bat; alabaina, itzultzerakoan interpretazioak egin behar dira maiz, polisemia gordetzea ez baita beti posible; horrelakoetan idazleak bere irakurketa egiten du eta ez dator beti bat itzultzailearekin. Izan ere, hori dateke autoitzultzeko arrazoietako bat: neuk egingo dut nire liburuaren interpretazioa. Zuen ustez, idazlearena al da "benetako" interpretazioa, errespetatu beharrekoa?

Juan Luis Zabala: Idazle bezala, eta seguru asko pertsona bezala ere bai, inoiz ez dut lortuko buruan daukadana erabateko zuzentasunez transmititzea. Jarraitzailerik fidelenak eta nire obra ondoen ezagutzen duenak ere beste aire bat emango dio, beste ikuspegi batekin ikusiko du nik idazten dudana, eta itzultzaileak ere gauza bera egiten du. Halako mesfidantza bat izango dut beti nire obra bat itzultzen denean: buruan neukan hori ez dela iritsi, beti gertatzen da ez iriste hori. Idealena norberak egitea izango litzateke, lehen esan dudan bezala, argitaratu baino lehen, baina gehiegi eskatzea da eta, izatekotan, hizkuntza batera. Itzulpenak beti du hori, ez da inoiz izango erabateko ordain zuzena. Bestela, idealismoa ezinezkoa denez, itzultzailearen lana da. Ondo dago idazleak oniritzia ematea, baina azkenean itzulpenaren ardura itzultzailearena da.

Jon Alonso: Lehen esan dudan bezala, idazleak eskubidea du esateko "nik ezagutzen ditudan hizkuntzetan neronek egingo dut interpretazioa". Zilegi da, baita ere, beste batek egitea irakurketa; batak ez du bestea kentzen. Eta bestalde, zeharka bada ere, zuk esaten duzun hori, buruan duguna doi-doi ezin transmititzea, denoi gertatzen zaigu, idaztean, hizketan eta denetan.

Harkaitz Cano: Nik uste dut idazleoi amorru gehien ematen diguna dela zehaztasun falta topatzea guk idatzi ditugun gauzetan, eta itzultzailea zehaztasun falta horren detektore zorrotza da. Horri aurre egin nahi diozun edo ez, zuk ikusiko duzu, baina hori gertatu egiten da zure lana berriro irakurtzen duzunean, eta azkarrago gertatzen da itzulpen batekin, automatikoki gertatzen da; krisian sartzen zara, eta ez itzulpenarekin, jatorrizkoarekin baizik. Itzulpena da autopsia egitea bizirik zaudela, baina autoitzulpena auto-autopsia da, bibisekzio bat. Bada beldurrezko ipuin bat: mediku bat irla batean dago, eta ez dauka janaririk. Bisturia hartu eta hasten da bere burua jaten, baina medikua denez badaki zein atal moztu behar duen bizirik segitzeko. Nik horrela ikusten dut autoitzulpena pixka bat, nik badakit zehaztasunez zer moztu behar dudan eta hala ere bizirik segi. Hori itzultzaileak egiten dizunean ordea...

Juan Luis Zabala: Idazleari beldurra ematen dio, beti dago halako beldur bat zure egiarekin aurrez aurre jartzekoa, itzultzailearen ispilu horretan begiratzekoa.

Senez: Autoitzulpenarekin nolabaiteko lotura duen beste gai bati buruz galdetu nahi dizuet. Konturatu naiz galegotik eta katalanetik beren burua itzultzen duten zenbait idazlek gaztelania literatur hizkuntza ere badutela, gaztelaniaz ere idazten dutela; zuek, ordea, euskara duzue sormenerako hizkuntza, ez da hala? Eraginik izan dezake horrek itzulpenetan?

Harkaitz Cano: Bueno, egia esan, ni batzuetan mugan egoten naiz.

Jon Alonso: Nik gaztelania asko landu dut, baina literaturaren aldetik modu pasiboan. Ez diot nire buruari planteatu gaztelaniaz literatura idaztea.

Senez: Hori aipatzen nizuen, zeren, agian, hizkuntza bietan idazten duen idazleak etekin handiagoa atera baitiezaioke auto-itzulpenari, bere beste hizkuntzako "ahotsa" lantzeko.

Harkaitz Cano: Gaztelaniara itzultzen ditudanetik neure lanak, jada ez dut berdin irakurtzen gaztelaniaz. Euskarazko liburuak beti irakurri izan ditudan bezala irakurtzen ditut orain gaztelaniazkoak, hau da, historia jarraituz, apunteak hartuz, arreta berezia jarriz ezagutzen ez ditudan estilo berezietan. Nik beti gauza horiei gehiegi erreparatu gabe irakurri izan dut gaztelaniaz, eta orain, onerako edo txarrerako...

Juan Luis Zabala: Badaude idazle batzuk, Iban Zaldua esaterako, liburu bera edo beste zerbait gaztelaniaz egitea erabakitzen dutenak, hala atera zaielako. Ibanek, hain zuzen, gaztelaniaz idatzi du bere nobela bakarra.

Jon Alonso: Niri problema bat planteatzen dit horrek, eta inoiz egin izan ditut esperimentuak, baina gero ez du zentzurik. Zer idazle naiz ni gaztelaniaz? Ez dakit. Ez naiz. Orduan, hasi beharko nuke gaztelaniaz nire estiloa bilatzen. Ez zait horrela planteatu. Planteatuko balitzait, egingo nuke, prest nago, baina arrazoiren bat baldin badago, Anagramak zero askotako txekea aurrean paratzen badit, esaterako (barreak).

Eta saio batzuk ere egin izan ditut. Nik umorea landuko nuke gaztelaniaz. Barrez lehertzeko moduko liburua egin nahi nuke, eta inoiz 15 folio idatzi izan dut, baina gero... kostatzen ari zaidan ahalegina, jakinda gero "zakarrontzira" doala, bada... Euskaraz nola edo hala baduzu nortasun bat, estilo bat, baina beste horretan... arazo bat izango litzateke.

Harkaitz Cano: Niri euskaraz idaztea ateratzen zait, ez gaztelaniaz. Poemaren bat... izan liteke, baina ipuinik edo, ez. Enkarguz ere idatzi izan ditut gauzak zuzenean gaztelaniaz: artisten katalogoetarako, eta abar.

Juan Luis Zabala: Apunte solte batzuk "etortzen zaizkizu" (etortzerik baldin badago) gaztelaniaz. Aurreko egunean, esate baterako, kantu baten letra izan daitekeen zer txiki bat etorri zitzaidan erdaraz, "etorri" izan zen, hasi jolasten hitzekin eta... baina artifizio gehiago eta planteamendu bat eskatzen duen gauza kontzienteago bat ez nuke gaztelaniaz egingo.

Senez: Gaurkoz, honetan utzi beharko dugu elkarrizketa. Beste konturen bat aipatu nahi duzue euskal literatura gaztelaniatuaren inguruan?

Jon Alonso: Lehen, gure balizko erdal irakurleez hitz egin dugu, geure burua erdal literatur sisteman agertzeaz, eta horretan badute zerikusirik argitaletxeek. Nik bi liburu ditut gaztelaniatuta bi argitaletxe desberdinekin, eta sekula ez dakizu zenbat ale argitaratu duten, zenbat saldu duten... salatzeko modukoa da.

Juan Luis Zabala: Liburuei zer promozio egiten zaien ere ikusi beharko litzateke, bai eta salmentak nola egiten diren: eskolen bidez?, dendetan erosten dira?

Harkaitz Cano: Luze jarduteko moduko beste gai bat ere badago, Espainiako Sari Nazionalerako itzulpenena. Hemengo batzuek bezala, nik ere izan dut hor esperientziaren bat eta hara zer esan zidaten: "Ordainduko zaizu ulermena errazten duen itzulpena bakarrik, ez itzulpen literario bat". Horrelaxe idatzi zidaten niri, hortik atera kontuak.