Pentsamenduaren Klasikoak euskaraz
Pello Salaburu

Joan den mendearen azkeneko hamarkadan sortu zen KLASIKOAK izeneko bilduma, pentsamenduaren historian garrantzia eta eragina izan duten idazkiak euskaraz paratzeko asmoarekin. Gauzak izan diren bezala oroitaraztea komeni baita, uste dut hona ekarri behar dudala gogora nola ibili zen urte haietan euskaltzale bat bere indar guztiekin holako asmo hau bultzatu nahian. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea den Pedro Etxenike zientzialari ezaguna izan zen ideiaren sortzailea, neurri handi batean, oker ez banaiz. Eta horretarako behar ziren diru funtsak han-hemenka bilatzen saiatu zen, elkarte batzuk inplikatuz proiektua aitzinat bulkatzeko. Hola sortu zen KLASIKOAK elkartea. Elkarte Anonimo gisa. Hasiera hartako jabeek holaxe partitu zuten jabegoa: % 45 BBV Fundazioak (orain FBBVA) hartu zuen; beste horrenbeste hartu zuten Kutxek (Vitalek, BBK-k eta Kutxak); geratzen den % 10a erdi bana hartu zuten Deustuko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Neurri horretan jarri zituzten mahai gainean behar ziren sosak, eta ehuneko horietan segitu dute urteetan zehar beren ekarpenak egiten.

Gaur egun hola dago Administrazio Kontseilua osatua:

- FBBVA: Pedro Etxenike, Anjel Lertxundi eta Gregorio Monreal
- BBK: Jon Mancisidor
- Kutxa: Jesus Mari Alkain
- Vital Kutxa: Antonio Rivera
- Deustuko Unibertsitatea: Rosa Miren Pagola
- Euskal Herriko Unibertsitatea: Iñaki Goirizelaia
- Neu naiz Kontseiluko presidentea. Eta Andoni Unzalu elkarteko idazkaria.

Hasiera hartan helburu argiak zituen bilduma horrek: ideien historia unibertsalean garrantzia izan duten lanak euskaraz jartzea. Hala zioten estatutuek: argitaratu nahi dira, zuzenean nahiz zeharka, liburu mota guztiak, literaturakoak, artistikoak, pedagogikoak, zientzia mailakoak, profesionalak... hots, mota guztietako jakintza zabaldu eta hedatu nahi da, baina, batez ere, pentsamendu unibertsalean erpina jo duten obra klasikoak euskaraz jarri nahi dira.

Kontuan izanik zein zen (eta zein den) gure hizkuntzaren egoera, proiektua bultzatzen zuten erakundeek bazekiten ongi zein zen abiapuntua:

- ekimen pribatua izanik ere, gauza jakina zen honekin ez zela dirurik irabaziko, eta hor sartzen zen guztia liburuen orrialdeek eramango zutela.

- salmenta ere aski mugatua izango zuen bildumak. Ez zen egin nahi eguneko produktu bat, baizik geroari begira, urte luzeetarako, betiko ez bada, hor geratuko zen zerbait.

- utzi nahi zen hemengo liburutegi garrantzizko gehienetan bilduma bat, bestela nekez aurkituko litzatekeena, modu sistematiko batean.

- bilduma luzea zen. Ez zen mugarik jarri, baina denen gogoan zen ehun obratara, gutxienez, iritsi behar zela. Hortik goiti.

- Aukera egitea ez zen lan erraza: bistan da ez dela gauza bera 10 obra aukeratzea, edo 100 aukeratzea. Lehenbiziko kasuan "diren guztiak badira" esango genuke arazorik gabe, baina bigarrenean "ez dakigu diren guztiak hala diren, edo badiren hor ageri ez diren beste batzuk ere kanpoan gelditu direnak". Aukera egokia eta oreka ona mantentzea zaildu egiten baita ikaragarri behin kopuru batetik pasatzen garenean. Kontuan izan dezagun, gainera, hizkuntza askok ez dutela holako bilduma bakar eta sistematikorik, nahiz hemen argitaratu diren liburu hauek guztiak espainolez, frantsesez, ingelesez edo alemanez ere aurkitzen ahal diren, jakina, baina argitaletxe desberdinetan argitaratuak.

- Holako proiektu batek azpiegitura indartsuak behar ditu, batez ere itzulpena jatorrian idatzitako hizkuntzatik egin nahi bada. Itzultzaile asko behar ditu, hauek ere orekatuak euskalkiei dagokienez. Itzultzaile desberdinak nahi ziren, horrek bilduma aberastuko zuelakoan, baina gero batasuna eman behar zitzaion lan horri, esku desberdinek egindako lana, neurri batean bederen, bide bakarrera bil zedin. Lan horren ardura izan zuen hasierako urte haietan Xabier Mendiguren Bereziartu idazleak. Aldi hartan, bildumaren zuzendaritza Andoni Iriondo irakaslearen esku egon zen.

Emaitza

Orain, urteak pasatu ondoren esaten ahal da emaitzak onak izan direla oro har. Eta onak izan dira arrazoi askogatik. Batetik, 100 baino obra gehiago publikatu dira euskaraz. Ahalegin handia da hori, meritu handikoa. Hemen daude pentsalari klasiko zaharrak eta berriak, hemen daude bilduak gure gizarteko pentsamoldean pisu berezia izan duten pentsalari gehienak: S. Agustin S, Aristoteles, M. Azpilkueta, R. Barthes, C. Beccaria, H. Bergson, G. Berkeley, E. Bloch, L. Bloomfield, Boezio, E. Burke, A. Camus, E. Cassirer, N. Chomsky, Condorcet, B. Croce, A. C. Crombie, D´Alembert, Ch. Darwin, R. Descartes, F. Diderot, W. Dilthey, E. Durkheim, J. Eckhart, B. Russell, J. G. Frazer, S. Freud, E. Fromm, M. Foucoult, G. W. F. Hegel, M. Heidegger, J. G. Herder, Herodoto, T. Hobbes, W. Humboldt, D. Hume, W. James, K. Jung, I. Kant, J. M. Keynes, S. Kierkegaard, G. W. Leibniz, G. E. Lessing, C. Lévi-Strauss, Loiolako Ignazio, J. Locke, Lukrezio, Mošeh Ben Maimon (Maimonides), K. Marx, J. S. Mill, M. Montaigne, Montesquieu, T. Moro, F. Nietzsche, J. Ortega y Gasset, R. Otto, Ch. S. Peirce, J. Piaget, Platon, Plutarko, K. Popper, Presokratikoak (Anaxagoras, Anaximandro, Anaximenes, Apoloniako Diogenes, Demokrito, Eleako Zenon, Enpedokles, Heraklito, Kolofoneko Xenofanes, Krotonako Alkmeon, Leuzipo, Meliso, Miletoko Tales, Parmenides eta Pitagoras), Priestley, D. Ricardo, Erasmo Rotterdamegoa, J. J. Rousseau, G. Santayana, F. Saussure, A. Schopenhauer, J. A. Schumpeter, Seneka, Shaftesbury, B. Spinoza, Tazito P. K., J. Tauler, A. Tocqueville, Tomas Akinokoa, A. Toynbee, Tuzidides, Uharte Donibanekoa J., M. Unamuno, F. Vitoria, Vitruvio, Voltaire, Volney.

Hauen guztien lanak argitaratu dira KLASIKOAK bilduman, eta horri esker euskaltzale guztien eskura daude orain: orotara, 102 liburu, aukeratu egileak baino gehiago, ikusten denez, kasu batzuetan egile beraren liburu bat baino gehiago itzuli baita. Hor daude zinez klasiko-klasikotzat jotzen diren guztiak (Aristoteles, Platon edo Plutarko bezalakoak), baina horien ondoan daude Montesquieu edo Montaigne bezalakoak ere. Edo Spinoza, Piaget eta Chosmky. Gutxitan aurkituko du irakurle batek horrenbeste izen handi bilduma berean paratuak. Alde horretatik esaten ahal da, horrenbestez, hasierako asmo haiek behar bezala bete direla. Hauek izanik itzulitako lanak, gaineratu nahi nuke lan bakoitzak espezialista batek egindako sarrera ere baduela, azkeneko urteetan eranskin gisa argitaratzen dena. Hor ageri da nor den egilea, eta zer garrantzi duen lan horrek pentsamenduaren historian.

Hau bezalako proiektu batean autoreen arteko aukera egokia egin behar da (hori, bide batez, hartarako espresuki izendatutako akademia talde batek egin zuen), baina gero lan hori euskaratu egin behar da, eta ardura hau itzultzaileek dute, jakina. Itzultzaileek huts eginez gero, proiektua geratua egongo litzateke. Aitortu behar da batzuetan zinezko zailtasunak gertatu direla itzultzaileak aurkitzeko orduan, kontu hauetan, euskararekin zerikusia duten beste hainbestetan bezala, eskaera beti handiago izaten baita eskaintza baino. Haien lana kontuan izan gabe, bilduma honek ezingo luke aitzinat egin. Itzultzaile anitz dira urte hauetan zehar proiektuan inplikatuak izan direnak. Anitz eta anitz lekutakoak. Hona hemen itzultzaileen izenak: Agirrebaltzategi, J. Aguirre, J. Alonso, P. Altuna, M. Amas, Amuriza, P. Apalategi, X. Arregi, A. Arrieta Urtizberea, I. Arrigain, B. Bakaikoa, Biguri, C. Busturia, Charriton, J. Eizagirre, Elexpuru, E. Etxeberria, A. Gabikagojeaskoa, A. Garikano, J. Garzia, Gil Bera, X. Insausti Ugarriza, I. Iñurrieta, S. Iruretagoiena, P. Iztueta, Kalzada, Kintana, I. Laka, C. Lasa Otxoteko, J. M. Lekuona, J. A. Letamendia, I. Mendiguren, X. Mendiguren Bereziartu, F. Mendizabal, J. M. Mendizabal, H. Monreal, K. Morales Belda, Naberan, L. Ohiartzabal, B. Oyharçabal, J. J. Pujana, J. Sudupe, I. Unzurrunzaga, I. Uribarri, B. Urkizu, I. Usabiaga, P. Zabaleta. Itzulpen hauen artean badira batzuk bereziki aipagarriak direnak. Leialtasunak ez dit uzten inor ere besteen gainetik gailentzen, inork ere ez dezan pentsa apalesten dudala, baina gure artetik joana denez gero, Patxi Altunak egindako Loiolako Inazioren Gogo jardunen itzulpena nabarmendu nahi dut hemen, ez bakarrik itzulpen aparta delako (kontuan izanik, gainera, lan hau hainbeste bider itzulia izan zela lehenagotik), baizik hauxe izan zelako Altunak egin zuen azken lan luzea. Horrek merezi du aipamentxo labur hau.

Baina ez da izan aski lana itzultzea. Lana itzuli behar da, bai, baina itzultzailearen gibelean beti izan da haren lana berriz ere ikusi duen berrikuslea. Eta itzultzailearen eta berrikuslearen arteko eztabaidatik sortu da azkenean inprentara eraman den produktua. Normala da, hala ere, eta hori edonork pentsatuko du, izenak bi sailetan (itzultzaileen eta berrikusleen sailetan) errepikatzea, ez baita horrenbeste jenderik ere gure artean lan hau garantiarekin egin dezakeenik. Berrikusle lanetan ibili dira honako hauek guztiak: Amuriza, Andonegi, X. Apaolaza, M. Aristegi, X. Arregi, J. Arrieta, L. Arrieta Zubillaga, E. Artamendi, X. Artiagoitia, L. Auzmendi, S. Ayestaran, M. Azkarate, J. Azurmendi, M. Azurmendi, B. Bakaikoa, A. Eguskitza, Epaltza, Esnal, J. A. Etxezarreta, A. Gabikagojeaskoa, A. Ibarra, M. Iñigo, J. Ituarte, P. Iztueta, Kalzada, A. Karrera, Kintana, C. Lasa, X. Mendiguren, F. Mendizabal, B. Montorio, J. M. Mujika, J. A. Mujika, Naberan, L. Ohiartzabal, Orpustan, B. Oyharçabal, M. Plazaola Rezola, I. Sarasola, P. Uribarren, I. Uribarri, J. Urrutikoetxea, X. Usabiaga.

Lanak, itzulpenak, itzulpen ikusleak. Horiek aipatu ditut. Hitzaurregile asko izan ditugu lan erraldoi hau aurrera ateratzen lagundu digutenak. Hauek guztiak: Francisco Abad, Javier Aguirre, Jesus Altuna, Xabier Andonegi, Jokin Apalategi, Javier Apaolaza, Jose Ramon Arana, Pedro Arrarás, José Arregi, Joseba Arregi, Jesús Maria Arrojeria, José Atienza, Joxe Azurmendi, Mikel Azurmendi, Ignacio Berdugo, Gaston Buatxidze, Juan Calatrava, Tomás Calvo Martínez, Vicotoria Camps, Carreras Ares JJ, Demetrio Castro, Carmen Codoñer, Concha Cogolludo, María del Carmen Dolby Múgica, Claude-Gilbert Dubois, Javier Echeverria, Pello Esnal, José María Floristán, Enrique Freijo Balsebre, Luis Garagalza, Agustín García Calvo, Milagros García Crespo, Carlos García Gual, Eduardo Gil Bera, Helmut Gipper, Angel Gonzalez, Julio Gorricho, Christopher Hookway, Nathan Houser, Otfried Höffe, Pello Huizi, Andoni Ibarra, Carmen Iglesias, Xabier Insausti, José Jimenez Blanco, Jurgen Krün Klaus, Axel Leionjvud, Arturo Leyte, Alfonso López Quintas, Ernesto Martínez de Guereñu, Concha Martínez Martorell, Carlos Mellizo, Clemens Menze, David Miller, Juan J. Moralejo, Gregorio Monreal, Haritz Monreal, Anthony Pagden, Francisco Rico, Xabier Ripalda, Wolfang Rod, Frithof Rodi, Fernando Rodríguez, Shaloom Rosenberg, Jaime de Salas, Andrés Sanchez Pascual, Fernando Savater, John Skorupski, Alfredo Tamayo, Esther Torrego, Manuel Tuñón de Lara, Burkhard Tuschling, José María Valverde, Manuel Vázquez García, Vincenzo Vitiello, Karl Wolff.

Ikusten denez, KLASIKOAK kalean jartzea lan kolektibo handi baten ondorioa da, hola bakarrik paratzen ahal baita hain oparoa den lana denen eskura. Gero, liburu hauek liburutegietara doaz, eta bakarkako harpidedunen etxeetara, prezio eskuragarri batean. Ez da harritzekoa, hortaz, gutun batean Gerald Holton Harvardeko irakasleak esaten ziguna: "I'm really impressed by the project Klasikoak...". Gerald Holton da gaur egun zientziaren historia kontuetan munduan den espezialista handienetakoa, handiena ez bada.

Hau guztia dela eta, gure ustez, KLASIKOAK bildumak ere bere bidea egin du euskararen batasuna indartzen, hainbeste arlotako gaiak ukitu baititu, prosa filosofiko eta zientifikoa garatzen lagundu baitu, eta saiakera arloari bulkaldi ederra eman baitio. Sailkapen bat arloka egin nahi izanez gero, hola banatuko genituzke lanak:

Filosofia % 48
Soziologia % 14
Psikologia % 4
Biologia % 1
Zuzenbidea % 3
Antropologia % 6
Historia % 4
Ekonomia % 4
Hizkuntzalaritza % 6
Erlijioa % 6

Eta jatorrizko hizkuntzak hartzen baditugu kontuan, hizkuntza hauetatik itzuli izan dira lanak:

Alemana % 17
Daniera % 2
Gaztelania % 6
Frantses % 26
Greziera % 8
Ingelesa % 26
Italiera % 2
Latina % 13

Horrek guztiak esan nahi du KLASIKOAK bildumari esker denon eskura, batez ere unibertsitateko ikasle eta irakasleen eskura, jarri ditugula material berriak, aldi berean maila horretako hiztegia aberastuz. Gainera, hau guztia hobeki zabaltzeko asmoz, CD bat ere atera zen, non biltzen baitira bilduma honetan argitara emandako lehenbiziko 50 liburuak.

Orain dela urte batzuk elkartearen Administrazio Kontseiluak beste urrats bat eman zuen, eta erabaki zuen lan hauek web orri batean esekitzea, jende guztiari irekian eskainiz. Holaxe daude, dohain, denen eskuetara Word eta pdf formatuetan. Hola jarri genuen sarean euskal liburutegi elektroniko handienetako bat. Egia esan, hau bulkatu genuenean uste genuen jendeak noizbehinka word euskarrian dauden liburuak hartuko zituela, batez ere hasieran, nobedade kontua zelakoan. Baina aitortu behar dugu jendearen erantzunak ezustean harrapatu gaituela hiru arrazoirengatik: batetik, jendeak nahiago du pdf formatua aukeratu; bigarrenik, ez da izan inondik ere nobedade kontua, jendeak gero eta gehiago hartzen baititu lanak saretik; azkenik, kopuruak harritu gaitu. Hau da azaldu nahi dudana pixka bat ondoren.

Hasteko, milaka lagun dira webgunean sartzen direnak. Ez bakarrik behako bat ematera, baizik han dauden gauzak kontsultatzera. Beraz, hemen kontatu ditugu egi­azko kontsultak egiten dituztenak (hau nolabait ere neurtu baldin badaiteke) eta kopuruari dagokionez webgunean sartzen dena behin bakarrik kontatzen dugu, orri bati baino gehiagori behatzen badio ere. Eta, gainera, beti dira begirale desberdinak, errepikatzen direnak ez baititugu kontuan hartu. Lehenbiziko urtean 40.000 liburu inguru eskuratu ziren saretik. 2006an, bigarren urtean, 81.230 liburu eskuratu ziren. Hirugarren urtean, 2007an 13.518 liburu otsailaren 7a baino lehenago (360tik gora eguneko, kontuan hartuz garaia ere ez dela egokiena). Beraz, harrigarria da ikustea gero eta gehiago kontsultatzen direla liburuak, eta saretik hartu.

Asko da hori? Gutxi da? Gure ustez, asko, eta urtez urte gehiago. Ez dugu ideiarik ere zergatik gertatzen den hau, baina esan daiteke harrera handia izan dutela liburuek. Adibidez, 2006an Historiaren azterketa II liburua (Toynbee) 5.048 aldiz kopiatu zen, eta Espezieen jatorria (Darwin) 3.346 aldiz. Liburu hau bera 2007ko lehen 37 egunetan 662 aldiz kopiatu zen. Kopuru hauek aski handiak dira, argi ikusten baita, gainera, biltze hau ez dela batere arbitrarioa: ez da kontua sarean den guztia kopiatzen dela, aukera garbiak egiten baitira. Adibidez, betiere 2006an, Estetika brebiarioa (Croce), 17 aldiz bakarrik kopiatu zen.

Datu hauek konpara daitezke gaztelaniaz dagoen beste liburutegi elektroniko batekin, "Cervantes virtual" izenekoarekin. Ez da esan beharrik gaztelaniaz mintzo direnak, munduan zehar, milioika eta milioika kontatzen direla. Hona hemen, pare-parean jarriak liburu berberak euskaraz eta gaztelaniaz (2006):

salaburu.jpg

Donibaneko Uharteren liburua kendurik (hau gehiago eskuratu baita euskaraz gaztelaniaz baino) gainerako guztietan normala da, eta esperatzekoa, gaztelaniaz anitzez ere gehiago kopiatzea liburu hauek euskaraz baino. Dena den, irakurlea berehala konturatzen denez, desberdintasunak ez dira hain nabariak: Darwin 3.346 aldiz euskaraz eta halako bi baino zerbait gehiago gaztelaniaz. Hori oso gutxi da, hiztunen kopuruak elkarren artean erkatzen baldin baditugu. Jakina: bi gauza erakusten du honek. Edo gaztelaniaz oso kontsulta gutxi egiten dira, eta datu hauek ez dira batere adierazgarriak, edo euskaraz sekulako arrakasta "elektronikoa" du liburutegi honek.

Ikusten denez, proiektu honek lana eskatzen du, baina dirua ere behar du aurrera egiteko. Elkarteko kideek jarri dituzte behar diren baliabideak, nahiz bi urtez Espainiako Gobernuak ere lagundu duen, bere aurrekontuetan proiektuarekin aitzinat egiteko diru kopuru bat berezi duenean. Azkeneko aldiz, 2007ko aurrekontuetan, hain zuzen ere.

Hau izan da orain arte KLASIKOAK bildumak euskaltzaleei eskaini dien lana. Orain XX. mendeko klasiko batzuk euskaratzen ari da, mende horren ondarea biltzea baita fase honetan markatu duen helburua. Hau da hurrengo urteetan esku artean izango duen lana. Euskara, jalgi hadi mundurat!