Itzulpengintza Iparraldean
Edurne Alegria

Orain dela hilabete batzuk Itzulpen­gintza Iparraldean izenburuko txosten bat prestatzea eskatu zigun Karlos del Olmok Senez aldizkarirako. Eskaera horri erantzun nahian, 2007ko apirilaren 26an EIZIEren Donostiako bulegoan, mahainguru batean elkartu ginen Iparraldean dihardugun lau itzultzaile, Kattalin Totorika, Fermin Arkotxa, Nahia Zubeldia eta Edurne Alegria, Arantzazu Royorekin batera, gure lana eta ofizioaren berri elkarri emateko.

Aldez aurretik, hizpide-ardatz batzuk finkatu genituen era honetan banatuta:

I. Gaurko egoeraren diagnosia

a) Iparraldeko itzultzaile eta interpreteen lan-esparrua
b) Lan hizkuntzak
c) Prestakuntza
d) Elkarte profesionalak
e) Hegoaldeko lan eskaintza

II. Etorkizunari begira

1) Diagnosia egin ondoren, beharrak aztertu esparru desberdinak kontuan hartuz.
2) Prestakuntza, beharrei egokitu eta batez ere Hegoaldean eskaintzen den formazio akademikoa Iparraldera zabaldu, unibertsitateen arteko hitzarmen baten bitartez adibidez.
3) EIZIE elkartea Iparraldeko profesionalei eta erakundeei ezagutarazi.
4) Hegoaldean sortzen den frantseseko lan eskaintza bideratzeko baliabideak asmatu.

Bilkura bera hasi aitzin denok bat etorri ginen mugaz bestaldeko euskal itzultzaileen arteko harreman eta ezagutza eskasa aitortzerakoan. Gure arteko elkarrizketa, finkatu hizpide-ardatzen haria galdu gabe ere, nahiko askea eta informala izan zen, eta kasu horietan gertatzen den lez, solasgai eta ideia berriak azaldu ziren.

Hasteko, frantses sistemak itzultzaileei eskaintzen dizkien estatus profesionaletaz mintzatu ginen, eta estatus horiei dagozkien gizarte segurantzaz. Egoera bat baino gehiago azaldu zen itzultzaileen artean:

- Autonomo gisa lan eginez, hots, profesio liberaltzat hartuta, URSSAF-en bidez lortzen dira gizarte segurantzaren onurak, baina kotizazioak garestiak dira.
- AGESSA (Association pour la Gestion de la Sécurité Sociale des Auteurs) erakundeak ere itzultzaileak onartzen ditu autore gisa, baldin eta literatur itzulpenean lan egiten dela frogatzen bada. Eta, kasu honetan, ordaindu beharreko kotizazioak arinagoak dira.

Halere, bada Iparraldean bizi eta Gipuzkoan lan egiten duenik, autonomo gisa. Horretarako, lurralde horretan lan-helbide bat ukatea ezinbestekoa da eta, horrez gain, Gipuzkoan bizi den ordezkari bat ere izan behar du Iparraldeko itzultzaileak.

Zergak ordaintzeari dagokionez, gai nahiko korapilotsua da, baina badirudi atzerrian lan egiten duten frantsesek aukeratzea dutela zergen ordaintzea Frantzian edo lanean ari diren herrian. Dena dela, gure elkarrizketan argi geratu zen gai hau aztertu eta sakondu beharra dagoela.

Horrez gain, Frantzian ere badago Espainiako CEDRO erakundearen parekoa, SOFIA (Société Française des Intérêts des Auteurs de l'Écrit) izenekoa, idazleen eskubideak kudeatzen dituena (itzultzaileonak barne).

Itzultzaile-elkarteei dagokionean, mahai-inguruan parte hartu genuen denok EIZIEko kideak bagara ere, aitortu behar izan genuen elkartea ezezaguna dela Iparraldean, eta, beraz, lana egin beharko litzatekeela gabezia hori betetzeko.

Gutako inor ez da Frantziako itzultzaile-elkarte bateko kide, hauexek izaki garrantzitsuenak:

- Société Française des Traducteurs (SFT): itzultzaile profesionalen sindikatu nazionala da, eta horren barnean Iparraldeari dagokion Akitania eskualdeko ordezkaritza sartzen da.
- Association des anciens élèves de L'ESIT (École Supérieure d'Interprètes et de Traducteurs). ESIT eskolako ikasle ohien elkartea.
- Association des Traducteurs Littéraires de France (ATLF): literatur itzultzaileen elkartea.
- Union Nationale des Experts Traducteurs près de la Cour d'Appel (UNETICA): auzitegietan edo auzitegietarako lan egiten duten itzultzaile eta interpreteen interesak defendatzen dituen elkartea.

Finkatu hizpide-ardatzei jarraituz, itzultzaile eta interpretarien lan-esparruari dagokionez, bi arlo hauek aipatu genituen:

Itzulpen juridikoa. Zinpeko itzultzaileen zerrenda (traducteurs assermentés) eskura daiteke Baionako Auzitegian, baina euskararako ez dago zinpeko itzultzailerik. Gutako batzuk deitu izan gaituzte lan puntualetarako baina gaurko egunez euskararen erabilpena ez dago bermatuta Frantziako auzitegietan ("Il n'ont qu'à parler en français" izan da Baionan jaso dugun erantzuna, hots, "Aski dute frantsesez hitz egitea"). Zernahi gisaz, arlo horretan lan egin dugunok bat etorri ginen oso gaizki ordaindutako lana dela aitortzerakoan.

Itzulpen literarioa. Mahai-inguruan geunden batzuk Iparraldeko eta Frantziako argitaletxeekin lan egin izan dugu, esate baterako, Gatuzain, Quai Rouge, Castor Astral, Atlantica, Pimientos. Esperientziak desberdinak izan arren, esan daiteke oso gutxi itzultzen dela euskaratik frantsesera eta are gutxiago frantsesetik euskarara. Maila horretan, nabaria da itzulpen-politika baten falta Iparraldean. Aztertu gabe geratu ziren beste lan-esparruak, hala nola, administrazioko beste zerbitzuak, enpresa pribatuak, turismoa eta ostalaritza, hezkuntza mundua, etab.

Lan hizkuntzei eta hizkuntza konbinazioei dagokienez, bildutakoen esperientziaren arabera, Iparraldean sortzen den lan eskaintza, hein handi batean, frantsesetik euskararako itzulpenak dira. Aldiz, Hegoaldetik eskaera alderantzizkoa da, gehien bat euskaratik eta gazteleratik frantsesera. Interpretazioan berriz, bi hizkuntzak era berean erabiltzen dira Iparraldean.

Hari honi jarraituz, tarifen gaiari heldu genion. Alde batetik, ohartu ginen zein zaila den batzuetan Frantzian euskara hizkuntza "osotzat" onartua izan dadin, batzuei beti garestiegia irudituko zaie euskarara itzultzeko eskatzen diezun diru-kopurua. Alta, jarrera bestelakoa da beste edozein hizkuntza batekin. Badago halako aurreiritzia, zeinen arabera "mesede egiten" diguten euskarara itzultzean. Argi dago ofizialtasun ezak kalte handia egiten diola euskarari. Horrenbestez, oso garrantzitsua iruditzen zaigu dagokion prestigioa ematea gure hizkuntzari eta tarifa duinak aplikatzea.

Gehienok EIZIEk aipatzen dituen tarifak erabiltzen ditugu, batez ere Hegoalderako lan egiten dugunean. Baina, jakinez Frantziako tarifak Hegoaldekoak baino altuagoak direla, mahai-inguruko partehartzaileok zera erabaki genuen, alegia, aurrerantzean elkarren artean adostutako tarifak aplikatuko genituela Iparralde eta Frantziatik eskatu lanei, lurralde horietakoei egokituz.

Bestalde, tarifen gaia aipatzerakoan, agerian geratu zen EIZIEren gomendioen arabera euskarari gehitu behar zaion %30a ez dagoela batere argi zein irizpiderekin erabili behar den.

Gure elkarrizketako beste gaien artean formazioa eta prestakuntza ere aipatu genuen:

Alde batetik, gaur egun Frantzian ez dago itzultzaile-eskola edo -fakultaterik euskara aintzakotzat hartzen duenik. Euskaratik frantsesera eta alderantzizko itzulpenak hizkuntza-ikasketetan soilik landu daitezke, hots, euskal filologiako ikasketetan, edozein atzerriko hizkuntza-ikasketetan egiten den moduan. Jakin dugunez, CNRS (Centre National de la Recherche Scientifique) erakundean euskararen eta euskal testuen inguruko IKER ikerketa-taldea itzulpen-mintegi bat sortu nahian dabil Baionako Unibertsitatean.

Bestalde, gure mahaikide baten esperientziaren arabera, Gasteizko itzulpen-ikasketetan ez da lantzen euskaratik fran­tsesera edo gaztelaniatik frantseserako itzulpena, alderantzizkoa baizik. Gainera, jakina da Hegoaldean azken hamarkadetan frantsesaren irakasteari utzi zaiola ingelesaren mesedetan, horrek ekarri dituen ondorio ezin txarragoekin (horien artean frantsesera itzulitako testuen kalitate eskasa).

Euskaratik frantseserako itzulpena suspertzeko premia agerian geratu zen gure solasaldian. Nahiz eta azken urte hauetan ahaleginak egin diren alor horretan, besteak beste euskal literatura beste hizkuntzetan eskaintzeko, frantsesari dagokionez lan asko dago oraindik egiteko. Adibide gisa aipatu genuen Atxagaren lanak frantsesera, gaztelaniatik itzuliak direla eta ez euskaratik. Egia da Frantzian, oro har, "langues régionales" deritzenak hutsaren hurrengotzat dituztela, eta bertako argitaletxeek ez dutela interesik agertzen gure literaturaren inguruan, baina guri dagokigu haiengana hurbiltzea plangintza bat eginez Euskal Idazleen eta Editoreen Elkarteekin batera. Izen batzuk aipatu ziren, hala nola La Maison des Écrivains, La Maison de la Poésie, eta Parisen antolatzen diren Le Salon du Livre eta Le Marché de la Poésie. Frantziatik aparte, Quebec-en ere badago zeregina esparru horretan, eta besteak beste, nazioarteko literatura plazaratzen duen argitaletxe bat aitatu zen Écrits des Forges, zeinak urtero Festival International de la Poésie antolatzen duen Trois-Rivières hirian.

Halere, ezin utzi aipatu gabe Mari Jose Olaziregik, beste batzuen artean, egindako lana gure literatura munduratzeko helburuarekin, horren lekuko adierazgarria honako interneteko atari, helbide eta web orriak izaki: Transcript (Revue européenne, Internet des livres et des lettres), Susa argitaletxearen web orria, basquepoetry.net (le portail de la poésie basque), Portail de la littérature basque, eta EIZIEk kudeatzen duen basqueliterature.com.

Literaturaz gain, beste alorretan ere euskaratik frantseserako itzulpenaren eskaera urtetik urtera emendatzen doa, batez ere Iparraldean, eta, ondorioz, premiazkoa iruditu zitzaigun Iparraldeko EEP (Euskararen Erakunde Publikoa) eta IKER taldearekin lehenbailehen harremanetan jartzea, beharrak zeintzuk diren zehazki jakiteko, eta formazioa bideratu ahal izateko.

Iparraldean, euskara suspertzeko sortutako erakundeei buruz hitz egiterakoan, azken urteetan zeregin horretan jardun izan duen Euskal Kultur Erakundea (EKE) eta sortu berria den Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) aipatu genituen. Lehena, urte askotan arduratu da itzulpengintza kudeatzeaz, batez ere administrazio arloan, baina orain EEPren esku utzi du eginkizun hori. Jakinik EEPk herriko-etxeetako euskal teknikariak hautatzen dituela eta horien eginbeharretako bat itzulpena dela, interesgarria iruditu zitzaigun bilera bat egitea erakunde horrekin, haren lana eta helburuak hurbiletik ezagutzeko eta EIZIEren berri emateko (2007ko maiatzaren 30ean elkartu ginen Baionan, eta bilkura horren txostena jarraian erantsi dugu).

Iparraldeko beste erakundeengana jotzea ere erabaki genuen, Baionako Merkatal eta Industria Ganbarara (Chambre de Commerce et d'Industrie) eta Auzitegira, besteak beste, euskal itzulpenari dagokionez haien eskaintza zein den jakiteko. Ordutik bi erakunde horien erantzuna jaso dugu, eta adierazi digute ez batak eta ez besteak ez dutela euskal itzultzailerik euren zerrendetan.

Gai honekin lotuta, aipatzekoa deritzogu Akitaniako ARPELek Hezkuntza Nazionalaren babesarekin antolatzen dituen itzulpen-lantegiak Akitaniako lizeoetan. Tailer edo ikastaldi horietan, ikasleei itzultzailearen ofizioaren berri emateaz gain, ikasten ari diren hizkuntzak lantzen dira literatur itzulpenaren bidez. Aurten, lehenengo aldiz, Baionako Villa-Pia lizeoan esperientzia hau gauzatuko da euskara ikasten ari diren bi taldetako ikasleekin, orotara 6na orduko ikastaldia jasoko baitute. ARPELeko arduradunek euskal itzultzailea aukeratzeko orduan EEPra jo dute.

Ondorioak:

Aldez aurretik aurreikusita genituen puntu denak mahainguru honetan aztertu eta sakondu ez baditugu ere, aukera izan dugu bederen Iparraldeko itzulpengintzaren egoera hurbilagotik ezagutzeko, bertako berezitasunak nabarmentzeko eta premiazko diren zenbait eginkizun martxan jartzeko. Lehenik eta behin, lurralde horretako euskal itzulpengintzan dihardugunon errolda osatu, eta EIZIE elkartearen berri eman profesionalei, kontuan izanik EIZIEk Iparraldean ezagutza ofiziala duela elkarte gisa (Association 1901). Bestalde, itzulpengintzarekin zerikusia duten lurralde horretako erakundeekin harremanak sortu eta EIZIE ezagutarazi. Eta azkenik, euskaratik beste hizkuntzetara garatzen ari den itzulpen-ekoizpenean frantses hizkuntzari toki handiagoa eman.

EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOAREKIN IZANDAKO BILKURAREN LABURPENA

Tokia: Baionako Kontseilu Orokorraren egoitza, EEPko bulegoan
Data: 2007ko maiatzaren 30a
Parte hartzaileak: Jean Claude IRIART, EEPren aldetik; Kattalin TOTORIKA eta Edurne ALEGRIA, EIZIEren aldetik.

Bilkura hau, Iparraldeko itzulpengintzaren egoera aztertu nahian, 2007ko apirilaren 26an hartutako erabakiaren ondorioa da.

Jakinik EEP gaur egun Iparraldean euskara sustatzeko erakunde ofiziala dela (Frantses Estatua, Akitania-eskualdeko Kontseilua, Pirinio-Atlantikoetako Departamentua, Herriarteko Sindikatua eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseilua biltzen ditu bere baitan), eta euskararekin zerikusia duten arlo guztiak lantzen dituela, EIZIEren aldetik harremanetan jarri nahi izan dugu gure Elkartearen berri emateko eta haien zeregina hurbiletik ezagutzeko, batez ere itzulpengintzari dagokionez.

Beraz, bilkura horretan Jean Claude Iriartek Erakundearen azalpenak eman zizkigun eta haren egitasmoak jasotzen dituen "Hizkuntza Politika" izeneko txostena aurkeztu zigun.

ITZULPENA

Itzulpengintzari dagokionez, bi alorretan banatzen da eskaera:

- Bata, Erakundearen beraren barne produkzioa: bertan sortzen diren testu, txosten, azalpen etab. euskaraz eta frantsesez plazaratzen direnez, itzulpen lana bertako langileek egiten dute edo, hein handi batean, kanpoko itzultzaile pribatuei bidaltzen diete.
- Bestea, berriz, herriko etxeetan eta eskualdeetan sortzen den ekoizpena da. Behar horiei erantzuteko, momentuz 7 teknikari daude Iparralde osoan. Hauen eginkizuna bikoitza da: alde batetik, animazio funtzioa betetzen dute eta, bestetik, funtzio teknikoa, eta hain zuzen, azken funtzio honetan sartzen da itzulpen-lana. Teknikari hauen soldata erdia EEPk ordaintzen du eta beste erdia tokian tokiko herriko etxeak.

FORMAZIOA

Orain arte, teknikari horiei ez zaie eskatu inongo formazio berezirik itzulpenari dagokionez, hizkuntza gaitasunetik aparte.

Halere, EEPren "Hizkuntza Politika" txostenean Itzulpena azaltzen da Euskararen Kalitatea izeneko kapituluan (10. kapitulua, 2.1) hizkuntza mailaren hobetzeko beharrezkoak diren baliabide eta tresnen artean; horrekin batera hiztegigintza garatu nahi dute baita ere, eta horretan Euskaltzaindiarekin lanean dihardute.

Bestalde, kapitulu bereko 2.4 atalean Lurraldean dauden beharren araberako formakuntza kalifikatzaileak sortu, hizkuntza mailan hobetzeko eta berezitzeko, Euskal Ikasketak indartuz irakur daiteke, eta bertan Itzulpengintza aipatzen dute. Jean Claudek esan zigunez, bertako unibertsitateekin harremanetan jarri nahi dute eta jadanik Perpinyàn eta Rennesen egonda daude, itzulpengintzaren formazioari dagokionez Ipar Katalunia eta Bretainiako esperientziak ezagutzeko.

Gure aldetik Hegoaldean eskaintzen den formazioa aipatu genion eta interesgarria iruditu zitzaion Gasteizko fakultatearekin harremanetan jartzea. Bestalde, EIZIEk eskaintzen dituen ikastaroak Iparraldekoentzat egokitu genitzakeela esan genion.

ARGITALPENA

Hona zer aurreikusten den "Hizkuntza Politika" txosteneko 6. kapituluan: Europa, Frantzia, Akitania mailan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan argitalpen alorrean eskumena duten erakundeekin lan harreman iraunkorrak eraiki, laguntza egitura ezberdinekin lotura segurtatuz (6-1.1). Eta bertan esplizituki aipatzen da: Euskarazko itzulpengintza lagundu (6-1.2), honako hau gehituz : Ekoizpen elebidunen eta frantsesezko liburu klasikoen itzulpenen argitalpena lagundu (6-1.3).

Gai honi buruz Jean Claudek esan zigun itzulpen lanak aurkez daitezkeela beste lanekin batera eta hautatu lanak beren laguntzarekin argitaratzen direla. Arlo honetan beraz, ildo bat ireki daiteke.

Guk "Literatura Unibertsala" bildumaren berri eman genion, eta egitasmo horren barnean autore frantziar klasikoak ere itzultzen direla esan genion.

BESTE ZENBAIT

Bestalde, gure solaskideari aipatu geniolarik EIZIEk azken urte hauetan Idazlea itzultzaileen lantegian izenekoa antolatzen zuela, adierazi zigun beraiek ere horrelako ekimenak aurreikusita dituztela (itzultzaileei zuzendutako egonaldiak, besteak beste) eta agian zerbait antola genezakeela elkarrekin.

Solaskideak esan zigunez, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzeko hitzarmena sinatu dute.

ONDORIOAK

Bilkura interesgarria izan da, batez ere bi erakundeok elkar ezagutu dugulako, haiek ez baitzekiten gu baginenik ere. Horrez gain, hauek dira aurrerantzean Iparraldearekin landu ditzakegun arloak:

- Euskara teknikarien berri izan dugunez, aurrerantzean pertsona horiekin harremanetan jar gintezke.
- Formazioaren aldetik, Gasteizko fakultatearen ateak Iparraldekoei irekitzeko aukera azaltzen zaigu.
- Argitalpenaren mailan gure jarduna Iparraldera hedatzeko aukera dugu.
- Idazlea eta itzultzaileen arteko lantegia Iparraldean antola dezakegu.

Bilkura hau hurbilketa bat izan da, eta EEPa prest legoke etorkizunean ere EIZIEko ordezkariekin elkartzeko.