'Ia gauza bera esatea'. Liburuaren sarrera
Umberto Eco

Artikulua pdf formatuan

Itzulpena*: Ander Irizar

Zer esan nahi du itzultzeak? Lehenbiziko erantzuna, kontsolagarria gerta dakigukeena, hau izan liteke: "gauza bera beste hizkuntza batean esatea". Gertatzen dena da, lehenbizi, zailtasun handiak ditugula erabakitzeko zer esan nahi duen "gauza bera esate" horrek; izan ere, ez dakigu ongi zehazten zer diren parafrasi, definizio, azalpen edo birformulazio deitzen diegun operazioak, eta are gutxiago zehazki zer den ordezkatze sinonimiko bat. Bigarrenik, itzuli beharreko testu baten aurrean gaudela, ez dakigu zer den gauza bera. Azkenik, zenbait kasutan, esate horrek zer esan nahi duen ere zalantzazkoa izaten da.

Ez dugu zertan bila hasi (itzulpengintzaren arazoak eztabaida filosofiko askotan duen zentraltasuna azpimarratzeko) ea ba ote dagoen Iliadan edo Leopardiren "Canto di un pastore errante dell'Asia" poeman berezko gauzarik, obra horien itzulpena egiten duten hizkuntzez haratago eta gainetik agertu eta distiratu behar lukeenik, edo, alderantziz, ba ote dagoen zerbait obra horietan inola ere harrapatuko ez denik beste hizkuntza horrek ahalegin asko eginik ere. Nahikoa izango dugu hegan beheragotik egitea, eta hurrengo orrietan sarritan ibiliko gara horrela.

Eman dezagun ingelesezko eleberri batean pertsonaia batek it's raining cats and dogs esaten duela. Inozoa litzateke itzultzailea baldin eta, gauza bera esaten ari delakoan, hitzez hitz zakur eta katu botatzen ari du itzuliko balu. Euria goian-behean ari du edo barra-barra ari du izango litzateke itzulpen egokia. Zer egingo genuke, ordea, zientzia-fikziozko eleberri bat balitz, zientzia fortiar** deitutako horien zale batek idatzia, eta kontatuko balu zerutik benetan ari direla zakurrak eta katuak erortzen? Hitzez hitz itzuliko genuke, konforme. Baina pertsonaia bera Freud doktorearengana joango balitz kontatzearren zakurrekin eta katuekin obsesio bitxi bat duela, eta euria ari duenean ere obsesio horren mehatxua sentitzen duela? Orduan ere hitzez hitz itzuliko genuke, baina ñabardura bat galduko litzateke: Katuen Gizona esapideekin ere obsesionatua dagoela. Eta italierazko eleberri batean, zakur eta katu ari duela esaten duena Berlitz Ikastegiko ikasle bat balitz, bere mintzaira anglizismo penagarriz apaintzeko tentazioari ezin eutsiz dabilena? Hitzez hitz itzulita, italierazko irakurle ez-adituak ez luke ulertuko hura anglizismo bat erabiltzen ari dela. Eta gero italierazko eleberri hori ingelesera itzuli beharko balitz, nola emango litzaioke ingeles kutsu eder-nahi hori. Pertsonaiari nazionalitatea aldatu beharko genioke eta italiar kutsu eder-ustea duen ingeles bihurtu? Edo, akaso, Oxfordeko doinuaren nabarmenkeriaz hitz egiten badu ere, azentu hori bereganatu ezin duen Londreseko langile bihurtu? Atrebentzia jasanezina litzateke. Eta it's raining cats and dogs frantsesezko eleberri bateko pertsonaiak esango balu, ingelesez? Nola itzuliko litzateke ingelesera? Ikusten duzue zein zaila den esatea zein den testu batek transmititu nahi duen gauza, eta hori nola transmititu.

Honakoa, bada, hurrengo kapituluen zentzua: jakinda ere ezin dela inoiz gauza bera esan, ulertzen saiatzea nola esan daitekeen ia gauza bera. Behin honetara iritsita, arazoa ez da hainbeste gauza beraren ideia, ezta gauza berarena ere, baizik eta ia horrena[1]. Zenbateraino behar du izan elastikoa ia horrek? Ikuspuntua zein den: Lurra ia Marte bezalakoa da, biak Eguzkiaren inguruan biratu eta forma esferikoa baitute, baina beste eguzki-sistema batean biraka dabilen beste edozein planeta bezalakoa izan daiteke ia, eta ia Eguzkia bezalakoa, biak ala biak zeruko gorputzak baitira, eta azti baten kristalezko bola bezalakoa, edo ia baloi bat bezalakoa, edo ia laranja bat bezalakoa. Malgutasuna zehaztea, ia horren zenbaterainokoa, aldez aurretik negoziatu beharreko irizpide batzuen baitan dago. Ia gauza bera esatea, ikusiko dugunez, negoziazioaren printzipioaren pean gauzatzen den prozedura dugu.

Segur aski 1983an hasi nintzen lehenbizikoz itzulpen-problemez modu teorikoan arduratzen, Queneauren Estilo-ariketak nola itzuli nuen azaltzean. Gainerakoan, uste dut arazoari buruz aipamen gutxi batzuk baino ez nituela egin laurogeita hamarreko hamarkadara arte, garai hartan hitzaldi batzuk prestatzea suertatu baitzitzaidan jardunaldiren batean, eta hitzaldi haietan, ikusiko denez, nire esperientzia pertsonalak izan nituen hizpide, idazle itzulia naizen aldetik[2]. Itzulpenaren arazoa ezin zen nire Ricerca della lingua perfetta (1993b) liburuaren azterlanetik kanpo gelditu, eta itzulpenen azterketa xeheari heldu nion orduan, zela Joyceren itzulpen bat hizpide hartuta (Eco 1996), zela Nervalen Sylvie liburuari neronek eginiko itzulpenaren karietara (Eco 1999)[3]. Baina, 1997tik 1999ra bitarte, Bolognako Unibertsitateko Semiotikako Ikerketa Doktoretzarako, urte osoko bi mintegi egin ziren itzulpen intersemiotikoa aztertzeko; alegia, ez hizkuntza natural batetik bestera egiten diren itzulpenak, baizik eta elkarren artean desberdinak diren sistema semiotikoen arteko kasu horiek guztiak, konparazio baterako eleberri bat film batera "itzultzen" denean, poema epiko bat komiki batera, edo poema baten gaia hartuta margolan bat egiten denean. Jardunaldi haietako zenbait hitzalditan, gertatu izan zitzaidan bat ez etortzea doktoregai eta irakaskideetako batzuekin, "hertsiki itzulpena esaten zaiona"ren eta "itzulpen intersemiotikoa" deitutakoaren arteko loturei buruz. Eztabaidaren gaiak argi gelditu behar luke liburu honetako orrialdeetan, eta argi gelditu behar luke, era berean, pizgarri eta akuilu izan nituela baita ere, eta bereziki, nirekin bat ez zetozenak. Nire orduko erreakzioak, bai eta beste parte-hartzaileek esandakoak VS aldizkarian ageri dira (VS 82, 1999, eta VS 85-87, 2000).

Bitarte hartan, 1998ko udazkenean, Torontoko Unibertsitateak Goggio Lectures batzuk ematera gonbidatu ninduen, eta, bertan, gaiari buruz nituen ideiak berriro lantzen hasi nintzen. Hitzaldi haien emaitzak Experiences in Translation liburuxkan argitaratu ziren gero (Eco 2001).

Azkenik, 2002an, zortzi Weidenfeld Lectures eman nituen Oxforden, gai berari buruz betiere, eta haietan itzulpenaren nozio bat garatu nuen: itzulpena negoziazio gisa[4].

Liburu honek berriro heltzen die arestian aipatutako aldietan prestatutako idatziei, dibagazio eta adibide berri askorekin; oraingoan, izan ere, ez dut hitzaldi soilen edo jardunaldietako parte-hartzeen denbora-mugarik. Hala ere, nahiz eta hemen gaia nabarmen zabaldu dudan eta materiala beste modu batera antolatuta ageri den, nire aurreko testuen hizketa doinuari eusten saiatu naiz.

Hizketa doinuak arrazoi jakina zuen eta du: hurrengo orrialdeetan, nahiz eta, zalantzarik gabe, itzulpenaren teoria baten zenbait alderdi ukitzen diren, esperientzia konkretuak dira abiapuntua. Hau da, ez dira aipatzen esperientziak, gaur egun traduktologia ikerketei interesatzen zaien arazo teorikoren baten erreferentzia egiteko. Ez, problema teoriko horiek beti esperientziek —hein handi batean, esperientzia pertsonalek— sorraraziak dira.

Sarri askotan, traduktologiako zenbait testuk ez naute asebete; hain zuzen ere, argudio teorikoen ugaritasunarekin batera ez zelako behar adinako adibide sortarik agertzen. Hori ez da horrela, noski, arlo horretako liburu edo saiakera guztietan, eta hor dugu, konparazio baterako, George Steinerren After Babel liburuan ageri den adibide saila, baina beste askotan susmoa pizten zitzaidan itzulpengintzako teorialariak ez zuela sekula ezer itzuli eta ez ote zen ari, beraz, zuzeneko esperientziarik gabe[5].

Giuseppe Francescatok behin ohartarazi zuenez (eta buruz ari naiz), elebitasunaren fenomenoa ikertzeko, eta beraz gaitasun bikoitza lortzeari buruzko esperientzia baliagarriak bildu ahal izateko, orduz ordu aztertu behar da, egunez egun, behar linguistiko bikoitz baten pean jarritako umearen jokabidea. Bakar batzuek egin dezakete esperimentu hori: (i) hizkuntzalariek, (ii) bikotekidea atzerritarra edo atzerrian bizi dena dutenek, (iii) haurrak izan dituztenek, eta (iv) hasiera-hasieratik beren umeen adierazpideen jarraipena modu erregularrean egiteko moduan direnek. Baldintza horiek ezin dira beti bete, eta hori da elebitasunari buruzko ikerketak hain motel garatu izanaren arrazoietako bat.

Neure buruari galdetzen diot ea itzulpenaren teoria bat eraikitzeko ez ote den berdin beharrezkoa, itzulpen-ariketa ugari aztertzeaz gainera, gutxienez esperientzia hauetakoren bat eduki izana: besteen itzulpenak zuzendu izana, itzulpenak egin izana edo norberari testuak itzuli izana, edo, hainbat hobeto, itzultzaileari norberaren testuak itzultzen lagundu izana.

Aurrekoari kontra egin lekioke esanez poesiaren teoria on bat egiteko ez dagoela poeta izan beharrik, eta atzerriko hizkuntza batean idatzitako testu batez goza daitekeela hizkuntza horretan gaitasun pasibo hutsa izanda ere. Baina, argudio hori hein batean baizik ez da baliagarria. Izan ere, poesia bat inoiz idatzi ez duen norbaitek ere badu bere hizkuntzaren esperientzia, eta bere bizitzan zehar saiatuko zen agian (edo saia liteke, betiere) hendekasilabo bat idazten, errima bat asmatzen, objektu bat edo gertakari bat metafora bidez irudikatzen. Atzerriko hizkuntza batean gaitasun pasiboa duenak ere badaki zein zaila den esaldi egokiak osatzea. Pentsatzen dut, halaber, marrazten trebetasunik ez duen arte-kritikari bat (edo beharbada horrexegatik, trebetasunik ez duelako) gauza dela ohartzeko zer zailtasun datxekion ikusizko edozein adierazpideri, eta, orobat, ahots kaskarra duen opera-kritikari batek uler dezakeela, zuzeneko esperientzia duelako, zenbateko trebetasuna behar den itxurazko nota altu bat emateko.

Nire ustez, beraz, itzulpenari buruzko oharpen teorikoak egiteko, ez da alferrikakoa itzulpengintzarekin esperientzia aktiboa edo pasiboa eduki izana. Bestalde, artean itzulpenaren teoriarik ez zenean, San Jeronimoren garaietatik gure mendera bitarte, gai honi buruzko oharpen interesgarri bakarrak itzultzaileek berek egiten zituzten, eta jakinak dira San Agustinen larritasun hermeneutikoak; izan ere, hark itzulpen egokiez hitz egin nahi bazuen ere, atzerriko hizkuntzen gaineko ezagutza oso mugatua zuen (hebreerarik ez zekien, eta grekoa ere gutxi).

Konturatu naiz besteen itzulpen asko zuzendu behar izan ditudala nire bizitzan, hala editore moduan eginiko bide luzean nola saiakera-bildumen zuzendari gisa. Lan eta ardura handia eskatzen duten bi lan itzuli ditut: Queneauren Estilo-ariketak eta Gérard de Nervalen Sylvie, eta biekin ere urte asko eman ditut. Eta hala saiakera-lanen nola narratiba-lanen idazle gisa, harreman estuan egin dut lan nire itzultzaileekin. Itzulpenak zuzendu ez ezik (nolabait-edo nekizkien hizkuntzetara eginikoak gutxienez, eta horrexegatik aipatuko ditut sarritan zenbait itzultzaileren itzulpenak: William Weaver, Burkhart Kroeber, Jean-Noel Schifano, Helena Lozano eta beste itzultzaile batzuenak), itzultzaileekin hitzaldi luzeak ere izan ditut, itzultzen hasi aurretik eta itzulpen-lanean ari zirela, halako moduz non jabetu bainaiz ezen, itzultzailea inteligentea bada, gauza dela bere hizkuntzan sortzen diren problemak azaltzeko, baita hizkuntza hori ez dakien autore bati ere, eta, autoreak, are horrelakoetan, lagundu dezakeela konponbideak iradokiz, hau da, iradokiz bere testuarekin zer askatasun har daitezkeen oztopo bat saihesteko (sarritan gertatu zait, konparazio baterako, Elena Kostioucovitch errusierazko itzultzailearekin, Imre Barna hungarierazkoarekin, Yond Boeke eta Patty Krone nederlanderazkoekin, Masaki Fujimura eta Tadahiko Wada japonierazkoekin).

Horrexegatik erabaki dut, hain zuzen, itzulpenez aritzeko, problema zehatzak hartzea abiapuntu, zeinak, gehienetan, nire idazlanekin baitute zerikusia; horrexegatik erabaki dut in copore vili eginiko esperientzia horiek oinarri hartuta zirriborratzea konponbide teorikoak.

Horrek bi arrisku zekarzkidakeen: bata, nartzisismoa; bestea, berriz, aldeztea nire testuez nik egiten nuen interpretazioak balio handiagoa zuela beste irakurleenak baino, eta, beste horien artean, in primis, nire itzultzaileak daude —printzipio horrekin polemizatu nuen, adibidez, Lector in fabula edo I limiti dell'interpretazione liburuetan—. Lehenengo arriskuak ondorio oso gaiztoak izan zitzakeen, baina nire jokabidea da, azken batean, gizartearentzat zoritxarrekoak diren gaixotasunak izan eta hori jendaurrean adierazten dutenena bezalakoa; besteentzat ere baliagarriak izatearren, zer egoeratan dauden eta zer tratamendu hartuko dituzten esaten duten horiena. Bigarren arriskuaz denaz bezainbatean, espero dut hurrengo orrietan nabaritzea nola nik beti adierazi izan dizkiedan nire itzultzaileei neure testuetako puntu kritikoak, anbiguotasuna eragin zezaketenak, eta nola puntu horietan kontuz ibiltzeko aholkua eman diedan, beren interpretazioan eragiteko asmorik gabe; edota nola erantzun diedan haien eskaera zehatzei, galdetzen zidatenean konponbide batzuen artean zein aukeratuko nukeen beren hizkuntzan idatzi behar izan banu; kasu horietan, nire konponbidea zilegia zen, azken batean nik sinatzen bainuen liburua.

Bestalde, autore itzuli gisa izandako esperientzietan, gogoa erdibiturik ibiltzen nintzen etengabe: batetik, bertsioak nik idatzitakoari "fidela" izan behar zuen; eta, bestetik, aurkikuntza kitzikagarri bat egin nuen, hain zuzen ere nire testua, beste hizkuntza batean emana behar zuenean, transformatu egin zitekeela (are gehiago, batzuetan transformatu egin behar zuela). Eta nahiz eta batzuetan ezintasunak nabaritzen nituen —nolabait ere konpondu beharra zeudenak—, are sarriagotan aukera berriak nabaritzen nituen; hau da, nabaritzen nuen nola testuek, beste hizkuntzarekiko kontaktuan, neuretzat ere ezezagunak ziren interpretazio potentzialak agertzen zituzten, eta nola batzuetan itzulpenak testua hobetu zezakeen ("hobetu" diot, hain zuzen, testua bera ustekabean adierazten ari zen asmoari dagokionez, alde batera utzita nire, hau da, autore enpirikoaren jatorrizko asmoa).

Esperientzia pertsonalak abiapuntu, eta bi hizketaldi sorta iturburu, honako hau ez da itzulpenaren teoriaren liburu gisa aurkezten (eta ez du horrelako liburu baten sistematikotasuna) arrazoi sinple batengatik: ezin konta ahala problema traduktulogiko uzten ditu agerian. Ez dut hitz egin klasiko grekoekiko eta latinoekiko harremanez, ez dudalako sekula Homero itzuli eta ez dudalako Homeroren itzulpenik epaitu behar izan klasikoen bilduma baterako, ez beste ezerengatik. Itzulpen intersemiotikoaz, gain-gainetik baizik ez dut hitz egin, ez baitut inoiz eleberri bat oinarri duen filmik zuzendu edo poema bat ballet bihurtu. Ez ditut hizpide hartu, bestetik, Mendebaldeko testu bat beste kultura batzuen sentsibilitatera egokitzeko taktika edo estrategia postkolonialak, ez baitut modurik izan nire testuen arabierazko, pertsierazko, koreerazko edo txinerazko itzulpenak aztertu eta eztabaidatzeko. Ez dut sekula emakume baten testu idatzirik itzuli (kontua ez da gizonen testuak itzultzeko ohitura dudala; bi besterik ez ditut itzuli nire bizitzan), eta ez dakit zer problema izango nituen. Nire itzultzaile emakumezko batzuekin izandako harremanetan (itzultzaile errusiarra, espainiarra, suediarra, finlandiarra, herbeheretarra, kroaziarra, greziarra), nire testura egokitzeko hain prest ikusi ditut, non ez baitut haiengan sumatu itzulpen "feminista" egiteko inongo borondaterik[6].

Fideltasun hitzari buruz aritu naiz zenbait paragrafotan; izan ere, bere itzultzaileen jarraipena egiten duen autore batek, inplizituki, "fideltasun"aren exijentzia du abiapuntu. Ohartzen naiz termino horrek zaharkitua irudi dezakeela zenbait proposamen kritikoren aurrean, zeinen arabera itzulpen batean balio duen bakarra baita xede-testuan eta xede-hizkuntzan izaten den emaitza, eta, gainera, une historiko zehatz batean izaten dena, baldin eta beste garai batean sortutako testu bat eguneratzeko saioa bada. Baina fideltasunaren kontzeptuak sineste batekin du zerikusia: itzulpena interpretazioaren formetako bat dela eta xede izan behar duela beti, irakurlearen sentsibilitatea eta kultura abiapuntu hartuta bada ere, topatzea, ez autorearen asmoa, baizik eta testuaren asmoa, testuak esaten edo iradokitzen duena, betiere kontuan hartuta zer hizkuntzatan eta zer testuinguru kulturaletan sortutakoa den.

Jo dezagun Estatu Batuetako testu batean pertsonaia batek beste bati esaten diola you're just pulling my leg. Itzultzaileak ez luke emango nire hankatik tiraka ari zara, ezta hanka jotzen ari zara ere, baizik eta ziria sartu nahi didazu edo, hobeto oraindik, adarra jotzen ari zara. Esapidea hitzez hitz itzuliz gero, xede-hizkuntzan hain ezohikoa den esapide batek pentsaraziko luke pertsonaia (eta berarekin batera autorea) figura erretoriko berri bat asmatzen ari dela, eta ez da horrela, pertsonaia bere hizkuntzako esaera bat erabiltzen ari baita. Hankaren ordez adarra esanez, aldiz, testuak ingelesezko irakurlearentzat nahi zuen egoera berean jartzen dugu xede-hizkuntzako irakurlea. Horra hor, bada, nola itxuraz fideltasun eza dena (ez da hitzez hitzeko itzulpena) azkenean fideltasun-egintza dela ageri den. Eta hori, hein batean, itzultzaileen patroi San Jeronimok esaten duena errepikatzea da; hau da, itzultzean ez dela egin behar verbum e verbo sed sensum exprimere de sensu (nahiz eta, gero ikusiko dugunez, baieztapen horrek ere anbiguotasun ugari eragin ditzakeen).

Itzultzeak esan nahi du, beraz, ulertzea zein den hizkuntza baten barne-sistema eta hizkuntza horretan emandako testu jakin baten egitura, eta sistema testualaren kopia bat sortzea, deskribapen jakin baten pean irakurlearengan efektu analogoak eragin ahal izateko, bai arlo semantikoan eta sintaktikoan, bai arlo estilistikoan, metrikoan, fonosinbolikoan, bai eta sorburu-testuak bilatzen zituen efektu pasionalei dagokienez ere[7]. "Deskribapen jakin baten pean" horrek esan nahi du itzulpen orok baduela fideltasuna urratzeko halako tarte bat, fideltasunaren ustezko muina erreferentzia hartuta; baina muinaren kokagunearen gaineko erabakia eta tartearen zabaltasuna, ordea, itzultzaileak jartzen dituen helburuen baitan daude.

Edonola ere, ez dut orain sakondu nahi baieztapen horietan, hurrengo orri guztietan baitago azalpena. Gauza bakarra egin nahi dut: adierazi berriz ere traduktologian erabiltzen diren kontzeptuetako asko (baliokidetza, helburuarekiko atxikipena, fideltasuna edo itzultzailearen ekimena) negoziazioaren goiburuaren pean jartzekoak direla.

Azken hamarkadetan ugari izan dira itzulpenaren teoriari buruzko lan idatziak; besteak beste, gero eta gehiago direlako auzi hau aztergai duten ikerketa zentroak, ikastaroak eta departamentuak, bai eta itzultzaile eta interprete eskolak ere. Interes traduktologikoak ugaritzearen arrazoiak asko dira, eta bateragarriak. Hasteko, globalizazioaren fenomenoak, elkarrengandik gero eta hurbilago jartzen baitituzte hizkuntza desberdinetako talde eta gizabanakoak; hurrengo, interes semiotikoen garapena, horientzat itzulpenaren kontzeptua oinarrizkoa bihurtzen baita, nahiz eta ez esplizitatu (pentsatu besterik ez dago, adibidez, esaldi baten esanahiari buruz pizten diren eztabaidetan ezbaian dagoena dela hizkuntza batetik bestera pasatzean teorian zerk iraun behar lukeen bizirik); eta, azkenik, informatikaren hedapena, askorentzat bultzagarri baita itzulpen artifizialaren ereduak sortzeko eta fintzen joateko (hor problema traduktologikoa funtsezkoa bihurtzen da, ez hainbeste ereduak funtzionatzen duenean, baizik eta, hain zuzen, erabat ongi funtzionatzen ez duela erakusten denean).

Gainera, aurreko mendearen lehen erditik aurrera, hizkuntza bakoitzaren egiturari buruzko teoriak landu ziren, edo hizkeren dinamikei buruzkoak, eta teoria horiek errotiko itzulezintasuna nabarmentzen zuten; teorialari horiek ez zuten ez desafio makala, teoria horiek landuta ere ohartzen baitziren jendeak, itzuli, itzultzen duela, eta milaka urte daramatzala itzultzen. Beharbada gaizki itzuliko du, eta pentsatu besterik ez dago nolako eztabaida gogorrak izan diren betidanik Biblia-adituen artean, eta adituok nola ibiltzen diren etengabe testu sakratuen itzulpen zaharragoak kritikatu eta kritikatu. Hala ere, zabarrak eta kaskarrak izanda ere hizkuntza desberdineko milioika fededuni iritsi zaizkion Itun Zaharreko nahiz Itun Berriko itzulpenok, hizkuntzatik hizkuntzara pasatze horretan, eta vulgatatik vulgatara igarotze horretan, gizadiaren zati handi bat bat etorri da testuotan heldu zaizkigun egitate eta gertakarietan, hasi Hamar Aginduetatik eta Mendiko Sermoira arte, hasi Moisesen istorioetatik eta Kristoren nekaldiraino, eta testuok bizi dituen espirituari buruz ari naiz.

Beraz, nahiz eta —legez eta bidez— itzultzea ezinezkoa dela aldeztu, praktikan beti Akilesen eta dortokaren paradoxarekin egingo dugu aurrez aurre topo: teorian Akilesek ez luke sekula dortoka harrapatu behar, baina benetan (esperientziak erakusten duenez) gainditu egiten du. Teoriak, agian, biribiltasuna du helburu, baina esperientziak hori alde batera utz dezake; baina auzia da, auzi interesgarria, zenbateraino eta zer gauza utz ditzakeen esperientziak alde batera. Itzulpena zenbait negoziazio-prozesutan oinarritzen dela esatearen ideia hortik heldu da, eta negoziazioa da, hain zuzen ere, prozesu bat non zerbait lortzeko beste zerbaiti egiten baitzaio uko, eta, azkenean, dena izatea ezinezkoa dela dioen urrezko printzipioaren argitan, tartean diren alderdiek poza sentitu beharko bailukete, zentzuzko poza, nork bere buruarekin eta besteekin.

Geure buruari galde diezaiokegu zeintzuk diren negoziazio-prozesu honetan tartean diren alderdiak. Asko dira, nahiz eta batzuetan ez duten ekimenik: batetik, sorburu-testua dugu, bere eskubide autonomoekin, eta batzuetan autore enpirikoarekin —maiz, oraindik ere bizirik—, hark izan ditzakeen kontrol-asmoekin, eta testuaren jaioterriko kultura guztia; bestetik, xede-testua, eta helmuga duen kultura, testuaren irakurle potentzialen espektatiba-sistemarekin, eta baita batzuetan industria editoriala ere, zeinak itzulpen-irizpide desberdinak ezartzen baititu xede-testua bilduma filologiko zorrotz baterako den edo entretenimendurako liburu sorta baterako den. Editore batek nahi izan lezake, adibidez, errusieratik itzulitako polizia-eleberri batean zeinu diakritikoak ken daitezen pertsonaien izenen transliterazioa egitean, irakurleei pertsonaiok ongi ezagutzeko eta errazago gogoan hartzeko bidea emate aldera. Itzultzaileak negoziatzailearena egiten du alderdi erreal edo birtual horien artean, eta, negoziazio horietan, ez dago beti aurreikusia alderdien adostasun esplizitua. Dena dela, negoziazio inplizitua egiten da egiazkotasun itunetan ere, zeinak desberdinak izango baitira historia liburu baten irakurleentzat eta eleberrien irakurleentzat, azken horiei, izan ere, milaka urteko itun bat dela-eta, sinesgogortasuna baztertzea eska baitakieke.

Esperientzia pertsonaletatik abiatzen naizenez, argi dago hertsiki itzulpena esaten zaiona interesatzen zaidala, argitaletxeetan egiten dena. Bada, nahiz eta teorialariek behin eta berriro esan ez dagoela araurik erabakitzeko itzulpen bat beste bat baino hobea ote den, argitaletxeetako lanak beste zerbait erakusten digu: gutxienez akats nabarmenez eta eztabaidaezinez ari garelarik, nahiko erraza dela erabakitzea itzulpen bat okerra den eta zuzendu behar ote den. Sen onak berak esango digu, baina argitaletxe bateko zuzentzaile normal bati sen onak aginduko dio deitzeko itzultzaileari eta, arkatza eskuan, adierazteko zein kasutan den onartezina egin duen lana.

Jakina, batek sinetsita egon behar du "sen ona" ez dela hitz itsusi bat, eta, are gehiago, sinetsita egon behar du filosofia ugarik —eta ez ausaz— oso serio hartu duten fenomenoa dela. Bestalde, irakurleari gonbit egiten diot buru ariketa bat egin dezan, ariketa xumea baina ulertzen erraza: jo dezagun itzultzaile bati frantsesezko testu bat eman diogula, A4 formatuan, Times letra-tipoan eta 12ko letra-tamainan, 200 orri guztira, eta lan egin ondoren itzultzaileak dakarkigun emaitza dela formatu, letra-tipo eta letra-tamaina bereko testu bat, baina 400 orrikoa. Sen onak ohartaraziko digu itzulpen horretan zerbaitek ez duela funtzionatzen. Iruditzen zait itzultzaile hori lana ireki ere egin gabe bota dezakegula. Alderantziz, ordea, zinema-zuzendari bati Leopardiren "A Silvia" eman eta hark bi orduko film bat egingo baligu, artean ez genuke elementurik izango emaitza onartezina ote den erabakitzeko. Aurretik filma ikusi beharko genuke, ulertzeko zer zentzutan interpretatu duen eta ekarri duen irudietara testu poetikoa.

Walt Disneyk Pinotxo film bihurtu zuen. Jakina, Collodizaleak kexatu izan dira Pinotxo txotxongilo tiroldar gisa ageri delako, ez delako Mazzantiren edo Mussinoren lehenbiziko ilustrazioek imajinario kolektiboan utzi zutena bezain zurezkoa eta zurruna, argumentuaren elementu batzuk aldatuta daudelako, eta beste zenbait gauzarengatik. Baina, behin Walt Disneyk egokitzapenerako eskubideak eskuratuta (problema hori, bestalde, Pinotxorekin jadanik ez zen sortu), inork ezin zuen auzitegietara eraman fideltasun falta horiengatik; gehienez ere, Hollywoodi saldutako liburuaren autoreak, bizirik badaude, zuzendariarekin haserretu eta ezbaian has litezke. Baina ekoizleak eskubideen lagapenaren kontratua erakusten badu, ezingo da askorik egin.

Ordea, editore frantses batek Pinotxoren beste itzulpen bat enkargatzen badu eta itzultzaileak ematen dion testua Longtemps je me suis couché de bonne heure esaldiarekin hasten bada, editoreak eskubidea du idazlana errefusatzeko eta itzultzaileari ezgauza irizteko. Hertsiki itzulpena esaten zaion horretan badago printzipio bat, adierazi gabea, zeinaren arabera besteek esandakoari errespetu juridikoa[8] zor baitzaio, nahiz eta problema juridiko interesgarria den erabakitzea zer den besteek esandakoa errespetatzea hizkuntza batetik beste batera pasatzean.

Hertsiki itzulpena esaten zaiona definitzeko, argi gera bedi, jatorrizko autorearen eta itzultzailearen arteko sentitze komunari buruzko espekulazio mistikoak baino lehenago, edo horien ordez, irizpide ekonomikoei eta deontologia profesionalekoei heltzen diedala, eta ez ahal du horrek inongo espiritu aukeratuko inor eskandalizatuko. Poeta handi batek beste poeta handi bati eginiko itzulpena erosten edo liburutegian bilatzen dudanean, ez dut espero jatorrizkoaren antz handi-handiko zerbait topatzea; aitzitik, normalean, itzulpena irakurtzen dut jatorrizkoa ezagutzen dudalako jadanik eta ikusi nahi dudalako itzultzaile artistak nola heldu dion (hala desafio modura nola omenaldi modura) artista itzuliari. Zinema batera joaten naizenean Pietro Germiren Un maledetto imbroglio ikustera, Gaddaren Quer pasticciaccio brutto de via Merulana liburuan dagoela oinarrituta badakidan arren (zuzendariak, gainera, filmaren hasieran ohartarazten du zinema-lan hori modu librean dagoela eleberrian oinarrituta), ez dut pentsatzen filma ikusteagatik liburua irakurri beharrik ez dudala (bestela ikusle atzeratu bat izango nintzateke). Hasieratik dakit filmean argumentuaren elementuak, pertsonaien ezaugarri psikologikoak eta Erromako zenbait atmosfera aurkituko ditudala, baina ez noski Gaddaren hizkeraren baliokiderik. Ez dut espero adierazpide batzuk irudietara ekarrita egoterik, hala nola Paracadde giù dai nuvoli e implorava che no, che non è vero un corno; ma ne buscò da stiantare, e neppure L'Urbe, proprio al tempo de' suoi accessi di buon costume e di questurinizzata federzonite...

Aldiz, beste hizkuntza batean idatzitako lan baten italierazko itzulpena erosten dudanean edo liburutegi batean bilatzen dudanean, soziologiako tratatu bat izan edo eleberri bat izan (eta jakinik, egia esateko, arrisku handiagoa dudala bigarren kasuan lehenengo kasuan baino) espero dudana da itzulpenak ahalik eta hobekien esan diezadan zer zioen jatorrizkoak. Iruzurtzat hartuko dut zatiak edo kapitulu osoak faltatzea; amorragarriak gertatuko zaizkit, noski, itzulpen-akats nabarmenak (gauza bera gertatuko zaio, ikusiko dugunez, itzulpena jatorrizkoa ezagutu gabe irakurtzen duen irakurle erneari ere), eta arrazoi gehiagoz eskandalizatuko naiz baldin eta gero ohartzen banaiz itzultzaileak pertsonaiari (trebetasun faltagatik edo, nahita, zentsuragatik) esandakoaren edo egindakoaren kontrakoa esanarazi edo eginarazi diola. Txikitan irakurtzen genituen Utet argitaletxeko "La Scala d'Oro" bildumako liburuki ederretan, "beste era batera kontatzen zizkiguten" klasiko handiak, baina sarritan ad usum delphini egokitzen ziren. Gogoan dut nola Victor Hugoren Miserableak eleberriaren egokitzapenean Javertek, betebeharraren eta Jean Valjeani zor zion esker onaren arteko kontradikzioan harrapatuta, bere buruaz beste egin beharrean, kargua uzten zuen. Egokitzapen bat zenez, jatorrizkoa irakurrita egia deskubritu nuenean, ez nuen haserrerik sentitu (aitzitik, ohartu nintzen egokitzapen horrek alde askotatik ongi transmititu zizkidala eleberriaren argumentua eta espiritua). Baina horrelakorik gertatuko balitz itzulpen batean, halakotzat aurkezten den testu batean, eskubide bat urratu didatela esango nuke.

Horren aurka esan liteke horiek argitaletxeen ohiturak direla, merkatuaren morrontzak, eta irizpide horiek ez dutela batere zerikusirik itzulpen moten filosofia edo itzulpen moten semiotika jakin batekin. Baina nik galdetzen diot neure buruari irizpide juridiko-komertzial horiek ez ote duten benetan zerikusirik juzgu estetiko edo semiotiko batekin.

Pentsatzekoa da Michelangelori San Pedro basilikako kupula diseinatzeko eskatu ziotenean, eskaera inplizitu bat zuela: kupula ederra, harmoniatsua eta berealdikoa izateaz gain, ez zedila erori; eta gauza bera eskatzen zaio gaur egun ere, zer dakit nik, Renzo Pianori, baldin eta eskatzen bazaio museo bat diseinatu eta eraiki dezan. Irizpide juridiko-komertzialak izango dira, baina ez dira arteaz haraindikoak; izan ere, artelan aplikatu baten balioaren parte da, orobat, eginkizunen perfekzioa. Philippe Starcki zukugailu bat diseina zezala eskatu zionak jarri al zuen kontratuan zukugailuaren eginkizunetako bat zukua ateratzeaz aparte haziei pasatzen ez uztea izan zedila? Bada, Starcken zukugailuak haziak edalontzira erortzen uzten du, beharbada diseinatzaileari haziak hartuko zituen halako "baranda" moduko bat antiestetikoa iruditzen zitzaiolako. Kontratuan zehaztu izan balitz zukugailu berriak, forma berria gorabehera, betiko zukugailu baten ezaugarri guztiak izan behar zituela, orduan eskatu zuenak eskubidea izango zuen diseinatzaileari objektua itzultzeko. Baina ez da halakorik gertatu, eskatzaileak ez zuelako nahi benetako zukugailu bat, baizik eta artelan bat eta conversation piece bat, erosleek eskultura abstraktu gisa desiratuko zutena (oso polita ikusteko, bai, eta abismoetako munstro bat bezain izugarria) edo prestigiozko objektu gisa, eta ez tresna benetan erabilgarri gisa[9].

Bestalde, oraindik gogoan dut umetan entzun ohi nuen istorio bat, artean oroimenean fresko gordetzen zelarik italiarrek Libia konkistatu zuteneko garaia eta zenbait urtez matxino-taldeen kontra borrokan ibili zirenekoa (parte hartu zutenak bizirik zeuden artean). Bada, kontatzen zutenez, ba omen zen abenturazale italiar bat okupazio-armadaren atzetik ibiltzen zena eta arabierazko interprete har zezaten lortu zuena, nahiz eta ez zekien batere hizkuntza horretan. Horrela, ustezko matxino bat harrapatu eta galdeketa egiten zitzaionean, ofizial italiarrak galdera italieraz egiten zuen, interprete faltsuak esaldi batzuk esaten zituen bere gisako arabiera asmatu batean, galdekatuak ulertu ezin eta auskalo zer erantzuten zuen (seguruenik ez zuela ezer ere ulertzen), interpreteak nahi zuena itzultzen zuen italierara, nik zer dakit, hark ez ziola erantzun nahi, edo dena aitortzen zuela, eta gehienetan matxinoa urkatu egiten zuten. Pentsatzen dut gizatxar hark noizbait errukitsu ere jokatuko zuela, zoritxarreko bere solaskideen ahotan salbatzeko balioko zizkien esaldiak jarriz. Edonola ere, ez dakit kontua nola amaitu zen. Interpretea, akaso, modu ohoretsuan bizi izan zen irabazitako diruarekin, agian atzeman egingo zuten zertan ari zen —eta, bota bazuten, horixe da gerta zekiokeen okerrena—.

Istorio hori gogora ekarriz, beti pentsatu izan dut hertsiki itzulpena esaten zaiona ez dela txantxetako gauza, eta, ezinbestean, ­deontologia profesionala eskatzen duela, itzulpengintzaren inongo teoria dekonstruk­tibok inoiz neutralizatu ezingo duen deontologia bat.

Beraz, hemendik aurrera, itzulpen terminoa erabiltzen dudanean —komatxo artean jartzen edo nolabait bereizten ez badut— hizkuntza natural batetik besterako itzulpenaz arituko naiz, hots, hertsiki itzulpena esaten zaionaz.

Hurrengo kapituluetan, jakina, itzulpen intersemiotikoa deitutakoaz ere hitz egingo dut; hain zuzen ere, erakusteko zer antzekotasun eta zer desberdintasun duen hertsiki itzulpena esaten zaionarekin alderatuz gero. Bataren aukerak eta mugak ongi ulertuta, oraindik ere hobeto ulertuko ditugu bestearen aukerak eta mugak. Ez nuke nahi hori itzulpen intersemiotikoenganako mesfidantzatzat edo interes faltatzat hartzea. Esate baterako, Neergardek (2000: 285) "eszeptikoa" irizten dio nik itzulpen intersemiotikoei buruz dudan jarrerari. Zer esan nahi du eszeptikoa naizela? Ez dudala uste badagoela film bihurtutako eleberririk edo musika bihurtutako margolanik? Ez dudala uste horietako batzuk balio artistiko handia dutela, intelektualki oso kitzikagarriak direla eta eragin zabala dutela txertatzen diren ehun kulturalean? Ez, noski. Gehienez ere, itzulpen deitzearen egokitasunari buruz naiz eszeptikoa, horren ordez ez ote litzatekeen hobe, ikusiko dugun bezala, transmutazio edo egokitzapen deitzea. Baina hori ez da eszeptizismoa, zuhurtasun terminologikoa da, bereizten jakitea: alemaniar baten eta italiar baten arteko alde kulturalak eta etnikoak azpimarratzeak ez du esan nahi "eszeptikoa" izatea alemaniarren existen­tziari buruz, edo haiek Mendebaldeko zibilizazioaren garapenean jokatu duten rolari buruz. Itzulpen intersemiotikoa gai zirraragarria da: ikusi, iradoki ditzakeen hausnarketa ugariengatik, VS aldizkariaren 85-87 aleetan ageri diren ekarpenak. Behar diren informazioa eta sentsibilitatea izan nahi nituzke ekarpen handiagoak egiteko idazki haietako analisiei eta ondorio teorikoei. Baina, eztabaida haietan hain zuzen (liburu hau haien laburpen luzatua da), bereizketak egiteari inportantea iritzi nion, eta horixe egin dut. Behin bereizketa horiek argi daudela, urte luzeko bizitza opa diot antzekotasunen, analogien eta erro semiotiko komunen bilaketari.

Beste behin gogoratuko dut testuok hitzaldi gisa sortu zirela, eta hitzaldi batean ez da aipamen bibliografiko gehiegirik egiten, haiek belarri batetik sartu eta bestetik irteten baitira, non eta aipamenok ez diren ekarpen kanonikoak gogora ekartzeko eginak. Gainera, nire diskurtsoaren izaera ez-sistematikoak ez ninduen behartzen gaiari buruzko bibliografia guztia kontuan hartzera. Irizpide berari jarraitu diot liburu honetan ere: amaieran, erreferentzia bibliografikoak jarri ditut —ez bibliografia orokorra—, aipatu ditudan testuen ohar gisa; era berean, zenbait oin-ohar ere jarri ditut, batzuetan nire ideien berrespena beste norbaiten ideia batean aurkitzen nuelako, eta beste batzuetan zuzeneko zorrak ordaintzeko eta, hala, ideiak beste batzuek iradokiak zirela jakinda, nire baratzeko letxugak balira bezala ez aurkezteko. Jakina, ez ditut zor guztiak kitatu, baina hori da, gehienbat, itzulpengintzari buruzko zenbait ideia orokor, da­goeneko, ondare komun gisa dabiltzalako batetik bestera, eta ikusi besterik ez dago, horri dagokionez, Bakerrek 1998an taxututako Encyclopedia of Translation ­Studies.

Ahaztu baino lehen. Baten bat kexa liteke esanez orriok, zehazki espezializatua ez den publiko bati zuzenduta egonik, itxuraz gehiegi eskatzen diotela irakurleari, gutxienez sei hizkuntzatan emaniko adibidez zipriztinduak baitaude. Batetik, adibide ugari jarri ditut, hain zuzen ere, hizkuntza bat arrotza gertatzen zaionak beste hizkuntza bat erabil ahal izan dezan azterbide gisa, eta, horrenbestez, irakurleak alde batera utz ditzan deszifratu ezin dituen adibideak. Bestalde, liburu hau itzulpenari buruzkoa da, eta, beraz, pentsatzekoa da irekitzen duenak badakiela zer aurkituko duen.

ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK

AVIROVIČ, LJLJANA-DODDS, JOHN (ed.) (1993), Umberto Eco, Claudio Magris. Autori e traduttori a confronto (Trieste, 27-28 noviembre 1989). Udine: Campanotto.

BAKER, MONA (ed.) (1998), Routledge Encyclopedia of Translation Studies. Londres: Routledge.

BASSO, PIERLUIGI (2000), "Fenomenologia della traduzione intersemiotica". Dusi eta Nergaard, ed., 2000, 199-216 or.

CALABRESE, OMAR (2000), "Lo strano caso dell'equivalenza imperfetta". Dusi eta Nergaard, ed., 2000, 101-120 or.

CALEFATO, PATRIZIA-CAPRETINI, GIAN PAOLO-COALIZZI, GIULIA (ed.) (2001), Incontri di culture. La semiotica tra frontiere e traduzioni. Turin: Utet Libreria.

DEMARIA, CRISTINA (1999) "Lingue dominate/Lingue dominanti". Franci eta Nergaard, ed., 1999, 61-86 or.

——— (2003), Genre e differenza sessuale. Aspetti semiotici della teoria femminista. Milan: Bompiani.

DEMARIA, CRISTINA-MASCIO, LELLA-SPAZIANTE, LUCIO (2001), "Frontiera e identità fra Semiotica e Cultural Studies". In Calefato et al., ed., 2001.

DUSI, NICOLA-NERGAARD, SIRI (ed.) (2000), Sulla traduzione intersemiotica, VS 85-87

ECO, UMBERTO (1991), Vocali. Napoli: Guida.

——— (1992a), "Due pensieri sulla traduzione". Atti della Fiera Internazionales della Traduzione, Riccione 10-12 dicembre 1990. Forlì: Editrice Ateneo, 10-13 or.

——— (1993a), "Intervento introduttivo". In Avirovič e Dodds, ed., 1993, 19-26 or.

——— (1993b), La ricerca della lingua perfetta. Bari: Laterza.

——— (1995a) "Riflessione teoriche-pratiche sulla traduzione". In Nergaard, ed., 1995, 121-146 or.

——— (1996), "Ostrigotta, ora capesco". Joyce, James, 1996, Anna Livia Plurabelle, Rosa Maria Bosinelli, ed., Turin: Einaudi.

——— (1999b), Traduzione, Introduzione e commento a Gérard de Nerval, Sylvie. Turin: Einaudi.

——— (2001), Experiences in translation. Toronto: Toronto U.P.

FRANCI, GIOVANNA-NERGAARD, SIRI (ed.) (1999), La traduzione, VS 82

GENETTE, GÉRARD (1982), Palimpsestes. La littérature au second degré. Paris: Seuil.

NEERGARD, SIRI (2000), "Conclusioni". Dusi eta Nergaard, ed., 2000, 285-296 or.

NERGAARD, SIRI (ed.) (1995), Teorie contemporanee della traduzione. Milan: Bompiani.

PETRILLI, SUSAN (2000), "Traduzione e semiosi". Petrilli, S, ed., 2000, 9-21 or.

PETRILLI, SUSAN (ed.) (2001), Lo stesso altro. Athanor aldizkariaren ale berezia, XII, 4.


Oharrak

*Eco, Umberto (2003), Dire quasi la stessa cosa. Esperienze di traduzione. Milan, Bompiani. Liburuaren Sarreraren itzulpena da hau.

**Itzultzailearen oharra: izenlagun horrek Charles Fort ikertzaile estatubatuarrari egiten dio erreferentzia.

1. Genettek (1982), hain zuzen ere, palinpsestotzat hartzen du itzulpena: pergamino bat zeinari lehenbizikoz idatzita zuena "harraskatu" egin zitzaion, baina halako moduz non, oraindik, argi-kontran jarrita, testu berriaren azpian irakurri egin baitaiteke testu zaharra. "Ia"ri dagokionez, Susan Petrillik (2001) itzulpengintzari buruzko testu bilduma bati Lo stesso altro izenburua jarri zion, hau da, Beste berbera edo halako zerbait.

2. Ikus Eco (1991, 1992a, 1993a, 1995a, 1995b).

3. Gogoratu nahi nuke ezen, dozenaka urte baneramatzan ere itzulpen esperientziak izaten, honakook piztu zituztela gai honi buruzko nire interes teorikoak: Siri Nergaarden bi tesiek, lizentziatura-tesiak eta doktoretzakoak, eta hark argitaratutako bi liburu antologikoren prestaketak; bi lan horiek nik zuzendutako bilduma batean argitaratu ziren 1993an eta 1995ean.

4. Mouse or Rat? Translation as Negotiation. Londres: Weidenfeld-Orion, 2003.

5. Adibideen zabaltasuna ez da soilik kezka didaktikoek eragina. Nahitaezkoa da baldin eta pasatu nahi badugu itzulpengintzaren gaineko pentsamendu orokor batetik, edo are hausnarketa arauemaile sail batetik, azterketa lokaletara, uste osoa baitut itzulpenek testuekin dutela zerikusia, eta testu bakoitzak problema desberdinak ematen dituela. Horri dagokionez, ikus Calabrese (2000).

6. Azken hiru problemei dagokienez, ikus Demaria et al. (2001) eta Demaria (1999 eta 2003).

7. Jatorrizkoaren eta itzulpenaren arteko harremanei buruz aritzean, zenbait adierazpide erabiltzen dituzte teorialariek: ingelesez, sourceren eta targeten arteko bereizketa zabaldu da. Lehenbiziko terminoa italierara ekartzeko fonte (sorburu) oso egokia izan badaiteke ere, bigarrenak jo-puntu bihurtzeko arriskua du, modu okerrean. Italian, orain, aski ohikoa da erabiltzea testo di partenza (abiapuntu-testu) eta testo di arrivo (helmuga-testu) edo di destinazione (xede-testu). Nik ia beti testo fonte (sorburu-testu) erabiliko dut; izan ere (ikus 7. kapituluaren amaiera), zenbait interferentzia metaforikotarako bidea ematen du. Bigarren terminoari dagokionez, hala arrivo (helmuga-testu) nola destinazione (xede-testu) erabiliko ditut, kasuaren arabera.

8. Ikus Basso (2000: 215). Petrillik (2000: 12) oso egoki adierazten du, honela esaten baitu: "itzulpena zeharkako diskurtsoa da, baina zuzeneko diskurtsoz mozorrotua". Hain zuzen ere, itzulitako testu bakoitzaren hasieran inplizituki dagoen formula metalinguistikoa hau da: "Halako Autorek bere hizkuntzan honakoa esan du". Ohar metalinguistiko horrek itzultzailearen deontologia dakar berarekin".

9. Nabarmentzekoa da Alessi etxeak, etxe horrek ekoizten baitu Starcken objektua, eskuragai jarri zuela zukugailu sail bat "Special Anniversary Edition 2000, gold plated aluminium" izenekoa, 9.999 ale zenbakidunez osatua, ohar hau ageri duena: "Juicy Salif Gold" zukugailua bildumetarako objektu bat da. Ez erabili zukua ateratzeko: gai azidoekin kontaktuan jarriz gero, urre kolorea hondatu egin daiteke".