Itzulpen-politika euskal administrazioan euskeraren erabilera normalizatzeko planetan
Roberto Manjón Lozoya

Administrazio publikoek badute itzulpen-politikarik?

Osakidetzaren Euskera Planak arreta handiz begiratu dio itzulpen-politikari[1]. Euskera Plan hori beste hogeita bederatzi planetan garatzen da, Osakidetza toki eta jarduera-eremu bakoitzaren arabera osatzen duten erakundeek plan bana dutenez gero. Plan horietariko bakoitzak ere berebiziko tokia eskaintzen dio itzulpen-politikari. Horrek guztiak erakusten du Osakidetzaren Euskera Plana diseinatu dugunok gogoan eduki dugula, oso presente eduki ere, hurrengo egia: itzulpen-politika zeinahi erakunde publikoren hizkuntza-normalizazioaren giltzarrietatik bat da, erakundeko buruen aitzindaritzarekin eta giza baliabideen hornikuntzarekin batera.

Horregatik, erakunde publikoetako normalizazio-planen emaitza urriei erreparatzea baino ez dago susmatzen hasteko itzulpen-politika gehienek ez dutela lortzen literaturaren mundutik ateratzea, alegia, esanak esan eta idatzitakoak idatzita, erakundeek, normalean, ez dutela itzulpen-politika seriorik, edo itzulpen-politika batere. Hortaz, sarriegi, itzulpen-politika aitortuen benetako esangura normalizazio-planen simulakroetan aurkituko dugu. Jakina, simulakroak, gregarioak izanik, familian bizi dira, eta euskera normalizatzeko erakundeen politikak, batzordeak, karguak, agerraldiak, jardunaldiak... dauzkate senidetzat, elkartasunean, elkarren sostengua izanik.

Euskera Planak nonbaitetik heltzen zaizkie erakundeetako agintari eta erdiko mailako arduradunei. Maiz, jasan beharreko zerbait da, eguraldi txarra bezala, edo izurriteen antzera, ideologiak ordainarazten duen kostua. Bidesari ideologiko edo karguari lotutako horrek, normalizazio-prozesu baten epidermisa, azala, gehien ikusten dena zaintzeko eskatzen du, hala nola derrigortasun-datak ezartzea, euskera-ikastaroak antolatzea, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea, errotulazio eta herritarrentzako inprimaki eta informazio-orri elebidunak, aldizkari ofizial eta aldizkari korporatibo nahiz urteko memoria elebidunak..., halako modukoak badira ere. Horretarako nahikoa izaten da nominan deialdiak gestionatzen dituen teknikariren bat edukitzea eta, jakina, itzultzaile-taldetxo bat, funtzionarioez nahiz enpresa pribatuez osatua.

Ez gutxietsi, ordea, horien kostua, ez baita makala. Horregatik, agintari eta arduradun gehienentzat aldi berean itzultzaile eta normalizazioko teknikari den langilea edukitzea da onena, gastua izanik kezka-bide handiagoa euskeraren normalizazioa bera baino. Hizkuntza-normalizazioko teknikari orok ederto daki txitean-pitean itzultzaile bihurtzeko arriskua dela bere jarduera normalizatzaile apalaren gainean esekita dagoen Damoklesen ezpata. Adibide gisa gogora ekarri behar da orain dela hiruzpalau urte Funtzio Publikoak Eusko Jaurlaritzako hainbat normalizazio-teknikari itzultzailetasunaz hibridatzeko saioa, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza sutan jarri zuen hura, kontu batere ez eginik Lakuako normalizazio-planaren bigarren ebaluazioak erakusten zuen hizkuntza-normalizazioko teknikari garbien aldetik zegoen urritasunari. Ez dakit zertan geratu zen saio hori, baina agerian utzi zuen Funtzio Publikoko agintarien jarrera.

Hala da. Jarrera giltzarri da gure mundu zaratatsu eta batzuetan arrandiatsu edo handiuste honetan. Arduradunek euskeraren normalizazioaz zenbat eta benetan arduratuago, orduan eta gehiago joko dute itzultzaile eta normalizazioko teknikarien arteko lan-eremuak bereiztera, zenbat eta axolagabe eta itxurazaleago izan, orduan eta hibridazio handiagoa. Hortaz, normalizazio-prozesuaren osasunak baditu, besteak beste, adierazle garrantzitsu bi: giza baliabide nahikoak egotea eta baliabide horietan itzulpen-jarduera eta normalizazioko teknikariena behar bezain espezializatuta eta bereizita egotea.

Itzulpengintza aitzakia eta ihesbide erraza bihurtzen da euskera normalizatzeko ahaleginetan azalean geratu nahi duten agintarientzat, edo besterik egin ezin dutenentzat. Gizartean atzera doan hizkuntza baten erabilera bultzatzea lantegi garesti, zail, gatazkatsu eta konplexua da oso, eta zer esanik ez gizartearen arlo formal eta jasoetan. Zuhurtasun handiaz gainera, kemen, gogo eta uste osoa jarri behar du agintari batek ogi gogor horri bere hagin zorrotzak sartzeko, eta behin baino gehiagotan prest egon behar du bere etorkizun profesionala kolokan jartzeko. Euskerak Euskal Herrian duen benetako tokia ezagututa, ez da erraza jarrera hori aurkitzea. Hibridazioa da, beraz, konponbide eskuragarri bat itsas hondo gabe horretan itotzeko arriskuan erori nahi ez duten arduradunentzat.

Baina giza baliabideen hibridazioa ez da itzulpenaren erabilera okerrak ekarritako kalte bakarra. Arazoaren beste agerpen bat, oso eragingarria hau ere, langileen euskera-erabilera itzulpenez ordezkatzea da. Gehiegitan teorian euskeraz jarduteko gaitasuna duenak ez du horrela jokatzen, eta itzulpenak estaltzen du gabezia. Bide horretatik ere Administrazioaren funtzionamendu sasi-elebidun batera heltzen da, eta zentzugabe bihurtzen dira jarduera elebiduna lortzeko langileek eta diru-kutxa publikoek bermatutako hizkuntza-eskakizunen sistema eta euskera ikasteko deialdiak. Horiek horrela, ematen du sistema horrek eta deialdiek dirua alferrik gastatzeko eta langile batzuei oztopoak jartzeko balio dutela. Begi-bistakoa da Euskeraren erabilera normalizatzeko ahaleginen entzute onari eta harrera sozialari egiten zaien kaltea, baina agintariek erakuts ditzaketen estatistikak sortzez garbi izaten irauten dute. Jakina, jokabide oker horren abiaburua arestian aipatutako bera da: euskeraren erabilera normalizatzeko prozesua ekiditea.

Ez dezagun pentsa, nolanahi ere, agintarien edo erdiko arduradunen izaera ustezko izaera gaizto baten ondorioa denik. Kar­gutu gaitezen euskerak gizartean daukan erabileraz eta, beraz, pisu sozialarekin ezinezkoa zaiola edozein gobernuri Administrazioa euskeraren normalizazioaz kezkatuta dauden agintari eta arduradunez zuzentzea eta kudeatzea. Administrazio batek ezin du funtzionatu alderdi bateko gogaideekin eta, are gehiago, euskerak daukan presentzia sozialarekin, gobernatzeko bokazioa duen alderdi handi batek presentzia eskas horren isla garbia izango du bere afiliatuen artean ere, bestela ez litzateke gehiengo soziala duen alderdi bat. Guztiagatik ere, esandakoa ez da zurigarria, eta herritarrok eskubide osoz kritikatu ditzakegu gobernu, alderdi, agintariok.

Itzulpen-politika baten lerro nagusiak

Esan gabe doa ez dela nire asmoa itzulpengintzak normalizazioan duen garrantzia gutxiestea, ezta hurrik eman ere, itzulpen-politika egoki baterako dauden zailtasunak azpimarratzea baino. Hasieran esan dudan bezala, itzulpenak berebiziko tokia du euskeraren erabilera suspertzeko lanean, baina normalizazioaren premiei erantzuteko moduan erabiliz gero. Bestela, sendagarri paregabea dena pozoi hilgarri bihurtzen da.

Nire irudiko itzulpenak Administrazioan izan behar duen xedea laburtzearren, zeregin hauek azpimarratuko ditut:

  • •Herritarren hizkuntza-eskubideak ber­matzea, zerbitzu-hizkuntza idatzi gisa, Administrazioak funtzionamendu arruntaren bidez bermatzeko ezintasuna daukan bitartean.
  • Euskeraz eta erderaz lan egin behar duten unitateen funtzionamendua ahalbidetzea, euskeraz edo erderaz zer dokumentu sortu edo landu behar diren aldez aurretik zehaztuta badago, nolanahi ere, normalizazioak langileen lana bikoiztu ez dezan.
  • Administrazioaren identitate-euskarrietan euskeraren agerpena gaztelaniaren mailan gutxienez ziurtatzea.

Zein dira identitate-euskarri horiek? Tokian-tokian aldatzen dira, eta denek ez dute pisu bera. Hona hemen adibide gisa:

  • •Errotuluak, formalak eta informalak (paperezkoak, langileek ordenagailuz eginak), iragarki-tauletan jarritako iragarki, ohar eta edozein informazio ofizial mota, publizitate kartelak, paperetan eta abarretan jarritako erakundearen edozein anagrama edo identifikazio-sistema, etiketak, plastikozko poltsak, zigiluak, ordutegia edo antzekoak, erakunde edo zentroaren telefono-gida.
  • Intranet eta web-orria.
  • Erakundearen memoria, plan estrategikoak, kalitate-planak eta antzekoak.
  • Aldizkariak eta liburuak.
  • Jardunaldiak, biltzarrak, kanpainak.
  • Prentsa- eta irrati-oharrak, artikuluak, iragarkiak.
  • Erakundearen ekitaldi publikoak (jardunaldi eta biltzarretako aurkezpenak barne).

Agian, onar liteke langileek testu mota batzuk euskeraz eta erderaz lantzea, eguneroko lana gutxi zamatuta. Testu labur eta errepikakorrei buruz ari naiz, ereduen araberakoak, inprimakia oinarrian daukatenak, oso estandarizatuta daudenak. Aitzitik, testuak luzeak, aldakorrak, sortze-lana eskatzen dutenetarikoak badira, itzultzaileengana jo beharko da, salbuespena ez badira behinik behin.

Aldizkari eta web-orri edo intranetei dagokienez, ondokoa urrezko araua zait: horrelakoetan euskeraren erabilera kualitatiboari lehentasuna ematea eta ez kuantitatiboari. Oro har, kontua ez da erabateko elebitasuna edo elebitasun mimetikoa lortzea, euskeraren presentziak, zeinahi ehunekotan dela, euskeraz irakurtzen duenarentzat zerbait gehiago eskaintzea, pizgarri bat, aberaste moduko bat. Hizkuntza gehiago dakienak gehiago eskuratu behar du, gutxiago dakienak zerbait galdu behar du. Horren adibide ona iruditzen zait Gasteizko Udalak, PPren agintaritza-aldian behintzat, argitaratu izan duen Gazeta. Horregatik, aldizkariei dagokienez, elebitasuna editore-jardueran edo lan-lerroan kokatu behar da, apal eta zuhur jokaturik, hori baita erabileran benetako aurrerapenak erdiesteko bidea. Editoriala edo iritzi-artikulu nagusia izan ezik, euskera izan behar da euskeraz argitaratutako artikuluen jatorrizko hizkuntza, eta, jakina, gaiak interesgarriak. Artikuluak, eskuarki, jatorrizko hizkuntzan argitaratu behar direla uste dut, salbuespenak salbuespen. Itzulpena, normalean, aldizkariaren iritzi artikulu nagusia edo editoriala ele bietan argitaratzeko gorde behar genuke, edo salbuespenez, beste hizkuntza batean idatzitako artikulu guztiz interesgarri bat euskeraz bakarrik emateko.

Bereziki ebitatuko nuke euskerazko artikuluak euskerari edo euskal kulturari buruzkoak izatea, sarritan egiten den bezala. Euskera ez da euskerari buruz hitz egiteko espezialitate-hizkuntza, batez ere gai hori lantzeko balio duena, edo guztientzat ez diren gaien komunikabidea.

Web-orriaren kasuan bada aipatu beharreko berezitasun bat. Web-orriak hein batean aldizkari baten modukoak dira, beste neurri batean egunkari baten modukoak eta, azkenik, argitarapenen modukoak. Horien guztien ezaugarriak biltzen dituzte. Euskarri horretan aldi berean biltzen dira azken orduko berriak, oharrak, unean uneko informazioak, artikulu sakonak edo espezializatuak eta zabalkunde handikoak, dokumentu ofizialak... Horregatik, irizpide hauek proposatuko nituzke:

  • •Web-orria euskeraz ere nabigatzeko diseinatuta egon behar da.
  • Interes orokorreko berri, ohar eta informazio guztiak euskeraz eta erderaz agertu behar dira. Beraz, itzuli egin behar dira.
  • Artikulu espezializatuak, zientifikoak, jatorrizko hizkuntzan argitaratu behar dira (gaztelaniaz, euskeraz, ingelesaz, frantsesaz...). Beraz, web-orriaren arduradunen eginbeharra da horrelako artikuluak euskeraz ere hornitzea.
  • Web-orria kudeatzen duten edo hornitzen duten langileek, Administraziokoak nahiz enpresa pribatu batekoak izan, euskera ondo menderatu behar dute eta, haien artean itzultzailerik ez badago, oso lotura eta harreman estuak izan behar dituzte itzultzaileekin.

Izan ere, administrazio publiko jakin bateko arduradunek euskeraren normalizazioaren aurrean benetan nolako jarrera daukaten jakin nahi badugu, errepara diezaiogun web-orriez eta intranetez arduratzen direnak zein irizpiderekin aukeratu edo kontratu dituzten. Euskera maila kontuan hartu ez badute, atera kontuak. Web-orriak euskeraz nekez funtzionatuko du modu duin batean baldin eta elikatzen dutenek euskerazko gaitasun nahikorik ez badute.

Eta zer egin argitarapenekin? Zentzuz jokatu. Iruditzen zait zentzudun izatea orain arte Administrazioetan sapan egon den maila sinbolikotik maila errealera jaistean datzala. Eremu espezializatu askotan ez dago euskal jarduerarik ez irakurlerik ere. Horrelako liburuak itzultzen ibiltzea agian ariketa polita izango da itzultzailearentzat, baina alferrik argitaratuko dira edo, gutxienez, onurak ez du esfortzua berdinduko. Sanitatearen munduan maiz egingo dugu topo egoera horrekin, baina gainerako administrazioetan ere ez da bitxia izango, arlo espezializatu batekoak ez direnean ere. Neuk apaltasunez jokatzea gomendatuko nuke, eta zabalkunde handiko testuak ez direnean, gaiak irakurle edo erabiltzailerik izango duen ala ez oso gogoan edukiko nuke zer egin erabakitzerakoan. Ez dut uste mundu guztiaren aurrean euskera dela-eta dirua alferrik gastatzeak mesederik egiten dienik euskaldunei, ez eta itzulpena dela kausa gaztelaniazko testuaren argitarapena luzatzen eta oztopatzen ibiltzeak ere. Are txarrago, ohikoa denez, gainera, euskal testua kalitate txikikoa edo ulergaitza bada.

Antolamenduzko neurri jakinak aipatu behar ditugu itzulpen-politika egoki baten osagaiak zerrendatzen amaitzeko, ezinbestekoa baita zehaztea Erakundean zer, nork, noiz eta nola itzuli behar den erabakitzeko ardura daukaten organoak. Oso argi egon behar dira erabakiak hartu eta itzulpenak egin edo kudeatu behar dituztenen arteko fluxuak eta prozedurak. Ez dago planik argitzen ez badira ardurak, erantzukizunak, xedeak, egutegiak, eta horren guztiaren komunikazioa. Horrekin batera itzulpen-politika arian-arian ezartzeko estrategia definitu eta abiarazi behar da.

Itzulpengintzaren mugak Administrazioan

Aurreko atalean postura egin dugu itzulpen-gai apalak aukeratzearen alde, herri­tarren zerbitzura dauden dokumentuei eta zabalkunde-mailako testuei guztizko lehentasuna emanda. Euskeraren normalizazioak bere egoeraren araberako neurriak behar ditu, handinahikeriak alde batera utzita. Alferrekoa, eta kaltegarria izan daiteke, euskeraren erabilerak ez dituen funtzioen edo estatusaren mailan testuak sortu nahi izatea. Euskal hiztunen herriari ez badagokio hiztun-herrien arteko lehiaketan lehenengo kategorian jokatzea bigarrenean edo hirugarrenean jokatu beharko du. Agian, funtzio sozial jasoko testu batzuk ez dira kaltegarriak izango eta, beraz, ezta maila horretako itzulpen-jarduera bat ere, baldin eta argi badaukagu gehienbat funtzio sinbolikoa betetzen dutela, hizkuntzaren nolabaiteko marketinga egitearren. Ordea, euskerak funtzio apalagoko testuetan hartzen du arnas, ez Administrazioaren aldizkari ofizialetako testuetan, ez legeetan, ez arkitektura-tratatuetan, ez neurokirurgiakoetan.

Denok ondo dakigu hizkuntza insti­tuzio sozial bat dela eta gizabanakoaren mailako berezitasunak idiolekto direla, ez dialekto ez soziolekto. Beraz, atzean talde-hizkera bat ez daukan itzultzaile trebeak, maisu lana eginez, gai jakin baten gaineko idiolekto bat sortuko du, ez espezialitateko hizkera bat, eta ez die espezialistei balioko. Espezialistek sortu behar dute beren espezialitate hizkera, dagokien arloan arituz. Linguisten laguntza ere jaso dezakete hizkera horren corpusa apur bat moldatzeko, baina haiena izan behar da ekimena eta azken erabakia. Espezialisten soziolektoa hizkuntzaren profesional edo zaindariei atsegin ez bazaie, ez dago arazo batere, mundua ez baita egunero birsortzen inori gustua emateko. Robert L. Cooper-ek dioenez[2], hizkuntzaren funtzioak aldez aurretik aldatu ezik, nekez izango du arrakasta hizkuntzaren plangintza formalak. Beraz, erabilera lehenago eta corpusaren normalizazioa geroxeago. Hizkera teknikoaren inguruko hamaika adibidek erakusten dute baieztapen horren egia. Orobat, Cooper-en eskutik esan dezakegu profesionalek nekez ikasiko dutela hizkera jakin bat nolabaiteko probetxurik ateratzen ez badute.

Azken finean, ildo beretik ari nintzen aldizkari honetan esan nuenean euskera kultur hizkuntzekin lehiatzeko behar beste umotuta ez dagoela[3], hizkuntzaren profesionalen eta zaindarien ahalegin guztiengatik ere. Harako hartan, Pello Esnal eta Zubimendiren saioei[4] balio pixka bat kenduz azpimarratu nuen, hizkuntza garatu eta funtzio berrietan baliagarri izateko, onu­ragarriagoa dela gizarte honetan zerbait esa­teko daukatenei hitza ematea euskal altxorrean bilatzen ibiltzea baino, edo hereje-ehizaren ordez gizarte-sentikortasuna sendotzea.

Zoritxarrez, Euskal Herrian, diglosia gaitzetsiz, jende gehiegi tematzen da inguruko hizkuntzen maila berean lehiatzen. Normaliza daiteke euskeraren erabilera UEMAko udalerri euskaldun txikiez kanpoko administrazioetan? Eta Unibertsitatean? Eta goi-mailako jarduera profesionaletan? Hori da Euskal hiztun-herriak gaur egun munduan eduki dezakeen tokia? Eta etorkizunean?

Administrazio Orokorraren bigarrenaren plangintzaldia ebaluatzeko txostenean arrazoi nagusi hauek ematen zituzten normalizazio-prozesuaren hutsak azaltzeko:

- Giza baliabide eskasak
- Baliabide ekonomikoen falta
- Agintarien inplikazio eskasa
- Zenbait derrigortasun-data txarto ezarrita, beraz, hutsak lehentasunak zehazterakoan.

Nik, gutxienez, beste akats edo errore pare bat ikusten dut: bata, langileen interesa eta inplikazioa, bestea, gehiegizko helburuak, lehentasun okerrak. Langileen partaidetzaren arazoa ez da konpontzen ohiko errazkeria esanez: "aginduak betetzeko daude; beraz, plangintzaren helburuei men egin eta kito". Artikulu honen gaiaren haritik, berriz, bigarren errorea da gehien interesatzen zaidana. Hizkuntza-politikako organoek beti baldintza bi ezinbestekotzat jo izan dituzte unitate administratibo batean euskararen erabilera normalizatzeko: langileek hizkuntzaren ezagutza-maila egokia edukitzea eta maila hori daukatenak dentsitate egokian egotea. Ez nator bat, baldintza soziala falta delako. Administrazioaren normalizazio-prozesua testuinguru sozialean kokatu behar da. Horrela, beste baldintza bat, gutxienez, bete behar da nire irudiko: Euskeraren erabilerak nahiko dentsitatea izatea administrazioko jardunari sostengua ematen dioten sare sozialetan.

Kontuan hartu behar da jarduera administratiboa, Administrazioa gizartearen goi-egitura bat denez, jarduera anitzen topalekua dela eta, hein handi batean, jarduera ugari eta alde anitzeko horiek eusten eta osatzen dutela. Jarduera administratiboa behin eta berriz baldintzatuko dute batzuetan inguruan eta besteetan barruan dituen sare ekonomikoak, politikoak, kulturalak, eta gainerako sare administratiboak. Bestela, esfortzu guztiak alferrik izango dira. Baldintza hori bete ezik, kaltegarriak izan daitezke hizkuntza-normalizaziorantz ahalegin handiz emandako itxurazko aurrerapausoak. Hala da; etengabeko esfortzuak egin beharko dira sasi lorpen horiei eusteko, eta handik urte gutxira, ahaleginok laxatu bezain pronto, ziur aski, behera egingo du esfortzu handiz eraikitako etxeak[5].

Tokian-tokian erabaki beharko da Administrazioa euskaldundu behar den, noraino egin behar den eta noraino utzi behar den erabilera sinboliko batean. Horren arabera erabaki beharko da itzulpenak izan behar duen tokia. Okerra iruditzen zait euskeraren erabilera normalizatzeko ezintasuna itzulpenaren bidez estali nahi izatea. Erabileraren norainokoa erabaki ondoren, Administrazio barruko egoera diglosiko bati eusteko diseinatu beharko da itzulpen-politika, zehaztuz zer premiari erantzun behar dion, zer lehentasun ezarri behar duen, gizartearen harreman-sare konplexu eta hedatuetatik beti erderaz heltzen eta helduko diren testuekin nola jokatu beharko den goi mailako Administrazioan euskeraz, zentzuzkoa den neurrian, jarduteko.


Oharrak

1. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Ente Publikoaren Euskara Plana. 2005-2011.

2. La planificación lingüística y el cambio social, Cambridge University, 1997, Conclusiones atala.

3. "Medikuntzako testuetako zenbait okerbide eta balizko aje", Senez, 20 zk., 1998, 67-84 or.

4. Zubimendi, Joxe Ramon; Esnal, Pello, Idazketa-liburua, Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz, 1993.

5. Argi dago ikuspegi hau Joshua Fishmanen ekarpenetan oinarrituta dagoela, nire interpretazioaren arabera noski, liburu honetan hizkuntzaren egoera kontuan hartuta proposatzen dituen helburu eta lehentasunei jarraituta: Reversing language Shift: Theory and Practice of Assistance to Threatened Languages. Clevedon, Multilingual Matters, 1991.