Axun Aierbe Mendizabal gogoan
Maite Imaz Leunda

Artikulua pdf formatuan.

Axun Aierbe Mendizabal itzultzaile, irakasle, ikerlari eta euskaltzalea garuneko odol isuri batez hil zen Donostiako ospitalean, 2008ko apirilaren 15ean, 39 urte besterik ez zituela. Altzon jaio zen, 1968ko apirilaren 28an, baina txikitatik Ibarran bizi izan zen.

Gasteizko Letren Fakultateak omenaldia egin zion 2009ko apirilaren 1ean, bertako irakasle eta dekanorde izan baitzen. Axun Aierbe zenaren lankide, ikasle eta adiskideak bildu ziren familiarekin batera, haren oroimenean. Ekitaldi hartako parte hartzaileak izan ziren Fernando García Norga, Letren Fakultateko dekanoa, Xabier Paya, itzultzaile eta ikasle ohia, Jon Kortazar, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna eta Axunek parte hartu zuen euskal literaturako ikerketa-proiektuaren ikertzaile nagusia, Miren Azkarate Villar, Axunen irakasle izandakoa eta tesi zuzendaria, eta artean Kulturako sailburua, eta ni neu, EIZIEko kide naizenez. Han esan nituenak oinarri hartuta prestatu dut artikulutxo hau. Axunek bizitza laburra izan arren lanbide-ibilbide oparoa izan zuen eta jakintzagai ugari jorratu zituen. Nire asmoa itzulpengintzari lotuta egin zuen lanbide-ibilbideari arrastoa jarraitzea izan da. Nolanahi ere, baliteke ibilbide emankor horretan nik zerbait ahaztu izana.

Euskal Filologiako 4. ikasturtea hastear nengoen Axun Aierbe, nolabait esateko, modu formalean aurkeztu zidatenean, 1986ko uda amaieran, Tolosan. Nire lehengusu bat izan zen Axun aurkeztu zidana, haren koadrilako laguna baitzen, eta Axunek ere Donostiako fakultatean Euskal Filologia ikasten hasi behar zuenez, elkarren berri izatea komenigarria zela iruditu zitzaion. Ez zen hura ordea Axun ikusten nuen lehenengo aldia. Bera ez zen nirekin gogoratzen baina nik ondo gogoan nuen noiz eta non ikusi nuen lehenengoz, eta baita zer nolako inpresioa eragin zidan ere. Urtebete lehenago izan zen. Ibarrako ikastolak euskarako irakasle bat hartzeko elkarrizketa baterako deialdia egin zien interesatuei. Nik Irakasle Ikasketak bukatu berriak zituzten bi lagun nituen, ez nuen seguru aski arratsalde hartan aparteko zereginik izango, eta haiei laguntzea erabaki nuen. Espero zutena baino askoz jende gehiago azalduz zenez, itxaron bitartean bertaratutako batzuekin hitz egiteko aukera izan nuen. Axun zen haietako bat eta bera izan zen harridura gehien eragin zidana; kontatu zigunean berak ez zuela titulurik, badaezpada joan zela, orduko UBI edo COU (Unibertsitatera Bideratutako Ikasturtea) ikasten hasi berria zela, pentsatu nuen oso ausarta zela eta gehien harritu ninduena izan zen gainerako hautagai guztiak tituludunak zirela ikusi arren, ez zela beldurtu eta hantxe egon zela beste guztiak bezala elkarrizketarako txanda noiz iritsiko zain. 17 urte besterik ez zituen.

Euskal Filologia ikasten hasi eta hilabete gutxira Ibarrako Udalean itzultzaile/liburuzain lanpostua eskuratu zuela kontatu zidan, fakultateko pasilloan topo egin genuen batean. Udalean lanean ari zen bitartean egin zituen Euskal Filologiako ikasketak eta bukatu orduko doktorego ikastaroei ekin zien, «Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritza» programan; eta gero «Hizkuntza Plangintzarako Diplomatura» egin zuen. Aldi berean, Tolosan sortu berria zen Galtzaundi euskara elkarteko lehenengo lehendakaria izan zen. Orduan ere, elkartearen sortzaileen arteko gazteena izan arren, ausardia handiz onartu zuen lehendakari izatea, 22 urterekin. Galtzaundi elkarteko lehendakaria izan zen 1990 eta 1996 bitartean, eta ondoren, 1996 eta 1998 bitartean, Euskal Elkarteen eta Herri Aldizkarien Topaguneko idazkaria eta hainbat lantaldetan arduradun koordinatzailea. Oso langilea zen Axun eta denetara iristen zen.

Ibarrako Udalean 15 urtez aritu zen lanean; itzultzaile eta liburuzain gisa lehenengo zazpi urteetan, eta itzultzaile eta euskara teknikari gisa ondorengo zortzietan. Oraindik udaleko langile zela, 1998an, Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean Euskal Literaturako irakasgaia ematen hasi zen Euskal Filologian. Lau urteren ondoren, 2002an, udala utzi eta Unibertsitatera dedikatu zen erabat, eta ordutik aurrera Itzulpengintza eta Interpretazioko irakasle ere izan zen, Terminologia eta Itzulpen Praktikak irakasgaiak emanez. Gazterik hasi zen itzulpengintzan eta jakintzagai ugari jorratu zituen arren, Axunen lan-ibilbidea beti egon zen itzulpengintzari lotuta, itzulpenak eginez edo itzulpengintzako irakasle eta ikerlari lanak eginez.

Itzulpen-lanei dagokienez, itzultzaile gisa udalean egin zituen administrazioko itzulpenez gain, nabarmentzekoak dira euskarara itzuli zituen liburuak. Ibarrako Udaleko langilea zela Jordi Solé i Camardons-en Soziolinguistika Gazteentzat liburuaren itzulpen-egokitzapena egin zuen UEUrako, Udako Euskal Unibertsitaterako, talde-lanean (1991).

Iñaki Linazasorok Ibarrako historiaz eta gorabeheraz idatzitako liburua ere itzuli zuen eta Ibarrako Udalak elebitan argitaratuta zuen IBARRA Todo un pueblo - Erabateko herria izenburupean (1997).

Unibertsitatera joan ondoren Jon Kortazarren Euskal Literatura XX. Mendean liburua euskaratu zuen eta horrezaz gain gaur egungo literaturari buruzko bibliografia hautatua osatu zuen libururako.

Baina itzulitako lanen artean aipamen berezia merezi dute Felix Ugarte itzulpen lehiaketaren hiru edizio, IX.a, X.a eta XI.a, hiru urte jarraituetan (2001ean, 2002an eta 2003an) irabazteko bidea eman zioten artikuluek; hiru kasuetan itzulpengintzarekin lotutako gaiak ziren sariak lortu zituzten itzulgaietan jorratzen zirenak

  • 2001ean Mª Teresa Cabré hizkuntzalari katalanak Montrealen argitaratzen den META aldizkarian argitaratutako artikulu bat itzuli zuen frantsesetik: (Terminologies ou terminologies? Spécialité linguistique ou domaine interdisciplinaire?) «Terminologia ala terminologiak? Hizkuntza-espezialitatea ala diziplinarteko alorra?».
  • 2002an, Juan Carlos Sagerren artikulu bat («Terminología y traducción») itzuli zuen gaztelaniatik: «Terminologia eta Itzulpengintza».
  • 2003an, Laura Santamariaren artikulu bat («La traducció jurídica, paraula de traductor?») itzuli zuen katalanetik: «Itzulpengintza juridikoa, itzultzailearen hitza?».

Testuak itzultzen egindako bideaz gogoeta egiteko beharra nabarituta eta gogoeta egiteko dagoeneko material ugari zegoela iritzita, Axunek ikerketa-lan ugari egin zituen itzulpengintzaz, kongresuetan eta jardunaldietan ponentziak eta komunikazioak aurkeztuz.

  • «Administrazioaren iragarkiak: publizitate-arloko hizkera?», Leioako Espezialitateko hizkerak eta terminologia jardunaldiak: euskara estandarra eta espezialitate hizkerak izeneko jardunaldietan, 2002ko irailean.
  • «La traducción del género en el lenguaje administrativo: El caso de la lengua vasca», Valentziako Unibertsitateak antolaturiko First International Seminar on Gender and Language: The Gender of Translation / The Translation of Gender izeneko mintegian, 2002ko urrian.
  • «Análisis comparativo del discurso en textos administrativos en lengua española y en lengua vasca» Nafarroako Unibertsitateak antolatutako Congreso Internacional de Análisis del discurso: lengua, cultura, valores izeneko biltzarrean, 2002ko azaroan.
  • «El léxico específico y la terminología de las noticias de prensa en lengua vasca relacionadas con temas administrativos», Kubako Santiagoko VIII Simposio Internacional de Comunicación Social izeneko biltzarrean, 2003ko urtarrilean.
  • «Gaztelaniazko agindu- edota betebehar-balioko geroaldiaren ordainak euskarazko administrazio-testuetan», Leioako Espezialitate-hizkerak eta terminologia jardunaldiak: euskara estandarra eta espezialitate hizkerak izeneko jardunaldietan, 2005eko abenduan.
  • «La traducción a la lengua vasca de las unidades fraseológicas especializadas del lenguaje administrativo», Santiago de Compostelako Congreso Internacional de Fraseología y Paremiología izeneko biltzarrean, 2006ko irailan.
  • «Las unidades fraseológicas eventivas del lenguaje administrativo y su traducción a la lengua vasca», Granadako II Simposio Internacional de Terminología - II. Congreso Internacional sobre lenguas y culturas del mundo: Lenguaje e integración sociocultural izeneko biltzarrean, 2006ko azaroan.
  • «La Traducción y los libros de estilo para la lengua vasca», Murtziako Unibertsiateko XXV Congreso Internacional de AESLA (Asociación Española de Lingüística Aplicada) izeneko biltzarrean, 2007ko apirilean.
  • «La traducción a la lengua vasca de los adjetivos relacionales del ámbito económico utilizados en textos administrativos», Bartzelonako VI Simposio Internacional de Terminología. Literalidad y dinamicidad en el discurso económico izeneko biltzarrean, 2007ko uztailan.
  • «Los estudios de traducción en el País Vasco: español-vasco/vasco-español, 5th EST Congress-Ljubljana 2007: Why TS Matters izeneko biltzarrean, 2007ko irailean.
  • «Loanwords and semantic borrowings of computer and internet terminology in Spainish and Basque», Valladolideko Unibertsitateko Cristina Bayón Garcíarekin batera, Lisboako VI Congresso Internacional da Associação Europeia de Línguas para Fins Específicos 6th International AELFE Conference izeneko biltzarrean, 2007ko irailean.
  • «Birformulazio-estrategiak eta komunikagarritasuna administrazioko testuetan», Leioako Espezialitateko hizkerak eta terminologia III: espezialitate hizkeren didaktika eta komunikazioa izeneko jardunaldietan, 2008ko urtarrilean.
  • «La traducción a la lengua vasca de las locuciones prepositivas de los textos administrativos» Almeriako XXVI Congreso Internacional AESLA izeneko biltzarrean, 2008ko apirilean. Hau izan zuen azkeneko kongresua.

2008ko maiatzean Bartzelonan egin zen Congreso Internacional de Neología en las lenguas Románicas izeneko jardunaldietan ere aurkezpen bat hitzartua zuen. Honako hau zen gaia: Palabras y términos prefijados españoles de textos administrativos: ¿neologismos de creación propia o neologismos de préstamo en lengua vasca?.

Argia aldizkariko egin zituen kolaborazioetan ere jardunaldi horietako batzuen laburpen-artikuluak idatzi zituen.

Axunek itzulpengintzako alorrean aurkeztutako ponentzia gehienek administrazio-hizkerarekin eta administrazio-itzulpenarekin zuten zerikusia, izan ere Administrazioko Euskarari buruzko doktorego-tesia prestatzen ari baitzen Miren Azkarate irakaslearen zuzendaritzapean.

Sarri egin nuen Axunekin topo: ikasle ginela Donostiako EUTGn, Tolosan Galtzaundik antolatzen zituen ekitaldietan, Ibarrako Udalean bigarren itzultzaile bat kontratatzeko epaimahaikide izatea egokitu zitzaidanean, Gasteizko Letren Fakultatean irakasle lanetan aritu nintzenean, EIZIEko ekitaldietan...; ETB1eko lehiaketa batean parte hartu zuenean, 1989an, publiko artean egotea ere egokitu zitzaidan.

EIZIEren 2008ko Batzar Nagusira autoan elkarrekin joan ginen Axun eta biok, Amorebietara, martxoaren 1ean. Batzarra eta ondorengo bazkari eta solasaldiak bukatu ondoren Tolosara itzuli ginenean, kotxea nik eraman nuenez, dirua eman zidan gasolina gastuetarako. Nik diru gehiegi eman zidala esan nion eta berak sobratzen zenarekin egunen batean kafe bat hartuko genuela erantzun zidan. Beste baterako uztea baino dirua orduantxe bertan gastatzea genuela onena erabaki genuen eta hala joan ginen taberna pare batera; ez genuen kaferik hartu baina pintxo batzuk jan bai. Eta hura izan zen Axun ikusi nuen azkeneko aldia.

Handik hilabete eta erdira Axun zoritxarrez joan egin zitzaigun, garuneko isuri baten erruz, baina joan ondoren ere izan dugu aukera haren lan interesgarriak ikusteko; 2008ko maiatzean, argitaratu zen Gramatika Jaietan. Patxi Goenagaren omenez liburuan «Euskal estilo-liburuetako gramatika-arloko itzulpen-gomendioez» idatzi zuen artikulua azaltzen da.

Eta geroago, urrian, Axunen artikuluez osatutako Itzulpengintza-estrategiak liburua aurkeztu zuten Ibarran. Oraingoan literatur itzulpena izan zuen aztergaia, gaztelaniara itzulitako euskal obra batzuen itzulpena zehatzago esanda, Axunek berak zioenez, oso garrantzitsua baita euskal literatura gaztelaniara eta beste hizkuntza batzuetara itzuli eta beste literatura-sistema batzuetan txertatzea. Eusko Ikaskuntzak emandako laguntza batzuei esker urtero-urtero artikulu bat idazteko ohitura hartu zuen, proiektu bakarraren ikuspegiarekin, etorkizunean liburu osoa izango zenaren kapituluak osatuz. 2005, 2006, eta 2007. urteetan idatzi zituen artikuluak, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano eta Ramon Saizarbitoriaren literatur obra batzuen gaztelaniazko itzulpenaz. Hiru artikulu horiek osatzen dute liburua. 2008an ere eskatu zuen laguntza baina zoritxarrez ez zuen lanik egiteko aukerarik izan.

Bistakoa da zor handia daukagula itzultzaileok Axunekin. EIZIEk ere bere ekarpena egin nahi izan zuen EHUn egin zitzaion omenaldian eta Axun Aierbek Itzul posta-zerrendara bidali zituen mezuen arteko bat berreskuratu zuen egun horretan 2tzul-blogean argitaratzeko. 2tzulbloga 2008ko urrian sortu zen, ItzuL posta-zerrendaren osagarri gisa, ItzuL posta-zerrendako eztabaidetan sortzen diren ekarpen interesgarriak modu sistematikoan jasotzeko. Eta Axunek 2002an funtzionatu eta preskribatu moduko aditzen erregimenaren inguruan Itzulera bidalitako mezuak merezi du blog horretan egotea. Izan ere, ia 5 orrialdeko mezua da; beraz, artikulua, mezua baino gehiago eta bereziki landutako artikulua gainera. Gaurkotasunaren aldetik ez du ezer galdu; artikulu sakona eta oso interesgarria da itzultzaileontzat nahiz hizkuntzalarientzat.

Axun Aierbek euskarara itzulitako liburuak eta artikuluak

  • Linazasoro, Iñaki: IBARRA Todo un pueblo - Erabateko herria, Ibarrako Udala, 1997 (euskaratzailea, Axun Aierbe).
  • Solé I Camardons, Jordi: Soziolinguistika Gazteentzat, UEUren Soziolinguistika Saila, 1991 (euskaratzailea, Axun Aierbe eta beste zenbait).
  • Kortazar, Jon: Euskal Literatura XX. Mendean, Pramés, Zaragoza, 2000 (euskaratzailea, Axun Aierbe).
  • Cabré, Mª Teresa: «Terminologia ala terminologiak? Hizkuntza-espezialitatea ala diziplinarteko alorra?», in Uztaro, 40 (2002), 63-74 (euskaratzailea, Axun Aierbe).
  • Sager, Juan Carlos: «Terminologia eta itzulpengintza», in Uztaro, 43 (2002), 53-66. (euskaratzailea, Axun Aierbe).                                                                       

Administrazio-itzulpengintzaz egindako azterlanak

  • AIERBE MENDIZABAL, Axun: «La traducción del género en el lenguaje administrativo: El caso de la lengua vasca» in SANTAEMILIA, José (arg.) (2003): Género, lenguaje y traducción, Departament de Filología Anglesa i Alemanya, Universitat de València & Generalitat Valenciana, Conselleria de Benestar Social, Dirección General de la Mujer, Valentzia, 516-526.
  • AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Administrazioaren iragarkiak: publizitate-arloko hizkera?» in ALBERDI LARIZGOITIA, Xabier & UGARTEBURU GASTAÑARES, Iñaki (arg.) (2003): Espezialitate-Hizkerak eta Terminologia: Jardunaldiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 255-270.
  • AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Análisis comparativo del discurso en textos administrativos en lengua española y en lengua vasca» in Manuel Casado Velarde, Ramón González Ruiz y Mª Victoria Romero Gualda (arg.) (2006) Análisis del discurso: lengua, cultura, valores. Actas del I Congreso Internacional Universidad de Navarra, Pamplona, noviembre 2002, Arco/Libros, Madrid, 1845-1856.
  • AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Gaztelaniazko agindu- edota betebehar-balioko geroaldiaren ordainak euskarazko administrazio-testuetan», in Ugarteburu Gastañares, Iñaki; Salaburu Etxeberria, Pello (arg.) (2007): Espezialitateko Hizkerak eta Terminologia II. Euskara estandarra eta espezialitate hizkerak, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 171-184.
  • AIERBE MENDIZABAL, Axun: «El léxico específico y la terminología de las noticias de prensa en lengua vasca relacionadas con temas administrativos» in RUIZ MIYARES, Leonel; ÁLVARO MORENO, Celia E. & ÁLVAREZ SILVA, María Rosa (arg.) (2003): VIII Simposio Internacional de Comunicación Social Santiago de Cuba, 20-24 de enero de 2003, Actas-II, Centro de Lingüística Aplicada, Ministerio de Ciencia, Tecnología y Medio Ambiente, Santiago de Cuba, 714-719.
  • AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Las unidades fraseológicas eventivas del lenguaje administrativo español y su traducción a la lengua vasca» in D. Luque Durán / A. Pamies Bertrán (arg.) (2007) Interculturalidad y Lenguaje, II: Identidad cultural y pluralidad lingüística
  • AIERBE MENDIZABAL, Axun: «La traducción a la lengua vasca de los adjetivos relacionales del ámbito económico utilizados en textos administrativos» in M. T. Cabré, C. Bach, C. Tebé (arg.) (2008). Literalidad y dinamicidad en el discurso económico VI Actividades de IULATERM Verano (09 - 12 de julio de 2007), IULA, DOCUMENTA UNIVERSITARIA, Bartzelona, 187-200.
  • AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Euskal estilo-liburuetako gramatika-arloko itzulpen-gomendioez» in Gramatika Jaietan. Patxi Goenagaren omenez liburuan, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2008, 1-12.
  • AIERBE MENDIZABAL, Axun: «Birformulazio-estrategiak eta komunikagarritasuna administrazioko testuetan» in Pello Salaburu Etxeberria, Iñaki Ugarteburu Gastañares (argit.) (2008) Espezialitateko hizkerak eta terminologia III: «Espezialitate Hizkeren Didaktika eta Komunikazioa, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 235-240.

Hainbat jardunaldiri buruz egindako laburpenak

Literatur-itzulpengintzaz egindako azterlanak

  • AIERBE MENDIZABAL, Axun: Itzulpengintza-estrategiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2008.

Itzulpengintza ez zenez izan landu zuen jakintzagai bakarra, badira Axunen partaidetza izan zuten hitzaldi, argitalpen eta liburu gehiago, baita hitzaldiak eta ikastaroak ere; baina, esan bezala, artikulu honen helburua itzulpengintzari lotutako lanen berri ematea izan da.