Euskararako literatur itzulpena (ELI dossierra)
Bego Montorio

Artikulua pdf formatuan

Sarrera

Literatur itzulpenek, itzulpengintzaren negozio bolumenean ekarpen oso mugatua duten arren, aparteko garrantzia dute bai literatur hizkuntzaren bilakaeran bai eta traduktologiaren ikuspuntuan ere. Hori dela eta, eragile askotarikoek gai honen inguruan 2008.ean sortu gogoeta eta azterketak bildu ditugu dosier honetan.

Lehen atal batean, azken urteotan euskarara egindako literatur itzulpenen gaineko zenbait gogoeta jaso ditugu:

  • ItzulBaita taldeak, 2008ko ekainean, Bego Montoriok gidatutako lan saio batean bildu zituen Bakartxo Arrizabalaga, Ander Irizar, Anjel Lertxundi eta Koro Navarro, azken urteotako literatur itzulpenen kalitateaz jarduteko. Saio horretan eztabaidatutakoa jaso dugu dosier honetako lehen testuan eta, bigarrenean, Anjel Lertxundik harako prestatu zuen komunikazioa.
  • Beste alde batetik, EIZIEk egindako enkarguari erantzunez «Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)» prestatu zuen Manu Lopez Gasenik. Lanaren helburua, eginda dagoenetik abiaturik, datozen urteetarako itzulgai berriak zein izan daitezkeen erabakitzeko aldez aurreko urratsa izatea da, eta, beraz, hiru atal ditu:
    • orain arte egindakoaren azterketa kualitatibo eta kuantitatiboa (zein denbora tartera eta zein generotara mugatzen den azalduta dago testuan)
    • literatura unibertsalaren canon baterako obren proposamena eta horietatik zeintzuk dauden euskaratuta
    • 1976-2008 denbora tartean euskaratutako lanen inbentarioa. Aldizkariaren ale honetan azterketa jaso dugu soilik. Literatur lan kanonikoen proposamena bertsio digitalean argitaratuko dugu. Inbentarioa, berriz, EIZIEren web gunean dago kontsultagarri.
  • Atal honekin bukatzeko, Literatura Unibertsala bildumaren balorazioa eskaini nahi izan dugu. Bildumaren bigarren fasea amaitzear dagoenez (150 titulu), EIZIEk egoki iritzi zion literatur itzultzaile, idazle eta literatur kritikoei orain arteko ibilbidearen balorazioa egiteko eskatzea. Guztira hogeita bost bat erantzun jaso ziren, eta horien guztien iritzien laburpena bildu du Iñigo Errastik Literatura Unibertsala bildumaren ebaluazioa izeneko artikuluan.

Bigarren atal bat osatu dugu, literatur itzulpenen kritikez eta horiek egiteko erabiltzen diren irizpideez. Kasu honetan ere, ItzulBaitak antolatutako lan saioa dago oinarrian: abiapuntuko txostena prestatu zuen Manu Lopez Gasenik eta ondoren, Itziar Otegik moderaturik, eztabaida saioa antolatu zen Bakartxo Arrizabalaga, Mikel Ayerbe, Inma Errea, Mikel Garmendia, Ander Irizar eta Manu Lopezekin. Ale honetan aurkituko dituzue abiapuntuko txostenaren testua eta lan saioaren narrazioa.

Ikuspegi eta iritzi askotarikoak inguratzen saiatu gara. Lortu dugula pentsatzen dugu, jakinik ere izan badirela aztertu beharreko beste alor batzuk (itzulpen lan horien banaketa, gizartearen harrera, liburuen industriaren baitako garrantzia eta arazoak...). Nolanahi ere, uste osoz diogu ale honetan bildutako informazioak eta iritziak urrats sendoak direla literatur itzulpenen inguruan sakontzen jarraitzeko.