Idazmakinetatik itzulpen memorietara
Andoni Sarriegi Eskisabel

Artikulua pdf formatuan

Sarrera

Karlos Del Olmo lanbide-kideak eta EIZIE-kideak, nire itzulpengintza-bizitzako bizipenak, eskarmentuaren emaitzak, hasierako eta gaur egungo kontuak, neure gogoetak, etab., Senez aldizkarirako idazteko gonbita egin dit. Hitz bitan esateko nire itzulpengintzako eta euskalgintzako bizipenen bilduma. Horrek oso usain txarra du alde batetik, zahartu egin naizela esan nahi baitu eta gazteagoentzako historia kontatzea eskatzen zaidala..., baina egia hori ukatu gabe, badu bere alde atsegina ere, nire eskarmentuak nik neuk eta neure belaunaldikoek bizi izan ditugun moduan lanbidean jarraitzen dutenei eta euskalgintzan ari direnei edota hurrengo urteetan horretaratuko direnei orokorki eskaintzea, oroitzapen atsegin eta ez hain atseginekin, denetik izan baita gure ibilbidean zehar. Ez dakit mandatua ongi beteko dudan, baina ahalegintzeko hitza eman nion Karlosi eta saiatuko naiz nire ikuspegia egoki azaltzen. Ea kontuak itxura egokian esatea lortzen dudan. Bestalde, badira hortik zehar nire kideko beste batzuk ere, ni bezalaxe lan ofizialetik jada erretiratuak direnak eta beren bizipenak eta ikusmoldeak dituztenak, eta ez legoke gaizki haiek ere berenak argitara ematea. Hemendik nire agurra eta horretarako gonbita bidaltzen diet.

1950eko hamarkada

Beasaingo Lasalletarren Loinazko San Martin ikastetxean ikasten aritu nintzen zazpi urte eta erdietatik (1953ko urtarriletik 1960ko ekainera), azkeneko lauretan behintzat idazmakinetan idazten ikasten aritu nintzen (hatz guztiekin garai hartako hainbat makina-eredutan —Remington, Hispano Olivetti, etab.— egunean 10 bat minutu inguru presaka batean, fraideak jarritako esaldi bat hainbat aldiz kopiatzen; azken aldera hitz-segidak eta zutabeak idazten ere bai). Ez zen gauza izugarria, baina garai hartako eskribiante askok baino gehiago ikasi genuen behintzat, haiek bi hatzez soilik idazten zuten-eta. Beraz, idazmakina izan zen gure haurtzaro- eta gaztaro-garaietan bulego-lanetan idazten jarduteko teknologia-tresnarik aurreratuena.

Nolabaiteko itzulpengintza egin beharra, berriz, eskolan hastearekin batera iritsi zitzaidan eta derrigorrez iritsi ere bost urte nituela. Nik euskaraz hitz egiten nuen etxean, familian eta neure ingurunean. Espainiera ere entzuten nuen, ordea, auzoen artean, herriko kaleetan eta familiarteko batzuen artean, eta hitz batzuk ulertzen nituen eskolan hastean, baina esan, ia deus ere ez. Beraz, 1951n monjetan eskolan hastean, belarriak zorroztu behar izan nituen, mihia espainieraz gehiegi askatu ez bazitzaidan ere. Ama zenak eta aita zenak etxean, beren erako euskararekin (erdal eskola-lexikoa euskalkiko euskarazko esaldiekin) lagundu zidaten kalkuluak egiten eta geometria ikasten (testu-liburuak erdarazkoak ziren); kristau-ikasbidea euskaraz ikasi ahal izan nuen lehen mailetan eta gainerako gai guztiak espainieraz ikasi behar izan nituen buruz orduan ohikoa zen moduan. Horrek guztiak, halako nahi gabe egindako derrigorrezko itzulpengintza automatiko eta diglosiko samar bat landu arazi zidan. Eta diglosikoa diot, euskaraz erabili ahal izan nituen baliabideak (etxeko eta auzoko ahozko euskalkiaren erabilera, etxean eta eskolan nahiz elizan oso bazterreko gauza gisa erabilitako dotrina idatzia eta kantu batzuk) espainierazkoak baino askoz ere urriagoak, arautu gabeak eta erabilera murritzagokoak izan zirelako. Ez nuen euskararen araurik edo antzeko gauzarik zekarren libururik (gramatikarik) ezagutu eta aita zenak gerra aurretik bereganatuak zituen euskarazko ortografia-arau batzuk bakarrik ezagutzen nituen: euskaraz k letraz idatzi behar zirela soinu gogorrak eta z letraz soinu bigunak, beti b letraz idatzi behar zela, ga, ge, gi, go, gu ziren bigunak eta ja, je, ji, jo, ju, gogorrak, rr eta ll, r eta l azentuarekin edo txapelarekin idatzita adierazten zirela, etab., sekau ez baizik leortu zela euskaraz eta antzekoak. Arau horiek, r eta l-renak salbu, kristau-ikasbidean ere ikusi nituen praktikan.

1960ko hamarkada: Euskalduntze-alfabetatzeak eta Euskara Batua amaieran

CAFeko Lanbide Heziketako Eskolan ikasketak egitean (1960-1963), besteren artean, lantokian teknikari ziren enplegatu batzuek irakasten zituzten hainbat gai, eta teknologia-aurrerapenak miretsi egiten zituzten, nahiz eta orduko hemengo teknologia gehiena gerra-aurrekoaren antz handikoa izan orokorrean. Gauza bertsua esan daiteke enpresa barruan egiten genituen egun erdiko praktiketan ezagutu genituen hainbat bulegarik, kargudunek, eta abarrek zituzten ideiez ere, baina haietako gehienek (asko erdaldun elebakarrak eta batzuen batzuk Francozale amorratuak, tartean udal batzuetan zinegotzi zirenak ere bai gainera), abertzale-euskaltzale gutxi batzuk salbu, behin baino gehiagotan aurpegiratu ziguten euskaldun ginenoi eta geure artean ahal genuenean euskaraz hitz egiten genuenoi, euskarak ez zuela ezertarako balio, han espainieraz esaten edo idazten genuen edozer gauza esateko edo idazteko hitzik ez genuela, etab. Egia esateko, min handia sentitzen nuen irain hura entzunda eta gainera geroak ongi erakutsi digu gezurra zela. Tamalez, nik ez nekien garai hartan hura gezurtatzeko adina, eta euskara ere, orokorrean bederen, artean ez geneukan hura deblauki gezurtatzeko moduan. Estimatuko genukeen, noski, garai hartan nik eta neure inguruko euskaldunek, CAFeko Bulego Teknikoan edozein idazkiren parez pareko itzulpenak egin ahal izatea. Ez genekien halaber gaur dakigun bezala, CAFen bazela gerra aurretik Zaldibiko zentral elektrikoan euskara hutsean idatzita jarri zuten ohar-paper bat eta bertan elektrizitatea eta tresna elektrikoak erabiltzeko arauak euskaraz txukun samar adierazita zeudela. Faxista espainierazale elebakar haiek, garaile militarren harrokeria eta ezjakintasuna zituzten berekin urte haietan eta gaur oraindik beste hainbat diren bezalaxe, memoria historikoaren ezkutatzaileak eta deuseztatzaileak ziren.

Ingeniaritza Teknikoko ikasketak Donostian egin nituen aroan (1963-1967) sortu ziren euskalduntze- eta alfabetatze-mugimenduak, zehazki 1966-67 ikasturtean. Espainieraz egin behar izan nituen ikasketa haiek egitean, banituen ikaskide euskaldunak eta geure artean euskaraz jardun ohi genuen ikasgaiez, baina lexiko gehiena, ezinbestean, espainieraz erabili ohi genuen, eskola-oinarri guztiak erdarazkoak genituelako, euskaraz ez genekien-eta ez nola esan eta ez nola idatzi. Horrek min ematen zigun batzuoi eta ezintasun izugarria sentitzen genuen geure baitan. Lehenago ere tokian tokiko alfabetatze-aurresaioak dei genitzakeenak eginak ziren han eta hemen[1]. Baina 1966-67ko ikasturte hartan[2], batetik Jon Oñatibia zenak Método de Euskera Radiofónico deitua (erdaldunek euskara ikasteko argitaratu zen lehenengo metodoa) argitaratu zuen 1966an eta herriz herri nahiz euskaltzale-taldez talde metodoaren erabilpena irakasteko ikastarotxoak ematen hasi zen. Bestalde, ikasturte berean, Rikardo Arregi zena herriz herri ibili zen euskaldunen alfabetatze-beharrez hitzaldiak ematen eta 1967ko udan Euskaltzaindiak eratuta lehenengo Alfabetatze-ikastaro «ofiziala» ematea lortu zuen[3]. Ni biek harrapatu ninduten. Oñatibiak Donostian nire azken ikasturtean eta nire ikaskide batzuei haren metodoarekin euskara irakasten hasi nintzen oso oinarri eskasarekin. Beasaingo OARGUIko[4] nire lagunak, berriz, Beasainen hasi ziren lan bera egiten[5]. Arregiren alfabetatze-mugimenduak hurrengo urtean, 1968an, harrapatu ninduen Beasainen lehenengo alfabetatze-ikastaroa eman zenean[6]. Urte horietan lan profesionalaz kanpo egindako euskararen arloko jardun horiek guztiek eta hurrengo hamarkada osoan zehar, 1980. urtera arte, alfabetatze- eta batez ere euskalduntze-eskola ugari urtero gaueskolan eman izanak, eragina izan zuten, noski, nire prestakuntzan eta itzulpengintza-jarduera sakonagoetan. Euskaraz derrigorrez trebatzeaz gainera, erdaldunekin izandako harremanak eta euskara bera, hizkuntza, legez espainieraren pare ez zegoela ikusteak, eta gabezia neure haragitan jasateak, uneoro euskararen maila handiagoko erabilerei begira jarri ninduten nire inguruko batzuekin batera.

Lehendik ere bagenituen itzultzaile handiak. Itzulpenak egindako geure klasiko guztiak hor zeuden nonbait. Azkeneko batzuk baino ez aipatzearren, sorkuntza-lanez gainera, Orixe, Jokin Zaitegi, Nemesio Etxaniz, etab., literaturako eta beste gai batzuetako itzulpenak eginak ziren, batzuk oso handiak eta bikainak gainera. Zientzietan ere baziren gerra-aurrean idatzitako liburuak, batzuk sortuak edo moldatuak eta besteak itzulitakoak: Zenbakizti lengaien ikastia (Aritmetika), Neurriztia (Geometria), Pisia, Kimia, etab., baina guk ez genekien ezer haietaz. Nik garai hartan esku artean izan nuen lan handi bakarra, ama zenak 1960.eko hamarkadan oparitu zidan Orixeren Urte guziko meza-bezperak[7] meza-liburua izan zen (euskaraz eta latinez) eta egin zuen garaian bakarrik egina izateko, oso ontzat jo izan dut beti lan hori, bai orduan eta baita gaur egun ere. Guk, seminarioetan ikasi gabeok, ez genuen hizkuntza landuaren transmisiorik izan, inork ez zigun esan halako lanak bazirenik, merkatuan ez zegoen ezer salgai, gure herrietako biblioteketan ez zen euskal libururik (apaiztegi eta komentuetan salbu eta erlijio-ikasketak egitera joan ez ginenok ez genuen haietarako sarbiderik izan), eta egonda ere, hain ezkutuan gordetzen ziren euskal liburuak, guk ez genuela ezeren berririk izan, ez eta haien berri emango zigunik ere, eta, eten handi horren ondoren, euskara bera ere geure euskalki pobretutik abiatuta eguneratu beharra sentitzen genuen[8].

Dena dela, hizkuntza arautzeko eta ildo nagusiak finkatzen joateko ezinbestekoa izan zen 1968an Euskaltzaindiak Euskara Batuaren ortografia-arauak (artean ez besterik) ezartzea eta ondorengo urteetan zehar aditzak, deklinabidea eta gainerako gramatika-elementuak arautzen joatea. Tamalez urte gehiegi igaro dira oinarrizko lexikoa zabalkiro arautu eta onartzerako (1980.eko hamarkadan hasi zen azkartzen lehendik oso astiro egiten ari zen lan horren garapena eta horrelako lanak berez behin ere amaitzen ez diren arren, funtsezkoenaren garapena bera ere oraindik ez da guztiz amaitu).

1970eko hamarkada: Euskara lantzeko erakunde berrien sorrera eta Euskara Batuaren garapena

Horregatik, 1968tik 1972ra bitartean, Beasainen eman ziren alfabetatze-eskoletan Euskaltzaindiak apunteetan jarritako literaturako irakurgai klasiko pasatu samar haiek osatu asmoz, geure ikasleei gauza modernoagoak eta teknikoagoak eskaini nahirik (tartean bagenituen tailerretan eta bulegoetan lanean ari ziren ikasleak ere), igande goiz bat baino gehiago igaro genituen Jon Gurutz Tolosak eta biok Plazido Muxikaren Diccionario Castellano-Vasco hartatik (esku artean genuen bakarra garai hartan) tornillo, tuerca, eje, rueda, casquillo, cojinete, figura, dibujo, vista, alzado, perfil, planta eta gisakoen euskarazko baliokideak ezin atereaz. Batzuk bagenekizkien (ardatz, gurpil, etab.), baina beste batzuk ez eta hiztegi hark ematen zuena ematen zuen, batzuetan txoko guztietako sinonimia ikaragarria eta beste batzuetan arrastorik ere ez. Ez genituen ezagutzen ordurako jada eginda zeuden itzulpenak (antzinakoak, gerra aurrekoak gerra ondorengoak, etab.), ez Eibarko eta inguruko tailerreko lexikoa, ez Mogelen Peru Abarka, ez ezer. Ez geneukan Azkueren hiztegiaren berririk (merkatuan ere ez zegoen), gutxiago Larramendiren, Lhanderen edo Duvoisinen hiztegienik. Baina guk, geuretzat eta geure inguruko mekanikoentzat zerbait jasoxeagoa eta goragokoa nahi genuen eta horren bila ibili ginen arrakastarik lortu gabe. Gainera, esan bezala, zaharragoen eta aurreko belaunaldien erreferentziak falta zitzaizkigun, hizkuntza jasoaren transmisioa jaso gabe baikeunden. Gauza bera gertatzen zitzaigun ekonomiaz edo gizarte-gaiez idatzi nahi genuenean ere.

Alfabetatze-saio haien parean bi gauza suertatu zitzaizkidan urte haietan. Batetik, Ordiziako Jakintzak (Ikastola kudeatzen zuen elkarteak) Euskal Kultura gaitzat hartuta antolatutako saiakera-sariketa eta bestetik 1971 aldera Donostiako Ingeniari Eskolako EKTk (Euskal Kultura Taldea) antolatutako teknika-arloko euskarazko idazlanentzako sariketa. Bietara bidali nituen nire lantxoak eta bietan suertatu zitzaidan banatutako sari bakarraren zati bat. Bi sariketek ere ahalegin handia eskatu zidaten aurkeztu nituen idazlanak idazteko, gaiaren aldetik adina edo gehiago hizkuntzaren aldetik zoritxarrez. Liburuetan espainieraz erabiltzen ziren hainbat termino euskaraz adierazteko ahalegin handia egin nuen euskarazko terminoak bilatuz, itzuliz, etab. eta gainera beti ez nuen bete-betean asmatu noski. Garai hartan kultura-gai orokorrez euskaraz argitaratzen ziren aldizkari gutxietako bat Jakin aldizkaria zen eta bestetik Zeruko Argia astekaria eta Anaitasuna hamabostekaria zeuden eta niri behintzat asko lagundu zidaten horiek denek, baina Jakinek bereziki garai hartako euskarazko terminologia jasoagoaz eta estiloaz jabetzeko.

ELHUYAR, UEU, Lanbide Heziketa, UZEI

Handik gutxira, Ingeniari-ikasleen EKT talde hark Elhuyar sortu zuen 1972an. Ez nintzen izan sortzaileen artean, baina bazkidetza-eskaintza iritsi zitzaidan bezain laster bazkidetu nintzen sortu eta berehala, euskaraz gai teknikoez jarduteko ikusten nuen beharrarengatik eta sentitzen nuen laguntza-premiarengatik. Ondoren aipatuko ditudan beste sorkuntza batzuekin batera, sorkuntza hura erabakigarria gertatu zen euskararen erabilpen-esparrua zientzietara, irakaskuntzara eta unibertsitate-gaietara zabaltzeko. 1974an Elhuyar aldizkaria sortu zen zientziaren dibulgazioa euskaraz normalizatzeko eta begira zer zioen lehen alean:

«Euskal kulturagintzan ia dena egiteko dadukagula gauza jakina eta tamalgarria da. Sukaldeko girotik eta lagunartetik irtetzen garen bezain laster bide ilunetatik abiatzen gara, euskara lotsagarri geratzen zaigu batzutan.

Are gehiago hizkera zehatz, garden, zorrotz bat behar den gaietan. Gauza berari bizpahiru izen ezartzen badiogu eta izen batek, antzinako botikek bezala, denetarako balio badu, azkenean ez dakigu zer esaten ari garen ere. Zientzia gaietan konkretuki ez daiteke inolaz ere Babel-go Dorreak handituz joan daitezen utz, hiztegi aberatsak, konzeptuen arlo osoa beregan dutenak behar ditugu, baina hori ez da aski.

Zientzi-euskara bat eraikiko badugu, piskana denok ados egon behar dugu, gaiak erabiltzeko ohitura bat hartuz, ohitura hori duen jende multzo ugari bat sortuz, edozein lekutako zientzilarik erabiltzen duen formulazioa eta euskara, batek bestea bortxatu gabe, uztartuz, e.a. Hori dena nekez lortuko genuke hitz zerrenda luzeak asmatuz bakarrik; gehiago behar dugu.

Euskarari, zientzien plazara jalgi dadin, agerlekuak prestatu behar dizkiogu bere sortzaileek nolakoa den erakus diezaguten eta denon artean haiei lagun diezaiegun gero eta helduagoa, egokiagoa, apainagoa sortzen.» (...)

Beraz, kezkak, premiak eta gabeziak ez ziren nireak bakarrik, eta eskerrak, elkarrengana bilduta hartu baikenuen behar beste indar ezintasun haiei erantzuten joateko. Nik neuk ere lan xume batzuk argitaratu nituen aldizkari hartan, batzuk informazioa jaso eta euskaraz idatzita, beste batzuk erdi-itzulita edo erdi-moldatuta eta beste batzuk itzulita, denetik. Lehenengoa 1977ko ekainean argitaratu zen 11. alean eta ondorengo urte batzuetan beste batzuk ere bai, esku artean nerabilzkien gaien arabera.

1974ko udan UEU (Udako Euskal Unibertsitatea) sortu zen Donibane Lohizunen. Bai epe laburrera eta zer esanik ez epe luzera, oso garrantzitsua gertatu zen eta da sorkuntza hura. Egin kontu orain arte egin duen guztiaz gainera, besteak beste berari esker une honetan Euskal Unibertsitatea sortzear dagoela. Ea epe laburrean gauzatzen den. Aipatzekoa da UEUk 35 urte hauetan unibertsitateko gaiak euskaraz lantzen (ikastaroak eman, testuak argitaratu, formatu digitaletako materialak sortu, irakasleak eta ikasleak trebatu, etab.) egin duen lan erraldoia. Horretan guztian itzulpenek eta idazketek garrantzi izugarria izan dute.

Alfabetatze-saio haien parean, Goierriko Lanbide Eskolara joaten hasi nintzen. 1969-70 ikasturtean Ingeniaritza Teknikoaren ikasketak jarri zituzten Goierriko Lanbide Eskolan, ilunabarretan[9], espainieraz, noski, eta Mekanikako klase bat emateko aukera izan nuen. Hurrengo ikasturtetik aurrera, egun osoz bertan lan egitera pasatu nintzen eta 1970etik 1977ra, zazpi ikasturtetan zehar bertan jardun nuen irakasle moduan gai teknikoak espainieraz emanez. Urte haietan, Jon Gurutz Tolosa eta Ramon Balentziaga bederen (geroago Jexux Aizpurua eta beste batzuk ere bai) euskara irakasten aritu ziren profesionalki ikastetxe hartan[10]. Asko amesten nuen nik gai tekniko haiek ere euskaraz ematera iristea, baina neu ez nengoen artean puntuan eta are gutxiago ikasmaterialak eta Eskolako antolakuntza, batetik oinarrizko ikasketak euskaraz egindako ikaslerik artean ez zegoelako (Goierriko ikastoletako lehenengoek 1977tik aurrera bete zituzten 14 urte eta gutxi izateaz gainera gehienek batxilergoa hautatzen zuten), eta bestetik, irakasle euskaldun prestaturik ere ez zegoelako; gainera irakasle erdaldun elebakar asko zegoen. Egiari zor, 1980ko hamarkadan horietako asko euskaldundu egin ziren.

1975ean iritsi zitzaidan ametsak erdizka betetzen hasteko aukera. Arrasateko Ingeniaritzako eta Lanbide Heziketako Eskolak, Gipuzkoako Lanbide Heziketako Eskolen arteko bilera batzuetarako deia egin zuen. Gaia: LHko Teknologiak, Fisikak, Matematikak, etab., gai nagusiak, euskaraz prestatzea eskolak euskaraz ematen hasi ahal izateko. Ni neu, Goierriko Lanbide Eskolaren ordezkari moduan joan nintzen bilera haietara. Arrasateko Eskolak oso argi zeukan kontua. Teknologia Mekanikotik hasi behar zen ugariena, oinarrizkoena eta zabalena zelako. Everest etxearen espainierazko testua hobetsi zen euskaratzeko eta beste Eskolak, Eskola legez, horretarako prest ez zeudenez, berak hartu zuen LH1-1eko Teknologiaren argitalpena finantzatzeko ardura. Edizioaren (5.000 ale) erdia erosi zuen (2.500 ale) bere eskolarako eta itzulpenaren ardura Elhuyar Elkarteak hartu zuen bost laguneko lantaldea osatuta. Lanbide Heziketako irakaslea nintzenez, bost haietako bat ni neu izan nintzen. Ondo eta gustura lan egin nuen. Ni baino eskarmentu handiagoko jendearen alboan aritzea oso atsegina izan zen. LH1-1eko Teknologia liburua 1977an argitaratu zen eta gaur irakurrita gogor samartzat har daitekeen arren, arlo hartan ordura arte ezagutzen zena (zeuden hiztegiak, Eibarko lexikoa, etab.) erabili zen hura egiteko. Talde berak jarraian berehala euskaratu zuen LH1-2koa ere. Gero, etekin, finantziazio, ikasle-kopuru eta gisako kontuak etorri ziren eta LH2-1eko Teknologiaren bi espezialitate mekanikoak neuk bakarrik euskaratu nituen Arrasaterako, baina ez ziren liburu moduan argitaratu, Eskolako lan-koaderno moduan baizik. Segidan egin ziren Marrazketako itzulpenak ere. Fisikako liburuak, berriz, ez ziren itzuli, hainbaten artean mintegia osatu eta idatzi egin ziren programa ofizialak kontuan hartuta eta haiek idazten ere parte hartu nuen. Ofizialtzako hiru ikasmailetarako argitaratu ziren. Matematika liburuak ere parean idatzi ziren Elhuyarren hartarako mintegiak sortuta. Ni neu ez nintzen hartan aritu. Arrasateko Eskolako jardun horretan guztian, izugarrizko lanak eta ahaleginak egin zituen hango irakasle zen Joseba Etxebarria adiskideak. Batxilergoko testuak ere prestatu ziren garai hartan Ikastoletarako eta irakasle nahiz bestelako laguntzaile mordoxka bat bildu ginen gaiz gai halako itzulpen- eta idazketa-lanak egiteko. Geroztik hamabost bat urtetan zehar, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko testu-liburu asko argitaratu ziren horrela eta batzuetan esku hartzea suertatu zitzaidan. Hala ere, denbora joanean, Hezkuntza Sailaren diru-laguntzen politika tarteko, erdaretatik, nagusiki espainieratik, euskarara itzultzea nagusitzen joan da lehengo mintegi bidezko idazketa-saio haiek albora utzita eta Euskal Herriz kanpoko argitaletxeak itzulpenak argitaratzen hastean, areagotu egin da joera hori eta itzulpenak erredakzioa maila askotan jan egin du. Orain euskara gehiago araututa dago eta lehen baino itzulpen hobeak egiten dira, baina nire ustez, moldaketen eta erredakzioaren nahiz sorkuntzaren bidea asko baztertu da eta hori ez da ona.

1976an, jada euskal idazketarako eta itzulpengintzarako ikurtzat har daitekeen argitalpen bat egin zuen Jakinek: Natur Zientziak Hiztegia. Hura, besteak beste, EZINA EKINEZ EGINAREN seinalea izan zen guztiontzat Euskara Batuaren lexiko-arloan, zorroztasunean eta gai unibertsalen erabileran. Lasterketa abiarazteko txilibitua jotzearen pareko suertatu zen guretzat. Argitalpen haiek guztiek abiatu zuten bideak, egia esan, bihotza bete zidaten garai hartan eta niri ez ezik, beste askori ere bete ziotela esango nuke. Munduko onenak ez izan arren, normalkuntza baten abiokoak izan ziren, gerra aurrean hasi eta berehala etenarazi eta galarazitako bidea berriro aurkitu zen eta bide hori Euskara Batuarekin egin zen gainera. Abio hura gabe ezinezkoa izango zatekeen jarraipeneko ezer egitea.

Berehala, Jakin taldekoek UZEI (Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea) sortu zuten Donostian 1977an. Lexikologia- eta Terminologia-lanei ekin zien nagusiki premiarik handienak arlo horietan ikusten zirelako eta 1979an Fisika Hiztegiaren argitalpenarekin hasita, gaur oraindik ere jarraitzen duen eta Euskal Herrian inoiz egin gabe zegoen terminologia-lana egin du. Hainbat eta hainbat gaiz hiztegi berezitu asko argitaratzeaz gainera, 1986an EUSKALTERM izeneko datu-basea edo terminologia-bankua sortu zuen eta gerora, horretan aritu den bakarra izan ez den arren, horretan bederen hasi zena eta gero ardatz izan dena izan da. Espezialitate batzuetakoak hobeak dira beste batzuetakoak baino; onak, okerragoak eta hobeak aurki daitezke hiztegi-sorta horretan; gerora hiztegi askotako terminoak oso fin berrikusiak izan dira, etab., baina UZEIk halako lanik egin izan ez balu gaur egun ez ginatekeen gauden lekuan egongo edota antzeko zerbait sortu beharko zukeen beste norbaitek halako lana egiteko. Berak landu zuen Euskaltzaindiak eskatuta XX. mendera arteko (mende hori bera barne) Euskararen Corpusa ere, Hiztegi Baturako Lexikografiako ikerkuntza-lana hain zuzen ere.

1972an Euskaltzaindiak, Alfabetatzeko gai izateko oinarrizko D mailako titulua sortu zuen, gerora Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren EGArekin parekatu dena. Geroago, 1975 inguruan, egitarauan euskalkiak barne izanik B mailako titulua sortu zuen, nahiz eta gerora hura ez den asko balioetsi.

Oso garrantzitsua gertatu zen, halaber, 1978an Euskaltzaindiak Bergaran egindako batzarra. Bertan, 1968an hartutako bidea erabat onartua izan zen zuzenketa txiki batzuekin eta hamar urteko Euskara Batuaren ibilbideak aurrera egiteko onespena eta erabilera-konpromisoa finkatu zituen. Hori erabakigarria izan zen berehala etorri ziren aldaketa politikoen ondoriozko euskararen erabilera ofizialean Euskara Batuaren ereduari heltzeko, nahiz eta hasiera batean hor ere molde arraroak ikusi ziren EAEn[11]; hala ere molde horiek gaindituak izan ziren eta hizkuntza-eredua molde egokian finkatuz joan dela esan daiteke.

1980ko hamarkada: Itzultzaile-lanbidean

Aurrekoak aurreko, 1979ko abenduan hasi nintzen CAFen Euskara Arduradun lanetan egun erdiz, arratsaldeetan. Hango Euskara irakasteko gaueskola gidatzea eta euskararekin zerikusia zuten enpresako itzulpenak egitea, ia beti espainieratik euskararakoak, izan nituen zeregintzat. Geroxeago, 1980ko otsailean, hasi nintzen itzulpen-lanetan halaber Beasaingo Udaletxean beste egun erdia betez eta hala lan egin nuen bietan 1987ra arte. 1987tik aurrera udaletxean jardun izan dut egun osoz. Ez nintzen lehenengoa izan administrazioan itzulpenak egiten baina bai lehen labealdikoa[12]. Orduko politikariek, «euskarari bere lekua» eman nahi zioten denek, baina soziolinguistikako eta hizkuntzen biziraupeneko arauez arrastorik ere ez zuten gehienek eta soziolinguistikako printzipio nagusi guztien aurka, euskarari bakarrik inon ez ibiltzeko moduko bidea jarri zioten, bai une hartarako eta okerrago dena etorkizunerako. Une hartan administrazioetan zegoen langileria ere, salbuespenak salbu, ia batere prestatu gabe zegoen eta erdaldunak euskalduntzea eta euskaldunak hizkuntzan trebatzea izendatu ziren zeregintzat, eta horrek, itzultzaileek, ia makinek bezala, funtzionario gehienek (ez denek) egindako espainierazko testuak euskaraz jartzeko leherrenak egitea ekarri zuen. Autonomiako Administrazioak inon eta inorako ere ez zuen planteatu «Administrazioan Euskaraz»[13] printzipioa, ezta helburu teoriko moduan ere[14]. Euskara beti bigarren maila horretan kokatu zuten eta orduko politikari eta kargudunek egindako hautua nagusiki akta ofizialak euskaratzea izan zen. Hori jo zuten beharrezkotzat. Horrek duen ikur gisako balioa kendu gabe, itxurak egiteari funtsezko erabilpenak diseinatzeari baino garrantzi gehiago eman zioten. Geroak erakutsi du hein handi batean denbora asko sartu dela horretan urte askotan zehar baina beste esparru batzuk hizkuntza-lehentasun handiagokoak bazirela administrazioetan. Hori bai, itzultzaileontzat trebakuntza-eskola izugarria izan zen hura eta terminoak ez zeuden lekutik ere atera behar izan genituen espainierak administrazioan erabiltzen zituen eta dituen kontzeptuak —askotan oso traketsak eta atzeratuak gainera— azaltzeko.

Erakundeek garai hartan ez zuten ezer obligaziozkorik hizkuntza ofizialkidea zen euskararekiko eta bakoitzak zeritzona egin zuen. Udalen artean Tolosakoa izan zen diseinu egoki samarra lehenik egin zuena eta Euskara Zerbitzua eratu zuen hamarkadaren hasieran: Euskara Arduraduna, Itzultzailea eta Dinamizatzailea bere baitan zituela. Udal gutxi batzuek jarraitu zuten bide hori baina gehienek ez. Ni neu eta beste batzuk, itzultzaile-zeregina izan arren, ahalegindu ginen, itzulpen-lanei erantzuteaz gainera, pertsona-baliabide urriekin jardunda, beste arloetan ere —herriko dinamizazioan, langileen ikasketa-antolamenduan, etab.— ahal genuena egiten.

Hamarkada horretan gainera, beste hainbat lankiderekin batera UZEIn hiru hiztegiren prestakuntza-arloan[15] parte hartu nuen. Arlo askotako ehunka lagun izan ziren urte haietan gai batean edo bestean terminologia-lan horietan parte hartu zutenak eta emaitzak ere zabalak eta ugariak izan ziren. Dozena bat urteren buruan arlo askotako hiztegiak argitaratu zituen UZEIk. 1980.eko hamarkadan, administrazio desberdinetako hainbat itzultzailek, larunbat goizetan, musu truk, geure kabuz, beharra ikusten genuelako, hiztegigintzan eta inprimaki-eredu bateratu samarren prestakuntzan lehen zirriborro-lanak egiten ordu asko sartu genituen UZEIn egindako bileretan eta beste batzuok baita larunbat arratsaldeetan ere, beharrak eraginda eta militantziak lagunduta Elhuyarren egindakoetan.

Elhuyarren garai hartako jardueren artean bat, euskarazko alfabetatze teknikoena izan zen. Irakaskuntzako hainbat irakasleri, Batxilerrekoei eta Lanbide Heziketakoei batez ere, argitaratutako testuetan agertzen ziren hitzak erabiltzen ohitzeko eta besteak beste izen-sintagmaren arloko baliabideak azaltzeko, ikastaro asko eman zitzaizkien. Ikastaro horiek Hezkuntza Sailak antolatuak izan ziren. Haietako batzuetan parte hartu nuen. Kutxetako eta beste hainbat erakunde pribatutako langileei ere Laneko Euskara deitutakoak eman zitzaizkien.

UZEI, UEU eta ELHUYAR, ezinbesteko hirukoa izan zen laurogeigarreneko hamarkadan gaur egungo euskarazko terminologia eta lexikoa hein handi batean finkatzeko. Ondoren beste hainbat erakunde ere sartu dira arlo horiek lantzera (EHU[16] eta HAEE[17] herri-erakundeak besteak beste eta beste hainbat erakunde pribatu ere bai, Ikastolen Elkartea, argitaletxe batzuk eta abar ere bai) eta goi-mailako diziplinetan euskara erabiltzeko oinarri sendoak jarri dituzte denen artean. Azkenik, Euskaltzaindiak oneste-, zuzentze- eta erabakitze-prozesua bizkortzeari ekin zion laurogeigarreneko hamarkada horretan eta oraindik ere lan berean jarraitzen duen arren, Hiztegi Batua, Aditz alokutiboa eta beste hainbat gauza arautu ditu. Itzulpengintzan eta euskarazko idazketan aritu den eta ari den jendearentzat, beranduegi iritsi dira askotan erabaki horiek eta lehen kostata ikasitakoak aldarazi egin dizkio euskaldun askori arautze geldo eta iraunkor horrekin. Beren garaian ondo samar alfabetatutako edota ikasketak euskaraz egindako asko, berriro eguneratu ezean (eta denek ez dute denborarik eta egokierarik uneoro birziklatzeko), ondo eta arauen arabera idaztetik jokoz kanpo gelditu dira; belaunaldi batekoak baino gehiago zalantzarik gabe. Askok zuzentzaileak behar dituzte alboan etengabe euskaraz zerbait gaurko arauen arabera argitaratzeko.

Deustuko Unibertsitateak Euskal Filologia ikasketak jarri zituen Gotzon Garate zenari esker 1976an eta EHUk ere bai Koldo Mitxelena zenaren ardurapean 1980ko hamarkadan. Geroago, 1990ean graduondoko itzulpen-masterra sortu zuen Deustuko Unibertsitateak eta baita EHUk ere 1991n eta une honetan hainbat Unibertsitatetan Euskal Filologia irakasteaz gainera, EHUk Itzulpen Lizentziatura ere badauka 2000. urteaz geroztik.

EAEko Autonomiak Euskararen ofizialkidetasuna (ez ofizialtasuna) ekarri zuen 1979tik aurrera baina Euskararen Erabilera Arauzkotzeko 1982an Eusko Legebiltzarrak onartutako 10/1982 Legea, Espainiako Gobernuak helegina izan zen eta azkenik 1986an jarri zen indarrean, baina legez euskara bakarrik erabiltzeko aukera ematen zuten hiru atalak kenduta. Beraz, EAEko Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Legea, ofizialki bederen, espainierarik gabe euskara ia erabilezin egiten duen legea da eta bi hizkuntzen nolabaiteko presentzia ez-osoa (euskararen gabeziekin) ekarri du EAEko administrazioetara. Nafarroan beti bezala, beherapenekin, bai lurraldetasunean eta baita erabilpen-aukeretan ere, 1986an argitaratu zuten Ley Foral del Vascuence izenekoa. 1986an argitaratu zen halaber EAEn 250/1986 Dekretua, Herri Administrazioetan Euskararen erabilera eta normalizazioa arautzeko, hau da, Hizkuntza Eskakizunak[18] arautu zituena eta gaur egun oraindik indarrean dena. Ondorengo urteetan, administrazio bakoitzak bere plangintzak, onarpenak eta eskaerak egin ondoren, 1989tik aurrera bederen, EAEko Administrazioan orokortzen hasi zen Hizkuntza Eskakizunen aplikazioa baina oraindik ere ez da herri-administrazioen arlo guztietara iritsi. Erakunde batzuk[19] oso berandu sartu dira ildo horretan eta badira oraindik sartu gabe daudenak ere (Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek edota udal batzuek sortutako kudeaketa-erakunde parapubliko batzuk adibidez). Nafarroak ere bide bertsuak kopiatu ditu kontu horietan (EGA, HEak...) baina askoz ere exijentzia ahulagoekin eta oso derrigortasun gutxirekin. Dena dela, Hizkuntza Eskakizunen ezarpena erreminta ona da unibertsaltasunarekin eta salbuespenik gabe ongi ezarriz gero hizkuntza-ezagutza exijitzeko baina ez hainbeste Dekretuak berak dioen moduan erabilera lortzeko. Jakitea ezinbestekoa da erabiltzeko baina jakite hutsa ez da nahikoa gertatzen erabiltzeko. Norberak jakin dezakeenaz gainera, inguruko kate-maila eta lan-zirkulu guztiek egon behar dute horretarako prestatuta eta antolatuta eta gainera hizkuntza-gidaritza teknikoa behar dute erabilpen egokia egiteko. Eta hori, 1995etik aurrerako Euskararen Erabilpen Egitasmoak sortu arte ez zen oso baliagarria gertatu. Egitasmo horiek eginda ere nahiko lan izan da eta bada, planen ezarpenean zorroztasunik izan ez den kasuetan batik bat.

Hala eta guztiz ere, pertsonalaren sustapen-arloan, Hizkuntza Eskakizuna gorabehera, kasu askotan ez da kontuan hartzen langilea euskaraz lan egiteko gai den eta egiten duen ala ez, eta, kasu gehiegitan, hizkuntza-eskakizuna izan gabe edota behar bezala baliatu gabe ere, gorabidea irekitzen zaie hainbat teknikariri. Zer esanik ez kargu politikoek ez dutela Hizkuntza Eskakizunik eta herritar euskaldun asko gobernatzen ari direla harro asko euskaraz hitzik ez dakitenak eta egin ere egin nahi ez dutenak. Batzuetan, horrelako batzuk tartean oztopo moduan jartzea nahikoa da onartutako Erabilpen Egitasmo bat erabat geratzeko edo ez gauzatzeko. Egitasmorik ez denean, berriz, halakoekin automatikoki eteten da euskararen erabilera. Gero emaitzak ere halakoak dira eta EAEko administrazioko erabileraren harira, HPSk berak argitaratua du bere Berripaperean[20], 2007an, administrazioan erabili ziren euskarazko testuetatik %10 eta %20 artean bakarrik zirela euskaraz sortuak eta gainerako guztiak espainieratik itzuliak izan zirela. Horrek erakusten du, 10/1982 Legeak 25 urtez indarrean egon ondoren zer-nolako erabilera eman dion euskarari EAEko autonomia-administrazioan, udaletan eta foru aldundietan oro har. Hortik aurrera asko hitz egin daiteke kalitateaz, ziurtasunaz, etab. Estatuko Administrazioak ez ditu inondik inora ere betetzen elebitasun-obligazioak eta Autonomietako administrazioek, udalek eta foru aldundiek ere ez oraindik arlo askotan[21].

Bestalde, nik han ikasketak egiterik izan ez nuen arren, aipatu beharrekoa da behar gorria ikusita sortu zela Martuteneko Itzultzaile Eskola[22]. Bertako zuzendari izan zen Xabier Mendigurenek ongi azaltzen duenez, 1976tik 1980rako lau urteetan ildo horretako bost ikastaro Euskal Herrian zehar antolatu ondoren, 1980ko urrian sortu zen Euskaltzaindiaren ardurapean. Ondo eta indarrean hasi zen Eskola hura eta emaitzak ere eman zituen, baina eman zitzakeenak ematera iristerako lehia sortu zioten Administrazio-beharren izenean eta 1986an HAEEk ALAIE (Administrazio Lanerako Itzulpen Eskola) izenekoa sortu zuen Gasteizen eta baita IZO (Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala) ere. Beste hainbatetan bezala, Autonomiako Agintaritzek eskua sartzean gertatu izan den legez, —AEK/HABE, Egunkaria/Atera ez zen egunkari-proiektua, etab.— berriki Iñaki Zabaletak idatzi duen legez[23], hor ere, administrazioko eta zuzenbideko gaiak aitzakiatzat hartuta, «bat bitan banatu zen», edo hobeto esanda bigarrena sortu botere ofizialak sortu zuen, eta areago, «bat hirutan ere banatu zen», Derion ere antolatu baitzituen Labayruk Itzulpen-ikastaroak 1986an udako ikastaroetan eta, gero, 1989tik aurrera, baita ikastaro iraunkorrak ere. Eskolaren beharra denek aitortzen zuten bazter guztietan baina Eskola Ofizial on eta iraunkor orokor bat sortu eta garatu ordez (Euskaltzaindiak sortua izan zitekeena), joeren, gustuen, lagunen, «etsaien» eta beste interes batzuen arabera, itzultzale-eskolak sortuz joan ziren, azkenean denak itxi behar izateko gainera gerora gertatu zen moduan. Egia da Unibertsitateek, lehen esan bezala, lehenik masterrak eta gero Lizentziatura ere jarri dituztela, baina nire iritziz une hartan zegoen indarrak metatzeko beharrak ez zuen barreiaketa hura eskatzen; boteredunek, ordea, halaxe egin zuten kosta ahala kosta. Martutenekoaren balioez eta gabeziez nahiz goraldiaz eta beheraldiaz informazio oparoa aurki daiteke 1990ean hainbat itzultzailek[24] argitaratutako artikuluetan.

Beste ildo bati helduta, gogoangarria zait oraindik ere UEUk 1980ko udan Iruñean antolatu zuen Itzultzaileentzako ikastaroa. Mikel Zalbide trebeak, une hartan UZEIn lanean ari zenak, maisuki azaldu zizkigun garai hartan, gerora alfabetatze tekniko guztietan edo hizkuntzaren goi-mailako ikasketetan eman izan diren edo eman beharko liratekeen Euskararen Lexiko Sorkuntzarako Bideak. Eskola haietarako 40 bat lagun ginen matrikulatuak baina ikasgelan 70etik gora egoten ginen, batzuk zoruan eserita zirela. Izugarria! Hark han emandako gaien ildotik eta hura partaide izanda argitaratu zituen gerora Euskaltzaindiak, LEF batzordearen bidez, Hitz-elkarketa/1 1987an, Hitz-elkarketa/3 1991n eta Hitz-elkarketa/4 (Hitz Elkartuen Osaera eta Idazkera) 1992an, azkena bederen Mikel Zalbidek berak apailatua. Urte haietan argitaratu zituen halaber HABEk, lau liburu garrantzitsu, lehen hirurak Elhuyarrek prestatuak: Zientzia eta Teknika 1986an, Aurrezki Kutxak eta Banka 1987an eta Udal-Administrazioa 1988an. Laugarrena UZEIk prestatuta argitaratu zuen: Osasun Zaintza 1992an. Lau liburu haiek eguneratu gabe daude gaur egungo arauen arabera, baina mereziko lukete eguneratzea eta berrargitaratzea. Nik nire inguruan eta belaunaldi gazteenetan bereziki, haietatik edo antzekoetatik ikasi beharra duen euskaldun ikasi asko ikusten dut.

1980ko hamarkada izan zen halaber enpresetan lehenengo Euskara-planak egiten hasi zireneko garaia. Nik neuk, lehen esan bezala, 1979tik 1987ra, CAFen jardun nuen lanean egun erdiz Euskara Arduradun moduan. Enpresa-batzordeak lortu zuen hura. Gaueskola zegoen batetik eta itzulpengintza eta euskarazko idazketa bestetik; hala eman ziren enpresako lehen euskalduntze-urratsak. Enpresaren zuzendaritzak ere onartu zuen egitasmoa eta orduan hasi ziren oharrak, etab., euskaraz ere jartzen. Hura dena antolatzeko sartu nintzen. Garai hartan hasi zen enpresetako mugimendutxoa Goierrin. Beasaingo Fundiciones del Estanda enpresak ere antzeko zerbait antolatu zuen garai hartan eta Mª Jose Aranburu aritu zen zeregin haietan. 1982an Antzuolako ELAYk ere halako erabakiren bat onartu zuen eta 1987an ikasketa-matrikulak ordaintzeko erabakia ere hartu zuen.

Teknologia-aldaketa

Teknologia aldetik nire nerabezaroko mailan genbiltzan itzultzaileok. Nik, beste batzuen moduan, Hispano Olivettiren Lexicón 80 idazmakina-eredua neukan Udaletxean eta itzulpenak zuzenean idazten nituen bertan, denbora aldetik ezinezkoa baitzen lehenik zirriborro bat idatzi eta gero makinaz idaztea. Laguntzailerik ere ez geneukan guk zirriborroa egin eta gero haiek mekanografiatuta makinaz txukun idazteko. Aktak eta beste idazki batzuk itzultzen nituen eta akatsak tipex izeneko pintura zuriz estali eta ostera gainean idazten. Halako batean, inork ezer ez esan arren, konturatu nintzen aktetako testuak puntuz puntu herritarrei bidaltzen zitzaizkiela erabaki moduan aparte eta nik akta euskaratu arren, erabaki haiek denak espainiera hutsez joaten zirela. Beste metodorik eta laguntzarik ezean, lehenik erabaki haiek itzuli eta idazten hasi nintzen herritarrentzat eta, ondoren, haien fotokopiak atera, guraizez ebaki eta zati haiek, puzzle moduan, celloz eransten nituen orri zuri batean, gero muntaia haren fotokopia atera eta akta osatzeko. Ez zen oso txukun gelditzen akta hura, baina besterik ezean, herritarrei euskarazko testuak ere iristen hasi zitzaizkien eta gordetzeko fotokopia itsusi hura gelditzen zen arren, ez zegoen besterik eta inork ez zidan txintik esaten.

1985eko urtearen inguruan idazmakina elektrikoak zabaltzen hasi ziren administrazioan ere. Horrek berez ez zekarren aurrerapen handirik idazmakina arruntarekin ari ginen itzultzaileontzat, baina berehala 60-80 bat karaktere-edo bistaratzen zituzten makina elektriko leihodunak agertu ziren merkatuan. Leiho hura gutxiegi zen esaldiak paperean idatzi gabe ikusteko baina halakoen usainean hasi nintzen. Orduan jakin nuen makina pantailadunak ere bazeudela. Pantaila berde bista-izorratzaile batzuk ziren baina gaur ordenagailuetan idazten den moduan idatz zitekeen testua paperean inprimatu gabe eta nahi ziren aldaketak edo zuzenketak egin inprimatu aurretik. Gainera, idazkiak diskete berezi batzuetan ere gorde zitezkeen. Bada, halakoxe bat eskatu nuen arrazoiak azalduz. Ez zidaten berehalakoan ulertu nahi izan. Orduantxe hasiak ziren Bulego Teknikoan ordenagailuekin lanean. Ordenagailua hitz handia zen itzultzaile batentzako. Azkenean lortu nuen idazmakina elektriko pantaila berdeduna eta begiak ia han utzi nituen arren, gutxienez ere ekin nion testuak pantailan inprimatu gabe idazteari. Idazmakina hura, gaurko edozein ordenagailu halako hiru edo lau kosta zen, orduko ordenagailu bat adina ia. Izugarrizko inbertsioa Euskararako! Bestalde, neure kontura gehiago aurreratua nintzen eta 1980.eko hamarkadaren amaieran banuen etxean Macintosh ordenagailu txiki bat gaurko ordenagailu arrunt bat halako lau ordainduta eta 20 Mb-ko memoria zuen! Testu-itzulpen arruntak nahiz maketatuak egiteko balio zuen eta hura izugarria zen.

1990eko hamarkada: Ordenagailuen hasiera lantokian

1990eko hamarkadan, berehala hasi ziren bulegoak aurrerapenetan sartzeko programak eta aurrekontuak administrazioetan. Aurreko hamarkadan ere, 1985etik aurrera, baziren batzuk bide hori hartua zutenak, baina orokortu hamarkada horretan orokortu zen. Apurka-apurka bulegarien eta berek gainean zituzten kargudunen indarraren arabera, ordenagailuak sartzen joan ziren, PCak eta Wordperfect programak lehenik, funtzio-kodeak ezkutuan zituztenak. Besteen artean nik ere ikastarotxo bat egin nuen Goierriko Lanbide Eskolan 1991n eta hala jarri zidaten pantaila beltzeko ordenagailua. Tira! Hasiak ginen aurreratzen! Esan dudan moduan etxean nuen Macintosh ordenagailuko programak PCko Wordperfecta baino gustukoagoak nituen eragiketak ikono bidez eta bistan egin zitezkeelako.

Azkenik, 1995ean, El Corte Inglesekoek erosketaren ondoren emandako ikastaro bat egin Udaletxean eta Windowsa erabiltzen hasi nintzen beste bulegari guztiekin batera eta gaur egungo eskemen antzekoetan lan egiteari ekin nion. Windowsak lehengo Macintosheko tankerara eta ahalmen handiagoarekin lan egiteko modua ekarri zuen eta hura gustuko izan nuen. Gutxienez ere teknologiaz itxura antzean baliatzera iritsi nintzen eta ginen itzultzaileok urte horietan. Hortik aurrera metaketa-lanak hasi ziren. Egindakoa disketeetan eta gerora CDetan ondo gordetzeaz gainera, hainbat baliabide argitaratuz joan ziren, tartean Xuxen zuzentzailea, Hiztegiak, Atzekoz aurrera, etab.

1995ean Euskararen Plangintzarako Diplomatura sortu zuen EHUk, ordura arte Udaletan Euskararen arloan lanean ari ginenok osatzen genuen talde zabalak (UETS[25]) eskatu eta Eusko Jaurlaritzako HPSrekin[26] elkarlanean antolatuta. Graduondoko 200 ikastordu izan ziren Leioan eta azterlan bat amaieran. Handik sortu ziren Udaletako Euskararen Erabilpen Planak edo Egitasmoak. Gradu-ondoko horrek jarraipena izan zuen ondorengo urteetan baina ez dakit une honetan jarraitzen duen.

1990eko hamarkadan halaber, enpresetako langileen eraginez batetik eta Kultura Sailak eskainitako diru-laguntzen eraginez bestetik, enpresetan euskara sartzen joateko egitasmoak egiten ere hasi ziren. Horien artean aitzindarietakoa, beste enpresa batzuekin batera (kooperatiba batzuk tartean), Antzuolako ELAY (gero ELAY-BALZERS) izan zen. 1991n, plana egiten hastean, 149 langile zituen, horietatik %70 inguruk zekiten euskaraz, baina bilerak %100 espainieraz egiten ziren. Euskalduntze-plana egin, garatu, jarritako laguntzak jaso, etab., eta handik 10 urtera, 2001. urtean, 282 langile zituen enpresak, %90etik gora euskaldunak eta bileren %77 euskaraz egiten zituzten. Planak aurrera jarraitu du eta une honetan oso zaila izango da ziur aski enpresa horretan, lanpostu bakoitzari dagokion mailan euskaraz jakin gabe eta euskaraz egin gabe lanean hastea. Deba Goieneko eta Goierriko kooperatiba askotan ere horietako egitasmo asko daude gaur egun. Bestalde, hiru enpresa nabarmendu dira, besteak beste, plan horien gidaritzan: Elhuyar, Emun eta Artez. Beste erakunde askok ere badituzte beren euskalduntze-planak: unibertsitate batzuek eta bestelakoek. Hala ere, oraindik enpresa eta erakunde pribatu gehiegi daude halakorik ez dutenak.

Goierrin, 1990.eko hamarkadan eta 2000.ekoaren hasieran, badira hainbat enpresa (handienetakoak) euskalduntzeko egitasmoak egin eta garatu dituztenak: Beasaingo CAF, Ormaiztegiko IRIZAR, Beasaingo INDAR, Ordiziako ORKLI, Idiazabalgo AMPO eta baita Ordiziako eta Beasaingo beste enpresa txikiago batzuk ere. Ahaleginak eta emaitzak ez dira neurri berekoak izan denetan eta hainbat gorabehera badituzte plan horiek, baina jardunean ari dira. Gero, banaka-banaka emaitzak neurtu beharko dituzte ekonomian bezalaxe eta aurrera begirako ondorioak atera.

Arlo horretan sentitzen den hutsunerik handienetako bat Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak (HPSk) eta Lan Sailak, elkarrekin, enpresa berrientzat hizkuntza-egitasmo estrategikorik ez markatu izana da, hots, teknikari eta langile euskaldunez osatu eta jatorritik euskaraz funtzionatuko duten enpresa berriak sortzeagatik laguntza-ildo bereziak ez irekitzea eta hori ez sustatzea. Dirudienez hori ez da estrategikoa. Esan beharrik ez dago, lehen aipatutako egitasmo horiek dituzten enpresetan, gehiago edo gutxiago, itzulpen, idazketa, terminologia-lan eta gisakoak egiten direla eta ikuspegi guztietatik begiratuta, ezinbesteko jarduna eta jardun estrategikoa burutzen dute Euskal Herria euskalduntzeko.

2000ko hamarkada: Internet eta itzulpen-memoriak

2000ko hamarkadak Administraziora internet ekarri du. Enpresa batzuetara lehenagotik ere sartzen hasia izan arren, aurreko hamarkadaren amaieran eta oraingoaren hasieran orokortu da internet administrazioan. Aurrerapen izugarria ekarri du horrek, posta elektronikoa eta internet bidezko mota guztietako kontsultak (webguneenak) besteak beste. Hark eta honek egindako lan metatuak sarean jartzen joan dira. EIZIEk berak ITZUL itzulpen-bankua jarria du, UZEIk EUSKALTERM, ELHUYAR-ek eta ADOREZ taldeak beren hiztegiak, Zientzia eta Teknika hiztegia, Sinonimoenak, etab., Entziklopediak ere hor daude, EHUk bere lexiko-lanak, UEUk Inguma eta beste, Euskaltzaindiak Hiztegi Batua eta Arauak, eta Eusko Jaurlaritzak hainbat hizkuntza-baliabide, Wikipedia euskaraz, etab., baliabide arruntenetako batzuk baino ez aipatzearren. Izugarrizko abantaila da kontsulta-beharrizanak asetzeko interneteko barran hainbat hiztegi, euskalterm, hiztegi batua, entziklopediak, etab., izatea gaur egun izan ditzakegun bezala. Baita mota guztietako webguneetara sarbidea izatea ere. Horiek urrats itzelak izan dira, sarearen bidez datu-banku oso interesgarriak kontsultatu ahal izateko. Gauza bera beste hizkuntzetako hiztegiak eta beste kontsultatzeko ere. Baita dokumentuak batetik bestera ia bat-batean igortzeko nahiz jasotzeko ere.

Bestalde, azken urteetako ordenagailuekin eta sortu diren programa bereziekin itzulpen-memoriak eratu ahal izan dira. Niri zehazki 2004an dokumentuak hautatu eta sartu ondoren, 2005ean suertatu zitzaidan tresna probatzen hastea. Gutxienez ere milioi bat karaktere dituen testu-masa elebidunetik abiatu ohi da bi hizkuntzetan sartuta eta dokumentu-metatze hori igo ahala, erabilpen-aukera izugarriak eskaintzen ditu. Edozein testu itzultzen hastean, lerrokadaka funtzionatzen du eta itzulgai den lerrokada baten antzeko zerbait lehen egin eta sartuta baldin badago, berehala agertzen da eta behin baino gehiagotan egindako antzeko itzulpenak sartuta badaude, lerrokadarekin zerikusia izan dezaketen itzulpen guztiak agertzen dira. Programak itzulgai den testu bakoitzarekiko lehengo testuak duen parekotasun-maila markatzen dio (berdin-berdina bada %100 eta kolore jakin bat, berdea, %70eko berdintasuna badu, zifra hori eta beste kolore bat, laranja-edo, etab.). Horrek izugarrizko aurrerapena dakar edozein arlotan baina bereziki administrazioan, testuak denboraldi baten barruan asko errepikatzen dira-eta. Izugarrizko abantaila da hori itzulpenak egiteko baina ni, tamalez, berandu samar harrapatu nau horrek administrazioan eta hiru bat urtetan bakarrik baliatu ahal izan dut baliabide hori lanetik erretiratu aurretik.

Erabilpen Plangintzen arloan esan, lehen aipatu dudan moduan, 1995 inguruan sortzen hasi zirenak indarra hartuz joan zirela administrazioetan eta enpresetakoek beren hedapenarekin jarraitu zutela, batez ere, 1998an Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua[27] sortu eta ondorengo urteetan Bai Euskarari Akordioa eta Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zirenetik aurrera. Akordioak, erakunde eta enpresetarako Planak sustatu zituen eta Ziurtagiriak planen ebaluazioa ekarri zuen atzetik. Herri-erakunde zein erakunde pribatuetan abiatu zena Euskal Herri osora hedatzen joan zen eta hedatzen jarraitzen du.

Baina, kasu honetan ere, lehen aipatu dudan bat bitan banatzen da egin zuen EAEko HPSk eta 2003. urtean, presa izugarriarekin, pare-pareko EBPN[28] plangintza sortu zuen EAEko administrazioetarako aurrez sortua zen Euskararen Aholku Batzordeak (Eusko Jaurlaritzarena) iradokita zeuzkan gomendioak garatzeko. Beste eten bat lan komunean eta ordezkari politikoen liskarrak erakundeetan, udaletan bereziki. Bestalde, euskaldunon hizkutza-eskubideen urraketak salatzeko nahiz erabilpenak txalotzeko, biltzeko eta zenbatzeko behatokia sortu zuen Kontseiluak eta urte askotan zehar Euskal Herri osoko herri-erakundeetako nahiz erakunde pribatuetako hizkuntza-eskubideen urraketak jaso ditu eta urtero txostenak egin ditu. Nazioartean ere aurkeztu ditu txosten horiek dagozkien erakundeetan. Baina, lehen aipatutako bat bitan banatzen da printzipioa jarraituz, beste behin ere, EAEko HPSk ELEBIDE izenekoa sortu du EAEko administrazioaren hizkuntza-urraketak berak jasotzeko. Jakinarazpena egiteaz gainera, ez dakit etxeko urraketak konpontzeko gaitasunik duen. Gauza bera errepikatu da Kontseiluaren Bai Euskarari Ziurtagirien eta HPSk sortutako BIKAIN ziurtagirien artean eta orain dirudienez, diru-laguntzak emateko BIKAIN ziurtagiriari bakarrik eman nahi diote aitortza. Dirudienez batzuek, besteen ideiak kopiatu eta beren lurralde-zatian indar ofizialarekin asmatzaileenak deuseztatzea baino ez dute helburu.

Dena dela, planei dagokienez bataren zein bestearen hautua egin, gero gauzatzeko eta betetzeko jarritako bitartekoek eta ebaluatzen erabilitako zorroztasunak adierazten dute egindakoa edo egin gabe utzi dena. Esan beharra dago oraindik ere badirela udalak EAEn EBPNrik gabeak, izan ere, plan horiek beti, Hizkuntza Eskakizunen dekretua bezalaxe[29], udal bakoitzaren edo delako administrazioaren borondatearen arabera onartzekoak izan baitira beti eta inoiz ere ez lurraldean zehar derrigorrez denek bete beharrekoak. EBPN garatzean, diru asko banatu izan da, ekimen berrientzat batez ere, eta horrek piztu zituen bolada batean asmo berriak, baina baita hainbat eta hainbat betegarri sartu ere dirua jasotzeko, nahiz eta euskara sustatzeko oso eraginkorrak ez izan. Besteren artean esan beharra dago, EBPNk ez duela lortu Udaletako Euskara Zerbitzuetan lehendik ez zeuden profesionalen plantila irmo, sendo, finko eta iraunkorrak sortzea eta denboraldiko langile, azpikontratazio, udal-euskaltegietako pertsonen hornikuntza eta gisakoz eratu direla behar ziren plantila ugariak, laster, jarri bezala kendu egin daitezkeenak, diru-iturriek ematen jarraitzen ez badute edota gurari politikoak aldatzen badira. Profesionalik finkatu gabe nekez finka daiteke lan iraunkorrik. Beraz, zeregin handiak egon arren, zalantzan jartzen dut beren hainbat lekutako jarraipena edo iraunkortasuna eta bereziki sakontasuna eta, zoritxarrez, aldian aldiko politikarien baitan egongo dira beste behin ere horietako zerbitzu askoren bizitza eta garapena. Planek duten beste akats handi bat eperik eza, datarik eza. Administrazioan bereziki ez dago data bat bera ere jarrita helburu jakin bat lortzeko eta, areago, agintaritzaren aldaketek lehen eginak desegite bidean ere jar ditzakete euskararen erabilpenari dagokionean. Gizartean ez dago beste alorrik, hori gertatzen denik!

Kontuak horrela izanda, zoritxarrez bizitza luzea izango dute Administrazioetan itzultzaileek euskararen bigarren mailako presentzia hori bermatzekotan; izan ere, administrazioko langileek berek, hizkuntza-eskakizun eta erabilpen-plan eta guzti ere, nagusiki espainieraz sorkuntza-lana egiten jarraituko baitute leku gehiegitan politikariek funtzionamenduko lan-kate eta zirkuitu euskaldunak sortu nahi ez dituztelako, hala eginez gero, beraiek ere euskarazko funtzionamenduak harrapatuak gertatuko bailirateke.

Bukatzeko esan, hizkuntzari dagokionean, 1968tik gaurdaino etengabe alfabetatzen aritu beharra suertatu zaigula gure belaunaldikooi, beti ildo berriak, arau berriak eta joera berriak edo desberdinak sortu edo hautatu eta hobetsi direlako. Arlo teknikoan edo baliabideetan ere gauza bertsua gertatu zaigu eta 1950eko hamarkadako eskolako idazmakinetatik (1980.eko hamarkadan artean lanean jarraitzen zutenetatik) gaurko ordenagailuetara eta itzulpen-memorietara igaro behar izan dugu etengabeko aldaketa teknikoak jarraituz. Ez beti baliabideen berri ondo ikasita baina erabiltzera behintzat iritsi gara itzultzaileok. Hemendik aurrera geroz eta automatizazio handiagorantz bideratua ikusten dut itzulpenaren arloko teknika eta bildutako, onartutako eta erabakitako lexikoaren eta arauen erabilgarritasuna ia bat-bateko bihurtzen ari da. Laster, agian, interpretazioan ere ildo horretatik joko dute gauzek eta nola idatzizko hala ahozko itzulpen automatikoa abiatua da eta albo-alboan dugu. Horrek hurbilpen-lanak asko erraztuko ditu azken emaitzara bidean, baina nire ustez gutxi-asko, beti beharko du adimen egokiren bat aukeren hautaketa egokia egiteko eta ezinezkoa izango da erabat automatizatutako emaitza onak lortzea.

Zorte on itzulpengintza-ofizioan eta euskalgintzan baliabide horiekin denekin eta beste berri askorekin atzetik jarraituko digutenei!


Oharrak:

1. Ikus Goierrikoak adibidez, neuk idatzitako Alfabetatzearen hastapenak Goierrin. Aurresaioak eta 1967tik 1975erakoak liburuan, Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, 2000. urtea, 15-18. or.

2. Ibidem, 21-23. eta 110. or.

3. Ibidem, 24-28. or.

4. OARGUI: Organización Atlética Recreativa Guipuzcoana. Hainbat herritan eratu ziren elkarte mota horiek Gipuzkoan zehar eta urte haietan nekazaritza-girokoagoak ziren HERRI GAZTEDIkoekin batera elkarte euskaltzaleenetakoak izan ziren. Goierrin baziren halakoak Lazkaon, Beasainen, Ataunen (oraindik ere izen horrekin jarraitzen du), Legorretan, etab.

5. Ikus aipatutako Alfabetatzearen hastapenak Goierrin. Aurresaioak eta 1967tik 1975erakoak liburua, Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, 2000. urtea, 23. or.

6. Lehen aipatutako Alfabetatzearen hastapenak Goierrin. Aurresaioak eta 1967tik 1975erakoak, 24-33. or.

7. Nik etxean dudan argitalpena 1949koa da eta hau jartzen du: Garikoiz´tar Laguntzaiĺeak, "Martha-baita" Ascain (France, B.-P.). 1960ko hamarkadan artean ezkutu-abarrean saltzen zen Lazkaoko beneditarretan meza-liburu hura eta nire ama zenak han erosi zuen. Goierriko liburudendetan behintzat ez zegoen salgai.

8. 1960ko hamarkadan jakin genuen etxean, berri bitxi moduan, auzoko baserri batean bazela Zaldibiko Frantzisko Ignazio Lardizabalek idatzitako Testamentu zarreco eta berrico condaira izeneko liburu bat, ehun urte edo gehiago izan behar zituena... eta, baserritarrak, «lehengo garaietan ere gauza harrigarriak gertatzen zirela» esan ohi zuen. Gure etxean, berriz, 1897an, Beasaingo herriak, bere heriotzaren 4. mendeurrenean argitaratutako Loinazko San Martinen bederatziurrena zegoen euskaraz.

9. Ikasketa horiek bi ikasturtetan eman ziren espainieraz garai hartan eta ondoren bertan behera gelditu ziren. Gero, 22 urte geroago, 2001ean, jarri dira berriro Ingeniaritza Teknikoko ikasketak Goierrin, Mondragon Unibertsitatearen babespean, baina oraingoan euskaraz jarri dira, hamarkada honetan nahi ere bazukeen-eta.

10. Lanbide Heziketan A eredu antzeko hura jarri zuen lehenengo ikastetxea izan zela uste dut Goierriko Lanbide Eskola.

11. EAE = Euskal Autonomia Erkidegoa / Comunidad Autónoma del País Vasco (CAPV). Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barne dituen Espainiako Autonomia Erkidegoa. Euskarazko izen hori Euskaltzaindiak autonomia horrentzat onartutako izena da. Orduko berri emanez artikulu bat idatzi nuen Senez aldizkarian, 4. zk.an, 1985. urtean: Administrazioa eta euskara: itzultzaileak eta arduradunak. Ikus gai horren aipamenak 4. atalean (4. or.).

12. Ibidem. Aipatutako Senezeko artikulua. Bertan zabal samar agertu nuen orduko itzultzaileon egoera.

13. Ibidem.

14. Nik esango nuke euskarak administrazioan eta bizitza ofizialean politikari erdaldunek "utzitako" lekua daukala, ez euskaldun alfabetatu funtzionalek "diseinatu eta egindakoa" eta horren ondorio da beti eta edonon gehienera ere ofizialkide izatea, beti espainieraren alboan azaltzea, jatorrizko dokumentua espainieraz egin eta euskarara itzultzea, Herri-administrazio gehienek (Eusko Jaurlaritzako Sailek nagusiki), oraindik ere, sorkuntza-lana funtsean espainieraz egitea, herri txiki euskaldunetan ere teknikariek lasai-lasai dokumentuak espainieraz egin eta gero norbaitek itzultzea, edota euskara hutsez egindakoak askotan kalitate txarrekoak izatea, etab., etab.

15. 1983an argitaratu zen Administrazioa, zirkulazioa. Hiztegian, 1985ean argitaratu zen Teknologia mekanikoa. Hiztegia. I eta IIn eta urte berean argitaratu zen Zuzenbide Hiztegian I. alean datozen administrazioko inprimaki-ereduen prestakuntzan.

16. EHU = Euskal Herriko Unibertsitatea / Universidad del País Vasco (UPV), izen hori du EAEkoa soilik den arren.

17. HAEE = Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea. EAEko autonomiaren hasieran lehen aipatu dudan molde arraroko euskara hartan jarritako izena. Espainieraz du jatorrizkoa, administrazioan ohi bezala, eta hauxe da: Insitituto Vasco de Administración Pública (IVAP).

18. HE = Hizkuntza Eskakizuna. EAEko administrazioko lanpostuei ezarritako hizkuntza-ezagutzaren mailak. Lau mailatakoak dira Hizkuntza Eskakizunak: 1., 2., 3. eta 4. mailakoak.

19. Osakidetza eta Ertzaintza adibidez.

20. Berripapera, 2007ko maiatza, 180. zk.

21. Behatokiaren eta Elebideren txostenak ikusi besterik ez dago eta kasu horiek ez dira salbuespenak, ohikoak baizik.

22. Xabier Mendiguren, Itzultzaile Eskola, Senez, 1; 1984.

23. Iñaki Zabaleta Urkiola, Bat bitan beti, Jakin, azaroa-abendua, 2008, 75. or.

24. Senez aldizkaria, 8. alea. Xabier Mendigurenek, Joseba Urzelai eta Lurdes Auzmendik eta Josu Zabaletak idatzitako lanak, besteak beste.

25. UETS = Udaletako Euskara Teknikarien Sarea deitu izan zenaren izena. Elkarte edo gisako ezer izan ez zen arren, hamabost bat urtetan zehar bildu izan ginen Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako hainbat teknikari tarteka eta hainbat proiektu egin eta elkartrukatu genituen. Gero, Nafarroan teknikarien eraketa desberdina izateak, Diplomatura hori egin zenean askok gauzak jada eginak zeudela pentsatzeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak ondoren jarri zituen mahaietan biltzeak, eta abarrek, UETS desagertzera eraman zuten, baina haren leku zabala bete duen ezer ez da gelditu teknikarien artean. Hamar urte geroago, Erakunde nagusiek deitutakoan bakarrik biltzen ziren teknikariak eta, gaur egun ere, halaxe jarraitzen dutela uste dut. Erakundeek, euskararen profesionalek era naturalean sortutakoa hiltzea eta berek hala nahi dutenean eta nahi duten esparrukoak bakarrik biltzea lortu dute.

26. HPS = Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (Kultura Saila).

27. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua euskalgintzako hainbat erakundek sortu zuten eta gaur egun euskalgintzako 45 erakunde dira bertako partaide.

28. EBPN = Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia.

29. Oraindik ezagutzen dut Goierrin bertan oso herri euskaldun bat Hizkuntza Eskakizunak ongi finkatu gabe dauzkana eta ziur gehiago ere badaudela hortik zehar.