Hemen zaude:
 » 
Hamaika kontu - Karlos Linazasoro

Inprimatu

Data: 2010eko otsaila

Hamaika kontu - Karlos Linazasoro

ATZERAERAGINEZKOTASUNAZ

Hilezkortasuna lortu duen lagun bat daukat. Horixe erdiestea izan du bizitzan helburu bakar, behinena. Ez diot inbidiarik. Bejondeiola. Nik, guztiz kontrako bidetik jo dut: atzeraeraginezko izan nahi nuen, eta, lan eta neke askoren ondoren, atzeraeraginezkotasuna lortu dut. Neronek idazten ditut orain neure iragana, zorion esanezinez zipriztintzen ditut haurtzaroko eta gaztaroko egunak oro, neure hilak ditut berpizten, ogibiderik ederrenaz janzten dut neure burua… Ahalmena (dohaina?) atzoko eguna arte luzatzen da, beti da bezpera, oraina du muga edo erbeste, eta ukiezina izanagatik ere, hain dago hurbil atzoko egunaren oroimena eta lurrina… Nire lagunak esaten dit, maltzurki, egunen batean ni ere hil egingo naizela, eta nik erantzuten diot, malezia apurño batez, ez dagoela ezer munduan zorion betean hiltzea bezalakorik, eta ea zer egin behar duen berak bizitza eramanezina, zentzugabea eta doilorra bihurtzen zaionean. Ea orduan, bai, zer arraio egin behar duen.

IZENPEA

Artzain zaharrak ez zekien ez irakurtzen ez idazten. Notarioak idazluma eskuratu zionean, dokumentua izenpe zezan, leihotik begira gelditu zen une llabur batez. Gero, bi hatzez, leun-leun, idazluma jetzi, eta artalde zoragarri bat marraztu zuen.

ERIETXEAN: GURUTZEGRAMA

Norbait hil zain, norbait jaio zain nagoenean, gurutzegramak egiten ditut. Antsietatea baretzen didate, buruko lokarri astunak askatzen. Operazio-gela ondoan esertzen naiz, zumezko aulkitxo batean, eta sabaira begiratzen dut, hitz galduaren bila. Color, once letras. Umeari bihotza aldatu behar diote, hondatu egin zaio eskolan zegoela, jolastokiko basoan. Aborrachado, opalescente, encardinado. Sabaiari begiratzen diot, bai, baina umearen arteriak ditut gogoan, haren sistole-diastole abaildu kardamuak joak. Gurutzegramen erregea naiz. Iridiscente, azulamiento, agarbanzado. Lau ordura doa. Euren tokietan atsedentzen dira hizkiak, eurez, hutsune gutti gelditzen da ja betetzear. Halako batean, oin-hotsak sentitzen ditut barruan, hitz epel batzuen hurbiltasuna. Badatoz. Bukatu dute. Cromometría, amarillento, lactescente. Ez dut hitza asmatzen, inoiz ez dut hitz bakar bat ere asmatu, baina entzuten dut ordea bihotz berria, punpaka zalapartaka, operazio-gela lehertu nahi balu bezala, basazaldi baten bozkarioz. Eta nik orain badakit bihotz berriaren kolore hamaika letraduna, hamaika biziduna.

ERIETXEAN: LAGUN GALDUTUAK

Dagoeneko buruz ezagutzen ditut erietxeko pasabide, solairu, gela eta gainerakoak oro. Txoko guztiak. Horregatik, galtzen naizenean, ez naiz betiko galtzen, inolaz ere. Betiko galtzeko, ondo-- ondo ezagutu behar dira bazterrak, eta hala ere lanak izaten dira betiko galtzeko. Ezagutzen ditut nik betiko galdu ziren eriak, bi edo hiru, akaso laugarren bat ere bai, erietxeko hormen artean. Ez zituzten sekula gehiago aurkitu, bila eta bila ibili arren. Baina nik badakit non galdutu ziren, ez baitziren galdu edo egonkortu edo ezkutatu inon, galdutu baino. Hori zer den? Ikusezintasun halako bat lortzea, erietxean soilik lor litekeen status bat, biziaren eta heriotzaren erdibidean dagoena. Horregatik, neure buruarekin marmarmar noanean, edo nabilenean, erietxeko pasabide luze antzuetan, pentsa liteke, amets liteke lagun galdutuekin hizketan ari naizela, kontu kontari, eta ez neure buruarekin, bakarrizketa ero asaldagarrian.

AUZOPARANOIA

Auzoparanoia nozitzen dut, bestearena. Nola den? Beti norbait daramat aurretik. Eta jarraitu egiten nau. Aurretik jarraitzen nau, eta orduan paranoia ez da nirea, bestearena baizik. Auzoparanoia ez da, neurri batean behintzat, asaldagarria, ez du izurik sortzen: beti daukazu arerioa begien bistan. Alde horretatik, ez dago ezusterik, ekimena nire esku dago beti. Baina inoiz ez da jakiten. Gainera, zugandik distantzia zuhur batera mantentzen bada ere, intimitatea galtzen da, barne-oreka. Aurretik daramadanez, neu naiz jarraitzailea, eta hobe dut isilik egon. Jendeak ez du ulertzen zergatik alditxartzen naizen, zergatik bat-batean hasten naizen arrazoirik gabeko irain gordinka. Aurretik daramazuna, ez doa zurekin; izatez gerotan, alderantziz litzateke. Eta saiatu naiz hura atzematen, eta orduan bestea izan da paranoikoa. Ez dut, dena den, inoiz harrapatzerik lortu: lerro beraren gainean lerratzen dira gure bizitzak, halako distantzia garaiezin eta fatidiko batez.

NON DA

Eta bere eskuak nire ilean suziri ziren edo elur, aurreranzko lera, kolonia-usainetan labaintzen zirenak begietako kaira, atseden limuria hartzeko, musu bat gerorainokoa. Amaren eskuak, diot, kirru eta itsaso goizero, ihintzezko lorratzak kenduz, burukoaren hodei-arantzak. Eta zer bidaia dantzatzen zuten nire esne-sustaren beila ttikian, zer jolastordu behar zuten hain urdina eta hain ederra, nora ginen hiltzera une haiek denak, lotirik leialenak. Non dira esku haien irribarreak nire ileen kaiola irekiz, txoriak aireratuz, eta xingolak garisailak piratontziak ferekak urkiak urretxindorrak, hura guztia nire zentzutasunarekin galdu zena, non da.

GOIZ BATZUETAN

Goiz batzuetan zangalatrau bat naiz, ni neu osorik hankartean zer edo zer harrapatzen duen pintza, kirrika, grapagailua. Ikusten dut auzoa, eta bizkarrera lotzen natzaio izterrez, saihets aldean; topatzen dut haritz tantaia, eta tximino baten abileziaz hartzen dut haren enborra; jotzen dut begiz zerbait zutikakoa (farola, postontzi, gizaki edo udaltzain, bide-seinale), eta, ezinbestean, gogoz bestera (ulertuko da), hankez atzematen dut, indarrez lerden baina itxura gaiztoan, min egiten diodan arte itxura gaiztoz eta indartsu, eta egunen batean jakina disgusturen bat hartu beharrean nago nire jaidura bihozgabe, kontrolaezin honen kontura.

IRAGAZI-GIZONA

Iragazi-gizon bat naiz. Urrea aurkitzen diet pentsamenduei, hitzei, ideiei, den orori. Kutsadura kentzen diot aireari, birusa gaixotasunari, gezurra egiari. Nire poroetatik barneratzen den guztia (soinu bat, irribarre galdu bat, begietako polena) garbi irteten da, puru eta birjina, errugabe. Hondakinak eta zikina, gezurra eta akaso gorrotoa, atzipea eta tirania, giltzurrunetatik eta biriketatik kanporatzen dut, karbono dioxidoarekin batera. Arnasaldi bakoitzean mundu zati ñimiño bat garbitzen dut, molekula eskas batzuk baino ez ausaz, baina nire inguruan oihan garbi da oro, poesia eta paradisu, hastapeneko harmonia. Nekerik ere ez dut nozitzen ja iragazte-prozesuan, berez-berez egiten dut, estuasun edo itolarri edo espanturik gabe, arnasa hartzearekin batera. Eta nire ondoan pozik bizi da jendea, halako bake garbi bat sumatzen baitu, egiazkoa, paradisu galdu genuenekoaren aurretikoa, Jainko argiz bataiatua, ezin esan halako pozkidazkoa.

LAIDOAREN GEZIRIK GORDINENA

Dena saiheska egiten dut: ibili, hitz egin, maitatu, lo, bizi. Gauza hauek ez dira noski geurez erabakitzen, begien kolorea geurez erabakitzen ez dugun bezala. Munduan kabitu ezin halako bat dago honen guztiaren oinarrian, hori badakit, airearen harresiek sortzen zidaten itolarri kosmiko bat. Ezin dut parez pare, buruz buru, ahuspez edo buruz gora bizi: debekatuak ditut izaera horiek. Saiheska begiratzen diot lagunik minenari, eta etsai bat dirudi; saiheska dut hitz egiten, eta haserrearen zantzuak sumatzen dizkidate; saiheska ibiltzen ditut kaleak, eta jendeak iraingarritzat jotzen du nire portaera; saiheska jotzen dut larrua, eta ez dute maitasunik ikusten nire maitesukarrean. Baina, saiheska begiratu arren, nik bekoz beko eta osorik ikusten dut mundua, ez soslaiz edo zeharrez, eta badakit zer den laidoaren gezirik gordinena.

RIP

Aitaren errautsak dauzkat esku artean. Kutxa itsusi bat. Eta ez dakit zer egin aitaren errautsekin. Gorantz bota nahi nituzke, baina haizea lo dago; beherantz zabaldu nahi nituzke, baina oinutsik nagoela konturatu naiz. Baso ttiki gorri batean nago, eta haritzetan burkoak ikusten ditut, eta kuku batek zirina egin dit, eta itsasoa ere entzuten dut hain urrundik. Poema bat idatzi dut une hunkigarri honetan irakurtzeko, zortziko txiki bat kopiatu diot bertsolari zahar bati, Atañori, Polipasori, niri betidanik Machado gustatu zaidan arren, Antonio Machado, eta espainolez. Espainolez, ordea. Eta aitak goian bego esaten zuen beti-beti, eta egun handia arte, edo lagun nauzu saminean, eta Jainkoa lagun eta ez ondo bidez. Eta fabrikan ikasi zuen esaten finis coronat opus, heriok bukatzen du obra, heriotzan amaitzen da bidaia, eta lurrak berdinduko gaitu guztiok. Azkenean, lurrak. Patroia eta gu, denak. Eta horixe idatzi zuen aitak hizki berde larriz engomadorako horma sendoan: Finis Coronat Opus. Enbor baten gainean eseri naiz. Kandela usaina dago, arrain abisalek ehuntzen dute argisla. Aitari begiratzen diot, eta aitak ez dit basoa ikusten uzten. Haize zirrinta bat balego sikiera. Edo aitak horrela begiratuko ez balit, hain derrotaturik. Baina ikusia dago, gaur ez da eguna. Etorriko naiz beste batean, beste behin, eguraldiak laguntzen duenean-edo, Jauna lagun, finis coronat opus egitera, edo, aitak esaten zuen bezala, hasitako lana bukatzera.

ANTROPOFOBIA

Antropofobotzat daukat ene burua. Ez zait giza-haragia gustatzen. Probatu dut, jakina, eta ez zait gustatzen. Ez zaporea ez ehundura ez ezer. Orain modan jarri da antropofagia eta ia-ia derrigorrezkoa da giza-haragia gustuko izatea, denik eta haragirik bikainena iruditzea. Gizateria moden akuilupean mugitzen da, mezu manipulatzailez menperatua. Hasieran, behi-haragia izan zen; gero, arrain urdina; hurrena, dieta begetarianoa, naturismoa, jaki ekologikoak. Orain, lurrez, airez eta itsasoz, antropofagia iritsi da: ezerk ez du giza-haragiaren proteina, bitamina edo kaloriarik. Gainera, fintasun seinale da, goi mailaren eta modernotasunaren ikur-erakusle. Aurreiritzi etikoak alderantziz irakurtzen dira orain: inmorala da zeure senitarteko, lagun edo etsaien haragia ez jatea, eurek zuregatik horixe egingo zutenean. Baina nik ezin dut espektakulua jasan: Enbalaje Saileko arduraduna, atzo bihotzekoak jota hil zena, nire lankideek jan zuten oso-osorik, putreak balira bezala, lan-jantziak odolez blaituak, mauka-mauka, hankak eta izterrak, barne-muin samur goxoak, falangeak ondo-ondo zurrupatuz, hilotz gizajoa, atzo arte malbabisko goxokiak oparitzen zizkigun gizon puska ezer ez da ja, femur huts, kubito eta erradio huts, burezur soil, gizakitik dena aprobetxatzen da, zerritik bezala, hori esaten zuten, eta nola gordetzen zuten koitaduaren odola txorizoak eta odolkiak egiteko, nola irentsi duten gorpua amen eta jesus batean hilotzaren beraren ohoretan, tira, mutilak, ez dadila Germán gaixoaren arrastorik ere gelditu, izan gaitezen eskuzabalak eta bihotz onekoak haren bizitzarekin eta haren heriotzare-kin.

Atzo Guzmán, eta herenegun nire lehengusu bat, hondartzan itota hil zena; eta orain hiru egun, kamioi batek harrapatu zuen agure zarpail bat; edota harategietako ilaretan aldaka-zati bat edo burmuinak edo barrabilak lortzearren izaten dituzten iskanbilak; eta, batez ere, gaztetxoenen gorpuak, haragirik fresko eta xamurrena, edo haur jaio berrien gorpuzñoak, etxeko barbakoa ketsuetan erretzen dituztenak, udako arrats gorrietan, jaki jainkotiar bat balitz bezala, inoizko delicatessenik zoragarriena.