Hamaika kontu, hiru itzulbide
Manu Lopez Gaseni

Manu Lopez Gaseniren narrazioa, lantegiari buruz (gaztelaniazko itzulpenak)

Arestian esan bezala, 2009ko lantegia bi saiotan banatu zen, eta niri egokitu zitzaidan lehena gidatzea, euskaratik gaztelaniarako itzulpenen ingurukoa, alegia. Hiru itzulpen erkatu eta eztabaidatu ziren saio horretan: Iñaki Frierarena, Gerardo Markuletarena eta Karlos Linazasorok berak egindako autoitzulpena.

Saioaren hasieran, Karlos Linazasorok hitz batzuk esan zituen bere literatur jarduerari buruz; eta horren ondoren testuak aztertzeari eta eztabaidatzeari ekin genion.

Aurkezpenean, Linazasorok aitortu zuen idaztea autismo eta lotsaren arteko izaerari oreka jartzeko komunikazio bide gisa erabiltzen duela, eta bizitzeko modu gisa hartzen duela literatura. Aipu bat erabiliz, esan zuen bi pertsona mota daudela munduan: esperantza galdu dutenak eta esperantza egunero galtzen dutenak; Linazasorok bigarren taldean kokatu zuen bere burua. Gehien estimatzen dituen idazleen artean, Kafka aipatu zuen bereziki, eta haren ondoan "hiru B" direlakoak: Borges, Beckett eta Bernhard. Borges, Rulfo eta Cortázar bezalako idazle hegoamerikarrak oso gogoko izanda ere, Carver eta enparauen idaztankera ere oso erakargarria egiten zaiola argitu zuen. Bere obrari buruz, hil aurretik "Dekalogia" bat utzi nahi lukeela esan zuen, eta hamar obra horien arteko bat Diotenez bera dela. Kultu-idazlea dela dioten arren, benetan idazle marginala dela uste du; izan ere, haur literatura bazter utzita, 127 irakurle dituela esan zuen: 35 poesian, 17 aforismoetan eta 85 ipuinetan. Gai gogokoenak, berriz, denbora, maitasuna, heriotza eta natura ditu; eta umorez zipriztindutako melankolia izaten dela gaiok plazaratzeko bidea. Landutako genero horiek (poesia, ipuina eta aforismoa) ditu maiteenak; nobela generoa, aldiz, arbuiatu egin zuen, genero akomodatua eta burgesa delakoan.

Aurkezpenaren ondoren, gaztelaniazko hiru bertsioak erkatzen hasi ginen, eta honako hauek izan ziren eztabaidagai nagusiak:

Lexiko mailako zailtasunak. Idazleak bere beharretarako hitzak asmatzeko joera erakusten zuen eta, horietako asko itzultzeko zalantzak eta proposamen desberdinak sortu ziren: atzeraeraginezkotasun, galdutu, auzoparanoia, iragazi-gizona, eta abar. Horri gaineratu behar zaio egileak erabilitako lexiko "markatua", hala nola, "urdin" edo "gorri" izenlagunen erabilera (baso ttiki gorri, udako arrats gorrietan, jolastordu (…) hain urdina), eta baita adiera berezi-berezia zuten bestelako hitzak, "auzo", kasurako.

Testuartekotasunak eta tradizioaren oihartzunak. Horrelakoak gaztelaniazko literatura-tradizioan agertzen diren bezala agerrarazteko ahaleginak egin ziren. Adibide batzuk izan daitezke "hitz galduaren bila", "hastapeneko harmonia", "aitari begiratzen diot, eta aitak ez dit basoa ikusten uzten" eta beste. Beste hainbeste gertatzen zen erlijio-kutsuko hizkerarekin: "goian bego", "egun handia arte", "lagun nauzu saminean", "Jainkoa lagun", "lurrak berdinduko gaitu"…

Kultura-erreferenteen itzulpena. Lantegi gehienetan agertutako zailtasuna da hau. "Bertsolari", "zortziko txiki", "ama", "aita" eta abar bere horretan itzuli ("repentizador", "octavilla", "madre", "padre") ala euskal kutsua uztea ("versolari", "zortziko menor", "ama", "aita", adibidez), horra eztabaida.

Hitz-jokoak. Bereziki "Erietxean: gurutzegrama" izeneko ipuinean. Horretan, "hamaika" hitzaren bi adierekin jolasten da, eta gurutzegramak behar duen hamaika letrako hitz egokia izateko aukerak botatzen dira, hori guztia amaierako esaldiari begira: "Eta nik orain badakit bihotz berriaren kolore hamaika letraduna, hamaika biziduna". Nahiko garbi ikusi zen azken esaldi horren itzulpenak baldintzatuko zituela beste "hamaika" guztiena ere ("siete vidas" delakoaren bidetik joz gero, esaterako).

Zailtasun bereziko sintagmak. Zenbait sintagma esanahi ilunekoak suertatu ziren, eta soilik idazlearen argibideei esker itxuratu ahal izan ziren. Hori izan zen "buruko lokarri astunak askatzen", "jolastokiko basoa", "burukoaren hodei-arantzak”" edo "esne-sustaren beila ttikian" direlakoen kasua.

Narratzaileen tonura egokitzeko zailtasunak. Egindako testu hautaketan erregistro aldaketa ugari dago, umorezkoak, lirikoak, surrealistak…… Hori dela eta, itzultzaileei zaila gertatzen zitzaien unean uneko narratzailearen tonura egokitzea. Berriz ere "Erietxean: gurutzegrama" ipuina hizpidera ekarriz, zaila zen antzematea nolakoa harremana zegoen narratzailearen eta ebakuntza-gelan sartu zuten umearen artean (egileak narratzailea erietxeko jagolea zela argitu zigun arte). Horrek baldintzatu egiten zuen, neurri batean behintzat, narratzaile horren diskurtsoaren hurbiltasun maila, adibidez "umeari bihotza aldatu behar diote, hondatu egin zaio eskolan zegoela" horretan, "aldatu" eta "hondatu" aditzak mekanikako kontu hotz bat balitz bezala hartu edo adiera –epelagoko– erdal aditzak aukeratzeko orduan. Beste hainbeste gertatu zen "RIP" izeneko ipuinean, esaterako, "kuku batek zirina egin dit" esaldiarekin: narratzailearen izaerari erreparatuta, zalantza zegoen era esplizituagoan ala eufemistikoagoan itzuli behar zen.

Laburbilduz, hiru itzultzaileen artean (egilea barne) nahiko garbi suma zitezkeen testuak aldatzeko estilo desberdinak, literaltasunaren muturretik itzulpen librearenera, eta deigarria izan zen ohartzea askatasun handiena hartzeko "eskubidea" edo lizentzia zuena, Linazasoro alegia, izan zela testuen literaltasunari gehien eutsi ziona (zalantzatan zeuden esanahiak irmo finkatzearekin batera). Beste bi itzultzaileen artean, berriz, Frierak libreago itzultzeko joera erakutsi zuen, eta Markuletak literalago aldatzekoa.

Amaieran, esan gabe doa, denok eskertu genuen EIZIEk halako hartueman emankor aberasgarrian aritzeko aukera eskaini izana.