Hemen zaude:
 » 
Polonia helmuga, lehen geltokia

Inprimatu

Data: 2013ko urria

Polonia helmuga, lehen geltokia


Irakurri artikulua pdf formatuan.


2012ko urrian Aiora Jakaren bisita izan zuten Poznaneko Adam Mickiewicz Unibertsitatean, EHUko irakasleentzako Erasmus beka aprobetxatuz hango euskara irakurletzak gonbidatuta. Zenbait tailer eta eskola eskaini zizkien euskara eta itzulpengintzako ikasleei; bidaia horren kronika jasotzen da atal honetan.

Bidaia bakarrik ez, eta Poloniako haur (eta ez hain haur) literaturako zenbait ipuin ere ekarri zituen berarekin, aurreko urteetan Poloniako euskara ikasle batzuek itzulitakoak. Maciej Wojtyszkoren ipuinak dituzue beraz jarraian, Bronba pertsonaiaren inguruan gizarteari begirada zorrotz, argi, eta aldi berean imajinazioz betetakoa zuzentzen diotenak.

Wojtyszko, 1946an Varsovian jaioa, ez da soilik idazlea, baita zine, telebista eta antzerki gidoilari eta zuzendaria ere. Animazioan aritutakoa, literaturaren arloan haurrentzako liburuak idazteagatik da ezaguna. Bromba da ziurrenik bere pertsonaia ezagunena, eta haren omenez ospatzen da 2007tik "Brombalandia" jaialdia, Poloniako Haurrentzako Artearen Jaialdia, alegia.

Atal honetan bildu dira, beraz:

  • "Polonian ere euskaraz" (Aiora Jakaren kronika)
  • Bromba i inni (Bronba eta besteak) liburuko bederatzi ipuin. (Itzultzaile: Sonia Kolaczek, Joanna Anders eta Alicja Jankowiak. Zuzentzaile: Amaia Donés eta Aiora Jaka. Irudiak idazlearenak dira).


Polonian ere euskaraz

Ez dakit itzultzailea naizelako eta hizkuntzak interesatzen zaizkidalako gustatzen zaidan hainbeste bidaiatzea, ala asko bidaiatzen dudalako gustatzen zaizkidan hainbeste hizkuntzak. Oiloaren eta arrautzaren dilema askaezina. Gauza da nire ofizio-afizio honek beste herrialde, hizkuntza eta kultura bat ezagutzeko aukera begien aurrean jartzen didan orduko hantxe abiatzen naizela ni, maleta erdia jakintzaz beteta eta beste erdia hutsik, han ikasitakoez betetzeko.

Halaxe abiatu nintzen Poloniara iazko azaroan. Europako unibertsitateetako irakasleen arteko mugikortasuna sustatzeko programa batez baliatuz, astebeteko egonaldia egitera nindoan Poznańeko Adam Mickiewicz unibertsitatean. Entzuna nuen poloniarrek badutela euskara eta euskal kulturarekiko halako interes berezi bat, eta euskaraz ia arrotz kutsurik gabe hitz egiteko halako trebetasun harrigarri bat. Banekien, halaber, Manu López Gaseni, Patxi Zubizarreta eta Bego Montorio ere egonak zirela aurreko urteetan Poznańeko unibertsitate hartan euskal literaturaz eta itzulpengintzaz hainbat hitzaldi eta mintegi ematen. Nik ere antzeko zerbait eskain nezakeela pentsatu, eta halaxe jarri nintzen harremanetan Adam Mickiewicz Unibertsitatean euskara eta euskal kultura irakasten diharduen Amaia Donés gasteiztarrarekin. Nik zer eskain niezaiekeen eta haiek zer eskatzen zuten aztertu ondoren, bi hitzaldi eta bi mintegi emango nituela adostu genuen, etnohizkuntzalaritza ikasketen barruan euskara ikasten duten ikasleentzat hitzaldi eta mintegi bana, eta filologia hispaniarrekoentzat beste hitzaldi eta mintegi bana.

Saioak nola edo hala prestatu, polonierazko hitz eta esamolde beharrezkoenen zerrenda inprimatu, Poloniaren eta Poznańen historiari buruzko Wikipediako sarrerak behintzat irakurri, eta halaxe abiatu ginen mutil-laguna eta biok azaroko larunbat hotz hartan Loiuko aireportura. Ez, mutila ez zetorren nirekin aireportura maleta eramaten laguntzera, nirekin batera hegazkina hartzera baizik, ni baino ipurtarinagoa baita halako kontuetarako (esan dezadan hemen Yannick quebectarra dela, eta Euskal Herrian daramatzan hiruzpalau urte hauetan Europako hamaika herrialdetan aurkitu duela nor bisitatua edo zer ikusia…). Han gindoazen, beraz, euskaldun bat eta quebectar bat Loiutik Munichera eta handik Poznańera, hegazkinean polonierazko hitzak ikasten eta azentu bereziz josiriko letra haiek nola demontre ahoskatzen ziren asmatu nahian.

Poloniako lehen euskalduna

Lau bat orduko bidaiaren ondoren, uste dut nahiko modu sinesgarrian lortu genuela hurrengo egunetan egoera bat baino gehiago salbatuko zizkigun esapide zorionekoa ahoskatzea: “Nie mówię po polsku. Czy mówi Pani po francusku / angielsku / niemiecku?”, hau da: “Ez dakit polonieraz. Badakizu frantsesez / ingelesez / alemanez?”. Ez genekien Ania Andersz, Amaia Donések Poznańeko aireportura gure bila bidali zuen euskara-ikaslea, zenbateraino izango zen euskaraz komunikatzeko gai, eta, badaezpada ere… Ezusteko ederra hartu genuen, ordea, Aniarekin topo egitean: euskara hutsean zuzendu zitzaigun Poznańeko aireportu txiki eta mortu hartan bi turista galduren pare ikusi gintuenean. Etnohizkuntzalaritzako ikasketak egiten ari omen zen, eta unibertsitateak eskaintzen zituen hizkuntza ez-indoeuroparren artean euskara hautatu omen zuen. Gasteizko Letren Fakultatean ere hainbat hilabete emana omen zen Erasmus truke-programa baliatuz, eta oso txukun moldatzen zen euskaraz.

Aniaren eta bere mutil-lagun Arturren autoan sartu, eta hirirantz abiatu ginen. Goizeko bostetan gosaldutako zerealak aspaldi digerituta genituenez eta bezperan hainbesteko maitasunez prestatutako ogitarteko goxoak hozkailuan ahaztuta utzi genituenez, goseak amorratzen geunden Poznańera iristerako, eta gogotsu onartu genuen Aniak eta Arturrek Poloniako janari tipikoa zerbitzatzen zuen jatetxe batera joateko egin ziguten proposamena. Behi bat ere irensteko moduko gosea genekarren arren, nekez bukatu genituen atera zizkiguten bi platerkadak: zopa lodi goxo-goxo bat, non gutxienez kilo erdi bat haragi baitzebilen puska txikitan igeri, eta normalean barazki hutsez beterik egonagatik lehenengo platerkadak bezainbeste kaloria izango zituzten “pierogi” famatuak. Yannickek harrituta utzi ninduen ilargi- erdi formako enpanadilla haiek ikusi eta “A! Ze ondo! Pierogiak!” esan zuenean, “txikiak ginela askotan prestatzen zizkigun amak”. Yannicken ama Kanadako Manitoba probintzian jaioa da, eta badirudi probintzia hartan etorkin poloniar asko finkatu zirela hemeretzigarren mendearen bukaeran eta hogeigarrenaren hasieran. Pierogiak, beraz, ohiko errezeta bihurtu ziren Manitobako edozein etxekoandreren sukaldean.

Tripa bapo beteta atera ginen jatetxe hartatik, eta, Ania eta Artur agurtu ondoren, atseden hartzen igaro genuen arratsaldea “Very Berry” ostatuan. Unibertsitateko zereginei heldu aurretik bi egun oso gelditzen zitzaizkigun, eta ahalik eta ondoen aprobetxatu nahi genituen inguruko bazterrak ezagutu eta turismo pixka bat egiteko.

Lau nola eskatu ez badakizu, eskatu hiru

Hurrengo goizean, beraz, nahiko lo egin ondoren, kalera irten ginen Poznańen bueltatxo bat emateko asmoz. Hiri bereziki polita ez den arren, alde zaharrak badu bere xarma, batez ere Stary Rynek delakoak, merkatu-plaza zaharrak, alegia. Hiria sortu zen garaian eraiki omen zuten, XIII. mendean, eta Poloniako eta Europako plazarik handienetakoa omen da. Deigarria suertatzen da (inguruan halakorik ikusi ez duen euskaldun batentzat, bederen) plazaren erdian kokatutako eraikin-multzoa: udaletxea plazaren erdi-erdian dago, panpinenak diruditen merkatarien etxe koloretsuen eta beste hainbat eraikin ikusgarriren ondoan. Alde zaharreko kale eta eraikinen Erdi Aroko estiloarekin kontraste bizian, arkitektura sobietarra da nagusi Poznańeko beste hainbat jauregi eta eraikuntzatan, eta hiria azken hamarkadetan jasaten ari den mendebaldartzea ere islatuta ikus daiteke hainbat solairuko merkataritza-gune, etxe-orratz eta abarretan.

Eguerdirako gosetuta ginenez, eta bezperan Aniak eta Arturrek Poloniarren egun nazionalaren inguruan jan ohi ziren “rogale” izeneko croissant modukoak probatzeko gomendatu zigutenez, ikusi genuen lehen gozo- dendan sartu ginen. Egun gutxiren buruan ospatu behar zuten Poznańeko poloniarrek beren festa nazionala (gogoratzeko 1918ko azaroaren 11n independentzia lortu zutela, ehun urte baino gehiagoz Austriar-Hungariar inperioaren, Prusiaren eta Errusiaren artean banatuta egon ondoren), baina ordurako edonon eros zitezkeen “rogale”-ak. Bina janda bazkari-legea egingo genuelakoan, lau “rogale” polonieraz nola eskatu pentsatzen hasi ginen. Baina gure zerrendan bat, bi eta hiru zenbakiak baizik agertzen ez zirenez, ezin ba lau eskatu! Hirurekin konformatuko beharko genuen (gero ez ginen damutu gehiago erosi ez izanaz: bakarra janda afarira arte goserik ez!). Han bota genuen gure polonierarik dotoreenean: “Dzień dobry! Trzy rogale poproszę”. Saltzaileak zirkinik ere egin gabe eman zizkigun hiru croissantak, gure ahoskera baldarraz eta deklinabide ziurrenik akastunaz inolako komentariorik egin gabe. Huraxe gure lehen arrakasta linguistikoa! Ingelesaren bitartekaritza hotz, arrotz eta inpertsonalera jo behar izan gabe lortu genuen poloniar batekin komunikatzea!

Ingelesa zertarako?

Poloniarrei polonieraz hitz egiteak bazuen, ordea, arrisku bat: erantzuna ere polonieraz etorriko zen. Eta orduan bai komeriak! Horixe gertatu zitzaigun hurrengo egunean, Toruń hiria bisitatzera joateko treneko txartelak erosten saiatu ginenean; baita handik egun batzuetara ere, Muzeum Narodowe w Poznańiu edo Poznańeko museo nazionala ikusi nahi izan genuenean. Ondo ikasitako esaldia bota ondoren (“Dzień dobry! Nie mówię po polsku. Czy mówi Pani po angielsku?”), to! saltzailearen erantzuna, irribarre erdi batez lagunduta: barbarbarbarbarbarbarbar… Ondorioztatu genuen honelako zerbait esan nahi zigula: “Ingelesez? Zertarako behar duzu ingelesa polonieraz baldin badakizu?”. Gure burua ulertaraztea lortu izanaz harro, baina aldi berean elkarrizketarekin ezin jarraitzeaz amorratuta, erdi-ingelesez, erdi-polonieraz eta erdi-keinuka lortzen genuen azkenerako elkar ulertzea.

Poloniako bigarren euskalduna

Horrelako beste hainbat abentura linguistiko bizi ondoren, eta Poznań eta inguruak pixka bat arakatu ondoren, gure egonaldiaren hirugarren egunean elkartu ginen lehen aldiz gure euskal enbaxadorearekin: Amaia Donés gasteiztarrarekin. Amaiak Sonia Kolaczek ikasle ohia aurkeztu zigun: Adam Mickiewicz Unibertsitatean euskara ikasi eta hainbat hilabetez Euskal Herrian bizi ondoren, ikaragarri ondo moldatzen zen euskaraz. Harrituta utzi gintuen. Erdi lotsatuta aitortu zigun ETBko programa batean parte hartu zuela aurreko udan, beste bi atzerritarrekin batera Euskal Herrian barrena festaz festa ibiliz. Hantxe, beraz, donostiar bat, gasteiztar bat, poloniar bat eta quebectar bat Poznańeko kaleetan euskaraz. Bi neskek unibertsitatea erakutsi ziguten, hitzaldiak eta mintegiak non eman beharko nituen azaldu, eta gero kafetegitik jatetxera eta jatetxetik tabernara, halaxe igaro genuen eguna, Euskal Herriaz, Poloniaz eta beste mila kontuz hizketan.

Adam Mickiewicz Unibertsitatean euskal itzulpengintzaz

Hurrengo egunean jarri nintzen lehen aldiz unibertsitateko ikasleen aurrean. Hispaniar filologiakoei elementu kulturalen itzulpena interesatzen zitzaiela eta, gai horri buruz hitz egiteko eskatu zidaten. Euskal itzulpenaren historiatik hartutako hainbat adibide erakutsi nizkien, ikus zezaten nola ordezkatu ohi diren askotan kultur elementu arrotzak xede-irakurleagoari ezagunagoak zaizkion beste elementu batzuekin. Interes eta arreta handiz jarraitu zuten ia bi ordu iraun zuen hitzaldia; hori gutxi ez, eta ikasle haietako batzuek, jarraian Amaia Do-nésekin euskara-klasea zutenek, gaiari buruz hizketan jarraitzeko eskatu zidaten. Halaxe eman genuen, beraz, beste ordu eta erdi, giro lagunartekoagoan, euskal itzulpengintzaz hizketan.

Arratsaldean gidatu nuen mintegia ere interesgarria izan zen oso. Harkaitz Canoren “Patinatzaile euskaldun baten memoriak” eta Rikardo Arregiren “Arestiren argazki zuri-beltz baten aurrean” itzuli zituzten polonierara filologia hispaniarreko ikasleek, poema horien gaztelaniazko bertsioetatik abiatuta. Ez zen batere lan erraza, hain zuzen ere “elementu kulturalez” beteta daudelako bi poema horiek. Han ibili ginen “irrintzi”, “akelarre”, “gaupasa”, “euskaltzale”, “maldan behera” eta abar nola polonieraratu erabakitzen… Ikasleekin artean, gurekin genuen Barbara Stawicka Pirecka irakaslea ere, zeinak Harkaitz Canoren eta Rikardo Arregiren poema liburu bana polonierara itzuliak baititu, eta asko ikasi genuen haren gogoeta eta esperientziatik.

Euskara-ikasleak ezagutzeko aukera hurrengo egunean izan nuen. Haiei ere hitzaldi eta mintegi bana eman nien, erdi-euskaraz, erdi-ingelesez eta, Amaia Donésen laguntzaz, erdi-polonieraz… Itzulpenak euskara bezalako hizkuntza gutxituetan duen garrantziaz aritu ginen lehenik, eta gero Joseba Sarrionandiaren “Durango 1937” ipuina polonierara itzultzen ahalegindu ziren ikasleak, Amaia Donés irakasleak lagunduta. Ez zen egiteko erraza, ipuin horren beraren tonu poetikoa eta iradokitzen dituen interpretazio ugariak kontuan hartuta. Ikasle guztien euskara maila ere ez zen berdina, eta Euskal Herrian denboralditxo bat igarotakoek testua ulertzeko zailtasun handirik ez zuten arren, hona inoiz etorri gabekoek nahiko lan izan zuten hainbat esaldi interpretatzeko.

Zegamar bat Poznańen

Eta poloniarrak euskaraz entzuteak eragindako harridurak liluratuta jarraitzen nuela, gau hartan beste ezusteko atsegin bat izan nuen, oraingoan euskal hitz batzuk galiziar baten ahotik entzutean. Santiago de Compostela Unibertsitateko Fernando Cabo Aseguinolaza irakaslea ere programa berbera baliatuta Poznańen zegoela aprobetxatuz, Adam Mickiewicz Unibertsitateko Magda Potok, Barbara Stawicka Pirecka eta Amaia Donés irakasleek jatetxe batera eraman gintuzten afaltzera Fernando Cabo eta biok. Atzerritar batek euskal abizena duela entzun orduko euskaldunoi sortzen zaigun jakin-minak bultzatuta, euskal jatorria nondik zetorkion galdetu nion Santiago de Compostelako literaturaren teoriako eta literatura konparatuko katedradunari, eta hara non erantzun zidan ama euskalduna zuela, nongoa eta nire aitaren herri berekoa: Zegamakoa. Mazkiaran Barrena baserrian jaio omen zen, Zumalakarregi hil zen baserri berean, eta gazterik joan omen zen Santiagora farmazia ikasketak egitera. Saiatu omen zen seme-alabei euskaraz irakasten, baina galiziera eta gaztelania ikastearekin nahiko lan, antza, eta Fernandok esan zigun hitz solte batzuk besterik ez zuela ikasi. Garai batean udaro etortzen omen ziren Zegamara, eta ondo gogoratzen omen ditu inguruko bazterrak. Nire aitaren jaiotetxea ere, Mendiata baserria, ezagutzen omen zuen, nahiz eta gaur egun guztiz erorita dagoen. Zer diren gauzak. Poznańeraino joan behar zegamar bat ezagutzera…!

Azken eguna Poznańen

Azken eguna gelditzen zitzaigun Poznańen. Eman beharreko hitzaldi eta mintegi guztiak emanda, erlaxatu eta besteei entzutea zegokigun orain. Goizean, unibertsitateko hainbat ikaslek hiriaren bisita gidatua eskaini ziguten Fernandori eta bioi, beren gaztelania praktikan jarriz aldi berean. Unibertsitateko hiru ikasle, Yannick, Amaia Donés eta bere mutil Tomasz, Fernando… koadrila polita ibili ginen kalez kale, hiriguneko eraikin, jauregi, plaza eta kafetegi entzutetsuenak bisitatuz: Stary Rynek edo merkatu-plaza, udaletxea, Raczyński liburutegia, Poznańeko Poloniar Antzokia…

Arratsaldean, berriz, Fernando Caboren hitzaldiak entzun genituen. Ikaslez betetako anfiteatro handi batean, “La emergencia de las literaturas regionales en el siglo XIX” hitzaldia eskaini zigun. Geroago, berriz, espainiar literaturaren lekuaz aritu zitzaigun beste hitzaldi arrakastatsu batean, non “Historia de la literatura espańola” bildumako 9. liburukian bildu dituenak azaldu baitzizkigun.

Unibertsitateko irakasleak agurtu, azken paper-kontuak konpondu, apunte, liburu, ordenagailu eta bestelakoak ostatuan utzi, eta Poznańeko gure azken gaua aprobetxa-tzera atera ginen. Sonia Kolaczekek lagun eta ezagun piloa deitua zuen gure ostatutik gertu zegoen Pod Minoga tabernan, eta hantxe egon ginen goizeko ordu txikiak arte, garagardo eta vodka artean oraintxe euskaraz, oraintxe polonieraz, oraintxe frantsesez, oraintxe alemanez, batekin eta bestearekin hizketan. Ordurako gure poloniar lagunik minena bihurtua zen Soniaz gain, han zeuden Amaia eta Tomasz ere (gizajoak nahikoa buruhauste zuen euskara-gaztelania-poloniera-errusieraz moldatzeko…!), eta baita unibertsitateko hainbat ikasle ere: Wero-nika Nowak, Hondarribian “au pair” moduan hainbat hilabetez egona eta euskaraz ia azenturik gabe hitz egiten zuena (harrigarria!), Natalia Stolarska, lotsati samarra izan arren euskaraz oso txukun moldatzen zena eta master amaierako tesia euskalkiei buruz idatzi zuena, Klaudia Matysiak eta Tosia Babcyszyń hispaniar filologiako ikasleak… Giroa gehiegi berotu aurretik, e-mailak eta muxuak trukatu, kontaktuan jarraitzeko promesak sinatu, polonieraz ikasitako agur guztiak azken aldiz praktikatu, eta ostatura itzuli ginen Poznańeko kale hotzetan barrena.

Do widzenia, Poznań!

Poloniara erdi hutsik eramandako maleta bete-beteta ekarri genuen Euskal Herrira, lagun, esperientzia, bizipen, jakintza berri eta ilusioz gainezka. Poloniarren abegikortasunak, irekitasunak, berritasunekiko interesak, euskararekiko lilurak… hunkituta utzi gintuzten zinez. Eskaini baino askoz ere gehiago jaso genuelako sentsazioarekin itzuli ginen, Poloniara berriro noiz itzuliko amestuz.

Baina bizipen eta ilusio haiez guztiez gain, altxor txiki bat ere ekarri genuen maletan: Maciej Wojtyszko idazle poloniarraren hainbat ipuin, Sonia Kolaczek eta beste hainbat euskara-ikaslek Amaia Donésen laguntzarekin euskarara itzuliak. Non argitaratu bilatuko nuela agindu nien, eta hara non aurkitu dudan Senezen horretarako leku aproposa. Bihoazkie hemendik nire agur eta eskerrik beroenak Poznańeko egonaldia hain atsegina egin ziguten Sonia, Amaia, Tomasz, Ania, Klaudia, Weronika, Tosia, Natalia… eta besteei. Dziekuje! Na razie!

Bromba i inni (Bronba eta besteak) da idazlearen liburu ezagunenetariko bat, eta horko bederatzi ipuin ekarri ditugu orriotara. Ipuin bilduma hau ez ezik, bertan agertzen diren izakiek badute beste bizilekurik ere: liburuaren mugak gainditu, eta Wojtyszkoren beste testu batzuetan ere agertzen dira. 2003an Bromba i inni haur eta gazte literaturaren kanonean sartu zen, Gazeta Wyborczaren irakurleek liburu horixe aukeratu baitzuten Liburutegi Nazionalak antolatutako lehiaketan.

Itzultzaile: Sonia Kolaczek, Joanna Anders eta Alicja Jankowiak.
Zuzentzaile: Amaia Donés eta Aiora Jaka.
Irudiak: Maciej Wojtyszko.


Fum turistikoa

Fum turistikoa —beste hitz batzuetan, Fum-turista; modu txikigarrian, Fumitxu edo Fumitxo; gutxiagotan, Fumińo— bidaiatzen duen izakia da (animal transportera). Txangoak egiteko eta oporrak hartzeko aproposak diren edo aproposak diruditen lekuetan aurkitzen dira espezimenik handienak.

Fumak bikoteka edo familia osoarekin ibiltzen dira, fumka eta pio bereziak egiten. Fumkatzea atsekabearen seinalea da; poza erakusteko, ordea, animaliak pio egiten du.

Izaki bat Fuma dela igartzea erraza da, dauzkan bederatzi besoetako bakoitzak zerbait egiten duelako: poltsa, burusia, lastaira, eskuko biradera, beltzaran jartzeko olioa eta motxila bat eramaten ditu, edo dirua zenbatzen aritzen da.

Fum guztiek pentsatzen dute beren ekintza nagusia atseden hartzea dela; horregatik, beren indar guztiarekin deskantsatzen dute; horrek asko nekatzen ditu. Baina nekatu eta gero zerbait egiteko dagoen modu bakarra atseden hartzea denez, berriro hartzen dute atseden. Horrek asko nekatzen ditu, eta horrela denbora guztian.

Hala ere, Fum batek ere ez du lanik egingo atsedenaldian, osasunaren aurkako gauzarik okerrena dela pentsatuko lukeelako.

Fumen ohiturak ez dira oso konplikatuak, baina noizean behin kanta hau abesten dute:

Fum, fum, fum, fum, fum,
fum, fum, fum, fum, fum!
Inoiz ez da halakorik ikusi!
Inoiz ez da halakorik ikusi!
Desengainua hartu dugu, haserre eta goseak gaude!
Fum, fum, fum, fum, fum,
fum, fum, fum, fum, fum!
Inoiz ez da halakorik ikusi!
Inoiz ez da halakorik ikusi!
Ai! Noiz hartuko dugu atseden
luze eta eroso!

Ez dira, ostera, hain mantsoak, denbora guztian atseden hartzeak asko haserretzen eta urduritzen dituelako.

Fumek kontserbak eta arrautza egosiak besterik ez dute jaten. Eboluzioaren bidean, aurreko hortzak aurreratu egin zitzaizkien, eta poto-irekigailu gisa erabiltzen dituzte orain.

Tamalez, orain arte ez dute ikasi sakabanatutako oskolak biltzen.

Oro har, Fumak jendez betetako bide turistikoetan ibiltzen dira; baina behin batean, okertuta, Fum bikote bat Kastoreen Aintzira deituriko lakura ailegatu zen.

—Senar, senar —esan zuen Fum andreak—, begira zer nolako izaki arraroak.

—Izaki aspergarriak —erantzun zion Fum jaunak—. Ez dut ezertxo ere ulertzen; zertan ari dira?

Kastoreak zuhaitz bat zerratzen ari ziren Urtegi Handirako.

—Nire animalia laztana —esan zion Fum andreak gertuen lan egiten ari zen kastoreari—, nor zarete?

—Kastoreak —xuxurlatu zuen kastoreak, eta zuhaitza mozten jarraitu zuen.

—Nire kastore laztana! Zuhaitzak ezin dira jan —egin zion agiraka Fum andreak.

—Urtegi Handia biltzeko behar dudalako egiten diot hozka —erantzun zion kastoreak, lehen baino pixka bat atseginago, norbaitek bere lanari piperrik ulertu gabe begira ziezaiokeela konturatzean pena hartu zuelako.

—Baina horrela nekatu egiten zara —esan zuen Fum jaunak.

—Hori ona da —adierazi zuen kastoreak.

—Zer diozu, nire kastorea! Hori oso txarra da —esan zuen Fum andreak—. Atseden hartu behar da.

—Zertarako? —galdetu zuen kastoreak, harrituta.

—Ez nekatzeko.

—Nik gustuko dut nekatzea! —adierazi zuen kastoreak, eta begirada susmagarri bat bota zien—. Atseden hartzea ez dut gustuko, eta zuek?

—Guk —Fumek elkarri begiratu zioten— atseden hartu baino ez dugu egiten!

Kastoreak zabal-zabal ipini zituen begiak. Ez zuen ezer esan; korrika alde egin zuen bere koloniara.

Handik momentu batera, kastore guztiak soilgunean elkartu ziren, Fumen inguruan. Nagusienak galdetu zuen:

—Egia al da zuek atseden hartu baino ez duzuela egiten?

—Noski baietz, nire animaliatxo laztana —erantzun zion Fum andreak.

—Eta lan egiten ere ez zarete saiatzen? —nagusiak ziur egon nahi zuen.

—Baina lanak nekatu egiten du —adierazi zuen Fum jaunak, minduta.

Orduan, kastore guztiak negar-zotinka hasi ziren, etsita.

—Utzi negarrak. Zergatik deitoratzen gaituzue horrela? —oihukatu zuen Fum jaunak, urduri.

—Pena ematen diguzuelako —adierazi zuen negar batean nagusiak—. Ez duzue inoiz lanik egiten.

—Eta guri zuek ematen diguzue pena —saminduta zegoen Fum jauna—; ez duzue inoiz atsedenik hartzen.

Denbora luzea eman zuten batak bestea konbentzitu nahian, baina inork ez zuen lortu bestea limurtzea.

Esaera hau baino ez zaigu geratu: “Kastoreak Fumen erruz bezala negar egitea”

Itzulpena: Alicja Jankowiak
Zuzenketa: Amaia Donés Mendia


Gzdats

Jende guztiak ez daki munduan unibertso bat baino gehiago dagoenik. Badaude unibertso Lodiak eta Argalak, Koloretsuak eta Puzgarriak, Keinukariak eta Erreakziozkoak. Badaude, baita ere, unibertso oso txikiak; eta Gzdatsak bizi direna, ezagutzen den unibertsorik onena eta txikiena da.

Unibertsoetako bakoitza erabat bereizita dago besteetatik, orokorrean ez du-eta batak bestearekin inon topo egiten. Baina, topatzekotan, Zulo Kosmikoa deritzonean egiten dute.

Gzdatsen unibertsoa hain txikia zenez, gure unibertso normalarekin topatu zenean sortu zen Zulo Kosmikoa oso txikia izan zen. Zulo minimo horretatik Gzdats txikienak baino ezin ziren pasa.

Egia esateko, gainerako Gzdatsek, handiagoek eta helduek, ez zeukaten gogo handiegirik beste unibertso batera joateko, bizi ziren lekuan ondo zeudela ziur baitzeuden. Eta, izan ere, batek bakarrik erabaki zuen, txikienak hain zuzen, zuloaren beste aldera igarotzea. Lagunek Gzdats Higitzaile deitzen zioten, edo Etengabe Hegan Egiten Duen Gzdats (Gzdats guztiek hegal laranjak dauzkate), edo Gzdats Bereziki Kuxkuxeroa, baina, berak bere buruari Jakin- mina Daukan Gzdats esaten zion.

Askotan gertatu ohi da amatxok okertzat hartzen duena guk abantaila gisa ikustea, eta hala izan zen Gzdats txikiaren kasuan.

Amatxok, jakina, nahi zuen Gzdats txikiak jakin-mina izatea, baina esan ohi zuen norbaitek gor geratuko ote den frogatu nahian belarriak ez garbitzea ez dela jakin-mina, jakin-nahikeria ergela baizik.

Dena dela, Gzdats txikiak helduen atentzio eza baliatu zuen Zulo Kosmikoaren beste aldera pasatzeko.

Hain zuzen, beste aldean Babespean ondoko Batzar Handia zegoen (Babespean Krakovia ondoko herri bat da).

Beraz, Babespean ondoan jakintsu zuhur asko zegoen, zulo hori zer ote zen igarri nahian, bat-batean zulotik Gzdats txikia hegaldatu zenean!

—Nor zara zu? —galdetu zioten jakintsu guztiek batera.

—Korrika egiten dudanean, korrikalaria naiz,
Hegan egiten dudanean, hegalaria naiz,
Beldurra dudanean, beldurlaria naiz,
Baina, oro har, Gzdats naiz,
Beraz, miretsi eta begira nazazu,
Gzdats hegalaria naiz! —erantzun zuen Gzdats txikiak, eta airean biratu zen; gero, hegoak zalapartaka astindu, eta Krakoviarantz hegaldatu zen.

Jakintsuak zulo azpian geratu ziren pixka batean, baina beste ezer atera ez zenez, joan egin ziren.

Eta, bitartean, Gzdats txikia basora joan zen. Lotsatu egin zen jakintsuek hain tinko begiratu ziotenean, eta agian horregatik egin zuen ihes horren azkar, ziztu bizian.

Nahiz eta oso kuxkuxeroa izan, besteek berari tinko begiratzea eta modu esanguratsuan kurrinkatzea ez zitzaion batere gustatzen; horrelako momentuetan, lotsak jota, hegalak more bihurtu ohi zitzaizkion.

Baina, basora iritsi orduko, norbaitek modu esanguratsuan kurrinkatu zuen berriro. Hegal laranjak dauzkan norbait inoiz ikusi ez zuen belatxarre bat zen.

—Halakorik! —esan zuen—. Halakorik! Hara! —errepikatu zuen—. Halakorik! —arretaz so egin zion Gzdatsi; berriro kurrinkatu, eta irmotasunez adierazi zuen:

—Halakorik!

—Gauza bera esan nahi nuen —karrankatu zuen kontrako norabidetik etorritako beste belatxarre batek—. Halakorik!

Gzdats nekatu samar zegoen ordurako; beraz, nahiz eta belatxarreek ia jakintsuek bezain zehazki begiratu, adeitsu galdetu zuen:

—Tiritonga apur bat lor al dezaket hemen?

—Halakorik! Zer tiritonga?! —galdetu zuten belatxarreek batak besteari begiratuz.

—Nire unibertsoan —erantzun zuen Gzdatsek—, Gzdats guztiek tiritonga jaten dute.

—Begira! Hau da orduan Gzdats bat? —oihukatu zuten belatxarreek, eta tiritonga jaten duen benetako Gzdats bat ikusteaz harro hegaldatu ziren.

“Oso desatsegina da tiritonga inon ez aurkitzea eta guztiak nire hegal laranjengatik harritzea” pentsatu zuen Gzdatsek.

Handik gutxira, hegan abiatu zen, eta negarrez ari zen mutil bat ikusi zuen basoko soilgune batean eserita. Harengana hurbildu, eta galdetu zion:

—Zergatik ari zara tantaka? (ez zekien malkoak zirenik, Gzdatsek ez baitute inoiz negarrik egiten).

—Galdu egin naizelako —erantzun zuen mutilak—. Eta zu, nor zara?

—Korrika egiten dudanean, korrikalaria naiz,
Hegan egiten dudanean, hegalaria naiz,
Beldurra dudanean, beldurlaria naiz,
Baina, oro har, Gzdats naiz,
Beraz, miretsi eta begira nazazu:
Gzdats hegalaria naiz!

—Eta ni mutila naiz —esan zion mutilak—, eta bazkaritarako onddo bila genbiltzala ama galdu dut.

—Onddoak tiritonga moduko zerbait dira, ala?

—Ez dakit zer den tiritonga, baina onddoak jatekoa dira.

—Tiritonga jatekoa da! —erantzun zuen Gzdatsek—. Zure ama non dagoen ez baldin badakizu, hegalda zaitez gora eta begiratu ingurura.

—Baina nik ez daukat hegalik! —atsekabetu zen mutila, eta negarrari indartsuago ekin zion.

—Utzi tantaka egiteari! —oihukatu zuen Gzdatsek—. Ni oso hegalari ona naiz!

Gora eta gora joan, eta baso ertzean mutilaren amatxo ikusi zuen oihuka:

—Hop, hop!

—Hop, hop! —oihukatu zuen Gzdatsek. Zirkulu handi bat egin zuen airean, eta mutilaren amatxoren aurreko adarrean eseri zen.

—Mutila soilgunean eserita dago. Lehenbailehen joan behar dugu, tantaka batean ari delako —esan zuen.

Amatxok Gzdatsek adierazitako norabidea hartu zuen, eta Gzdatsek gora eta behera egin zuen hegan amak bidea gal ez zezan.

Arazoa konpondu eta mutila bere amatxorekin topatu zenean, Gzdatsek tiritonga non aurki zezakeen galdetu zien.

Zoritxarrez, onddoak ez ziren tiritonga. Beraz, bi lagunak agurtu, eta bere unibertsorantz abiatu zen, bazkaritarako iristeko. Babespean ondoko Zulotik igaro eta hain azkar joan zen, pixka bat baino ez baitzen berandutu, eta bere tiritonga bero zegoen oraindik.

Amatxo ez zegoen batere haserre.

—Badakizu, amatxo —esan zuen Gzdatsek—, Zulo Kosmikoaren beste aldeko unibertsoan ere badaude amatxoak.

—Zenbat aldiz esan behar dizut urrunegi ez hegaldatzeko —esan zuen amatxok, baina, egia esan, ez zegoen batere haserre.

Itzulpena: Sonia Kolaczek
Zuzenketa: Amaia Donés Mendia


Bronba

Bronbaren historia korapilatsua da, ustekabe, ezuste eta arazoz betea; alegia, Bronba bera bezalakoxea. Izan ere, izaki txiki eta arrunten artean apartekoena da Bronba.

Bronbaren itxura ez da bereziki kezkagarria, eta lehenengo begiradan ez dauka arreta erakarriko duen ezaugarririk. Katagorria baino pixka bat handiagoa da, arrosa koloreko ilajea du, eta gehiegitxo nabarmentzen zaion sabelean ezinbestekoak diren gauzez betetako poltsa handi bat darama. Barruan honako objektu hauek aurkituko ditugu, besteak beste: prismatikoak, balantza bat, egutegia, zazpi termometro, erlojua, jostun zinta, eta urre-koloreko diploma handi bat, gainean izkribu hau duena:

BRONBAk

Neurtzeko, pisatzeko eta emaitzak emateko
ziurtagiria dauka,
ikastaroa amaitu eta zehaztasun handia erakutsi duelako.

Eta hala adierazita gera dadin sinatzen dugu agiri hau.

Neurketa eta Pisaketako Bulego Zentrala

Zaila dirudi Bronbarena baino lan atseginago eta interesgarriago bat imajinatzeak. Izan ere, Bronba leku batetik bestera ibiltzen da, eta neurtu eta pisatu egiten du, besterik ez. Honako honi, buztanaren luzera emango dio, zentimetrotan ez ezik, baita hazbetetan ere; beste horri, hegoen luzera kalkulatuko dio; beste hari, berriz, tenperatura neurtuko dio, edo anaia txikia pisatuko.

Dena den, kalkuluetan oso zehatza izan arren eta presarik gabe aritu arren, Bronba, hasiera batean, ez zen konturatzen zein zaila izango zen aukeratutako ogibidean jardutea, batez ere hausnartzera ohituta zegoen Bronba bezalako izaki batentzat.

Bronba guztiek, jakina denez, hausnartzea dute ohitura, eta agian horregatik izan da hain eskasa gerretan eta horrelako beste jai batzuetan izan duten parte-hartzea. Ekintza horiek inoiz ez baitira izan adimen sakonen, hau da, hausnarkorren gustukoak.

Eta egia da, ondo pentsatuz gero, eztabaida, borroka edo duelu bakoitza ekintza ilun eta nahiko monotonoa dela, edo, besterik gabe, aspergarri suertatzen dela, batez ere benetan sarkorra den espirituarentzat. Eta Bronba hau bereziki sarkorra zen Bronben artean; esan daiteke Bronben artean Bronbena zela.

Istorio honen hasiera Fikanderrekin lotuta dago… Behin, Bronbak Fikanderri belarrien luzera neurtu behar izan zion. Fikanderrek Bronbaren poltsa horiaren barruan begiratu zuenean:

—Ai ene! —oihukatu zuen—. Zenbat tresna!

—Egon geldi! —xuxurlatu zuen Bronbak—. Bestela, inoiz ez duzu jakingo zein luzera duten zure belarriek!

Fikander, jakina, berehala tentetu zen, eta Bronbak lasaitasunez eta zeremonia handiz neurtu zizkion belarriak: lehenik eta behin ezkerra, gero eskuina, eta gero, badaezpada ere, berriro ezkerra eta berriro eskuina.

—Zalantzarik gabe —adierazi zuen—, zure belarri bakoitzak hogeita hamahiru zentimetro eta sei milimetro dauzka. Nahi al duzu emaitza hau hazbetetan?

—Eskerrik asko, baina nahikoa da nire belarri bakoitzak hogeita hamahiru zentimetro eta piko dauzkala jakitea —esan zuen Fikanderrek—. Orain, belarri-babesa eskatzean askoz errazagoa izango da dena.

—Noski baietz —esan zuen Bronbak, eta egutegira begiratu zuen.

—Taula bereziaren arabera, 18 neurrikoak behar dituzu.

—Oraintxe idatziko dut —esan zuen Fikanderrek, baina ez zuen ezer idatzi, eta termometroetako bati begira jarri zen.

—Zergatik jokatu duzu hain modu bidegabean —galdetu zion—, eta ez dizkidazu belarriak tresna hau erabiliz neurtu?

—Tresna hau tenperatura neurtzeko erabiltzen da —esan zuen Bronbak, Fikanderri termometroa eskutik kendu eta poltsa barruan gordetzen zuela—. Gaixotasun bat susmatzean besterik ez dut erabiltzen.

Baina gero, bakar-bakarrik etxera itzultzen ari zela, ideia bitxi bat bururatu zitzaion:

“Zergatik ezin dira Fikanderren belarriak termometroa erabiliz neurtu?”, pentsatu zuen.

“Bai galdera ergela! —erantzun zion bere buruari—. Tenperatura zergatik ezin den pisatu galdetzearen antzekoa litzateke”.

Eta nahiz eta saiatu zen era horretako arazoak berarengandik urruntzen, ez zuen bakean egotea lortu.

Bat-batean, poltsa horia pisutsuegia egin zitzaion; beraz, eseri eta kritikoki so egin zion poltsa barrenari.

—Benetan, tresnen kopurua izugarri handia da. Askoz erosoagoa litzateke ziurtagiria eta den-dena neurtzeko balioko didan tresna bakarra eramatea.

Gai hartaz zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta presazkoagoa bihurtu zitzaion kontua argitzeko beharra: zergatik ez dago dena neurtzeko balio duen tresnarik?

Aste batzuk hausnarrean eman eta gero, ez zuen inolako ondoriorik atera, eta Neurketa eta Pisaketako Bulego Zentralera joan zen. Elkarrizketa bat eskatu zuen Neurtzaile Nagusiarekin.

Neurtzaile Nagusia poztu egin zen bera ikustean, baina, etortzeko zergatiak azaldu zizkionean, irribarre egiteari utzi eta serio-serio so egin zion:

—Lankide maitea —esan zion—. Gure Bulegoak urteak daramatza dena neurtuko duen tresna asmatu nahian. Baina kontua uste baino konplexuagoa da. Neurtu ezinezko arlo asko daude. Ez dago edertasuna neurtzeko tresnarik, alaitasuna edo tristetasuna neurtzea oso zaila da, eta dena neurtzeko tresna bakarra egitea ezinezkoa da. Momentuz, behintzat.

Bronba, beraz, elkarrizketagatik eskerrak eman, eta mundura atera zen bere poltsa hori pisutsua lepoan hartuta. Egia esateko, hemen galtzen da hain konplexu eta misteriotsua dirudien istorio hau, baina pertsonaiatzat Bronbak dituzten istorioekin sarritan gertatzen da hala.

Neurketa eta Pisaketako Bulego Zentraleko Neurtzaile Nagusiarekin elkarrizketa izan eta gero, honako poema hau idatzi zuen Bronbak:

Hainbat urtez noraezean ibilita,
bidexka ugari ezagutu dut.
Neurria falta zait, ordea:
nola neurtu nire bidaiak?
Egutegiarekin akaso,
hurrengo orrialdea noiz eroriko,
ala Azuntza eta Fikanderrengandik entzundako
hitz atseginen kopuruaren arabera?
Ala tresnek emandako
batura guztien batura baliatuz,
ala (Fum baten aholkuaren arabera)
atsedenaldiak zenbatuz?
Agian, aho guztien irribarreak
lerro batean gehitu behar dira,
edo, agian, beroki bakoitzak
behar du bere zenbakia?
(Sinetsi nahi ez dudan arren)
nire ibilbideen emaitza komunik
ez dago. Eta dena batera
neurtzeko aukerarik ez dago.
Bizitzaren bideak zenbatzea zaila da,
baina oso oker daude
Bronbaren hutsezintasuna
zalantzan jarri nahi dutenak!

Itzulpena: Sonia Kolaczek
Zuzenketa: Amaia Donés Mendia


Fikander

Fikander ez da beste guztiak bezalakoa. Maltzurrek esaten dute Fikanderrek edozer egingo lukeela ezberdina izatearren, baina hori maltzurkeria besterik ez da. Labur esanda: Fikanderrek, poeta denez, arreta handiagoa jartzen die besteentzat hain garrantzitsuak ez diren gaiei.

Adibidez: behin batean, Putxkaken eta Patxkaken arteko futbol partida ikustera joan zen, baina, partida ikusi ordez, atzera begira egon zen denbora guztian, Malbatxo behatu nahian.

— Futbol partida batean, soilik Fikander da maitemintzeko gai —esan zuten maltzurrek—. Baina, hori bai, Malbatxo zinez ederra da.

2-2 berdinketarekin bukatu zen partida historiko hartan, Fikander benetan maitemindu zen Malbatxoz. Inguruan oihuak entzuten ziren, txaketak dantzan zebiltzan airean, ohituraz hain lasaia zen Fuma ozen ari zen txistuka okarina handi batekin, As txikiek buztanetik tiratzen zieten katagorriei, Azuntzek txistuka jarraitzen zuten, eta katuek pankartak airean mugitzen zituzten; bitartean, Fikanderrek ez zuen Malbatxori begiratu besterik egiten!

Eta horrela hasi zen poeta eta ordu-emailearen arteko maitasun istorioa.

Malbatxo ordu-emaileak telefono konpainia bateko zentralean egiten zuen lan, eta orduak ematen zituen ahots atsegin eta beroaz. Beste pertsona batzuk ere bazeuden han, jakina, ordua edozein unetan galde baitzitekeen telefonoz, baina gehienetan Malbatxok egiten zuen lan hori, oso ahoskera garbia baitzeukan eta arautegia zehaztasunez betetzen baitzuen beti.

Partidan oso urduri jarri zen (konturatu egin baitzen, noski, Fikander begira zeukala), baina oso apala zenez, ez zuen pentsatu bere edertasunagatik zenik.

Eta Fikander hain lotsatia zenez, ez zen ausartu harengana hurbiltzen eta azaltzen zergatik egiten zion so. Ehun orrialdeko olerki bat idaztea gauza bat da, eta futbol partida batean ezezagun bati bi esaldi esatea, beste bat.

Partida bukatu ondoren, Fikander hurbil zekiokeen Malbatxori, eta adeitasunez galdetu ea partidaren emaitza justua iruditu zitzaion, edo ea berarekin mintzatu nahi zuen. Baina ez. Horren ordez, Malbatxoren atzetik abiatu zen, hari begiratzeari ezin utzirik. Malbatxo asko izutu zen, eta pausoa arindu zuen. Etxean sartu orduko, atea giltzaz itxi eta Gaitan Kurrinkari deitu zion.

—Eta nolakoa da pertsona susmagarri hori?

—Oso lepoko luzea darama, lepoaren inguruan hainbat aldiz korapilatua; belarri bakoitza 30 bat zentimetrokoa du; oso begi handiak ditu, garagardoaren kolorekoak eta tristeak; larruzko txamarra beltz bat darama soinean, sigi-saga hori bat daukana; bi liburu daramatza eskuetan, eta nire leihoari begira dago etengabe —erantzun zion Malbatxok.

—A! Fikander da! —oihukatu zuen Kurrinkak.

—Kriminal arriskutsu bat al da? —Malbatxo, lotsatu egin behar zenuke —esan zioen detektibe ospetsuak—. Ez al duzu Fikanderren “Nire belarrien itzal madarikatua” poema irakurri?

—Ez, azkenaldian oso gutxi irakurtzen dut. Jende askok jakin nahi du ordua...

—Irakurtzea samurtuko dizun ideia bat daukat, baina horretaz gero hitz egingo dugu. Orain, esan Fikanderri telefonoa hartzeko.

Malbatxok, beraz, leihoa ireki eta esan zuen:

—Fikander jauna, Gaitan Kurrinkak telefonoa hartzeko eskatzen dizu.

Fikander goitik behera gorritu zen, eta Malbatxoren gelara sartu zen telefonoa hartzera.

—Kaixo, Fikander al da beste aldean? —galdetu zuen detektibeak.

—Zentzu batean, bai —erantzun zuen poetak, gero eta gorriago.

—Ez da posible zentzu batean pertsona bat izatea eta beste batean ez —esan zuen Gai-tanek.

—Posible da —erantzun zuen Fikanderrek tristura handiz.

—Baina zu zara? —kezkatu zen Gaitan.

—Ni naiz, bai —erantzun zuen Fikanderrek—, zentzu batean.

—Zer gertatzen zaizu, Fikander? Zer demontre dela-eta zabiltza Malbatxoren atzetik?

—Ai! —egin zuen hasperen—. Ederki...

—Azaldu zehatzago: zer dago ederki?

—Ezin dut. Izenak ederki osatzen du errima... urdaitxo... hestebetetxo... hirustatxo... ederki...

—Uste dut badakidala zer gertatzen den. Eman Malbatxori.

—Zer?

—Telefonoa.

Fikanderrek, peonia bezain gorri, Malbatxori itzuli zion telefonoa, baina ez zuen hitzik esan. Detektibeak, orduan, Fikander poeta ospetsua zela azaldu zion Malbatxori, eta, poetek ohitura duten gisan, hausnarketetan galdu eta nahi gabe edo jarraitu ziola, baina, ziur aski... Poeta ospetsuak, halere, gertatutakoa adeitasunez azaldu beharrean, lotsatuta eta triste egin zuen ihes Malbatxoren pisutik.

Hala ere, hurrengo egunean, Fikander bere leihoaren azpian zegoela ikusi zuen Malbatxok, lore sorta erraldoi bat eskuetan zuela. Liliak eta arrosak eta krabelinak, eta, oro har, lore mota asko zegoen han nahastuta. Hain izan zen hunkigarria, ezen Malbatxo, aurreko eguneko hondamendia guztiz ahaztuz, kanpora atera baitzen.

—Egun on! —esan zuen—. Niretzat al dira lore horiek?

—Egun on! Bai —erantzun zuen Fikanderrek.

—Oso jatorra zara. Pena da atzo luzaroago geratu ez izana.

—Barkatu —esan zuen Fikanderrek, eta irribarre egin zuen, beharbada bere bizitzan lehenengo aldiz, artista serio eta pentsakorra izan baitzen beti.

—Loreak hartu eta loreontzi batean ipiniko ditut lantokian —esan zuen Malbatxok—. Etorriko zara niregana lana bukatzen dudanean?

—Bai, noski! —esan zuen Fikanderrek.

—Gero arte, beraz! —agurtu zen Malbatxo—. Hirurak aldera itzuliko naiz.

—Gero arte! —esan zuen Fikanderrek, eta irribarre egin zuen berriro; tristexeago, ordea, Malbatxo ba- zihoan eta.

Malbatxo ere Fikanderrez maitemindu zen. Epe luzeagoa behar izan zuen, noski, poetek baino ezin baitute gai batean hainbesterainoko arreta jarri futbol partida batean maitemintzeko. Baina, hala eta guztiz ere, lanera zihoala pentsatzen jarri zen zeinen originala zen Fikander hura, zein interesgarriak ziren idazten zituen poemak (aurreko egunean eskatu zizkion Pańtxari), zein handiak ziren haren begiak, zein jatorra zen haren irribarrea... Bat batean, Katagorriren ahotsa heldu zitzaion atzetik:

—Ez nuen zuregandik halakorik espero, Malbatxo...

—Egun on —agurtu zuen Malbatxok.

—Ez nuen halakorik espero —errepikatu zuen Katagorrik—. Udal lorategiko zaindaria naiz, eta oraintxe konturatu naiz norbaitek lore batzuk hartu dituela gaur gure lorategitik. Nor izango eta... a zer nolako ezustea Malbatxo izan dela jakitean! Eska zenitzakeen behintzat, pentsatu gabe hartu beharrean...

Malbatxok, ez dago esan beharrik, bere gain hartu zuen errua, baina Fikander agertu zenean zaldiko-maldikora elkarrekin joateko asmoz, zera adierazi zion:

—Sentitzen dut, baina arazoak eragin dizkidazu udal lorategiko loreak hartzeagatik, eta, zoritxarrez, ezin izango dizut zaldiko-maldikora lagundu.

Hain tonu irmoan esan zuen, ezen Malbatxoz ere tristura handi bat jabetu baitzen, eta Fikander isilik geratu zen berriro.

“Harri eta zur gelditu naiz”, pentsatu zuen, eta alde egin zuen.

—Hamabiak eta berrogeita hamahiru, hamabiak eta berrogeita hamahiru —esaten ari zen Malbatxo entzungailutik honako hau heldu zitzaionean:

Aurrean zure etxe zuria zegoen
Ni harri eta zur gelditu nintzen
Nire bihotza taupadaka zebilen
Baina gero ikusi nauzu urruntzen.
Ai! Berri mingarria da eman didazuna:
Nik loreak moztu ditut, eta zuk, harremana.

—Hamabiak eta berrogeita hamahiru, hamabiak eta berrogeita hamahiru —errepikatzen zuen Mal- batxok. Bere berunezko borondateari esker soilik lortu zuen arauak ez haustea.

Jendetza artean ikusi zintudanean
Nengoen eroa bihurtzeko ertzean
Jarraitu zintudan ezkutuka
Horrela bizitzeaz ez nengoke damututa.

Malbatxok bazekien elkarrizketa pribatuak debekatuta zeudela konpainiako araudi zorrotzean. Malkoak agertu zitzaizkion begietan.

—Hamabiak eta berrogeita hamalau, hamabiak eta berrogeita hamalau —jarraitu zuen.

Baina gozoa izan zen momentua
Nahiz eta nagoen guztiz kolpatua
Agurtzen zaitut, minez eta izuz beterik gogoa
Zer geratzen zait? Banoa.

—Hamabiak eta berrogeita hamalau, hamabiak eta berrogeita hamalau...

Entzungailuak eskegitzean ateratako burrunba entzutean, Malbatxo malkotan lehertu zen. Inori ezin zaio opa beharraren eta sentimenduen artean erabakitzea. Eta Malbatxo ederrak bizi berri zituen bi minutu haiek, hamabiak eta berrogeita hamahirutik hamabiak eta berrogeita hamabostera alegia, bere bizitzako zailenak izan ziren.

Eta Fikanderrek hanka sartu izan ez balu, auskalo nola bukatuko zen istorio hau. Etsipenez jota, telefono kabinatik atera zen bere baitan “Zer geratzen zait? Banoa...” behin eta berriro errepikatuz. Aurretik egindako bizkar-zorroa bizkarrean jarri eta aurrera abiatu zen. Liburu guztiak ez baitziren motxilan kabitzen, batzuk eskuetan zeramatzan. Bere lepoko luzea laxatzen ari zitzaion pauso bakoitzean, eta lurrerantz irristatzen ari zitzaion, harik eta azkenean harekin behaztopa egin zuen arte. Erorketa hain izan zen gogorra, ezen kontzientzia guztiz galdu baitzuen, eta esnatu zenean hitz nahastuak errepikatzeari ekin zion: “Zer joaten zait? Geratuko naiz...” eta Malbatxo makurtuaren aurpegi ederra ikusi zuen bere gainean. Buruko benda aldatzen ari zitzaion momentu hartan. Hain zorigaitzekoa (edo zorionekoa) izan zen estropezua, ezen hiru egun eman behar izan baitzituen ohean. Goizero, Bronba etortzen zitzaion beirazko termometroaz tenperatura neurtzera. Malbatxok aran zukua egiten zion, eta Gaitan Kurrinkak magnetofono, erloju eta telefonoaren funtzioak betetzen zituen makina berezi bat asmatu berri zuenez, nahi zuenean joan ahal izaten zuen lanera, Fikander bere onera itzuli zenean ere bai. Katagorriri berriro eskatu zioten barkamena, eta barkamen-poema berezi bat irakurri zioten elkarrekin: “Pena alferrak, lorategi hutsa”. Handik aurrera oso gutxitan daude bakarrik, baina ipuinaren zati hau poetari utziko diogu...

Itzulpena: Sonia Kolaczek
Zuzenketa: Amaia Donés Mendia


Gaitan Kurrinka

Zer, edo hobeki esanda, nor da Gaitan Kurrinka?

Batzuek luze hitz egin dezakete hari buruz, beste batzuk haren izen edo abizena ahoskatzearen beldur dira, azken batzuek haren laguntza jaso baina eskerrak emateko denborarik ere ez dute izan, dagoeneko desagertu delako.

Izena eta abizena dituen animalia bakarra da (jaso dituen hamaika ezizenak ez aipatzeagatik), benetan detektibea den animalia bakarra.

Laguntza, eskatzen ez zaionean ere ematen du; igarkizunak asmatzen ditu, errudunak atxilotu (bai, bai!) eta bidegabekerien sekretuak ezagutarazten ditu, Legearen izenean borrokatzen delarik beti, noski.

Kondairak dio labirinto batean jaio zela, baina, dedukzio logikoaz baliatuz, berehala lortu zuela handik ateratzea.

Orduz geroztik, animalia-delinkuentziaren kontrako guda aldarrikatua du. Hain izan da guda hau irmoa, ezen azkenaldian lana bukatu zaion, eta beraz, dibertimendu-aldizkarietako buru-hausgarriak sortzen eta erloju zaharrak konpontzen igarotzen du denbora.

Baina garai batean lanez lepo egoten zen Gaitan Kurrinka, eta inoren laguntzarik gabe gainditu behar izaten zituen pilatzen zitzaizkion oztopoak: otso-hiltzaile, lepahori-lapur eta beste gaizkile zital eta arriskutsu batzuen kontra borrokatu behar izaten zuen bakar-bakarrik.

Gaitan Kurrinkak lan irmoa egiten zuen beti, eta inoiz ez zen aurretik erabakitako eginbeharretatik aldentzen.

Hala ere, beharrezkoa da argitzea faltsuak direla indar amaigabea egozten diotenen esamesak. Alderantziz, guztiok bezala nekatzen zen.

Batzuetan, buztaneko min erreumatikoaz kexatzen zen, batez ere udazkeneko gauetan, kasu luze eta korapilatsuren bat ikertu behar zuenean.

Ematen du bere beroki berde higatuak (poltsikoetan kalitate oneneko tiragoma, lupa eta txintxeta-kutxa bat zeramatzan) ez zuela beti udazkeneko hotzaren kontra ondo babesten.

Jakina, Gaitan Kurrinkaren abenturei buruz liburu oso bat idatz daiteke (berez, horrelako liburu bat idazten ari omen dira dagoeneko; egileak, Bronbak, behin-behineko izenburua ere eman dio: “Gaitan Kurrinkaren abenturak”). Baina gure asmoa ez da hain konplexutasun handiko jardueraren berri ematea, gure pertsonaiaren nortasuna eta izaera modu apalean deskribatzea baizik.

Deskripzio honetan ezin da ahaztu Kurrinkak “Pazientzia Handiko Detektibeen Martxa” konposatu eta idatzi zuela. Hona hemen poema:

Pazientzia, detektibearen bertute.
Ikerketan iraunkorra izan zaitez,
beti izan zaitez!
Pentsatzeak egia azaleratzen du,
beraz, trebetasunez ondorioztatu eta iritzia eman ezazu,
trebetasunez iritzia eman ezazu!

Leloa:
Gora ta gora arrazoiketa!
Eta logika hotza!
Zorrotz egiaztatu behar da
zer den kausa eta zer ondorioa.
Gora ta gora!

Beraz, bide berriak ezagutu ditzagun,
buruan plana ezkutatuz bidaiatu dezagun,
beldurrik gabe bidaiatu dezagun!
Lagun diezaiegun
guk baino zailago duten izakiei,
halako izakiei!

Justizia nagusi izan bedi
gure pausoak helarazten ditugun lekuetan,
leku guztietan!
Eta guri, arrisku guztien ondoren,
gusta bekigu andere-mahats zuku freskoa,
zuku gozoa!

Andere-mahats zukua zen Gaitan Kurrinkak hartzen zuen edari bakarra. Gaizkile jenial esaten zaionarekin dueluan aritu zenean ere edan zuen... Baina has gaitezen hasieratik. Behin batean, urriko goiz lainotsu batean, zuhaitzetatik erortzen ziren hostoek arrastoak ezabatzen zituztelarik eta udazkeneko euriak konbikzio-frogak, Gaitan Kurrinka 17 zenbakidun etxe handi baten atzean ezkutatuta zegoen.

Asteak zeramatzan krimen oso sofistikatu baten atzetik, baina gaizkileak beti egiten zuen ihes eta, gainera, etengabe sartzen zion ziria. Bere aurkaria bereziki argia zela konturatu zen Kurrinka. Trebetasunez saihesten zituen bere tranpa guztiak, eta are gehiago, batzuetan adarra ere jotzen zion detektibe nekaezinari. Esneketaria 17 zenbakidun etxetik ateratzen ari zen momentua baliatu zuen Kurrinkak ezkutuka sartzeko, zera pentsatzen zuen bitartean: “beharbada garaiz iritsiko naiz, beharbada...”.

Zorigaitzez, hirugarren solairuko ate aurrera heldu zenean, esne botiletako bat hutsik zegoela ikusi zuen. Beti gertatzen zitzaion gauza bera. Aspaldi egiaztatua zuen lapurra zokomiran ibiltzen zela Hiri Handiko kaleetan, beti solairu ugariko 17 zenbakidun etxeak hautatuz eta esnea botila batetik soilik desagerraraziz (nahiz eta esneketariek ia ate guztien aurrean uzten zituzten botilak).

Misterioa zen zein ate aukeratzen zuen eta zergatik. Ezinezkoa zen egunero 17 zenbakidun etxe guztiak bisitatzea, eta espero behar zen Gaitan Kurrinkak halako batean igarkizunaren gakoa aurkituko zuela nolabait.

Detektibeak asko zekien. Bazekien, adibidez, nor zen bere aurkaria. Haren izena beldur eta begirunez ahoskatzen zuten kriminal klandestino izutuek; poliziak, berriz, gogo txarrez eta lotsatuta: Makabiti Katua.

Makabiti pertsonaia mitikoa zen ia. Esaten zen katu normal baten itxura zuela, Hiri Handiko bazter batean bizi zela eta bera zela diru gutxiren truke lapurreta konplikatuenak antolatzen zituen jenio harrapaezina.

Inork ez zuen Makabiti aurrez aurre ikusi; haren kolore, arraza eta tamainari buruzko informazioak kontraesankorrak ziren. Baina Makabitik jan egin behar izaten zuen, eta, horregatik, Gaitan Kurrinkak, burugogor, 17 zenbakidun etxe guztiak kontrolatzen zituen. Orduan ere, krimenaren gertalekuaren ikerketak ezer gutxi argitu zuen. Txaparen metalezko xafla fin-finean egindako zulo borobil bat, gehiagorik ez, ezta atzaparraren aztarnarik ere. Leiho guztiak ondo itxita zeuden.

Gaitanek arreta handiz aztertu zuen ingurua. Ateak 33 zenbakia zuen eta Sędzimir Twaróg jaunarena zen. Datu horiek agendan idaztean, aurrekoak errepasatu zituen, eta pentsamendu batek, tximista balitz bezala, burua argitu zion. Arratsaldean txalet-auzoaren kaleetan zebilela, zenbatzen jarraitu zuen. Jerzy Pac: zortzi letra gehi 17, 25 da! Zoragarria! Jabearen izen eta abizenaren letren batuketak eta horren eta etxebizitzaren zenbakiaren arteko kenketak 17 eman behar zuen. Horrelako bat-etortze bat gertatzen zenean soilik lapurtzen zuen Makabitik esnea!

Ez zen gauza handia, baina bazen zerbait. Berandu arte ikertu zuen biztanleen zerrenda, eta, azkenik, arriskatzea erabaki zuen. Hurrengo egunean, Zofia Patyczek anderearen etxe inguruan ezkutatuko zen. Etxebizitzaren zenbakia: 30; eraikinarena: 17, jakina!

Hankaz gora zegoen zakarrontzi zahar baten azpian ezkutatu zen gure protagonista, esneketaria noiz agertuko zain. Eskaileretan pausoak isildu zirenean, Gaitan Kurrinkak arnasa atxiki zuen. Karranka isil bat, gero beste bat, eta eskuetan eskularru zuriak zituen katu beltz dotore bat atera zen zakar-husgailutik soinurik egin gabe, lasto mehe batekin esnea edateko asmoz.

Bat-batean, zakarrontzi azpitik detektibearen ahotsa heldu zen.

—Geldi hor, Makabiti, tiragomaz apuntatzen ari naiz! Ez saiatu trikimailu bakar bat ere egiten!

Azpimarratu behar da Makabiti azkar lasaitu zela eta, ustekabean harrapatuta izan arren, ez zuela harridurarik erakutsi.

—Gaitan Kurrinka jauna? —galdetu zuen—. Asko entzun dut zutaz! Ados —egin zuen hasperen—, galdu egin dut!

Gaitan hurbildu egin zitzaion, eta tiragoma jaistearekin batera esan zion:

—Orain, behin ikusi zaitudala, ez daukazu ihesbiderik; edonon aurkituko zintuzket!

—Zer gertatuko da nirekin? —galdetu zuen Makabitik.

—Ba, ez dut uste poztuko zinatekeenik zure burua biktimei entregatuko banie —xuxurlatu zuen Kurrinkak.

Makabitik hotzikara bat sentitu zuen, eta bibrisak erori zitzaizkion; itxura zinez tamalgarria zuen.

—Egia esan, niri ere konponbide hau ez zait egokia iruditzen —adierazi zuen detektibeak—. Horrelako kasuak gure artean, animalion artean konpondu behar ditugu. Emango dizut hobetzeko aukera, errehabilitazioaren aldekoa bainaiz! —jarraitu zuen—. Baina orain irten gaitezen hemendik behingoz, bestela, nahiz eta ez duzun botila esne hau hasi ere egin, biok kolpatuko gaituzte. Etxean hitz egingo dugu.

Gaitan Kurrinkaren gordeleku beroan eseri zirenean, detektibeak jarraitu zuen:

—Biok ondo dakigu ez zarela edonor, Makabiti! Horregatik, ohore handiko katutzat hartu nahi zaitut. Biok ondo dakigu frogatu dudana garrantzirik gabeko krimena dela azken finean. Ez zaizu ezer larririk gertatuko, baina nahikoa izango da zure aktibitate kriminala gainbehera joan dadin. Nire artxiboan zaude, eta hemendik aurrera, ziurrenik, behin baino gehiagotan sartuko duzu hanka. Hona hemen nire baldintzak: aktibitate kriminala goitik behera utziko duzu, lapur arruntei ez diezu aholkurik emango, ezta bestelako laguntzarik ere, kalte guztiak konponduko dituzu, ahal den kasuetan, eta orain arteko bizimodua bukatutzat hartzen duzula hitzemango didazu.

Makabiti bere pentsamenduetan murgildu zen.

—Ez da hain erraza —egin zuen miau—. Etxerik ere ez dut.

Bat-batean, mahai gainean zegoen xake-jokoa begiztatu zuen, eta argitu egin zitzaizkion bere katu-begiak.

—Gaitan jauna —hasi zen—, barka iezadazu ausardia, baina erabakia hartu aurretik jokatuko al ditugu partida batzuk? Beti amestu dut zu bezalako aurkari bat izatearekin.

Kurrinkak gogoz onartu zuen, sentitzen baitzuen gustukoen izango zuen partidetako bat izango zela hura, asko zegoen-eta jokoan, Makabiti zuzen bizitzera konbentzitu behar baitzuen, hain zuzen.

Kanpainak 12 partida izango zituela onartu zuten. Ba al dago baliabiderik bi adimen paregabe horien arteko borroka deskribatzeko?

Eguzkia ortzian atera eta berriro ezkutatzen zen, eta haiek, bitartean, partida bat bestearen atzetik jokatzen zuten. Detektibeak andere-mahats zukua edaten zuen, eta bere gonbidatu bereziari esnea eskaintzen zion.

Eta gertatu behar zuena gertatu zen. Gaitanek irabazi zuen. Eta Makabiti Katuak delinkuentzia munduarekin harremanik izango ez zuela hitzemateaz gain, noizbehinka bisitatzen utziko ote zion galdetu zion Kurrinkari, xake-jokoan errebantxa hartu ahal izateko.

Gertaera horien deskribapen sakonagoa Bronbaren liburuan aurkituko duzue. Eta Bronba, bide batez, zalantzetan dago, titulua aldatzea pentsatzen ari baita: “Makabiti Katuaren Errehabilitazioa”.

Itzulpena: Sonia Kolaczek
Zuzenketa: Amaia Donés Mendia