Hitzaurrea 'Literatura Unibertsala' bildumari
Miren Ibarluzea

Literatur lan baten paratestuen azterketan, nabarmentzeko ezaugarria da hitzaurrerik baden edo ez den adieraztea. Bada, Literatura Unibertsala (LU) bildumako liburuek hitzaurrea dakarte. Nabarmentzeko ezaugarria da hori, are gehiago hitzaurrea itzultzaileak berak idazten duela jakinda. LU bildumako hitzaurre gehienak itzultzaileak idatzitakoak dira, baina zergatik idazten dute itzultzaileek hitzaurrea? Zer diote itzultzaileek hitzaurreotan? Zer funtzio betetzen ote dute hitzaurreok? Zer ataletan banatzen dira? Nolakoak dira? Bada, askotarikoak dira bildumako hitzaurreak, eta aniztasun hori aletzen saiatu gara. Bildumaren lehen bi aroetako 152 hitzaurreak aztertu ditugu Genetteren (1987) eta Risterucci-Roudnickyren (2008) sailkapenei jarraiki, hitzaurreon zenbait nolakotasun agerian jartzeko, bildumaren azterketarako eta baloraziorako material gisa, eta literatur itzulpen-lanen balizko hitzaurregileen bidelagun.

* Hitzaurrea Literatura Unibertsala bildumari1

Sarrera

Literatur lan baten paratestuen azterketan, nabarmentzeko ezaugarria da hitzaurrerik baden edo ez den adieraztea. Bada, Literatura Unibertsala2 bildumako liburuek hitzaurrea dakarte. Nabarmentzeko ezaugarria da hori, are gehiago hitzaurrea itzultzaileak berak idazten duela jakinda. LU bildumako hitzaurre gehienak itzultzaileak idatzitakoak dira, baina zergatik idazten dute itzultzaileek hitzaurrea? Zer diote itzultzaileek hitzaurreotan? Zer funtzio betetzen ote dute hitzaurreok? Zer ataletan banatzen dira? Nolakoak dira? Askotarikoak dira bildumako hitzaurreak, eta aniztasun hori aletzen saiatu gara. Bildumaren lehen bi aroetako 152 hitzaurreak aztertu ditugu Genetteren (1987) eta Risterucci-Roudnickyren (2008) sailkapenei jarraiki, hitzaurreon zenbait nolakotasun agerian jartzeko, bildumaren azterketarako eta baloraziorako material gisa, eta literatur itzulpen-lanen balizko hitzaurregileen bidelagun.

Hitzaurrea paratestu, zer dio teoriak?

Genettek (1987) emandako definizioaren arabera, paratestua literatur testua bera inguratzen duten osagaien multzoa da: peritestua eta epitestua. Peritestua bolumenaren espazio berean ageri da; epitestua, berriz, bolumenetik kanpo (normalean euskarri mediatikoak izaten dira, baina pribatuak ere izan daitezke: kritikak, gutunak, publizitate-afixak…). Gurera etorrita, Euskaltzaindiaren Literatur terminoen hiztegia lanean honelaxe definitzen da paratestua:

Testua aurkezten, inguratzen, mugatzen, mozten, tartekatzen, gehitzen eta bururatzen duten ezaugarri guztiek paratestua osatzen dute. Liburuaren izenburua, kapitulu eta atal nagusien izenburuak edo ezaugarriak, aurkibidea, estalkian dauden xehetasunak eta laburpenak, eskaintzak, epigrafeak edo agerian ezarriak diren beste hitz lerro motak, aitzinsolasak, eta ondoko solasak, artean emanak diren nota eta ohar multzoak, horiek oro paratestuan sartzen dira.3

Paratestuaren, eta zehatzago esanda, peritestuaren parte da, beraz, hitzaurrea. Hitzaurre esateko darabiltzagu, halaber, aitzinsolas, atariko, sarrera, sartaurre, berbaurre, zein sarbide; Zuberoako pastoraletan, esaterako, aitzin pheredikü darabilte. Gatozen berriz Literatur terminoen hiztegia lanera; honelaxe azaltzen dira bertan hitzaurreei buruzkoak «Aitzinsolas» sarreran:

Oro har, obra baten aurretik doan testua izaten da, egileak berak ala beste norbaitek hura aurkezteko idatzia. Greziar antzertian, koroaren lehen parte hartzearen aurretik egiten zen ekintza zatiari prologos deitzen zitzaion. Hitzaldi baten bidez, ekintza ongi ulertzeko garrantzizkoa zen informazioa aurreratzen zen eta, era berean, ikusleen integrazioa lortzeko eta ikuskizunarekiko distantzia gainditzeko beharrezkoa zen testua aurkezten zen. Hortaz, usadioz, aitzinsolasaren funtzioa gaia azaltzea edo kokatzea izaten da gehienetan.4

Paratestuak (eta, hortaz, hitzaurreak) definitzen dituzten ezaugarriak dira testuon kokapena, denbora, historia, forma, igorlea, hartzailea, funtzioa eta landutako gaiak. Ezaugarrion arabera sailkatzen dira hitzaurreak (Genette, 1987).

Oso kontuan hartzekoa da hitzaurreak gordetzen (edo agertzen) duen subjektibitatea; azken finean, aurretik aletutako ezaugarriak testuinguru jakin batean sortzen baitira. Historia, ideologia, edizioa… paratestuan islatzen dira. Eraginen hartzaile dira paratestuak, eta sortzen direneko atmosferaren diskurtsoa ere inprimatu egiten da (Payen de la Garanderie, 2004).

Zer jasotzen da itzulpenei egindako hitzaurreen kasuan?

Si préfacer consiste à situer un écrivain et un oeuvre pour le lecteur, comment s'effectue cette contextualisation dans le cas d'un texte venu d'ailleurs, en particulier lorsque ce texte est pour la première fois presenté au public (…)?

(Salado, 2004: 89)

Transferentziazko hitzaurre edo hitzatze esaten die Danielle Risterucci-Roudnickyk (2008) itzulpenak laguntzen dituzten hitzaurreei, eta kasu horretan bi ahots daude jokoan: jatorrizkoa eta helmugakoa.

Itzulpenak argitaratzen direnean, zenbaitetan, jatorrizko hitzaurreak gorde egiten dira; beste batzuetan, jatorrizko hori gordetzeaz gainera, beste hitzaurre bat ere gehitzen zaie (bata hitzaurre gisa gera daiteke, eta bestea hitzatze gisa). Garrantzitsua da, beraz, zer gertatzen den aztertzea: ezabatu egiten dira jatorrizko hitzaurreak?, aldatu?, gorde?, nola gordetzen dira?, hitzaurre berriak sortzen dira? Azterketa horrek hainbat informazio eman dezake testuaren eta irakurlearen beraren eboluzioaz, bai eta literatur sistema jakin bateko itzulpengintzaren egoeraz ere. Halaber, ikergai dira ondokoak: nori zuzentzen zaio hitzaurrea, jatorrizko hizkuntza edo kulturako irakurleari ala helburu-hizkuntzako eta kulturako irakurleari?, edo irakurle orori? Risterucci-Roudnicky ikerlariaren lanari jarraituta, honako hauek dira transferentziazko hitzaurreak sailkatzeko irizpideak: a) hitzaurregileak itzulitako obrarekin duen hizkuntzazko eta kulturazko lotura eta irakurleek hizkuntza eta kultura horrekin duten lotura; b) hitzaurregilea, egilea, itzultzailea, kritikaria den (batzuetan hiruren hitzaurreak ageri dira bolumen berean); eta c) itzulpen batean edo berritzulpen batean agertzen den hitzaurrearen data (itzulpenen historizitateari buruzkoak jakinarazteko balio du, besteak beste). Itzulpenaren historia eta hari buruzko gogoeta historikoa egiteko piezak dira, hortaz, hitzaurreak, hainbat gairen inguruan argi egin dezaketenak: tendentziak, itzulpenen zahartzea, aurreko itzulpenen kritika, izenburu aldaketak, itzulezintasuna, testuarekiko negoziazioak, hautuak...… (Risterucci-Roudnicky, 2008).

Literatura Unibertsala bildumako hitzaurreak sare sozialetan aipagai

31 eskutik blogean «Itzultzaileak gaindimentsionatuta? (salaketa bat edo bi)» izenburupean Angel Errok idatzitakoak dira azpikook:

Urtetan galdetu diot neure buruari Literatura Unibertsala saileko liburuei zergatik ez dien obra bakoitzean aditu batek idazten. Ez nuke kasu bakar batean zentratu nahi (gainbegiratu ditudan eta jatorrizkoan lehenagotik eta ia buruz ezagutzen nituen pasarteetan behintzat, nire ustez, onik atera baita itzultzailea), baina kezka hau berritu dit Literatura Unibertsalekoetatik eskuratu dudan azken aleak, Pedro Calderón de la Barcaren Bizitza amets-ek, Xabier Payák euskaratuak. Itzultzaileak hitzaurrea ere idatzi dio, Calderónen lana argitu eta hurbilduko lukeen aurkezpenean baino itzulpenaren irizpideetan luzaturik.

Sail horren eredutzat nahiko nukeen Cátedra argitaletxeko Letras Universales sailean itzultzailea eta sarreragilea maiz bereizten dituzte.

(…) Ez dut esan nahi itzultzailearen hitzaurre horiek interesgarriak ez direnik. Juan Garziaren Shakespeareren Soneto hautatuak itzulpenaren aitzinsolasa ere nabarmen, eta are arrandiaz, makurtzen da Shakespeare eta (bere) sonetoak euskarara ekartzeko auziaren aldera, eta oso gogokoa dut testua.

Hobe genuke, dena den, bi eginkizunak pertsona ezberdinen esku uztea, gutxi direlako bai itzulpenari bai hitzaurre (eta aparatu kritiko) egoki bati behar bezala kara emateko gauza.5

Erantzunetan honako hau ageri da:

Iñigo Roque (@Idazkola), 2013/03/12 at 09:57

Ez zara bakarra izan, Angel. Hitzaurreokin antzeko kezka izan dut nik beti, ez ote zen egokiago aditu bati sarrerako hitz batzuk eskatzea edo beste edizio baten hitzaurrea euskaratzea.

Calderónen kasuan, ordea, guztiz pertinentea iruditzen zait itzulpenari berari buruz jardutea, zeren, jatorrizko hizkuntza gaztelania izanik, askorentzat oraindik burugabea baita halako lanei ekitea, horiek estilo-ariketa hutsak balira bezala.

Beraz, zenbaitetan jakingarri gerta dakizkioke irakurle arruntari itzulpenaren barruko gogoetok, eta baita pizgarri ere liburua erosteko.6

Aurreko artikuluaren harira, Twitter sarean argitaratu zuen Beñat Sarasolak ondoko txioa: «Nire ustez Literatura Unibertsala sailaren ahulguneetako bat dira hitzaurreak». Dagoeneko dagokigun lan honetan ari ginelarik, txiolariak xaxatu nahi izan genituen, bazka bila edo: «Zergatik hitzaurreak ahulgune? Hitzaurreei buruzko berbaldia prestatzen ari naiz eta sakon azter dezagun…» bota genuen. Angel Errok erantzuna: «Hitzaurreok eta artikuluan aipatzen dudan Cátedrako edozein hartu eta begien bistakoa ahulezia non dagoen». Iñigo Roque Eguzkitzak arrapostu egin zion: «Et, et, et. Cátedrakoak edizio kritikoak dira, eta LUkoak ez. Aldea nabarmena da». Aski ez eta berriz ekin genion: «Hitzaurrea itzultzaileak idazten du LU bilduman. Horretaz ari zarete? Esango didazue». Beñat Sarasolak erantzun zidan: «Niretzat arazoa ez da itzultzailea izan edo ez. Oso irregularrak direla, ez dute kriterio finkorik, eta abar».7

Usteak uste, iritziak iritzi eta esanak esan, literatur itzulpenaren inguruko solasaldietan hitzaurreak aipatzeak gaiaren inguruko interesa uzten du agerian. Halaber, gaiaren inguruko hainbat auzi bistaratzeko balio du: hitzaurrea behar ote dute itzulitako literatur obrek?, itzultzaileak idatzi behar ote ditu hitzaurreok?, beste inork idatzi behar ote ditu?, nork?, zer helbururekin?

Edonola ere, bildumako aleen hitzaurreen azterketa sistematikoa beharrezkoa da haren nolakotasunez jabetzeko. Bada, ikus dezagun nolakoak diren aipagai ditugun hitzaurreak.

LU bildumako hitzaurreak, azterketa deskriptibo bat

Lan honen helburua LU bildumako hitzaurreei buruzko zenbait nolakotasun agerian jartzea da, alegia, hitzaurre-sorta mugatu baten deskribapen halakoa egitea.

LU bildumako lehen bi aroetako hitzaurreak aztertu ditugu (152 ale orotara, Ibaizabal argitaletxeak argitaratutakoak eta Elkar eta Alberdania etxeek kaleratutakoak). Bildumako aleetatik bertatik erauzi ditugu 109 hitzaurre, eta eskura ez genituela eta, Armiarma proiektura (e-book zein «euskarari ekarriak» ataletara)jo dugu 43 aleren kasuan.

Ondoko ezaugarriei erreparatu diegu: hitzaurrerik baden edo ez; bat baino gehiago daudenean zein diren; hitzaurregileak nor diren; hitzaurreei copyrighta esleitzen zaien; hitzaurreen forma, luzera, izenburua eta edukia; berrargitalpenetan zer gertatzen den eta autore beraren obretan nola jokatzen duten hitzaurregile ezberdinek.

Kontratuan hala adierazita dakarrelako idazten dute itzultzaileek hitzaurrea LU bilduman; hain zuzen ere, hala egiteko baldintza jasotzen da itzultzaileek eta EIZIE elkarteak sinatzen duten kontratuan. Beraz, LU hitzaurredun bilduma da izatez, eta itzultzaileak idazten du hitzaurrea.

152 aleetatik bakarrak ez du hitzaurrerik: 35.ak, Carlos Cid Abasolok itzulitako Xveik soldadu onaren menturak II (Jaroslav Hašek). Begibistakoa da arrazoia: aurreko baten segida izanik, hitzaurrea lehenengo bolumenean dator.

Nahiz eta, oro har, itzultzaileak izaten diren hitzaurregile LU bilduman, 38 aletan hitzaurreek ez dute sinadurarik. Nolanahi den, zenbaitetan, hitzaurrea sinatu gabea izan arren, itzultzailearena dela ondoriozta daiteke, modu esplizituan agertzen baita adierazita zenbait esamoldetan. Esaterako, Koldo Bigurik itzulitako Leonardo Sciaciaren Hontzaren eguna (LU, 8. alea) obraren hitzaurre sinatu gabean, egileaz eta haren obraz aritu ostean, itzultzailearen oharra dator: «Itzultzailea ia beti ilunpean ezkutaturik geratzeko ohitura oso zabalduaren kontra, ezin naiz geratu liburu honen itzulpenean lagundu didaten pertsonei beren ahalegina aitortu gabe (…)». Lehenengo pertsonan egindako adierazpena da, eta pentsatzekoa da itzultzailea bera dela hitzaurregilea. Gauza bera gertatzen da beste hainbat hitzaurretan ere.

Hitzaurre anonimo horiez gain, badira bestelako kasuak ere. Esate baterako, Ismael Kadareren H. dosierra (LU, 78. alea) lanaren itzulpena J.M. Arzalluzek eta Antton Olanok sinatzen dute, baina hitzaurrea itzultzaile bakarrak sinatzen du: J.M. Arzalluzek.

Sei aletan agertzen dira itzultzaileek ez bestek idatzitako hitzaurreak:

Alea Egilea Izenburua Itzultzailea Hitzaurregilea
31 Gustave Flaubert Madame Bovary Patxi Apalategi Felipe Juaristi
54 Marguerite Duras Maitalea Mikel Garmendia Rosa de Diego
70 Zenbait poeta katalan Antologia Gerardo Markuleta Felipe Juaristi
98 Marcel Schwob Bizi alegiazkoak Juan Garzia Iñaki Aldekoa
122 Pío Baroja Jakintzaren arbola Josu Zabaleta Miguel Sánchez Ostiz
123 Pío Baroja Zalakain abenturazalea Koro Navarro Inazio Mujika Iraola

Beren-beregi bildumarako idatzitako hitzaurreez gain, bestelakoak ere badira. 18 aletan, hain zuzen ere.9 Batzuetan jatorrizko obraren egilearenak dira (obraren parte bihurtutakoak), eta beste kasu batzuetan hirugarren batek idatziak, eta itzultzaileak euskaratuak. Edonola ere, LU bilduman zail da beste sistema batetik gurera ekarritako hitzaurreen ibilbideari jarraitzen; izan ere, orokorrean ez da erabilitako bertsioen berri ematen. Hala, ezin daiteke jakin, kasurako, jatorrizko bertsioetan agertutako hitzaurreak mantendu diren, gerora agertutako edizioetakoak diren hona ekarritakoak, beste literatur sistemaren batzuetako hitzaurreak itzuli diren etab.

Oro har, LU bilduman ez da hitzaurrearen egiletza aitortzen, alegia, hitzaurreak ez du copyright ik. Bost kasutan baino ez da aitortzen.10

Ondoko izenburuak ageri dira hitzaurreetan: Aitzin(-)solasa (7 aldiz), Atarikoak (2 aldiz), Aurkezpena (12 aldiz), Hitzaurrea (107 aldiz), Sarrera (6 aldiz), beste batzuk (17 aldiz, hitzaurreei jarritako izenburuak, esaterako).

Prosan idatzita daude aztertutako hitzaurre guztiak. 152 hitzaurreetatik 63 atalka banatuta daude. Bitxikeria gisa aipa daiteke, esaterako, Jon Muñozek itzulitako Parmako kastusia (LU 131, Stendhal) alearen hitzaurrea hiztegi gisa eman izana.

Bildumako hitzaurreen luzerari dagokionez, askotarikoak dira: badira orrialde bakarrekoak, baina baita 35 orrialdera bitartekoak ere (editatutako aleetan aztertutakoen artean; PDFetan aztertutakoen artean 2-25 orrialde bitarteko hitzaurreak ikus daitezke).

Hitzaurreetan ia salbuespenik gabe jorratzen diren gaiak dira egilea eta egilearen obraren nondik norakoak. Nolabait, kokatu egiten da testua. Hala ere, hitzaurreen luzerarekin gertatu bezalaxe, askotarikoak dira gaien sakontasun graduak, eta gaiak jorratzeko moduak oso irregularrak dira.

Egilea eta obra kokatzeko bide izateaz gainera, esker-ematerako tartea izaten da hitzaurrea zenbaitetan. 22 aletan gertatzen da.11

Antologien artean,12 10 aldiz aipatzen dira testuen ordenari edo hautuari buruzko irizpideak. Baina, hemen ere ez da sistematikotasunik ageri, eta badira antologiaren irizpideak aipatzen ez dituzten hitzaurreak, esaterako, Lubakia, Andrei Platonov (143. alea).

Arestian aurreratu dugu (itzulitako hitzaurrearen ibilbidearen harira) ez dela beti ematen itzulpenerako erabilitako bertsioaren berri. Bada, aztertutako 152 hitzaurreetan 11 aldiz baino ez da aipatzen.

LU bildumako hitzaurreak itzultzaileak idazten dituenez gero, pentsatzekoa da itzulpenari buruzko oharrak jasotzen direla sarri. Ez da, baina, halakorik gertatzen. 152 aleetako 33tan baino ez dira itzulpenari buruzko argibideak ematen.13 Batez ere hizkuntza-hautuei lotutako aipamenak izaten dira (hiztegia, puntuazioa, erregistroen trataera...). Izenburuaren itzulpena ere behin baino gehiagotan aipatzen da, itzultzailearen oharren justifikazioa bezalaxe; hizkuntza-kontuen aldean, askoz gutxiago aipatzen dira, esaterako, itzulpen-estrategiak. Bestalde, azpimarratzeko ezaugarria begitantzen zaigu itzulpenari buruzko kontuak hitzaurreen bukaera aldera jasotzea beti. Kasu oso bakanetan baino ez da bestela gertatzen.14

Bestalde, beste sistema batetik gurera ekarritako obrak direnez itzulpenak, sarri gure sistemarekiko loturak egin gura izaten dituzte hitzaurregileek. Hala ikus daiteke 14 aletan. Gure idazleek itzulpenaz esandakoak aipatzen dira behin edo behin, edo obraren jatorrizko literatur sistema eta geurea konparatzen dira. Sarri ematen da autore beraren obra euskaratuen berri.15

Bertakotasunaren aldean, atzerritartasuna nabarmentzen da beste kasu bakan batzuetan (egilearen unibertsaltasuna goratzen da halakoetan). Atzerritartasunera begira edo bertakotasunera begira egindako hitzaurreen aldea ikusteko, adibide polita da Pío Barojaren bi lanetako hitzaurreak alderatzea; izan ere, Jakintzaren arbola alearen hitzaurrean egileaz, obraz, kritikaz ari da Miguel Sánchez Ostiz hitzaurregilea, eta Zalakain abenturazalea obraren kasuan, Inazio Mujika Iraola hitzaurregileak Pío Barojak euskal munduarekin zuen lotura du hizpide.

Han-hor-hemen, hitzaurrea idazteagatik itzultzaileak egindako askotariko justifikazioak ere ageri dira: «Ohar hauen ausardia barkatuko al dit irakurleak! Ez dagokit niri liburu honen kritika egitea» dio, esaterako, Joxan Elosegik Zazie metroan alearen hitzaurrean. Nolabait, auzitan jartzen du bere egitekoa ote den hitzaurrearena.16

Lau kasutan baino ez da ematen hitzaurrea idazteko baliatutako bibliografia.17

Ikusirik LU bildumako lehen 100 izenburuak eskuraezinak zirela, obra horietako hogei Urrezko biblioteka izeneko bilduman berrargitaratzeko plangintza diseinatu zuen EIZIEk. Bada, Urrezko biblioteka bilduman berrargitaratutako lehenengo zortzi aleetan, ez da hitzaurre berririk gehitu, lehen aro hartan argitaratutako hitzaurre berak mantendu dira, aldaketa txiki batzuk salbu (hizkuntza-zuzenketak, atalen izenburuak gehitzea, itzultzailearen oharrei buruzko adierazpen bat zein eskerrak kentzea...…).

EIZIEren eta Eusko Jaurlaritzaren bildumatik kanpo berrargitaratutako lanik ere bada: Elkar etxeak 2008an berrargitaratutako Altxor uhartea (Maria Garikanok LUrako 1991n egindako itzulpena). Bada, Robert Louis Stevensonen euskal bertsioaren berrargitalpenean ere hitzaurrea ez da batere aldatzen (hizkuntzazko zuzenketak izan ezik).

Ondorioak

LU bildumako 152 hitzaurreok aztertu ondoren, zera ondoriozta dezakegu: bildumako hitzaurreak askotarikoak dira luzera, izenburuak, antolamendua, edukia, bibliografia... kontuan hartuta, eta itzultzaileek irizpide bateraturik gabe jokatzen dute. Oro har, funtzio entziklopedikoa dute LU bildumako hitzaurreek (egileaz eta obraz ari dira nabarmenki), eta itzultzaileek idatzitakoak izan arren, oso modu orokorrean dihardute itzulpenaz (hala egiten duten apurretan).

Lan honek bildumari buruzko gogoetagai ere izan nahi luke, ezen, ondoko hauek eztabaidagai dira oraindik: zer funtzio du (edo behar luke) LU bildumak?, nori zuzentzen zaio?, eta, horren arabera, LU bildumako liburuek hitzaurrea behar dute?, nolakoa behar luke hitzaurreak?, hitzaurrearen ordez, hitzatzea hobe?, nork idatzi behar lituzke hitzaurreak: itzultzaileak, literaturan adituak, bakoitzak bat?, itzultzailearen hitzaurreetan itzulpenari buruzko gogoetak gura ditugu?, beste edizio batzuetako hitzaurreak itzuli behar lirateke?, orain arteko irizpiderik eza ikusita, hala jarraitzea komeni ote da edo aurrerantzean irizpideak zehaztu behar genituzke?, zein?, nola ekin aurrerantzean hitzaurreen copyrightaren auziari?


Bibliografia

GENETTE, Gérard (1987). Seuils, Paris: Editions du Seuil.

HAINBATEN ARTEAN, Literatura Terminoen Hiztegia, Euskaltzaindia: http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_xslt&view=frontpage&layout=lth_list&Itemid=474&search=1&lang=eu

IBARLUZEA, Miren (2011). Literatur itzulpenaren kritika. Lehen pausoak: dibulgazio-kritikaren azterketa, Bilbo: Labayru Ikastegia.

PAYEN DE LA GARANDERIE, Philippe (2004). « Le livre en marche(s): les péritextes litteraires en RDA » in Textuel, 46: Aux Marges du texte: préface et postface, Paris: Université Paris 7 - Denis Diderot, 67-88 or.

RISTERUCCI-ROUDNICKY, Danielle (2004). « Doubles-seuils ou Le peritexte à l'épreuve de l'étranger » in Textuel, 46: Aux Marges du texte: préface et postface, Paris: Université Paris 7 - Denis Diderot, 51-66 or.

____ (2008). Introduction à l'analyse des oeuvres traduites, Paris: Armand Colin.

SALADO, Regis (2004). « Préfacer l'etranger: les prémiers préfaces de Faulkner en France (Sanctuaire par Malraux et Tandis que j'agonise par Larbaud) » in Textuel, 46: Aux Marges du texte: préface et postface, Paris: Université Paris 7 - Denis Diderot, 89-116 or.


1. «Hitzaurrea Literatura Unibertsala bildumari» deitu dugun artikulu hau 2013ko uztailean Donostian EHUren XXXII. Uda Ikastaroetan egindako «Azkenaldian euskarara itzulitako literatura: bideak, joerak eta esperientziak» ikastaroaren baitan emandako hitzaldiaren laburpena da. Har bedi lan zehatzago baten aurrerapen gisa. Halaber, Lapurdum aldizkarian laster argitaratzear den «Literatura Unibertsala bildumaren bideak» artikuluaren osagarri da. Biak ala biak Literatura Unibertsala bildumaren azterketa zabalago baten bi piezatzat har daitezke.

2. Aurrerantzean: LU.

3. http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_xslt&lang=eu&layout=lth_detail&view=frontpage&Itemid=474&search=Paratestu

4. http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_xslt&lang=eu&layout=lth_detail&view=frontpage&Itemid=474&search=aitzinsolas

5. http://31eskutik.com/2013/03/12/itzultzaileak-gaindimentsionatuta-salaketa-bat-edo-bi/

6. Idem

7. 2013ko martxoaren 12koak dira txioak, honako hauek argitaratuak: @angelerro, @bsarasola, @Idazkola eta @mibarluz.

8. http://www.armiarma.com/

9. Honako hauek dira aleak: 1, 2, 9, 25, 46, 57, 59, 64, 67, 71, 76, 81, 87, 95, 109, 121, 126, 148.

10. 95., 98., 122., 123., 151. aleetan.

11. Hauek dira esker-emateak ageri diren aleen zenbakiak: 8, 16, 41, 43, 58, 59, 62, 63, 68, 78, 84, 85, 94, 95, 99, 110, 114, 116, 121, 139, 145, 146.

12. EIZIE elkarteak webgunean LU bildumari buruzko informazioa jasotzen du. Bada, «Orain arte argitaratuak» ataleko koadroan, jatorrizko izenburuaren azpiaan «antologia» berbarekin edo **** ikurrekin markatutakoak kontatu ditugu antologiatzat: orotara, 15 ale (13, 68, 70, 77, 88, 102, 116, 119, 120, 132, 134, 135, 140, 143, 146).

13. Gaiari buruzko oharra egin zuen Bego Montoriok artikulu honen abiapuntu izan zen hitzaldiaren bukaeran: haren ustez, ez da harrigarria itzultzailea itzulpenaz hain gutxi aritzea; izan ere, «orain arte itzultzaileak oso barneratuta izan du ez zuela liburuan bere arrastorik utzi behar» eta «ohiturarik ez dago, ez egiteko ez eta irakurtzeko ere» esan zuen.

14. 95., 100., 121., 134. aleak.

15. Euskarara ekarritako literatur itzulpenen kritika publikoaren azterketa egin genuenean (ikus Ibarluzea 2011), euskal literatur sistemara ekarritakoen katalogoaren berri (egilearen beraren zein lan dauden itzulita, herrialde bereko zein, zer beste itzultzailek itzuli izan dituen lanok...) emateko joera hori berori nabarmendu genuen.

16. Juan Garzia itzultzaileak hitzaldiaren amaieran egindako oharretik jaso genuenez, «itzultzaile askok gogoz kontra egin ohi dituzte hitzaurreok, kontratuan hala jasotzen delako egiten dituzte». Edonola ere, Juan Garziaren iritziz «hitzaurre akademikoak» gogorrak izaten dira, eta gurean itzultzaile-hitzaurregileek enbaxadore lana egin izan dute, obra jendeari hurbiltzeko. Juan Garziaren ustez, dagokigun bildumako hitzaurreen heterogeneotasun formala ez da txarra, beti ere itzulitako obrak irakurleari hurbiltzeko testuak badira hitzaurreak, kasuan kasuko beharrizanaren arabera.

17. 38., 51., 135., 141. aleak.